|
ALASKA MODUKO BAT
Mick Goldstein-i
Alaska moduko bat Oliver Sacks doktoreak 1973an argitaraturiko Awakenings liburuak inspiratu zuen. 1916-17ko neguan, berebiziko gaitz epidemiko bat zabaldu zen Europan zehar, eta, ondoren, mundu osoan. Eritasun hori ezin konta ahala modutan agertzen zen: sukar ametsak, maniak, katalepsia, koma, loa, loezina, ezinegona eta Parkinson aldiak. Azkenean, Constantin von Economo itzal handiko medikuak identifikatu zuen eta izena ere jarri zion: encephalitis lethargica, loaren gaitza. Ondorengo hamar urteetan, ia bost milioi lagun gaitzak jo zituen, eta horietarik herena baino gehiago hil ziren. Bizirik iraun zutenetatik batzuk ia onik atera ziren, baina gehienek okerrera egin zuten, gero eta gaixoago. Gaitzak larrien jotakoak loaldi bitxietan murgildu ziren: inguruan zutenaz ohartzen ziren, baina geldi, hitzik egin gabe, eta borondate edo itxaropenik gabe, gaixo-etxeetan edo bestelako babes erakundeetan sartuta bizi ziren. Berrogeita hamar urte geroago, L-DOPA sendagai harrigarria garatuta, eri haiek bizitzara piztu ziren berriz.
Alaska moduko bat Londresen antzeztu zuten lehenengo aldiz 1982ko urriaren 14an Antzoki Nazionaleko Cottesloe auditoriumean. Hiru antzezlanek osatzen zuten Beste leku batzuk egitarauko obretako bat izan zen, eta honako antzezle hauek izan zituen: DEBORAH: Judi Dench HORNBY: Paul Rogers PAULINE: Anna Massey
* * *
Emakume bat ohe zuri batean. Berrogeita bost bat urte. Agondurik dago burko pila baten arrimuan, aurrera finko begira. Mahai bat eta aulki bi. Leiho bat. Jantzi belzdun gizon bat mahaian eserita. Hirurogei urte pasatxo. Emakumearen begiak mugitu egiten dira. Astiro begiratzen du inguruan. Bere begiek aurrera jarraitzen dute gizonarengan geratu gabe. Gizona emakumeari begira dago. Emakumea aurrera so dago, geldi. Xuxurlaka ari da. DEBORAH: Zer edo zer gertatzen ari da. Isilunea. HORNBY: Badakizu nor naizen? Isilunea. Ezagutzen nauzu? Isilunea. Entzuten didazu? Emakumeak ez dio begiratzen. DEBORAH: Hizketan ari zara? HORNBY: Bai. Etena. Ba al dakizu nor naizen? Etena. Nor naiz? DEBORAH: Inork ez du aditzen esaten dudana. Inor ez dago niri aditzen. Etena. HORNBY: Ba al dakizu nor naizen? Etena. Nor naiz? DEBORAH: Ez zara inor. Etena. Nor da? Hemendik urrun da. Euria ari du. Busti egingo naiz. Etena. Ezin dut lorik hartu. Txakurra jira eta bira ari da etengabe. Ametsetan dabilela uste dut. Esnatu egiten nau baina bera ez da esnatzen. Nire txakurrik onena da, hala ere. Frantsesez hitz egiten dut. Etena. HORNBY: Entzungo didazu, arren? Etena. Lotan egon zara oso denbora luzean. Orain, esnatu egin zara. Gu zu zaintzeko gaude. Etena. Lotan egon zara oso denbora luzean. Zaharragoa zara, nahiz eta zuk ez jakin. Gaztea zara oraindik, baina zaharragoa. Etena. DEBORAH: Zer edo zer gertatzen ari da. HORNBY: Lotan egon zara. Esnatu egin zara. Entzuten didazu? Ulertzen didazu? DEBORAHk estreinako aldiz begiratzen dio. DEBORAH: Lotan? Etena. Ez dut hori gogoratzen. Etena. Jendea niri begira eduki dut. Ukitzen aritu zaizkit. Nik hitz egiten nien, baina ez dut uste esaten nuena entzuten zutenik. Etena. Zein hizkuntzatan ari naiz hitz egiten? Nik frantsesez hitz egiten dut, hori badakit. Hau frantsesa al da? Etena. Gaur ez dut aitatxo ikusi. Aitatxo barregarria da. Barre eragiten dit. Korrika aritzen da nirekin. Puxikekin jolasten gara. Etena. Non da aitatxo? Etena. Uste dut nire eguna laster dela. Etena. Ez, ez. Ez, ez. Besteek