Pongoren ametsa Izotz ondoko eguzkiari... ... Patrizia, Leire eta Enara-ri ARGUEDAS «Orain dela lau hilabete ehorzketa bat ikusi zen Perun: ataburuaren atzetik indio mordo harrigarri bat zihoan begiak bilduta, margotako artilezko txanoak buruetan, anitz aurpegien larrua gorriska ilun, "sierra"-ko txistu zaharrak han eta hemen jotzen ari; eta tarteka, poliziak ezin debekaturik, kantu erreboluziolariak ozenki lehertzen ari, ketxueraz eta españeraz. Jose Mari Arguedas txameguak, indioen defenditzaile sutsuak, bere burua hila zuen Azaroaren 26an tiro batez. Andeetako Andahuaylas-en jaioa, 58 urte zituen». (LARRESORO. Zeruko Argia, 1970) Arguedas-en historian perutar aunitzena biltzen da. Jose Maria Arguedas (1911-1969) xuri izanik ere, San Juan de Lucanako indioek hezi zuten, bederatzi urtera arte ketxuera besterik ez zekiela. Amaizunarekin bizi izandako urte haiek zituen gogoangarri izkiriatzen hasi orduko: «Una bien amada desventura hizo que mi niñez y parte de mi adolescencia transcurrieran entre los indios lucanas: ellos son la gente que más amo y comprendo». Hamalau urterekin eskolara eta handik hiru urtetara hiritartu zen, urte gutiren buruan irakasletu eta arrotz senditzen zuen munduan, eta mundutik, bizitzen hasi. Irakasle iadanik, 1962.erako, etnologia-ikastaroak eginak baitzituen, Doktor maila eskuratu zuen, hartaz geroztik ketxuera hizkuntza eta literatura irakatsiz Limako Unibersitatean. Anartean, gizon sentibera hunek ezagutua zuen Julio Gastiaburu beltza komunista eta baita, 1933ean, presondegia. Iraultzaren aldeko beste asmokideekin, presoki, bizi izandako urte hura da El Sexto liburuan deskribatzen diguna. Gaztaroko indar eta bizipen horiek komunismo aldera lerrarazi zuten, Jose Carlos Mariategui eta V.I.U. Leninen textuetan inguru eta gauzekiko halako egitura iraunkor bat aurkitzen zuela. Ikuspegi hok, halere, ez zituzten indioengandik jasotako adierazpen izkutu eta magikoak itzali. Geroxeago Scorza baitan bezala, aitzinako simboloak ikusten ditugu: ugaldeak eta kondoreen hegadak hala nola mendi gorenetako ahateak-Europako eltxo guziak hilik leudekeen altueretan, prezeskiago edota mendi-oihanetako kolore biziak, iduzkiaren sua xurgatzera doazen eulitxoriak azaltzen zaizkigun era berean. Arguedasen obran koloreak, musika, kantore eta dantzekin batera izaten baitira kultura mutu baten adierazpena, edo ketxuatargo akulturatu barne hartarik, españeraz egin zitekeen sakonena bederen. Apurimac-eko ketxueraren gozoa, joandako haurtzaro hartako mundua oraino bizirik, bera beste eta «besteen» munduan zela, herrixka komunitarien ilunargiak kostaldeko hiri xuri eta hirixka aberatsen aitzinean, mendi-goietako gizonak kostaldeko emakumeei kontrajarriaz, lehenek iduzkia lagun, andereak, berriz, ilargiari atxekiak... bermundu hau dugu, bada, Arguedas-ena. Bera entsegatu da aipatu bi munduen arteko jazargoak argiro plazaratzen, «Agua» izeneko istorioez, kasurako, zera dioela: «Allí no viven sino dos clases de gentes que representan dos mundos irreductibles, implacables y esencialmente distintos: el terrateniente convencido hasta la médula... de su superioridad humana sobre los indios; y los indios...» Bizimodu ketxuatar hori ezagutarazi nahi zuen kutsatua baitzen ketxuatarren mitu eta kantuetaz, San Migueleko urjauzi eta landareez [«Haiek mundua idurikatzen baitute gure ketxuera kantari