KONKORDUNA Rigoleto, konkorduntxoarekin batera X. anderearen etxean egindakoen ondoren, nire kontra sekulako zurrumurruak sortu ziren, gehiegiak, egia esan, eta lehen lagun nituen asko eta asko urrundu zitzaizkidan. Hala ere, jokabide berezi horrek, ez zidan malura gehiegirik erakarri, harik eta nire ezinikusia muturreraino eraman eta Rigoleto ito nuen arte. Egia esan, “Konkorduntxo”ari lepoa bihurritzea, makurregia eta zuhurtziarik gabekoegia izan zen, eta kalte besterik ez zidan egin, gizakiaren ongile aitortua izan ordez. Bortizki eraso ninduten poliziek, epaileek eta kazetariek. Pentsatzen jarrita, esan daiteke “Rigoleto” majadero hura, (justiziaren jokabidea ikusita), ez ote zuten gizaki ororen kapitain eta filantropo izatera deitua zela sinistarazi nahi. Bestela ezin zen ulertu justiziak hartu zituen erabaki hain zorrotzak tipo zorritsu baten eskubideak defendatzeko, eta era berean haren lotsa falta mendekatzeko ostikoka zigortu baitzuten pertsona ohoretsu eta etxekonekoek. Jakin badakit, nola ez, gertatzen direla munduan gauza makurragoak, baina horrek ez nau kontsolatzen ziegako horma zorritsu honetan, are gutxiago jakinda zer etorkizun makur daukadan nire zain. Baina, aidanez, idatzia zegoen deformatu baten patuak baldintzatu behar zuela nire etorkizuna. Gogoan daukat (hau diot teosofia eta metafisikako zaletuentzat), txiki-txikitatik harritzen nindutela desitxuratuek. Gorroto nituen eta era berean erakargarri iruditzen zitzaizkidan, hala nola gorroto eta erakargarri dudan bederatzigarren solairuko balkonadatik han behean ageri den sakonera begiratzea, bertara hurbiltzean bihotza kukiltzen baitzait itxurarik gabe. Amildegiak eragiten didan larridurak ez du neurririk, bertan amiltzen ikusten dut nire burua, uzkur eta ito beharrean, era berean deformatu baten aurrean ere ezin dut urrundu sentikizun arraro bat, ni neu ere konkordun sentitzen naiz, beldurgarri, zakurlekuan lotua, mutiko basatiek erasoka ditudala, orratzak bizkarreko konkorrean sartzen dizkidatela. Beldurgarria da… Esan beharrik ez deformatu guztiak gaiztoak direla, deabru hutsak. Gorrotagarriak… non uste baitut Rigoleto ito nuenean, sekulako mesedea egin niola gizarteari, ikuskizun nardagarri eta higuingarritik libratu bainituen nire antzeko diren bihotz sentiberak. Esan dezadan argigarri, konkorduna gizaki krudela zela, hain krudela non egunero zera esaten nion: — Begira “Rigoleto”: Ez hadi hain gaiztoa izan. Nahiago diat hire edozer gauza ikusi txerrama ugelaz jotzen ikusi baino. Zer egin dik hiri horrek, esak? Ezer ez! Ez al da egia, ez diala ezertxo ere egin? — Horrek ez dio axolarik. — Ez dik ezertxo ere egin eta hi, ordea, hortxe egoskor, krudel, hire amorrazioak bere bizkarretan mendekatzen. — Hago isilik, lasai hadi, motel, gainera harrotzen banaiz su eman eta bertan akabatuko diat txerrama. Hitz horiek esan eta “konkordunak” zigorkadaz astintzen zuen txerriaren azal zurdatsua, hortz karraskaka zeriola antzerkiko deabruaren modura. Nik niotsan: — Lepoa bihurrituko diat, Rigoleto. Entzun itzak hobe beharrez nik esandako hitzak. Hobe duk… Alfer-alferrik, ordea. Algaraka erantzuten zien nire mezuei eta atseginez nabarmentzen zituen bere izakera sardonikoa eta maltzurra. Alferrik zen lepahezurra txikituko niola esatea eta bere konkorra tripatik aterako niola mehatxatzea. Berak, hortxe jarraitzen zuen beti bezala tematsu. Zerbaiten damu baldin banaiz, zera da, alegia, garbiegi hitz egin niela kazetariei gisa honetako xehetasunetaz aritu nintzenean. Kazetariek ez dakite hitzen azpiko mezua ulertzen, eta horra nola nire ohorea zakurraren ipurdira bota duten, zeren haiek idatzi dutenaren arabera burugabe bat besterik ez naiz, eta nire ekintzen azpian tipo gaizto eta maltzur bat besterik ez dago. Egia esan, X anderearen etxean “konkorduna”rekin batera izan nuen jokabidea, ez zen urrezko letretan idazteko modukoa izan. Hori ere ez. Ezin nezake baieztatu hori nire ohorearen mesedetan. Baina mutur batetik bestera jo dute nire etsai haundienek, gezurretik egiara dagoen aldea. Nire etsaiak, gizatxar higuingarritzat hartzen naute, eta hori esatean nik nire azalpenetan erabili nuen funtsik gabeko solasa hartzen dute oinarritzat, erretolika arin horretan, hain zuzen, nire izaeraren baldintza onenak azaltzen nituenean, eta nire izaera ulerterraz