|
Ipuin gogoangarriak Giltza Isaac Bashevis Singer «The key», A Friend of Kafka and other stories itzultzailea: Juan Mari Mendizabal Arratsaldeko hirurak aldera, Bessie Popkin-ek kalera jaisteko prestatzeari ekin zion. Kalera ateratzeak eragozpen asko ekartzen zituen, batez ere uda parteko egun bero batean: lehenik, gorputz gizena kortse barruan galkatu behar zuen, oin hanpatuak zapatetan estutu, eta Bessiek berak etxean tindatu ondoren nahasita eta marra hori, beltz, gris eta gorriez zipriztinduta geratzen zitzaion ilea orraztu; eta gero segurtatu egin behar zuen kanpoan zegoen bitartean auzoak ez zitzaizkiola apartamentuan sartuko ohe-jantziak, arropa eta dokumentuak lapurtzera, edo besterik gabe gauzak nahastera eta lekuz aldatzera. Giza tormentatzaileez gain, demonio, iratxo zein Indar Gaizto ugari ere pairatu behar izaten zituen Bessiek. Betaurrekoak gau mahaian gorde, eta zapatila batean aurkitzen zituen. Ilerako tindagai botila bainugelako armairutxoan ipini, eta egun batzuk beranduago burko azpian kausitzen zuen. Behin batean katilu bat borsch hozkailuan utzi zuen, baina Indar Ezkutuek handik eraman nonbait, eta bilaketa luze baten ostean non eta arropa-armairuan aurkitu zuen Bessiek. Gainaldean zeukan koipe mintz lodiari gantz zaharminduaren usaina zerion. Jainkoak bestek ez zekien nolakoak jasan behar zituen, zenbat azpijoko egiten zizkioten eta nola borrokatu behar izaten zuen hilik ez suertatzeko edo zoratuta ez bukatzeko. Telefono konpainian baja hartu zuen, txantaiatzaileak eta maniako sexualak gau eta egun ari zitzaizkiolako deika, sekretuak atera nahian. Esnezale puertorricoarrak bortxatu egin nahi izan zuen behin. Janaridendako mandamutila ondasunak zigarro batez erretzen saiatu zitzaion. Hogeita hamabost urtez bizi izandako apartamentu alokatutik bota ahal izatearren, jabeak eta atezainak arratoi, sagu eta labezomorroz betetzen zioten apartamentua. Bessie aspaldi konturatu zen herratsu izan nahi zuen jendearekin ez zegoela bitarteko eraginkorrik; metalezko atea, sarraila berezia zein poliziari, alkateari, EB.I.ri, baita Washingtonen zegoen Presidenteari ere igorritako gutunak, dena alferrekoa zen. Baina arnasa zuen bitartean jan beharra zegoen. Denbora behar zuen guztirako: leihoak eta gas hodia itxita zeudela egiaztatzeko, tiraderak giltzapetzeko. Banku billeteak entziklopediaren liburukietan, National Geographicen ale atzeratuetan eta Sam Popkinen kontularitza liburu zaharretan ezkutatzen zituen. Akzioak eta tituluak inoiz erabiltzen ez zuen tximiniako egurren artean gordetzen zituen Bessiek, baita besaulkietako jarlekuen azpian ere. Harribitxiak koltxoiari josita zeuzkan. Garai batean Bessiek akura-kutxak izan zituen bankuan, baina aspaldidanik zegoen sinetsita bertako zainek orotariko giltzak zeuzkatela. Bostak inguru zirenean, Bessie irteteko prest zegoen. Azkeneko aldiz begiratu zion ispiluko bere irudiari: txikia zen, zabala, kopeta estukoa, sudurmotza, eta begiak zeiharrak eta erdi itxiak zeuzkan, txinatarrek bezala. Bizar zuri urria zeukan kokotsean. Lore-motiboekiko soineko kolorgetua, zurezko gerezi eta mahats-alez