Onofre, gizon amorrazia
Theophile Gautier

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Infomart, 1999

 

ONOFRE, GIZON AMORRAZIA

 

        —Klink, klink, klink! —erantzunik ez.

        —Ez ote da etxean izango? —esan zuen neska gazteak.

        Neskak bigarrenez egin zion tira txirrineko sokatxoari; ez zen batere hotsik entzuten etxe barruan: ez zegoen inor.

        —Bai bitxia!

        Ezpaina horzkatu zuen, eta haserre-gorritasuna masailetik kopetara igaro zitzaion; eskailera jaisten hasi zen, mailaz maila, oso poliki, gogoz kontra bezala, tarteka burua jiratuz zoritxarreko atea zabaltzen ote zen ikusteko. Ezer ez.

        Kalearen bihurgunean, neskak urrutitik ikusi zuen Onofre, alde eguzkitsutik zebilela, munduko itxurarik axolagabeenan: etxesail bakoitzean geratzen zen, txakurren borrokei eta haur bihurrien jolasei begira, hormetako izkribuak irakurri eta errotuluak letraz letra aztertzen zituela, bere aurrean ordubeteko tartea duen eta, beraz, presatzeko inolako beharrik ez duen gizon baten gisan.

        Neskarengana heldu zenean, begiak zabal-zabalik jarri zizkion harridurak: ez zuen inola ere neska han aurkitzerik espero.

        —Zer! Zu al zara, dagoeneko! Zer ordu da, ba?

        —Dagoeneko?, ederra esateko modua! Eta orduari dagokionez, zerorrek jakin beharko zenuke, eta ez da nire kontua zuri jakinaraztea —erantzun zuen haserre doinuan neska gazteak, besotik heltzen ziola—; hamaika eta erdiak dira.

        —Ezin daiteke —esan zuen Onofrek—. Oraintxe bertan pasa naiz Saint Paul-en aurretik, eta hamarrak baino ez ziren; bost minutu ez dira izango, lepoa jokatuko nuke; apustu egingo nuke.

        —Ba ez jokatu ezer, eta ez egin apusturik: galdu egingo zenuke eta.

        Onofre tematu egin zen eta, eliza handik berrogeita hamar pausora besterik ez zegoenez, Jazintak, mutila konbentzitzeko, gogo onez onartu zuen haraino joatea. Onofrek garaile itxura zuen. Eliz-atariaren parera heldu zirenean, ordea:

        —Eta? —esan zuen Jazintak.

        Erlojuaren lekuan eguzkia edo ilargia jarrita ere, ez zen Onofre hainbeste harrituko. Hamaika eta erdiak ongi paseak ziren; anteojoak kendu, beirak mukizapiaz garbitu eta begiak igurtzi zituen, ikusmena argitze aldera; orratz handia bere anaia txikiarekin biltzekotan zen eguerdiko X-aren gainean.

        —Eguerdia! —marruskatu zuen hortz artean—; deabrutxoren bat jostatuko zen orratz horiei bultzaka; hamarrak ikusi dut nik, baina!

        Jazinta onbera zen; ez zuen besterik esan, eta gizonarekin batera abiatu zen haren atelierrera; Onofre margolaria baitzen, eta neskaren erretratua egiten ari baitzen garai hartan. Neska hitzartutako posean eseri zen. Onofrek mihisearen bila joan, paretaren kontra jarririk baitzegoen, eta margotzeko astoan ezarri zuen.

        Jazintaren aho ttikiaren gainean, esku ezezagun batek margotua, danbor-jole nagusi bati ongi egokituko litzaiokeen bibote bat ageri zen. Gure artistaren amorrua, bere zirriborroa hala zikindurik ikusita, ez da imajinatzen zaila; mihisea hautsiko zuen, Jazintak erregutu ez balio. Beraz, gizon-ezaugarri hura ahal moduan ezabatu zuen, txoriburukeria haren egileaz birao bat baino gehiago bota eta gero; baina berriz margotzeari ekin nahi izan zionean, pintzelak, oliotan sartuta izan zituen arren, hain zeuden zurrun eta tente, ez zuen erabiltzerik izan. Beste batzuen bila joateko agindu behar izan zuen: heltzen ziren bitartean, paletan falta zituen tono batzuk egitera jarri zen.

