BIHOTZAK BADITIK HORRELAKO GAUZAK
Akram Aylisli

euskaratzailea: Josu Zabaleta
armiarma.eus, 2016

 

1

 

       Sarvar soldaduskatik beste garai batean itzuli izan balitz, bazitekeen ez hastea aspertzen hain bizkor. Baina udazkenean itzuli zen. Udazken bukaera aldera. Soroetatik dena jasota zegoen, eta aitaren meloi-soroa hutsik… Maldetan, non belarra gizon baten tamainakoa izaten baitzen, dena moztuta zegoen, azkeneko belartxoetaraino; baratzeak bilduta zeuden aspaldidanik eta eroritako hostoak erreta; adar ihartuen artean geratutako irasagar ale batzuk, lasto metak kolkhoseko larrainetan horitzen, horixe zen udazkenak bere oparotasunetik Ailisen utzitako guztia.

       Lehenengo egunean bertan atera zen Sarvar kalera eta ordu batzuk aski izan zituen hiru urtean ikusi ez zuen guztia ikusteko. Ikusi zituen neskak eta emakumeak, behinola bezala, iturritik urketan, gizonak txaikhanean tea edaten, eta mutilak klubean dominoan jolasten. Ikusi zituen herritarrak behinola bezala ilunabarrean platanondopean biltzen, futbolaz eta politikaz hitz egiten eta, gero, presarik gabe etxeratzen, hiru urte lehenago bezalaxe, hitz berberak esanez, ohitura berari jarraituz, te bat hartzeko sartzera elkar gonbidatuz. Ilunabar hartan bertan zenbaitek Sarvar te bat hartzera sartzeko gonbidatu zuten, eta berak ere gonbidatu zituen beste batzuk… Etxerakoan, kantoian mutiko batzuk ikusi zituen tabakoa erretzen hasita, beste leku batean neska taldetxo berri bat sumatu zuen txutxumutxuka. Eta bere aitari, Agalar-i, oraindik ere behinola bezala Katuen Sarjentu deitzen ziotela ohartu zen, eta amari Txitoen Andrea. Eta asperdura etsi bat sentitu zuen.

       Bat-batean ohartu zen ezin zuela negua han igaro: dena geldirik, ez duzu ez autorik eta ez bestelakorik entzuten; zeruraino iristen diren mendi elurtu hauek erabat bereizten dute Ailis mundu osotik. Etxetik txaikhanera, txaikhanetik etxera… Neguak izutu egiten zuen Sarvar; neguak izuturik hartu zuen lo eta ametsetan uda azaldu zitzaion: udako gau epel, distiratsu bat.

       Meloi-soroan dagoela, oholezko kamainan lotan eta kamainarekin batera airean gora eta gora planeatzen, eta meloi-soroa aurrean, esku-ahurrean bezala. Ilargiaren argia meloi-soroaren gainean isurtzen, zuri-zuria, esnea bezala, eta meloi zuriak, artalde zuri baten gisan, zapaldetan jareginda barreiatuta… Meloiei begiratu, eta bat-batean ikusten du: mendi-ertzean, oinean bertan itzal batzuk mugitzen direla, zuhaixkak-edo ote diren… Bitxiak, itxura txarrekoak, mugitu egiten dira, ibiltzen ari dira, xuxurlaka, azpijokoren bat asmatzen… Eta, horretan, lekuz aldatu eta meloi-sorora oldartzen dira; eta zuhaixka antzeko irudi biribilkaren pila hartatik, kapaz jantzitako artzain erraldoi bat jaikitzen da, eskuan makila bat duela; makila astintzen du, eta zapaldetan bakean lotan zeuden meloi zuriak jauzi batez altxatu eta artalde zuri batean lasterka doaz kapa beltzezko erraldoiaren atzetik. Sarvarrek garrasi egiteko gogoa du, ezin du; jauzi egin nahi du, ezin du. Eta orduan eguna argitzen du, goiza hasi da, eta Sarvarrek ikusten du: kapa beltzeko artzaina Axdar da. Mendiaren gailurrean dago zutik eta keinua egiten dio, eskua astinduz: “Zatoz Bakura!… Bakura!… Bakura!…”.

