Mervyn Wall
sarrera laburra

 

        Mervyn Wall Dublinen jaio zen 1908an eta 1997an hil zen. Bere familia diruduna zen eta Dublingo jesuitekin ikasi zuen, bai eta Bonn hirian ere (garai hartan Mendebaldeko Alemaniako hiriburua zena). Istorio laburrak eta antzerki-lanak idatzi zituen eta Irlandako Irratian kolaborazioak egin zituen. Hamalau urte goibel funtzio publikoan igaro ondoren, Sean O'Faolain idazleak Irlandako Arteen Batzordeko idazkari izateko deitu zion. Han, besteak beste, Irlandako errepublikan bizi ziren artisten lanentzat zerga-salbuespenak sortzeko ahalegina egin zuen.

        Fantasia humoristikoko eleberri bi idatzi zituen, The Unfortunate Fursey eta The Return of Fursey, Erdi Aroko monje totel bati buruzkoak. Liburu horietan Irlandako literatur tradizio handi eta garrantzitsu bi uztartu zituen: tradizio komikoa eta tradizio fantastikoa. Oso kritika onak izan arren, James Joyce eta Samuel Becketten itzal handiak estali zituen bere lanak, 1940ko eta 50eko hamarkadako idazle irlandar askori gertatu zitzaien moduan.

        Ipuin honen izenburua, “They also serve…”, John Milton XVII. mendeko poeta inglesaren olerki bateko lerro bat da. Milton itsurik geratu zenean “On His Blindness” edo “Haren itsutasuna” poema idatzi zuen. Bertan, kristau fedean oinarrituta, minusbaliotasun fisikoa onartzeko argudioa aurkezten da. Hizlaria Jaungoikoaren lana ezin duelako bete kexatzen da, itsua baita, baina Pazientziak erantzuten dio Jaungoikoak nahiago duela berak eskatutakoa arrangurarik gabe betetzea. Azken lerroak dio, “zutik eta zain daudenek ere zerbitzua ematen dute”. Wallek lerro ezagun hori hartu eta ironiaz jantzi zuen, ipuinaren edukia jatorrizko esanahitik aldendu eta estatuko administrazioari buruzko adar-jotze txiki bat baita.

        Ekintza Dublinen kokatzen da, 1922an. Irlanda Erresuma Batutik banatu berri da. Carmody jauna tarteko adineko gizon xumea da, lan baten bila dabilena. Dublingo Gaztelura joan da Watkins jaunarekin hitz egitera, baina heldu denean kaosa aurkitu du. Bizitzaren gorabehera batek eta burokraziaren lardaxkeriak Carmody jaunaren bizimodua aldatuko dute.

 

Mervyn Wall
sarrera laburra