dakigunondako»]. Hunkitua, baiki, aienatzen ari zen hizkuntza eta komunitateaz. Aienatze eta suntsitze horri oharturik, akitzen ari den mundua du bere eta joandako egunak ditugu Arguedas-en obran zutabe. «Agur egizue enegan Peru zenaren aldi bat» izkiriatu zuen bere biziaren hondar egunetan. Ketxuatarren munduak españeraz azaltzeak grina eta ezbai frango sortu zitzaion Arguedas-i saio bat egiteraino zituen deskontentamendu eta ezintasunak adiaraziz. Zertan mintzatuko dira indioak literaturan? Galdegile berak ematen digu arrapostua: «Con relación a este grave problema de nuestro destino he fundamentado en un ensayo mi voto a favor del castellano». Alferrikako galdera eta ihardespena, izan ere, Perun españerazko literatura besterik ez baitzen, irakurlego españeradunaz kanpokorik ez zen bezala. Bide hortan behin abiatua, zaileziak ez zaizkio faltako. Hoketariko bat, eta ez ttipiena, indioak ezagutzea. Arguedasek erran bezala: «Para quien aprendió a hablar en quechua, resulta imposible de pronto hacerlos hablar en castellano; en cambio quien no los conoce... puede concebirlos expresándose en castellano». Zer eginen? Arguedas-ek hizkera berezi bat asmatu zien bere ketxuetar abantzu monoglotei. Bere hitzetan: «Yo resolví el problema creándoles un lenguaje castellano especial... ¡Pero los indios no hablan ese castellano ni con los de lengua española, ni mucho menos entre ellos! Es una ficción. Los indios hablan en quechua. Toda la sierra del sur y del centro, con excepción de algunas ciudades, es de habla quechua total... Es, pues, falso y horrendo presentar a los indios hablando en el castellano de los sirvientes quechuas aclimatados en la capital». Kestionea, beraz, hauxe zen: Zein gaztelera-moeta mintzarari gaztelera moeta guziak ezagutzen ez zituztenei. Aracil-ek klarki dioenez, «Conclusio paradoxal: la pretensio de fer "novela realista" exigía "un acto de creación absoluta"». Indioen egiazko bizipenak españeraz. Horra Arguedas-en parioa! Idazkeraren bila aritzen zela, inguru eta bere baitako mugei ohartzen zitzaien «Se trata de no perder el alma, de no transformarse por entero en esta larga y lenta empresa». Muga haiei egokitu nahiean landu zuen bere obra; fede haundirik gabe, ene idurikoz, Literaturak lezakeen indar eta eraginaz, Arguedas-ek aterabide bakar bat aldarrikatzen baitu ketxuatarrentzako: «Pero los dos mundos en que están divididos estos dos países (...) se fusionarán o separarán definitivamente: el quechua y el castellano. Entretanto, la vía crucis heroica del artista bilingüe subsistirá». Bizkitarteko literatur via-crucis-ak, ordea, ez zezakeen ja ere salba. Herriaren ahotik, ahozko tradizio bizitik biltzen zuen urrea area bilakatzen baitzitzaion, komunitate ketxuarrak norgabetzen ari ziren abiada berean. Derasagun, bestalde, ketxuatar lurraldeez, ketxueraren espazioez dioguna, denboraz ere erran genezakeela: inkatarren ondorengo haiek zuten Kosmogonia eta Jainkoekiko zubia XVI. mendetik hasia baitzen herdoiltzen, Kolonizazioak ekarritako Zeru-Ifernu eta bizimolde berrien ondorioz. Historiatik ohildu zituzten horietaz, eta alde, jokatu zuen Arguedas-ek bere literaturgintzan, bainan xurientzat izkiriatuz eta hauen hizkuntzan, ustez eta Inperialismoak zabaldu eta finkatuetako modeloetan ez bide zegoela bestela egiterik. Literatura moderno horren gabeziak, indiotarrentzako, ketxueraz eta indioek egina, markatzen du