bezala egiten dut lo. Ez gehiago ez gutxiago. Zer dela eta egingo nuke gehiago? Berandu arte lo gelditzen banaiz, gure amak esnatu egiten nau. Badugu zereginik. Etena. Lotan egon banaiz, amatxok zergatik ez nau esnatu? HORNBY: Neuk esnatu zaitut. DEBORAH: Nik ez zaitut ezagutzen baina. Etena. Non dira denak? Non da nire txakurra? Non dira nire ahizpak? Bart, Estellek nire soinekoa zeraman. Neuk esan nion, baina, jantzi zezakeela. Etena. Hotz naiz. HORNBY: Zenbat urte dituzu? DEBORAH: Hamabi. Ez. Hamasei. Zazpi ditut. Etena. Ez dakit. Bai, badakit. Hamalau. Hamabost. Hamasei urte zoragarri ditut. Etena. Ez ninduzun hona ekarri behar. Amak galdetu egingo dit ea non ibili naizen. Etena. Ez ninduzun horrela ukitu behar. Ez diot amari esango. Ez ninduzun horrela ukitu behar. Etena. Ene, Jack. Etena. Dagoeneko jaikita behar nuen. Zer iskanbila darabilte txakur horiek! Aitatxo jana ematen ibiliko zaie. Estellek Townley kaleko mutil harekin ezkondu behar al du? Ilegorri harekin? Paulinek dio hutsik duela kaskoa. Ez duela txakur txiki baten bururik. Gogoeta mordoa egin dut horren gainean modu askozaz helduago batean, eta erabaki dut ez lukeela harekin ezkondu behar. Esaiozu horrekin ez ezkontzeko. Zuri jaramon egingo dizu. Etena. Aitatxo? HORNBY: Ez zen harekin ezkondu. DEBORAH: Ez zen? Etena. Hanka-sartze galanta izango litzateke. Bizitza hondatuko lioke. HORNBY: Ez zen harekin ezkondu. Isilunea. DEBORAH: Gela hau lehenago ikusita nago. Zer gela da hau? Ez da nire logela. Nire logelan amañililiak daude hormetan. Izarak goxoak dira, politak. Amatxok musu ematen dit. Etena. Hau ez da nire logela. HORNBY: Luzaroan egon zara gela honetan. Lotan egon zara. Orain, esnatu egin zara. DEBORAH: Ez ninduzun hona ekarri behar. Zer zabiltza esaten? Neuk eskatu al nizun hona ekartzeko? Begi onak jarri al nizkizun? Zuganako desirarik erakutsi nuen? Gona azpian begiratzen utzi nizun? Irribarre egin al nizun? Neska lotsagabea izan al naiz? Ahaztu egingo nuen, agian. HORNBY: Nik ez zintudan hona ekarri. Zuen amak eta aitak ekarri zintuzten hona. DEBORAH: Gure aitak? Gure amak? Etena. Oparitan ekarri al ninduten zugana? Oparitan eskaini ninduten? Etena. Ez, ez. Lapurtu egin ninduzun... gauez. Etena. Gatibu egin al nauzu? HORNBY: Zu zaintzea da nire ardura. DEBORAH: Denek esaten dute hori. Etena. Gatibu egin nauzu. Zu ukitzera behartu ninduzun. Biluztu egin ninduzun. Negar egin nuen... baina... baina nire lizunkeria zen negar eragin zidana. Deabru hutsa zara. Lizunkeria neurea nuen. Neuretzat nuen gordea. Zuk kendu egin zenidan. Behin zabaltzen den aterik ez da sekula ixten. Sekula ez da ixten atzera. Sekula ez itxita, beti zabalik. Beti-betiko. Izugarria. Galdu egin nauzu. Etena. Umea ematen dut. Lekuz kanpo bezala. Etena. Zenbat urte ditut? Etena. Hemezortzi? HORNBY: Ez. DEBORAH: Zera, ba, ez dut nire adinaz arrastorik ere. Zuk badakizu? HORNBY: Zehatz ez. DEBORAH: Zergatik ez? Etena. Nire ahizpek jakingo dute. Lotura estua dugu. Elkar maite dugu. Hiru liliak esaten digute. Etena. Zergatik dago dena horren isil? Horren geldi? Hareazko zaku batean nago. Itsasoa. Itsasoa al da entzuten dudana? Oso urrun. Kaioak. Ez dut kaiorik entzun aspaldi-aspaldian. Ene, hori da hori iskanbila. Non da Pauline? Bihurria da gero. Esan eta esan ibili behar beti: horren askojakina ez izateko. Horixe esaten diot. Askojakinegia zara ezer onerako. Horren zorrotza bazara, zeure burua moztuko