apaindutako lastozko kapelu desitxuratua eta zapata zarpailak zeramatzan jantzita. Irten aurretik, azken begirada bota zien hiru gelei eta sukaldeari. Nonahi ikusten ziren arropak, oinetakoak eta ireki gabeko gutun mordoak. Sam Popkin bere senarrak, ia hogei urte lehenago hildakoa, higiezin-negozioa likidatu zuen zendu aurretik, erretiroa Floridan emateko asmotan baitzebilen. Akzioak, tituluak, hainbat aurrezki-kutxatako libretak eta hipoteka-zedula batzuk utzi zizkion. Enpresetatik idazten zioten oraindik Bessieri, txostenak eta txekeak bidaltzen zizkioten. Haziendak zergen dirua eskatzen zion. Tarteka, «hilerri zabal» batean lur sailak saltzen zituen ehorztetxe batek propaganda bidaltzen zion. Aurreko urteetan, Bessiek erantzun ohi zituen gutunak, txekeak dirutu eta sarreren eta gastuen kontrola eraman. Azken boladan, ordea, alde bat utzita zeukan dena. Egunkaria erosi eta finantza-orriak irakurtzeari ere utzi zion. Kanpoko korridorean, Bessiek txartelak ipintzen zituen atearen eta markoaren artean, berak bakarrik antzemateko moduko zeinuz beteak. Kristal-orez trabatzen zuen giltza-zuloa. Zer besterik egin zezakeen haur, senide zein lagunik ez zuen bera bezalako alargunak? Garai batean auzoek atea zabaltzen zuten berari begiratzeko eta beraren gehiegizko ardurak ikusiz barre egiteko; beste batzuek adarra jotzen zioten. Baina lekutan zegoen garai hura. Orain Bessiek ez zuen inorekin hitz egiten. Gainera, ez zuen ongi ikusten. Urte askotan zehar eramandako betaurrekoek ez zioten jadanik balio. Okulista batengana betaurreko berriak erostera joatea neketsuegia zen. Dena zen nekeza, baita igogailura sartu eta irtetea ere, atea danbateko batez ixten baitzen beti. Bessie gutxitan joaten zen bere eraikinetik bi etxalde baino urrunago. Broadway eta Riverside Drive arteko kalea egunean baino egunean zaratatsu eta zikinago bihurtzen ari zen. Gazte alproja taldeak ibiltzen ziren inguruan, erdi biluzik. Ile kizkur eta ero-begiak zituzten gizon beltzaranak espainieraz liskartzen ziren sabela beti haurrez puztuko emakume txikiekin. Haiek ziztu bizian erantzuten zieten gizonei. Zakurrek zaunka egiten zuten, katuek miau. Suteak gertatzen ziren, eta suhiltzaile-kamioi, anbulantzia eta polizi autoak inguratzen ziren. Broadwayko janari-denda zaharrak desagertu ziren, eta haien partez supermerkatuak jarri zituzten, baina haietan janariak zerorrek hartu eta gurditxoan ipini behar zenituen, eta gero ilaran itxaron kutxa aurrean. Jainko Jauna, Sam hil zenetik New York, Amerika agian mundu osoa gainbehera zihoazen. Jende dezente guztiak alde egin zuen auzotegitik, eta orain gaizkile, lapur eta puta mordoez gainezka zegoen. Bessieri hiru aldiz lapurtu zioten kartera. Poliziarengana jo zuenean berri emateko, barre egitera mugatu ziren. Kalea zeharkatzen zenuen bakoitzean, arriskuan jartzen zenuen bizitza. Bessiek urrats bat egin zuen, eta gelditu. Norbaitek aholkatu zion makila erabiltzeko, baina berak ez zuen bere burua atso zahartzat edo elbarritzat hartzen, ezta hurrik eman ere. Aldian behin gorriz pintatzen zituen azkazalak. Batzuetan, erreumak bakean uzten zuenean, armairuetatik