KRISANTEMOAK
John Steinbeck

The Chrysanthemums
Harper's Magazine, 1937
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2018

 

      Neguko laino gris eta itxi batek banatzen zuen Salinasko harana zerutik, eta mundutik. Lanbro sendoaren ertzak mendi-gailurretan ixten ziren, harana lapiko itxi bat bihurtuz. Sakonean, lurra ordeka zen tokian, goldeek ildoak irekitzen zituzten lur aberats gorria agerian utziz. Mendi mazeletan, Salinas ibaiaren beste aldean, galburu sail horiak egunsenti argi laru batek jotzen zituela zirudien, baina egunsentirik ez zen haranean abenduan. Ibai ertzean elkarren gainka hazten ziren sahats eta zurzuriek zuzi erraldoiak ematen zuten, haien hosto hori eta nabarrek garra irudikatuz.

      Ordu lasaia zen, itxaroteko ordua. Airea hotz zetorren eta leun. Hego-ekialdeko haize fina zegoen, eta beraz nekazariak berehalako euriaren itxaropentsu zeuden; baina lainoa eta euria ez dira sekula elkarrekin ibiltzen.

      Henry Allenen arrantxoan, mendiaren oinetan, mendi eta ibaiaren artean, zeregin gutxi zegoen, belar guztia moztua baitzuten eta lurra goldatua ekar zezakeen euriaren zain. Ezpondetan gora zebiltzan aziendek itxura lehor eta ihartua zeukaten.

      Elisa Allenek, lorategian lanean, jardinaren beste aldera begiratu eta Henry senarra ikusi zuen saltzaile janzkeran zeuden bi gizonekin hizketan. Hirurak zutik zeuden, traktorearen etxolaren aldamenean, zango bana hirurek Fordson txikiaren gainean, zigarroa erretzen, traktoreari begiratzen ziotelarik berriketan.

      Pixka batean begiztatu, eta bere lanera itzuli zen Elisa. Hogeita hamabost urtekoa zen. Aurpegi mehe eta energikoa zuen, eta begi argiak, gardenak ura bezain. Lorezain jantzitan astun eta sendo ikusten zen, begietaraino sartutako kapela maskulino batez, zapata sendoak, eta panazko aurreko-mantal handi batekin, zeinaren lau patriketan inausteko guraizeak gordetzen zituen, pala, arrastelua, haziak eta lanean ari zen aiztoa. Narruzko eskularruez babesten zituen eskuak.

      Aurreko urteko krisantemoei zuztarra ebakitzen ari zen guraize txiki eta sendo batzuekin, tarteka traktore alboko hiru gizonei begirada botatzen ziela. Aurpegi grinatsu, heldu eta dotorea zuen, eta guraizeak ere indarrez eta grinaz zerabiltzan. Krisantemoen zuztarrak txiki eta babesgabe ikusten ziren haren energiaren menpean.

      Ile-xerlo bihurri bat kendu zuen begien aurretik eskularruaren atzealdeaz, masaila lurrez zikinduz. Leihoen garaiera zuten geranio gorriz inguratutako etxetxo zuria zeukan atzean. Eraikin txiki eta aratza zen, leihoak distirant. Ate aurrean kalamuzko zerria zeukan, sartu aurretik oinetakoak garbitzeko.

      Atzera etxolarantz kirik egin zuen Elisak. Kanpotarrak haien Ford coupé-an igotzen ari ziren. Eskularru bat erantzi eta hatzak sartu zituen zuztar zaharren artean haziak ziren krisantemo kimu berde berrien artera. Hosto eta petaloak apartatuz, zuztar berriak miatu zituen zorrotz. Ez zen han har, zomorro edo kakalardorik.

      Senarraren ahotsak ikaratu egin zuen. Zaratarik egin gabe hurbildua zitzaion, eta lorategia abelburu, zakur eta hegaztiengandik babesteko txarrantxa-hesian bermatua zegoen

      — Aurten ere bai! —esan zuen—. Uzta oparoa datorkizu.

      Agondu eta erantzitako eskularrua atzera jantzi zuen Elisak.

      — Indartsu datoz aurten, bai.

      Harrotasun puntu bat zuen hala aurpegian nola tonuan.

      — Trebea zara —esan zuen Henryk—. Iazko krisantemo hori batzuek arra beteko lodiera zuten. Nahiko nuke ortuan jardungo bazenu eta halako sagarrak atera.

