Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997

 

Idunekoa

 

Guy de Maupassant

 

La parure

 

itzultzailea: Juan Kruz Igerabide

 

 

        Neska pollit eta xarmant horietakoa zen, patuaren akats moduko batek enplegatu familia batean sortua. Ez zuen doterik, ez oinordetzarik, ez inolako bitartekorik, gizon aberats eta handiki batek ezagutu, konpreni eta esposa zezan; horretaz, Hezkuntza Publikoko Ministerioko enplegatu soil batekin ezkontzeko amore eman zuen.

        Xaloa zen, edergarrien faltan, baina kategorian behera egin duena bezain zoritxarrekoa; emakumeek ez baitute ez kastarik ez leinurik, eta, beraz, edertasuna, xarma, jatorriko eta familiako duintasuna, jaiotzatiko fintasuna, dotoreziarako sena eta izpiritu-malgutasuna dituzte hierarkia bakar, eta horrela herriko alabak dama handikien pareko dira.

        Samin etengabean bizi zen; finezia eta luxu orotarako jaioa uste zuen bere burua. Samin egiten zion bere etxebizitza txiroak, pareten mixeriak, eserlekuen soiltasunak, apaingarrien itsusitasunak. Bere mailako beste edozein emakume ez zen ohartu ere egingo gauza horiez guztiez, baina harentzat zigorra eta haserrebidea ziren. Etxe apal hartako lanak egiten zizkion emakume bretoi txikia ikusirik, oroitzapen tristeak etortzen zitzaizkion burura, eta amets erratuak. Eta amesten zituen antekamara isilak, ekialdeko oihal koloretsuz apainduak, brontzezko argimutil handiez argituak; eta bi harrera-zerbitzari handi, galtzamotzetan, besaulki zabaletan bero handi sargoriagatik lokartuak. Eta amesten zituen egongela handiak, antzinako zetaz jantziak; eta altzari finak, bitxikeria ordainezinez edertuak; eta egongela txiki apain eta perfumatuak, bostetako berriketa egiteko adiskide minekin, hots, gizon ezagun eta preziatuekin, horrelakoen arretaren irrikaz eta desioz egoten baitira emakume guztiak.

        Afaltzeko eseri ohi zenean, hiru eguneko zapiaz estaliriko mahai borobilaren aurrean, beste aldean senarra zopa-ontziari estalkia kendu eta pozik mintzo zelarik: «Ah! Eltzeko gozoa! Ez dut hau baino hoberik ezagutzen...», orduan afari finak amesten zituen, eta zilarraren distira, eta horma tapizatuak, non antzinako pertsonaiak eta txori arraroak ageriko baitziren amandre ipuinetako baso artean; amesten zituen janari finak, ontziteria zoragarrietan zerbitzuak, eta txutxu-mutxuka esandako eta esfinge-irribarrez entzundako hitz atseginak, amuarrain baten mami arrosa edo eperraren hegatsak jaten ariko zen bitartean.

        Ez zeukan, ordea, ez jantzirik, ez bitxirik, ez ezer. Eta hori besterik ez zuen gogoan; horretarako jaioa zela sentitzen zuen. Atsegin gertatu nahi zuen, besteen gogoko, erakargarri, denak atzetik zituela.

        Bazuen adiskide aberats bat, moja-eskolako laguna, eta ez zuen nahi izaten hura ikustera joaterik, hain baitzen handia samina itzuleran. Egun osoak egiten zituen negarretan, penetan, saminetan, etsipenean eta estutasun handitan.

        Halako batean, senarra loriaz beterik itzuli zen, eskuan gutun-azal handi bat zekarrela.

        —Tori —esan zion—. Zuretzat da.

        Bizkor-bizkor hautsi zuen papera, eta gutun inprimatu bat atera zuen, hitz hauek zekartzana:

        «Hezkuntza Publikoko ministroak eta Georges Ramponneau andereak erregu egiten diete Loisel jaun-andereei, arrats-aldia ministerioko hotelean pasatzera etortzeko ohorea egin diezaieten, urtarrilaren 18an, astelehenez».

        Senarrak espero zuen bezala pozik jarri beharrean, gonbidapena mahai gainera bota zuen erdeinuz, marmarka:

        —Eta zer egitea nahi duzu nik honekin?

