ASPALDIKO LAUAXETA GOGORATUZ
Jerardo Elortza

Ilargi Handi Zauri Zarae
Zura musika taldea, Metak & Potxo, 2005

 

      Gure haurtzaro eta gazte-denboran ezin genien garbi galdetu gu baino zaharragoak zirenei zer gertatu zen Euskal Herrian eta Espainian 1936-1939 bitarteko gerra zibilean. Askoz gutxiago urte horietan zer pasatu zen hemen berton, Oñatin. Izan ere, frankistek agintean sendo jarraitzen zutenez, ofizialki irabazleen bertsioa bakarrik zabaldu baitzitekeen. Hortik kanpora zerbait gehiago jakin gura zuena susmagarri bihurtzen zen, besterik gabe, eta informatzeko bere ahalegin horri eusten bazion, disgusturen bat bereganatzeko arrisku latzean jartzen.

      Giro itogarri haren ondorioz, familiarik gehienetan (baita Francoren aldekoak ez zirenen askotan ere) politika-gaiak aipatu ezinezko tabuak ziren. Gerrari buruzkoak oraindik areago. Beldurraren eragina zen batetik, eta anaien arteko gatazka zital hartan gertatutako izugarrikeriak ahazteko premia bestetik. Eskolak ere ez zigun asko lagundu: maristekin, adibidez, unibertsitate zaharreko patio dotorean goizero Espainiako bandera monarkiko gorri-horia jaso behar izaten genuen, ¡Salve, bandera de mi patria, salve! kantatuz; edota Antonio eta Gonzaloren amaigabeko ibilerak kontatzen zituen El libro de España ideologizatua geneukan irakurgai nagusitzat.

      Horregatik, galtzaileen politikaz eta gerraz genekien apurra isilean eta ezkutuan ikasitakoa zen. Eta arlo horietan gure ezjakintasuna nabarmena baldin bazen, euskarari eta euskal kulturari dagozkien gaietan genituen hutsune eta gabeziak ere ugariak eta sakonak ziren. Dena den, nik suerte pixka bat eduki nuela aitortu behar dut: 16-17 urterekin Anton Garro Donostiako seminarioko irakasleak euskarazko literatura bazela erakutsi zigun; ez klaseetan emandako irakaspenekin, baizik eta berak ordurako osatua zeukan euskal liburutegi partikular bikainaren bitartez.

      Biblioteka horretan deskubritu nituen, besteak beste, XX. mendeko lehen hamarkadetan euskara landu zuten idazle garrantzitsuenetako batzuk: esate baterako, Domingo Agirre, Jose Mari Agirre Lizardi, Nikolas Ormaetxea Orixe eta Esteban Urkiaga Lauaxeta. Ikastetxeko liburutegi nagusian ia euskal obrarik egon ez arren, Anton Garroren euskaltzaletasun eta eskuzabaltasunari esker lortzen genituen behar genituen gehienak. Baita Lauaxetaren olerkiak ere, hil baino lehentxoago kartzelan idatzi eta artean inprentaratu gabe zeudenak barne. Ez zen erraza idazle bizkaitar honen lanak eskuratzea, bere azken liburua 1935ean argitaratua zegoelako.

      Baina, egia esan, Lauaxetaren poesia irakurleen eskura ez egotearen arrazoia ez zen literarioa, politikoa baino. Hegoaldeko euskal letrak, 1950etik aurrera, diktadurak derrigorrean ezarritako isiltasuna nola edo hala hausten hasi zirenean, idazleen mundutxoko izen batzuek tabu izaten jarraitu zuten luzaroan. Horien artean bi bereziki: Jose Ariztimuño Aitzol eta Esteban Urkiaga Lauaxeta, ez baitzuten militar matxinatuek bata zein bestea alferrik fusilatu gerran: lehena 1936ko udazkenean Hernaniko kanposantuan, itsasontzi batean harrapatu ondoren; bigarrena 1937ko uda-hasieran Gasteizko hilerrian, Gernikako bonbardaketaren zurrunbiloan apirilaren hondarrean atxilotu eta gero.

      Gure gaztaroko urte horietan kaleratu ziren Euskal Literaturaren Historiari buruzko lehenengo lan luze eta osatuetan ere zenbait argibide irakurri ahal izan genuen Laukizen sortutako poetaren gainean: aipamen labur bat Luis Mitxelenaren liburuan (1960) eta zerbait gehixeago Luis Villasanterenean (1961). Garai hartan ezagutu nuen, halaber, Frantzisko Madina laterandar oñatiarrak Lauaxetaren testuekin koru eta orkestrarako moldatu zuen musika-lan ederra.

      Baina, agian, orduko unerik gozoena Bilbon bizi izan nuen, Correo kaleko Verdes-Atxirika liburu-dendan Urkiagaren olerki-liburu biak erosi ahal izan nituenean: Bide barrijak (1931) eta Arrats-beran (1935), hiru hamarkada lehenago hantxe berton argitaratu zirenak, Verdestarrena liburu-denda ez ezik, moldiztegia ere izan baitzen urte askoan. Lizardiren Biotz-begietan (1932) poema-liburu ospetsuaren lehenengo edizioa ere Bilboko argitaletxe horretan publikatu zen. Esan gabe doa, oraindik gordetzen ditudan ale preziatuok erdi ezkutuan ekarri zizkidatela denda ostetik, artean lanean ziharduen inprimategitik, hain zuzen ere.

