Konkordia plazako hitzaldia
Max Aub

euskaratzailea: ezezaguna
Zubizabal 7/8, 2003

 

Mauricio Magdalenorentzat

 

       «L'homme de parti sera bien froid dans cinquante ans, il en faut seulement ce qui sera  intéressant quand le procès sera jugé».

Lucien Loewen

 

       «Toute idée politique dans un ouvrage de littérature est un coup de pistolet au milieu d'un concert».

 

 

Pertsonaiak

     ASTAKIRTEN HANDIA

 

 

 

EKITALDI BAKARRA

 

       Ekintza bera gaur bertan gertatzen da Pariseko Konkordia plazan. Gaur bertan, 1950eko urriaren 7an, hain zuzen ere. Plazako alde bietan, girlandaz apaindutako oholtzak daude. Euren atzean, anfiteatro erraldoiak daude, eta bertan, geldi-geldi, pozaren pozez dago jendea. Bete-betean harrapatu dituzte guztiak, txalotzen hasi direnean. Horrelaxe geratu dira eta geratuko dira, harik eta pieza amaitu arte. Truman jauna oholtzetako batean dago; bestean, ordea, Stalin jauna dago, bere aurkaria. Plazaren erdi-erdian, batetik bestera dabil ASTAKIRTEN HANDIA. Bere testuaren arabera, hitz egin eta hitz egin ari da, eta keinuak egiten ditu aldi berean. Adin ertaineko gizon lodia, txikia eta burusoila da. Edonoren antzera dago jantzita. Stalin jaunak uniforme soila darama soinean; eta Truman jaunak, ordea, zirriborroz betetako alkandora.

       Alferrik esango dut —baina badaezpada esan egingo dut— zuzendariak lekua alokatzen ez badu eta Stalin eta Truman jaunak agertzen ez badira, euren lekuetan daudela irudikatu beharko dugula. Obeliskoa, erdi-erdian; Truman jauna, eskuinetara —ikusleen ezkerretara—; eta Stalin jauna, ezkerretara —ikusleen eskuinetara—.

 

ASTAKIRTEN HANDIA: Jaun-andreok:

       Ingalaterrako Graham Greene eleberrigile ospetsuak nire herrialdea iraindu berri du munduaren zati batean, —propagandaren eraginez— arrakasta handia izan duen film batean. Hori dela eta, besteak beste, zenbait egia azaltzeko elkartu zaituztet hemen. Behin baino ez bada, zuentzat ez da batere kaltegarria izango egia horiek guztiak pertsona ondradu baten ahotik entzutea, uzten didaten bitartean, ez dudalako legarrik ahoan. Tamalgarria da Greene jauna hemen ez egotea, baina nire hitzen berri emango diotelakoan nago, Frantziako Gobernuak ekitaldi hau irratiz emateko baimenik eman ez duen arren.

       Ingeles horrek, katolikoa dena guztion lotsarako, galdetzen du —jendeak barre egin dezan— zer ekarri dugun guk, suitzarrok, mundura «kuku» erlojuez gain... Baboa halakoa! ... Esadazu zuk, Stalin jauna, hain estimu gutxi zion Leninek Suitzari? Beharbada ez zen hain ezaguna izango nire herrialdea egon ez balitz. Esadazu zuk, Truman jauna, non jaio zen Kalbin? Abertzaletasunak ez nau itsutzen, baina Suitza egon ezean, Europa bera ez litzateke Europa izango. Horren ondorioz, Amerika bera ez litzateke Amerika izango... Gainera, —Hirugarren gizona liburuaren idazleak esaten duena esaten duela ere— gizakien historian Migel Angel bera baino garrantzitsuagoa izan zen Joan Jakob Rousseauri eta Kalbini esker, beste mundu berri batzuk eman genizkion munduari. Non babestu ziren Stâel eta Romain Rolland? Non Rilke eta Nietzsche? Ausardia militarrari dagokionez, beste edonor bezainbestekoak gara, eta beste edonor bezain heroia da Gillermo Tell, eta onenak bezain onak dira Suitzako soldaduak. Hori guztiori ez dut nik esaten, historiak berak baizik. Pestalozzik beste edonork bezainbeste egin zuen guztion alde. Nik dakidala, Jesukristo eta Marx ere ez ziren ingelesak. Agian, oker nago. Ezta Konfuzio bera ere. Eta Holbein, Greene jauna, Basilean jaio zen. Jakina, Suitzan arteak ez ziren gortekoak; baina agian badakizue nortzuk diren Salis, Gassner, Euler, Saussure, Lavater, esate baterako. Inork ez du suitzarrok beste irakurtzen, inork ez daki suitzarrok bezain ondo zer diren askatasuna eta politika.

       Zer du nire herrialdeak? Berrogeita hamar legoa bider laurogei. Zer lur azalerak eman dio munduari nireak bezainbeste? Jakina, oso erraza da Suitza zapaltzea, Frantziarekin, Italiarekin edo Alemaniarekin alderatuz gero. Hala ere, ez dira parekoak. Inori ez zaio bururatzen Dofinerriarekin edo Borgoinarekin alderatzea —horrela egin beharko balitz ere—. Erraz-erraza da txiste lotsagabeak egitea! Horixe al da gure zerbitzuen ordaina? Gure gizatasunaren saria? Bai, erlojuak, parpailak, gazta, esnea, behiak, turismoa, Gurutze Gorria! ... Oso harro gaude! ... Ea zer egiten duten gainerakoek! Non dago kultura handiagoa? Non zibilizazio hobea? Non miseria gutxiago? Besteak baino gutxiago al gara hizkuntza bakar bat jakin beharrean hiru hizkuntza dakizkigulako? Nahiago nuke guzti-guztiok bost edo sei hizkuntza jakingo bagenitu! Gaur egun, ezjakintasunak aurrera egin du erabat, hizkuntza bakar bat dakien jende askok ezin txarrago irakurtzen du-eta...

       Gure lurralde ederra bezain latza —elurrak eta gailurrak— handia da oso, gizakientzat eraiki delako —gure lurraldeko zati handi bat estaltzen duten tontorrak ankerrak badira ere—. Ez da ez handiegia ez txikiegia. Den-dena dugu geure baitan —gobernua eta mugak—, den-dena ulertzen dugu, eta horrexegatik dugu askatasuna.

       Gizakia alde batera utzi duzue, gizartearen edo sozietate anonimo edo enpresa erraldoien mesedetan. Tamaina bera ahaztu egin zaizue. Bost urteko planak, gizakien neurria astebetekoa denean, gehienez ere. SESB eta AEB handiegiak direnez, izenik ere ez dute, siglak baizik. Ahulezia, gizakien ahulezia lurperatu duzue, indarra bada ere. Urrunetik, guztiok gara berdinak eta guztiok nahasten gara. Gizakien ikusmenak eta entzumenak mugak dituzte, eta hortik kanpo mugitzen zarete. Orain —hain ondo egiten ditugun— tresna optikoen bidez ere ez dituzue gizakiak bereizten elkarren artean. Hainbeste jaun daukazuenez, bost axola jende gehiago edo gutxiago hiltzen bada, edozein lan garatzearren. Orain ez da ez Pedro, ez Joan, ez Paulo, ez Guillermo, ez Teodoro, ez Jesus, ez Serafin. Halako taldea da, X batailoia, Y lagun-taldea. Zer azalera zuen Shakespeareren garaiko Ingalaterrak? Zer tamaina zuen Sofoklesen garaiko Greziak? Zer tamainakoa zen Goetheren herrialdea, Spinozaren garaiko Holanda, Tintorettoren, Savonarolaren, Rafaelen garaiko Italiak? Badakit, Cervantesen garaiko Espainia, Racineren garaiko Frantzia ziren handiak. Dena dela, neurri-neurrikoak

ziren. Gaur egun, aldiz, guzti-guztia da handiegia. Inoiz baino baliabide gehiago badituzte ere, inoiz baino traketsagoak dira gizakiak.