eta herabea begien bistan jartzen nituenean. Bestalde, nire bizitzan eta ekintzetan zerbait nabarmentzekotan, “sufrikarioa” izan dudala besalagun azpimarratuko nuke. Asko sufritutakoa naiz ni. Egia esan, sufrikario horiek, nire izaera sentiberan oinarrituta daude, hain zorrotza non inoren aurrean jarrita gauza bainaiz haren pentsamenduaren kolorea bera nabaritzeko, eta gogorrena da, ez naizela inoiz deskuidatzen. Gizakiaren ariman gorrotoaren kolore gorria eta maitasunaren margo berdea ikusi ditut sarritan, lainoaren lepoa koloreztatzen duen ore urtsuaren eraginez moteldutako ilargiaren printzak bezalaxe. — Oroitzen al zara nola zuk, duela hiru urte, esan zenidan hau eta hura pentsatzen nuela? Ez zinen nahastu. Horrela ibili naiz gizon eta emakumeen tartean, eta haien baitan sumatu ditut haserrearen grinak, haien asmoak trabatzen dituzten desirak, aski bainuen begi-nini txokoetako argi-ilunen lurruna, ezpain bazterretako ukitu urduria, edota bekainetako ileak teinka disimulatuan ikusteak, haien baitan gardentzen zitzaidan barneko desira, asmoa edota sufrikarioa. Tamalez, zenbat eta hobeto ikusi pertsonen barnea, orduan eta bakartiago sentitzen nintzen. Era horretan ikusi nuen pertsonak bere ezkutuan daraman miseria gauzarik ñimiñoenetan ere, eta edonoren aurrean pertsona jator eta leial zirenak, nire baitan karez zuritutako hilobiak besterik ez zirela, Kristok ebanjelioan esaten duen modura. Poliki-poliki nire aiurria, berez onbera, mikazten joan zen eta gero eta izaki bakartiagoa eta ironikoagoa bihurtu nintzen. Baina, ustekabean, nire zoritxarren iturburutik, adierazi nahi nuenetik urrundu naiz eta itzul nadin harira. Nire zoritxarra konkorduna X anderearen etxera eramatean hasi zen. X anderearen etxean ni nintzen “alaba baten senargaitzat” hartu zutena. Ondo esan dut: hartu zutena. Bitxia da. Ni neu konturatu gabe, haien baitara erakarri ninduten andere X-en trikimailuek, non baso bat ur eskatu, eta berak zuen sorgin-ukituaz, ukatu egiten zidan haren ordez alkoholezko kopatxo bat eskainiaz. Pentsatu zer gerta dakiokeen bertan egarri dagoen bati. Hitzez ere ukatu egiten zidan. Sinistu nahi duenari, eskaini diezazkioket testiguak. Hori esan beharra daukat nire kontzientzia arintze aldera. Areago oraindik, garai zailetan eta gu bien arteko haustura gerta zitekeen guneetan ere, nik neuk aurreratzen nizkion lotsazko ziurtasunak, etxeko guztiak harrituta utzirik. Harrigarria benetan. Joera hori hartzen dute ama askok alabaren senargaiarekiko harremanetan, non inozo jokatzen duenak –inozo bat minutu bateko argitasuna edukitzeko gauza baldin bada– ikus dezake izututa gauzak gizarte legeak eskatzen duena baino askoz areago eraman direla. Baina, itzul gaitezen konkorduntxoarengana norberaren ardurak ondo bereizteko. Lehenengo aldiz, nire etxera azaldu zenean, mozkor-mozkor eginda azaldu zen, eta erarik lotsagabeenean errespetua galduz agurtzera joan zitzaion neskame zahar bati, garrasika eraso zion bortizki, non kaleko jendeak entzun zituen haren esan beharrak: — Eta non dago niri zor zaidan harrera ona eman beharreko musika banda? Eta nire azala olioz gantzutu behar duten esklabuak, non sartu dira? Pixontzi-kasko eta guzti gaztetxoek harrera egin ordez, atso zahar eta nazkagarri bat atera zait agurtzera. Hau al da zu bizi zaren etxea? Ondoren, ate margotu berriak ikusi eta deiadarka: — Etxe honek ez dirudi familia baten etxea, Burdindegi itxura gehiago dauka. Nazka ematen du. Nolaz ez zaizu burutik pasa ni natorrela jakinda usain gozoz betetzea? Ez al zara konturatzen etxe honek darion aguarras kutsua? Pentsa ezazue zer nolakoa zen nire bizitzan sartutako basapiztiaren gizatasuna. Ezin ukatu larria zela, oso larria. Kontu zaharragoetara itzuliaz, gogoratzen naiz non ezagutu nuen gizatxar hura: kafetegi batean; primeran gogoratzen naiz. Eserita nengoen mahai baten aurrean, kafe kea usaintzen, non burua altxa eta ikusi nuen konkorduntxoa hankak airean eta makutsik, niri arretarik handienarekin begira jarrerarik lotsagabeenean, aulkia atzeraka jarrita eta besoak kokatuta aulkiaren bizkarraldean. Bero zegoenez, gainjantzia kenduta, eta gorputza alkandoran eta makutsik, itzuli-mintzuli zituela begiak billar jokoan ari zirenen aldera. Hain txikia zenez, ez ziren haren bizkarrak mahaiaren neurrira iristen. Eta