Abner judua eta gizon-tximinoa
Wilhem Hauff

euskaratzailea: Feliciano PelŠez Arregi
Infomart, 1998

 

ABNER,
EZER IKUSI EZ ZUEN JUDUA

 

        Ene jauna!, ni Mogadorkoa naiz, itsaso handiaren ertzekoa, eta agian berorrek atseginez entzungo duen ondorengo istorioa Muley Ismael errege ahalguztiduna Fetz eta Marokon agintean zegoelarik gertatu zen. Abner, ezer ikusi ez zuen juduaren istorioa.

        Juduak, berorrek ondo dakienez, edonon daude eta judu dira, halaber, leku guztietan: zuhurrak, abantaila txikiena ere harrapatzeko begi zorrotzekin, maltzurrak, eta hainbat eta maltzurrago, gaitz egiten zaienean, beren maltzurkeriaren jakitun eta harro. Baina judu bat, batzuetan, bere zuhurtasunagatik kalteturik ere gertatu daiteke. Hori ondo frogatu zuen Abnerrek, bere paseoan, Marokoko atetik barneratu zen arratsalde hartan.

        Mantso-mantso zihoan, kapelu puntaduna buruan, garbiegi ere ez zegoen beroki apal bat soinean, aldizka, hauts apur bat hartzen zuen ezkutuka bere urrezko potetxotik, ahoaren inguruko bizartxoa ferekatzen zuen eta begiak harat honat zerabilzkien etengabe inguruko edozer ikuskatzeko. Beti larri, izuti, kezkati, irrikatsu, negoziorik egiteko prest; eta hala ere, haren begi mugikorretan alaitasuna ikus zitekeen. Egun hartan tratu onak egin zituen seinale, alajaina. Bera mediku zen, tratulari, dirua ekar ziezaiokeen edozer zen. Azpikeriaz esklabu ezindu bat saldu eta diru horrekin gamelu-karga bat goma erosi zuen; gero, gizon gaixo bati , sendatu ordez, akabatu zuen azken edaria eman zion.

        Paseatzen, palmondo eta datil-arbolen baso batetik atera berria zen, eta oihu batzuk entzun zituen atzetik. Erregeren ikuiluzain talde bat zen, alde guztietara begira, oso baliotsu den zerbait galdu izan balute bezala; zalditegiko nagusia buruan, horrela galdetu zion arnasestuka:

        —«Esaidak filistear, ez al duk Erregeren zaldi bat pasatzen ikusi, Erregeren zela eta guzti jantzirik?»

        Abnerrek hala erantzun zion: —«Arrapaladan munduan den azkarrena da, haren apoak, hamalau errefortzuko zilarrezko ferrez hornituak, eta ilea urrearen kolorekoa du; sinagogan, Sabbateko argia bezain distiratsua. Hamabost oin handi da eta hiru oin eta erdi luze du isatsa, haren muturreko ahouhala, aldiz, 23 kilateko urrezkoa da.»

        —«Horixe duk!» —esan zuen zalditegiko nagusiak. —«Horixe duk!» —zioten batera ikuiluzainek. —«Emirra duk!» —egin zuen oihu han zegoen begirale zahar batek— «Abdallah printzeari hamaika aldiz esan zioat uhalei ondo heltzeko Emirraren gainean doanean. Ondo ezagutzen diat nik Emirra, banekian botako zuela. Printzearen bizkarreko mina buruarekin ordaindu behar ez izatea espero diat gertatuko zela aurresateagatik. Baina esan azkar, norantz abiatu duk zaldia?»

        —«Ez dut nik, ordea, zaldirik ikusi! —erantzun zuen Abnerrek irribarretsu. —«Nola esango dut, ba, nora joan den Erregeren zaldia?»

        Erantzunagatik harrituta, ikuiluko langileek areago galdekatu nahi zuten Abner; baina, une hartantxe, beste gertakari bat suertatu zen leku berean, ezuste bitxi bat izan zen, egun hartantxe, Erreginaren altzo-txakurrak ere alde egin baitzuen. Esklabu beltz multzo bat zetorren korrika, urrutitik egiten zutela oihu:

        —«Ikusi al duzue Erreginaren altzo txakurra hemendik igarotzen?».

        —«Zakur emea da, ordea, bilatzen duzuena, ez da jaunok!» —esan zuen Abnerrek.

        —«Bai horixe!» —adierazi zuen aurrean zihoan eunukoa pozik— «Aline, non zaude?»

        —«Eper-zakur txiki bat,» —jarraitu zuen Abnerrek— «umatu berria da gainera, ile luzea eta isatsa ere iletsua du, baina aurreko eskuineko hankaz herren dabil.»