behiala jantzitako arropak atera, probatu, eta bere burua aztertzen zuen ispiluan. Supermerkatuko atea zabaltzea ezinezkoa izaten zen. Itxaron behar izaten zuen norbaitek bera pasatzeko zabalik eusten zion arte. Supermerkatua bera ere Deabruak bakarrik asma zezakeen lekua zen. Bertako lanpek argi itsugarria ematen zuten. Gurditxoak bultzatuz zebilen jendea bidean gurutzatzen zitzaion edonor jotzeko prest zegoen. Apalak garaiegiak ziren, edo bestela baxuegiak. Gortzeko moduko zarata zegoen, eta hura kontrastea kanpoko beroaren eta barruko giro izoztuaren artean! Miran hutsa zen pneumonia harrapatu ez izana. Beste ezerk baino areago, zalantzak torturatzen zuen Bessie. Gauza bakoitza esku dardaratiez hartu eta etiketa irakurtzen zuen. Arrazoia ez zen, ordea, gaztaroaren jakin-mina, zahartzaroaren segurtasun eza baizik. Bessieren kalkuluen arabera, gaurko erosketetan ez zuen hiru ordu laurden baino gehiago eman behar, baina bi ordu joan ziren jadanik, eta oraindik bukatu gabe zegoen. Azkenean gurditxoarekin kutxara iritsi zenean, olo-malutak ahaztuta zihoala konturatu zen. Haien bila abiatu zen, eta beste emakume batek kendu zion ilarako lekua. Gero, ordaintzerakoan, arazo gehiago izan ziren. Bessiek zorroaren eskuin aldean utzi zuen billetea, baina ez zegoen han. Luzaz bilatu ondoren, beste aldean diru xeherako zeukan zorrotxo batean aurkitu zuen. Baina nola gerta zitekeen halakorik? Inori kontatu balio, eroetxean sartzeko moduan zegoela pentsatuko zuen. Bessie supermerkatuan sartu zenean, egun argia zen; orain ilunabarra hurbiltzen ari zen. Eguzkia, hori-urrea, hondoratzen ari zen Hudson aldean, New Jerseyko muino gandutsuen alderantz. Broadwayko eraikinak egunean zehar bereganatutako beroa irradiatzen ari ziren. Metro bagoi zaratatsuak zebiltzan lur azpian, eta haien ke kirasdunak altxatzen ziren zoruko burdinsareetatik gora. Bessiek erosketa poltsa astuna zeraman esku batean, eta besteak tinko eusten zion karterari. Broadway ez zitzaion inoiz iruditu hain izugarria, hain zikina. Egundoko kiratsa zegoen, asfalto, gasolina, fruta ustel eta zakurren gorozkiena. Espaloian, egunkari urratu eta zigarrokinen artean, usoak batera eta bestera zebiltzan saltoka. Animalia haiek jendetzaren artean zapalduta ez amaitzeko nola moldatzen ziren ulergaitza zen. Hauts urrekara erortzen zen zeru dirdaitsutik. Belar artifizialez apaindutako denda baten aurrealdean, elastiko izerditsuak soinean zeramatzatela, zenbait gizon papaia eta anana zukua edaten ari ziren eginahal bizian, barrena kiskaltzen zien sua itzali nahi bailuten. Haien buruen gainean indiarren irudiak zizelatuta zeuzkaten koko-azal batzuk zeuden zintzilik. Alboko kale batean ume batzuk, zuriak eta beltzak, ureztaketa-hartunea ireki eta plisti-plasta zebiltzan arekan biluzik. Bero-uhin haren erdian, batetik bestera zebilen furgoneta baten megafoniak kanta zaratatsuak eta hautagai politiko baten aldeko mezu gorgarriak barreiatzen zituen. Furgonetaren atzealdean, ilea alanbrea bezala apainduta zeraman neska bat panfletoak jaurtitzen ari zen. Bessierentzat gehiegizkoa zen hura dena: kalea zeharkatzea, igogailuaren