diodanaren arabera, harat eta honat begira, batean barneko bezeroei eta bestean eskumuturreko erlojuari, honen orduak hormako erloju erraldoiarenak baino garrantzitsuagoak bailiran. Baina are harrigarriagoa zen hark eragiten zuen eragin bitxia, zeren esandako konkorraz gainera, burua ere kuriosoa baitzuen, karratua, musua luzea eta borobila, non kaskezur aldetik, mandarra zirudien eta aurpegi aldetik zaldia. Begira geratu nintzaion une batez, edozeinek aurrez aurre jarri zaion apo bati begiratuko liokeen modura, eta berak, haserrerik gabe, esan zidan: — Jauna, utziko al dizkidazu pospoloak mesedez? Irribarreez, eman nizkion pospoloak; konkordunak piztu zuen erdi itzalitako zigarroa, eta ondoren, niri begira luzaro egon ondoren, diotso: — Gizaseme ona zara, benetan! Seguru, ez zaizkizu neskak faltako. — Lausenguak beti dira atsegin, nahiz eta konkordun batek esanak izan, eta hala erantzun nion, baietz, banuela andregai eder bat, baina ez nekiela ziur maite ote ninduen, non hura entzunda, ezezagun hark, nire baitan “Rigoleto” izena eman nion, zera erantzun zidan arretaz: — Ez dakit zergatik, baina uste dut zu ere tipo adardunak fabrikatzen dituzten kasta horietakoa zarela. Nik nire harridura gainditu baino lehen, jarraitu zuen arloteak: — Bada, nik ez dut sekula andregairik izan, adiskide… egiatan diotsut… — Ez naiz harritzen –erantzun nion lotsagabe– Ez naiz harritzen… — Ezta ni ere, hobe horrela bestela gerta baitaiteke ezustekoren bat zu eta bion artean. Bera berriketan ari zen bitartean, dudan egon nintzen, aldegin ostiko bat emanda buruan edota kafe hondarra muturrera bota, baina pentsatzen jarrita, han liskarren bat sortzen bazen, neu izango nintzen galtzailea, beraz, abiatzera nindoan baina ez gustura, zeren apotxar hark bortizki erakartzen ninduen, haren lotsabagekeriak, eta berak orduan, irribarre ikasienarekin, astarraren hortz horiztatuak bistaratuaz esan zuen: — Eskumuturrean daukadan erlojuak bost zilar-marai balio ditu… gorbata hau, zimurrezina da, zortzi… eta botin hauek? Hogeita hamar zilarmarai, adiskide. Zeinek esan dezake ni arlotetxo bat naizenik? Ez, jauna. Ez al da egia? — Noski, baietz, noski. Minutu oso bat aritu zen begiak kliskatzen, ondoren hartz-kume baten modura burua mugituaz, jarraitu zuen aurrera, galdezka batetik eta baiezka bestetik. — Atsegina da, benetan, jendaurrean zure barne-gordeak esatea, ez al da horrela? Zenbat dira nire moduan lotsarik gabe kafe baten aurrean eta ezezagun batekin eseri daitezkeenak eta harekin gizalegezko elkarrizketa bat oratu dezaketenak, nik egin dudan moduan? Gutxi, oso gutxi. Eta zergatik gertatzen da hori, esaidazu? — Nik zer dakit. — Bada nire irudiak jatortasuna isurtzen duelako. Ondorio horren ondoren, pailazo hark eskuak igurtzi eta harat honat begirada adeitsuak jaurtikiaz, jarraitu zuen: — Ogi frantsesa baino hobea naiz, eta bost hilabete haurdun dagoen dama bat baino aldakorragoa. Aski da niri begirada arin bate ematea, eta garbi dago noizbehinka ludi honetan jainkoak gizakiei haien karentzien ordainetan eskaintzen dien izaki bakarrenetakoa naizela, eta nahiz ez dudan Ama Birjina eta horrelako kontuetan sinisten, ontasuna, iturritik ura bezala ateratzen da nire hitzetan. Harri eta zur nengoen hari begira, begiak aldegingo zidatela iruditzen zitzaidan, eta berak: — Izan nintekeen abokatua, baina ikasi ez dudanez, ez naiz. Nire familian “betun”arekin egin dugu lan. — Betunarekin? — Bai, bai, botak garbitzen, eta harro nago, zeren nik bakarrik lortu baitut daukadan maila. Edota ez al zaizu atsegin ni lan horretan profesional izana? Nola deitzen dira, bada, besteak, “oinetakoen teknikaria”, “portaleko azken adabaki jartzaileak”, eta “ile eta deribatuetan aditua”, “bizar-moztaile” eta “cafishio profesional dantzako irakaslea”… Dudarik gabe, inoiz ezagutu nuen barrabas dibertituenaren aurrean nengoen. — Eta orain, zer egiten duzu? — Kinielak betetzen ditut nire ongileentzat. Dudarik gabe, laster zu ere nire bezeroa izango zara. Eska itzazu nire informeak… — Ez, ez, da beharrezko… — Erre nahi al duzu, adiskide? — Bai, bai, nola ez! Piztu nuen berak eskainitako zigarroa, eta Rigoletok bere beso motza atxiki zuen nire mahaian, eta ondoren: — Ez naiz ni lagun berriak egitearen aldekoa, ze jendeak ez dauka ez edukaziorik ez fintasunik, baina zurekin