GAUEZ LO EGITEN DUTE ARRATOIEK
Wolfgang Borchert

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2012

 

Tokia: Alemania, bonbardatutako hiri bat, 1944 edo 1945

 

     Arrats hasierako eguzkiak gorri-urdinez irekitzen zuen horma bakartiko leiho hutsa. Zutik gelditu ziren tximinien artean sigi-saga egiten zuten hauts lainoek. Hondakin basamortua lo zetzan.

     Begiak itxita zeuzkan. Bat-batean areago ilundu zuen. Norbait etorria zela ohartu zen, eta bere aurrean zegoela, ilun, geldi. Harrapatu naute, pentsatu zuen. Baina zehar begiradatxo bat eginda, bi zango zarpail jantziak baino ez zituen ikusi. Bere parean oker samar zeuden, hain oker, haien artean ikustea ere lortu zuela. Zehar begirada bat ausartu zuen galtzetako hanketatik gora, eta gizon zaharrago bat atzeman. Eskuetan aizto bat eta otarre bat zeuzkan. Eta lurrez zikinduxe hatz-mamiak.

     Hik hemen egiten duk lo, ala?, galdetu zuen gizonak, ile mordoiloari goitik behera begiratzen ziola. Eguzkirantz kirika egin zuen Jurgenek gizonaren zangoen artetik, eta esan: Ez, nik ez dut lorik egiten. Hemen arduratsua izan behar dut.

     Buruaz baietz egin zuen gizonak: Horregatik daukazu, beraz, makila handi hori hor.

     Bai, erantzun zuen adoretsu Jurgenek, makilari gogor oratzen ziola.

     Zer ari zara zaintzen?

     Ezin dizut esan. Eskuek makilari tinko eusten zioten.

     Dirua izango da, zuzen nabil? Otarrea lurrean jarri eta labana igurtzi zuen galtzen larruan.

     Ez, dirua ez, erantzun zuen Jurgenek destainaz. Oso bestelako zerbait da.

     Zer da, bada?

     Ezin dut esan. Bestelako zerbait.

     Ez esan, beraz. Baina orduan nik, noski, ez dizut esango zer dudan otarrean. Gizonak otarrea zapaldu zuen zangoarekin eta labana itxi.

     Ba, aise imajina dezaket zer duzun otarrean, esan zuen Jurgenek lasai, untxientzako jana.

     Hala da, arraioa!, liluraz gizonak. Tipo zorrotza haiz. Zenbat urte dituk?

     Bederatzi.

     Hara, pentsa, bederatzi. Badakik hortaz bederatzi hiru bider zenbat den?

     Jakina, esan zuen Jurgenek, eta, denbora irabazte aldera, erantsi: Franko erraza da. Eta gizonaren zangoen artean begiratu zuen. Hiru bider bederatzi, ezta?, galdetu zuen berriro, —Hogeita zazpi. Banekien bai.

     Hala duk, esan zuen gizonak, eta horixe duk nik dudan untxi kopurua.

     Jurgen zur eta lur zen: hogeita zazpi?

     Ikus ditzakek. Haietako asko oso gazteak dituk. Nahi duk?

     Ezin dut, benetan. Hemen gelditu behar dut, esan zuen Jurgenek apur bat zalantzati.

     Beti? galdetu zuen gizonak, gauez ere bai?

     Gauez ere bai. Beti eta beti. Jurgenek zango zabalei erreparatu zien. Halaxe naiz hemen larunbataz geroztik, xuxurlatu zuen.

     Baina ez haiz sekula etxeratzen? Jan egin beharko duk.

     Harri bat jaso zuen Jurgenek. Ogi zati bat zegoen. Eta latazko kutxa bat.

     Erretzen duk?, galdetu zuen gizonak —Piparik bai?

     Jurgenek estu oratu zion makilari eta zalantzati esan: Bildu egiten ditut. Ez zaizkit pipak gustatzen.

