IRAUPENARI POEMA
Peter Handke

Gedicht an die Dauer, 1986
euskaratzailea: Asier Sarasola
armiarma.eus, 2021

 

Aspaldi da iraupenaz idatzi nahi dudala,

baina ez saiakera bat, ez antzezlan bat, ezta istorio bat ere;

iraupenak poema bat idaztea behar du.

Poema batean nahi dut egin galde,

poema batean gogoratu,

poema batean bermatu eta betikotu

zer den iraupena.

 

Maiz sentitu izan dut iraupena,

udaberri hasieran Fontaine Sainte-Marien,

gaueko haizean Porte d’Auteuiletik gertu,

udako eguzkitan Karsten,

elkarrekin gaua igaro ostean egunsentian etxera noala.

 

Zer izan zen iraute hori?

Denbora tarte bat?

Neur zitekeen zerbait?

Ziurtasun bat?

Ez, iraupena sentipen bat zen,

sentipenetan iheskorrena,

askotan istant bat baino lasterrago joaten zen,

igarrezin, gobernaezin, helezin, neurgaitz.

Eta, hala ere, haren laguntzaz,

barrez begiratu niezaieke arerioei,

armagabetu ahalko nituzke,

gizon gaiztoa naizen iritzia

aldatuko litzateke,

eta honi eman bide:

“Bera ona da”;

jainkorik balego,

haren semea izango nintzateke iraupen sentipenaren bitartean.

 

Atzo bertan, Salzburgoko Waagplatzen,

azoka egun amaigabe bateko jende olde eta harrabotsaren erdian,

ahots bat entzun nuen hiriaren bestaldetik

nire izena oihuka,

eta berehala jabetu nintzen

merkatuko postu batean ahaztu nuela

Errepikapena-ren izkribua,

eta ez nuela eraman posta bulegora;

atzera lasterka nindoala aditu nuen beste ahots lagun hura,

orain mende laurden

Grazeko auzo periferiko bateko gau isilean

kale huts zuzen luzearen beste puntatik zetorrena

zeru goietatik nire bila bezala,

eta orduantxe azaldu ahal izan nuen hitzez iraupenaren sentipena;

belarria zorroztea litzateke,

zerbaitez ohartzea,

norbaitek besarkatzea,

norbaitek atzematea.

Baina nork? Eguzki gehigarri batek,

haize freskagarri batek,

disonantzia oro afinatuta eta bateratuta legokeen

akorde isil eta leun batek.

 

“Egun batzuetarako da, urtetan irauten du”,

Goethe, mintzo objektiboaren heroi

eta maisu nirea,

zuzen zeunden beste behin ere;

iraupenak urteekin du zerikusia,

hamarkadekin, gure bizialdiarekin;

iraupena, bizitzaren sentipena berau.

 

Esan gabe doa, beharbada,

ez da iraupenik batere eratortzen

eguneroko hondamenetatik,

ohiko ezbeharretatik,

berriz pizten diren borroketatik,

biktima kontaketatik.

 

Beti bezala, berandu datorren trena;

berriz ere putzu bateko lokatzaz

zipriztintzen zaituen autoa;

kalean hatz batez keinuka ari zaizun

polizia biboteduna

—atzoko bibotegabearen leku berberean—;

urtez urte toki desberdin batean

lorategiko sasien artean agertzen den etsai-zakila;

goizero marmarka hasten zaizun auzokoen zakurra;

neguero azkura ematen dizuten umetako ospelak;

maite dituzunak galtzen dituzun amesgaizto beti berberak;

bi pertsonaren hatsaldi banaren artean

gertatzen den bat-bateko urruntze eternala;

mundua ezagutzeko egindako bidaien ondoren

sorterrira itzultzearen atsekabea;

behar baino lehenagoko milaka heriotza horiek gauean

lehen txori hotsa baino goizago;

eguneroko atentatu albistea irratian;

egunero autoren batek harrapatzen duen eskola umea;

ezezagunen eguneroko begirada gaiztoak.

Egiaz, ez da halakorik ari gertatzen

—ez da inoiz gertatuko, ez dio gertatzeari utziko sekula—,

ez duenez iraun indarrik,

ez iraupenaren berorik jariatzen,

ez iraupenaren kontsolamendurik ematen.

 

Derrigorrean egin behar da ñabardura:

“Istantaren mirari harrigarriek

ez dakarte iraute zorioneko,

luze eta lasaia”.

 

Hubert eta Felix, iragan udan

Turkiako kostaldean zehar egin genuen itsas bidaian,

senadi txiki batean bota genuen aingura,

eta zodiakean hurbildu ginen itsasertzera.