      Begiek distira egin zioten.     

      — Egin nezake, bai. Egia da trebea naizela. Ama ere bazen. Edozer landatu, eta hazi egingo zen. Esaten zuen lorezain-eskuak behar zirela, gauzak bakarrik egiten dakitenak.

      — Bistan da loreekin hala dela — esan zuen hark.

      — Henry, nortzuk ziren hizketan ari zinen horiek?

      — Zera, bai, horixe esatera nentorren. Mendebaldeko Okela Konpainiakoak ziren. Hiru urteko idiak, hogeita hamarrak saldu dizkiet. Prezio onean, gainera.

      — Ondo — berak arrapostu—. Ondo zuretzat.

      — Eta pentsatu dut —jarraitu zuen hark— , larunbat arratsaldea izanik, Salinaseraino joan gaitezkeela biok eta jatetxe batean afaldu eta gero zinemara, ospatzera.

      — Ondo —errepikatu zuen berak—. O, bai! Oso ondo.

      Txantxatik jo zuen Henryk.

      — Borrokak daude gaur gauean. Nahiko zenuke haiek ikustera joan?

      — O, ez! —esan zion segituan—. Ez, ez ditut borrokak maite.

      — Broma zen, Elisa. Zinemara joango gara. Ikustagun. Ordu biak dira. Scotty jaso eta idiok menditik jaitsiko ditugu. Pare bat orduko lana. Bostetan egon gaitezke hirian eta Comino hotelean afaldu. Zer iruditzen zaizu?

      — Primerakoa. Gustatzen zait etxetik kanpo jatea.

      — Erabakita, hortaz. Bi zaldiren bila noa.

      Berak erantzun:

      — Bitarte horretan kimu batzuk aldatzeko astia emango didala uste dut.

      Bere senarra Scottyri deika entzun zuen, etxola aldamenean. Eta segidan biak ikusi zituen zaldiz malda horixkan gora, idien bila.

      Hondar-sail koxkor bat zeukan krisantemoak landatzeko prestatuta. Palatxo batez lurra irauli zuen gogotik, berdindu eta indarrez zanpatu zuen. Hamar ildo paralelo egin zituen gero. Kimu berri batzuk hartu, guraizeez hostoak kendu eta metatxo txukun batean utzi zituen.

      Gurpil-kirrinka eta apatx-hots bat iritsi zitzaion bidetik. Begiratu egin zuen. Errepideak ibai aldameneko sahats-errenkada eta kotoi-zelai batzuen ertzetik egiten zuen, eta handik ibilgailu berezi bat zetorren, itxura bitxikoa. Ballestadun gurdi zahar bat zen, olan batez estalia, behialako pioneroen karabanen tankerakoa. Zaldi nabar batek eta asto txiki zuri-gris batek egiten zuten tira. Gizon handi bat zekarren gidari herrestari pareak, aurreko irekidurako oihalen artean eserita. Gurdi azpian, atzeko gurpilen artean, zakur zikin eta erkin bat zetorren motel. Olana letra handiz margotua zegoen: “Eltze, zartagin, aizto, guraize, segadorak konpontzen ditugu”. Bi ilaratan objektuak eta behean, letra larriagoz, “konpontzen ditugu”. Pinturaren jarioak puntutxo beltz batzuk eginak zituen letra bakoitzaren azpian.

      Artean lorategian makurtua, jakin-minez begiratu zion Elisak ibilgailu arraroaren pasatzeari. Baina ez zen pasatu. Bere etxearen pareko bidera sartu eta geratu zen karranka-hots handiz. Zakurrak gurpil artetik irten eta aurrera egin zuen korri. Segituan arrantxoko bi artzain-zakurrek harengana egin zuten. Hirurak gelditu eta isats tente eta dardaratiz, hanka tinkoez, duintasun diplomatikoz, itzulinguruka hasi ziren elkar delikatuki usnatuz. Asots handiz geratu zen karabana Elisa errepidetik banatzen zuen hesiaren parean. Eta orduan zakur iritsi berria, kopuru gutxiagotasunaz ohartuta, buztana hankarteratu eta gurdi azpira ezkutatu zen lepoko ileak laztu eta hortzak erakutsiz.