       Nolanahi ere, nire hitzak entzuteko ohorea eskaini didazuenez, neure biziari buruz hitz egingo dizuet. Jakin badakizue zein den nire izena. Merkataritzako saltzailea naiz, eta Saint-Galleko brodatu-lantegi ospetsu batean ari naiz lanean. Herrialde askotan egon naiz: Europako guztietan eta Ameriketako nahikotan. Batxilergoa amaitu nuen. Hiriz hiri noanean, irakurri egiten dut —bidaiek irakatsi egiten dute eta astia ere ematen dute—. Irakaslea izateko aukera izan banuen ere, merkataritza aukeratu nuen. Izatez, ikusmina naiz. Ezkonduta nago eta bi seme nagusi ditut: bata makina eta optika enpresa bateko saltzailea da; bestea medikua da eta Davosen bizi da. Oso etxe polita dut, koadro baliotsu bat edo beste, eta zenbait liburu interesgarri. Zer gehiago esan ahal dizuet? Oso ondo dakizkit hiru hizkuntza; txarto, beste hainbeste. Zoriontsua naiz. «Beraz —esango didazue—, zergatik zoaz auzoko ateak ixtera?» Zoriontsua naizelako. Mundua nola dabilen eta norantz doan ikusten dudalako. Bidegabekeriak, zentzugabekeriak, ekonomiaren indarrak, itsutasunak nire onetik ateratzen nautelako. Nire ustez, luxua ondasuna delako, eta erabilgarritasunaren izenean, zapuztu egin nahi duzuelako. Luxua eta erabilgarritasuna bateragarriak izango ez balira bezala. Herriak ere luxuarekin amestuko ez balu bezala. Guztion luxua lortzeko, egon badagoena suntsitu nahi duzue. Jakin badakit horixe dena iraultzen ordaina. Hala ere, zuek ez zarete iraultzaileak.

       Bai, Truman jauna! Bai, Stalin jauna! Gizagaixoa naiz, hutsaren hurrengoa, oihal-tartekien saltzailea. Badakit bost axola dizuela, berdin dizuela, eta ez dizuet zentzu txarrean esaten. Zuri, Truman jauna, alkandorak egiten zenituelako; eta zuri, Stalin jauna, ez duzulako aurreiritzirik izan behar, komunista zara eta. Brodatuak saltzen ditut, posta bidezko ikastaroak egin ditut, irakurri egin dut, zenbait gauza dakizkit, eta munduaren zati bat ikusi dut, nire lanbidearen ondorioz. Badakit askok eta askok nik bezala pentsatzen dutela. Ez dute gerrarik nahi, ez dugu gerrarik nahi, baina ordainpeko bakerik ere ez. Badakit zeuek ere ez duzuela gerrarik nahi, baina era berean, jakin badakit egin egingo duzuela, baldin eta ezustekoren bat, oraindik ikusgai ez dagoen zerbait gertatzen ez bada, behintzat.

       Aurrerakoia naiz, aurrerakuntzan sinesten dut: aurrerakuntza moralean, aurrerakuntza politikoan, aurrerakuntza materialean. Aurrerakuntza estetikoan, ordea, ez dut sinesten, talentuen esku dagoelako, eta horiek zoriz jaio dira. Oso zaila izango da Esquilo, Velazquez eta Beethoven baino haratago joatea. Adibide ezin hobeak dira. Gizakiak ez dira azkarragoak izan behar, etekin hobea atera behar diote euren adimenari, gizakiak direla onartzen duten gizaki gehiago behar dira. Aurrerakoia naizenez, liberala naiz, eta ez nator bat zurekin, Stalin jauna. Izan ere, zure esku dagoen guztia egiten duzu —ondo ala gaizki dagoen kontuan hartu gabe—, gizaki guztiak tresna ortopediko unibertsal batera egokitzeko. Edozein desbideraketa zigortzeko, errotik mozten duzu, ahal duzunean, inkisidore handiek egiten zuten bezala. Ez nator bat zurekin, baina ez zure teoriak desegokiak iruditzen zaizkidalako, inposatu egiten dituzulako baizik, zure egia bakarra delakoan. Ez nator bat zurekin, Truman jauna, askatasuna hitza lotsagabekeriaz erabiltzen duzulako, iraindu egiten duzulako, iseka egiten diozulako egunero eta ordu oro. Ze askatasunaren izenean kartzelatzen dituzu gizakiak euren pentsaeragatik? Nolako askatasuna da hori? New Orleansen edo Chicagon sortutako askatasuna ote da? Ersatza ote da?, faltsutzea ote?, iparramerikar jakin batzuentzako ohiko askatasun iparramerikarra ote da? Pentsatzeko askatasuna ote da? Adierazteko askatasuna? Bide horretatik, inolako arazorik gabe lortuko duzu aldarrikatutakoaren aurkakoa. Stalin jaunak, behintzat, ez du demokraziaren eta askatasunaren izenean hitz egiten. Ausardia handiz esaten du diktadura bateko burua dela, eta goratu egiten du. Gutxi hobe ezer ez baino, horrela gauza handirik lortzen ez badugu ere.

       Zure sorterrian jaio ziren iraultza frantseseko hiru kontzeptu nagusietatik, Truman jauna, zer geratzen da? Non dago eskaleen eta dirudunen arteko anaitasuna? Non dago zurien eta beltzen arteko berdintasuna? Non dago komunistek euren ideiak adierazteko duten askatasuna? Gorriak eta beltzak sortutako beldur hori... Askotan pentsatzen dut mutur lotsagarri horretara iritsi zaretela bata eta bestea nahasten dituzuelako eta kolorea eta pentsaera uztartzen dituzuelako. Beharbada, komunismoa suntsitu, zapaldu, lurperatu egin ahal duzue, baina beltzak izango lirateke zuen kontzientziaren txorimalo ezabaezinak. Hortxe bertan egongo lirateke, zuen traizioa gogorarazteko. Beldurra. Zeren beldur? Mozorrotu, desitxuratu, plantak egin. Zeren beldur? Gizakien beldur? Euren pentsaeraren beldur? Gehiengoak nahi duenaren beldur?

       Beldur zarete. Nik ulertu ulertzen dut, horretarako ez da azkarregia izan behar. Zu, Stalin jauna, beldur zara, zure mundua gaztea delako. Zu, Truman jauna, zurea zaharra delako. Beldurrak kikilduta —beldur zuriak, beldur beltzak—, era guztietako trikimailuak erabiltzen dituzue defendatzearren. Erronka bada ere, ez da zaldunen artekoa. Okerrena da denok hartuko dugula parte liskar horretan. Bost axola galerak, postua hobetzearren. «Hori? Izorra dadila!» «Beste hori? Hil dadila!» «Hango hura? Ustel dadila!» Zeuen indarra baino ez duzue buruan. Gizatiarra da. Nire ustez, den-dena noiz emango diezuen zain daudenek ez dute kexatzeko eskubiderik, Errusia edo Estatu Batuak izateagatik ez duzuelako guztia zertan oparitu eta edonor itsu-itsuan zertan defendatu, segurtasuna bera alde batera utzita. Ez pentsa horren leloa naizenik. Hala ere, beharbada, zuen itsutasun uzkurrean, ez zarete konturatzen borrokan hasi baino lehen, irabazi beharrean, amaiera galdu duzuela hedabideen aurkako holokaustoan, eta zuen liskarrean suntsipena izango dela nagusi.

