ESAN GABE ESATEN DENA
(Emakume hori irakurri ostean
irakurtzeko hitzaurrea)

Iņigo Aranbarri

armiarma.eus, 2014

 

      1955eko azaroaren 23 gauean, eta Pedro Eugenio Aramburu El Vasco presidentearen aginduz, Carlos Eugenio Moori Konig koronela buru zuen komando batek Eva Duarteren hilotza bahitu zuen Buenos Airesen. Peron presidente ohiaren emaztea bi urte lehenago hila zen, eta ordutik enbaltsamaturik zetzan kristalezko kutxa baten barruan CGT sindikatuko egoitzan.

      Ordu ezkero, Eva Duarteren gorpu bahitua batetik bestera ibili zen kasik 16 urtez, kamioi militar batean aurrena, lore-denda bateko furgonetan gero, operatiboan izan zen Eduardo Antonio Arandia maiorraren etxeko ganbaran, Moori Konig koronelaren bulegoan, Maria Maggi de Magistris izenez ehortzia Milango Musocco hilerriko panteoi batean... azkenean Madrilgo erbestean bizi zen Juan Domingo Peron senarrari itzuli zitzaion arte 1971ko irailean.

      Inondik ere, ekintza hark arrazoi sinbolikoa zuen. Eva Duartek, Evita-k, bizirik izan zuen indarra segitzen zuen izaten hil eta gero ere, edo uste horretan zegoen Junta Militarra behintzat. Eta honek ez zuen inguruan gobernuaren kontrako indarrak batuko zituen Santa Evita-rik nahi. Desagertuta egon zen urteetan, Duarteren momiaren itzalak Argentinako politika baldintzatzea lortu zuen hala ere. Montoneros erakunde peronista armatuaren aurreneko ekintza Aramburu jenerala bahitzea izan zen. Bera zen 1955eko kolpe militarraren buru, bere ardurapean fusilatu ziren zibilak José León Suárezeko zabortegian (gerora Rodolfo Walsh-ek maisukiro Operación Masacre-n (1957) harilkatuko duen ekintza) eta berea izan zen Duarte CGTtik eramateko agindua. Aramburu zuloan gatibu izan zuen Mario Firmenich-i sinestera, bahituak egin zuen ahaleginik bere askatasuna Eva Duarteren gorpuaren truke askatzeko, “baina guk hura ez zela negoziazio bat, epaiketa zela esaten genion, eta zigorra argi genuela”. Tiroz hil eta hilabete eta erdira aurkitu zen El Vascoren gorpua, Timote-ko hobi batean.

      Urte batzuk geroago, etengabeko kiribil nekrofiloan katigatuta, berriz bahitu zuen Montonerosek Aramburu, hilkutxa barruan oraingoan. Buenos Airesko kaleak eskaera pintadaz agertu ziren: ARAMBURU X EVITA. Duarteren momia Ezeizako aireportura iritsi baino ordu batzuk lehenago, Ford Ranchera zuri bat utzi zuten gerrillariek Buenos Airesko Salguero kalean, Las Heras etorbidetik bertan. Barruan, diktadorearen hilotza zegoen. Tokia ez zen nolanahi aukeratu: Las Herasen hil zen fusilatua, Aramburuk aginduta, Juan Jose Valle jenerala.

      Testuinguru horretan irakurrita beste neurri bat hartzen du bestela ere pultsio narratibo izugarria duen Rodolfo Walshen Emakume hori ipuinak. Ez da Eva Duarteren heriotza, mitifikazioa eta ondorengo nekromaniaren gaia darabilen aurrenekoa Walsh. Juan Carlos Onettik Bera eman zuen argitara 1955ean, Jorge Luis Borgesek Simulakroa 1960an, Emakume hila 1965ean David Viñasek... Buenos Airesen kaleratua Walshena 1967an, ez dio neke handirik eskatzen argentinar irakurleari elipsiz eta erdi gordean ematen diren erreferentziaz jositako narrazioko hutsuneak betetzea (Iraultza Askatzailea deiturikoak 4165 legearen bidez debekatua zuen Peron eta honen emaztea izenez ere aipatzea, hortik esan gabe esaten denaren erabilera arestiko obra guztietan). Walshek berak aitortzen du hitzaurrean: “Emakume hori ipuina,  dudarik gabe, Argentinan guztiek gogoratzen duten gertaera historiko bati buruzkoa da. Agertzen den elkarrizketa, funtsean, benetakoa da”.

      Eta hala, izen berezirik gabeko kontaketa isiltasunez josi honetan, ez da zaila Walshen beraren alter-egoa ikustea gorpuaren bila ari den kazetariarengan; eta alkoholizatua, obsesionatua, burua galdua, Evitaren momiaren izuak gogortuta agertzen zaigun koronelaren atzean ezin du beste batek egon Moori Konigek baino; narratzaileak berak dio: “Koronelak alemana du abizena”, bahiketa operatiboaren buru eta gehiegi hitz egiteagatik Aramburuk berak kargutik kendu eta Comodoro Rivadaviako kasernara zigortu zuena. Emakume hori, esan gabe doa, Eva Duarte da, ezinbestean isileko, obsesio, absentzia presente bihurtua. Eta Zaharra, berriz, haren senar Juan Domingo Peron, Walsh Emakume hori idazten hasten denean heldu berri dena Madrilera.