      Gurdiko gidariak esan zuen:

      — Nire txakurrak borroka batean oso gaiztoa izaten badaki, horretara jartzen denean.

      Elisak barre egin zuen.

      — Ikusi dut. Eta normalean noiz jartzen da?

      Haren barreari lagundu zion gizonak bihozkoi.

      — Batzuetan asteak egiten ditu gabe —esan zuen. Gurpilean bermatu eta jaitsi egin zen. Lore zimelduen gisa geratuak ziren zaldia eta astoa.

      Gizon benetan handia zela ikusi ahal izan zuen Elisak. Ile eta bizarra urdintzen hasiak izanagatik ere, ez zirudien oso zaharra. Maiztua zuen traje zimurtua, eta grasaz zikindua. Hizketari utzi zionetik irribarreak ihes egina zion ezpain eta begietatik. Begi beltzak zituen, tratulari eta marinelen begiek izaten duten malenkoniaz mukuru. Txarrantxa-hesian jarriak zeuzkan esku maskurtsuak arrakalatuak zeuzkan, arrakala bakoitza ildo beltz bat zen. Kapelu hondatua erantzi zuen.

      — Errepide nagusitik aldendu naiz, etxekoandre —azaldu zuen—. Bide hau ba al doa, ibaian gaindi, Los Angelesko autobideraino?

      Elisa zutitu, eta guraizeak gorde zituen amantaleko poltsikoan.

      — Bai, badoa, baina aurrena itzulinguru asko egiten ditu hondarrezko ibi batetik ibaia gurutzatu arte. Ez dut uste zure taldeak zeharkatu ahalko duenik.

      — Animalia hauek aurrera egiteko gai nola diren ikusteak harrituko zintuzke —erantzun zuen hark zakar puntu batekin.

      — Horretara jartzen direnean? —galdetu zuen berak.

      Segundo batez irribarre egin zuen.

      — Bai, jartzen direnean.

      — Tira — esan zuen Elisak—, uste dut denbora irabaziko duzula Salinasera itzuli eta autobidea han hartzen.

      Txarrantxa-hesiari tira egin zion hatzaz gizonak, txilintxoa eraginez.

      — Ez naiz batere presatua, etxekoandre. Urtero joaten naiz Seattletik San Diegora, eta itzuli bide beretik. Horretan ematen dut denbora. Sei hilabete bide bakoitzean. Eguraldi onari jarraitzen saiatzen naiz.

      Elisak eskularruak erantzi eta guraizeen poltsiko berean gorde zituen. Jantzita zeukan gizonezko kapelura eraman zuen eskua, ile-xerlo mutiriren baten bila.

      — Bizimodu ederra dirudi horrek —esan zuen.

      Gizona hesirantz makurtu zen isil-gordeka.

      — Ohartuko zinen gurdiko letretan. Lapikoak konpondu eta aizto eta guraizeak zorrozten ditut. Ezeren beharrik?

      — O, ez! —presatu zen erantzutera—. Halakorik ez.

      Gogortu egin zitzaion begirada.

      — Guraizeak dira txarrenak —azaldu zuen—. Jende gehienak zorroztu nahian alferrikaldu egiten ditu, baina nik badakit nola egin. Tresna berezi bat daukat, patentatua. Gauza apur bat bitxia da. Baina egin egiten du.

      — Ez. Zorroztuta dauzkat guraize denak.

      — Ongi da. Lapiko bat, hortaz —egoskor jarraitu zuen—. Lapiko mailatu bat, edo zulatua. Berria balitz bezala utziko dizut, eta beste bat erosi beharrik ez duzu izango. Merezi dizu.

      — Ez —esan zuen labur—. Zuretzako ezer ez dudala esan dizut.

      Tristezia larri batera egin zuen haren aurpegierak. Ahotsa intziri doinura labaindu zitzaion.

      — Ez dut gaur lanik egin. Agian ez dut afaltzerik izango. Esan dizut nire bidetik at nagoela. Jende askok ezagutzen nau Seattletik San Diegora bitarteko bidean. Gauzak gordetzen dituzte nik konpon diezazkiedan, badakitelako oso ondo egiten dudala eta dirua aurrezten dutela.

      — Sentitzen dut —esan zuen Elisak erneguz—. Ez daukat deus zuretzat.