        Beste atsekabe bat. Ontzitxoak erabat gogortuta zeuden, barruan berunezko bolatxoak balituzte bezala; alferrik sakatzen zien, ezin kolorea handik atera; edo, bestela, eztanda egiten zuten bat-batean lehergailu txikien modura, okrea, laka edo betuna ezker-eskuin jaurtitzen zutela.

        Bakarrik egon izan balitz, uste dut, Hamar Aginduetako lehena gora-behera, behin baino gehiagotan botako zukeela Jainkoaren izena. Baina eutsi egin zion; heldu ziren pintzelak eta heldu zion lanari; ordu betean edo dena ongi joan zen.

        Odolak haragiaren azpian korritzeari ekin zion, ingeradak marraztuz zihoazen, formak itxura hartuz, argia ilunguneetatik bereiziz: mihisearen erdia bizirik zen jada.

        Begiak, batez ere, miresgarriak ziren; bekainen arkua bereziki ongi markatua zegoen, eta eztiki elkartzen zen lokietako tonu urdinkara belusatuekin; betileen ilunak miragarriro gozatzen zuen begi-zuriaren zuritasun distiratsua, begirada egokia zen, begi-eraztunak eta begininiak batere akatsik ez zuten; falta zen bakarra, margolariek ikuspuntua esaten dioten argi-diamante ttiki hori, egun-izpi hori zen.

        Hura atxabitxizko borobilean txertatzeko (Jazintak begi beltzak zituen), pintzelik finena, kuttunena hartu zuen, pitotx bati hartutako hiru ile hutsez egina.

        Paletaren ertz batean busti zuen, okre eta Sienako lurren ondoan gorantz egiten zuen zuri zilarkaran, harkaitz beltzen alboko mendi-kasko elurrez estalia bailitzen.

        Pintzelaren muturrean puntu distiratsu hura dardarka ikusirik, esatea zegoen ihintz ttantto bat zela orratz baten muturrean; begi-ninian jartzera zihoala, ukondoan jasotako kolpe bortitz batek eskua desbideratu, puntu zuria bekainetan ezarriarazi, eta bere jantziaren maukaburua masail margotu berrian marruskarazi zion. Hondamendi berri horrek eraginik, hain braustakoan jiratu zen, aulkia hamar pausotara joan zen itzulika. Ez zuen inor ikusi. Deskuidoan norbait han egon izan balitz, hil egingo zuen ziur.

        —Ulertezina benetan! —esan zuen bere golkorako, benetan asaldaturik—; Jazinta, ez nago sasoian batere; gaur ez dugu beste ezer egingo.

        Jazinta jaiki egin zen, aldegiteko prest.

        Neska gera zedin saiatu zen Onofre; besoaz inguratu zion gorputza. Jazintaren soinekoa zuria zen; Onofreren hatzek, oharkabean ez baitzituen garbitu, ostadar bat marraztu zioten soinekoan.

        —Baldarra halakoa! —esan zuen neskak—, dotore utzi nauzu gero! Zer esango du nire izebak, zu ikustera bakarrik etor nadin ez du nahi eta?

        —Soinekoa aldatu, eta ez du ezer ikusiko.

        Eta musu eman zion. Jazintak ez zuen atzera egin.

        —Zer egiteko asmoa duzu bihar? —esan zuen neskak isilune baten ondoren.

        —Nik, ezer ere ez; eta zuk?

        —Afaltzera joango naiz nire izebarekin ***-ko jaunaren etxera, ezagutzen duzu; eta arratsalde osoa han emango dut, beharbada.

        —Han izango nauzu —esan zuen Onofrek.

        —Ez etorri seiak baino beranduago; badakizu, nire izeba koldarra da, eta ***-ko jaunarenean etxera bueltan eramango gaituen zaldun presturik aurkitzen ez badugu, ilundu baino lehen aldegin nahiko du.

        —Ondo da, bostetarako han izango naiz. Bihar arte, Jazinta, bihar arte.

        Eta barandatik kanpora jalgi zen, bazihoan neska gaztearen irudi lerdenari begira. Haren soinekoaren azken izurrak arkupetik desagertu zirelarik, barrura itzuli zen.