desberdin da…, pertsona oso ontzat jotzen zaitut eta zure lagun izan nahi nuke –hori esan eta hau sinesgaitza bere aulkia utzi eta nire mahaian jarri zen. — Ez duzue zuek ere zalantzarik izango, Rigoleto zen bere kastakoen artean lotsagaberik haundiena, eta hain dibertitua iruditu zitzaidanez, besoa mahai gainetik luzatu eta kolpetxo pare bat eman nizkion konkorrean. Harri eta zur geratu zen bera, eta une batez zorrozki begiratu zidan; ondoren, hobeto pentsatu eta irribarrez esan zidan: — On egin dagizula, adiskide, zeren niri ez dit ezer onik ekarri. Beti izan nituen zalantzak nire andregaiaren maitasunaz, eta ez zitzaidan iruditzen nik hari nion atxikimendua, egun osoa hura buruan, jainkosa txiki bailitzan, zeukanik berak nire alde. Batzuetan ibai erdiko harkaitz bat zela iruditzen zitzaidan, nire bizitzan estekatua. Erdibituta egotearen sentsazioa handitzen ari zitzaidan, harkaitza ere handitzen ari baitzen eta horrek laburtzen zuen nire maitemintasunaren eta ezerezaren plazera. Ulertzen al duzue? Gure baitan ibili doan bizitza bi partetan partitzen du harkaitzaren irudiak, eta gisa denez ur korronteak harkaitza desegin ezin duenez gero, azkenik harkaitzaren alde jartzen gara nahiz gure mugimendua trabatzen duen eta beti mugigaitz irauten duen. Noski, elkarren berri izandako lehen egunetik, berak argi adierazi zidan hoztasun irribarretsuarekin bere autoritatearen indarra. Jakin ez arren, zertan zetzan hark nirekiko zuen botere misteriotsua, honek berebiziko eragina zuen nire maitasunean. Haren aurrean barregarri sentitzen nintzen, txikia, nahiz ez jakin zergatik iruditzen zitzaidan bata eta bestea. Esan beharrik ez, ez niola musu bat ere sekula eman, iruditzen baitzitzaidan amak iraintzat hartuko zuela. Hori bai, errazago irudikatzen nuen beste baten besoetan musuka, nahiz eta, ondo pentsatuta, uste dut irudimen hori berarekin eduki nuen jarrera exkaxari zor niola. Nork daki pasioaren alkimiak sorrarazten duen eragina, bada, nik neuk nolatan jakin gabe, X andre hura gorrotatzen hasi nintzen barru-barrutik, eta iruditzen zitzaidan bere eraginari zor niola nire egoera makurra. Ni etxe hartan “senargai” izatea, atso madarikatuaren eraginari zor nion, eta denbora laburrean, inoiz entzun dudan egoera arraroena pairatu nuen, ze etxe hartan nik jarraitzearen arrazoia, ez zegoen andregaiarekiko maitasunean, aitzitik bere ama isilaren arima gaiztoari hartu nion gorroto bizian baizik, beti ikusten bainuen alabaren zioa kalkulatzen ia zenbaterainoko modua zegoen bere alaba ezkontzeko edo ez ezkontzeko. Amaren betartea ezin nuen burutik kendu, niretzat irain ahaztezina edota umiliazio gorrotagarriena bailitzan. Nik bikotea ahaztu eta atsoaren betartea aztertzen pasatzen nuen denbora, haren gihar sare zaharkituak, lur kolorekoak, zilarrik zikinenean zizelkatutako espresio galdu lehorrak, eta begi beltzak, biziak eta lotsagabeak. Masailak zimur-zanga horiz alderik alde betetako aurpegi hura gera-gera eta serio jartzen zenean, begiak nireetatik urrun, esan nahi baita, salako plafoiari begira, arropa beltzetan babestuta, esan ezin den borondate bortitza nabarmentzen zitzaion, non ahotsaren tonuak, sendoa eta indartsuak, ez zuen jarrera hori sendotu besterik egiten. Une batean sinistu ere egin nuen andre horrek gorroto zidala, izan ere, hark “xaloki” intimitatera sarraraztea lortu arren, ez zion bere barrenak nirekiko egindako ametsa beteko zenik ziurtatzen. Gorroto horrek gero eta garrasi makurragoak jaurtitzen zizkidan barnean, baina bera orduan eta maitagarriago bihurtzen zen nirekin, nire osasunaz arduratzen zen, beti izan naiz ahula, emakume sentsual samar izan direnak seme-alabekiko isurtzen duten arreta jartzen zidan, eta armiarma erraldoi batek bere sarea ehuntzen duen moduan, nire inguruan ehuntzen zuen mila eginbeharren amarauna. Bere begi beltz eta lotsagabeek bakarrik izpitzen ninduten, nire arima arakatuaz eta nire asmo ezkutuei neurria hartuaz. Noizbehinka, zalantzak jasanezinak zituenean, jaurtitzen zituen gisako zeharkadak: — Lagunak etengabe ari zaizkit ia noiz ezkonduko zareten eta nik, zer esan behar diet? Bada, laster. Edota: ez al duzu uste komeni litzatekeela gure “neskatoa” bere arreoa prestatzen hastea? X andereak, delako hitzak jauztean, niri begiratzen zidan finko ia nire begi-kliska urdurian