      Gizonaren begiek anderea utzi eta lurrerantz egin zuten. Noraezean ibili zuen soakoa, Elisa lanean ibilitako krisantemoen kimuekin topo egin zuen arte.

      — Zer landare dira horiek, etxekoandre?

      Haserreak eta gogortasunak Elisaren hazpegiak abandonatu zituzten.

      — O, krisantemoak dira, zuri eta hori handiak. Urtero hazten ditut, hemen inguruko handienak.

      — Zuztar luzeko lore bat da? Koloreztatutako ke-bafadatxoa dirudiena? —galdetu zuen.

      — Horixe bera. Eta bai modu ederra deskribatzekoa.

      — Usain txarra dute, ohitzen zaren arte —esan zuen gizonak.

      — Usain mikatz atsegina da —protesta berak—, ez txarra.

      Tonua aldatu zuen ziztuan hark.

      — Nik ere atsegin dut.

      — Aurten hamar hazbeteko loreak atera ditut —esan zuen berak.

      Hesirantz areago makurtu zen gizona.

      — Aizu. Errepidean behera zati bat eginda ezagutzen dut emakume bat, inoiz ikusi dudan lorategirik ederrena duena. Lore mota guztietarik dauka ia, baina krisantemorik ez. Kobrezko balde bat konpontzen ari nintzaion azkeneko (lan gogorra da, baina ondo egiten dut), eta esan zidan “krisantemo eder batzuekin topo egingo bazenu, eskertuko nizuke hazi batzuk ekarriz gero”. Horixe esan zidan.

      Ilusioz piztu ziren Elisaren begiak.

      — Ez daki asko krisantemoez. Hazietatik atera ditzakezu, bai, baina askoz erosoagoa da hor ikus ditzakezun kimu txiki horiek aldatzea.

      — A! —esan zuen hark—. Hortaz ezingo diot alerik eraman.

      — Jakina ahal duzula— erantzun zuen Elisak—. Hondar hezetan jarriko dizkizut batzuk eta eraman ahalko dituzu. Heze mantenduz gero, sustraia botako dute. Eta hark aldatu ahalko ditu.

      — Ziur batzuk edukitzea atsegin duela, etxekoandre. Politak dira, ezta?

      — Ederrak —esan zuen berak—. Ederrak, bai — Dir-dir zituen begiak. Kapelu maiztua erantzi eta adats ilun ederra astindu zuen—. Loreontzi batean jarriko ditut eta zerorrek eraman ditzakezu. Sartu lorategira.

      Gizonak hesia iragan bitartean, Elisak etxe atzerantz egin zuen, kitzikatuta, geranioek inguratutako zidorretik. Eta loreontzi gorri handi batekin itzuli zen. Ahaztuak zituen eskularruak. Parterrearen aldamenera makurtu zen, hatzez zirikatu zuen zoru hondartsua eta harea puska bat loreontzi distiratsu berrira sartu. Segidan, prest zeukan kimu sorta hartu zuen. Bere esku indartsuez hondarretan sartu zituen, eta ingurua zanpatu hatz-koxkorrez.

      — Esango dizut zer egin —esan zion—. Ikasi, emakumeari kontatu ahal izateko.

      — Saiatuko naiz akordatzen, bai.

      — Hara. Sustraiak hilabete batean botako dituzte. Orduan hark atera egin beharko ditu eta, arra bete utziz batetik bestera, hau bezalako lur aberatsean jar ditzala —eskukada bat lur hartu zuen eta gizonari erakutsi—. Azkar eta gora haziko dira hala. Eta orain gogoan izan hau: uztailean moztu egin beharko ditu, lurretik hogei bat zentimetrora..

      — Loratu aurretik? —galdetu zuen hark.

      — Loratu aurretik, bai —suharrak tinkatzen zion aurpegia—. Berehala haziko dira berriro. Irail amaierarako ernatuko dira lore-kuskuak.

      Hutsarte bat egin zuen, durduzatua.

      — Lore-kuskuen zaintza da zailena—esan zuen zalantzati—. Ez dakit nola azaldu —sakon so egin zion begietara, zer-suma. Ahoa pixka bat zabaldu zuen, zerbait entzuten ari balitz bezala—. Saiatuko naiz adierazten —esan zuen—. Lorezain-eskuak izateaz sekula entzuterik izan duzu?