       Mundua ezagun dugun mundua denetik, ze gobernuk izan du eskura hain indar zapaltzaile handia? Stalin jauna, benetan uste duzu ados ez dauden komunistek zure erregimena hondatu dezaketela? Edo zuk, Truman jauna, benetan uste duzu Ipar Amerikako komunistak indarrez sartuko direla Kapitolioan? Ez, ez eta ez. Eta ez bakarrik ni bezalako Ergel Gixagaixo batek, Astakirten Handi honek esaten duelako. Badaezpada, eskumena izan nahi duzue zuena ez denaren gainean, guztion arimaren eta gorputzaren gainean, nork bere erara, zuekin ados ez dauden milaka eta milaka lagunen arrazoiak kontuan hartu gabe. Den-dena izan nahi duzue zeuen begiradapean: arauak, legeak, aduanak, dirua. Den-dena sartu eta ezarri nahi duzue zeuen antolamenduen barruan, asmoa estaltzen duzue. Berdinagoak zarete gezurrean egian baino. Indiarrek ezpainak arrakalatzen omen zizkieten gezurtiei. Ohitura horrek bere horretan iraun balu, zuen hortzeria oso-osorik egongo lirateke ikusgai. Nik ez dut plantarik egiten, ez dut itxurarik egiten, ez dut inor engainatzen. Hori dela eta, ez dut konponbiderik, eta ez dut amets egiten. Nolanahi ere, kexatzeko eskubidea izango dut hil arte. Ça t'fait une belle jambe, esaten dute frantsesek. Onartzen dut nire oihua alferrekoa dela, baina hortxe egongo da, bonben putzaren bitartez ezabatzen duzuen arte.

       Agerikoa da nik, merkataria naizenez, merkataritza defendatu nahi nukeela. Zuri, nire brodatuak eta oihal-tartekiak saldu nahi dizkizudala; eta zuri, nire oihal-tartekiak eta brodatuak. Brodatuak ez dira txantxetan hartzeko modukoak. Dena dela, mundua nola dagoen ikusita, emagalduek baino ez dute erosterik. Hala ere, ez dira uste bezainbeste. Emakume ondradu asko daude, baina ez pentsa prostituzioa jazartzen dutelako daudela hainbeste. Ez. Barru-barrutik sortzen da. Egunkarietan, irratiko esatarien ahotsetan gogo biziz elikatzen duzuen gezurraren erresuma azal-azalean geratzen da. Egia esan, ia guztia da azala: inor bere egiarekin itsasopean geratzen bada, ito egiten da. Eta hildakoan, zertarako balio du gizakiak, zuen loreontzi ugarien lurra ongarritzeko ez bada? Izan ere, zuentzat gizakiak loreontziak dira, loreontziak, besterik ez; eta nahi duzuena landatzen duzue bertan. Beraz, brodatuek ere ez dute ezertarako balio.

       Une batez zuek isilik egotea nahi nuke, nire merkantziaren berri eman ahal izateko. Isil-isilik, norberak zer pentsatzen duen adierazteko aukera izan dezan. Geldi egotea nahi nuke. Isiltasun apur bat egotea, lasai-lasai arnasa hartzeko aukera izatea, beldurrak mundu zabala ez zeharkatzea, basamortuan egiten duen bezala, orain egunez eta gauez lauhazka dabilen bezala, bere apoen zarataren ondorioz inork ezin duelako lorik egin. Inork ez daki nolakoa den beldurraren aurpegia, baina batzuetan badirudi zure biboteak dituela, Stalin jauna, edo zure alkandorak daramatzala soinean, Truman jauna. Guzti-guztia txorimalo bihurtu denez, txoriek ez dakite non pausatu.

       Nire asmoa ez da zuek elkar ez ulertzea. Nolanahi ere, zertarako eskatu ezinezkoa dena? Zuek zeuen zortzikoan zabiltzate beti. Merkataria naizenez, ulertu egiten dut: lehiakideak akabatu nahi dituzue. Gizatiarra da. Baita jainkotiarra ere, Eskritura Santuetan sinetsi behar badugu. Zuetako nor da Kain eta nor Abel? Berdin dio. Gainera, —inork oso gustuko ez duen— anaia ona bere anaiak hil zuen. Horrela, bada, bata ez da bestea baino gutxiago —ez bizirik dagoena hiltzailea izateagatik, ez hilda dagoena hilda egoteagatik—. Ez. Utziko al didazue nire merkantzia bakean saltzen? Utziko al didazue zuen herrialdeetan inolako arazorik gabe sartzen? Utziko al didazue bertako zelai ederrak zeharkatzen, polizia nire atzetik izan gabe? Nor naizen ez jakitea nahi nuke. Oraindik ere, izenik gabeko gizakiak egotea zuen estatuetarako. Inork niri ez erreparatzea. Horrela, bada, nik nahi dudan pertsonari baino ez nioke erreparatuko, askatasunean. Nik ez dut gogoko askatasun abstraktua, zuok biok defendatzen omen duzuen hori. Ez. Nik batetik bestera ibiltzea dut gogoko, sartu eta irtetea, eta gogora zer datorkidan, hura esatea. Agian, hori ez da askatasuna —teorian , baina nire ustez, antzekoa da oso. Eta hori nahikoa da niretzat. Lortzea zaila ez dela esan behar dizuet: polizia bat edo beste kendu besterik ez duzue; hobeto esanda, zenbait polizia. Gainerakoek pentsatu ahal dutena zaintzeaz gain, elkar zaintzen dutenak, alegia. Eta badaezpada, ez dute inor bakean uzten.

       Bakearen izenak Jaunaren izenari kendu dio lekua. Guzti-guztia egiten da bakearen izenean, gerra bera ere bai. «Ez duzu hilko!» oihu egin eta ez da bat bera ere tente uzten. «Bakea, bakea eta bakea» oihu egin eta lurra suntsitzen duzue. Stalin jauna, gaur, Egia izeneko zure egunkariko editoriala kopiatu duen egunkari batean irakurri dut esaldi biribil hau: «Bakeak gerra menderatuko du, aurrerakoi guztien itxaropena den gure nagusi jakintsua, maisu, gidari maitea, Stalin handia, bakearen aldekoa delako!». Beraz, bakearen alde dagoena besteren bat izango balitz, gerrak bakea bera menderatuko luke. Nolako demokrazia aldarrikatzen dute zure jarraitzaileek, Stalin jauna? Suitzan badakigu zer den bakea eta ez gaude geure presidentearen menpe...

       Hona hemen mesfidantzaren eta leialtasun itsuaren garaia! Ni hitzeko gizon zintzoa naiz, baina zertarako? Egunez egun, gainerakoak are gutxiago direnean. Gero eta tinkoago eusten diezue zeuen postuei. Giltzapean zaudete, ez duzue zirkinik ere egin nahi, gorrotoan murgilduta zaudete. Inoiz ez da hainbeste hitz egin askatasunari buruz, hain gutxi dagoenean. Zuk, Stalin jauna, nola edo hala baieztatu nahian ezin dela oraindik burgesa den mundu batean bizi. Zu, Truman jauna, inolako arazorik gabe egiaztatzen SESBen ez dagoela halakorik. Biok ari zarete gezurretan. Dena dela, guztia erlatiboa denez, askoz askatasun handiagoa dago Estatu Batuetan, inolako zalantzarik gabe. Bertan, behintzat, euren presidentearen politika desegokia dela esan dezakete. Atzo, komunista asaldatu batek esan zidan botere iparramerikarrak herrialdean mugitzen diren albisteen ehuneko laurogeita hamabost dituela kontrolpean. Bere herrialdeak albisteen ehuneko ehun kontrolatzen dituela erantzun nion. Horrelaxe bizi gara: leku estu batean sartuta, kabestruak jarrita, zuek esan nahi diguzuena baino gehiago jakin gabe, geure kabuz hausnartzeko eta epaitzeko baliabiderik gabe, ezkutuan. Eta gu, suitzarrok, ez gaude horretara ohituta. Lerro artean arakatu behar dugu, interpretatu eta pentsatu egin behar dugu. Horregatik, ez da sekula egon hainbeste profeta eta igarle, eta negozio ezin hobea da eskuko marrak irakurtzea. Lotsa hori ez duzue inoiz gainetik kenduko.