edota aurpegiko dar-dar ikutuaren ezkutuan, non sumatuko nire konpromezua betetzeko asmoaren giltzarria, dakigunez, berak eraman ninduena bere deabruzko trebetasun paregabearekin. Bazekien ziur emango niola sorpresa desatseginen bat, baina hala ere, nire “zaldun gizatasuna”z ziur zegoela adierazten zuen, baina lasaitasun itxura irudikatzeko egin behar zituen itxurakeriak, bere ahots bortxatua sasi-gozoan jartzen zuen, hitzei xuxurlan ematen zaion jarioa emanez, sekreturen bat belarriratzen ariko bailitzan, ahotsarekin batera burua eskuineko bizkarrera makurtuaz, eta behin eta berriz ezpain lehorrak bustiaz grinarik basatienak bultzaraziz ni akabatzera edota mendekurik bortitzenaren biktima izatera. Egoskorra izateaz gain, ez zuen inolako eskrupulurik, zeren nire ideien ardatz berean estekatzen zen, jakinik higuingarri zituela gorrotatzeraino. Eta, nahiz arraroa dirudien bi pertsona pentsaeraren desberdintasunarengatik elkar gorrotatzea, ez dut uste hala denik, zeren gizonaren edota emakumearen subkontzientean gorrotoa metatzen denean, eta inolako ihesbiderik ez baldin badu, gorrotoak, ihes-balbula irekitzen du ahotik ideien kontrakotasunean. Adibidez, berak boltxebikeak ezin zituen ikusi, baina, hala ere, arreta handiz entzuten zidan Trotski eta Stalinen arteko ika-mikaz mintzatzen nintzaionean, hainbesteraino non itxurak egin behar eta Lenin-i buruzko interesa adierazten hasi zen, hipokrita hura, gure politiko zatarrenekin irrika suharrez betetzen zen tipajo hura. Moldaerraza eta malgua itxurak egiten, nire ideiekiko hartzen zuen atxikimendua, laidoa iruditzen zitzaidan, arlote eta isekatua sentitzen nintzen non aski bainuen eguna gau zela esatea berak erantzuteko: — Egia da, arrazoia duzu, ez naiz konturatu eguzkia jaitsi denik. Laburki esanda, berak nahi zuena zera zen, behingoz berriketak utzi eta ni ezkontzea. Gero gerokoak, hartuko zuen denbora muturrera botatzeko bota behar zirenak, eta nik aurretik senargai amaigabea izatean, duda-mudatan hain luze edukitzeak sortu zion kalbarioaren ordaina kobratzeko. Bien bitartean, bere sareko begiek gero eta estuago lotzen ninduten. Soka ikusezinez lotuta sentitzen nintzen. Egunetik egunera, korapilo berri bat estekatzen zidan X atsoak, eta nire tristezia gero eta areagotzen ari zen, iruditzen baitzitzaidan zerra bat ari zela nire zerraldoko oholak ebakitzen, nire askazia ezerezera bihurtuko zuena. Banekien etxe hartan oraindik neukan alde on guztia pikutara joango zela bertan hartutako konpromezuari baietza esanez gero. Bi emakumeak, amak eta alabak, beren eguneroko bizimodu doilorrera bultzarazten ninduten, haien bizimodu miserablera, inongo idealik gabekora, bizimodu arruntera, herriak dion moduan benetako errotarri zapaltzailera, non egunetik egunera bakoitzaren nortasuna gero eta deseginago geratzen den eguneroko ekonomiaren atzaparpean, gizona automata bihurtzen baita, automata eta lepa-gogor, non emakumeak eta amaginarrebak egunero ari zaizkien dema narratsean eta erronkan, zergatik ez duen diru gehiagorik ekarri edota zergatik ez den emandako orduan etorri. Aspaldi ikasi nuen ez nintzela gisa honetako bizimodurako jaio. Badakit hurbilago nengoela trenbide alboan lo egitetik, belaze orlegiaren erdian, eta ez ume baten hulezko toldo kotxetxoa garraiatzen, bertan panpina bat loarazten eta, jendeari entzuten zein harro egon beharko nukeen “aita izatera iritsi naizelako”. Nik ez dut gisako harrotasunik inoiz sentitu, alderantziz, lotsa eta errukia eragiten dit aita izan den batek nire aurrean “bere aitatasuna” aldarrikatzen duenean, eta emazteak “aita bihurtu duela” esaten duenean. Askotan iruditu zait horrela jokatzen dutenek, sasiko alaitasuna azaltzen dutela, edota kirten hutsak direla. Zeren, haur berri baten jaiotzak, pozaren ordez, negarra eragin behar luke, gisako haur miserable eta ahula ikustean, zeinak poz gutxi eta neke ugari ezagutuko dituen bizian zehar. Eta “haur zoragarri” horrek, burua zutik eta nire sorbalda alboan etorkizun polit bat amesten duen bitartean, ni, ostera, alboko zipresaren triangeluari begira, asma ezinik nola hautsiko sareko geruza, hau handiagotzen ari baitzen eta, era berean, bere kate-begiak txikiagotzen eta trinkotzen. Baina ezin nuen bide egokirik topatu, harik eta konkorduntxoarekin bat egin nuen arte. Egoera horretan