      — Ez dakit, etxekoandre.

      — Tira, zertan den azal diezazuket, nola edo hala. Nahi ez dituzun kuskuak kentzen ari zarenean gertatzen da. Dena aise joaten da zure hatz-mamien bitartez. Zure hatzak lanean ikusten dituzu. Bakarrik aritzen dira. Senti dezakezu nola ari diren. Kuskuak atera eta atera. Ez dira inoiz nahasten. Landarearekin bat eginda daude. Ulertzen duzu? Zure hatzak eta landarea. Zuk senti dezakezu hori, zure besoan gora. Haiek badakite. Ez dute hutsik sekula egiten. Senti dezakezu hori. Halakoa zarenean ezin duzu ezer gaizki egin. Ikusten duzu? Uler dezakezu?

      Lurrean belauniko zegoen, gizonari begira. Bularra hanpatzen zitzaion.

      Gizonak begiak estutu zituen. Beste aldera begiratu zuen, lotsatuta.

      — Beharbada badakit —esan zuen—. Batzuetan nire gurdian, gauez…

      Elisaren ahotsa erlastu egin zen. Eten egin zion.

      — Ez naiz sekula zu bezala bizi izan, baina badakit zer esan nahi duzun. Gaua iluna delarik, orduantxe, izarrek ertz zorrotzak dituzte eta dena isilik dago. Orduantxe, zu gora eta gora zoaz. Izar ertz bakoitza zure gorputzerantz noratzen da… Halaxe da. Goxoa, eta zorrotza eta… zoragarria.

      Artean belauniko, eskua gizonaren zangorantz luzatu zuen, galtza beltz zikinerantz. Oihala ukitzear izan ziren haren hatz dardaratiak. Gero lurrera erori zen eskua. Zakur otzandua bezala makurtu zen.

      Gizonak esan zuen:

      — Ederra da, justu zuk diozun bezalaxe. Baina afaltzeko ezer ez daukazunean ez da hainbeste.

      Zutundu egin zen bera, tente, lotsatuta. Loreontzia eskaini zion eta haren besoetan jarri leunkiro.

      — Tori. Jartzazu zure gurdian, eserlekuan, bistan izango duzun tokian. Agian izango dut lanen bat zuretzat.

      Etxe atzealdeko trepeta artean aztarrika ibili zen eta aluminiozko bi pertz izorratu aurkitu zituen. Ekarri eta hari eman zizkion.

      — Tori, agian konpon ditzakezu.

      Aldartea mudatu zuen. Atzera profesional.

      — Berri utziko dizkizut.

      Gurdiaren atzealdean ingude bat jarri eta burdina-mailu bat atera zuen erreminta-kutxa koipetsu batetik. Atea gurutzatu zuen Elisak hura lanean ikusteko, lapikoko matxurak mailukatzen zituelarik. Ahoko keinua ziurra eta adituarena zen. Laneko une zailetan azpiko ezpaina bustitzen zuen.

      — Gurdian lo egiten duzu? —galdetu zion Elisak.

      — Gurdian, bai, etxekoandre. Euri edo eguzki, behi zahar bat baino lehorrago egoten naiz.

      — Ederra behar du —esan zuen berak—. Oso ederra. Nahiago nuke emakumeek halakorik egin ahalko bagenu.

      — Ez da emakume batentzako bizimodua.

      Hortzak agerian utzi zituen, ezpaina pixka bat altxatuta.

      — Nola dakizu? Nolatan zaude hain seguru? —galdetu zion.

      — Ez dakit, etxekoandre —arrapostu berak—. Horixe ez dakidala. Hona hemen zure pertzak, konponduta. Ez duzu berririk erosi beharko.

      — Zenbat da?

      — 50 zentimorekin kitto. Prezioak baxu eduki eta lana ondo egiten dut. Horregatik dauzkat bezeroak asetuta errepidean gora eta behera.

      50 zentimoko txanpona ekarri zuen etxetik, eta gizonaren esku-ahurrean utzi.

      — Harrituko zintuzket zure lehiakide bihurtuta halako batean. Guraizeak zorrozten badakit. Eta konpon ditzaket lapiko txikietako matxurak. Erakutsi niezazuke emakume bat zer egiteko gai den.

      Mailua erreminta-kutxa koipetsuan gorde eta ingudea ostendu zuen.