zain egotea, eta gero bosgarren bizitzan ateratzea atea danbateko batekin itxi baino lehen. Bessie erosketak atarian utzi eta giltzen bila hasi zen. Azkazal-limaz baliatu zen giltza-zuloko kristal-orea kentzeko. Giltza sartu eta jiratu egin zuen. Baina ai, hautsi egin zitzaion. Beste erdia eskuan zuela geratu zen. Bessie hondamendiaren tamainaz jabetu zen. Eraikineko gainerako jendeak giltzaren kopia emana zioten atezainari gordetzeko, baina bera ez zen inortaz fidatzen; konbinazio-sarraila berria erosi zuen arestian, hura zabalduko zuen giltza orokorrik ez zegoela segurtatu ondoren. Bazeukan giltzaren kopia bat kaxoi batean nonbait, baina puskatu berria besterik ez zeraman gainean. «Bueno, nireak egin din», esan zuen Bessiek ozen. Ez zeukan inorengana jotzerik laguntza eske. Etsai amorratuak zituen auzoak. Atezaina beraren hondamendiaren zain zegoen. Bessiek hain tinkaturik zeukan eztarria, negar egiteko ere ez baitzen gauza. Ingurura begiratu zuen, azken kolpe hura eman zion arerioa ikusi nahian. Bessiek aspaldidanik egin zituen bakeak heriotzarekin, baina eskaileretan edo kalean hiltzea gogorregia iruditzen zitzaion. Eta auskalo halako agonia batek zenbat iraungo zuen. Hausnartzeari ekin zion. Ba ote zegoen zabalik giltzen kopiak egiten zituen dendaren bat? Eta halakorik balego ere, sarrailagileak nondik egin behar zuen kopia? Bere tresnekin etorri beharko zuen. Horretarako sarraila berezi haiek ekoizten zituen konpainiako mekanikaria behar zen. Gainean dirua izan balu sikiera. Baina ez zuen inoiz eramaten beharrezkoa zuena baizik. Supermerkatuko kutxazainak hogeita koska zentabo besterik ez zion itzuli. «Ai, amatxo maitea, ez dinat gehiago bizi nahi!» Bessie yiddishez ari zen, guztiz harrituta bat-batean erdi ahaztuta zeukan hizkuntzara jo izanagatik. Zalantza askoren ondoren, ostera kalera irtetea erabaki zuen Bessiek. Agian oraindik zabalik egongo zen burdindegi edo giltzetan espezializatutako denda txiki horietakoren bat. Gogoratu zitzaion bazegoela auzotegian halako giltza dendatxo bat. Azken batean, jendeari hautsi egiten zaizkio giltzak. Baina zer egin behar zuen janariarekin? Poltsa astunegia zen berarekin eramateko. Beste aukerarik ez zegoen. Atarian utzi beharko zuen. «Bestela ere lapurtuko zidaten», esan zuen Bessiek bere baitarako. Auskalo, beharbada auzoek sarraila manipulatu zuten apartamentura sartzerik izan ez zezan haiek lapurtzen zioten edo gauzak hankaz gora uzten zizkioten bitartean. Kalera jaitsi aurretik, Bessiek atearen kontra jarri zuen belarria. Inoiz gelditzen ez zen murmurra aditu zuen bakarrik, haren arrazoi eta jatorria Bessieri guztiz ulergaitza egiten zitzaiolarik. Batzuetan tik-tak egiten zuen erloju baten modura; besteetan burrunba edo kirrinka egiten zuen. Zerbait zegoen han, hormetan edo ur-hodietan hetsita. Janariari adio esan ziezaiokeela pentsatu zuen, hozkailuan egon behar baitzuen, ez han kanpoan, beroan. Gurina urtu egingo zen, esnea mindu. «Zigorra dun! Madarikatuta nagon, madarikatuta», marmar egin zuen. Auzo bat igogailuan jaistera zihoan, eta Bessiek keinuak egin zizkion ateari euts ziezaion