Zaborra
Daniel Zimmermann

1996
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

     Goizeko zortzietan erraz aparkatzen da Askatasunaren karrikan, Saint-Denis-en. Pierre Le Gall-ek lerrokatu egin du bere autoa. Nahiago du hemen estazionatu lupeko parkinean baino, honetan uzteko eskubidea baitauka, inoiz Vincennes izandako Paris-VIII unibertsitateko irakasle titular gisa. Ikasleek ez dute haizu hor sartzea, eta Pierre Le Gallendako printzipio kontua da, beti da desadostasun garratzean mandarinei ematen zaizkien pribilegioekin, bera ere halako bat bilakatu den arren urteen poderioz.

     Kontaktua eten aitzin, France Musiqueko berriak entzun ditu. Orrialde nagusia hartzen jarraitzen du zapi islamikoak. Pierre Le Gallek burua inarrosi du, ekaitza edalontzian, Saint-Nicolas-du-Chardonneret-eko fatxo txipien integrismo katolikoa bezain bazterrekoa da Frantzian integrismo musulmana. Hiru neskatok burua estali eta horra Hezkuntza Nazionala asaldatua. Unibertsitate honetan bederen tolerantzia hirurogeita zortzitarraren oroitzapen batzuk gorde dira eta bakoitza nahi duen gisan panpina liteke, arazorik ez, bere master mintegitik hasi, han harmoniatsu dira bizikide aurpegia besterik ikusten ez zaion Leila, eskuak ere bai, eta beti azken modaren arabera janzten den Nicha. Itzali egin du irratia.

     Nerabeak zalukara doaz lanbide heziketa instituturantz. Horietarik anitz isolaturik doaz, beren walkmanaren konpainia hutsarekin. Aitzitik, beurrak, jatorri magrebtarreko gaztetxoak, neskak zein mutilak, talde animatutan solasten dira maizenik, alegia, zalapartaka. Pierre Le Gallek plazerez behatzen die, jendarte mediterraneotarrak eredu behar lukete zuztar frantseseko gazteek, kontsumo gizartearen fruitu goibelok.

     Fakean sartu da. Oren honetan inor ez hallean, garbitzaile beltz edo magrebtarrak izan ezik. Zaindariek, ordea, tipologia europarra dute denek. Zaldi lasterketako parioak ari dira prestatzen beren leihatilaren ostean. Agur egiten die Pierre Le Gallek, txartela luzatu die.

     —C. 423, mesedez.

     Zaindarietarik bat altxa egin da, gelako gakoa deseskegi, eman dio txartelaren truke, itzuli egin da berriro hipika orrialdeetara. Barre egitekotan egon da Pierre Le Gall.

     —Ikus artio, eta ukan kuraia, jaunak!

     —Eskerrik asko, baita zuk ere.

     Ironiari soraio, zenbat irabaz lezakete halako lan akigarriagatik?, gauza handirik ez noski, baina garbiketaren arduradunek baino gehiago. Igogailua eskatu du Pierre Le Gallek. Barnean, afixa txipi batek gomita egiten du gau artistiko magrebtar batera El-Nadjah taldearekin, jarduera ugaritasun hau ezin egokiagoa da beren irudirako, Pierre Le Gallek ez du hauxe aipatu gabe utziko bere mintegiko ikasleei. Laugarrenean estopatu da igogailua. Mehdi irakasleen gelara ematen duen karrajoa garbitzen ari da.

     —Egunon, Mehdi.

     —Egunon, jauna.

     —Aizak, Mehdi, noiz hasiko haiz niri hika egiten eta izenaz tratatzen? Hara, ongi, gaur hautsetik babesteko mozorroa ipini duk.

     —Bai, baina ito egiten nau. Kafeen bila noa, jauna.

     Erratza utzi, mozorroa kendu eta makinara hurbildu da Mehdi. Asteroko erritoa, garbitzaileak kafeak eskaintzen ditu, irakasleak kruasanak ekartzen ditu Poilâne-renetik, sobera garestiko preziotan garbitzaile batendako.

     Bere kutxatila ireki du Pierre Le Gallek. Berarekin tesirako izena eman bi ikasle afrikarren gutunak, beste bat Mostagabengo Unibertsitateko solaskidearena, "Intelligentsia eta sindikalgintza Magreben" mahai-ingururako gomita bat.

     —Eskerrik anitz, Mehdi! Oraino ez haiz sindikatu, ezta?

     —Ez, Pierre... jauna.

     —Hire afera duk, baina...

     —Ez daukat astirik, jauna. Lankidea gaixotu egin da eta psikoanalisikoa eta hezkuntza zientzietako departamendua egin behar ditut.

     Begiak zabalen zabal behatu dio Pierre Le Gallek garbiketako langileen greba kontatu dionean. Unibertsitateak egoitza Vincenneseko basoan zeukaneko kontua. Hilabeteko borroka, aretoen okupazioak. Zaborrak meta handitan karrajoetan, arratoiek bonbazia zeukaten, Ezker Proletarioak sustengatzen zuen greba. Pierre Le Gall elkartasun batzordeko partaidea zen, zakarrontzi beteak bahitzen zituzten Parisen unibertsitateko lehendakari estalindarraren bulego aitzinean husteko, garai hartan langile klasearen kontzientzia goraka ari zen.