      — Oso bizimodu bakartia litzateke emakume batentzat, etxekoandre. Eta beldurgarria ere bai, gau osoan animaliak uluka gurdi azpian —gurdira igo zen eskua astoaren ipurdian jarriz oreka gordetzeko. Tokia hartu zuen eserlekuan, uhalei oratu zien—. Eskerrik asko, etxekoandre. Zuk esandakoa egingo dut, atzera Salinasko errepidera joango naiz.

      — Gogoratu —dei egin zion—. Bidean berandutzen bazara, harea heze mantendu.

      — Harea, etxekoandre? Harea? A, jakina. Krisantemoen ingurukoaz ari zara. Halaxe egingo dut.

      Mingainaz klaska egin zuen. Animaliek tira egin zioten lepoko uhalari luxuz. Zakur deslaia atzeko gurpilen artean paratu zen. Gurdia biratu eta ekarritako biderantz mugitu zen, kale nagusirantz, ibaian aldamenetik.

      Gurdiaren martxa mantsoari so iraun zuen Elisak hesiaren parean. Bizkarra tente zeukan, burua atzera botata, ikusmiran zeukan eszena erdi itxitako begietatik pixkanaka barnera ziezaion. Isilean mugitu zituen ezpainak, “adio-adio” hitzak osatuz. “Norabide argitsua da hori. Distiranta.” Bere hasperenaren soinuak harritu egin zuen. Dardara egin zuen eta ingurura begiratu ea beste inork entzun ote zuen. Zakurrek bakarrik aditu zuten. Buruak goratu zituzten berarengana, haien lurreko kuluxkatik, nagiak atera eta atzera lotara jarri ziren. Elisa jiratu eta etxera sartu zen presaka.

      Sukaldean suaren atzean haztatu eta ur-tankea ukitu zuen. Ur beroz betea zegoen, eguerdiko bazkaritatik sobrante. Komunean arropa zikina erantzi eta txoko batera jaurtiki zuen. Apar-harri zati batekin bere gorputza igurtzi zuen, zangoak eta izterrak, bizkarra eta bularra eta besoak, azala urratuta eta gorri eduki arte. Lehortu zenean gelako ispilu aurrean egon zen bere gorputzari beha. Sabela sartu eta bularra atera zuen. Jiratu eta bizkarraldeari begiratu zion.

      Tarte baten ostean janzten hasi zen, mantso. Azpiko arroparik berriena jantzi zuen, eta bere mediarik ederrenak, eta beretzat edertasunaren ikur zen soinekoa. Ilea atondu zuen kontu handiz, begiak marraztu eta ezpainak gorriz margotu.

      Amaitu aurretik apatxen harrabotsa entzun zuen, eta Henry eta laguntzailearen ahotsak abelburuak eskortan sartzen zituztela. Ataka ixtearen hotsa aditu zuen eta Henryren esperoan paratu zen.

      Atarian aditu zen haren oin-hotsa. Deika sartu zen etxera, “Elisa, non zaude?”.

      — Gelan nago, janzten. Ez nago prest oraindik. Bainatzeko ur beroa badaukazu. Mugitu, berandutzen ari da.

      Gizona bainuontzian sumatu zuenean, haren trajea prestatu zuen ohean Elisak, eta alkandora, galtzerdiak eta gorbata aldamenean. Ohe alboan lurrean utzi zituen haren zapata ziratuak. Eta orduan atarira atera zen eta han eseri, leun eta zurrun. Ibaiko biderantz so egin zuen; sahats-lerroa artean hori ageri zen hosto izoztuez jantzita, eta lainoaren grisaren azpitik egunsenti zerrenda bat margotzen zela ematen zuen. Arrats grisak horixe zuen kolore bakar. Luze egon zen eserita, geldi. Oso tarteka begiak kliskatzen zituen.

      Atea danbateko batez itxiz azaldu zen Henry, etorrian gorbataren korapiloa estutuz. Elisa areago zurrundu zen eta keinua gogortu zuen. Henry banpez gelditu eta begiratu egin zion.

      — Hara, Elisa! Oso ederra zaude.

      — Ederra? Uste duzu eder nagoela? Zer esan nahi du “eder” horrek?

      Henryk zalantza egin zuen.

      — Ez dakit. Diferente ikusten zaitudala esan nahi dut, indartsu eta zoriontsu.