      Hurrengo oroitzapen pozgarria Santi Onaindiari zor diot. Diktadorea hil baino urtebete lehenago, 1974an, eskuratu ahal izan genuen, azkenean, Larreako karmeldarrak Etor argitaletxean publikatu zuen Olerkiak izenburuarekin Lauaxetaren poema gehienen edizio polita. Eskertzekoa da, benetan, Aita Onaindiak urte zail eta arriskutsu haietan azaldu zuen ausardia euskal lanak ezagutarazteko. Eta ez frankismoaren amaieran soilik, askoz lehenago baizik: Milla euskal olerki eder (1954) antologia ezagunerako Urkiagaren hamabi bat poema aukeratu zituen. Hori sasoi ilun haietan balentria izugarria zen.

      Franco hil eta laster, Antxon Valverde abeslariak Lauaxetaren zazpi poema musikatu eta LP zoragarria grabatu zuen (1977). Harrezkero, poeta laukiztarraren zenbait olerki kantari donostiarraren doinu hunkigarriekin lotzen ditugu bat-batean: Mendigoxaliarena, Zelayan, Langille eraildu bati, Amayur gaztelu baltza, Agur Euzkadi edota Azken oyua, esate baterako. Garrantzitsuena izan arren, ez zen Valverde horretan bakarra izan: handik puntuko Imanol Lartzabalek diskorako eta Oskorri taldeak antzerki-lan baterako Amaiurko gazteluari buruzkoaren bi bertsio utzi zizkiguten.

      Geroztik, Lauaxetaren izena eta lana aski ezagutarazi dira. Azpimarratzekoak dira, besteren artean, Jon Kortazarrek prestatu zuen kazetaritza-lanen antologia, Azalpenak (Labayru, 1982), poemen edizio berria, Olerkiak (Erein,1985) edota obrari buruzko azterketa, Teoría y práctica de Esteban Urkiaga, Lauaxeta (Desclée de Brouwer, 1986). Jose Antonio Zorrilla zinegileak fikziozko film bat burutu zuen 1987an Lauaxeta. A los cuatro vientos izenburuarekin. Eta idazlanen beste argitalpen interesgarri batzuk ere kaleratu dira: adibidez, Euskal Editoreen Elkartearen "Klasikoak" sailean (1991) Jon Kortazarrek paratutako edizioan, edota Susa editorialak Koldo Izagirreren ardurapean publikaturiko "XX. mendeko poesia-kaierak" liburu-sortan. Laukizen 1905ean jaiotako euskal idazle honen mendeurren-urtean gaudenez gero, aurten ere Lauaxetari buruzko argitalpen berriak kaleratuko direlakoan nago.

      Atsegin handiz ikusi dut Oñatiko Potxo argitalzuloak eta Irungo Metak disketxeak izan duten ekimen ederra, hau da, gerrak ekarritako haize zakar zurrunbilotsuak eraman eta sakabanatu zizkigun hiru artista handi haiek lantxo honetan elkartzea: Granadako Viznar inguruan 1936ko abuztuaren 19an erail zuten Federico García Lorca poeta andaluziarra, Gasteizen 1937ko ekainaren 25ean fusilatu zuten Esteban Urkiaga Lauaxeta olerkari bizkaitarra, eta hamabost egun lehenago Bizkaiko frentean, Fruizen, hil zen Nikolas Lekuona margolari gipuzkoarra, bere gogoaz kontra Francoren tropentzako erizain-lanetan ari zela. Hirurak gogora ditzagun letra, doinu eta irudi hauen bidez.

 

Gandiaga gogoan

 

      Urruti xamar dugu hemen duzun lantxo honen hasiera. Esku ugari izan dira tartean eta elkarlanerako borondatearen ispilu da zentzu horretan, eta ikuspegi horretatik begiratuz du tartea hemen Bitoriano Gandiagaren izenak.

      García Lorcaren mendeurreneko ospakizunen artean bururatu zitzaigun Granadako olerkaria eta Lauaxetaz baliatuz bien arteko harremana tarteko, batik bat gure gazteei olerkigintza hurbiltzeko saiotxo hau egitea.

      Esan bezala, gazteak genituen buruan bereziki, eta Lauaxetaren idazkera, batuan alfabetaturiko askorentzat urrutiegi geratzen zela pentsatuz, bai Lorca eta bai Lauaxeta oso ondo ezagutzen zituen Arantzazuko olerkariarengana jo genuen. Gaixotasunak jota zegoen ordurako, baina mesedeak eskatzen genizkion guztian bezala baietz esan zuen; aurretik ere Antton Valverdek ateratako diskan egina zuen egokitzapen lana baina ordutik ere hizkuntza arauetan aldaketak bazirenez, horiek ere gogoan izango zituela eta, baietz. Han jardun zuen Lorcaren irudi ederrak eta Lauaxetaren hitzen erritmoa uztartzeko ahaleginetan, orain, gure esku dugun bitxi hau gorpuztu ahal izateko.

      Hortxe kokatu behar Gandiagaren aportazioa, ilusioz egin zuen; behin baino gehiagotan galdetu izan zuen geroago nola zihoan lana... baina luzatu egin zen guztia eta azkenik erditzeko une honetan bihoakio Gandiagari ere gure eskerrona eta elkarlanaren fruitua.

 

Marian Lizarralde

 

ASPALDIKO LAUAXETA GOGORATUZ
Jerardo Elortza

Ilargi Handi Zauri Zarae
Zura musika taldea, Metak & Potxo, 2005