duzu. Askojakinegia zara, mihiluze hori. Egunen batean, mihiari hozka egin eta moztu egingo duzu, eta nik poto itxi batean gordeko dut eta ez zara sekula, sekula, sekula, inoiz gehiago askojakina izango. Etena. Atsegina da, benetan. Gehiegi hitz egiten du, besterik ez. Estelle, berriz, putzu bat baino sakonagoa da. Hankak gurutzatzen zoragarria da. Sen-tsu-a-la. Etena. Hau hotela da. Itsas ondoko hotelen bat. Hastings? Torquay? Begiek erakusten dutena baino areago da leku hau. Ondorio horretara heldu naiz. Kontu ilunen baten susmoa hartzen dizut. Paulinek beti esaten du emakume-trafikoan bukatuko dudala. Etena. Bai. Hau oihal-denda zuri bat da. Ateko oihala zabaldu eta Sahara desertura aterako naiz. HORNBY: Lotan egon zara. DEBORAH: O, berriro ere kontu hori! Zer gertatzen da horrekin? Zer dela eta ez nuen ba, behingoagatik, loaldi luzea egingo? Horren beharra dut. Gorputzak eskatzen dit. Nahiko naturala da. Berandu esnatuko nintzen, agian, baina ez dut nahita egin. Aukeran izan banu, nahiago izango nuen jaiki eta hara-hona ibiltzea. Atsegin dut goiza. Zergatik egiten didazu errieta? Gorputzaren legea bete besterik ez dut egin. HORNBY: Badakit. Ez dizut errietarik egin. DEBORAH: Beno. Eta zenbat denboran egon naiz lotan? Etena. HORNBY: Hogeita bederatzi urtez egon zara lotan. Isilunea. DEBORAH: Zer esan nahi duzu, hilik nagoela? HORNBY: Ez. DEBORAH: Ez naiz hilik sentitzen. HORNBY: Ez zaude. DEBORAH: Baina, hilik egon naizela esan nahi duzu? HORNBY: Hilik egon bazina, orain ez zinateke bizirik egongo. DEBORAH: Ziur zaude? HORNBY: Inor ez da hilen artetik esnatzen. DEBORAH: Ez, ez nuke halakorik esango. Etena. Ba, zertan ari nintzen, hilik ez banengoen? HORNBY: Guk, zera, ez dakigu zertan ari zinen. DEBORAH: Guk? Etena. Non da nire ama? Nire aita? Estelle? Pauline? HORNBY: Pauline hemen da. Zu ikusteko zain dago. DEBORAH: Ez luke kalean egon behar gaueko ordu hauetan. Beti esaten diot. Bere edertasunak loa behar du. Neuk egiten dudan legez, hain zuzen ere. Baina, jakina, ni bere ahizpa nagusia naiz eta ez dit jaramonik egiten. Eta Estellek, berriz, ez dit jaramonik egiten neure ahizpa nagusia delako. Horra, familia kontuak. Eta Jack? Non da Jack? Non da nire mutila? Jack nire mutila da. Maite nau. Maite nau. Behin negarrez ikusi nuen. Amodioagatik. Ez hari berriz negarrik eragin, gero. Zer egin diozue? Zer egin duzue berarekin? Zer? Zer? Zer? HORNBY: Baretu zaitez. Ez zaitez aztoratu. DEBORAH: Ni aztoratu? HORNBY: Ez dago kontu horietarako inolako presarik. DEBORAH: Zer kontutarako? HORNBY: Baretu zaitez. DEBORAH: Bare nago. Etena. Bistan da delituren bat egin dudala eta orain espetxean nagoela. Prest nago, erabat, gertatutakoari aurre egiteko. Zein lege-hauste da, baina? Ezin dut asmatu zer delitu izan daitekeen. Zera, delitu bat, halako epai zorrotza ekarri duena. HORNBY: Hau ez da espetxea. Ez duzu bat ere deliturik egin. DEBORAH: Baina, zer egin dut? Zertan aritu naiz? Non izan naiz? HORNBY: Ez duzu gogoan non izan zaren? Ez duzu gogoan... gertatu zaizun guztia? DEBORAH: Niri ez zait ezer gertatu. Ez naiz inon izan. Isilunea. HORNBY: Hobe genuke... DEBORAH: Ez dut inola ere Pauline ikusi nahi. Jendeak ez du nahi izaten norbere ahizparik ikusi. Ahizpak baino ez dira. Askojakin halakoak! Besterik ez dut entzuten, mauka-mauka. Haginak. Begien bistan duen guztia jaten du. Urrezko paperetan bilduta txokolatea. Tripazaina halakoa, papera kendu gabe jaten