      — Indartsua naiz? Indartsua, bai. Zer da “indartsua”?

      Gizona txundituta zegoen.

      — Ze jolas klase da hau? Jolasa da, ezta? Indartsu ikusten zaitut txahal bat zure belaunetan hausteko adina, eta zoriontsu hura sandia bat bailitzan jateko adina.

      Zurruntasuna ezabatu zitzaion une batez.

      — Ez esan horrelakorik, Henry!! Ez dakizu zer esaten duzun —atzera zutitu zen—. Indartsua naiz —esan zuen harro—. Ez nengoen konturatua zenbateraino indartsu.

      Henryk traktorearen etxolara so egin zuen eta begirada berarengana itzultzean, bere onera ekarriak zeuzkan begiak.

      — Autoa aterako dut, berokia jantzi dezakezu motorra piztu bitartean.

      Etxera sartu zen Elisa. Autoa ateraino eramaten sumatu zuen eta motorra martxan jartzen, eta orduan bera berandutu zen kapelua janzten. Jarri eta kendu ibili zen. Henryk motorra itzali zuenean berokia jantzi eta atera zen.

      Kabriolet txikiak jauzika egin zuen ibai aldameneko errepidean, txoriak uxatu eta untxiak sasira joanaraziz. Bi kurrilo zalapartatsu hegaldatu ziren sahats-errenkadaren gainetik eta ibaiaren altzora abaildu.

      Errepidean aurrerago Elisak puntu ilun bat ikusi zuen. Ezagutu zuen.

      Aurreratuko zutenean ez begiratzen saiatu zen, baina begiek ez zioten obeditu. Hasperen egin zuen bere kautan tristeki, “bidetik urruti jaurti zitzakeen. Ez zen arazo handia izango, ez handiegia. Baina loreontzia gorde du”, azaldu zuen berak. “Loreontzia gorde beharra zeukan. Horregatik ez ditu bidetik urruti jaurti”.

      Bihurgune bat pasatu eta gurdia ikusi zuen aurrean. Senarrarenganantz jiratu zen erabat, eta hartaka ez zituen gurdia eta hari tiraka ari zen parea ikusi, aurreratu zituztelarik.

      Istant batean pasatu zuten. Egina zegoen. Ez zuen gibelera begiratu.

      Ozen esan zuen, motor-hotsaren gainetik: “Ona izango da gaur gauean kanpoan afaltzea”.

      — Mudatu zaizu aldartea berriro —aipatu zion Henryk, eta eskua bolantetik kendu eta haren belaun gainean jarri zuen—. Sarriago atera beharko zintuzket kanpora afaltzera. Biontzat izango zen ona. Astuna da arrantxoko bizimodua.

      — Henry —galdetu zuen berak—, ardoa edan genezake afaritan?

      — Jakina! Ondo egongo da.

      Berak tarte bat isilik egin zuen, eta gero erantsi:

      — Henry, borroka horietan, elkarri min handia egiten al diote?

      — Inoiz edo behin bai, baina ez oso maiz. Zergatik diozu?

      — Irakurri dut batzuetan muturra hausten diotela elkarri eta odola erortzen zaiela bularretik. Irakurri dut eskularruak astun eta lodi geratzen zaizkiela odolarekin.

      Gizonak begiratu egin zion.

      — Zer arraio duzu, Elisa? Ez nekien halakoak irakurtzen zenituenik.

      Autoa bidegurutze batean gelditu eta eskuinera egin zuen, Salinas ibai gaineko zubitik.

      — Emakumerik inoiz joaten al da borroketara? —galdetu zuen Elisak.

      — Bai horixe, batzuk. Zer arraio duzu, Elisa? Joan egin nahi duzu? Ez dut uste gustatuko zaizunik, baina eramango zaitut benetan joan nahi baduzu.

      Malgu eseri zen:

      — O, ez. Ez. Ez dut joan nahi. Horixe ezetz —aurpegia aldendu zuen gizonarengandik—. Nahikoa izango da ardoarekin afaltzen badugu. Aski izango da.

      Berokiko lepoa jaso zuen, senarra ohart ez zedin negar motela zeriola —adineko emakume bati modura.

 

KRISANTEMOAK
John Steinbeck

The Chrysanthemums
Harper's Magazine, 1937
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2018