nengoen. Halako batean, “ideia” berri bat etorri zitzaidan burura, hasieran ideia txikia zen, belar-haziaren antzekoa, baina egunak joan eta egunak etorri nire buruan hazten eta hazten joan zena, handitzen, haren zuztarrak nire zelula urrunenetan ere sendotzen joan ziren, eta jakin arren delako “ideia” bitxia zela, haren bilbadurarekin bat egiten joan nintzen, non egun batzuen buruan ohitu nintzen eta ez zitzaidan falta hura betetzea besterik. Ideia hori, berez makurra zen, eta haren zioa hauxe, alegia, konkorduntxoa andregaiaren etxera eraman, berarekin adostu ondoren, noski, eta sekulako eskandalua eragin, atzerapausorik izango ez zuena. Pentsatu ondoren zerk eragin zezakeen andregaiarekin harremana puskatzea, neska guztiz haserretuko zuen iseka bitxi bat borobildu nuen, hauxe, hain zuzen. Gupida itxurapean bortizkeria azkeneraino eramanaz, neskak oraindik niri eman gabeko lehen musua, konkordun higuingarriari eman beharko zion, inoiz maitasunik ezagutu ez eta inoiz maitealdi xalorik eta edertasun lurtarrik ezagutu ez zuen munstro hari. Harritzekoa dirudien arren, ohikoa egin zitzaidan delako “ideia”, ideia edo gisako bururakizunari deitu baldin badaiteke, eta Rigolettorengana jo nuen. Alboan eseri zenean, zera esan nion: — Sarritan pentsatu dut zu ez zaituela inoiz emakume batek musukatu ezta musukatuko ere. Utzidazu bukatzen! Nik benetan maite dut andregaia, baina ez dut uste berak ni neurri berean maite nauenik. Hainbeste maite dudanez, horren argibiderik onena da, oraindik ez diodala berari musurik eman. Baina, hara: nik nahi dut berak nire alde agiriren bat nabarmentzea… eta nabarmenena da berak zuri musu ematea. Ados zaude? Aulkian jauzi egin zuen; ondoren, ahotsa nabarmenduaz erantzun zidan: — Eta nork ordainduko dit niri egoera desatsegin hori? — Nola, gero, desatsegina? — Noski, baietz! Edo zer uste duzu zuk, ni konkorduna naizela eta, edozer faltsukeria egiteko prest nagoela, edo zer? Zuk andregaiaren etxera eraman nahi nauzu munstro bitxi baten modura, esanaz: “Maitea, begira ze nolako dromedarioa ekarri dizudan”. — Nik ez dut andregaiarekin zuka hitz egiten! — Berdin da. Eta bitartean, nik, zer egin behar dut, adiskide? Ergel baten moduan ahoa ireki, zuek zuen txorakeriak eztabaidatzen dituzuen bitartean? Ez, adiskide, ez, eskerrik asko! Eskerrak zure intentzio onarengatik, erbiak ehiztariari esan zion moduan. Gainera, esan berri didazu ez diozula inoiz berari musurik eman. — Eta, horrek zer axola dio? — Noski, baietz! Zuk nondik dakizu niri musuak gustatzen zaizkidala? Agian ez zaizkit atsegin. Eta hala baldin bada, zergatik nahi nauzu hartara behartu? Edo zer uste duzu, konkorra dudalako, ez ditudala beste gizakien moduan sentimenduak ala? Rigoletoren ezetza garbia zen. Orduan, nik bortizki esan nion: — Baina, ez al zara konturatzen, zuk zeuk, zure itxura desegoki horrekin, zure konkorrarekin, zu izan zarela niri ideia zoragarri hori burura ekarri didana? Pentsa ezazu, gizagaixo horrek! Nire andregaiak onartzen baldin badu, sekulako oroitzapen atsegina geratuko zaizu. Esan ahal izango duzu munduan zehar, sekulako izaki miragarri bat ezagutu duzula. Konturatzen? Haren lehengo musua, zuretzat izango da. — Eta nondik dakizu zuk hori izango denik nik jaso dudan lehenengo musua? Une batean zer esan ez nekiela geratu nintzen; gero, ordea, ideia hori hain nireganatua naukanez, erantzun nion: — Eta zuri, Rigoleto, azken finean, zer axola zaizu? — Ez iezadazu Rigoleto deitu. Nondik atera duzu niri izengoitiak jartzeko baimena? — Ez dakit konturatu zaren, baina nik ezagutu dudan toporrorik lotsagabeena zara. Lasaitu zen konkorduna eta esan: — Eta hitzez edo benetan laidotuko banindu? — Ez zaitez izan hain txirripitina. Zein ausartuko da zu laidotzen? Zu bufoi bat besterik ez zara eta! Ez al zara konturatzen? Bufoi bat zarela, alegia, parasitoa! Zertara dator, orduan, duintasun jarrera hori? — Adiskide, ez nator bat ezertan zurekin! — Kexatu zaitez nahi haina, baina entzuidazu. Parasito lotsagaldua zara. Argi esan al dizut? Ez? Kafetegiko bezero guztiei odola zurrupatzen diezu zure hitz goxoekin. Ez dut uste Buenos Aires guztian zure moduko eta neurriko ziniko bat dagoenik. Ez al duzu nahiko ordaina ezkaratza garbitzeko duin ez zaren etxe hartara eramatearekin? Ez al duzu aski hark xaloki aurpegian, zure