       Eta espioien kontu interesgarri hori... Hainbeste lotsakeria ezkutatu behar dituzuenez, ez duzue nahi armarik gabeko etsaiek zuen mundua zeharkatzea? Zer ezkutatu nahi duzue? Zer estali nahi duzue? Sarrailez eta egoskorkeriaz jositako mundua hazi da zuen estalketen babespean. Goethek argia eskatu zuen hiltzean. Gaur egun, ordea, itsu jaio eta hiltzen gara hainbat eta hainbat, elektrizitatearen eta neon gasaren artean. Nahita sortutako itzalak ditugu inguruan.

       Geure bizia itsu-itsuan xahutzen dugu, horma batetik bestera egindako joan-etorrietan. Hauxe al da plaza honetan bertan hainbat eta hainbat kemenez eta odolez lortutako askatasunaren emaitza? Bakea eta ordaindutako oporrak ez ezik, askatasuna bera ere nahi dugulako. Badakizue zer den edo ahaztu egin zaizue, gogotik lan egin ondoren? Askatasun maitea... morrontzaren irtenbide bakarra. Izan ere, ez dut zalantzan jartzen bizimodu ona eman nahi diguzuela, baina askatasunik ez badugu, zertarako balio du? Gorputzak nahikoa du horrekin, baina izpirituak ere badu bihotzik. Hori guztia ez da gaur goizeko kontua, behin eta berriro entzun dugu. Esan egin da eta aldarrikatu egin da. Askoz zaharragoa da eguzkia, eta berotu egiten du. (Hemen, ASTAKIRTEN HANDIAK atseden hartzen du, baso bat ur edan, izerdia sikatu eta jarraitu egiten du.)

       Lagun bat nuen, oraindik ere badudala uste dut: Misio sobietarrak Bernan zeukan merkataritzako agregatua. Mutil zoragarria, osasuntsua, irribarretsua, zure jarraitzaile sutsua, Stalin jauna. Bi urtez egon zen Suitzan. Gero, deitu ziotenean, pozaren pozez itzuli zen SESBera. Elkarri idaztekotan geratu ginen. Vienatik bidali zidan postal bat. Berak emandako helbidera erantzun nion. Alferrik egon nintzen bere erantzunaren zain. Jaso zuen ala ez ondo ez nekienez, bigarren gutuna bidali nion. Inoiz ez nuen bere berri izan. Enbaxadan galdetu nuen, eta aitzakia merkeak baino ez nituen entzun. Antikomunistaren batek adierazi didanez, ez dut uste kartzelaratu zutenik. Ez, are txarragoa da. Jakin badakit Ivanief adiskidea gustura ari dela lanean eman zioten lanpostuan. Hala ere, ez diote uzten adiskide burgesekin harremanik izaten. Beldur dira. Zeren beldur? Beldurragatik ez bada, arduragatik da. Zeren ardura? Bera nire laguna zen eta oraindik ere bada. Bere emaztea nire emaztearen laguna zen eta oraindik ere bada. Garrantzi handiagoa ematen diozue politikari adiskidetasunari baino. Ikaragarria da erabat. Ulergarria da etsaien artean gertatzea. Halakoetan, gizalegez azaltzen da haustura hori. Nolanahi ere, ni ez naiz Ivanief adiskidearen etsaia, eta bera ere ez da nirea. Gogoan dut nolako ezustea hartu zuen Miegtarren lantegiak zenbat ehungailu zituen galdetu zidanean eta esan egin nionean. Ez zen sekretua, inolaz ere ez. Baina badirudi zure herrialdean horrelako informazioak isilpekoak direla, Stalin jauna. Estatuko sekretuak dira. Zergatik erasotzen duzu defendatzeko, Stalin jauna? Den-dena egiten duzun propagandaren araberakoa ez dela igarriko ote duten beldur al zara? Ez dago etsaiek asmatutakoa baino ezer txarragorik, iluntasunak eta kanpotik ikusitako lurralde handi horretan agintzeko aukera eskaintzen duen isiltasunak irekitako zelaian! Horrela, bada, azkenean, «stajanovismoaren» eta alde batera utzi nahi dugun lan akigarriaren arteko alderik ez dagoela sinetsiko dugu. Izan ere, langileak oposizioan egon ziren bitartean, lanaldia murriztea lortu zuten borrokaren eta odolaren indarrez. Lana bera madarikazioa zen, ugazaba bihozgabeen nagusitasunaren aztarna. Sozialistei zor diegu murriztu izana. Nolanahi ere, komunistak boterera iritsi bezain laster, lana bera izan zen lona handiena, langileen ideala. Hau da, berez ez zen ez ona ez txarra, langileen diktadurarako ezin hobea zelako, eta burgesiarentzat berarentzat gaitzesgarria zelako. «Gaizkiulerturen» bat ote dagoen beldur naiz, agian meatzariek nahiago dutelako Truman jaunarentzat zazpi orduz lan egin, Stalin jaunarentzat bederatzi orduz lan egin baino, domina edo titulu napoleoniko ugari ematen badizkiozue ere. SESBen lanaldia lau ordukoa izango balitz, irabazia ez litzateke nahikoa izango Truman jaunarentzat. Oraindik ere lana bera madarikazioa delako, eta aisialdia bera delako gizaki guztien guraria. Dena dela, SESB langileen eta nekazarien paradisua bada, argi eta garbi adieraziko dugu, Stalin jauna, itsumustuan sinetsi gabe zure aldizkarietan inprimatzen den guztia, fede artikuluak direla ematen du-eta. Are gutxiago sinetsi ahal ditugu, eta kaltea larria da oso, inprimatzen duzun guztia zentsura zuhurretik igaro behar dela ikusten dugunean. Azaltzen dizkiguzun gauza guztiak ez ditugu auzitan jartzen, baina gizalegez erabat ezinezkoa da ados ez dagoen inor edo porrot egin ez duen inor ez egotea, bere iritzia gustura adierazi ahal duen inor ez egotea, benetan edo txantxetan zure politikaren aurka zer esanik ez duen inor ez egotea. Egon badaude, nola ez! Baina ez dute hitz egiteko eta argitaratzeko aukerarik. Nire alde edo nire kontra! Eta aurka badaude, traidore zitalak dira. Hainbat eta hainbat mende behar izan ziren, hainbat eta hainbat odol isuri behar izan zen baieztapen judu hori ezabatzeko! ... Horrenbesteko gorrotoa diezu gizakiei? Ez gaitzazu ezjakintasunean utzi! Zure lanen emaitza ikusteko aukera eskaini, ez trabarik jarri mundu zabalaren jakin-minari. Ez gorde eguneko argia, gaua izango balitz bezala. Ez mugatu, ez ezkutatu zure ustez adibide izan behar duen guztia. Ez itxi atea ezorduetan. Ez ezkutatu zeure lana. Bestela, gizakiok horrelakoak garenez, zerbait ezkutatu nahian zabiltzala pentsatuko dugu, erakusten diguzunaren aldean, akastuna eta gaitzesgarria delako. Horren ondorioz, mundua zati hermetiko zeharkaezinetan egongo da banatuta, eta zientziaren aurrerapenaren eraginez lortutakoa galduko dugu ezin konta ahala urteetan. Askoz zailagoa da aukerak eskaintzea, mugatzea baino. Ez itsutu jakin nahi duguna, arima bera ere itsutu egiten delako!