du. Arasa gaineko arratoi gorotz guztiak murtxikatzen ditu. Baten batek garbitu egin behar. Urteetan bertan egonikoak. Gorotzezko estatuak. Urrezko paperetan bilduta. Ez naiz sekula ohitu. Ahizpak deabruzkoak dira. Nebak okerragoak. Egun batean, otoitz egin nuen sekula inor gehiago ez ikusteko, euretako inor ez, sekula ez gehiago. Jan behar hori, jakin-uste hori guztia. Etena. HORNBY: Ez nekien nebarik zeneukanik. DEBORAH: Zer? Etena. HORNBY: Zatoz. Hartu atseden. Bihar... beste egun bat izango da. DEBORAH: Ez, ez da izango. Ez da izango. Ez! (Irribarre egiten du) Bai, noski, izango da. Jakina izango dena. Bihar beste egun bat izango da. Galdera bat egin nahi nizuke. HORNBY: Ez zaude nekatuta? DEBORAH: Nekatuta? Ezta gutxiago ere. Esna-esna nago. Ez duzu uste? HORNBY: Zein da galdera hori? DEBORAH: Nola esnatu nauzu? Etena. Ala ez nauzu esnatu? Neure kabuz esnatu al naiz? Neu bakar-bakarrik? Ala makila magiko batekin esnatu nauzu? HORNBY: Injekzio batez esnatu zaitut. DEBORAH: Injekzio maitagarria. O, zeinen maite dudan. Eta, ederra al naiz? HORNBY: Bai horixe. DEBORAH: Eta zu nire printze xarmagarria zara, ezta? Etena. Ea, esadazu ba. Etena. Ergel halakoa. Gizon guztiak berdinak dira. Etena. Maite zaitudala uste dut. HORNBY: Ez, ez nauzu maite. DEBORAH: Tira, gehiegizko aukerak ez nau alferrik galduko hemen, ezta? Ez da beste gizonik begi bistan. Zer egin diezu beste guztiei? Bada mutil bat Peter izenekoa. Bere trenekin jolasten gara, jolasten ibiltzen gara... indiotan eta bakerotan... marimutila naiz. Jo egiten dut. Baina hori lehen zen... Etena. Orain, ordea, mundu osoa dut aurretik. Bizitza osoa aurretik. Neure bizitza osoa aurretik. Etena. Aski da hori guztia. Aurkitu Jack. Baietz esango diot. Umeak izango ditugu. Nik sagarrak egingo ditut labean. Prest nago horretarako. Ez dago zertan gehiago zain egon. Hobe da urratsa biziagotzea. Gure amatxoren leloa. Lotsagabekeria, nik uste, gure amatxo etorri ez izana agurtzera, gabon esatera, izaretan biltzera, abesti bat kantatzera, mutilekin urrunegi joan ez nadin ohartaraztera. Aitatxo maite dut, baina axolagabe xamarra da. Gogoa beste kontu batzuetan. Hala esaten du Paulinek. Esaten du maitale bat duela Fulhamen. Lotsagabe halakoa. Paulinez ari naiz. Gainera, hamahiru urte baino ez ditu. Esan eta esan ibiltzen naiz, ez nagoela prest jasateko bere hitz-erdi barregarri, arranditsu, eklektiko eta rococo horiek, ezta bere asmakizun nahastekatzaileak ere. Asteko egun guztietan esaten diot. Etena. Aitatxo maitagarria da eta amatxo ere bai. Egunero hartzen dugu gosaria denok elkarrekin sukaldean. Zer ari da gertatzen? Etena. HORNBY: Egun batean, gelditu egin zinen bat-batean. DEBORAH: Gelditu? HORNBY: Bai. Etena. Loak hartu zintuen eta inork ezin zintuen esnarazi. Baina, lo hitza erabili badut ere, ez zen zehazki lo egotea. DEBORAH: Tira, erabaki behingoz zer zen! Etena. Zer esan nahi duzu: zure ustez lotan nengoela baina egon esna nengoela? HORNBY: Ez lotan ez esna. DEBORAH: Ametsetan nenbilen? HORNBY: Hala al zinen? DEBORAH: Tira, hala al nintzen? Ez dakit. Etena. Honek guztiak ez nauka pozez zoratzen. Galdera batzuk egingo ditut datozen minutuetan. Horietako bat izan daiteke: zer itxura nuen lotan nengoen bitartean, edo esna, edo dena delako egoeran nengoenean? Ezetz zuk esan, postura! HORNBY: Nahiko geldi zeunden. Finko. Denborarik gehienean. DEBORAH: Erakuts iezadazu. Etena. Erakuts iezadazu zer itxura