        —Bada, poztu egingo zinela uste nuen, maite hori. Ez zara inoiz irteten, eta aukera ederra da hauxe. Ederki kostata eskuratu dut. Denek nahi zuten; oso gonbidapen gutiziatuak dira, eta enplegatuoi ez dizkigute asko ematen. Han jende ofizial guztia ikusteko aukera izango duzu.

        Begi haserrez begiratu zion emakumeak, eta esan zion ezinegonez:

        —Eta hara joateko zer eramango dut soinean?

        Gizonak ez zeukan hori pentsaturik; totelka erantzun zion:

        —Bada, teatrora eramaten duzun soinekoa. Oso ondo dagoela iruditzen zait, niri...

        Isildu egin zen, harri eta zur, nahasturik, emaztea negarrez ikusita. Bi malko lodi emeki zetozkion begi ertzetatik behera, aho bazterretaraino. Gizonak totelka esan zion:

        —Zer duzu? Zer duzu?

        Emakumeak, ordea, ahalegin gogorrez samina menperatu eta ahots lasaiaz erantzun zion, masail bustiak xukatzen zituen bitartean:

        —Ezer ez. Zer jantzirik ez dudala, besterik ez, eta, beraz, ezin naizela joan festa horretara. Emaiozu zeure gutuna emaztea ni baino apainagoa daukan lankideren bati.

        Senarra atsekabeturik zegoen. Berriro hitz egin zuen:

        —Ikus dezagun, Matilde. Zenbat kostako litzateke arropa itxuroso bat, beste batzuetan ere eramateko modukoa, zerbait soil-soila?

        Emakumea bere kabutan aritu zen segundo batzuetan, kontuak ateratzen eta pentsatzen ea zenbat eska zezakeen, bat-bateko ezetza eta administrari ekonomikoaren oihu larria ez jasotzeko.

        Azkenean, zalantzaz erantzun zuen:

        —Ez dakit zehatz-mehatz, baina, nire ustez, iritsiko litzaidake laurehun bat liberarekin.

        Gizona pittin bat zurbildu egin zen, izan ere diru horixe baitzeukan gorderik fusil bat erosteko, hurrengo udan Nanterreko zelaietan egingo zen ehizaldirako eskaini nahi zuen-eta bere burua, igandetan hara hegatxabalak botatzera joaten ziren adiskide batzuekin batera ibiltzeko.

        Hala ere, esan zuen:

        —Ongi da. Laurehun libera emango dizkizut, baina saia zaitez soineko eder bat erosten.

        Festa eguna hurbil zen, eta Loisel andereak triste zirudien, ezinegonez, estu. Alabaina, jantzia prest zuen. Senarrak arrats batez esan zion:

        —Zer duzu? Ez zabiltza oso alai azken hiru egun hauetan.

        Emakumeak erantzun zion:

        —Bitxi bakar bat ere ez edukitzeak egiten dit min; ezta harribitxi bat ere, soinean eramateko. A zer behartsu itxura eramango dudan; nahiago nuke ez joatea arrats-festa horretara.

        Gizonak esan zion:

        —Jarri lore naturalak. Oso «chic» geratzen da urtaro honetan. Hamar liberaz bi edo hiru arrosa zoragarri izango dituzu.

        Emakumea ez zegoen oso ados.

        —Ez... ez dago ezer lotsagarriagorik, emakume aberatsen artean itxura behartsuz agertzea baino.

        Gizonak oihu egin zuen:

        —Tuntun halakoa! Zoaz zure lagun Forestier andereagana, eta eskaiozu bitxiak uzteko. Baduzue hori eskatzeko bezainbateko harremana.

        Emazteak poz-oihu bat egin zuen:

        —Jakina! Ez zitzaidan burutik pasa ere egin. Biharamunean bere lagunaren etxera joan zen, eta arazoa jakinarazi zion.

        Forestier anderea ispiludun armairura joan zen, kutxatila handi bat hartu, ekarri, ireki eta esan zion Loisel andereari:

        —Aukeratu, maitea.

