Horla
Guy de Maupassant

euskaratzailea: Pedro Diez de Ultzurrun
Infomart, 1999

 

HITZAURREA

 

        «Kasu, irakurtzaile, begira ezazu zeure eskuin-ezkerrera! Gaua iluna da, zeruan ez da izarrik ageri. Aspaldi gorde zen hilen argia, edo eta argi hila —ororen buruan berdin baitio bata zein bertzea izan—. Itzal eta ilunbearen erreinuaren mende zaude orain. Etorria da Izaki Berria, hots, munduaren hatsarretik zain omen daukagun oinordeko beldurgarria. Goi-goikoak sortu omen zuen hau ere; jakinki aldez aurretik gure gaiztakeria, hutsalkeria eta ezdeuskeriaren berri, Lurraren jabe berria izan zedin amoreagatik.»

        «Sarkoi isil eta asaldagarri hori gugandik hurbil ibiliko da, gure jan-edatekoak jan eta edanen dizkigu, aztarnarik txikiena utzi gabe. Poliki-poliki gure baitara sartuz joanen da, harik eta gure arimaren jabe ere bilakatuko den artio. Gureak egin du orduan! Egoera horrek ez baitu erremediorik izanen eta haren menpeko, haren mirabe eta jopu bihurtuko baikaitu betiereko, ezinbertzean! Betiereko? Agian bai eta agian ez. Gizakiak, bere adimen apurra erabiliz, kinka larriari aterabideren bat aurkitu ahal izanen baitio, apika, eta berriz ere, ustez bederen, bere buruaren jabe jarri.»

        Egia erran, Guy de Maupassantek ipuin fantastiko, beldurgarri eta asaldagarri honetan gizon bat aurkezten digu bere barrunbe ilunetan galdua eta gauaren lanbroek ezari-ezarian itoa. Horla, Izaki Berri edo Sarkoi isil-beldurgarri hori, geronek sortutakoa litzateke, beraz; geronek geronen beldur, antsia, izu eta antzekoekin sortzen eta elikatzen omen ditugu mundu honetako gure aldia etenduko diguten izaki ikustezin horiek. Gerauk omen gara, geure grina, eromen eta itsukeriekin, mundu honetatik hastanaraziko gaituzten kreatura berri horiek sortuz joaten garenak; hainbertzetaraino non ez baitugu gehiago jakiten atzarrik edo lo, amets ilun eta beldurgarrietan, ote gauden. Esnatzen garenean, nahiago izaten dugu askotan loak berriro bere magalera bil gaitzan. Lo hartzen dugularik, berriz, mamu guztiek esetsi eta zanpatzen gaituztenean, zernahi emanen genuke loaren aztaparretatik lehenbailehen askatzeko.

        Pausarik inon ez, laburbilduz, harik eta gaitz ikustezin horren sustraiak errotik atera artio. Izan ere, burua eri baitugu, bizitza gero eta zapalgarriago honen zergatiak eta barrunbeak ezin ulerturik.

        Horra Maupassantek, eromenaren irudi gisa, erotzeko, burutik eginda bukatzeko beldurraren irudi gisa, kontatzen digun ipuin beldurgarria, zeinak irakurtzen amaituta ere ez baikaitu lasai egotera utziko.

        Gai nagusiarekin batean, beste zenbait alderdi ere lantzen ditu idazle frantsesak. Izan ere, joan den gizaldian, menta handia izan zuten zenbait zientzia eta jarduerak: hipnotismo-suerte guztiek, magnetismoak, sugestioak eta abarrek, konparazio baterako. Horren haritik, Maupassant Charcot irakasleak Parisko La Salpêtrière-n ematen zituen hitzaldiak entzutera joan ohi zen eta handik jaso bide zuen nerbio-sistema, eromen eta bestelakoen aldera erakutsi zuen zaletasuna.

        Guy de Maupassantek berak ere jasan omen zituen bere bizitzan estuasun itogarri horiek guztiak; gure idazleak garaiko droga guztiak, opioa-eta, dastatu nahi izan omen zituen —zenbaitzuen idurikoz, ordea, hau ez omen da batere argi— eta haren ondorioek erro sakonak egin zituzten haren gogoan eta gorputzean. Dena den, ez omen zen eroturik hil, sifiliak —XIX. mendeko gaitzak— jota baizik, zeinak nahasmendu eta oinaze latzak eragin baitzizkion, XIX. mende bukaerako baliabide urri eta negargarriek deus gutxi ezin egin zezaketelarik.

        Sar zaitez, hortaz, irakurtzaile, gau eta ilunbearen erresuman, Izaki Berria edozein zoko eta bazterretan, zuri hatz emateko prest, goaitan daukazun bitartean. Hala ere, eta gure aitzineko euskaldunengandik bildu erran-zahar hau baliaraz dezakegu amuleto gisa-edo:

 

                Inguma, enauk beldur,

                Jainkoa eta Andre Maria

                    hartzen tiat lagun;

                zeruan izar, lurrean hare,

                hek guziak kondatu arte

                ehadiela nereganat ager.

 

Pedro Diez de Ultzurrun

 

Horla
Guy de Maupassant

euskaratzailea: Pedro Diez de Ultzurrun
Infomart, 1999