Aurreko bi asteetan bezala,

egun oskarbia zen, haize epel samar bat zebilen,

eta mendiz jo genuen hurrengo senadira.

Bidean, basoko salbia eta menda bildu nituen,

eta horiexek erabili zituen Felixek,

sukaldeko maisu xaloak,

atzera itsasontzira itzulita otarraina maneatzeko.

Beste senadi horretan almendrondo bat zegoen,

oskol erdi irekiek aireko maskor ziruditen.

Igo nintzen zuhaitzera, eta astindu adarrak,

eta lurrera jausi zen

zaparradaren karraskak,

oraindik ere,

brisa fresko kontinentalera itzulita nagoen honetan,

belarrian durundi egiten dit.

Ondoren, igerian egin genuen ardo koloreko uretan hirurok,

zoriontsu, are zoriontasunagatik zertxobait asaldatuta ere.

Itzuleran, lizar batzuetan gora txirikordatutako

mahatsak bildu genituen,

piku hori eta urdinkarak bildu

liztor burrunbaren erdian,

gure fruituez bekaiztu zen aker bat jazarri zitzaigun,

bildu genituen umotu gabeko mingrana koroadunak,

bertan egon izanaren intsignia,

bildu genituen hazi ilarkara gogorrez beteriko

algarrobo-leka luzexka eta beltzak,

itzuli ginen atzera ur ertzera,

bazkari berdingabe bat izan behar zen hari

amaiera emango zion guztiaz

beterik geneuzkala eskuak,

eta luzaz egon ginen bertan,

ontziaren belari beha,

eta, ondoren, portuko babesean,

beroaren dirdiran, txitxarraren karrankan,

eliza bizantziarraren aurriak ikusi genituen,

sarkofago liziarra

—hondoa jotako txalupa gilaz gora,

nekez bereizten dena gainerako harri formen artean—

eta egungo nomada udatiarren

ohe-arropa iluna

zuhaitz baten adaburutik zintzilika,

eta usaindu genuen belar onen lurrina,

eta gu ginen turistentzat

hil zituzten arkumeen hondakinen

ustel kiratsa

—apatxak, larrua, odola—,

eta aditu iturburu baten murmurioa

eta uraren inguruan zebiltzan

turkiar liztortzar meheen burrunba.

Goiz paregabea izan zen hura,

eta zertaz ari zinen ulertu nuen,

Hubert,

konparazio eta mito zale porrokatua zu,

hura agertoki “biblikoa” zela esan zenuenean;

ez zen beharrezkoa eszenan agertzea

profetak eta Rakel putzuaren alboan…

Eszena bere horretan zen jokatua.

Alabaina, nire hunkidura eta esker ona

ez ziren garbiak:

ezinegon batek, atsekabe batek,

malenkonia batek iluntzen zituen,

neu zeharo sorgortuz.

Mundutik

besteratu banindute bezala nengoen,

orduan galdu izan banu bezala

bizirik egoteko eskubidea.

Hiltzera banindoa bezala,

baina ez zorionez.

Gura nuen burua barku baten helizean sartu,

behinola gura izan nuen bezala

miradore haren beira buruarekin jo,

edertasunaz banantzeko,

lurraz, paradisuaz,

Sion hiriaz, maitasun iruzurtiaz.

Eta sentipen hark ez zuen etenik.

Aurrerakoan, egon gabe bezala egon nintzen,

malenkoniagatik begiak zabal-zabalik,

tiki-taka gaizto bat bihotzean,

bizi antz soil bat, lanerako txokoan

askotan legez, hitzen gainean makurtuta,

jatorrizko adieren gainean,

Eskiloren gizasemeen protohitzen gainean:

“ama-lur”, “olatuen barre zenbakaitza”,

“izar begi” esamolde greziarrak eraberritzen duen

gure “tximistargi” horren distira.

Ez, egun hartan argi neukan,

iraupenaren miraria nuen ments.

Istanta atxiki nezakeen, zalantzarik gabe,

baina, hala ere,

ez neukake haren gainean eskubiderik.

Etxera, pentsatu nuen, ezer ez etxera itzultzea bezala,

lorategi gajora itzultzea,

belar gaizto grisetara;

txikoria belarren esporak (oraindik ere lore hondar zimelekin),

osinen sustrai korapilatu gero eta luzeagoak (tximeleta habiak)

eta azal zilarkara leuneko

ihintz tanta puztuak

tuisar hostoen zimurretan.

