|
EGUZKI HARRIA La treizième revient... c'est encor la première; et c'est toujours la seule —ou c'est le seul moment; car es-tu reine, ô toi, la première ou dernière? es-tu roi, toi le seul ou le dernier amant? Gerard de Nerval (Arthémis)
kristalezko sahats bat, urezko makal bat, haizeak uztaitzen duen urtzurrusta goratu bat, zuhamu bat dantzaria ongi landatuta egon arren, gakotu, aurreratu, atzeratu, inguraldi bat eman eta beti iristen dan ibai baten bide-egin bat: ibili bare bat izar edo udaberri estutasun gabekoarena, betazal itxiaz gau guztian iragapenak isurtzen duen ura, ahobateko presentzia olatualdiz, olatuz olatu dena estali arte, beheraldi bako jabego berdea hegoen lilura bezala zeruen erdian zabaltzen diranean,
geroko egunen bide-egin bat ohianbarruetan eta zorigaitzaren distira hilkorra hegazti bat bezala bere kontura basoa harriztatzen eta hurreko zoriontasunak adar tartean zorabiatzen diranak, txoriak jadanik mokokatzen dituen argi orduak, eskutik ihes egiten duen aztikeriak,
bapateko kantu bat bezalako presentzia bat, haizea bezala suketan abesten, mundua bere itsasoekin eta mendiekin hagoan eusten duten begiratze bat, agata bategatik iragazitako argi-gorputz bat, argi-hankak, argi-sabela, itsasadarrak, eguzki-haitza, hodei kolore gorputza, azkar jausten dan egun-kolorea, orduak distiratu egiten du eta gorputza dauka, zure gorputzagatik mundua agiria da jadanik, zure gardentasunagatik gardena da,
hots barrenbideen tartean nabil, presentzia durunditsuen tartean jarioten dut, gardentasunetatik noa itsu bat bezala, distira batek borratzen nau, beste baten jaiotzen naiz, ene zuztarri zorabiatuen basoa, argiaren arkupeetan zeharkatzen dut udazken garden baten igarobideak,
zure gorputzetik nabil mundutik bezala, zure sabela enparantza eguzkitsu bat da, zure bularrak eliza bi odolak bere gertakari paraleloen liturgia egiteko tokia, nire begitadak huntza bezala estalitu zaituzte, itsasoak eraso egiten duen hiri bat zara, argiak durazno kolore erdi bitan zatitzen duen harresi bat, gatz, haitz eta txori lurralde bat eguerdi harrituaren legearen menpean,
nire gogoekin kolorez jantzirik nire gogapena bezala biluzik zoaz zure begietatik uren gainetik bezala noa, tigreek ametsak edaten dute begi horretan, eulitxoria gar horretan erretzen da, ilargitik bezala zure bekokitik noa, hodeia zure gogapenetik bezala, zure ametsetatik bezala noa zure sabeletik,
zure artozko gonak uhindu eta abestu egiten du, zure kristalezko gona, zure urezko gona, zure ezpainak, zure ileak, zure begitadak, gau guztietan euria egiten duzu, egun guztian zure ur-hatsekin nire bularra zabaltzen duzu, zure ur-ahoarekin nire begiak ixten duzu, nire hezurren gainean euria egiten duzu, nire bularrean zuhaitz isurki batek urezko sustraiak hondoratzen ditu,
zure gerritik nabil ibai batetik bezala, zure gorputzetik nabil baso batetik bezala, mendian leze zakar baten bukatzen dan bidezidor batetik bezala, zure gogapen zorrotzetatik nabil eta zure bekoki zuritik irteeran nire geriza erroiztua apurtu egiten da, banaka biltzen ditut nire zatiak eta gorputz barik jarraitzen dut, aztaka bilatzen ari naiz,
oroimenaren bukaera bako igarobideak, ate irekiak areto huts batera udara guztiak usteltzen diran tokia, egarriaren bitxiak atzean sutan daude, aurpegi zorabiatua gogoratu ezkero, desegiten dan eskua ikutzen badut, masmen ilesapak zalapartan orain dala urte askoko irribarreen gain,
