TRADIZIOA
Assata Shakur

euskaratzailea: Hedoi Etxarte
andreasetagudrun, 2013
armiarma.eus, 2017

 

Jarrai ezazu orain.

Jarrai ezazu.

Jarrai ezazu orain.

Jarrai ezazu.

Jarrai ezazu tradizioa.

Denboraren haurtzarotik jarraitu du Beltzen Herriak

tradizioa.

Ghanan eta Malin eta Tunbuktun

jarraitu genuen.

Jarrai ezazu tradizioa.

Zuhaixketan ezkutatu ginen

esklaboen jabeak etorri zirenean

lantzak eskuan.

Eta unea heltzean,

jauzi egin genuen eta ustezko jabeen

bizitza lantzaz ireki genuen.

Jarraitu genuen.

Esklaboen itsasontzietan,

geure buruak ozeanoetara jaurtiaz.

Gure harrapatzaileen eztarriak moztu genituen.

Haien zartailuak hartu genituen.

Eta haien itsasontziak.

Odola Atlantikoan isuri zen—

eta ez zen guztia gurea izan.

Jarraitu genuen.

Andereñoa artsenikozko sagar tartaz elikatu genuen.

Estalpetik aizkorak lapurtu genituen.

Jabearen burua xehatu genuen.

Korri egin genuen. Borrokatu genuen.

Tren bat antolatu genuen.

Sare klandestino bat.

Jarraitu genuen.

Egunkarietan. Batzarretan.

Eztabaidetan eta kaleko borroketan.

Jarraitu genuen.

Haurrentzako ipuinetan.

Abestietan eta kantatetan.

Olerkietan eta blues kantetan

eta saxofoien oihuetan,

jarraitu genuen.

Ikasgeletan eta elizetan,

eta epaitegietan eta kartzeletan,

jarraitu genuen.

Tribuna inprobisatuetan eta piketeetan.

Asistentzia sozialaren ilaretan, langabetuen ilaretan.

Geure bizitzak ilaran,

jarraitu genuen.

Eserialdietan eta otoitzetan

eta martxetan eta heriotzetan,

jarraitu genuen.

Missouriko gauerdi hotzetan

eskopetekin lintxatzaileei aurre egiten.

Brooklyngo kaleak erretzen.

Harriak errifleen kontra jaurtitzen,

jarraitu genuen.

Mangeren eta bulldogen kontra.

Borren eta balen kontra.

Tankeen eta negar gasen kontra.

Orratzak eta urka-bilurrak.

Bonbak eta jaiotza kontrolak.

Jarraitu genuen.

Selman eta Sanjuanen.

Mozanbiken, Mississipin.

Brasilen eta Bostonen,

jarraitu genuen.

Gezurren artean eta nekearen artean,

akatsen eta zoramenaren artean.

Minaren eta gosearen eta frustrazioaren artean,

jarraitu genuen.

Tradizioa jarraitu genuen.

Tradizio indartsua jarraitu genuen.

Tradizio harro bat jarraitu genuen.

Tradizio Beltz bat jarraitu genuen.

Jarraitu ezazu.

Pasaiezu zure haurrei.

Pasaiezu.

Jarraitu.

Jarraitu orain.

Jarraitu orain

ASKATASUNERA!

 

TRADIZIOA
Assata Shakur

euskaratzailea: Hedoi Etxarte
andreasetagudrun, 2013
armiarma.eus, 2017