Lorategi hura utzi nuen

niretzako ez zen handitasun mediterraneo harengatik,

eta huts egin nituen

malba arrunt urdinkaren loraldia,

malba purpurena,

ezkaiaren ezpain antzeko lore zuriena,

intsusa mahatsen umotzea

(jaten dituzten zozo zalapartariz betea zuhaixka),

hur sortak euren idunekoekin

(tuka ari diren urtxintxaz betea zuhaixka),

errege-udareak

(hozkatzen dituzten erlez betea zuhaitza,

lerdea darien barraskiloz betea lurzorua),

bai eta intxaurrondoaren lehen hosto zimelen

udazken karraska ere.

Berriro izan nuen ziurtasun hura:

estasia beti da gehiegia;

iraupena, aldiz, doia.

 

Etxeko lorategia aipatzeak

ez du esan nahi

iraupena erdietsi daitekeenik

bizileku finko batekin,

azturaz.

Baiki, hainbat urtez

egunez egun ikasitakotik sortzen da,

baina ez dago lotuta leku jakin batean egoteari

eta ezagun ditugun bideei.

Ohiko bizitokian

sekula sentitu gabea nago iraupena

—“norbere baitara bilduta” horretan,

diotenez, “santu” izateko bide horretan—;

betiko bezeroen mahaian

sekula sentitu gabea nago iraupena

—diodan jatetxeekiko begirune osoz,

gorroto ditut

“erreserbatuta” txarteltxoak—;

sekula sentitu gabea nago iraupena

“plater gogokoena” jaten,

“abesti gogokoena” entzuten,

“nire bidea” ibiltzen.

 

Egiatan, iraupena urtez urteko abentura da,

eguneroko bizitzaren abentura,

ez ordea gogogabetasunaren abentura,

ezta inola ere astialdiko abentura (ekintzaz betea izan arren).

 

Orduan, zeri dago lotuta, lanari,

nekeari, zerbitzuari, beti prest egoteari?

Ez; hala balitz, arauren bat izango luke,

orduan, agian, xedapenen bat beharko luke,

eta ez poema bat.

Izan ere, sentitu izan dut bidaiatzen ere,

ametsetan, adi,

jolasean, beha,

kiroldegi batean, eliza batean,

pixatoki askotan.

 

Hurbildu nahi nuke, nolanahi ere,

iraupenaren funtsera;

iradoki nolabait, zor zaiona aitortu,

inarrosi,

etengabe bultzatzen bainau aurrera.

Baina orduan, etortzen zaidan aurrena

hitz solteen letania bat da:

iturri, elur berri, txolarre, bildots-mihi,

egunsenti, ilunabar, benda, kontsonantzia.

 

Inor ezin da fidatu iraupenaz:

ez mezatara

egunero doan elizkoia,

ez pazientzia handikoa, itxarotearen artista bera,

ezta fidela ere,

beti, hutsik egin gabe egongo dena zeure alboan,

ezin daitezke bizi osoan ziur egon hartaz.

Nago

hura posible dela bakarrik

egiten den horretan

adi

egonez gero,

eta arduraz eginda, astiro,

hezur eta mami bete sosegu.

 

Zertan, baina,

behar nuke jarri arreta?

Biziei —haietako bati—

diedan maitasunean

zertuko da iraupena,

eta haiek didatenaren uste osoan

(irudipen hutsa izan arren).

Izan zer handirik ez da,

ez da ezer berezia, ez bakana, ez gizagaindikoa,

ez da gerra, ez ilargiratze bat,

ez aurkikuntza, ez mendeko obra,

ez gailurra jotzea, ez kamikazearen hegaldia:

milioika gizakirekin partekatzen dut,

nola auzokoarekin,

hala munduaren azken mugako biztanleekin,

hala han, non zera erkide honen bidez

munduaren erdigunea bera eratzen baita,

nola hemen, nire alboan.

 

Baiki, zera hori, urteen poderioz iraupen eratorriko dena,

funtsean, funsgabea da,

ez du hartaz hitz egiterik merezi,

bai ordea, idatziz finkatzea:

niretzat, funtsezkoena behar da izan.

Nire egiazko maitasuna behar du izan.

Eta neuk,

iraupen une horiek sortuko bazaizkit,

eta nire bisaia zurrunean arrastoa utziko badute,

eta nire bular hutsean bihotz bat sartuko badidate,

beharrezkoa dut, zeharo,

urtez urte

maitasuna entseatzea.