        Aurrera baino lehen, zenbait hitz Onofreren gainean. Hogei eta hogeita bi urte bitarteko mutil gaztea zen, nahiz eta lehen begiratuan gehiago ematen zuen. Berehala antzematen zitzaion hazpegi zurbil eta nekatuetan, haurretik eta gutxi finkatutik zerbait, nerabezarotik gizontasunerako igarotzeari dagozkion zenbait forma. Hala, buruaren goi aldea agure baten kopeta bezain benazkoa eta burutsua zuen; ahoa, berriz, apenas zegoen muturretan itzal urdinkara batez hornitua, eta gazte irribarre bat galduta zebilkion ezpainetan: arrosa kolore nahikoa biziko ezpainak zituen, eta kontraste bitxia egiten zuten masailen eta gainerako fisionomiaren zurbiltasunarekin.

        Halaxe osaturik, Onofrek itxura berezia izatea beste erremediorik ez zeukan, baina berezko bereiztasun hori jazkerak eta orrazkerak areagotu egiten zioten. Ileak, kopetan bereziak emakumezkoenak bezala, simetrikoki jaisten zitzaizkion lokietatik sorbaldetaraino, batere kizkurrik gabe, moda gotikoaren arabera lisatu eta distiraziak, Giotto eta Cimabue-ren aingeruetan ikus daitekeen bezala. Kolore iluneko jantzi luze bat tolestura zurrun eta zuzenetan erortzen zitzaion gorputz malgu eta argal osoaren jiran, era zeharo danteskoan. Egia esan, ez zen sekula irteten soineko harekin; baina gogo faltaz baino areago, ausardia faltaz; esan beharrik ez baitago, Onofre erromantiko amorratua zen.

        Kalean —eta ez zen sarri irteten, burgesen jazkera doilor barregarri horrekin zikintzera beharturik ez egoteko—, haren mugimenduak trakets eta moldagaitzak ziren; haren keinuak angelutsuak, altzairuzko malgukiek sortuak bailiren; haren ibilera ziurtasunik gabea, bat-bateko ekinaldiez, sigi-sagez moztua, edo erabat tupustean etena; horrek guztiak, jende askoren begietara, zoro itxura ematen zion, edo gutxienez original itxura, eta ez dago garbi zer ote den okerrago.

        Onofrek ondotxo zekien, eta beharbada horrek eramaten zuen «mundua» deitu ohi dugun hori saihestera; bere hizketa moduari, bestalde, umore eta garraztasun punttu bat ematen zion, mendekuarekin nolabaiteko antza zeukana; hala, edozein arrazoi zela-eta bere isolamendutik irtetera behartuta zegoenean, jendartean halako baldarkeria lotsarik gabea erakusten zuen, edozein forma arauturen halako gabezia, halako erdeinu borobila, ezen zenbait minuturen buruan, hiruzpalau silabarekin, modua egiten baitzuen etsai amorratuen meta bat aurkitzeko.

        Kontua ez zen ez zela atsegina gertatzen berak hala nahi zuelako, baina ez zuen oso sarri nahi izaten, eta hori aurpegiratzen zioten adiskideei honela erantzuten zien: «Zer, ba?». Zeren bai baitzituen adiskideak; ez askorik, bizpahiru gehienera, baina haiek beste guztiek ukatzen zioten maitasun guztiarekin maite zuten, zuzengabekeriaren bat zuzentzeko dutenen modura maitatu ere.

        —Zer, ba? Niretzako duin direnak eta konprenitzen nautenak ez dira azal gogortsu horretan gelditzen: badakite maskor zakar batean ezkutatzen dela perla; hori ez dakiten zozoek atzera egiten dute, eta urrundu: non da, ba, okerra? —Egia esan, zoro batentzat, ez zegoen gaizki arrazoitua.