nire bekokitik irtendakoan bilatzen ari naiz, idoro gabe bilatzen ari naiz, une baten bila nabil, tximist eta erauntsizko aurpegi bat gau-zuhaitzen tartean aringa, euri aurpegi bat lorategi ilun baten, nire sahietsera jarioten dan ur iraunkorra,
idoro barik bilatzen ari naiz, bakarti idazten dut, inor ez dago, eguna erortzen da, urtea jausten da, uneakin erortzen naiz, sakonki jausten naiz, bide ikustezina ispiluen gainean nire irudi sustsintua berregiten, egunak zapaltzen ditut, une ibiliak, nire gerizaren gogapenak zapaltzen ditut, une baten bila nire geriza zapaltzen dut,
txori bat bezalako data bizi baten bila nabil, tezontlezko hormengatik landutako arratsaldeko bostetako eguzkiaren bila nabil: orduak bere morduak heltzen zituen eta behin leherturik neskatxak irteten ziren bere arrosa errainetatik eta zabaldu egiten ziren ikastetxeko harrizko lorioetatik, udazkena bezala goituta arkuteripean zebilen argiagatik estalita eta estuturik zabalguneak jantzi egiten zuten larru urreztatu eta gardenagoaz,
argi-kolorezko tigrea, orein nabarra gauaren inguruetan, euriaren balkoi berdeetan erdietzanda erdikusitako neskatxa, nerabe aurpegi kontaezina, zure izena ahaztu dut, Melusina, Laura, Isabel, Persefone, Maria, aurpegi guztiak dauzkazu eta bat ere ez, ordu guztiak zara eta bat ere ez, zuhaitza eta hodeiaren antza daukazu, astro bat eta txori guztiak zara, ezpataren ahoaren antza daukazu baita urkatzailearen odol koparena, aurrera doan, arima estali eta erauzi eta bere barrutik zatitu egiten duen, huntza,
suzko idazketa jadearen gainean, haitzean zartadura, sugeen erregina, lurrun zutabea, iturria harkaitzean, ilargi zirkoa, arranoen malkorra, anis garaua, zigor hilezkorrak ematen duen arantza xume eta hilkorra, itsaspeko haranetako artzaina eta hilen haraneko begiralea, zorabioaren legartzatik eskegiten dan liana, oihanbelarra, landare pozoitsua, bizkunde lorea, bizi mahatsa, tximistaren eta xirularen anderea, urkitzaren terraza, zaurian gatza, afusilatuarentzat larrosa sorta, agorrilaren elurra, urkamendiko ilargia, itsasoaren idazketa basaltoaren gainean, haizearen idazketa basamortuan, eguzkiaren azkenahia, granada, belarburua,
sugarren aurpegia, aurpegi irentsia, jazarri aurpegi norabea, urte mozorroak, lario berberera zuzentzen diran zirkuluantzeko egunak, harresi berberera, unea sutan dago eta garraren ondorengo aurpegiak aurpegi bat bakarrik dira, izen guztiak izen bat dira, aurpegi guztiak aurpegi bat dira, mende guztiak une bat bakarrik dira eta mendeen mende guztietatik begi bikoitz batek bidea ixten dio etorkizunari,
ez dago ezer nire aurrean, une bat bakarrik gauean berreskuratua, amets baten aurka irudi elkartuez ametsetan egindakoa, gogorki zizelduta ametsaren aurka, gaurko gauaren ezerezari erauzita, hizkiz-hizki pultsuz jasota, kanpoan denbora eratu eta munduak bere ordutegi harakinarekin nire arimaren ateak jotzen dun bitartean,
une bat bakarrik, hiriak, izenak, ahokerak, bizi izandakoa, nire bekoki itsuan hondatzen diran bitartean, gauaren larritasunak nire gogapena goibeheratzen duen bitartean baita nire hezurdura ere, eta nire odola nekezago dabil eta nire hortzak lasaitu egiten dira eta nire begiak lainotu egiten dira eta egunak eta urteak beren izuikara hutsak metatzen dute,