        Aurrena besokoak ikusi zituen, gero perlazko iduneko bat, gero gurutze veneziar bat, urre eta harribitxiz egina, dotore landua. Ispilu aurrean probatu zituen bitxiak, eta zalantzatan ibili zen, gainetik kendu ezinean, itzuli ezinean. Eta etengabe galdetzen zuen:

        —Ez al dun besterik?

        —Bai, badinat. Bilatu heuk, ez zakinat-eta zein izango dunan gustuko.

        Bat-batean, saten beltzezko kaxa batean, diamantezko ibai zoragarri bat aurkitu zuen; eta haren bihotza desio neurrigabez hasi zen taupaka. Eskuek dardara egiten zioten hartzean. Eztarri inguruan jarri zuen, soinekoaren gainetik, eta estasian egon zen haren aurrean.

        Gero, duda-mudatan, estutasunez beterik, galdetu zuen:

        —Utziko al hidake hauxe, hauxe soilik?

        —Bai, noski.

        Lagunaren lepora egin zuen jauzi, eta gogotik besarkatu zuen; gero bere altxorrarekin joan zen.

        Festa eguna iritsi zen. Loisel andereak arrakasta izan zuen. Denak baino politago zegoen, dotore, atsegin, irribarretsu eta pozez zoratzen. Gizon guztiek begiratzen zioten, haren izena galdetzen zuten, haren aurrean aurkez zitzaten saiatzen ziren. Kabineteko goi mailako guztiek harekin egin nahi zuten dantzan. Ministroa ere ohartu zen.

        Zorabioan bezala dantzatzen zen, gogo betean, atseginez gogoa lausoturik, ezertan pentsatu gabe, bere edertasunaren garaipenaren erdian, bere arrakastaren aintzaren erdian, zorionezko hodei antzeko baten erdian, lausengua handik, mirespena hemendik, hainbeste desio pizturik, eta emakumeentzat hain eztia izan ohi den garaipen osoa lorturik.

        Goizeko laurak aldera alde egin zuen. Senarra gauerditik aurrera lo egon zen egongela txiki huts batean beste hiru gizonekin; horien emazteak ere asko dibertitu ziren.

        Gizonak irteerarako ekarritako jantziak jarri zizkion bizkar gainera, eguneroko jantzi umilak, eta horien apaltasunak ez zuen ondo ematen dantzako jantziaren dotoreziarekin. Jabetu zen horretaz anderea, eta ihes egiteko gogoa izan zuen, antzeman ez ziezaioten beste emakumeek, soingaineko garestiz janzten zirenek.

        Loiselek geldiarazi egin zuen:

        —Zaude, bada. Hoztu egingo zara. Zalgurdi bat eskatuko dut.

        Baina emakumeak ez zion ezer entzuten, eta eskaileran behera zihoan bizkor. Kalera irten zirenean, ez zuten zalgurdirik topatu; eta bila hasi ziren, urrutitik ikusten zituztenei deiadarka.

        Sena aldera jaitsi ziren, desesperaturik, dardarka. Azkenean, kaian zalgurdi zahar gautar bat topatu zuten, Parisen gauez soilik ibiltzen diren horietakoa, egunez beren mixeria erakusteko lotsa direla diruditen horietakoa.

        Etxeko ateraino eraman zituen, Martirien kaleraino, eta etxe barrura igo ziren. Dena amaitua zen emakumearentzat. Senarrak, berriz, hamarretarako Ministerioan egon behar zuela pentsatzen zuen.

        Emakumeak sorbalda gainean zeramatzan jantziak kendu zituen ispilu aurrean, beste behingoz bere burua loria betean ikusteko. Bat-batean, ordea, garrasi egin zuen. Ez zeukan idunekorik lepo inguruan!

        Senarrak, erdi erantzirik ordurako, galdetu zion:

        —Zer duzu?

        Harengana itzuli zen, zoraturik:

        —Nik... nik... ez daukat Forestier anderearen idunekoa.

        Gizonak aztoraturik begiratu zion:

        —Zer!... Nola!... Ezinezkoa da!

        Eta soinekoaren azpilduretan bila hasi ziren, soingainekoan, poltsikoetan, alde orotan. Eta ez zuten aurkitu.