 

Dena delakoan ahalegin betean ari banaiz,

maite dudana eta funtsezkoa denez,

eta, horrela, iraungiko ez denez,

apika, sentitu ahalko ditut,

are ezustean soilik sentitu ere,

iraupen ikarak,

eta, betiere, hutsala den zerbaitetan,

hotsik egin gabe ate bat ixtean,

sagar bat kontu handiz zuritu bitartean,

atari bat jakinaren gainean zeharkatzean,

josteko hari izpia jasotzera makurtzean.

 

Iraupenaren poema maitasun poema bat da.

Bat-bateko maitemin bati buruz da,

eta haren segidan etorri ziren beste askori buruz.

Eta maitasun horrek

ez du iraupena aldietako ezeinetan,

baizik eta lehengo batean eta hurrengo batean,

maitasunak ematen duen denboraren beste zentzu horrekin,

lehengoa hurrengoa ere bazena,

eta hurrengoa lehengoa ere bai.

Bat ginateke jada

bat egin baino lehen;

bat izaten jarraituko genuke

bat egin hurren ere,

eta, horrela, urteak eta urteak egingo genituzke,

aldakaz aldaka,

hatsaldiz hatsaldi,

elkarren ondoan.

Gaztaina koloreko ileak gorritu zitzaizkizun,

eta hori bihurtu.

Orbanak gehiagotu zitzaizkizun,

eta ez nizkizun inon topatzen.

Zure ahotsak dar-dar egin zuen,

irmo jarri zen, xuxurla egin zuen, inarrosi egin zen,

kanta bihurtua zen azkenerako,

hots bakarra gauaren neurrigabean,

eta isildu egin zen nire ondoan.

Zure ile laztuak kiribildu egin ziren,

zure begi argiak ilundu,

zure hortz handiak txiki bihurtu,

zure ezpainen azal leunean

filigrana bat zen marraztu,

zure kokots beti leunean

lehen ez zegoen elutxa bat nuen haztatu,

eta gure gorputzek, elkarri min egin ordez,

bat egin zuten,

eta, bitartean, logelako horman,

kaletik sartzen zen argian,

Europako lorategietako zuhaixken itzalak mugitzen ziren,

Amerikako zuhaitzen itzalak,

han eta hemengo hegazti gautarren itzalak.

Baina iraupena

ez dago sexu amodiora mugatuta.

Hel daiteke zure haurrari diozun maitasunean,

ez, derrigorrean, mainatzean,

laztanetan, muxuetan,

baizik, beste behin ere, garrantzirik gabekoa soilik dela bide,

eta ez da bide hoberik besteengana!

Ongintza da,

bere hobe beharrez,

haurra bakean uztea:

haurrarekin iraupena

bizi zenezake

adi zauden aldietan,

orain hamar urte

haur neurriko beroki urdin kaputxaduna

kakoan esekitzen zenuen

keinu arretatsu berarekin,

orain heldu neurriko larruzko jaka marroia

beste kako batean, hiri zeharo desberdin batean,

esekitzen duzun unean;

haurrarekin iraupena

etor dakizuke,

zeregin ustez baliagarri batean

logelan sartuta ordu mordoa daramazula,

guztia ordenan egoteko falta den hori,

etxeko atea ireki den hotsa,

itzuleraren seinale,

isiltasunean entzuten duzun bakoitzean,

une horretan, zuretzat,

hosberatan hosberena zaren horrentzat,

ari zaren horretan adi zaudela,

musikarik ederrena entzun bazenu bezala da.

Zure ondorengoarekin iraupena,

agian, ikusezin bihurtzen zarenean

sentitzen duzu bizien:

ezkutuan hari beha egoten zarenean eguneroko bidean,

hartu duen autobusa aurreratzen duzunean,

autobusak ostera zu aitzinatzean,

leihoan, ezezagunen hurrenkeran,

aurpegi ezagun bakarra ikusteko,

edo, besterik gabe, urrutian irudikatzen duzunean,

besteen artean, besteen babesean,

besteen begirunearekin,

metroko jendetzan.

 

Iraupen une horietarako,

poemak, bere kabuz, aditz aparteko bat darabil:

izarratzen zaituzte.

 

Baina urteak igaro eta zeure buruarekin adiskidetuta egoteak ere

eman diezazuke iraupena.

Begietara so egin ahal badiot neure buruari,

bakean joan naiteke.

Izan nintzen haurraz

pentsatu badezaket,

jada berarekin topo egin dezakedalako da.