denborak bere abanikua itxi eta bere irudien atzean ezer ez dagoen bitartean unea lezeratu egiten da eta urgainean dago heriotzez inguratuta, mehatxatuta gauagatik eta bere aharrausi ilunberagatik, heriotze bizia eta maskaratuaren zaratagatik mehatxatua unea lezeratu eta barneratu egiten da, ukabil bat hertsiten dan bezala, fruitu bat bezala bere barrurantz heltzen dana eta bere burua edaten duena eta isurtzen dana une zeharrargitsua itxi egiten da eta barrurantz helduten da, sustraitu egiten da, nire barruan hasten da, ni dena betetzen nau, bere ostope zorabiagarriak botatzen nau, nire gogapenak beren txoriak bakarrik dira, bere zilarbizia nire zainetatik dabil, buru-zuhaitza, denbora dastamenezko fruituak,
oi bizibako bizia eta jadanik bizi izandakoa, zakarraldi baten berriro datorren denbora eta aurpegia irauli barik atzeratzen dana, igaro zena ez zan izan baina izaten ari da eta isilik doa itzaltzen dan beste une batera:
kresal eta harrizko arratsaren aurrean labaina ikustezinekin armatuta nire larruazalean idazten duzu idazketa gorri irakurtezin bat eta zauri horiek gar jazki bat bezala birrestalitzen naute, sutan nago higatu gabe, ur bila nabil eta zure begietan ez dago urik, harrizkoak dira, eta zure bularrak, zure sabela, zure aldakak harrizkoak dira, zure ahoak hauts dastamena dauka, zure ahoak denbora edentsuaren gustoa dauka, zure gorputzak irtera bako hosinaren ahokera dauka, ispiluzko igarobideak berregiten egartiaren begiak, igarobidea abiatze puntua beti itzultzen, eta zuk eskutik itsu eramaten nauzu barrenbide setatu horietatik zirkuluaren erdirantz eta zutitzen zara aizkoran leitzen dan distira bat bezala, argi larrutuzaile bezala, liluragarria kondenatuarentzat urkamendia bezala, larruzigorra bezala malgua eta lerdena ilargiaren iskilu biki bat bezala, eta zure hitz zorrotzak aitzurtu egiten dute nire bularra eta despopulatu eta hustu egiten naute, banaka banaka erazten dizkidazu oroipenak, nire izena ahaztu dut, nire lagunak txarri tartean kurrunka egiten dute edo usteldu egiten dira eguzkiagatik jandako sakana baten,
nire gain zauri luze bat baino ez dago, inork zehar ibili ez duen zulogune bat, leihorik gabe hemen, berriro etorri, berregin, distiratu eta bere gardentasunean galtzen dan gogapena, argitasunez urpetu arte begira begiratzen dan begi bategatik zeharkatutako kontzientzia: nik ikusi nuen zure ezkata itzela, Melusina, egunsentian berdexka distiratzen, izara tartean kirimilduta lo egiten zenduenean eta esnatzean txori bat bezala oihu egin zenduan eta amaiera barik erori egin zinen, apurtua eta zuria, zure oihua baino ez zan geratu, eta mendeen ondoren aurkitzen naiz estulakin eta ikusmen txarrarekin, argazki zaharrak nahasten: inor ez dago, inor ez zara, suhauts pilo bat eta erratz bat, laban koskatu bat eta mustuka bat, hezur batzuetatik eskegita dagoen azal bat, mordo bat jadanik iharra, zulo beltz bat eta zuloaren hondoan mila urte dala ito zen neskatila baten begi biak,
hosin baten begirada ehortziak, hasieratik ikusten gaituen begiradak, ama zaharraren begirada kumea seme nagusian aita gazte bat ikusten duena, nezkatila bakarraren ama-begirada aita zaharrean seme txikar bat ikusten duena, biziaren hondotik begiratzen gaituen begiradak eta heriotzearen iruzurrak dira —edo goikoz behera da: begi horietan jaustea benetako bizitzara itzultzea ahal da?,