        Onofre, lehenago esan dugunez, margolaria zen; eta, horrez gain, poeta. Haren burmuinak ez zion horri erraz ihes egiten, eta bere asaldura sukartsuan (Jazinta ez zen beti hartan nagusi) ez zitzaizkion laguntza gutxikoak gertatzen irakurketak. Honakoak irakurtzen zituen bakarrik: elezahar miresgarriak eta zalduneria eleberri zaharrak, poesia mistikoak, kabalaren tratatuak, balada alemanak, sorgin eta demonologia liburuak; horrekin guztiarekin, inguruan zeukan mundu erreal burrunbariaren erdian, sartzea oso gutxiri emana zaien estasi eta ameskeria mundu bat eraikitzen zuen. Zehaztasunik arrunten eta positiboenetik, naturaz gaindiko alderdia bilatzeko zeukan ohitura zela eta, zerbait fantastiko eta ustekabekoa sortarazi ohi zuen. Gaixoa horma guztiak karez zuritutako eta leihoak kristal esmerilatuez estalitako gela karratu batean jarriz gero, gai izango litzateke han agerkunde bitxiren bat ikusteko, Rembrandten ilungunez josiriko eta argiantz izugarriez argituriko barnealdeko margolan batean bezain erraz; hain zituen gorputzeko eta arimako begiak hornituak marrarik zuzenenak ere okertzeko eta gauzarik singleenak ere korapilatzeko: gutxi gora-behera ispilu kurbatuek edo fazetadunek aurkezten zaizkien objektuak, itxura xelebre edo ikaragarria emanez, traditu ohi dituzten bezalaxe.

        Onofreren irudimena gero eta beroago, gero eta gaiztotuago zegoen, eta haren margo eta idazlanetan ere nabari zen: deabruaren atzaparra edo buztana beti agertzen zen txokoren batean; eta mihisearen gainean, Jazintaren buru leun eta garbiaren ondoan, haren burmuin asaldatuak sortutako munstro itxurako irudiren bat agertzen zen.

        Bi urte lehenago ezagutu zuen Jazinta, eta bere bizitzako garai hartan hain zen zoritxarrekoa, nik ez bainion beste sofrikariorik opa izango neure etsairik okerrenari; zerbait asmatu eta sinetsiko dienik aurkitzen ez duten gizon guztien egoera lazgarri berean zegoen. Jazintak hitzez hitz sinesten zituen Onofreren esanak, eginak haren baitan baitzeuden artean; eta maite zuen Kristobal Kolonek berak igarritako mundu berriaz hitz egin eta muturrera barre egin ez zion lehendabizikoa maiteko zuen bezala. Jazintak ama batek bere haurra maite duen gisan maite zuen, eta maitasun hura halako erruki sakon batez nahastua zegoen; zeren, bera izan ezik, nork maiteko zuen, bada, hark maitatua izatea merezi zuen bezala?

        Nork kontsolatuko zuen bere zoritxar alegiazkoetan, beretzat erreal ziren bakarrak, irudipenetatik baizik ez baitzen bizi? Nork lasaituko, eutsiko, indar emango? Nork leunduko zion, borrokatuz baino gehiago konpartituz, asaldura gaixo hura, erotasunetik puntu bat baino gehiago baitzeukan? Inork ez, seguru baino seguruago.

        Eta neskak, horrez gain, esan egiten zion nola izango zuen berriz ikusteko aukera, berak ematen zizkion hitzorduak, berak egin munduak kondenatzen dituen aurrerabide horietako hamaika, berak musukatu eta, Onofrek okasioa bilatzen zuela ikusita, berak eskaintzen: coquette batek ere ez zuen hainbeste egingo; baina neskak bazekien hori guztia zenbat kostatzen zitzaion Onofre gaixoari, eta nahigabe hartaz libratzen zuen.

        Hain ohitura gutxi zuen mutilak bizitza erreala bizitzeko, ez zekien nola egin bere ideiak abian jartzeko, eta munstroak sortzen zituen gauza hutsalenetik.

        Haren gogoetaldi luzeek, mundu metafisikoetan zehar eginiko bidaiek, ez zioten tarterik utzi bere buruaz arduratzeko. Haren buruak hogeita hamar urte zituen; haren gorputzak, ordea, sei hilabete; erabat utzia zeukan bere baitako piztia hezitzeko lana: Jazinta eta beste adiskideak hura gidatzen arduratu ez balira, astakeria galantak egingo zituzkeen. Hitz batez esateko, haren ordez bizi beharra zegoen, bere gorputzarentzako intendente bat behar zuen, jaun handiek beren lurretarako behar izaten duten moduan.