Nire akatsekin (ez nahitakoekin)

onbera izateak;

bidegabekeria bat egin zaidanean

nire artekoetan azkena banintz bezala

neure burua lasaitzeak;

hitz zehatza une egokian topatzeagatik

garaipena ospatuz

neure bularra kolpatzeak;

eta nire logelako anabasa zeharkatzean “bai” orro egiteak

ardo finenaren botila batek

adina gaztetu nazake

(bestelako ajeekin).

 

Bitxia da, halaber, iraupenaren sentipena,

zenbait objektu usatu direnean kausa,

zenbat eta ezdeusago, orduan eta hunkigarriago:

koilara hura,

etxe-aldaketa guztietan lagun;

toalla hura,

zenbat bainugelatan ez da egon zintzilik;

teontzia eta lezkazko aulkia,

urtetan sotoren batean zokoratuta

edo beste nonbait gordeta,

eta orain, azkenean, beren tokian berriro,

baiki, behinola egondakoaz bestelako batean,

baina, hala ere, haienean.

 

Eta azkenik:

dohatsu hura, iraupenaren lekuak dituena;

erbestean bizilekua hartuta ere,

eta sorterrira itzultzeko aurreikuspenik gabe,

ez da gehiago izango deserriratu bat.

 

Eta, orobat, iraupenaren lekuak distiragabeak izan ohi dira,

askotan, ez dira inongo mapatan ageri,

edo ez dute izenik bat ere.

 

Ezein kanpotarrek ez du ezagutzen Griffengo lakua,

eta izan liteke nire herriko haur batzuek

gaur egun ez jakitea

inguruetan laku bat dagoenik,

gerrartean

uretan nenufarrak ageri ziren postalak zeuzkana

“Griffen, Griffengo lakuaren ondoan” legendarekin.

Eta, hala ere, urmael lokaztu hori,

laster guztiz desagertuko dena

—hori dute buruan autobidearen ibilbidearen plangintzan dihardutenek—,

niretzat iraupenaren leku bikain bat da.

Umetan, aitonarekin joaten nintzen hara

bazkatarako belarra moztera.

Lakua, asfaltozko errepidearen beste aldean,

are gerora legarrezko “errepide zaharra” izandakotik haratago ere,

gordeta zegoen, justu, mendi baten oinetara,

eta mendi hark Erdi Aroko gudaldi bati izena eman zion,

“Wallersbergeko gudaldia”,

eta mendi hartan ibiltzea nuen ohitura,

XIV. mende hartako

arma arrasto herdoilduen bila.

Ertzetik aldentzen ginen

gurean schinakel esaten zaion txalupa ia laukia

kizkiarekin gobernatuz,

eta kanaberadia zeharkatzen genuen,

errentan genuen saila zegoen lekuraino.

Han izaten zen landare urtar mamitsu eta berdexka hura,

hasch”, behien bazka gogokoenetako bat,

eta esnearentzako bizigarri aparta.

Oraintxe bertan, nire alboan, idazmahaian,

aspaldi ihartu zen zurtoin bat dut,

oso bestelako laku batean bildua,

Doberdob lakuan, Triestetik hurbil,

Karsteko laku bakarrean.

Hatzen artean krak egiten du,

eta berriro entzuten ditut lehen euri tantak

gure txalupara erortzen.

Marraduna da, edo lizun orbanak besterik ez dira,

eta puskatzen dudanean

barnetik hauts lainotxo bat irteten da,

usain gozokoa, edozein lastorena baino gozoagoa,

eta berriro entzuten dut idien hortzen karraska.

Belar bilketak udan izaten ziren, egunsentian,

igitaiarekin,

eta aldi haietako batean,

agurearen emazteak, etxean, gaixorik,

isilik, azken hatsa eman zuen.

Denborak aurrera egin ahala, ura sartzen hasi zen txalupan,

lohi beltz bat zirrikituetatik barrena, izainekin,

eta agureak haurraren hanketan eta beretan jartzen zituen,

nekazari hanka haietan, hanka zurbil haietan,

zioenez, ona zelako:

zizare itxurako animalia txiki haiek,

ziztada zorrotz baten antzeko hozkada irmo batez

larruazalera itsatsita,

nabarmen puzten ikusi,

eta barea baino handiago egin arte

itxaron behar zen.

Gaur egun, lakutik isurtzen den errekastoa bideratuta dago,

eta ur haietatik geratzen dena

ihiek eta sastrakek ezkutatzen dute.

Familiako txalupa beste ertzera igaro da, mugaz haraindi,

Lago di Doberdò, bertakoek berezko eslovenieraz Doberdibsko jezero diotenera,

eta haltz makila bat da orain arrauna,

eta zomorro hurrupatzaileak egon beharrean, kurlintak daude.