       Ametsak amets eta Axdarrak Axdar, Sarvar goizean ohetik jaiki zenerako garbi zeukan neguari buruzko kontua erabakita zegoela dagoeneko. Bihotza arin zuela garbitu zen, bizkor-bizkor jan zuen, kalera atera zen, aspaldidanik abandonatuta zegoen ondoko etxe aurrean gelditu zen. Axdarren etxea zen; patioa, laharrez betea, eta teilatua belarrez estalita… Txaikhanean jakin zuen Sarvarrek Axdar Bakun zela. Eta Teimur ere salerosketan aritzen zela han merkatuan. Teimur Sarvarren ikasketa-laguna izana zen, ikasgela berean; horregatik hainbesteraino adoretu zen, non hornigaiak erosten hasi baitzen kredituan, aitari hitz bat bera ere esan gabe eta amari dirurik eskatu gabe. Ordu arte merkataritzan inoiz aritu gabea zen, baina entzuna zuen, Bakura eramateko, almendrak eta intxaurrak zirela irabazi gehien ematen zutenak. Zalantzarik egin gabe, almendrondoak eta intxaurrak zituztenengana jo zuen. Joan, lukurreru trebe bat bailitzan negoziatu, eta azkenean kontua burutu zen: Xovkat izebari hirurogei kilo intxaur atera zizkion merkezurrean, Giulgoz izebari berrogeita hamabost kilo almendra; etxeratu, kostata, baina ama konbentzitu zuen eta ondoren, bien artean, aita konbentzitu zuten. Eta Sarvarrek hura dena antolatzen eta prestatzen zuen bitartean, Baku ikusten zuen begien aurrean, Baku erraldoi osoa, ikustez arrabalak, Balasari, baizik ezagutzen ez zituen arren, armadan hara bidali zituztenetik; Sarvar ikusten ari zen bere burua, salgai guztiak saldurik, diru askorekin, libre eta kezkarik gabe, beroki berriarekin eta traje berriarekin, baimena eman zioten batean ibilitako Leningradeko kaleetan pasieran. Eta denbora guztian gogoan zituen Axdar eta aspaldiko historia bat ere.

       …Udara zen: meloiak umotzen hasten diren garaia. Eta horra non, uda hartan bertan oilanda bat desagertu zen meloi-soroko burdinazko kaiolatik. Goizean, galera aurkituta, meloi-soro osoa miatu zuten Sarvarrek eta aitak, hankak nekatu arte, oilandaren bila, baina luma bat bera ere ez zuten aurkitu. Hurrengo gauean beste oilo bat desagertu zen. Orduan Agalarrek erabaki zuen ez zela lotara joango, eta zuhaizpeko sastraketan ezkutatuko zela eskopetarekin; goizerako nekatu egin zen, ordea, eta loak hartu zuen; beste oilo bat galdu zen eta lurpean bezala suntsitu zen. Agalar seriotan haserretu zen, kontu hura gaiztotzen ari zelako; norbait zebilen hartan: piztia batek ez du ateratzen oilanda bat burdinazko kaiolatik. Eta orduan oilarra ere bai, oiloek ez diote axola; ohore-kontua zen jada. Garbi zeukan ez zela horretan bukatuko gauza hura; meloiak umotzen hasita zeuden…

       Luze pentsatu zuen Alagarrek, batera eta bestera probatu zuen, herrian zituen etsai guztiak gogoratu zituen, inguruko herrietako fidagarriak ez ziren mutilak aztertu zituen, baina ezin izan zuen inolako ondoriorik atera. Agalarrek ez zuen aukerarik izan oilo-lapurra ikusteko; Sarvarrek ikusi zuen: gau haietako batean lapur hura bere kabuz azaldu zen meloi-soroan. Areago, meloi-soroan, ohatzeraino bereraino ari zen inguratzen… Agalar lotan zegoen dagoeneko, zurrunka ari zen ametsetan; Sarvar, berriz, etzanda baizik ez zegoen. Ahuspez zegoen etzanda, ilargiaren esne-argi zuritan zapalda grisetan zurixka ageri ziren meloiei begira. Eta, horretan, norbaitek bere izenez deitu zion. Sarvarri ikara eragin zion, izutu egin zen, hainbesteraino non ez baitzen gauza izan oihu egiteko, aita esna zedin.