        Horrez gain —dardarka ausartzen naiz aitortzera, sinesgabekeriaren mende honetan nire lagun gaixoa lerdotzat hartzeko aukera ematen baitu—, Onofre beldur zen. Zeren beldur? Hamaika aukera emanik ere, ez zenukete asmatuko: deabruaren beldur, mamuen beldur, izpirituen eta beste mila tontakeriaren beldur. Gainerakoan, gizaki bati, eta baita biri ere, trufa egiten zien, zuek mamu bati bezalaxe.

        Iluntzean ez zion ezergatik ere bere buruari ispiluan begiratuko, bere irudia ez beste edozer ikusteko beldurrez; ez zuen sekula eskua ohepean sartuko txinalak edo beste edozer gauza hartzeko, beldur baitzen esku hotz eta umel batek berea hartu eta ez ote zion beregana tira egingo, eta ohearen eta hormaren arteko zulora eramango; ez zituen begiak txoko ilunetan jartzen, ikara ematen baitzion han erratz kirtenetan igotako atso ximurren buru txikiak ikusteko aukerak. Atelierrean bakarrik zegoela, erronda fantastiko oso bat, sabbat oso bat ikusten zuen bere inguruan biraka.

        Jazintak alde egin eta gero, mihisearen aurrean eseri, eta berak eguneko gertakariak deitzen zuen hartaz gogoeta egiteari ekin zion. Saint-Pauleko erlojua, biboteak, pintzel gogortuak, pintura-ontzitxoak eta, batez ere, ikuspuntua: hark guztiak antz fantastiko eta naturaz gaindikoa hartzen zuen beraren irudimenean; burua apurtu beharrean zebilen, azalpen zentzuzko baten bila; liburukote bat betetzeko lain suposizio xelebre eta sineskaitz erabiltzen zituen buruan, sekula burmuin gaixotu batean sartu diren xelebreen eta sineskaitzenak. Luze bilatzen aritu eta gero, aurkitutako onena zera zen, gauza ezin azalduzkoa zela erabat ..., non eta eragilea deabrua bera ez bazen... Ideia hura, nahiz eta bera izan barregarri irizten zion lehena, gogoan sustraituz zihoakion; eta ideia harekin ohitu ahala, ez zitzaion hain barregarria iruditzen, gero eta gutxiago, harik eta azkenean erabat konbentziturik egon zen arte.

        Zer zegoen, bada, arrazoiaren kontrakorik suposizio hartan? Autoritaterik errespetagarrienek frogatu dute deabruaren existentzia, Jaungoikoarena bezalaxe. Fede artikulua ere bada, eta Onofrek, haren gainean dudarik ez izateko, bere memoria zabalean bilatzen zituen autore profano zein sakratuek gai garrantzizko hura aztertutako lekuak.

        Deabruak gizakia zelatatzen du; Jesus bera ere ez zen haren lakioetatik libratu; ezaguna da San Antonioren tentaldia; Martin Luther ere tormentatu zuen deabruak eta, harengandik askatzeko, idazmahaia jaurti behar izan zion burura. Gelako horma batean ikusgai dago oraindik tintazko orbana.

        Burura zetozkion obsesio haren gainean ezagutzen zituen istorio guztiak, sorginei buruz irakurritako liburu guztiak, eta lehenago ilun iritzitakoa egun argia baino argiago bihurtu zitzaion: deabruak aurreratu zuen orratza, hark jarri zizkion biboteak erretratuari, hark aldatu pintzelen ileak latoizko alanbreekin, eta hark bete sutautsez pintura-ontzitxoak. Ukondoan jasotako kolpeak azalpen erabat naturala zeukan; baina zein interes izan zezakeen Satanek bera jazartzeko? Beraren arima izateko? Ez zen hori egiteko modu ohikoa. Azkenean gogoratu zen duela ez asko San Dunstan-en erretratu bat margotu zuela, eta erretratuan sainduak matxarda gorituekin heltzen ziola deabruari sudurretik; ez zuen dudarik egin: hain era umiliagarrian irudikatzeagatik egiten zizkion deabruak bihurrikeria txiki haiek.

        Eguna bere azkenera amiltzen zen, itzal bitxi luzeak islatzen ziren atelierraren zoruan. Deabruaren ideia hura buruan handituz zihoakiola, izuikara bat hasi zitzaion bizkarrezurrean gora korritzen, eta beldurrak erabat hartuko zuen bere adiskideetako batek, gelan sartuta, arreta irudikeria adardun haietatik desbideratu ez balio. Biok batera irten ziren eta, munduan bera baino pertsona hunkigarriagorik ez zegoenez, eta adiskidea oso alaia zenez, pentsamendu txoroen saldo handi batek berehala ehizatu zizkion ameskeria goibel haiek. Erabat ahaztu zuen gertatutakoa eta, berriz gogora etorriz gero, ahopeka barre egiten zuen bere baitan.