        —«Berbera da, munduan bakarra dagoen berbera!» —zioten esklabuek, denek batera.— «Aline da, Erregina nerbioak jota dago desagertu denetik, Aline non zara? Zer gertatuko zitzaigun zu gabe itzuliko bagina? Esan azkar, norantz joaten ikusi duzu?»

        —«Ez dut, ba, nik zakurrik ikusi! Jainkoak gorde dezala gure Erregina, baina altzo zakur bat zuenik ere ez nekien.»

        Haremeko eta ikuiluetako jendeak haserretu egin ziren orduan Abnerren ustezko lotsagabekeria ikusita. Lotsagabe omen da Erregeren jabetzen kontura txantxak egitea, eta ez zuten zalantzarik izan, nahiz nekez zitekeen sinesgarri, zaldia eta txakurra berak lapurtuak zirela pentsatzeko. Besteek bila jarraitzen zuten bitartean, zalditegiko nagusiak eta eunuko-lehenak juduari besotik heldu eta Erregeren aurrera eraman zuten, erdi beldurrezko erdi txantxazko irribarre batekin zihoan Abner hankak airean zituela.

        Zerbitzariak galdekatu eta gertatutakoaren jakitun, Muley Ismaelek, haserre, jauregiko epaile eta lege gizonak informatu eta epaiketan berak hartu zuen mahaiburua, gaiaren garrantzia zela eta. Hasteko, salatuak lau dozena astinaldi eta bi gehiago jaso zituen oin-zoletan. Abnerrek negar egin nahi zuen, bere errugabetasuna frogatu nahi zuen, den-dena kontatuko zuela zin egiten zuen, Bibliako pasarteak esan nahi zituen buruz, baita Talmudekoak ere. Horrela egin nahi zuen oihu: «Errege bihozkabea da, lehoi gazte baten orrua bezalakoa, berorren errukia ihintza belarretan den adinakoa da!» edo «Ez zigortu errugabea berorren begi eta belarriak itxirik daudenean!». Muley Ismaelek zigorrarekin hasteko keinua egin zuen, eta profetaren bizarraren izenean, baita bere bizarraren izenean ere, zin egin zuen, desagertutakoak berriro agertzen ez baziren, filistearrak buruarekin ordainduko zituela Erreginaren gaixotasuna eta Printzearen penak.

        Marokoko erregearen jauregian, min-aieneak artean entzun zitezkeen, berria heldu zenean; agertu ziren zakurra eta zaldia. Aline zakur txukun batzuen konpainian aurkitu zuten, harentzat, ordea, gorteko dama preziatu batentzat, ez ziren haiek lagun nahikoa dotoreak, eta Emirrek, nahikoa korrika egin ondoren, Tara erreka ondoko belar usaintsu freskua gorteko lastoa baino nahiago izan zuen; gorteko ehiztari bati, ehizaldian galduta ibili ondoren, laborariaren ogi beltzak eta gurinak jauregiko mahaiko jakiak ahaztarazi ahal zizkion bezala.

        Orduan Muley Ismaelek agerturiko jokaerari buruzko azalpen bat eskatu zion Abnerri. Honek, nahiz berandu izan, azkenean izan zuen aukera erantzuteko, eta tronuko Maiestatearen aurrean belauniko, buruarekin hirutan gurtu ondoren, honela hasi zen hizketan:

        —«Erregeen Errege, Errege ahalguztidun, Mendebaleko Jaun, Zuzentasunaren Izar, Egiaren Ispilu, Jakituriaren Oinarri! Urrea bezain argitsu, diamantea bezain distiratsu, burnia bezain gogor den hori, esklabuentzat berorren presentziaren dirdiraren aurrean ahotsa altxatzea zilegi den bezala, entzun horrela ere nire esana. Neure arbasoen Jainkoaz zin egiten dut, Moises eta profeten izenean zin egiten dut; berorren zaldi erreala eta Erregina errukitsuaren zakur maitagarria neure begiez ez ditudala ikusi. Entzun hortaz gertaeren nondik norakoak!:

        Paseatzen ari nintzen eguneko lanaren nekeak arintzeko, eta ezertan pentsatu gabe, baso txiki hartan barneratu nintzen, non ohorea izan bainuen berorren zalditegiko nagusi jauna eta berorren harem sakratuko zaindari beltz ernea topatzeko. Hango harea finean, palmondoen artean, animalia baten aztarnak ikusi nituen. Animalien oinatzak orohar ezagunak ditudanez, zakur txiki batenak zirela jakin nuen berehala. Aztarna horien artean arrasto luzexka fin batzuk ziren ikusgarri harearen gorabehera txikietan; —"Zakur emea da:" —esan nion neure buruari— "tititxoak zintzilik ditu eta, ez da aspaldi umatu zuela". —Aurreko oinatzen ondoan harea apur bat orrazturik zirudielako, belarri iletsu luzexkak zituela ezagutu nuen. Tarte luzeagoetan harea zakarkiago astindua zegoela ikusita pentsatu nuen; isats luze iletsu ederra zuela txikitxoak, eta noizbehinka harekin harearen gainean jotzea atsegin zuela. Ez zidan ihes egin halaber, aurreko oin baten aztarnak ez zirela besteak bezain sakonak harean, eta tamalez jakin behar izan nuen, neure Erregina errukitsuaren zakurtxoa, zilegi bazait esatea, apur bat herren zebilela.»