     —Ongi, banoa, jauna. Eta mila esker kruasanengatik berriz ere, hain onak dira!

     —Eskerrik anitz hiri kafeagatik.

     C. 423 aretoa zabaldu du Pierre Le Gallek. Aulki baten gainean pausatu du eskolazakua, Kleenex pakete bat atera du, pasatu du zapia bere mahaian, zikin ilundu da papera. Pierre Le Gallek saskira jaurti du hasperen eginik, Mehdi jator honek hautsa lekuz aldatu besterik ez du egiten.

     —Egunon, irakasle jauna.

     —Kaixo, Leila. Prestatu dun hire ahozko aurkezpena?

     —Gauaren erdia hauxe prestatzen eman dut, baina urduri nago hala ere.

     —Ongi joanen dun dena, ikusiko dun. Eta hire lagunek, edo nik neuk, kritikarik egiten badinagu, hire lana hobetzeko dun, ez hondatzeko.

     —Eskertzen dizut, irakasle jauna.

     Bera da horrelako titulu hanpurusa ematen dion bakarra gelan. Gehienek zuka egiten diote, izena esan gabe. Gutik egiten diote hika, berak eskatu bezala, 68ko Maiatzaren izenean. Azken multzo honetakoa da Aicha. Ikusgarria da aretoan egiten duen sarrera, minigona, orpo jaso, kamiseta atxikorra, egoki panpinatu aurpegia distiran. Oro irri, Pierre Le Gallengana hurbildu da.

     —Kaixo, Pierre. Irakurri duk nire zera?

     —Egunon, Aicha. Bai, irakurri dinat hire txosten zirriborroa. Egia esan, ohar batzuk egin zizkionat. Lan handia egin behar dun oraindik hire ikerlanaren helburua argi definitzeko.

     Ez liteke gutiago esan. Pierre Le Gallek aitzinetik daki zein izanen den emaitza, ardatzik gabeko txosten horietarik bat, eskaskerian nabarmen eta gainetik kentze alde uzten dena aurkezten. Bai, baina hain da ederra Aicha. Ezin utzi egitekoa begi onez zehaztu gabe. Saiatzen da ez nabarmentzen hala ere, zernahi itxuratakoak izan ikasle guztiek baitaukate bere estimu berdinzalearen eskubidea. Horrek ez du eragozten ordea, bere baitan, zorrotz, arrazista nardagarritzat edukitzea bere burua, motarik gaiztoenekoa gainera, gizakiak irizpide estetikoen arabera sailkatzen dituztenekoa, alde batetik ederrak, bestetik arruntak, arrazarik eta erlijiorik bereizi gabe.

     —Ongi, bederatziak dira, hasi eginen gara. Leila, hik daukan hitza.

     Ohi bezala, Nicha dauka aldamenean. Pierre Le Gall miretsia da bien arteko kontrasteaz. Lotutasunik gabeko ikaslea, bere xarmaren jakilea. Eta usadioen azpiko neska, orkatilarainoko jantzietan, ileak zapi ospetsuak estalirik. Ahotsa sendotu egiten zaio metodologia deskribatzen hasten delarik, aurpegi bizia baretu egiten zaio, Aicharenak bezain bikainak ote ditu aztalak? Pierre Le Gallek belztu egin du kopeta, mintzaldia gaizki jarraitzez. Behako orokor batean egiaztatu du koadroan jesarri ikasleen arreta. Bertaratuak zenbatzeko lanik ez, Mecherik eta Sinaceurrek baimena dute oraino ez etortzeko. Bere gontzetarik ateratzen hasiak zaizkio bi horiek, mintegiko magrebtar bakarrak direnez behako batekin atzematen dituen hutsegiteekin. Horrela jarraitzen badute irailera atzeratuko dizkie master aurkezpenak. Gainontzean, Leila ez da batere gaizki moldatu, egia da Pierre Le Gallek urrezko gai batera bideratu duela: haur etorkinen eskola porrota unibertsitate ondoko ZEPean.

     —Sakonago azaldu behar dunan problematikaz landa, osotasunak badin funtsik, Leila. Eta alorreko lana zuhurtziaz eta fintasunez burutu dunala gaineratuko niken.

     —Eta bibliografiaz, irakasle jauna?

     —Etor hadi heldu den astean, mintegiaren amaieran. Orain alde egin behar dinat, zuzeneko irrati emanaldi bat zaukanat France-Culturen.

     Igogailuak solairuetan blokeatua egon behar du. Pierre Le Gall oinez jaitsi da, bere txartela hartu du gakoaren truke, halla iragan du, Liberté karrikara jalgi da, bi beur gaztek ihesari eman diote hurbiltzen ikusita. Batak nuntxaku bat dauka eskuan, besteak autoirratia. Amorruak ito beharrez, Pierre Le Gall aitzineko atearen leihatila xehatuari beha gelditu da. Zaborra besterik ez, hezurbaltz horiek!

 

                                                                        Nouvelles du racisme ordinaire

                                                                                                          1996

 

Zaborra
Daniel Zimmermann

1996
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013