       —  Ez oihu egin! —entzun zuen behetik xuxurlaka—. Jaitsi hortik! Etorri hona. Ez izan beldurrik; ni naiz, Axdar.

       Baina Sarvar hainbesteraino kikildu zen, non ez baitzen gauza izan behera jaisteko. Burua jasotzeko beste indarrik ez zuen, eta bere azpi-azpian zutabe baten kontra bermatuta ikusi zuen Axdar. Zutik zegoen, behatza ezpainetara eramanez: “Ixo!…”.Haren gorputz luze, argala sendo zegoen, “ixo!…”. Orduan Axdarrek eskua luzatu zuen, Sarvarri heldu eta kontu handiz lurrera jaitsi zuen. Isilik igaro zuten meloi-soroa, ertzeraino bertaraino, eta intxaurrondo handi baten azpian gelditu zen Axdar.

       — Eseri!

       Sarvar eseri egin zen.

       — Ederki egin duk oihurik ez eginda. —Axdarrek irribarre egin zuen, eta bizkarreko bat eman zion Sarvarri.

       Pixka batez elkarri begira egon ziren, isilik.

       Izutu egin haiz, e?

       Sarvarrek ez zion erantzun.

       — Aizak, ekar ezak zerbait mokadu bat egiteko —eskatu zion bat-batean Axdarrek—. Gosea denean, hankak indarrik ez… Jokatu gizonak bezala! Ez esnatu Katuen Sarjentua.

       Sarvar isildu eta janari bila joan zen. Ardi-gazta bat eta bi talo ekarri zituen. Axdarrek jan zuenean, Sarvarrek beldurrez galdetu zion:

       — Zuk lapurtzen zenituen oiloak?

       — Bai…

       — Herrian zure bila ari ziren!…

       — Bazakiat.

       — Bost polizia etorri dira.

       — Hara!…

       — Guri ere galdetu digute zuri buruz. Aitak esan die Bakun zinela… Baina ez zinen Bakun?

       — Bai, han ninduan.

       — Zergatik ez zara geratu han?

       — Usaina hartu zidatean. Alu batek saldu naik.

       — Eta zer egin behar duzu orain?

       — Puska batean hemen ezkutatu; gauzak baretuko dituk; orduan berriro itzuli.

       Sarvarrek ez zuen gehiagorik galdetu: gainerakoa argi zegoen horrela. Hiru bat hilabete lehenago, Axdarrek, kontserba-fabrikan kontrolatzaile-lanean ari zela, hiru mila errublo atera zituen, okaranak erosteko omen, eta desagertu egin zen; historia hori denek zekiten Ailisen. Geroago norbaitek Bakuko merkatuan Axdarrekin topo egin zuen; berri hori ere segituan zabaldu zen herrian. Sarvarrek gauza asko entzun zituen hiru hilabete haietan, eta Axdar, beren auzokoa, kalean egunero topatzen zuen pertsona arrunta zena, ipuinetako bidelapurra bihurtu zuen irudimenean. Sarvarri ikaragarrizko gauza iruditzen zitzaion gauez landa zabalean haren ondoan eserita egotea. Sarvar isilik zegoen, hartan pentsatu eta pentsatu, eta gero kontu handiz galdetu zion:

       — Eta non lo egiten duzu gauean?

       Oraingo honetan Axdarrek ez zion segituan erantzun, luzaz eta finko begiratu zion mutikoari begietara, hain luzaz eta finko, non Sarvar zertxobait ikaratu eta guzti egin baitzen. Eta ondoren Axdarrek galdetu zion:

       — Ez nauk salatuko?