lotsakizuna den aurpegi zatarrean emango dizun musuarekin! — Nire ohorea iraintzen ari zara! — Aski da, Rigoleto, bai ala ez? — Eta berak uko egiten badit eta lotsatan geratzen baldin banaiz? — Hogei txanpon emango dizkizut. — Eta, noiz joango gara? — Bihar bertan. Moztu ezazu kalpar hori eta garbitu atzazalak. — Bueno, aurrera iezazkidazu bost txanpon… — Tori hamar. Bederatzietan atera nintzen Rigoletorekin andregaiaren etxera. Konkorduna goitik behera usain gozoz beteta etorri zen, gorbata bioleta margoduna paparrean. Gaua laiotza zen, haizealdi zakarrak erasotzen zituen kale estuak, eta urrutian, kaleko argi dardarkariek argitzen zuten goibeltsu, laino azkarrak labaintzen ziren bata bestearen atzetik. Umore txarrez nengoen, triste. Azkarregi nindoan, aidanez eta bestea herrenka atzetik segi ezinik, eta batzuetan nire gainjantzia joaz esaten zidan ahots urrikalgarriarekin: — Baina, zer nahi duzu, ni lehertzea ala? Zer gertatzen zaizu zuri? Eta orduan ere haserreago sentitzen nintzen, non bere beharrik izan ez banu, ostiko bat emanda kale erdira jaurtiko bainuen. Hura zen haizearen erauntsia! Ez zebilen inor kalean eta laino makurrak zerua antzaldatutik zerien argitasun mamuak, are eta nabarmenago lerratzen zituen etxeen fatxadak eta gailur hilotzak. Ez zegoen paper ñimiñorik kalean. Esan zitekeen hiria mamutzar talde batek desagerrarazi zuela. Bertan egonik ere, basoan galduta irudikatzen nuen nire burua. Haizeak makurtzen zituen zuhaitzen bizkarrak, baina konkordun madarikatua nire pausoen atzetik zetorren ibili behar eroan, nire arrastoa galtzeko beldurrez, nire esne txarraren moduan, non konkorduna erabiltzen ari bainintzen nire izate gaiztoa haren irudipean lerratuz. Ni triste nengoen, oso triste, inoiz uste izan nezakeen baino tristeago. Banekien zer nolako iraina egingo nion egoerari; banekien horrekin betirako urrunduko nintzela berarengandik, baina horri ez nion garrantzirik ematen kaleko espaloien zeharka zera pentsatuaz nindoala: — Rigoleto nire anaia balitz, ez nukeen era berdinean jokatuko. Bai bainekien ezen Rigoleto nire anaia izan balitz, sakon-sakonenetik kupidatuko nintzela bere egoeraz. Bere isolamenduarengatik, egunero botatzen zizkioten begiraden irainen ordainetan maitasun zipitzik bereganatzen ez zuelako. Nire baitan nioen ezen ni maite nezakeen andereak, aurretik bera maite beharko zukeela. Bat batean ezkaratza argitu baten alboan geratu nintzen: — Hementxe da. Bihotza leher zorian neukan. Rigoletok teinkatu zuen lepoa, hanka puntetan jarri eta gorbataren korapiloa oratuaz esan zidan: — Gogoan izan! Errudun bakarra zeu zara! Hemengo makurkeria… Gailur eta fin azaldu zen andregaia areto urreztatuan. Irribarretsu, lehenengo aldiz begiratu ninduen begi aztertzaile eta patxadatsu berberarekin. Gogoratzen naiz galdetu niola: “atrebentzia ez bada hitz bat esango nizuke, andereñoa”, eta bere irribarre haragitsua (haragiaren keinua goxo bat da irribarrea, oker ez banago) eta bere adimenaren ebaki zorrotza begietan nabarmentzen zitzaiola, bien arteko kontraesan horrek egiten zidan halako inpresio bitxia. Hasi zen nigana hurbiltzen, baina munstroa ikustean, harri eta zur geratu zen, eta hura eta ni, biok batera begiekin galdera zailean jarri gintuen. — Elsa, hau nire lagun Rigoleto da. — Ez iezadazu adarrik jo! Zuk badakizu ondo asko nire izena ez dela Rigoleto. — Zaude isilik, ia ikasten duzun! Elsak lehortu zuen irribarrea. Harrituta begiratzen ninduen, ni berarentzat izaki ezezagun bat bihurtu izan bainintzen. Besaulki urreztatua behatzarekin apuntatuaz, esan nion konkorduntxoari: — Eseri zaitez hor, eta ez mugitu. Bertan jesarri zen txepaduna lurretik gora hankak eta kapelua belaunetan, eta bere aurpegi belztuarekin idolo txinatar baten moduan. Elsak ez zion begirik kentzen pertsonaia bitxi hari. Bat batean, nondik nora jakin jabe, lasai-lasai sentitu nintzen. — Elsa -esan nion- Elsa, Ez dakit ziur maite ote nauzun. Ez zaitez entzuten ari den munstro nazkagarri horretaz arduratu. Begira: beti nago zalantzan…, sinist iezadazu… Froga iezadazu zure maitasuna, eta beti “bizi guztian” zure esklabu izango naiz. Gisa den bezala, nik ez nekien ziur “bizi guztian” hitz horien zentzu zabala, baina esanda garbi atera zitzaidan eta berriro errepikatu nion: — Bai, bai, “bizi guztian” zure esklabu. Ez