        Gizonak galdetu zion:

        —Ziur al zaude bazeneramala dantza uztean?

        —Bai, Ministerioko atarian ukitzen aritu naiz.

        —Baina, kalean galdu bazenu, erortze-hotsa entzungo genuen. Zalgurdian egon behar du.

        —Bai, baliteke. Hartu al duzu zenbakia?

        —Ez. Eta zuk, ez al diozu begiratu?

        —Ez.

        Izu-laborriturik begiratu zioten elkarri. Azkenean, Loisel jantzi egin zen berriro. Eta esan zuen:

        —Oinez egin dugun bide osoa atzera egitera noa, ea aurkitzen dudan.

        Eta irten egin zen. Emakumea festa-jantzian egon zen zain, etzateko kemenik gabe, aulki batean erorita, indarrik gabe, ezertan pentsatu gabe.

        Senarra zazpiak aldera itzuli zen. Ez zuen ezer aurkitu.

        Poliziaren Prefekturara joan zen, egunkarietara sari bat eskaintzera, zalgurdi txikien konpainietara, hots, esperantza apur batek eraman zuen edonora.

        Emakumeak egun osoan itxaron zuen, beti larridura-egoera berean halako hondamendiaren aurrean.

        Loisel arratsean itzuli zen, aurpegiera txarrez, zurbil; ez zuen ezer aurkitu.

        —Zure lagunari —esan zuen— idatzi behar diogu, haren idunekoaren hesgailua hautsi duzula, eta konpontzera eraman duzula. Horrek berreskuratzeko denbora emango digu.

        Emakumeak esan ahala idatzi zuen.

        Astebete geroago, itxaropen oro galdurik zuten.

        Eta Loiselek, bost urte zaharrago, adierazi zuen:

        Bitxi horren ordezko bat erosi beharra dago.

        Biharamunean, bitxia egondako kaxa hartu, eta barnean jartzen zuen bitxigilearengana joan ziren. Hark bere liburuetan begiratu zuen:

        —Nik ez dut saldu iduneko hori, andere; kaxa soilik salduko nuen.

        Orduan bitxigilez bitxigile joan ziren, bestearen antzeko bitxi baten bila, oroitzen ote zuten galdeka, biak estu eta larri.

        Palais Royal-eko denda batean diamantezko arrosario bat aurkitu zuten, bila zebiltzanaren arras antzekoa iruditu zitzaiena. Berrogei mila libera balio zuen. Hogeita hamasei milatan utziko omen ziela.

        Bitxigileari eskatu zioten ez saltzeko hiru egunetan. Eta bitxigileak agindu zien atzera hogeita hamalau mila ordainduko ziela, lehengo bitxia otsailaren amaiera baino lehen aurkituz gero.

        Loiselek hamazortzi mila libera zeuzkan, aitak utziak. Gainerakoa maileguan hartuko zuen.

        Maileguan hartu zizkion bati mila libera, beste bati bostehun, bost luis hemendik, hiru luis handik. Ordainagiriak egin zituen, hitzarmen txarrak, lukurreruengana eta era guztietako mailegulariengana joan zen. Bere bizitza osorako zordun egin zen, bere izenpea arriskatu zuen erantzuteko gai zen jakin gabe; etorkizuneko larritasunez, gainera zetorkion mixeria gorriaz eta aurrerantzean sumatzen zituen gabezia psikiko eta oinaze moralez izu-izu eginik, iduneko berriaren bila joan zen, merkatariaren salmahaiaren gainean hogeita hamasei mila libera jartzera.

        Loisel andereak Forestier andereari bitxia itzuli zionean, hau haserre samar mintzatu zitzaion:

        —Lehenago itzuli behar hidan, behar izan banu ere.

        Ez zuen kaxa ireki. Horren beldur zen laguna; aldaketaz jabetuz gero, zer pentsatuko ote zuen? Zer esango ote zuen? Ez ote zuen lapurtzat joko?

        Loisel andereak behartsuen bizimodu latza ezagutu zuen. Hala ere, gainera zetorkionari bulartsu egin zion aurre. Zor ikaragarri hura ordaindu beharra zegoen. Ordainduko zuen, bai. Neskamea bidali zuten, etxebizitzaz aldatu ziren; etxe txiro bat alokatu zuten.