       — Zer!… Inori ez diot esango!

       — Zin egin!

       — Zerengatik?

       — Ba… sinesten duan zerbaitengatik!

       Sarvar luze aritu zen pentsatzen, baina ez zitzaion ezer bururatzen.

       — Ilargian sinesten duk? —galdetu zion Axdarrek, zerurantz seinalatuz.

       Sarvarrek burua jaso zuen. Gau hartan hain handi, hain distiratsu zegoen ilargia, non ezinezkoa baitzen, benetan, hartan ez sinestea.

       — Sinesten dut! —esan zuen Sarvarrek.

       — Zin egin!

       — Ilargiagatik?! Zin egiten dut!

       — Altxatu. Goazemak!

       Luzaro ibili ziren, harik eta mendian bertan sasiarte batera, herrian “Suge zuloa” deitzen zuten lekura, iritsi ziren arte. Han, mizpirondo baten adar zabalen azpiko abarrartean, alde guztietatik laharrarte arantzatsu batez inguratuta, zuen egina Axdarrek bere gordelekua. Hara sartzeko, luzaro ibili behar zen herrestan sastrakapean. Ilargiaren argia ez zen sartzen hara, eta Axdarren eskuargiak baizik ez zuen argi pixka bat egiten misteriozko mundu hartan… Han, lahar artean, herrian betidanik kontatzen zenez, han omen zen suge pozoitsuen samalda hartatik, suge bakar bat ere ez zela, horrek harritzen zuen gau hartan Sarvar, beste ezerk baino gehiago. Luzaro ibili ziren herrestan, harik eta sastrakak pixka bat bakantzen hasi ziren arte. Azkenean Sarvar iritsi zen arrastaka, zutitu zen eta txundituta geratu zen: abar txirikordatuz egindako etxola bat zegoen, eta haren aurrean, kontu handiz garbitutako soilgune bat, belar guztia moztuta, lurra aitzurtuta, berdinduta eta are ureztatuta ere; etxola atzean, mendiaren kontra, harrizko iturritxo bat. Axdarrek urtegitxo bat egina zuen han, eta ilargiaren argitan urak ñir-ñir egiten zuen hartan, berun urtua bailitzan; sutondoan kedarrak belztutako te-ontzi bat eta oilo-hezurtxo batzuk zeuden barreiatuta.

       Mutikoa erabat txunditzeko bezala, Axdar etxolaren aurrean geratu eta ziztu egin zuen, txakurrari deituz bezala; baina etxolatik ez zen zakurrik atera, triku bat baizik. Sarvar harrituta zegoen trikua lasai zebilelako han. Lehendabiziko aldiz ikusten zuen trikua jende artean horrela jokatzen. Eta trikuak Sarvarren gogoetak ulertu izan balitu bezala, kiribilkatu eta burua ezkutatu zuen. Eta hori, zergatik edo hargatik, asko gustatu zitzaion Axdarri.

       — Anaiatxoa bezala dut —esan zuen—. Honela bizi gara, elkarrekin… Fidatzeko morroia! Nik lo, eta berak zaindu. Piztia bat bera ere ez da sartzen!

       Etxola barruko traste guztiak ezagunak ziren: zamarra bigungarriduna, petrolio-ontzia, petroliozko lanpara, Axdarren ama zenak ur bila joateko erabiltzen zuen gurbila, pertza… (Haiek guztiak herritik eramanda zeuzkan Axdarrek. Gau batean bere etxera joan eta handik hartuta).