       Ez egin irribarre garaileen antzera, Truman jauna. Zuk inork baino gutxiago egin ahal duzu irribarre, zu, nahita edo nahi gabe, inor baino gehiago zaudelako zeure ustezko etsaiaren eraginpean, eta ez gauza onengatik, txarrengatik baizik: askoz errazagoa da-eta. Zure herrialde industrial latzean, sekretua da nagusi, edo izatekotan dago. Babesa da nagusi. Beldurraren aurkako armak erosten dituzue, Erdi Arokoen pareko gotorlekuetan ezkutatzen zarete, nolakoak ziren ez jakin arren. Bastioiak, ezpondak edo almenak, lubakiak edo trintxerak, oholesiak, frisak, zubi altxagarriak, gezileihoak edo itsu-leihoak dira nagusi. Babestea, defentsarako prestatzea, giltzaperatzea da helburua, sarrerak zaintzea, ezker-eskuin arakatzea, badaezpada. Beldurra, beldur iluna, gau beltzari eta beltzei diezuen beldur ikaragarria. Inor sar ez dadila, ez onak ez txarrak, otsoa sartu ahal da-eta! Horra hor izua eta mamuak, eta euren eragozgarria, koldarkeria, hainbat eta hainbat hilketaren adina, alegia. Eta susmoak, susmo handiak, den-dena zeharkatzen duen lainoak ateak zabaltzen dizkio miseriari, txoko urrunenean finkatzen da, hezetasun likitsuz eta gorroz zipriztintzen du guztia, ez du zirrikiturik uzten, garbiena ere zikintzen du, ez du begiak biltzeko aukerarik ematen. Orain, inork ez du lasai lo egiten. Orduantxe sortzen da erabaki ausarta baino ausartagoa: «Amaitu beharra dago! Lehenbailehen amaitu beharra dago!» Amaitu zer? Esadazu, Truman jauna! Jakin bazeneki! ... Orain, Stalin jauna duzu buruan... Hala ere, ez zaude oso lasai. Argi eta garbi esango dizut: alkandora handi datorkizu. Izan ere, nahiz eta komunismoa behin betiko desagertu, bere horretan iraungo du zure beldurrak. Eta horrela ez dago inolaz ere bizitzerik. Gainera, badago beldurrez hiltzerik, beldur beltzez hiltzerik, odola beltz izanik. Ondoren, artez-artez zoaz faxismorantz. Ez dira nire irudikeriak. Duela hilabete gutxi, zure Tass agentziak, Associated Press-ek, adierazi zuen hiritar guztiek berehala edozein jarduera komunistaren berri eman behar dutela, hala azaldu baitzuen Ikerketa Bulegoko zuzendariak. Den-denak poliziak, den-denak traidoreak! Non daude askatasun ospetsuak? Horrelaxe amaitzen da mundua. Nik neuk gustuko nuena, Rodolfo Hass ergel gizagaixoak gogoko zuena. Kondenatu arren, nekez ahaztu ahal da maitatutako zerbait desagertu egin dela. Dena dela, lintxamenduz eta «kukuxklanez» beteta dagoenez, argi gera dadila ez dudala sentitzen zure mundua desagertzea, nire mundua desagertzea baizik, lasaitasunez eta ulermenez beteta dagoelako. Barsky doktoreari ez dakit zenbat kartzela-urte ezarri berri dizkiozue. Nik ez dut ezagutzen, baina New Yorken bizi den nire lehengusu baten laguna da. Baliteke, eta litekeena da, doktore hori komunista izatea. Eta zer? Zein izan zen bere delitua? Espainiako gerra zibileko gaixoei eta zaurituei laguntzeko elkarteko presidentea izatea eta bertan lan egitea! Okerreko bidetik zoazte! Zer defendatu nahi duzue? Kultura? Ongizatea? Ez, ez eta ez! Beldurra bera da zuen etsaia, eta ez dakizue zeren beldur zareten. Nik neuk esango dizuet: munduko nekazari guztiek euren lurrak izango ote dituzten beldur zarete, lantegi guztietako langileek ere bertako mozkinetan parte hartuko ote duten beldur zarete. Zuen Konstituzioan ezarritako eskubide hori! Zeuen buruaren beldur zarete. Horrexegatik babesten duzue Franco, gogoko ez baduzue ere. Horrexegatik babesten dituzue Ameriketako herrialdetxo jakin batzuetako diktadoretxoak, bertan errotik gorrotatzen duzuena nagusi bada ere. Ez da kontraesana: funtsean, horixe bera nahi duzue, baina ez zarete aldarrikatzen ausartzen. Bere garaian ikusiko dugu zer gertatzen den. Onartzen dituzuen lege guztiek dute helburu hori. Zenbat daude horren aurka? Bat bera ere ez. Zuen azken legeria galarazlea da erabat. Babesteko hormak baino ez dituzue eraikitzen, eta ez zarete konturatzen, irabazi beharrean, oraindik munduan askatasunez arnasten duen jendearen estimua galtzen duzuela. Izan ere, komunisten alde ez dauden arren, ez dute zuen alde egoteko inolako aukerarik. Zuen egoskorkeriak sortu du gaur egun dugun arazoa. Truman jauna, aurrez aurre, begiak begietan jarrita, begiratu ahal diozu Lincolnen koadroari? Ez. Jakin badakit erantzungo didazula alde bera dagoela Jesukristoren eta Aita Santuaren artean eta Marxen eta Stalinen artean. Zer, ordea? Aringarria al da? Iraganaren ametsean bertan geratuko den gure garaiko gizona ez da Hitler izango, ez Stalin, ezta zu zeu ere, Truman jauna; Gandhi baizik.

       Beste lagun bat dut Nizan. Ez da hain harrigarria hainbeste lagun izatea. Niretzat, bizitzeko arrazoi nagusietakoa da adiskidetasuna. Nire lagun hori bonet-biltegi bateko gerentea da, eta emaztegai komunista izan zuen. Ezkontzeko asmotan zebiltzanean, neskalagunak etsita esan zion alderdiak ez zuela bere ezkontza onartzen. Neskarentzat politika bera ezeren gainetik zegoenez, bertan behera utzi zuen harremana. Neska bere zelulako idazkariarekin ezkondu zen... Urteak joan, urteak etorri, Titoren aldekoa zela adierazi zuen senarrak. Hori beste historia bat da, ordea... Nire ustez, gizonek —eta emakumeek— behar beste diru irabazi beharko lukete, euren uste sendoak alde batera ez uzteko eta euren maitasuna ez saltzeko. Zuetako bat bera ere ez doa bide horretatik. Aurreiritziz eta kaltez beteta zaudete. Zuk zeuk ez duzu ukatzen SESBen kontzentrazio-esparruak daudela, Stalin jauna. Inor ez da asaldatzen kartzelak nonahi daudelako. Hala ere, asaldagarria da erabat kontzentrazio-esparru sobietarretan, kartzela iparramerikarretan jende asko eta asko usteltzea pentsaeraren aurkako «delituagatik». Niretzat onartezina da erabat gaur egun, mila bederatziehun eta berrogeita hamarrean, askatasuna galtzea agintariekin ados ez egoteagatik. Gaur egun, guzti-guztiok gara espioiak. Ikustea espiatzea da, eta hitz egitea, traizioa egitea. Poliziari berari zor diogu joera harrigarri hori, burokraziaren azken adierazpena: nork bere fitxa dauka eta guztiok gara susmagarriak. Nor zara zu? Zer pentsatzen duzu? Zer nahi duzu? Zer jaten duzu? Nola egiten duzu lo? Zer duzu nahiago? Nora zoaz? Nondik zatoz? Ikusi egin ninduzun? Begiratu egin zenidan? Ze argazki atera zenuen? Zer esan zenuen? Zer idatzi zenuen?

       Erabateko gerra, erabateko espioitza. Lehen, gerra gerlarientzat baino ez zen, eta espioitza, espioientzat. Orain, ordea, guzti-guztia da guztiona, eta gizakiak izateagatik, susmagarriak gara beti. Hiru letrako siglak dira nagusi (FBI, GPU, UDB... eta abar). Beldurraren ondorioz, poliziak biderkatu egiten direnez, izaki horiek guztiek zerbait egin behar dute euren plakak eta txartelak justifikatzeko: nonahi agertzen dira sudurrak. Marxek ez zuen mundu burokratiko hori aurreikusi. Nork bere fitxa du eta fitxatu egin behar duzu, halere. Nik fitxatu egiten zaitut, zuk fitxatu egiten nauzu, hark fitxatu egiten zaitu eta besteak berriro fitxatzen zaitu. Ipuinak ez du amaierarik. Edozein askatasun zehaztu egiten da, neurtu egiten da, pisatu egiten da eta bere ezaugarri bereizgarriak ditu.