bera sartu arte. Lapurretako bat zen agian. Beharbada erasotzen eta lapurreta egiten saiatuko zen. Igogailua behera iritsi zen, eta gizonak ateari eutsi zion Bessie irten zedin. Eskerrak eman nahi izan zizkion, baina isilik geratu zen. Zertarako eman eskerrak etsaiari? Haiek guztiak trikimailu maltzurrak besterik ez ziren. Bessie kalera irten zenerako gaua zen. Areka urez gainezka zegoen. Kaleko lanparak putzu beltzean islatzen ziren aintzira batean bezala. Beste sute bat zegoen inguruetan. Sirena baten ulua aditu zuen, eta suhiltzaileen kamioien kanpaiak. Zapatak bustita zeuzkan. Broadwayra irten zen, eta beroak zink-xafla batek bezala kolpatu zuen. Zailtasunak izaten zituen egunez ondo ikusteko; gauez ia itsua zen. Dendetan argia zegoen, baina erakusleihoetan zer zegoen ezin zuen zehaztu. Oinezkoak gainera oldartzen zitzaizkion, eta makila eduki ez izana deitoratu zuen. Hala ere, ibiltzeari ekin zion, erakusleihoetatik hurbil. Bidean botikadenda, okindegia, tapiz denda eta ehorztetxe baten ondotik pasa zen, baina ez zuen burdindegi baten arrastorik ere ikusi. Bessiek bideari jarraitu zion. Indarra galtzen ari zen, baina amore ez emateko erabakia hartu zuen. Zer egin behar zuen pertsona batek giltza hausten zitzaionean? Hil? Agian poliziarengana jo. Litekeena zen halako kasuetarako erakunderen bat izatea. Baina non? Istripuren bat gertatu bide zen. Espaloia ikuslez beteta zegoen. Polizi autoek eta anbulantzia batek butxatuta zeukaten kalea. Norbait tutu malgu batez kalea ureztatzen ari zen, ziur aski odola garbitzeko. Bessieri iruditu zitzaion so zeudenen begiek atsegin bitxi batez distiratzen zutela. Besteen zorigaitzetik atsegin hartzen diten, pentsatu zuen. Hiri zital honetan ez diten beste gozagarririk. Ez zuen, ez, lagunduko zionik aurkituko. Eliza batera iritsi zen. Harmaila gutxi batzuek babes baten itzalpean zegoen ate itxira zeramaten. Bessie ia ezin zen eseri. Belaunak kolokan zeuzkan. Zapatak behatzetan eta orkatilen gainean min egiten hasi zitzaizkion. Kortsearen bale bizar bat hautsi eta haragian sartu zitzaion. «Hara, gaur gauean Gaizkiaren Indar guztiak oldartu zaizkidan». Gosea, goragalearekin batera, hozka ari zitzaion. Isurkin garratz bat igo zitzaion ahora. «Ene Jainkoa, nireak egin din». Gogora etorri zitzaion yiddish atsotitza, «kontuak egin gabe bizitzea, konfesiorik gabe hiltzea da». Testamentua ere egin gabe zeukan. Ustekabean lokartu egingo zen, begiak zabaldu zituenean ordu txikietako isiltasuna baitzegoen kale ia huts eta ilunean. Dendetako erakusleihoak itzalita zeuden jada. Beroa joana zen, eta hotza sentitu zuen soineko azpian. Une batez kartera lapurtu ziotela pentsatu zuen, baina beheko mailan zegoen, seguruenik eskuetatik irrist egina. Bessie eskua luzatzen saiatu zen; inurrituta zeukan besoa. Burua, hormaren aurka bermatuta, harria bezala sentitzen zuen. Hankak zurezko bihurtu zitzaizkion. Belarriak urez beteta zeuzkala iruditzen zitzaion. Betazal bat altxatu eta ilargia ikusi zuen. Teilatu lau baten gainean zegoen zintzilik, baxu, eta handik gertu diz-diz egiten zuen izar berdexka batek. Bessie aho-zabalik geratu