nuen. HORNBYk geldi eta finko jarrera erakusten dio. DEBORAHk aztertu egiten du. Barre egiten du, bat-batean isiltzen da. Denborarik gehienean? Eta gainerakoan? HORNBY: Pasieran eramaten zintuzten astean birritan. Bultza egiten genien zure hankei ibil zitezen. Etena. Beste batzuetan, zu zeu mugitzen zinen bat-batean, oso azkar, bizi-bizi, espasmotan, tarte laburretan, eta gero, bat-batean, hasia zinen legez geratu egiten zinen. Etena. DEBORAH: Sekula ikusi zenuten... malkorik... nire begietan? HORNBY: Ez. DEBORAH: Eta barre egiten nuenean... nirekin batera egiten zenuten barre? HORNBY: Ez zenuen inoiz barrerik egin. DEBORAH: Jakina egin nuela. Barrerako joera dut. Etena. Ongi. Orain jaiki egingo naiz. HORNBY berarenganantz doa. HORNBY: Ez! Ez jaiki! Ez zaitez irrigarria izan. DEBORAH tentetu egiten da, astiro-astiro. Gizonak atzera egiten du, hari begira. DEBORAH zutik dago, geldi, eta oinez hasten da, astiro, gizonarenganantz. DEBORAH: Dantza gaitezen. Dantzan egiten du, berak bakarrik, geldiro. Dantzan ari naiz. Dantzan egiten du. Dantzan jardun dut, aizu. Oso gune estuetan aritu naiz dantzan. Behatzetan eta buruan kolpeak hartzen. Alicek bezala. Eser naiteke hemen? Hementxe eseriko naiz. Mahaian esertzen da. HORNBY ere esertzen da. DEBORAHk aulkiaren besoak ukitzen ditu, mahaia ukitzen du, aztertu egiten du. Gustuko ditut mahaiak, zuk? Hau nahiko mahai polita da. Xerez bat hartzerik bai? HORNBY: Oraindik ez. Laster festa bat egingo dugu zure ohoretan. DEBORAH: Festa bat? Nire ohoretan? Zuek bai atseginak. Gozoa eta edana erruz izango al da? HORNBY: Horixe baietz. DEBORAH: Zuek bai atseginak. Etena. Tira, atsegina da mahai honetako giroa. Zer berri? Gerra bukatuko zen jada, ezta? HORNBY: Bukatu zen, bai. DEBORAH: A, ongi. Eta ez dute beste bat hasi? HORNBY: Ez. DEBORAH: A, ongi. Etena. HORNBY: Gune estuetan egiten zenuen dantzan? Hurrengo mintzaldian zehar, PAULINE sartzen da. DEBORAH: O, bai. Oso gune abailgarrietan. Oso gune akigarrietan. Nekeza zen hori. Oso zaila. Norbait denbora guztian oinen gainean duzula dantzan egitea bezala. Denbora guztian, baina lekutik mugitu gabe, danba-danba, oin handi bat norbere oinaren gainean. Ez da dantzarik idealena, ezta gutxiago ere. Batzuetan, ordea, gunea zabaldu egiten zen, eta argitu..., batzuetan zabaldu egiten zen eta ni, hain nintzen arina, eta horren arin sentitzean eguna argitu artean egon zaitezke dantzan, eta nik eguna argitu artean egiten nuen dantzan, gaua joan gaua etorri, gaua joan gaua etorri... denbora batez... uste dut... eta orduan... PAULINEren siluetaz ohartzen hasi da, hura gelan baitago zutik. DEBORAHk finko begiratzen dio. PAULINE berrogei urte pasatxoko emakumea da. PAULINE: Deborah. DEBORAHk finko begiratzen dio. Deborah, Pauline naiz. (HORNBYrenganantz jiratzen da) Neuri begira dago. (Berriz DEBORAHri buruz) Neuri begira zaude. O, Deborah... ez didazu... horrenbeste denboran begiratu. Etena. Zure ahizpa naiz. Ezagutzen al nauzu? DEBORAHk irribarre txikia egiten du eta aldendu egiten da. HORNBY zutundu, eta PAULINEgana doa. HORNBY: Ez dizut deitu. PAULINEk begiratu egiten dio. Tira, ongi da. Egiozu berba. PAULINE: Zer esango diot? HORNBY: Berba egiozu, besterik gabe. PAULINE: Axolarik dio zer esaten dudan? HORNBY: Ez. PAULINE: Minik egingo al diot? HORNBY: Ez. PAULINE: Zer esango diot, gezurra ala egia? HORNBY: Bietatik. Etena. PAULINE: Dardaraka zaude. HORNBY: Bai? PAULINE: Zure eskua. HORNBY: Bai? (Eskuari begiratzen dio) Dardaraka? Ea. Bai. PAULINE DEBORAHrengana hurbiltzen da, haren ondoan esertzen da mahaian. PAULINE: Debby, etxekoekin hitz egin dut. Poz-pozik zeuden denak. Denekin hitz egin dut, txandaka. Kanpoan dira. Munduan zehar joan dira itsas bidaldi batean. Merezia dute. Oso gogorra izan da etxekoentzat. Eta aitatxo ez dago sasoitsu ere, nahiz eta zenbait kontutan sasoiak gainezka egiten dion, eta amatxo... Bidaia zoragarria da. Indiako ozeanoa igaro zuten. Eta Bosforoko badia ere bai. Pentsa! Estellek ere, zera, erabateko atsedena behar zuen. Bidaia zoragarria da. Benetan, egundoko bidaia da. Bangkoken geldialdia egin zuten. Hantxe topatu nituen. Denekin hitz egin nuen, txandaka. Eta denek, zuri esateko maite-maite zaituztela. Amatxok batez ere. Etena. Irrati-telefonotik hitz egin nuen. Lehorretik itsasontzira. Kapitainaren kabina. Zer zirrara! Etena. Esadazu. Gogoratzen zara nirekin? DEBORAH zutundu eta ohe aldera doa astiro. Ohean sartzen da geldi. Burkoen kontra etzaten da, begiak ixten ditu. Begiak zabaldu eta PAULINEri begiratzen dio, keinu batez deitzen dio. PAULINE ohe aldera doa. DEBORAH: Utzidazu begietara begiratzen. (Sakon begiratzen du PAULINEren begietan) Beraz, nire ahizpa zarela diozu? PAULINE: Hala naiz, bai. DEBORAH: Tira, aldatu egin zara. Askotxo. Edadetu egin zara... zeharo. Zer gertatu zitzaizun? (HORNBYrengana jiratzen da) Zer gertatu zitzaion? Bat-bateko shocka izan al zen? Badakit shock baten erruz jendea gauetik goizera edadetu daitekeela. Baten batek esan zidan. (PAULINEgana jiratzen da) Horixe gertatu al zitzaizun? Shock batek gauetik goizera edadetu zintuen? PAULINE: Ez zen hori izan, zure... PAULINEk HORNBYri begiratzen dio. Gizonak sorgor begiratzen dio. PAULINE DEBORAHrengana jiratzen da. Zeu izan zinen. Zutik zeunden, lorontzi bat eskuetan. Lorontzia mahai gainean jartzekoa zinen. Ez zenuen, baina, mahai gainean utzi. Geldi geratu zinen, lorontzia eskuetan, zera... finko bezala. Ni zurekin nintzen gelan. Begietara begiratu nizun. Etena. Esan nizun: “Debby?”. Etena. Baina zu berdin... erabat... geldi. Ukitu egin zintudan. Esan nizun: “Debby?”. Begiak zabalik zeneuzkan, baina inora begiratu gabe. Eta, bat-batean, niri begiratu, ni ikusi eta irribarre egin zenidan, eta loreontzia mahai gainean utzi zenuen. Etena. Baina afalondoan, denok ari ginen barreka eta hizketan, eta aitatxo txantxetan ari zen, guri barre eragiten, eta esan zenuen ezin zenuela aitatxo ondo ikusi, mahaiaren erdiko loreek ez zizutela ikusten uzten, zera, zeuk utzitako lekuan, eta jaiki egin zinen, eta loreontzia hartu eta leiho ondoko mahaitxo hartarako keinua egin zenuen, intxaur zurezkora, eta amatxo barrez ari zen eta Estelle bera ere barrez ari zen eta bat-batean begiratu genizun eta geldi zeunden. Zutik zeunden mahaitxoaren ondoan, loreontzia eskuetan, hura mahaitxoan jartzeko keinuaz besoa luzatuta, baina geldi. Etena. Zugana joan ginen. Hitz egin genizun. Amatxok ukitu egin zintuen. Hitz egin zizun. Etena. Orduan, aitatxo loreontzia kentzen saiatu zen. Ezin zuen... indarrez ere zure eskuetatik kendu. Ezin zintuen... handik mugitu. Zera bezala... marmol harria bezala. Etena. Hamasei urte zenituen. DEBORAH HORNBYrengana jiratzen da. DEBORAH: Sekula ezagutu ez nuen izebaren bat izan behar du. Urruneko lehengusina horietako bat. (PAULINEri) Zure testamentuan utzi al didazu dirurik? Tira, ondo etorriko litzaidake. PAULINE: Pauline