erori, itzuli, niregan ametsetan egin eta beste geroko begi batzuk neuregan amets egin didala, beste bizitza bat, beste hodei batzuk, beste heriotze bateaz hil! —gau honekin nahiko dut, baita ere une hau oraindik zabaltzen ez dana eta non egon naizen, nor izan naizen, nola deitzen zaran, nola deitzen naizen argitaratzen ez duena: planak egiten ahal nuen udarako —eta udara guztietarako— Christopher Streeten, orain duela hamar urte, Filisekin, galtxoriak argia edaten zuten zulogunetxo bi edukana?, Reformatik Karmenek esaten ahal nuen «aireak ez dauka pisurik, hemen beti da urrila», edo beste bateri, nik galdu dudana, esan zion edo nik asmatzen dut eta inork ez dit esan?, ibili ahal nintzen Oaxakako gauetik, gau itzala eta berdebeltza, arbola bat bezalakoa, haize zoroa bezala bakarrik mintzatzen eta nire gelara iritsitakoan —beti gela bat— ispiluek ez ninduten ezagutzen?, Vernet hoteletik ikusi genduan egunsentia gaztainondoekin dantzan —«beranduegi da» esaten zenduan orraztuaz eta nik horman orbanak ikusten nuen ezer esan barik?, dorrera igo ginen elkarrekin, arratsa jausten ikusi genduan uharritik?, mahatsak jan genduan Bidarten?, gardeniak erosi genduan Peroten?, izenak, tokiak, kaleak eta kaleak, aurpegiak, enparantzak, kaleak, geltokiak, parke bat, gela hutsak, orbanak horman, norbait orrazten da, nire ondoan norbaitek abesten du, norbait jazten da, gelak, tokiak, kaleak, izenak, gelak,
Madril, 1937, Plaza del Angelen emakumeak beren semeekin josi eta abestu egiten zuen, gero alarmak jo zuen eta oihuak entzun ziran, etxeak hautsean belauniko, dorre zartatuak, bekoki listukatuak eta motoreen haizerantzia, finko: biak erantzi eta batu egin ziran babesteko gure atal amaigabea, gure denbora eta paradisu zatia, gure sustraia ikutu eta geu indartzeko, mila mende duela bizi-lapurrak ostutako gure herentzia berreskuratzeko, biak erantzi eta musuak hartueman zuten ze biluztasun elkartuek denborea garaitzen dute eta zauriezinak dira, ezerk ez ditu ikutzen, jatorrira berriro datoz, ez dago zurik ez nirik, biharrik, atzorik ez izenik, biren egia gorputz eta arima bakar baten, oi izaki osoa... gelak noraezean urpera doazen hiri artean, gelak eta kaleak, zauriak bezalako izenak, gela leihoekin beste geletara ematen betiko paper margularekin gizon bat alkondarutsik egunkaria irakurtzen edo emakume bat plantxatzen dagoena; muxikaren adarrak ikustatzen duten gela argia; beste gela: kanpoan beti euria da eta lario bat eta iru ume uhertuta daude; gelak untzi bezalakoak argi-golko baten kulunkatzen; edo urpekuntziak: isiltasuna zabaltzen da olatu berdeetan, ikutzen dugun guztia fosforestatu egiten da; luxusko jaunobiak, erretratuak jadanik hortzikatuak, alfonbrak karraskatuak; tranpak, gelabeltzak, leze zorabiatuak, kaiolak eta gela zenbakituak, denak itxuraldatzen dira, denak hegaz egiten dute, sakonurte bakoitza hodei bat da, ate bakoitzak itsasora ematen du, zelaira, haizera, mahai bakoitza jai bat da; txirlak bezala itxita denboreak alferrik eraso egiten dituzte, jadanik ez dago denborarik, ez hormarik: zabalgune, zabalgune, zabaldu eskua, hartu aberastasun hau, jaso fruituak, jan bizitza, etzan arbolapean, edan ura!