zen. Ia ahaztuta zegoen bazela zerua, ilargia, izarrak. Urte asko pasa zituen gora begiratu gabe; beti behera. Etxeko leihoetan gortinak zeuzkan, kalearen beste aldeko espioiek ikus ez zezaten. Ba zerua baldin bazegoen, agian jainkoa, aingeruak, Paradisua ere bazeuden. Non hartu behar zuten atseden, bestela, bere gurasoen arimek? Eta non zegoen Sam orain? Berak, Bessiek, alde bat utzita zeuzkan eginbehar guztiak. Ez zen inoiz joaten kanposantura Samen hilobia ikustera. Kandelarik ere ez zuen pizten haren urteurrena zenean. Hain zegoen murgilduta behe indarrekiko liskarrean, non ahaztu egiten baitzituen gorenak. Estreinako aldiz aspaldiko partez, Bessiek otoitz egiteko premia sentitu zuen. Ahalguztiduna beraz errukituko zen, merezi ez izan arren. Aita eta ama beraren alde mintza zitezkeen han goian. Hebreerazko zenbait hitz zeuzkan mingain muturrean, baina ezin zituen oroitu. Orduan gogora etorri zitzaizkion. «Entzun, oi Israel». Baina zer zetorren gero? «Jainkoak barka diezadala», esan zuen Bessiek. «Gerta dakidakeen guztia merezi dinat». Areagotu egin ziren isiltasuna eta freskura. Semaforoen argiak gorritik berdera aldatu ziren, baina apenas pasatzen zen autorik. Beltz bat agertu zen nonbaitetik. Aldaroka zebilen. Bessierengandik urrun gabe gelditu, eta begiak zuzendu zizkion. Gero bere bideari jarraitu zion. Bessiek bazekien zorroa dokumentu garrantzitsuez beteta zeukala, baina lehenbiziko aldiz ez zen bere jabegoez arduratu. Samek dirutza ederra utzi zion; dena alferrekoa izan zen. Berak zahartzarorako aurreratzen segitu zuen, oraindik ere gaztea bailitzan. «Zenbat urte ditut?», galdetu zion Bessiek bere buruari. «Zer lortu dut urte hauetan guztietan zehar? Zergatik ez naiz norabait joan, zergatik ez dirua gozatu, edo norbaiti lagundu?» Zerbaitek barre egin zuen bere baitan. «Deabruak hartuta egon naun, ez naun ni neroni izan. Nola argitu, bestela?» Bessie txunditurik zegoen. Lo luze batetik esnatu berri bailitzan sentitu zen. Giltza hautsiak Sam hil zenean itxitako ate bat ireki zion garunean. Ilargia teilatuaren beste aldera pasa zen, ohi baino handiagoa, gorria, aurpegia ezabatuta. Hotz egiten zuen ia. Bessie dardaraz zegoen. Erraz harrapa zezakeela pneumonia jabetu zen, baina heriotzaren beldurra pasa egin zitzaion, etxerik gabe geratzeko beldurrarekin batera. Haizetxo freskoa altxatzen zen Hudson ibaitik. Izar berriak ageri ziren zeruan. Katu beltz bat inguratu zen kaleko beste aldetik. Une batez espaloiaren bazterrean egon zen, begi berdeak Bessieri zuzen begira. Gero, astiro eta arretatsu, hurbildu egin zitzaion. Bessiek aspalditik gorroto zien animalia guztiei: zakur, katu, uso, baita txolarreei ere. Gaixotasunak izaten zituzten. Dena zikintzen zuten. Bessie sinetsita zegoen katu bakoitzak deabrua zeramala barruan. Beldur berezia zion katu beltz batekin topo egiteari, horrek beti zorigaitza iragartzen baitzuen. Baina orain Bessiek maitasuna sentitzen zuen animalia harenganako, etxerik, ondasunik, aterik zein giltzarik ez zeukan eta Jainkoaren oparotasunetik bizi zen animaliarenganako. Bessierengana inguratu aurretik, katuak zorroa