naiz. DEBORAH: Ongi, Pauline bazara, pisu askotxo hartu duzu oso denbora tarte txikian. Ikusten dut ez duzula balleteko eskoletara joaten jarraitu. Ene Jainkoa! Bularrak hazi zaizkizu! (PAULINEren bularrei begiratzen die eta bat-batean bere buruari begiratzen dio) PAULINE: Andreak gara. DEBORAH: Andreak? HORNBY: Emakume heldua zara, Deborah. DEBORAH (PAULINEri): Estellek ezkondu behar al du Townley kaleko mutil ilegorri harekin? HORNBY: Deborah, entzun. Ez zaude adi. DEBORAH: Zeri? HORNBY: Ahizpa esaten aritu zaizunari. DEBORAH (PAULINEri): Zu nire ahizpa al zara? PAULINE: Bai, bai. DEBORAH: Baina nondik atera zaizkizu bular horiek? PAULINE: Agertu egin ziren. DEBORAHk bere bularrari begiratzen dio. DEBORAH: Argalago nago, ezta? PAULINE: Bai. DEBORAH: Bai. Argalago nago. Etena. Itsasoan sartuko naiz korrika eta olatuetara egingo dut salto. Goitik behera miatuko dut itsaso osoa. Etena. Kanpora al goaz gaur afaltzera? Etena. Non da Jack? Lotsak mutututa beti bezala. Lotsatiegia da ezer onerako. Eta Paulinek bere burua moztuko du zorrotzaren zorrotzaz. Eta Estelle buru-loka galanta da. Nire ustez, Townley kaleko ilegorri harekin ezkondu beharko luke, eta burua zentzatu berandu baino lehen. Etena. PAULINE: Alarguna naiz. DEBORAH: Emakume honek burua galdu du. HORNBY: Ez. Ez du bururik galdu. Etena. Aldian-aldian etorri zaizu bisitan... denbora askoan. Zugatik sufritu du. Sekula ez zaitu bertan behera utzi. Ezta nik ere. Etena. Urte askoan zure medikua izan naiz. Hau ahizpa duzu. Zure aita itsua da. Estellek zaintzen du. Ez zen ezkondu. Zuen ama hila da. Etena. Neuk kendu nizun loreontzia eskuetatik. Ohe honetara ekarri zintudan. Batzuek lurperatu egin nahi zintuzten. Galarazi egin nien. Jaten eman dizut, zaindu egin zaitut, denbora honetan guztian. Etena. Injekzioa eman nizun eta esnatu egin zintudan. Eta galdetu egingo duzu ea zergatik ez nizun injekzioa hogeita bederatzi urte lehenago eman. Esango dizut. Orduan ez neukan botika egokia. Etena. Beraz, badakizu, inon egongo ez bazina bezala egon zara, besteratua, axolagabe. Geuk sufritu dugu. Etena. Hori ulertzen duzu, ziur naiz. Oso-oso neska argia zinen. Horretan bat datoz denen iritziak. Zure gogoak ez du kalterik jasan. Gelditua egon da, besterik gabe, aldi baterako beste bizileku bat hartu du... Alaska moduko batean. Baina ez zegoen erabat geldirik, ezta? Urruneko lurraldeetan menturatu zinen... eremu erabat... arrotzetan. Batera eta bestera jarraitu zenuen. Eta nik zure ibilbidearen mapa egin nuen. Edo ahalik eta ondoen saiatu nintzen. Ez dizut inoiz joaten utzi. Isilunea. Ez dizut inoiz joaten utzi. Isilunea. Zurekin bizi izan naiz. Etena. Zure ahizpa Paulinek hamabi urte zituen hildakotzat laga zintuztenean. Hogei urte zituela, harekin ezkondu nintzen. Alarguna da. Zeurekin bizi izan naiz ni. Isilunea. DEBORAH: Etxera joan nahi dut. Etena. Hotz naiz. (PAULINEren eskua hartzen du) Nire eguna laster al da? Urtebetetze festa izango dut? Denak bilduko al dira? Denak etorriko al dira? Gure lagun guztiak? Zenbat urte izango ditut? PAULINE: Izango duzu. Izango duzu urtebetetze festa. Eta denak bilduko dira. Etxeko guztiak izango dira. Aspaldiko lagun guztiak. Eta opariak izango ditugu zuretzat. Denak paperetan bilduta... paper eder-ederretan bilduta. DEBORAH: Zer opari? PAULINE: A, ez dizugu esango. Hori ez dizugu esango. Sekretua dira eta. Etena. Pentsatu horretan. Pentsatu zer zirrara... opariak irekitzean, opariei