        Biharamunean lanari ekin zion berriz. Hiruzpalau ordutan amorruz egin zuen Ian. Nahiz eta Jazinta han ez egon, haren hazpegiak hain zituen sakon grabaturik gogoan, haren presentzia ez zitzaion beharrezkoa erretratua bukatzeko. la bukatuta zegoen: bizpahiru azken ukitu egitea falta zitzaion, eta sinadura jartzea. Baina hain juxtu orduan bilo txiki batek, bere anaia atomoekin izpi hori eder batean dantzan ari baitzen, fantasia ulerkaitz baten poderioz, braustakoan bere dantzaleku argitsutik aldegin, eta zabuka Onofreren mihiserantz egin zuen, eta ukitu jarri-berri baten gainean erori zen.

        Onofrek pintzela atzekoz aurrera jarri eta, heldulekuaz, ahal zuen kontu handienarekin kendu zuen. Hala ere, ez behar bezain kontuz, mihisearen zatitxo bat desestali egin baitzuen, kolore apur bat kenduta. Kolore nahasketa berria egin zuen, hondamena zuzentzeko: nahasketa ilunegia zen, eta horrek orban itxura ematen zion; harmonia berreskuratzeko, zati osoa berregin beste erremediorik ez zeukan; baina egiterakoan, zatiak bere ingerada galdu zuen, eta sudurra, ia zapala izatetik, ia zorrotza izatera igaro zen, eta horrek erabat aldatu zuen aurpegiaren izaera; hura ez zen gehiago Jazinta, baizik eta haren lagunetako bat: hain zuzen ere Jazintak begitan zeukan bat, Onofrek polita irizten ziolako.

        Itxuraldaketa bitxi horren aurrean, Onofreri deabruaren ideia itzuli zitzaion gogora; baina, arreta handiagoz begiratuta, hura ez zen bere irudimenaren jolas bat besterik; eta eguna aurrera zihoanez, altxatu eta bere neskaren bila abiatu zen ***-ko jaunaren etxera. Zaldia haizearen modura zihoan: Onofrek berehala ikusi zuen ***-ko jaunaren etxea muinoaren maldan agertzen, zurizuria indigaztainondoen artean. Errepideak itzulinguru handia egiten zuenez, hura utzi eta zeharbidexka bat hartu zuen: oso ondo ezagutzen zuen bidexka sakon hura, txikitan masustak biltzera eta erlastarrak harrapatzera etortzen baitzen.

        Gutxi gora-behera erdialdean zegoela, belarrez zamaturiko gurdi baten atzean gertatu zen: bidexkaren bihurguneek hura lehenago ikustea galarazi zioten. Bidexka hain zen estua, gurdia hain zabala, ezinezkoa zitzaion aurreratzea: zaldia trosta txikian jarri behar izan zuen, aurrerago bidea zabalago bihurtuko zen esperantzan. Uste ustela, inondik ere: horma baten antzekoa zen. Atzera egin nahi izan zuen, baina atzean belarrez zamaturiko beste gurdi bat zeukan, eta erabat preso zegoen. Une batez burutik pasa zitzaion trokaren alboak eskalatzea, baina pendiza handiegia zen, eta goian sastraka altuak zeuden; etsi beste irtenbiderik ez zuen, beraz: denbora aurrera zihoan, minutuak mendeak iruditzen zitzaizkion, beraren haserrea gorenean zegoen, zainak dardarka zeuzkan, kopeta izerdiz blaituta.