usaindu zion. Gero bizkarra hankaren aurka igurzten hasi zitzaion, isatsa altxatuz eta miauka. Animalia gajoa goseak zegon. Zerbait eman ahal izango banio! Nola gorrota daiteke honelako animaliatxoa, galdetu zion Bessiek bere buruari. Ai, ama, erotuta nengonan, erotuta. Bizitza berria hasiko dinat. Gogoeta arriskutsu batek zeharkatu zion gogoa: agian berriz ezkondu? Gaua abenturez josita egon zen. Halako batean, Bessiek tximeleta zuria ikusi zuen airean. Pixka batean hegatu zen auto aparkatu baten gainetik, eta gero alde egin. Bessiek haur jaioberri baten arima zela jakin zuen, benetako tximeletak ez baitira hegatzen ilundu ondoren. Beste batean, esnatu eta suzko bola bat ikusi zuen, xaboizko burbuila argiztatu baten antzekoa, teilatu batetik beste batera altxatzen eta gero atzean hondoratzen. Hil berria zen norbaiten izpiritua ikusi zuela konturatu zen. Loak hartu zuen Bessie. Kolpetik esnatu zen halako batean. Egunsentia zen. Eguzkia altxatzen ari zen Central Park aldetik. Bessiek ezin zuen leku hartatik ikusi, baina Broadway aldean zerua arrosa eta gorrizta jarri zen. Ezkerreko eraikinean sugarrek leihoak piztu zituzten, kristalak tindatuz eta distiraraziz itsasontzi baten idi-begiak bailiran. Uso bat pausatu zen inguruan. Saltoka hasi zen hankatxo gorrien gainean, eta ogi lehor edo buztin zati zikina zirudien zerbait mokokatu. Bessie zur eta lur zegoen. Nola bizi dira txori hauek? Non egiten dute lo gauean? Eta nola jasan ditzakete euria, hotza, elurra? Etxera joango naun, deliberatu zuen Bessiek. Jendeak ez nain kalean utziko. Altxatzea tormentu hutsa izan zen. Bazirudien gorputza itsatsita zeukala eseri zen harmailara. Bizkarreko mina zeukan, eta zangoak inurrituta. Hala ere, etxerantz astiro abiatzeari ekin zion. Goizeko aire hezea arnastu zuen. Belar eta kafe usaina zerion. Jadanik ez zegoen bakarrik. Alboko kaleetatik gizon-emakumeak irteten ari ziren. Lanera zihoazen. Kioskoan egunkaria erosi eta metrora jaisten ziren. Isilik zihoazen, eta bake bitxi batez inguratuta, haiek ere gaua nork bere arima bilatzen eman ondoren garbituta irten bailiran. Noiz jaikitzen ote dira dagoeneko lanera bidean badaude? Bessie txundituta zegoen. Ez, auzo hartako guztiak ez ziren gangsterrak eta hiltzaileak. Gizon gazte batek diosal eta guzti egin zion buruaz. Bessie irribarre egiten saiatu zen, baita konturatu ere ahaztuta zeukala gaztaroan hain ongi ezagutzen zuen keinu femenino hura, amak irakatsitako ia lehendabiziko gauza. Bere eraikinera iritsi, eta hantxe ikusi zuen atezain irlandarra, etsaien artean etsaiena. Zabor biltzaileekin hizketan ari zen. Gizon erraldoia zen, sudurra motza zuen, goi-ezpaina luzea, masailak hondoratuak eta kokotsa zorrotza. Ile horiak soilgunea estaltzen zion. Harrituta begiratu zion Bessieri. «Zer gertatzen da, amona?» Bessiek, totelka, zer gertatu zitzaion esan zion. Gau osoan zehar ahurrean gordetako giltzaren erdia erakutsi zion. «Jainkoaren ama!», oihu egin zuen gizonak. «Zer egin dezaket?», galdetu zion Bessiek. «Atea irekiko dizut». «Baina ez daukazu nire giltzarik». «Ate guztiak irekitzeko gai izan behar dugu, badaezpada