papera kentzean, opariak kutxatik atera eta haiei begiratzean. DEBORAH: Gorde ditzaket neuretzat? PAULINE: Gordeko ez dituzu, ba! Zeure opariak dira. Zeuretzat dira... zeuretzat soilik. DEBORAH: Galdu egingo ditut agian. PAULINE: Ez, ez. Gelan jarriko dizkizugu. Beste inork ukitu ez ditzan zainduko dugu. Ez ditu inork ukituko. Eta musu eman eta gabon esango dizugu. Eta hurrengo goizean esnatzen zarenean zure opariak... Etena. DEBORAH: Ez ditut galdu nahi. PAULINE: Ez dira inoiz galduko. Sekula ez. Etena. Eta abestu egingo dizugu. Zer abestuko dugu? DEBORAH: Zer? PAULINE: Zorionak zuri abestuko dizugu. Etena. DEBORAH: Baina, zer esan behar nuen? (Masailari hazka hasten da, aurpegitik zerbait eskuilatu nahi balu bezala) Baina zer... Ai, ene, ez, ez. Ai, ene. Etena. Ai, ene. (Gero eta bizkorrago egiten dio hazka masailari) Bai, gerturatzen ari direla uste dut. Gerturatzen ari dira. Hormak gerturatzen ari dira. Bai. (Burua makurtzen du, bizkorrago hazka egiten du, orain aurpegi osoan darabiltza atzamarrak) O... ongi... ooooo... o, ez... o, ez... (Mintzaldian zehar gorputza konkortu egiten zaio) Utzi ateratzen. Ez egin hori. Utzi ateratzen. Ez egin hori. Ez egin hori. Ez egin hori. Ez hormak nire gainera gerturatu. Ez hormak nire gainera ekarri. Horren estu, horren estu. Zerbait arnasestuka, zerbait arnasestuka. Ezin dut ikusi. O, badoa argia. Badoa argia. Denda ixten ari dira. Nire aurpegia ixten ari dira. Kateak eta giltzarrapoak. Morroiloz itxi naute. Hau kiratsa. Usain hori. Ene, Jesus; ai, ene; ene, Jesus; ai, ene, gazte-gaztea naiz eta. Ezin hautsizko katea da. Kateaz harrapatuta nago. Lepoan daukat. A! Begiak itsatsita. Sudur puntaren itzala baino ez dut ikusten. Sudur puntaren itzala. Begiak itsatsita. (Hazka egiteari uzten dio bat-batean, lasai esertzen da. Gorputza tentetzen zaio. Gora begiratzen du. Atzamarrei begiratzen die, aztertu egiten ditu) Ezer ez. Isilunea. Astiro hitz egiten du, erabat lasai dago. Entzuten duzue itogina? Etena. Itogin bat aditzen dut. Baten batek zabalik utzi du txorrota. Etena. Zer den esango dizut. Areto andana neurrigabea. Barneko leiho handi-handi batzuk dauzkate, hormen itxura eginez. Hara, leiho horiek ispiluak dira. Horrela, leihoek leihoak islatzen dituzte. Etengabe eta betiko. Etena. Ezin imajina dezakezu zein lasaia den. Hain isila, neure begiak mugitzen entzuten ditudala. Isilunea. Ohean nago etzanda. Jendea nigana makurtzen da, hitz egiten didate. Kaixo esan nahi diet, hitz erditxo bat egin, galdera batzuk egin. Baina, kristalezko areto handi batean bazaude, txorrota bati ura tantaka dariola, ezin halakorik egin. Isilunea. PAULINEri begiratzen dio. Zahar samarra naiz ziurrenik. Zer itxura ote dut? Tira, horrek ez du garrantzirik. Ez dut batere asmorik ispiluari begiratzeko. Etena. Ez. HORNBYri begiratzen dio. Zuk diozu lotan egon naizela. Zuk diozu orain esna nagoela. Zuk diozu ez naizela hilen artetik esnatu. Zuk diozu lehen ez nengoela ametsetan eta orain ere ez nagoela ametsetan. Zuk diozu denbora guztian bizirik egon naizela eta orain ere bizirik nagoela. Zuk diozu emakumea naizela. PAULINEri begiratzen dio, gero berriro HORNBYri. Alarguna da. Ez da jadanik balleteko eskoletara joaten. Aitatxo eta amatxo eta Estelle munduan zehar dabiltza itsas bidaldi batean. Bangkoken geldialdia egin dute. Laster nire eguna izango da. Uste dut hartua diodala arazo honi neurria. Etena. Eskerrik asko.
ALASKA MODUKO BAT |