        —«Berorren zaldiaren gain, jakin beza, basoan barrena sasi artean nindoala zaldi baten arrastoa ikusi nuela lurrean. Apo txiki dotorearen aztarna ikusi orduko, arrasto garbi baina sakona zen hura, poztasunez hala esan nion neure buruari:

        —«Zaldi odol garbi bat igaro da hemendik, denetatik airosoena da berau gainera!»—. Ez dira, ba, oraindik lau hilabete neure Errege errukitsuak arraza horretako zaldi talde oso bat erosi ziela Frankoniako printzeei, Maiestate horrek negozio ona egin zuela ere badakit; Ruben, ene anaia, han izan baitzen salerosketaren unean. Eta aztarnak horren zabal eta erregular bidean aurrera ikusi nituenean, pentsatu nuen: —«Lerdena da zaldia arrapaladan eta neure Errege onaren duina da, Biblia Sainduko pasartearen gudu-zaldi harekin gogoratu nintzen: —"Sendo eta indartsu doaz aurrera oinak lurrean, eta ez du beldurrik ez, gizaki armatuen aurrean lantzen eta ezpaten dirdaiaz, talka egin eta metalaren soinua entzun eta ez doa ihesi."— Makurtu egin nintzen zerbait distiratsua ikusi bainuen lurrean, marmol harri bat zen, harriari zaldiaren ferrak zauri bat egin ziola ikusi nuen eta segituan ezagutu, ferra hamalau errefortzudun zilarrezkoa zela, metal hori, bere gogortasunagatik ondo ezaguna baita. Basoko bidea zazpi oin luze zen, palmondo batzuetako hostoen hautsa igurtzita zegoenez —"Isatsa astinduz doa zaldia," —pentsatu nuen— "eta hiru oin eta erdiko luzera du berau!"—. Beste zuhaitzetan, zeinen koroa bost oineko altueran hasten baitzen, hostoak erorita zeuden, ihesean, bota egin zituen zaldiak. —Hamabost oineko zaldia dugu hemen!— Urre koloreko ileak ere ikusgarri ziren zuhaitz haien azpian. —Behor beilegi bat da gainera!—. Ondoan, urrearen distira zuen harkaitz baten gainean urre hari fin bat zegoen markaturik, urrezko hari fin-fina zen; Holandako zazpi probintzien banderako arkulariak aterako ez zuen bezalakoa. Urrezko haria zaldiaren ahouhalekoa zen, ziurrenik ihesean harkaitza urratuko zuen aho-uhalaz. Ezaguna da berorren luxua eta arrandia, oh Erregeen Errege! Horregatik, ez nuen duda egin, berorren zaldietako apalenak ere urrezko aho uhala izango zuela. Horrelaxe jakin nuen dena, eta berorren...»

        —«Meka eta Medina bedeinkatua!» —esan zuen Muley Ismaelek.— «Horiek bai begi zorrotzak, bai horixe! Hiretzat, ehiztari nagusi, zakur talde oso bat baino hobeagoak lituzkek; eta hiretzat, polizi nagusi, hire zaindari eta laguntzaile denak baino baliagarriagoak. Horregatik, filistear, errukitsu izango gaituk hirekin; aintzat hartzen diagu hire azkartasuna, ez baitzen maltzurra. Jasotako berrogei eta hamar astinaldiek berrogeitamar urrezko zekin balio izango zaizkik eta berrogei eta hamar bakarrik ordaindu beharko dituk. Hortaz, atera hire poltsa, eta etorkizunean, utziok gorteko ondareei begiratzeari! Baina bide batez, jakin ezak estimu handitan haugula!»