sutea izango balitz». Atezaina bere apartamentura sartu zen puska batean, eta gero tresna batzuekin eta uztai handi batean zeramatzan giltza mordo batekin atera. Bessierekin igo zen igogailuan. Janari poltsa atari aurrean zegoen oraindik, baina erdi hutsik zirudien. Atezainak sarrailari ekin zion. «Zer dira txartel hauek?», galdetu zion. Bessiek ez zuen erantzun. «Zergatik ez zara niregana etorri zer gertatu zaizun esatera? Zure edadean gau osoa batera eta bestera ibiltzen ematea ere! Jainkoarren!» Lanabesekin atzera eta aurrera ari zela, ate bat zabaldu zen eta emakume bat atera, etxeko bata eta zapatilak soinean, ilea tindatuta eta erruloz beteta. «Zer gertatu zaizu?», galdetu zion. «Atea irekitzen nuen bakoitzean poltsa hori ikusten nuen. Esnea eta gurina atera ditut, eta neure hozkailuan sartu». Bessiek ozta-ozta euts ziezaiekeen malkoei. «Oi, lagun atseginak», hasi zen. «Ez nekien, zera...» Atezainak Bessieren giltzaren beste erdia atera zuen. Apur bat gehiago jarraitu zuen lanean. Giltza bat jiratu eta atea zabaldu zuen. Txartelak zorura erori ziren. Bessie gizonarekin sartu zen harrera-gelara, eta luzaro inor bizi gabe egon den apartamentu baten lizun usaina iritsi zitzaion sudurrera. Atezainak esan zuen, «Hurrena honelako zerbait gertatzen zaizunean, niri esan. Horretarakoxe nago». Bessiek eskupekoa eman nahi izan zion, baina eskuak ahulegiak zeuzkan zorroa irekitzeko. Aldameneko andreak esnea eta gurina ekarri zizkion. Bessie logelara joan zen, eta ohe gainean etzan. Presioa sumatzen zuen bularraldean, eta goragalea. Gauza astun bat hauteman zuen dardarka bezala oinetatik bularrera zebilkiola. Bessiek adi entzun zuen, alarmarik gabe, baina gorputzaren kapritxoei buruzko jakin-mina piztuta. Atezainak eta auzoak elkarrekin hizketan ziharduten, baina Bessiek ezin zion antzik eman haien jardunari. Gauza berbera gertatu zitzaion hogeita hamar urte lehenago, ospitalean anestesiatu zutenean ebakuntza baten aurretik; doktorea eta erizaina hizketan ari ziren, baina bazirudien haien ahotsak oso urrutitik zetozela, eta hizkuntza bitxi batean ari zirela. Aurki isiltasuna egin zen, eta Sam agertu zitzaion. Ez zen ez gau ez egun, ilunabar antzeko argia zegoen. Bere ametsean, Bessiek jakin zuen Sam hilik zegoela, baina modu ezkuturen batean hilobitik irten eta berari bisita egitera etortzea lortu zuela. Ahul zegoen senarra, eta lotsatuta. Ezin zuen hitz egin. Zeru-lurrik gabeko espazio batean zehar ibili ziren: hondakinez betetako tunela zen hura, estruktura izengabe baten hondarra, korridore ilun bihurgunez betea, baina ezaguna egiten zitzaion nolabait. Eskualde batera iritsi ziren, bi mendi elkartzen ziren lekura, haien arteko pasabideak egunsentia edo ilunabarra bezala distiratzen zuelarik. Han egon ziren zalantzan, are apur bat lotsatuta ere. Eztei-bidaiako gau hura bezalakoa zen: Ellenville-ra joanak ziren, Catskills aldean, eta hotelaren jabeak eztei suitera eraman zituen. Hartan esan zizkien hitz berberak aditu zituen orain ere, ahots eta intonazio berberaz: «Hemen ez duzue giltzarik behar. Sartu besterik gabe... eta mazel tov». Ipuin gogoangarriak |