Halere, iraupenaren isiltasun gozo bera da

nagusi bi lakuetan,

eta ahal dudan guztietan egiten dut erromesaldia hara.

Lakuon isiltasunean

badakit zertan ari naizen,

eta, zertan ari naizen badakidanez,

badakit nor naizen.

Haien ertzetan egoten naiz,

begiak eta belarriak erne,

arratsa etorri arte.

Urtxorien zalapartak

isiltasuna zabaldu egiten du:

hartatik ikasten dut.

Sastraka artean, lokatzean sakon inprimatuta,

apatx arrastoak.

Egun batean, Griffengo lakuari diodan maitasunagatik,

ibili neketsua egin nuen hartatik isurtzen den errekan gora

—ez baitago lakua zeharkatzeko beste modurik—,

eta ibilian ur garden haiek uhertu nituen,

hondoko hareak harrotu,

eta mikak dir-dir egiten zidan

gerri inguruan,

pikor zilarkara bat, apika,

Itsaso Beltzera bidean.

 

Agortzen ari den laku hori ez bezala,

Parisko mapa guztietan ageri da Porte d’Auteuil:

hiriko mendebaldeko ateetako bat delako du garrantzia,

baina, urteekin, niretzat hori baino gehiago bilakatu da.

Hiriko kale askok, ekialdetik, iparraldetik eta hegoaldetik,

ganga-formako plaza zabal hartan egiten du bat,

eta handik irtenda,

Boulogne, Saint Cloud eta Versailles datoz,

eta, aurrerago, Normandia eta itsasoa.

Han, ibilgailuen motor burrunba etengabean

—baita terminal txikiko tren zaharren triki-traka ere—,

aldirietako zeruaren pean,

aieru beti berri bat etortzen da,

baina plazaren atzean, lehenik,

Bois de Boulogne ikusten da,

bertako pinu, zedro eta astigar zuri altuak,

Porte d’Auteuil beste ezer ez balitz bezala;

metropoliaren barrenetik oihan tropikalera doan pasabide bat.

Atzerriko plaza hori,

Griffengo lakua bezala,

nire santutegi laikoa bihurtu da,

eta lantzean behin hara bidean jartzen naiz,

iraupenaren mirakulua suertatzea espero baitut

(gertatuko den ziurtasunik batere gabe, noski).

 

Printzeen Parkearen

eta hipodromoaren inguruetan,

Auteuilgo Atea tasun paristarrik batere gabea da;

edozein periferiako Epsom Tavern,

kirol-dendak bata bestearen atzetik

eta eraikin gotor, itzel eta ilunak,

izan liteke Milan.

Plaza hori

-iraupena gertatzeko baldintza ote?-

munduko edozein lekuren erakusgarri ezin hobea da.

Gauez, urak

hustubidetik doazela,

astigar zurien fruituak dilindan

eta binorri adarrak dantzan dauzka haizeak;

gauaren belztasunean txandaka,

semaforoen kolore aldaketa etengabea

(jokatzez sekula nekatuko ez naizen

makina txanponjalea),

eta, aireratu beharrean bezala,

ziztu bizian autoak eta autobusak,

beren argi frantses horiekin,

oinezkoen azpian asfaltoa dardararaziz.

Leku honetan lehen aldiz

hogeita hamar urterekin egon nintzen arren,

irudipena dut gaztaro osoa bertan igaro nuela,

are orain eta hemen gertatzen ari dela ere,

eta eragozpenak eragozpen

—bihotzekoaren beldurrez plazan egiten ditudan nora gabeko ibiliak—;

jai nazionalaren eguneko tankeen desfilea,

eta errepideko ildaskak eta tarratatuak;

futbolzale mozkorrak whiski botilari zupaka,

autotik salto egin

eta aurkako taldeko bat

pistolaz destatu zuen gidari hura-,

ezerk ezin dezake ahuldu iraupenaren leku hartan dudan konfiantza.

Iraupenaren hatsa sarri sentitzen jarraitzea dut desio.

 

Niretzat, ordea, iraupenaren leku kutuna

Fontaine Sainte-Marie da,

periferiako Clamart eta Meudon arteko basoan.

Basoaren soilgune batean dago,

bidegurutze batek eratzen duen hiruki formako belardian.

Lorategidun jatetxe txiki bat dago bide ertzean;

kanpotik, gorriz margotutako harrizko etxola,

barruan, leku atsegina,

eta handik, uda eta negu, iturria,

soilgunea eta zeruertzerantz doan

lurbidea ikusten dira.

