|
Uraren bezpera SARRERA GISA 1938 urtea da eta Lisboako Biblioteka Nazionalean gaude; 15 urteko mutiko bat, zintzotasun txundigarriez bere adinarako, kopiatuz doa eskolako koadernoan apaletako aldizkariek han hemenka dituzten Fernando Pessoaren poemak. Lau urte beranduago, mutil hark bere lehen poema sorta ematen du argitara: izenburu «Adolescente»-a du, sinadura Eugénio de Andraderena da eta Fernando Pessoari dago eskainia. Mutil gaztearen bere lehen lana izan arren ordurako badaki nondik jo, eta poeta huraxe izango du erreferentzia nahitaezkoa dagoeneko hemeretzi urte dituen eta poesiagintzan norbait izateko grina duen mutilak. «Rosto Precário» liburuan egin zuen aitorpen laburra bezain tolesgean bere deliberoaren zergatia ematen du. Honela dio: «Eskaintza Pessoarentzat zen, nahiz eta ordurako konturatuta nengoen neure ahots propioa edukiko banuen, ezinbestez Pessoari bizkar ematea egin behar nuela». Beraz Andrade poetak bere lehen poema sorta kaleratzean, bi gauza batera egin zituen: Pessoarekiko mirespena adierazi eta aldi berean bazter utzi. Beste datu jakingarriak Eugénio de Andraderen poetikara hurbiltzeko izango lirateke: Alemtejo-ko Beira Baxan jaioa izatea, non berroren hitzez baliatuz ugari bakarrik ura eta eguzkia eta bere amaren maitasun saiatua izan zituen. Maitasun babesle hau nolakoa izan zen antzeman daiteke «Os Amantes sem dinheiro» (1949) liburuan, zeinetan, zoritxarreko gertatu zitzaion amaren amodioa dela eta, barne arintze moduan eta bidenabar zilborreste etendura sinboliko gisan, poema gazigeza egiten baition. Poeta honen berezitasunen bat aipatzezkotan naturen elemenduekiko lilura azpimarra liteke. Natura sotila karearen zurian zeru urdinarekin lehian; natura harroa lur hartan erruz ematen diren kardanberen tinkotasunean; natura bera biluzik gorputzarekin harreman etengabean... Gorputza baita Andraderen poetikan naturaz gainera, bakarrizketa elkarrizketa suerta dadin, boskarren elemendua. Eugénio Andraderen poesiak gorputzaz egin du bere amanuense, beregan aurkitu baitu Pessoaren arima gorputz gabeari aurre egiteko zioa. Hona hemen bi lerrotan bere teoria: «Gugandik hegaldatzen duen orok, oso goraino heldu arren, gorputza du iturburu ta abiapuntuaren oroitzapena ez du inoiz ahazten». Beraz, Andraderentzat psyché-a, gure baitan ildo haria bezain finetan barrena dabilkigun tximeleta hori, gorputzean du abiagune eta orobat pausaleku. Esandakoaren adierazle gisa eskuetan duzu «Uraren bezpera» poema liburua, amodio baten edo emozio baten oroitzapenak eragindako kronika moduan. Maite Gonzalez Esnal Ohier eta Haritz-i Uraren bezpera |