        Etxeko eginbehar gaitzak ezagutu zituen, sukaldeko lan gorrotagarriak. Ontziteria garbitu zuen, buztinezko ontzi lodien gainean eta lapikoen hondoan azkazalak marruskatuz. Arropa zikina, alkandorak eta eskutrapuak xaboitu zituen, eta soka batetik zintzilik lehortzen jarri; goizero zaborra jaisten zuen kalera, eta ura igotzen, solairu bakoitzean arnasa lasaitzeko geldituz. Herriko emakume baten gisa jantzirik, fruta-saltzaileagana joan zen, dendariagana, okinagana, beso azpian ogi-ontzia zuela, eta tratuan aritu zen, irainak jasoz eta bere diru urriaren sos bakoitza babestuz.

        Hilero ordainagiriak ordaindu behar ziren, beste berri batzuk egin, denbora luzatu.

        Senarrak arratsaldez lan egiten zuen, dendari baten kontuak eramaten, eta gauez maiz kopiak egiten aritzen zen, orriko bost sosengatik.

        Bizimodu hark hamar urte iraun zuen

        Hamar urteren buruan den-dena itzulia zuten, dena, lukurreri interesak eta interes gainjarriak barne.

        Loisel andereak zahar itxura zuen orain. Etxe behartsuko emakume indartsu, gogor eta zakarra bihurtu zen. Gaizki orraztua, gonak okerka eta eskuak gorri, ozenki mintzatzen zen, lurrak garbitzen zituen bitartean. Noizbehinka, ordea, gizona bulegoan zenean, leiho ondoan eseri eta garai bateko arrats-festa hartaz oroitzen zen, dantzaldiaz, non hain eder eta miretsia izan baitzen.

        Zer gertatuko ote zen bitxia galdu izan ez balu? Nork jakin, nork jakin! Bizitza arraroa da, aldakorra! Ezer gutxi behar da hondoratzeko nahiz salbatzeko!

        Hala, igande batez, aste osoko lanaz atseden hartzearren Champs-Elysées aldera itzulaldi bat egitera joan zelarik, bat-batean emakume bat ikusi zuen haur batekin paseatzen. Forestier anderea zen, artean gazte, artean eder, artean erakargarri.

        Loisel anderea hunkitu egin zen. Harekin mintzatzera joango ote zen? Bai, jakina. Ordainduta gero, orain den-dena aitortuko zion. Zergatik ez?

        Harengana inguratu zen.

        —Egun on, Jeanne.

        Besteak ez zuen ezagutu, eta harritu egin zen burges hura hain adiskideki mintzatu zitzaiolako. Totelka esan zion:

        —Baina... andere; nik ez dakit... Oker zaude.

        —Ez. Matilde Loisel naun.

        Lagunak garrasi egin zuen.

        —O!... Matilde gaixoa, zenbat aldatu haizen!...

        —Bai, garai gogorrak izan ditin, azken aldiz ikusi hindudanetik; eta zenbat mixeria... eta dena higatik!...

        —Nigatik... zer dela eta?

        —Gogoratuko dun diamantezko ibai hura, Ministerioko festara joateko utzi hidana.

        —Bai. Eta?

        —Bada, galdu egin nuela.

        —Nola! Itzuli egin hidan eta.

        —Beste bat itzuli ninan, oso antzekoa. Eta hamar urtetan aritu gaitun hura ordaintzen. Badakin ez zela erraza guretzat, ezer ez geneukala... Azkenean, ordea, amaitu dun, eta benetan pozik nagon.

        Forestier anderea gelditu egin zen.

        —Diamantezko iduna erosi dunala dion nirea ordezteko?

        —Bai. Ez haiz jabetu, ezta? Oso antzekoak zitunan.

        Eta irribarre egiten zuen, poz harro eta inozoz.

        Forestier andereak, zeharo hunkiturik, eskuak hartu zizkion.

        —O! Matilde gaixoa! Nirea gezurrezkoa huen, ordea. Gehienez ere bostehun libera balioko zitinan!...

 

Ipuin gogoangarriak
Askoren artean

Erein, 1997