Pertsegitzailea
Julio Cortazar

euskaratzailea: Jon Muñoz
HEA Kultura Elkartea, 2019

 

 

To be or not to bop

 

Harkaitz Cano

 

      Bigarren Mundu Gerra osteko Europa babesleku aparta izan zen jazz musikari iparramerikarrentzat. Herrialde eskandinaviarrak —bereziki Danimarka— eta mundu frankofonoa —bereziki Paris— diru iturri eta askatasun eremu suertatu ziren haientzat, eta zenbaitek bolada luzeak eman zituzten Frantziako hiriburuan. Izan zen, areago, Kenny Clarke bateria-jotzailea bezala, Parisen bizitzen geratu zenik ere. 50. hamarkadaren hasieran jazza krisian zegoen AEBetan: klub asko itxi egin zituzten eta gero eta nekezagoa zen ongi ordaindutako emanaldiak lortzea. Erantsi horri arrazakeriak zuen indarra. New Yorken, Kansasen eta Chicagon jazz musikariek estimazio handia izan zezaketen afroamerikarren eta gutxiengo zuri baten begi-belarrietan, baina bazterreko musikariak baino ez ziren publiko zabalarentzat. Europan, aldiz, aitzakiarik gabeko izar peto bilakatu ziren; gazte zein heldu, ez zen jazzaren xarmari men egiten ez zionik. Filosofoek miresten zituzten eta erakundeek saritzen. Ezaguna da, esate baterako, Jean-Paul Sartre eta Juliette Grecok jazzarekiko zuten mira. Jazzlariek irekitasuna eta aintzatespena aurkitu zituzten Parisen, bai eta zigor kode eta araudi moral laxoagoak ere. Miles Davisek bere autobiografian aitortu zuenez, Paris izan zen ezagutu zuen atzerriko lehen hiria eta bidaia hark betirako aldarazi zion gauzei begiratzeko modua: “Maite izan nuen Parisen egotea eta maite izan nuen egin zidaten harrera eta eman zidaten tratua. Parisen ulertu nuen zuri guztiak ez direla berdinak; badaudela aurreiritzirik gabekoak ere”.

      Miles Davis eta liburu honetako Johnny Carter inspiratu zuen Charlie Parker saxo-jotzailea urte berean ailegatu ziren Frantziako hiriburura: 1949an. Bi urte beranduago iritsiko zen Julio Cortazar, jazzaren leherraldia bete-betean zegoen garaian. Hogeita hamazazpi urte zeuzkan eta hezurretaraino maitemindu zen Parisekin. Jazz zale amorratua zela, esan gabe doa. Baieztatu liteke, honenbestez, lehen pertsonan ezagututako giro horren eraginpean idatzitako narrazioa dela honakoa, Charlie Parker 1955ean hil baitzen eta ipuina lau urte beranduago argitaratu. Tarte horretan, beboparen eztanda atomikoak free jazzera iristeko bidea seinalatu zuelarik, betirako aldatu zen jazzaren historia, gaurdaino bere horretan dirauten joko-arauak irauliz eta berridatziz.

      “Ni ez naiz ornitologoa, ni txoria naiz”, entzun izan diogu Arantxa Urretabizkaiari bere obraren inguruko teorizazio eske joan zaizkionean. Halatsu Charlie Parker ere: Bird goitizenaren jabe, bere omenez bataiatu zuten Birdland Manhattaneko jazz klub ezagunenetako bat. Hil zenean, “bird lives!” zioten pintadak agertu ziren hormetan. Bere soloak espresionismo abstraktuaren lurralderaino eramateko gai, musika jeneroen arteko mugak lausotzeko gauza zen, maisu handiek soilik ahal dezaketen eran. Miles Davis “musikako Picasso” bazen, agian ez litzateke gehiegikeria Charlie Parker “musikako Jackson Pollock” izendatzea. Horren lekuko, Parkerren ekarpena Arnold Schönbergen musika atonalarekin parekatzea, edota Igor Stravinskik Charlie Parkerrekiko zuen miresmena ulertzea (eta alderantziz).

      “Nire ipuinetako gehienak borondatearekin zerikusirik ez duen zerbaitegatik idatzi ditut, arrazoimenaren gainetik edo azpitik, kanpo indar batek zeharkatutako medium huts bilakatu banintz bezala”, zioen Cortazarrek. Izan zitekeen Johnny Carter protagonistarena ere iruzkina: saxoa jotzen duenean sakoneran irabazi gura du bizitzaren kronologia makurrak luzetara lapurtzen diona. Zein da, hori ez bada, artearen funtzioa? Hasiera batean denboraren igaro azkarraren eta sormenaren edo inspirazioaren ingurukoa dirudi ipuin honek; zoragarria litzateke bere horretan ere. Ordea, izan ala ez izanaren labar sakonak zabalarazten ditu bat-batean gure oinpean. Bizitzaren amildegia hatz puntez ukitzearen bertigoa sentitzen dugula dirudi orduan, Johnny Carterrek zuzenean jotzen duenean —bere frustraziorako— infinitua ukitu gabe ukitzen duela dirudien ber gisan.

      Tranpatia da memoria: Pertsegitzailea Charlie Parkerren bizitzan nabarmenki oinarritutako istorio bat zelakoan nengoen ni. Eta hala da. Alabaina, berrirakurketan Johnny Carter saxo-jotzailearen adiskide Brunok duen pisuak harritu nau. Berak kontatzen du lehen pertsonan istorioa eta bere tasunak eta keriak, bere adiskidetasun malgu-aldakorra, itsatsita geratzen zaizkio testuari zoko-moko guztietan. Bruno da partitura batera errenditu ezin daitekeen musikaren ehundurak paperaren gainean jartzeko ahalegin ezinezkoa egiten saiatzen dena. Bruno, atzemanezina dena besarkatzen saiatzen dena. Bruno da lekukoa eta Johnny da protagonista. Bruno da araua eta Johnny salbuespena. Bruno da aukera posibleen katalogoa; Johnny, katalogoz kanpoko piztia. Bruno metronomoa; Johnny erloju-jalea. Bruno errealista; Johnny inkonformista. Bruno da ornitologoa eta Johnny da txoria. Nola Bruno, halaxe Jon Muñoz itzultzailea ere, itzulezina dena itzultzen eta gu lerrorik lerro xarmatzen, nola xarmatu zituzten jazz musikariek paristarrak gerraostean.

      Itzulpen oro bariazio den heinean, bariazioen erresuma den jazzaren gaineko testu bat itzultzea baino sormen ariketa ederragorik ezin nezake irudika.

 

Pertsegitzailea
Julio Cortazar

euskaratzailea: Jon Muñoz
HEA Kultura Elkartea, 2019