ALDAKETA SAKONA
Ernest Hemingway

The sea change
This Quarter
, 1931ko abendua
euskaratzailea: Gorka Arrese
armiarma.eus, 2019

 

 

            —Ondo da —esan zuen mutilak—. Erabaki al duzu zerbait?

            —Ez —esan zuen neskak—. Ezin dut.

            —Ez duzu nahi, esan nahiko duzu.

            —Ezin dut —esan zuen neskak—. Horixe da esan nahi dudana.

            —Ez duzula nahi esan nahiko duzu.

            —Ondo da —esan zuen neskak—. Zure erara izango da orduan.

            —Ez, ez da nire erara. Hobe bai hala balitz!

            —Zure erara izan da aspaldi honetan —bota zion neskak.

            Goizean goiz ez zegoen inor kafetegian, salbu eta zerbitzaria eta izkinako mahaian elkarren ondoan eseritako haiek biak. Uda bukaera izanda ere beltzaran zeudenez, bazirudien lekuz kanpo zeudela Parisen. Artilezko trajea zeraman neskak, urre kolore eztia zuen larruazalean, eta labur moztutako ile horiak apain luzatzen zitzaizkion bekokitik albora. Begira zeukan mutila.

            —Garbitu egingo dut neska hori!

            —Ez, mesedez —esku dotoreak zituen, eta haiei begira zegoen mutila. Finak, beltzaranak eta oso ederrak ziren.

            —Ba bai. Zin dagit Jainkoaren izenean: garbitu egingo dut.

            —Horrek ez zaitu zoriontsu egingo.

            —Ezin al zenuen beste ezertan nahastu? Ezin al zenuen beste saltsaren batean nahastu?

            —Ezetz dirudi —esan zion neskak—. Eta zer egingo duzu orain?

            —Esan dizut.

            —Ez; benetan zer egingo duzun, esan nahi dut.

            —Ez dakit —esan zuen mutilak.

            Neskak so egin zion, eta eskua hurbildu.

            —Phil gaixoa! —esan zion.

            Neskaren eskuei begiratu zien mutilak, baina bereekin ez zituen harenak ukitu.

            —Ez, eskerrik asko —esan zuen.

            —Sentitzen dudala esateak ez al dizu onik egiten?

            —Ez.

            —Nola gertatu den esanez gero ere ez?

            —Nahiago dut ez aditu.

            —Asko maite zaitut.

            —Bai, horren froga da hau.

            —Penatu egiten nau zuk ez ulertzeak.

            —Ulertzen dut. Hori da kontua, ulertu egiten dudala.

            —Eta orduan okerragoa da, noski.

            —Hori da —esan zuen mutilak, neskari begira—. Beti ulertuko dut. Egunero eta gauero. Gauean bereziki. Ulertuko dut. Ez duzu kezkatu behar horregatik.

            —Barkatu —esan zuen neskak.

            —Gizonezko bat izango balitz sikiera...

            —Ez esan horrelakorik. Ezingo luke gizon bat izan. Badakizu hori. Ez zara nitaz fidatzen?

            —Bitxia da gero! —esan zuen mutilak—. Zutaz fidatu. Benetan bitxia!

            —Sentitzen dut —esan zuen neskak—, hori da esan dezakedan gauza bakarra. Baina elkar ulertzen dugunez, ulertzen ez dugula itxurak egiten ibiltzea ez du merezi.

            —Ez —esan zuen mutilak—, ez dut uste.

            —Itzuliko naiz, maite banauzu.

            —Ez, ez zaitut hemen nahi.

            Ondoren ez zuten ezer esan une batez.

            —Ez duzu sinesten maite zaitudala, ezta? —galdetu zion neskak.

            —Ez dezagun txorakeriarik esan —bota zuen mutilak.

            —Benetan, ez didazu sinesten maite zaitudala?

            —Zergatik ez didazu frogatzen?

            —Lehen ez zinen horrelakoa. Inoiz ez didazu frogarik eskatu. Ez da atsegina.

            —Xelebrea zara gero.

            —Zu ez. Zu egundoko gizona zara, eta bihotz erdiragarria da alde egin eta zu uztea...

            —Egiteko asmoa duzu, noski.

            —Bai —esan zion—. Egin egin behar dut, eta badakizu.

            Mutilak ez zuen ezer esan, eta neskak so egin eta eskua hurbildu zion berriro. Kafetegiaren beste muturrean zegoen zerbitzaria. Aurpegi zurbila zuen, eta halakoxea zen bere jaka ere. Ezagutzen zituen haiek biak, eta bikote gazte ederra egiten zutela iruditzen zitzaion. Ikusia zen bikote gazte eder asko banantzen eta bikote berriak osatzen, hain ederrak inoiz izaten ez zirenak luzaroan. Zerbitzaria ez zen horretan pentsatzen ari, zaldi batean baizik. Ordu laurden baten buruan norbait bidali ahal izango zuen kalearen bestaldera, zaldiak irabazi egin ote zuen jakiteko.

            —Ezingo al zenuke nirekin zintzoa izan eta alde egiten utzi? —galdetu zion neskak.

            —Zer uste duzu ba egingo dudala?

            Bi lagun atetik sartu eta barrara joan ziren.