       Gerrak asmatu zirenetik, espioiak egon dira; eta ez zeudenean, profetak eta igarleak. Diruak informatzaileak lortzeko aukera eskaintzen zuela konturatzean sortu zen guztia. Espioia, Juda. Edonola ere, inori ez zitzaion bururatu izen hori jarri ahal zitzaiola bere kausaren alde egiten duenari —emazteak irakurtzen dituen eleberrietan, behintzat—; esate baterako, jauregi paganoan ondo baino hobeto hartutako kristauren bati, beti ere kideei etorkizuneko jazarpenen berri ematen badie. Hala ere, beste edonor bezain salataria da.

       Egia izango balitz —eta ez dakit zergatik ez den egia izango—, zuk, Truman jauna, Stalin jaunak baino jarraitzaile gehiago dituzu, haren herrialdeetan dozenaka zigortzen dituzte-eta. Dena dela, zer espiatzen dute? Txekiarrek, hungariarrek, errumaniarrek, bulgariarrek edo sobietarrek badute zer ezkutatu, ala? Argi eta garbi dago ez direla sekretu militarrak: militarrak eurak militarren zereginez arduratzen dira, eta hor konpon! Ez, espioitza zibilaz ari naiz, gure garaiko semeaz. Trauma izugarria da, eta gizakien erdiak zurrunduta jarri ditu gainerako erdien aurka. Ez dira ipuinak, kontu argiak baizik, eta José Díaz kamarada ospetsuaren hitzak aipatuko ditut, Stalin jauna:

       «Gure alderdian, den-dena zelatatu beharra dago, den-dena, guztiok ondo zelatatuz gero, emaitza ezin hobeak emango dituelako gure lanak. Batzorde batek ez du bakarrik alderdikide jakin bat edo beste Batzorde bat zelatatu behar, Batzordean bertan ere zelatatu beharra dagoelako, inor aztoratu gabe eta elkarrenganako konfiantza galdu gabe. Gure eta besteen urratsen eta jardueraren berri izan behar dugu. Inoiz ez bezala, ezinbesteko araua da gure alderdian».

       Horixe al da eskaintzen diguzun mundu panazea?

       Jakin badakit esango duzula hori igarobidea baino ez dela, baina amaierarik gabeko igarobidea da gure bizitza.

       Oso nekeza izan behar du horrela bizitzeak. Edo denak dira poliziak, edo denak dira burusoilak... Denak poliziak badira, ezinbestean sortu behar dira gatazkak, egoera gogaikarriak, gorrotoak, erresuminak. Nik salatu egiten zaitut, zuk salatu egiten nauzu, berak salatu egiten gaitu, eta abar; eta plurala askoz ere txarragoa da. Zokomiran ez dabiltzanek isildu eta barrutik usteldu beste aukerarik ez dute, beti ere horretarako prestatutako beste leku batzuetan berriro usteldu nahi ez badute. Horrelaxe lehortzen dira mingaina eta herriak. Nola ez, estatua aurrera doa eta ez dago oposiziorik. Nor ausartuko da burkoarekin hitz egiten, azpian rnikrofonoren bat egon ahal bada? Halakoetan, edozein albiste izan daiteke etsaientzako txostena. «Inurriak daude etxean», «Berrogei libera ordaindu nituen azagatik», «Atzo, erregimentu bat igaro zen nire leihopetik», «Maiatzean, haizeak jo du gogotik», «Bart, Felix jaunaren etxean elkartu ginen». Jendeak kontu handia izan behar du hitz egiteko orduan, badaezpada. Berezkotasuna hil egin da, arreta handiz ibili beharra dago, eta jendea triste dago oso. Dena da grisa, kolore distiratsuak deigarriegiak izan daitezke-eta. Oharkabean joan beharra dago, ezinbestean. Atletismoko jaialdietan eta desfileetan baino ez dira erabiltzen kolore bizi-biziak. Maldan jarrita, ez dago atzera egiterik.

       Mendebaldeko zenbait egunkaritako kazetariak bota dituzte Txekoslovakiatik. Horra hor bizimodua bideratzeko era ikaragarriaren alaba. Espiak? Zeren espiak? Sekretu militarrenak? Ez daude ondo gordeta, beraz. Kaleko bizimoduarenak? Bai horixe! Espiak? Bai zera! Lekukoak, gehienez ere. Hain gaizki egiten dutenez, gogaikarria egiten zaie norbaitek ikusten duena azaltzea?

       Konponbidea ezin errazagoa da, gainera!... Izan ere, ezin errazagoa da esatea SESBen ez dagoela oposiziorik, gobernua bera herriaren gobernua delako. Hala ere, non protestatu ahal dute komunistak ez direnek, komunistek eurek ere zeluletan protestatzeko aukera dutenik oso argi ez badago? Gizakiek ez dute eskubiderik zer pentsatzen duten esateko. Hori dela eta, isildu egiten dira, eta isiltzean gezurrak esaten dituzte. Isildu eta gezurrak esaten dituzte, askotan, hitz eginez gero, hil egin ahal dituztelako. Aukera maltzur samarra da edonorentzat, eta pentsatu eta pentsatu ondoren, ez da txintik ere esaten. Eta horixe bera da estatu poliziakoaren helburua.

       Dena dela, inoiz ez dugu isilik egon behar, isilduz gero, galdu nahi ez duguna ematen dugu-eta. «Hori gutxienekoa da», esango duzue, baina seguruenik ez da horrela. Hori inork baino hobeto dakite komunistek, eta horrexegatik dira hain zorrotzak. Zuentzat garrantzitsuena ez delako kultura, zibilizazioa baizik. Zuen aldizkarietan, zenbakiak eta estatistikak baino ez dira agertzen: zenbat kotoi, zenbat burdina, zenbat ikatza, zenbat petrolio, zenbat auto, zenbat traktore. Zu zeu zenbakitan, zu zeu dibidendutan... Non dago gizakia, ordea?... Sobietarren erakustaldi handiak, gaur egungo langileek ordainduta dituztelako oporrak. Baina antzekoa gertatzen da bestelako agintaritzapean. Mexikoko lagun batek filma egin zuen, eta bertan, bere aberriaren aurrerakuntza erakusten zen —errepideak, lantegiak, presak—. Adiskide sobietar bati eskatu zion filma SESBera eramateko. Ezetz esan zion: «Zer esango lukete —adierazi zuen—, hori erregimen kapitalistapean lortu ahal dela ikusiko balute?». Hori dela eta, zuk zeharo ixten dituzu ateak, Stalin jauna. Zure herrialdean, Truman jaunaren herrialdean bezala, miseria dago —txiroak, gosetiak, bazterketa, koloreagatik ez bada, ideiengatik—. Nirean ere bai, baina gutxiago. Dena dela, zure ideietan gauza on asko daude, Stalin jauna. Zureetan baino gehiago, Truman jauna, eduki badituzu, jakina. Hala ere, eguneroko bizimoduan, gauza hobe gehiago daude zure herrialdean, Truman jauna, zurean baino, Stalin jauna. Esate baterako, osasun publikoa, eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

       Nolanahi ere, gogoan izan behar duzu, Truman jauna, langileak proletarioak direnetik, 70eko gerrak komuna utzi zigula; gerra errusiar-japoniarrak, 1905eko iraultza; 14ko gerrak, iraultza sobietarra; eta amaitu egin omen zen gerra horrek Txina komunistaren, Poloniaren eta marxismoko beste epigono batzuen sorrera ikusi zuen. Iraultza batzuk ito egin zituzten; gehienek, ostera, aurrera egin zuten. Mapan begiratu besterik ez dago, mundua norantz doan jakiteko. Zure helburu bakarra zu eta zure bazkideak bizirik ateratzea bada, eta ondoren, «nire atzetik, uholdea etor dadila» esaten baduzu, gogoan izan zer eskaini zieten esaldi eder hori esan zuenaren seme-alabei. Ez da behar den moduko jarrera, inolaz ere. Zuek beltzak gaitzesten dituzue, baina euren musikaren arabera dantzatzen duzue...