        Ondoko herrian, erloju ahots karraskaridun batek seiak jo zituen; hark bukatu bezain laster, gaztelukoak ere beraren inguruan jo zuen, beste doinu batez; gero beste batek, eta beste batek oraindik ere; inguruko erloju guztiek, hurrenez hurren lehenik, guztiek aldi berean gero. Kanpaien tutti bat zen, doinu xirula-antzekoak, oihulariak, kexatiak, burua apurtzeko moduko algara. Ideiak nahastu egin zitzaizkion, eta bertigoak hartu zuen. Kanpai-dorreak bide sakonerantz makurtzen ziren Onofre igaroan ikusteko, hatzez seinalatzen zuten, trufa egiten zioten eta, adarra jotzeko, orratzak parez pare zituzten erlojuak erakusten zizkioten. Kanpai-dorreek mingaina atera eta imintzioak egiten zizkioten, beti ere sei koipe madarikatuak jotzen zituztela. Luze iraun zuen horrek, egun hartan zazpiak arte aritu ziren seiak jotzen.

        Azkenean gurdiak, lautadara helduta, bidea libre utzi zuen. Onofrek ezproiak sakatu zituen zaldiaren sabelpean: eguna amaitzear zen, bazirudien zaldiak ulertu egiten zuela zein garrantzizkoa zitzaion heltzea. Haren apoek ez zuten lurra apenas ukitzen, eta tarteka topo egindako harri koxkorren batetik sortzen ziren txinpartengatik izan ez balitz, bazirudien hegan zihoala. Laster bits zuri batek inguratu zuen, zilarrezko estalki baten gisan, zaldiaren ebanozko bularra: zazpiak ongi paseak ziren Onofre heldu zenean. Jazinta alde egina zen. ***-ko jaunak adeitasun handiz hartu zuen, literaturaz hizketan hasi zitzaion, eta azkenean dama partida bat proposatu zion.

        Onofrek onartu beste erremediorik ez zuen izan, nahiz eta era guztietako jokoek, eta bereziki horrek, izugarri aspertzen zuten. Dama-jokoaren taula ekarri zieten. ***-ko jaunak beltzak hartu zituen, Onofrek zuriak: partida hasi egin zen, eta jokalari bien indarrak nahikoa parekatuta zeuden; tarte luzea pasa zen balantzak alde batera edo bestera egin baino lehen.

        Bat-batean, balantza aitonseme zaharraren alde jarri zen; haren damek abiada sinestezinez egiten zuten aurrera eta Onofrek, ahalegin guztiak eginik ere, ezin zion aurreratze hari batere oztoporik jarri. Deabruaren ideiarekin kezkatuta zegoenez, hura ez zitzaion naturala iruditu; arreta areagotu zuen, beraz, eta azkenean antzeman egin zuen, berak piezak mugitzeko erabiltzen zuen hatzaren alboan, beste hatz bat, mehar eta gogorrunez betea, hasieran berearen itzaltzat jo zuena: hatz hark piezak ildo zuriaren gainean jartzen zizkion eta aurkakoarenak, berriz, ildo beltzetik zebiltzan segizioan bezala. Zurbil jarri zen, buruko ileak laztu egin zitzaizkion. Hala ere, piezak beren lekuan jarri, eta jokoari ekin zion berriz. Itzala besterik ez zela konbentzitu nahi izan zuen bere burua eta, horretarako, kandela lekuz aldatu zuen: itzalak beste aldera aldatu ziren, eta kontrako aldera islatzen ziren; baina beste hatzak bere lekuan tinko jarraitu zuen, Onofreren damak mugitzen, eta bitarteko guztiak erabiltzen hari partida galarazteko.

        Ez zegoen dudarik, bestalde: hatzean errubi handi bat ageri zen. Onofrek, ordea, ez zeraman eraztunik.

        —Alajaina! Hau gehiegi da! —oihu egin zuen, mahai gainean sekulako ukabilkada jo eta altxatzen zela—. Agure maltzurra halakoa! Agure zitala!

        ***-ko jauna, txikitatik ezagutzen baitzuen eta atrakala galdu izanari egokitzen baitzion, barre algaraka hasi zen, eta Onofreri kontsolamendu ironikoak eskaintzen. Onofreren arima haserreak eta izuak borrokatzen zuten: kapelua hartu eta alde egin zuen.

        Gaua hain zen iluna, zaldia trosta txikian jarri behar izan zuen. Apenas izarrik agertzen zen han-hemenka, hodei-mantelinatik sudurra aterata; bideko zuhaitzek mamu izugarrien itxura zuten, besoak zabalik; tarteka, argi-txakur batek bidea zeharkatzen zuen, haizea era berezian ari zen barrezka adarren artean. Orduak aurrera zihoazen, eta Onofre ez zen iristen; hala ere, zaldiaren apoak galtzadarrien kontra entzuten ziren, galduta ez zebilen seinale.

