GAUZAK NOLA DIREN
Gabriel Celaya

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960

 

Hemen hasiko banu ene kantua,

esanen nuke: Bizirik nago, bi ta bi lau;

arraia ezta bustitzen; zororik dago arrosa;

gauza agiriak esanen nituzke,

gauza zelaiak (nire izenaren parekoak);

eta hau esanen banu,

ehun mila modutan esanen nuke

hemen segitzen dudala bizirik, gizon

ttiki, kontent, sentikor eta altzatu honek,

odol-jario edo kolpe batek bultzaturik.

 

Barre begite, lehertu arte, moralista xerio

sasi-maisu izugarri hoiek (bakarrikan baitira

elikatzen ezkaren ideien ausnartzaleak,

besterik ezean oraindik askok

jaten dituztenak),

Karmenekin noaia ikusten nautelarik eskandalo

hartzen duten jaun agurgarri hoiek,

arrazoiarekin duda gabe nire bersoak txarrak direla

estimatzen duten kritikero hoiek.

Eztiet ezer eskatzen. Ni bizi naiz. Kontent.

 

Ttua bota bezaidate, hala nahi badute

(edo ni arbuiatzearekin konsolatzen badira).

Abegi onarekin errezibitzen banaute

aginak erakusten dizkidate,

adurra dadukate zintzilik ezpainetatikan,

azufre batez kiskailtzen dirade hesteetan,

eta ikaragarrizko minekin

salbatu nahi dira,

anaiaren heriotzearekin bada ere.

Baina merezi bezain gaitz ezteritzet nik,

on deritzet, egiaz.

 

Bizia polita da,

eta nik nahi nuke eztezaten gal.

Enbarazo temosoari uko daidiotela,

gorputza adora dezatela.

Biri zabalean harnasa har dezatela,

ahaltasun guztietara zabal ditezila,

eta lotsa edo bildur gabe,

kunpli eta mukurru ditezila.

Hainbeste gorrotatzen dituzten mugatasun hauk,

hain dira izaerak.

 

Esan dezatela nirekin (haur bihurturikan):

Harnasa hartzen dut, nire boltsuak

“bai” batekin jasotzen ditu nire errai guztiak.

Esan dezatela: bat-bi,

gauzak izenakatik aipa ditzatela,

(hain bakarrak, ederrak),

kanpora begira, zoriontsu senti

hainbeste erregalorekin,

hainbeste ttikitasun atseginekin.

 

Eztezatela pentsa jakintsuak direla

hainbeste gogoeta egiten dutelako,

zabalik lauda dezatela,

neurririk gabe eman ditezila,

haien gozamentuaz bizi ditezila,

eta ez gogorrik

lagunari ohostutzen diotenaz.

Kontenta ditezila direnarekila,

eta bila dezatela Karmen bat.

 

GAUZAK NOLA DIREN
Gabriel Celaya

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960