        Gorteko jende guztiek miresten zuten Abnerren zolitasuna, Erregek aitortu baitzuen gazte azkarra zela, baina mirespenak ez zizkion zekinak itzultzen Abnerri, ez eta haien galtzearen mina leuntzen ere. Poltsatik zekinak ematen zituelarik, hatzen gainean haztatzen zituen banan-bana kexuka, adio gisa. Schnurik, gorteko bufoiak, zirikatu egiten zuen galdezka; haren zekin preziatuek, Erregeren zaldiak egindako harkaitzaren gaineko urrezko urraduraren aurkikuntzak merezi ote zuen. —«Hire jakituriak ospea irabazi dik gaur» —esaten zion— «Beste berrogei eta hamar zekin egingo niake apostu, ordea, nahiago izango hukeela isildu bahintz. Profetak esan zuen bezala: Eskapo egindako hitz batek ez du itzuri doan gurdirik harrapatzen, eta gurdia lau zaldi azkarrez tirata baldin badoa xarlango azkarrenak ere ez du harrapatzen, nahiz zakurra herren ez izan.»

        Hain mingarri suertatu zen gertakari honen ondoren, egun gutxi geroago, berriz atera zen Abner paseatzera, eta Atlasen inguruko muino berde batean zegoelarik, gizon armatuen bataloi bat heldu zen arrapaladan. Eta haien gidariak hala galdetu zion:

        —«Aizak lagun, ez al duk Guru, Erregeren esklabua, korrika hemendik pasatzen ikusi? Eskapo egin dik, eta hemendik igaro beharko zuan mendirako bidean.»

        —«Ezin dizut lagundu, Jeneral jauna.» —erantzun zuen Abnerrek.

        —«Hara! Ez al haiz, ba, hi zaldia eta txakurra ikusi ez zituen judu zolia? Ez hadi inguruminguru ibili nirekin, esklabuak hemendik pasatu behar izan dik eta, ez al duk airean haren izerdiaren hatsa usaintzen? antzematen al diek haren arrastoei belar luzeen artean? hitz egin, esklabua aurkitu beharra diagu eta, zerbatanarekin txolarreak botatzen onena baituk, eta hori Erregeren denborapasa maitatuena duk. Hitz egin, bestela bertan preso hartuko haugu!»

        —«Ezin dut, ordea, esan ikusi ez dudana ikusi dudanik.»

        —«Judu, azken aldiz esaten diat; nora joan da esklabua? Zaindu hire oin-zolak eta begiratu hire zekin preziatuei.»

        —«Erruki zaitez Jauna, hori ez! Hala ere izan nahi badituzue nire argibideak ; orduan zoazte harantz, han ez badago beste nonbait egongo da.»

        —«Hortaz ikusi duk esklabua?» —esan zuen soldaduak deiadarka.

        —«Bai,ofizial jauna; zeuk horrela nahi izan duzulako»

        Seinalaturiko norabidean abiatu ziren soldaduak. Abner, aldiz, etxera joan zen, pozik berekiko, zuhurren artean zuhurrena zela pentsatuz. Baina hogeitalau ordu eskas zaharrago zelarik, hara non, Erregeren zaindarien tropa bat heltzen den Abnerren etxera, baita hura lohitu ere Sabbata baitzen. Bertan preso hartu eta Erregeren aurrera eraman zuten.

        —«Hi, judu zakurra hi!» —hasi zen irainka Erregea.— «Erregeren zerbitzariak bide okerretik bidaltzera ausartu haiz esklabua itsasaldera zihoalarik, eta ia ontzi espainiar batean alde egitea lortu dik gainera. Soldaduok, atxilotu ezazue eta eman ehun astindu oin-zoletan. Ehun urrezko zekin isun! Hire oinak astinduez handitzen diren hein berean mehartuko duk hire poltsa!»

        Ene Jauna!, dakizunez, Marokon eta Fetz aberatsean justizia azkarra maite dute eta Abner gizagaixoa bere onespenik gabe zigortua eta isundua izan zen. Hain ondorio latzak ekarri zizkion talentua madarikatu egin zuen. Bere oinek eta poltsak zigor gogorrak jasaten baitzituen Erregek ezer galtzen zuen bakoitzean. Arnasestuka eta herrenka, herriaren barreen artean, marruka berekiko, jauregia uzten ari zela; Schnuri, gorteko bufoia, etorri zitzaion esanez: —«Izan pozik Abner, hi Abner eskergabea hi, ez al duk ohore nahikoa gure Errege errukitsuak —Jainkoak gorde bezajasaten duen galera bakoitzak heuri ere mina sortzea? Baina entzun; eskupeko on bat agintzen badidak Mendebaleko Jaunak zerbait galdu orduko, juduen auzoko hire etxera etorriko nauk eta hala esango diat:

        —«Ez atera etxetik Abner, badakik hik ondo zergatik, itxi itzak ondo etxeko ateak eguzkia sartzen den arte.»

        Eta hauxe duzu, Jauna, ezer ikusi ez zuen Abnerren istorioa.

 

Abner judua eta gizon-tximinoa
Wilhem Hauff

euskaratzailea: Feliciano PelŠez Arregi
Infomart, 1998