      Tutankamonen eta Lord Carnarvon-en aipua ere, ez da doanekoa. Madarikazioa egon zela baitzirudien bahiketan parte hartu zutenen kontra. Hortik keinua. Ipuinean emaztea “lapur batekin nahastuta istripuz” hiltzen duen X maiorra Eduardo Arandia da. Evitaren gorpua ganbaran zuela, gau batean etxean hotsak entzun, jaiki, eta ilunpetan tiro eginda bi hilabeteko haurdun zegoen emaztea hil zuen Arandiak, Elvira Herrero. Besteari, auto istripua izan zuen N kapitainari izen eta abizenak jartzerik ere, badago. Milton Galarza artilleriako kapitainak Duarteren gorpua zeramala irauli zen autoa. Galarza, aurpegia txikituta, bizirik atera zen. Berarekin zihoazen bi soldadu hil egin ziren. Moori Konigen arrastoa Comodoro Rivadaviatik igarota, haluzinazio artean, delirium tremens baten begian galtzen da, auskalo zer zulotan, auskalo non.

      Hildakoaren azal biluzia koronela sumindu arte eskuztatzen duen “espainiar zikina” erreferentzia ezagunagoa da agian. Eva Duarteren hilotza momifikatzeko kontratatu zutenerako, Pedro Ara aragoiarra bazen nor anatomia arloan. Izen handia zuen parafinaren teknikaren bitartez lortutako emaitzei esker, tartean Manuel de Falla konpositorearekin egindakoagatik.

      Azken azalpen argigarri bat: hondar partean, koronela alkoholak eta eromenak eragindako eldarnio betean ageri zaigula (dikotomia ezin ageriagoz agertu ere: Evita birjina da, eta era berean “beste horiek bere lekuan zituen” heroi adoretsua), Duarteren gorpua zutik lurperatu zuela aitortzen dio kazetariari: “Facundo bezala”. Facundo hori Facundo Quiroga da, Los Llanosko tigrea, XIX. mendeko La Rioja eskualdeko buruzagi militar bat, kemen ikaragarrikoa, kronikek esatera; eta berak hala eskatuta zutik ehortzi zutena Recoletako hilerrian, “Goikoaren aurrean gizon agertzeko”. Domingo Faustino Sarmientok generoa sortuko duen biografia bat eskainiko dio, basamortu gorrian zaildu, eta borrokaren bidez tirania nola mamitzen den erakusteko asmoa duena. Zalantza izpirik gabe, Juan Manuel Rosas jenerala zuen buruan Sarmientok. Ez zen bakarra izan Quirogaren irudia hartzen. Jorge Luis Borgesek badu poema bat Facundoz, El general Quiroga va en coche al muere (1925): “Hilik, zutik, hilezkor, mamu/han agertu zen Jainkoak markatua zion infernura/eta haren aginduetara zihoazen hautsi eta odol hustuta/gizonen eta zaldien arima penatuak”.  

      Emakume hori azken lerroarekin batera bukatzen da. Koronelaren obsesio itsuak zarratzen du etxeko atea eta harekin batera gure irakurketa. Amatatu dira ring-eko argiak, amaitu da konbate dialektikoa eta film baten moduan aurkeztu zaizkigun bi gizonen arteko tentsioa. Historiak jarraitu egin zuen, baina. Rodolfo Walsh 1977ko martxoaren 24an desagertu zen. “Gutun irekia idazle batek Junta Militarrari” prentsarako eskutitzaren kopiak postan utzi ostean, eguerdi eguzkitsu batean Constitución tren geltoki inguruan oinez zihoala, Astiz kapitaina buru zuen taldea idazlea atxilotzen saiatu zen. Walshek pistola atera eta tiro egin zuen. Zaurituta sartu zuten autoan milicoek. Bizirik ateratzea lortu zuten atxilotu batzuek idazlearen gorpua ESMAn ikusi zutela deklaratu zuten. Ez zen gehiago agertu. Kazetaritzan zein fikzioan, XX. mendeko bigarren parteko Argentina ulertzeko ezinbesteko obra utzi zuen Rodolfo Walshek.

      Eva Duarteren gorpuaren gorabeherek, bestalde, izan dute jarraipenik literaturan. Walshek egin bezala, Moori Konigen kargugabetzearen ondoren Duarteren gorpuaren ardura isil-gordean izan zuen Hector Eduardo Cabanillas koronelarekin biltzea lortu zuen hiru egunez Tomas Eloy Martinezek. Elkarrizketa haien eta idazlearen talentoaren emaitza da Santa Evita (1997), beharbada azken urteetako argentinar eleberririk ezagunena.

 

ESAN GABE ESATEN DENA
(Emakume hori irakurri ostean
irakurtzeko hitzaurrea)

Iņigo Aranbarri

armiarma.eus, 2014