            —Bai, jauna —eskatutakoak prestatzen hasi zen zerbitzaria.

            —Ezin al didazu barkatu? Noiz jakin zenuen? —galdetu zion neskak.

            —Ez.

            —Ez al zaizu iruditzen, bizi izan genituen gauzek eraginen bat eduki dezaketela gure arteko harremanean?

            —“Aurpegi hain beldurgarria duen mamua da bizioa, ezen...” —saminez esaten hasi zen mutila— “zeozer izateko aurrena ikusia izan behar duen. Orduan guk zeozer, zeozer, orduan besarkatu...” —ezin zituen bertsoak gogoratu—. Ezin dut errezitatu.

            —Ez dezagun esan bizioa —esan zuen neskak—. Ez da batere atsegina.

            —Perbertsioa —bota zuen mutilak.

            —James! —zerbitzariari hots egin zion bezeroetako batek—. Itxura oso ona duzu.

            —Zuk ere itxura oso ona duzu, jauna —zerbitzariaren arrapostua.

            —James zaharra! —esan zuen beste bezeroak—, pixka bat gizenago zaude.

            —Izugarria da nolakoak bihurtzen garen —esan zuen zerbitzariak.

            —Ez ahaztu, James, koñak tanta batzuk —esan zion lehen bezeroak.

            —Ez, jauna. Fidatu nirekin.

            Barran zeuden biek so egin zieten mahai inguruan eserita zeuden beste biei, eta ondoren atzera zerbitzariari. Erosoagoa zen zerbitzariari begira egotea.

            —Uste dut hobe egongo litzatekeela halako hitzak esango ez bazenitu —esan zion neskak—. Ez dago halakoak esateko premiarik.

            —Nola izendatzea nahi zenuke ba?

            —Ez daukazu izendatu beharrik. Ez diozu zertan izenik ipini.

            —Halaxe deitzen zaio.

            —Ez —esan zuen neskak—. Era askotako gauzez osatuta gaude. Badakizu lehendik. Sarritan esan izan duzu hori.

            —Ez didazu berriz esan behar.

            —Zuk ulertzeko esan dut.

            —Ondo da —esan zuen mutilak—. Ondo da!

            —Dena gaizki esan nahi duzu. Badakit. Dena gaizki dago. Baina itzuliko naiz. Esan dizut itzuliko naizela. Berehala itzuliko naiz.

            —Ez, ez zara etorriko.

            —Itzuliko naiz.

            —Ez. Niregana ez behintzat.

            —Ikusiko duzu.

            —Bai. A ze infernua!, itzuli egingo zara seguru asko.

            —Noski itzuliko naizela.

            —Joan ba orduan.

            —Benetan? —ezin zion sinetsi, baina alaia zen haren ahotsa.

            —Zoaz! —mutilari arraroa egin zitzaion bere ahotsa.

            Neskari begira zegoen; haren ahoaren forma eta matrail hezurren kurba, haren begiak eta bekokian zehar luzatzen zitzaion ilea, haren belarriaren eta lepoaren ertzak.

            —Ez da egia izango! O!, zeinen atsegina zaren —esan zuen neskak—. Oso ona zara nirekin.

            —Eta itzultzen zarenean dena kontatuko didazu —bere ahotsa oso arraroa egiten zitzaion. Ez zuen ezagutzen.

            Neskak bizi-bizi begiratu zion. Mutila eroso sentitu zen.

            —Joan nadin nahi duzu? —galdetu zion, serio.

            —Bai —erantzun zion, serio—. Berehala —mutilaren ahotsa ez zen lehengo bera, eta oso lehor zeukan ahoa—. Oraintxe.

            Jaiki egin zen neska eta ziztuan alde egin zuen. Ez zen biratu mutilari begiratzeko. Bazihoala ikusi zuen mutilak. Ez zen gizon bera, neskari joan zedila esan zion baino lehenagokoa. Mahaitik altxatu, handik bi tiketak jaso eta barran zeudenengana hurbildu zen.

            —Orain gizon ezberdin bat naiz, James —esan zion zerbitzariari—. Gizon erabat ezberdina ikusten ari zara.

            —Bai, jauna? —esan zion Jamesek.

            —Bizioa —esan zuen mutil gazte gaztainkarak— kontu oso arraroa da, James.

            Atetik kanpo begiratu zuen. Neska ikusi zuen kalean behera. Eta kristalean bere buruari so egindakoan, benetan itxura zeharo ezberdineko gizona zela ikusi zuen. Barrako beste biak mugitu egin ziren mutilari lekua egiteko.

            —Arrazoi osoa daukazu, jauna —esan zuen Jamesek.

            Beste bi haiek pixka bat gehiago mugitu ziren, hartara mutila guztiz eroso egon zedin. Mutil gazteak barraren atzeko ispiluan ikusi zuen bere burua.

            —Gizon ezberdina naizela esan dizut, James —eta ispiluari begira, egia osoa zela ikusi zuen.

            —Itxura oso ona daukazu, jauna —esan zion Jamesek—. Sekulako uda igaroko zenuen.

 

ALDAKETA SAKONA
Ernest Hemingway

The sea change
This Quarter
, 1931ko abendua
euskaratzailea: Gorka Arrese
armiarma.eus, 2019