Arguedas idazlariaren bizia eta, gabeziek kolonizatua definitzen duten ber, adiarazten bere kontzientzia urratua. Eduardo Galeanok, noizbait, aipatu bezala: «Garaileen hizkuntza beretu zuen eta hartan elekatu eta idatzi. Inoiz ez zuen garaituez izkiriatu, garaitu-baitatik baizik, haien boza adierazteraino. Obratze hura, berriz, madarikazione bilakatu zitzaion; bere zuen guzia trahizio eta hutsegitetzat jotzen baitzuen. Alferrikako urradura. Ezin indio izan, ezta xuri izan nahi ere, ezin zitzakeen arbuioa eta arbuiatua izaera eta aldi berean eraman.» «Belatz eta apoen herriaz» zapuztua eta, aldi berean, maitemindua, amildegira bidean zen 1966tik, publikatu izan diren bere egunkari orri bakan batzuri esker Seconal pilulak edota errebolberra erosteko izan zituen difikultateak ezagutzen ditugula. Baita ere azken urteotako mixeriak, esperantzak eta buruhiltze-saioak, besteren artean urkalekuen xerkak Obrajillo eta San Miguel-en edo Vietnam-i buruzko gogoetak zein Cubako egonaldiaz duen oroimena. Gazte zenetik bizkarreratuak zituen bere bi nazio muturtuak eta baitaratuak bere beltzaldiak. 1944eko maiatzetik eta bost urtez eritasunaren kontra ihardoki zen. Hogoi urte berantago hola idazten zuen: «El encuentro con una zamba gorda, joven, prostituta, me devolvió eso que los médicos llaman "tono de vida"». Harrezkero, halere, hein batera herbaildurik senditu zen, irakurtzeko ahalmena abantzu galdua, etsipenak uholdeka erortzen zitzaizkiola. Gorago erran bezala Arguedas-ek mende hunen hasmentako komunitate ketxuar baten lekukotasuna utzi zigun. Garapen indarrek zein modernizazio prozesoek arront itxuraldatu zituzten bai orduko egoera, baita ere idazlariaren oroituriak. Haurtzaroko bizipenak akitzen zitzaizkiola eta haiekin bat idazteko gogoa, barneak errea, urrun-urrunean ikusten zituen Hego Ameriketako idazlarien sona eta jarrerak. Julio Cortazar-ek New-York-eko Life agerkarian bere eritziak plazara zitzakeenean, kultura nazionalen kontra eta goitik, Arguedas inoiz baino indioago senditzen zen, idazle transnazional eta profesionalen kontra eta Europan goraipatzen zuten hegoamerikar idazlarietarik urrun; Indiotasunean, munduikuskera ezezik, halako sentikera bat izan baitzuen. Jose Maria Arguedas-ek, aipatu idazlari gehienek ez bezala, indioak sujetu eta ez ikergai, indioak berdinkide eta ez bitxikeria edota literaturgai ikusten zituen nahiz-eta menperatze politikoak, zanpaldi ekonomikoak eta erdeinu sozialak, ketxuatargoa, nazio zokoratu bilakatu «Se había convertido en una nación acorralada, aislada por ser mejor y más fácilmente administrada y sobre la cual sólo los acorraladores hablaban mirándola a distancia y con repugnancia o curiosidad». Horren maite izan zuen gizataldeari españeraz eman zion boza, ordea, liburu huntan diren ketxuerazko istorioetan salbu, jakinkizun dugula zein heinetaraino askietsi zen bere joeraz edo inoiz laketetsi zen urrun baten egindako asmoetaz. Galdera hok Mikel Lasak egin zituen aspaldi; orduko lerroak bekizkigu argigarri aitzinsolas hau azkentzean: «Ez ote zuen izkiriatzen zuen hain zuzen ere, bere burua hil Peruko bi kulturen borroka bere baitan ezin menperaturik? Nondik zetorkion azken urteetan somatzen zuen antzutasuna, ezina, ezin-egona? Galdera tragikoa Arguedasentzat eta, baita ere, gure moduan aurkako kultura biren artean gaudenontzat...» Jose Maria Larrea Pongoren ametsa |