       Zuk, Stalin jauna, gogoan izan ideiek eurek mugitzen dutela mundua. Gertaera ekonomiko eta sozialek sortzen badituzte ere, ideiak dira oraindik, eta gizakien jokabidea zehazten dute. Elur jausi baten azpian hilez gero, bost axola haizeak edo harriak sortu duen! Entziklopedistarik egon ez balitz, ez zen egongo Frantziako Iraultzarik, frantsesak aspalditik bizi zirelako baldintza ezin txarragoetan. Baldintzak horrelakoak izan ez balira, Diderotek eta Voltairek ez zuten pentsatuko idatzi zutena. Pentsalari horiek egon ez balira, botereak herriaren eskubidea suntsituko zuen, beste batzuetan egin zuen bezala. Horrexegatik estekatzen duzu adimena, eta zure ikuspuntutik arrazoia baduzu ere, nire ikuspuntutik, ez, ordea.

       Lehen, despotek euren esklaboak mespretxatzen zituzten; orain, ostera, sozietate anonimoak edo diktadurak direnean, gehiago eta hobeto mespretxatzen dute, iritzia iraintzen dute, euren hitzei ere iseka egiten diete. Idazle baten esanetan, artaldeek «diziplina arbuiatzen dute... Jazarpena etengabea delakoan, inbidia demagogiko pasiboaren eraginez —inbidia dietela uste dute eta gustuko dute—, askatasuna arbuiatzen dute jazarri ahal izateko —babeserako delakoan—, inbidia pasiboa aktibo bihurtzen delako.» Hil dadila nik bezala pentsatzen ez duena: «pentsatzen ez badut ere».

       Iraultzei ez diet inolako beldurrik. Are gutxiago, hitz egiten dizuedan lekutik hitz egiten badut. Dena dela, egoerak txarrera egiten du, agintariek bete-betean uste dutenean gizakiak onak direla. Izan ere, batzuk edo asko ongiari buruz duten ideiarekin ados ez badaude, berehala akabatzen dituzte Ontasun Gorenaren izenean. Aurkakorik ez dutenez, agintea eta makila nahasten dituzte. Plaza honi Konkordia izena jarri zioten, buru asko moztu zituztelako bertan.

       Zuok biok hemeretzigarren mendeko semeak zarete. Mende aurrerakoia da. Biok uste duzue gizakiak onak direla. Nik ere bai. Baina mundu gehiago ikusi dudanez eta kezka gutxiago ditudanez, argiago dut burua. Baikortasuna baino ezer ankerragorik ez dago, eta fedearen beraren ondorioz egiten dira barrabaskeria handienak. Gainerakoek zer pentsatzen duten hartu behar da kontuan. Ulertu, neurtu eta pisatu egin behar da. Gainerakoei ezin zaie egin norberari egitea gogoko ez duguna. Gizakia bezain zaharra da hori, baina nik ondorio hori baino ez nuen atera, eta horrexek du balioa, horixe da garrantzitsuena.

       Ez dut jatorrizko bekatuan sinesten, eta hala ere, ez dut uste gizakiak aingeruak direnik. Estatuaren interesa egokia da, baina ez da gertatu behar osagai dituenak baino lehen. Izan ere, gizakiek —indarrez, seguruenik eraiki dutena babestu nahian, gizakiak eurak ahazten dituzte. Eta hori ez da bidezkoa. Helburu bakarra onura bada, balio berbera dute gezurrak eta egiak: oro da urre. Mutur horretaraino eraman duzue propaganda, eta jakituria ito duzue. Zuen boterearen zerbitzura jarri zenuten zientzia, eta gainerakoen isilaldiarekin nahasten duzue.

       Batak soldaduen bidez menperatzen ditu gainerakoak; eta besteak, ordea, dolarren bidez. Horrelako gutxi daude, baina zer inperiotatik ihes egin daiteke errazago? Lehenengotik, agian. Zer alde dago komunismoa gorrotatzen duen langilearen eta kapitalismoa gorrotatzen duen langilearen artean, zuen propagandak kontuan hartuta? Zuk, Stalin jauna, ziurtatzen duzu zure langilea lantegiaren jabea dela. Ingalaterrako metalurgialaria ere bai. Eta zer? Lantegiaren gaineko eskubiderik al du? Bost axola «trust» batenak diren, Truman jaunaren herrialdean bezala, edo estatuarenak diren. Estatua, sozietate anonimo handi hori... Guzti-guztiak dira soldatapekoak, eta guzti-guztiek sentitzen dute esplotatuta daudela. Jakin badakit konponbiderik ez dagoela, baina ez ezazue garaipen bihurtu. Bizi ahal izateko lan egin behar duten guztiak daude esplotatuta. Lana ordaindu egiten da: txarra da benetan, mutur horretaraino iritsi bagara! Horrexegatik jotzen duzue abertzaletasunera, eta nazionalismoaren hatzaparretan erortzen zarete, guztiek bat egin eta Naturari berari aurka egin beharrean, guztien mesederako onura handiena ateratzeko. Natura bera erabiltzen duzue zuekin ados ez daudenen aurka egiteko. Eta malda gogor horretan, gehien lan egiten duena, esklabo onena saritzen duzue. Zenbat eta gehiago lan egin, orduan eta gutxiago pentsatzen da, nekeak logura baino ez baitu sortzen. Lana bera da herrien opioa...

       Gauza bakar batean zaudete ados: leloak garela uste duzue. Lelotzat hartzen gaituzue, «kuku» erlojuen ekoizleak baino ez gara-eta. Itsumustuan gurtzen zaituztegula uste duzue. Zuen propagandak gure garunak ordezkatu zituela uste duzue bete-betean, eta horren ordez, zuen estazio zentralek irratiz emandakoa leialtasun osoz helarazten duten hargailuak ditugula buruan. Zuen ustez, ez dago bururik, zuen paskinak loratzeko loreontziak baizik. Den-denak berdinak, den-denak isilik, den-denak pozez txoratzen, den-denak hutsik, den-denak ekiloreak, den-denak adeitsuak, gur egiten. Truman handia da, gero, eta Acheson, bere profeta! Stalin handia da, gero, eta Molotov, bere profeta! Barkatu lotsagabekeria, brodatu eta oihal-tartekien saltzailea baino ez naiz-eta. Putz egin eta desagertu egingo naiz. Jakinaren gainean egotea da nire abantaila bakarra.

       Ez kezkatu, ordea. Zeuen jokoari eutsi, lurreko gaitz guztiak bestearen erruz sortu direla leporatzen jarraitu, manikeo agurgarriok. (Truman jaunari:) «Ni ongia naiz, eta bera, gaizkia». (Stalin jaunari:) «Ni ongia naiz, eta bera, gaizkia». Ba al dago gaizkia akabatu nahi ez duenik? Gaizkia menderatu bezain laster, zinez zoriontsuak izango gara betiko! Nork sinesten dizue? Loreontziek. Loreontzien bataila izugarria izango da, eta buztinezkoak direnez, txiki-txiki egingo dira, arrautza-oskolak izango balira bezala. Lurrak nahastu egingo dira, eta haziak ere bai. Mundua ilundu egingo da. Zuotatik, nor geratuko da? Bat bera ere ez. Beharbada, suitzarren bat geratuko da kontatzeko. Garailea zein bestea menderatuta egongo dira. Loreontzi ugari, negozio aparta loreontzien ekoizleentzat. Dena dela, egunen batean, loreontzi izan nahi ez dutela eta loreontzi askeak direla aldarrikatuko dute. Askatasunak kateatzen badu, kateek askatasuna sortzen dute.

