Aluma
Guy de Maupassant

euskaratzailea: Mikel Garmendia
Infomart, 1998

 

ALUMA ETA ALJERIA

 

        Aluma emakume den ber da Aljeria emakumezko. Eta emakumezko den ber da, orobat, ezezagun. Baina ez, hori ez da aski, zeren, zer dira batez ere Aluma eta Aljeria? Irrazionalak, mitozkoak, oinarrizkoegiak... zenbat adjetibo alferrikako ez ote ditugu behar izango, ordea, ezagutzen ez duguna ezagutzen ez dugula aitortu beharrean, halako azalpen arrazional asebetegarri eta geure buruen lasaigarri bat emateko!

        Tarteka-marteka, ordea, krak egiten du zerbaitek, eta orduantxe baino ez gara konturatzen gauzak, harremanak, hala herrien artekoak nola gizon-emakumeen artekoak, ez dabiltzala ongi, natural. Zeren, diskurtsoak, argudioak, arrazoiketak eta abar labur bat alde batera utzita —noiz ohartu behar dugu behingoz razionalismoa, funtsean, beste mito bat besterik ez dela?—, zer dira lehenik eta behin Aluma eta Aljeria? Nola azaltzen zaizkigu begien bistan? Eder dira, biak ala biak eder. Miresmena, txundidura sortzen dute gugan ikusi orduko. Basak dira, basamortukoak, basak eta burgoiak, eta horrexegatik ditugu ziurrenik hain eder.

        Lehen uneko mira eta txundidura gainditurik, nola erantzuten du ehiztariak —gizonak, kolonizatzaileak edo zernahi ehiztari suertek— bere aurrean duen edertasunaren aitzinean? Harrapatu egin nahi izaten du, ez ezagutzearren, bere egitearren baizik. Eta orduantxe egiten du krak zerbaitek. Zeren aurrean halako edertasun basa, edertasun burgoia izaki, argazkia egin behar baitzaio beste ezer baino lehen, hobetu ezagutu eta miretsi nahi izatez gerotan. Horra beraz, gizateriaren historiari egitea falta zaion urratsa, tarteka-marteka —askoz ere maizago seguruenik— geure baitan zerbaitek krak egin ez dezan: ehiztari izateari utzi eta argazkilari bihurtu beharra.

        Honelatsuko burutazioak zebilzkion, nonbait, Auballe jaunari ere...

 

Mikel Garmendia

 

Aluma
Guy de Maupassant

euskaratzailea: Mikel Garmendia
Infomart, 1998