dena itxuraldatzen da eta sakratua da, gela bakoitza munduaren zentroa da, lehenengo gaua da, lehengo eguna, mundua jaiotzen da batak besteari musua ematen diotenean, errain gardenezko argi tanta gela fruitu bat bezala erdi zabaltzen da edo astro isilkoi bat bezala lehertzen du eta legeak saguen janariak, bankoen burdinsareak eta espetxeak, paperezko burdinsareak, alanbresiak, tinbreak eta eztenak eta akuiluak, iskiluen sermoi doinubakarra, luhartz eztitsua eta txanoakin, tigrea xisterakin, Barazkijaleen Kluba eta Gurutze Gorriaren lehendakaria, asto pedagogoa, kokodrilo salbatzailea, herrien aita, Buruzagia, tiburoia, etorkizunaren arkitektoa, zerri eraberdindua, hortzadura beltza ur bedeinkatuarekin garbitzen duen eta ingles eta demokrazia ikasten ari dan Eleizaren seme kuttuna, horma ikustezinak, mozorro ustelak gizona gizoneengandik, gizona berberagandik banantzen dutenak amiltzen dira une itzal bategatik eta begiztatzen dugu gure batasun galdua, gizonak izatea dan babesgabetasuna, gizonak izatea dan zoriontasuna eta ogia, eguzkia, heriotzea, bizirik egotearen harridura ahaztua zatibanatzea;
maitatzea gudukatzea da, batak besteari musua eman ezkero, mundua aldatu egiten da, gogoak haragitu egiten dira, gogapena haragitu egiten da, esklabuaren bizkarrean hegoak sortzen dira, mundua benetakoa eta ukigarria da, ardoa ardoa da, ogiak berriro ahokera dauka, ura ura da, maitatzea gudukatzea da, ateak irekitzea da, gehiago mamua zenbaki batekin ez izatea bizi guztirako zigortua aurpegibako ugazaba batengatik; mundua aldatu egiten da bi begiratzen badira eta berrezagutzen badira, maitatzea izenetatik biluztea da: «utzi eidazu zure puta izatea», Eloisaren hitzak dira, baina hura legeen menpean jausi zen, bere emaztea egin zuen eta gero sari bezala irendu egin zuten; hobeto hilketa, maitale buruhiltzaileak, anai-arrebaren ahaidekeria ispilu bi bezala heuren kidetasunarekin maiteminduta, hobeto ogi pozoindatua jatea, errautsezko oheetan ezkontzausiketa, maitasun basatiak, zorabioa, bere huntz edendua, gorro bat klabelintzat bezala solapan daroan sodomita, bizitzaren izatea lauskitzen duen urgurpilari bira ematea baino hobeto da enparantzetan harrikatua izan, betirauna ordu hutsetan aldatzen da, minutuak espetxeetan, denborea kuprezko txanponetan eta kaka abstraktoan;
hobeki kastitatea, isiltasunaren zuztarretan kulunkatzen dan lore ikustezina, gogoak iragazten duten sainduen diamante zaila, denbora asetzen du, gelditasuna eta mugimenduaren ezkontzak, bakardadeak bere lorostoan kantatzen du, ordu bakoitza kristalezko loreorria da, munduak beren mozorroak uzten du eta bere erdian, dardarkor gardentasuna, Jaungoikoa deitzen duguna, izenbako izaera, ezerezean kontenplatzen da, aurpegibako izatea beragandik sortzen da, eguzkien eguzkia, presentzien eta izenen betetasuna;