     Pena duk, esan zuen gizonak bere otarrerantz makurtzen zela. Begiratua egin hiezaieke ene untxiei. Batez ere kumeei. Agian hiretzako bat hautatuko huke. Baina ezin duk toki hau utzi, ezta?

     Ez, esan zuen goibel Jurgenek, ez, ez.

     Gizonak bere otarrea jaso eta zutitu egin zen. Ederki, hemen egon behar baduk —pena duk. Eta jiratu egin zen.

     Ez banauzu salatzen, esan zuen Jurgenek azkar —arratoiengatik da.

     Zango okerrek atzerantz egin zuten urrats bat. Arratoiengatik?

     Bai, hildakoak jaten dituzte. Hildako jendea. Haiei esker bizi dira.

     Nork esan du hori?

     Gure irakasleak.

     Eta hi arratoiei beha hago hemen? galdetu zuen gizonak.

     Ez, ez haien beha! Eta segidan nahiko leun erantsi: Nire anaia, hor behean datza. Han. Jurgenek bere makilaz eroritako hormak seinalatu zituen. Gure etxea bonba batek jo zuen. Bat-batean argia joan zen sotoan. Eta bera ere bai. Deika ibili gintzaizkion. Ni baino txikiagoa zen. Lau zeuzkan. Oraindik ere hemen behar du. Ni baino askozaz txikiagoa da.

     Gizonak ile mataza nahasirantz jaitsi zuen begirada. Eta kolpez esan zuen: Ongi, irakasleak ez zizuen esan arratoiek gauez lo egiten dutela?

     Ez, xuxurlatu zuen Jurgenek, eta bat-batean nekatuta agertu zen —Ez zuen halakorik esan.

     Ongi, esan zuen gizonak. A ze irakaslea, hori ere ez badaki. Arratoiek gauez lo egiten ditek. Gauez etxera joan haiteke, ez arduratu. Ilundu bezain laster.

     Jurgenek ildo batzuk marraztu zituen hondakinetan, makilaz. Ohe txikiak ez besterik, pentsatu zuen, dena ohe txikiak. Segidan gizon zaharrak esan zuen (eta bere zango okertuak urduritu egin ziren): Badakik zer? Oraintxe joango nauk, korrika batean ene untxiei jaten eman, eta iluntzerako bueltan etorriko nauk hi jasotzera. Agian untxi bat ekar zezakeat nirekin. Txiki bat —edo zer diok?

     Jurgenek ildoak marrazten zituen hondakinetan. Dena untxi txikiak, pentsatu zuen —txuriak, grisak, txuri eta grisak. Ez dakit, esan zuen leun eta zango okerrei begiratu, gauez benetan lo egiten duten.

     Gizonak horma-hondakinetan gora jo zuen kalerantz. Jakina, esan zuen handik. Hire irakasleak alde egin beharko likek hori ez baldin badaki.

     Beraz, zutitu eta galdetu zuen Jurgenek: Bat izan dezaket? Txuri bat akaso?

     Saiatuko nauk, oihu egin zuen gizonak oinez urruntzen zela —baina zain itxaron beharko duk hemen. Gero joango nauk hirekin etxera, bai? Hire aitari ere esan behar zioat untxi-kaiola bat nola egin. Hori ere jakin behar huke.

     Bai, garrasi egin zuen Jurgenek. Itxarongo dut. Oraindik ere beha egon behar dut ilundu bitartean. Egongo naiz, bai. Eta garrasi egin: Etxean oholak ere baditugu. Kutxak egiteko oholak, oihu egin zuen.

     Baina gizonak ez zion gehiago entzun. Bere zango okerrez oinez joana zen ordurako gorria zen iluntzeko eguzkirantz, eta Jurgenek eguzkiaren errainuak ikus zitzakeen gizonaren zangoen artetik, hain ziren okerrak. Eta otarrea batera eta bestera dilindan. Untxientzako jana zeukan barruan. Untxientzako jan berdea, hondakinak zirela-eta apur bat gristua.

 

GAUEZ LO EGITEN DUTE ARRATOIEK
Wolfgang Borchert

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2012