Galdetuko balidate non den munduaren erdigunea,

Fontaine Sainte-Marie izendatuko nuke.

Izan ere, iturria berau, erdi-erdian dago;

beti hartzen nuen atseden bertan,

Clamartetik

basoan barrena

Meudon mugakidera

umea eskolatik hartzera egiten nuen bidean,

eta orain ibilbide bera

egiten dut ahal dudanero.

Paris hurbiletik doa Sena,

erretenetik doaz urak,

baina gainerakoan kilometro askoan deus ez.

Antzinako errekak lurpean isurtzen dira,

porlanez daude estalita.

Fontaine Sainte-Marien

topatu nuen metropoliko iturburu bakarra,

erreka natural bizi bakarra.

Harako bidea beti

oinez egiten dut,

inoiz ez autoz,

eta basoaren atarian jada

erakarpen bat senti dezaket;

hausnar arrunten haria eten,

eta nire pentsamendua munduari buruzko gogoeta bihurtzen da.

Nire baitako hitz-aspertuaren ordez,

ahots ugarien sufrikarioaren ordez,

arrazoiketa iristen da,

isiltasun askatzaile gisako bat,

eta hartatik, hala ere, ondoren, behin lekura iritsita,

pentsamendu bat, nire pentsamenduetan gorena

datorkit ozen:

gorde salbu, gorde salbu, gorde salbu!

Zirrara leun bezain bortitz horrekin,

begiak borobildu egiten zaizkit,

krakateko bat aditzen dut belarri barnean,

eta basoko soilgunean

eskerrak ematen ditut bertan egoteagatik.

Doberman beltz hanka okerrak

patxadaz usna diezazkidake belaunpeak.

Batzuetan, taberna itxita topatzen dut;

zein urtarotan noan, iturria lehor

—agian, laster hormigoiz estaliko dute betiko—;

baina orain horrek ez dio axola:

baiki, hau da iraupenaren lekua,

lehen eta orain, zurian beltz jartzen dudana,

Lurrarekin bat, udaberri hasieran,

intxaurrondoak loretan diren honetan,

gizateriarekin bat, albo baten luzera osoan horma duen lurbidetik

haur-kotxea zeruertzerantz

bultzatzen duen emakumearen irudian.

Parisen izan nintzen azken aldian, Arthur,

berriro ere Fontaine Sainte-Mariera

elkarrekin itzultzeko geratu ginen.

Hala ere, aldi hartan, bertan

ordubete pasatxo generamala,

adostu genuena beharrean,

bidea bakarrik egiteko bulkada etorri zitzaidan,

eta etxera bidali zintudan.

Ulertu zenuen

—ofiziozko itzultzaile bainoago bihotzezkoa zu,

gogaide, testuaren antzezle, adiskide—

azalpenik behar izan gabe, eta ospa egin zenuen

barrez eta imintzioka hirirako bidetik,

zure Porte des Lilasera, ekialdeko atera, amañi-lilien atera,

beharbada, neu bezala, bakarrik, iraupenaren konpainian

egoteko irrikatan zeundelako.

Bai, Fontaine Sainte-Marie, edo Porte des Lilas,

maite zaituztegu.

 

Hala ere, iraupenaren zirrararen,

zirrara gehigarri horren xerka bidaiatzea,

urteroko erromesaldi eta erromeria,

oraindik ere beharrezko al dut?

Akordatu zaitez bekaitzezko ziztada haiez,

bidaztiak ikusten zenituenean

zure hirian barna

—artzapezpikutzaren denboratatik arimagabeak ziren kaleetan—

(txikia izan ohi zen) hatuarekin geltokirantz,

eta bularreko zimikoaz,

zeure burua arratsaldeko hegazkinean jesarrita irudikatzen zenuenean,

mendebalderantz, lorratz kizkurra utziz zeruan.

Jada ez dut iraupenaren lekuetara

munduan zehar bidaiatzeko premiarik.

Adia galduta ere,

denbora hartzen dudanean

bonbilla bat poliki hariztatzeko,

harri bat haztatzeko,

eskuaz keinu leun bat egiteko,

menturaz, Griffengo lakuko isiltasun bizia

jabetzen da nitaz;

zalgurdiak hara-hona dabiltzan Residenzplatzera heltzen da ia-ia

Porte d’Auteuileko zalaparta eta jendetza;

zutik diraut

Fontaine Sainte-Marieko triangeluaren alboan.

Neure burua hezi dut

iraupena itxarotera,

erromesaldian indarrak xahutzeari utzita.