nire erokeria jarraitzen dut, gelak, kaleak, denboraren igarobideetatik nabil itsumustuka eta beren mailak igo eta beheratu egiten dut, eta beren hormak aztatzen dut eta ez naiz mugitzen, hasi nintzen tokira itzultzen naiz, zure aurpegiaren bila nabil, nire kaleetatik nabil adinbako eguzki baten menpean, eta zu nire alboan arbola bat bezala zabiltza, ibai bat bezala zabiltza eta ibai bat bezala mintzatzen nazu, galburu bat bezala hazten zara nire eskuen artean, urtxintxa bat bezala taupadatzen duzu nire eskuen artean, mila txori lez hegaz egiten duzu, zure barreak bitsez estali nau, zure burua astro txiki bat da nire eskuen artean, mundua berdetzen da irribarre egiten baduzu laranja bat jaten, mundua aldatzen da bi, zorabiotsuak eta elkartuak, belarraren gainean erortzen ba dira: zerua jetsi egiten da, arbolak goratu egiten dira, zabaltasuna bakarrik argia eta isiltasuna da, zabaltasun zabala bakarrik begiaren arranoarentzat, hodeien tribu zuria igaroten da, gorputzak amarrak hautsiten ditu, arimak zarpatzen du, gure izenak galtzen ditugu eta flotatzen gara urdina eta berdearen artean noraezean, bere iragan zoriontsua baino ezer ez dan gertatzen denbora osoa,
ezer ez da gertatzen, isildu egiten zara, keinuka ari zara (isilik: aingeru batek zehar igaro du une hau ehun eguzkien bizitza besteko handia), ez da ezer gertatzen, begikara bat bakarrik? —eta jaialdia, atzerria, lehenengo krimena, astoaren masailezurra, zarata opakoa eta hilaren begitada sinisgabekoa zelai errauskinean jausten danean, Agamenon eta bere orro itzala eta Kasandraren oihu berregina olatuen oihuak baino gogorragoak, Sokrates kateatua (eguzkia jaiotzen da, hiltzea esnatzea da: «Kriton, oilar bat Eskulapiori, jadanik bizitzaretik sendatzen naiz»), Ninibeko suntsiduren artean iharduten duen txakala, Brutok ikusi zuen geriza guduaren aurretik, Moctezuma bere logabetasunaren arantze-ohean, heriotzerantz gurdixkan bidaia —bidai amaigabea baina Robespierrek kontatua minutuz minutu, eskuen tartean mailezur apurtua-, Txurruka bere tronu gorribizi bat bezalako upan, Lincolnen pausuak jadanik kontatuak teatrorantz irtetean, Trotskiren karranka eta beren basurde aihenak, Madero eta inork ere erantzun ez zuen begirada: zergatik hiltzen naute?, karajoak, eneak, hiltzailearen isiltasunak, deuna, gizajoa, txakur erretorikoek aztartzen dituzten esaldien eta anekdoten kanposantuak, zorabioa, irrintzia, hiltzen geranean egiten dugun hots iluna eta jaiotzen dan bizitzaren arnasestua eta borrokan hezur zehetuen zarata eta profetaren bits-ahoa eta bere oihua eta borreroaren oihua eta biktimaren oihua... garrak dira begiak eta garrak dira begiratzen dutena, garra belarria eta soinua garra, txingarra ezpainak eta mihina txingarra, ukimena eta ikutzen duena, gogorapena eta gogartua, garra gogartzen duena, dena erretzen da, unibertsoa garra da, sutan dago ezerez dan ezerez berbera baizik gogapen bat garretan, azkenean kea: ez dago borrerorik ez biktimarik... eta oihua ostiral arratsaldean?, eta ikurrez estaltzen dan isiltasuna, esan barik esaten duen isiltasunak, ez du ezer esaten?, ez dira ezer gizonen oihuak? ez da ezer gertatzen denbora igaroten danean?