       Erdibideak desagerrarazi nahi dituzue, eta hala-moduzko gizakiak baino ez dituzue sortzen. Ez duzue abagunerik ematen aztertzeko, zalantzak izateko, erabakitzeko, bidea aukeratzeko. Zuen iritzia da nagusi, hutsik gabeko maisuak. Bai eta benetako Hirugarren gizonarena ere bai, dogmaren arabera, ez delako inoiz erratzen. Jakituriaren orakuluok, guzti-guztia erabakita ematen duzuen arteen eta zientzien maisu ukaezinok, manaren aitok, etorkizunaren delineatzaile ezin hobeok... Jainkook! Ez, ez eta ez! Eskuetan dituzue giderrak. Dena dela, zuontzat ezer ez banaiz, zuen irismenetik kanpo nago eta neure esanetara baino ez nago. Edozeren egitatea eta emaitza naiz, baina ni neu naiz eta nik neuk pentsatzen dudana naiz, izan banaizelako. Asko jota, torturatu egin beharko nauzue, pentsatzen ez dudana esanarazi egin nahi badidazue. Edonola ere, hitzak baino ez lirateke izango, baina barrurago, neure mingaina eta hizkuntza ditut, eta bertan ni neu naiz agintari bakarra, Rodolfo Hass, Astakirten Handia, edo, aukeran, Ergel Gizagaixoa. Eta hori baino gehiago naiz, nire izen-abizenak gauzak errazteko jarri zizkidaten txartelak, etiketak baino ez direlako. Patronimikoak gizakiak eurak direla sinetsi duzue. Katalogatu, fitxatu eta sinadurak jaso dituzue, hainbat eta hainbat lelo zuen esanetara izateko. Nork eman dizue mundua erregimentutan banatzeko eskubidea? Egunen batean, zuen armadak kuartel ikaragarri horien aurka matxinatuko dira —batek daki noiz eta nola!—. Den-dena eroriko zaizue, eta milaka lagunek oihukatuko dute: «Ez, ez eta ez! Ni ez naiz hau, bestea baizik: ni neu naiz». Hard eta zur geratuko zarete, zuen itsutasun fitxatzailean ahaztuta utzi duzuen zerbait ikustean: norbera den modukoa da, besterik gabe.

       Begirune apur bat eskatzen dut gizakientzat, burumakur dabiltzalako, «bai» esaten dutelako, «ez» pentsatzen badute ere. Zuok zarete izurrite beldurgarriaren, gizakiaren gutxiespen sinestezinaren, lupuaren, pozoiaren erantzule bakarrak. Beldurraren inperio handia sortu duzue. Inor ez da zer pentsatzen duen esaten ausartzen. Ezin konta ahala kontzentrazio-esparru daude, nork berea daramalako bere ezpain zigilatuetan, edo are txarragoa dena, gezurrak esaten ditu, badaezpada... Atzo, infernua asmatu zuten borondateak menderatzeko, eta bertan, heretikoak erretzen zituzten. Gaur, paradisua asmatu duzue, bi paradisu, eta «propagandetan iragarritako» plazerekin bat ez datozenak kendu nahi dituzue bidetik. Ez dut sinesten ez paradisuan ez infernuan, unibertsoaren erdi-erdian dagoen Lurrean baizik, eta nire nia baino ez dut epaitzeko orduan! Gizaki betokerrak nahi dituzue. Zuk, Stalin jauna, guztiek ezkerreko begiaz ikustea nahi duzu; eta zuk, Truman jauna, eskuineko begiaz ikustea. Zezenketetarako zaldi ugari, benetan. Alde bakar batetik ikusi, eta aurkakotik begiratzea debekatuta! Gainerakoei muzin egin. Bestearen liburuak erre. Etsaia hil, nor den jakin gabe, zuok azalduko duzuelako nolakoa den. Ezizen asko eta asko daude: txakalak, sugegorriak, traidoreak, inperialistak, sabelgorriak, hiltzaileak, gorozkiak, harrapariak. Txarrenaren aurka, zuen alde ez daudenei gaizki esaka, marmar amarrutsuen bidez irainka, orpoak karraskatzen, edonor likisten, naturalena izango balitz bezala. Atzo, Stalin jauna, honako hau agertzen zen zure aldizkarietako batean biologo iparramerikar bati buruz: «Faxisten aldeko sabelgorria, Wall Streeteko handi-mandien morroia». Zure aldizkari batean, Truman jauna, antzekoa agertzen zen idazle sobietar bati buruz: «Sabelgorri komunista, Kremlinaren morroia». Bi zientzia badaude, Stalin jauna, eta zurea benetakoa bada eta bestea gezurrezkoa bada, zergatik kexatzen zara? Utzi bakean, berez amilduko dira-eta. Ez, ordea. Gertatzen dena da bat baino ez dagoela, eta zuk Inkisizio Onaren alde oihukatzen duzu, Inkisizio Txarraren aurka. Ormuzeko Inkisizioa, Arimanekoaren aurka. Zuok, Inkisizioaren etsaiok... Intolerantziaren maisu handiok!

       Ez duzue zirkinik ere egiten? Jakina, estatuak zarete! Tematuta, belarririk gabe, nola entzun ahal didazue? Kondenatuek bezala oihu egingo ahal dut! Horixe bera naiz, kondenatua, guztiok gara kondenatuak, epe laburrera, gainera.

       Gizakia bera ondasun bihurtu zenuten. Napoleon ez zen leloa, eta bere errenta bi mila gizonekoa zela esan zuen. Zu, Stalin jauna, aberatsagoa zara. Zuk, Truman jauna, kontuak egin eta dolar bihurtzen dituzu. Ez dago alderik. Ez dut hildako liberalismoa defendatu nahi, jabeek bakarrik gozatzen zutena: liberalismo unibertsala nahi dut defendatu. Bere edukia kontuan hartuta, sozialista den mundua; eta bere forma kontuan hartuta, liberala den mundua nahi dut defendatu. Pribilegiorik gabeko antolamendu ekonomikoa, norberak nahi duena esateko aukera duen estatuan. Eta salatariak salatari izan daitezela berriro.

       Jakin badakit Astakirten Handia edo, aukeran, Ergel Gizagaixoa naizela. Oraindik ere, gizakien sen onean sinesten dut, ezeren gainetik.

       Batak edo besteak lurra menderatutakoan, zer konponduko ote da? Zuk irabazten baduzu, Stalin jauna, Tito ugari sortuko dira lur azpitik. Zuk irabazten baduzu, Truman jauna, zure milioiak suntsituko dituzten milaka komunista agertuko dira. Beraz? Ezer ere ez, beraz. Izan ere, indarrik ez dudanez, horrexegatik naiz Astakirten Handia. Izango ez banintz, zuen bandoetako batean sartu beharko nintzateke. Horrela, bada, munduaren erdia baino ez nuke nire aurka izango. Baina ezin dut, ezin dut, Astakirten Handia edo, aukeran, Ergel Gizagaixoa naizelako. Gutxienez, isilik egon beharko nuke, baina ezin dut, bizia bera oso gogoko dudalako. Ilunpean hondoratuko duzuen bizi hori. Zuok izango duzue ohore hori.

       Ulertzen ez badidazue, ez barkatu. (Eskuinetik eta ezkerretik, uniformez jantzitako automatak irteten dira. Ez dute bururik, loreontziak baizik. Eszenatokiaren alde bietan jartzen dira aurrez aurre. ASTAKIRTEN HANDIA erdi-erdian dago. Agindu mutuei men egin eta tiro egiten dute aldi berean. Denak erortzen dira, eta gaua bera ere bai. Orain, ez da bereizten ez oholtzarik ez tribunarik. Protagonista altxatu egiten da, eta honako hau dio hildakoei begira:) Harrigarria, benetan! Txarrena da orain ez dutela brodaturik behar...

 

Konkordia plazako hitzaldia
Max Aub

euskaratzailea: ezezaguna
Zubizabal 7/8, 2003