 

Etxean geratze hutsa ez da aski;

irten egin behar naiz iraupenarekin topo egiteko.

Maite dudan horri bidera irteteak,

edo haren xerka abiatzeak,

areago eta luzaroago nau arnasberritzen

edozein iraupen lasterketak baino.

Etxera bidean denari

etortzen zaio iraupena

etxean jesarrita dagoenari bainoago,

Odiseori, kinka larrian zela,

Pallas Atena jainkosa laguntzera agertu zitzaion bezala.

Etxean ere usu biltzen da iraupena nirekin,

lorategian hara-hona nabilenean,

elurpean, euritan, eguzkitara, ekaitza dagoenean,

ezpelari so nagoenean, nola dantzarazten duen haizeak,

armiarma sarez beteriko haginari,

eta, Zoharraren arabera,

“ahotsaren gidari diren zeruko txoriei”,

edo gelaren barnean,

lan-mahai esaten dioten horretan jartzen naizenean,

ez ordea nire baitara bilduta nagoenean testuren batekin lanean,

baizik, orduan ere, egiazki hutsala den zerbaitetan;

aulkia apur bat atzeratzean,

tiraderari soslai begiratzean,

apalean urtez urte ugariagoa den betaurreko sortari

soslai begiratzean,

kanpoaldean, katuek elur lodian eta

belar luzetan harilkatu dituzten oinatzei

soslai begiratzean,

lautada zeharkatzen duen trena eta haren txistu hotsa,

haizea nondik datorren,

alde batetik edo bestetik entzutean.

 

Iraupen, nire atsedena.

Iraupen, atsedenerako leku nirea.

 

Iraupenaren bulkada iragankor,

leku esangarri batez biltzen nauzu,

eta azalpenetik beretik beste leku bat eratortzen da.

 

Egia sekula betiko:

iraupena ez da bizipen kolektibo bat.

Ez da herrigintza.

Eta, hala ere,

iraupenaren graziazko egoeran,

azken batean ez nago erabat bakarrik.

Iraupena da nire ordaina,

haren bidez noa eta naiz.

Iraupenak bihotz emanda,

banaiz

Griffengo lakuan ni baino lehenago egon ziren haiek ere,

Porte d’Auteuil nire ondoren inguratuko duten horiek ere,

Fontaine Sainte-Mariera bidelagun izan ditudan guztiak ere.

Iraupenean bermatuta,

nik, egun bakarreko izaki,

bizkar gain daramatzat

nire aurrekoak eta nire ondorengoak,

altxatzen nauen zama bat.

Horregatik, esan liteke iraupena dohain bat dela,

ez al da egia haren irudiek eta hotsek

distira eta doinu aproposak dituztela?

Arratsaldeko euria goizeko putzuen gainean;

teontzira leun erortzen den elurra;

Salzach ibaia zeharkatzen duen autobidean

ziztu bizian doazen kamioien errotulu beti berdinak.

 

Iraupenaren bulkadak berak

berez ematen dio ahotsa poema bati,

hitzik gabeko erritmo bat,

eta horrekin,

osagai askatzaile,

azkenean ongia garaile aterako den

epopeia bat hasten zait taupaka zainetan.

 

Zauri bat ixten da

iraupenaren bedeinkapenarekin,

artean nuenik ere

ez nekiena.

 

Iraupenaren bultzada

izan dut ments.

Iraupena sentitu ez duena

ez da bizi izan.

 

Iraupenak ez nau bereganatzen,

dagokidanera narama.

Eguneroko gertakizunen argietatik

egiten dut ihes iraupenaren gordeleku badaezpadakora.

 

Iraupena gertatzen da

dagoeneko haurra ez den

—agian dagoeneko zaharra den—

haurrarengan

haurraren begiak ezagutzen ditudanean.

 

Iraupena ez datza antzinateko harri

higagaitzean,

iragankorra da,

moldagarria.

 

Iraupen malkoak, hain gutxitan!

Poz malkoak.

 

Igarri,

eskatu eta erregutu ezineko

iraupen ikarak:

osatu duzue

poema.

 

 

Ezein irudik ez du ordezkatuko iraupenaren intuizioa,

baina objektu mota oso desberdinen irudi desberdin askok,

beren ekinak bat datozenez, kontzientzia bideratu dezakete

nolabaiteko intuizio bat agerikoa den puntu zehatzera.

 

Henri Bergson

 

IRAUPENARI POEMA
Peter Handke

Gedicht an die Dauer, 1986
euskaratzailea: Asier Sarasola
armiarma.eus, 2021