—ez da ezer gertatzen, eguzkiaren begikara bat bakarrik, ia ia mugimendu bat, ezer ez da§o salbamenik, denbora ez da itzultzen, hildakoak beren heriotzean finko daude eta beste heriotze batengatik ezin dira hil, ikutuezinak, beren keinuan josita, beren bakardadetik, beren ezinbesteko heriotzetik begiratu barik begiratzen gaituzte, beren heriotzea jadanik beren biziaren irudia da, beti egon bat jadanik ezerez betirako, minutu bakoitza ezer ez da betirako, errege mamu batek zuzentzen ditu zure taupadak eta zure azken keinua, zure mozorro gogorra landuten du zure aurpegi aldagarriaren gainean: oroitarria gara inoren eta ez bizi izandako bizitza baterena, ia ia gurea,
—bizitza, noiz izan da benetan gurea?, noiz gara gu benetan gu garanak?, ongi ikusita ez gara, bakartasunean ez gara zorabio eta hutsunea baino, ispiluan keinuak, izuikara eta errebesa, bizitza ez da inoiz gurea, besteena da, bizitza ez da inorena, denok gara bizitza —eguzki ogia besteentzat, gu garan beste guztiak—, beste bat naiz naizenean, nire egintzak nireagoak dira besteenak ere badira, izan ahal izateko beste bat izan behar dut, nigandik irten, besteen artean nire burua bilatu, ni ez banaiz ez diran besteak, esistentzia osoa ematen didaten besteek, ni ez naiz, ez dago nirik, gu gara beti, bizitza beste bat da, beti han, urrunago, zugandik kanpoan, nigandik, beti ostertz, ezbizitu eta inorenganatzen gaituen bizitza, aurpegi bat asmatu eta higatu egiten gaituna, izate gosea, ene heriotze, denon ogia,
Eloisa, Persefone, Maria, azkenean erakutsi ezazu zure aurpegia nik ikusi dezadan nire egiazko aurpegia, bestearena, nire aurpegi gurea beti denok, zuhamuzko aurpegia eta baita okinarena, txoferrarena eta hodeizkoa eta marinelarena, eguzki eta erreka eta Pedro eta Pablo aurpegia, bakar taldekoaren aurpegia, esnatu nazak, jadanik jaioten naiz: bizitzak eta heriotzeak zugan elkarraditzen dute, gaueko andrea, argitasun dorrea, egunsentiaren erregina, ilargi birjina, ur amaren ama, munduaren gorputza, heriotzearen etxea, nire jaiotzatik eten barik erortzen naiz, niregan jausten naiz nire azpialdea ikutu gabe, jaso nazak zure begietan, batu hauts zabaldua eta berrelkartu nire errautsak, lotu nire ezur zatituak, putz egin nire izatean, lurperatu nazak zure lurrean, zure isiltasunak eman dezan pakea gogapenari bere buruaren aurka haserratuta; zabaldu eskua, egunak diran hazien anderea, eguna hilezkorra da, igoten da, handitzen da, jaio baino ez du egin eta inoiz ez da amaitzen, egun bakoitza jaiotzea da, jaiotza bat da egunsenti bakoitza eta ni egunargitzen naiz, denok egunargitzen gara, egunargitzen da eguzki-aurpegi eguzkia, Juan egunargitzen da bere aurpegiaz Juanen denen aurpegiaz,
izatearen atea, iratzarri nazak, egunargitzen ari du, utzi nazak egun honen aurpegia ikusi dezadan, utzi nazak gau honen aurpegia ikusi dezadan, dena komunikatu eta antzaldatzen da, odolezko arkua, taupadazko zubia, eroan nazak gauaren beste aldera, ni naiz zu gu garan tokira, izenorde lokarrituen erresumara,
izatearen atea: ireki zure izatea, esnatu, ikasi izaten ere bai, landu zure aurpegia, egin zure hazpegiak, eduki aurpegi bat nire aurpegiari begiratzeko eta berak begiratu zaitzan, bizitza begiratzeko heriotzera arte, itsasozko aurpegia, ogizkoa, haitz eta iturrizkoa, izenbako aurpegian gure aurpegiak gesaltzen dituen iturburuak, aurpegibako izatea, presentzien presentzia esanezina...
jarraitu nahi dut, harantzago joan, eta ezin dut: unea beste baten eta beste baten amildu zen, ametsetan egiten ez duen harrizko ametsak lo egin nituen eta harriak bezalako urteen ondoren nire odol espetxetua kantatzen entzun nuen, argizko zuzmurruaz itsasoak kantatu egiten zuen, banaka harresiak erori egiten ziran, ate guztiak jausi egiten ziran, eguzkia oldarrean sartzen zen nire bekokitik, nire betazal itxiak deslotzen zuen, nire izatea bere azaletik zarratatzen zuen, nigandik erauzten nuen, nire harrizko mendeak lo zakar egintzatik aldentzen nuen eta bere ispilu aztikeriak bizberritzen zuen kristalezko sahats bat, urezko makal bat, haizeak uztaitzen duen urtzurrusta goratu bat, zuhamu bat dantzaria ongi landatuta egon arren, gokatu, aurreratu, atzeratu, inguraldi bat eman eta beti iristen dan ibai baten bide-egin bat:
Mexiko, 1957
EGUZKI HARRIA |