       Adar txirikordatuzko etxola hura, adarrezko amaraun baten antzekoa, iturria, trikua, eta baita kedarrez belztutako te-ontzia ere, eta beirarik gabeko burdina herdoilduzko eskuargia, askotan gogoratzen zituen Sarvarrek gudarostean zegoenean. Eta ez zen harritzekoa: hilabete oso bat, edo, baliteke, hilabete eta erdi, aitak noiz lo hartzen zuen zain, gauero lahardira joateko. Hilabete oso bat, eta, baliteke hilabete eta erdi, joan ziren Axdar eta biak, kolkhosaren soroetan garia, ilarra edo babarruna bildurik, gauez egosten zutela, eta Sarvarrek inoiz ez zuen jan hura bezalako eltzerik. Eta bere bizitzan ez zen egun bat egun haiek baino zoriontsuagorik, batzuetan beldurra bazuen ere, beldur handia. Sekretua gordetzea ez zen erraza izan, ordea, are zailago zeren Axdarren bila ari baitziren, polizia bera ere bila ari baitzen. Eskolan ez zen erraza izan Sarvarrentzat, andereño Xerekek-en eskoletan batez ere, aukera zuen guztian aipatzen baitzuen zintzotasuna, ernetasuna eta etsaien eta espien kontra nahita nahiez eta erruki gabe borroka egin beharra, eta andereño Xerekek-en hitzetan, Axdar zen inon izan zitekeen espioirik eta etsairik gaiztoena. Sarvar ez zen umetxo bat, gainera; bosgarren klasean zegoen; bosgarren klasea, eta oso ongi zekien zer esan nahi zuen gobernuaren diruak. Behin Sarvarri burutik pasatu ere egin zitzaion bere sekretua adieraztea, Axdar non ezkutatzen zen azaltzea, baina aski zuen sastrakadian sartu eta adarrezko armiarma-sare baten moduko etxola hura ikustea, asmo hori kolpetik baztertzeko. Ilargiaren argitan, Axdarrek ez zirudien ez “etsaia” ez “espioia”, Axdar baizik ez zen, luzea, argala, eta izeba Khaber zenaren antza zuen…

       Urte hartako irail osoa beldurrez eta ezin ulertuzko alaitasun batez igaro zen; zenbaitetan sutondoan igarotzen zuten gau osoa. Egunez, berriz, goizetik gauera arte lo egiten zuen Axdarrek, zerbait egiteagatik, begiak ere puztu egiten zitzaizkion loagatik, zenbaitetan saski edo perrail gisako gauzatxo bitxi batzuk egiten zituen lezkaz; iturriaren aurreko urtegia ia egunero berregiten zuen eta, asperraren asperrez, bertsoak idazten ere hasi zen.

       Babes nazazu, triku umezurtza,

       Aldatu naiz etxetik basora,

       Han dira jaiotetxea, ondasunak oro,

       Eta hemen bizi naiz, sastraketan, azeria nola…

       “Oi, mundu gaiztoa, mundu zitala, Ilargia goian dago…” Bertso horrekin hasten zen Axdarren beste olerki bat. Etxolaren aurrean esertzen zen, ilargiari begira, eta etengabe errepikatzen zuen bertso hori. Baina olerkia ez zuen gehiago aurreratu, eta Sarvarrek ez zuen haren bukaerarik ezagutu.

       Udazkena iritsi zen, euriak hasi ziren eta gau ilun haietako batean isilik agurtu ziren etxolaren aurrean. Axdarrek zamarra bigungarriduna eta trikua baizik ez zituen eskuetan, eta, bitxia bazen ere, Sarvar seguru zegoen Axdarrek trikua Bakura eramango zuela… Baina Axdarrek musu bat eman zion piztitxoari muturtxo beltz hezean eta kontu handiz lurrean utzi zuen. Ondoren besarkada bat eman zion Sarvarri eta, zergatik edo hargatik, musu bat eman zion sudurrean, eta bat-batean, gabirai baten moduan igo zen mendi tontorreraino; han egon zen, mendian, eta eskua astinduz: “Zatoz Bakura!… Zatoz Bakura!… Bakura… Bakura”.

 

BIHOTZAK BADITIK HORRELAKO GAUZAK
Akram Aylisli

euskaratzailea: Josu Zabaleta
armiarma.eus, 2016