uste edanda nagoenik. Begira ezazu nire arnasa. Elsak atzera jo zuen ni hurbiltzen ari nintzen une berean, eta une horretan, sumatzen ote duzue zer bururatu zitzaion herren madarikatuari? Bada: kapeluaren gainean ereserki militarra kolpatzen hasi zen hatz-koskorrekin. Herrenari begiratu eta isiltzeko agindu nion. — Begira, Elsa, ni maite nauzunaren froga bakarra Rigoletori musu ematea da. Dontzeilaren begiak argitasun lainotsuz bete ziren. Une batean isilik geratu zen; ondoren, ahotsez eta haserrerik gabe, zera esan zidan geldo-geldo: — Alde egin hemendik. — Zer bada? — Alde egin , mesedez, alde egin ezazu!... Nik uste nuen nola halako itxura behintzat gordeko zuela, sinistezadazue… baina une horretan gauza bitxi bat gertatu zen, hain zuzen, Rigoleto, ordura arte isil isilik egonik, altxa eta oihuka hasi zen: — Ezin dizut horrelako lotsagabekeriarik onartu, andereño… ez dizut uzten nire lagun noblea era horretan tratatzen. Zuk ez duzu bihotzik auzoko zoritxarra sentitzeko. Harrizkoa duzu, ez duzu mailarik nire lagunaren andregaia izateko. Askok, gero, honen berri jakitean, antzerki prestatua zela uste izan zuten. Ez zen horrela. Azalpenik garbiena da, nik konkordunaren astakeriak entzuterakoan, besaulkiaren gainera erori nintzela lehertu beharrean, eta bien bitartean, txepaduna, aurpegia odolaz itota, areto erdian zutik, eta besoa zabalik, ari zen garrasika: — Zer dela eta esan zenion nire lagunari musu bat ez dela eskatzen, eman egiten dela! Hori al da hitz egiteko modua zu bezalako andereño usteizuna duen batentzat? Ez al zara lotsatzen? — Zaude ixilik, Rigoleto, zaude isilik!... Konkordunak ahotsa hanpatuz: — Zure baimenarekin, adiskide…; ez daukat edukazio aldetik inoren oharren beharrik. Elsarengana itzuli zen, hau lotsaren lotsaz aretoko aterantz atzera zihoala, eta esaten dio: — Andereño… agindu bat da, emaidazu musu bat! Pertsona bakoitzaren iraupen neurria, aldakorra da. Elsak, garrasika aldegin zuen, eta inork uste baino lehenago agertu ziren aretoan aita eta ama, azken hau esku-zapia zuela. Zer uste duzue, herrena kokildu zela? Inolaz ere ez. Aretoaren erdian zera jaurti zuen ozenki: — Zuek ez duzue hemen ezer egitekorik! Ni zeregin filantropiko garrantzitsu bat betetzera etorri naiz!... Ez zaitezte hurbildu! Eta besteak, konkorduna lotu eta leihotik botatzeko denbora hartu baino lehen, txepadunak, pistola bat atera eta haiei begira kanoia bideratu zuen. Izutu ziren ero itxura zuen harekin, eta nik ikustean beldurrak zeharo izoztu zituela, adi geratu nintzen, ezer egitekorik ez banu bezala, zeren orain konkordunaren ausardia munduko gauzarik bitxiena eta bereziena iruditzen ari zitzaidan. Hau, bere jarrerak izandako arrakastaz konturatuaz, zera jaurti zuen: — Ni hona zeregin filantropiko garrantzitsu bat betetzera etorri naiz. Eta beharrezko da Elsak ni musukatzea, era horretan nik gizadiari barkatu ahal izateko eman zaidan txepa makur honen ordainetan. Eta, gainera, musuarekin batera, mesedez, atera iezadazu koñak kopa bat. Lotsagarria da nolako arretarekin hartzen dituzuen bisitariak! Ez, anderea, ez, ez ezazu sudurtzar hori okertu, usainez ondo hornitua etorri naiz eta. Era berean ekar iezadazu te bat! — Ai nire Rigoleto paregabea! Askok diote ni erotuta nagoela, baina ez dut uste inoiz zentzudun batek ere, hainbesteko algarak bota dituenik haren astakeriekin. — Preso sartzeko agindua emango dut… — Zuk ez dituzu gortesiak dituen oinarrizko zereginak ere ezagutzen —tematu zen konkorduna—. Zuek behartuta zaudete ni zaldun baten moduan errezibitzera. Ni konkordun izateak ez zaituzte baimentzen mespretxatzeko. Ni zeregin filantropiko haundi bat betetzera etorri naiz. Lagunaren andregaia, niri musu bat ematera behartuta dago. Nik onartzen dut hori. Beste aukerarik ez daukat, elkarteak niri zor didan zorra ordaintzeko, eta ez diot uko egingo. Egiatan, han erorik egotekotan, Rigoleto zen eroa, ez izan dudarik adiskideok. Eta berak jarraitu zuen: — Adiskideak… ni naiz… Zaindariak sartu ziren bata bestearen atzetik aretora. Hortik aurrera ez naiz ezertaz oroitzen. Kazetek diotenez, une horretan konortea galdu omen nuen. Baliteke. Konturatzen al zarete orain, zergatik deabru txepadunak zigortzen zituen txerriak arratsaldero, eta konturatzen zergatik ito beste erremediorik ez nuen izan?
KONKORDUNA |