        Haize bolada batek behelainoa urratu, eta ilargia agertu zen berriz: baina, borobila izan beharrean, obalo antzekoa zen. Onofre, arreta gehiagoz begiratuta, ohartu egin zen ilargiak Iotarako kapelu bat zeramala, tafeta beltzez egina, eta masailetan irina jarrita zeukala; haren hazpegiak argiago marraztu zirenean, dudarik gabe ezagutu zuen bere lagunmin Jean-Gaspard Deburau-ren aurpegi zurbil luzanga: Théâtre des Funambules-eko mimo ospetsuak malezia eta xalotasun aurpegikera nahasiz begiratzen zion.

        Zeruak ere bere begi urdin urrezko betiledunak kliskatzen zituen, adimenduna balitz bezala; eta, izarren argitara objektuak ikus zitezkeenez, itxura xelebreko lau pertsonaia erdikusi zituen, erdia gorriz erdia beltzez jantzita: gauza zurikara bat zeramaten lau muturretatik, alfonbra bat lekuz aldatzean egiten den legez; bizkor igaro ziren Onofreren ondotik, eta zaldiaren oinetara bota zuten esku artean zeramatena. Izututa zegoen arren, Onofrek ikusi egin ahal izan zuen hura jada ibilia zuen bidea zela, eta deabruak berriz jartzen ziola aurrean, eskupekoa emanez bezala. Ezproinak sakatu zituen; zaldiak ostikoa jo, eta uko egin zion aurrera egiteari, trosta txikian ez bazen; lau deabruek beren zaldikomaldikoarekin jarraitu zuten.

        Haietako batek —ohartu zen Onofre— errubi bat zeraman hatzean, dama-jokoan hainbesteko izua eman zion hatz harenaren antzekoa: ez zegoen dudarik pertsonaiaren nortasunaren gainean. Hain zen handia Onofreren beldurra, ez zuen gehiago entzuten, ez ikusten ez ulertzen: hortzak karraska zituen, barre asaldatu batek ahoa okertzen zion. Halako batean, otoitz egiten eta aitaren egiten saiatu zen, baina ezin izan zuen amaitu. Gaua halaxe zihoakion.

        Azkenik, marra urdinkara bat marraztu zen zeruaren ertzean: zaldiak zaratatsu arnasten zuen goizeko aire baltsamikoa, ondoko basetxeko oilarrak entzutera eman zuen bere ahots txorrotx eta hautsia, mamuak desagertu egin ziren, zaldia berez jarri zen lauhazka eta, egunargitzean puntuan, Onofre bere atelierraren atean zegoen.

        Nekearen nekez, besaulki luze batean etzan eta berehala lokartu zen: lo asaldatua egin zuen, hala ere; amesgaiztoak belaunak sabelean jarrarazi zizkion. Loturarik gabeko eta munstroz beteriko amets piloa egin zuen, eta horrek haren gogo berez nahasia are asaldatuago utzi zuen. Hona Onofre kolpatu zuten haietako bat, hark gero behin baino gehiagotan kontatu zidana.

        «Gela batean nengoen: gela hura ez zen nirea, ezta nire ezein adiskiderena; ni sekula egon gabeko gela zen, eta hala ere oso ondo ezagutzen nuen. Errezelak jaitsita zeuden, gortinak itxita; mesanotxearen gainean lanpara txiki batek bere argi hilurrena egozten zuen. Mundu guztia hanka puntetan zebilen, hatza ezpainen aurrean; su baxuaren gainean, erredoma eta kikara piloa zegoen. Ni ohean nintzen, gaixorik banengo bezala, eta hala ere sekula baino hobeto sentitzen nintzen. Etxebizitzatik igarotzen ziren pertsonek triste eta lanpetu itxura ezohikoa zuten.

        »Jazinta oheburuan neukan, eta haren esku txikia nire kopetaren gainean: niregana makurtzen zen, arnasa ondo hartzen ote nuen entzuteko. Tarteka malko bat erortzen zen haren betileetatik nire masailetara, eta neskak leun lehortzen zuen musu batez.

        »Haren malkoek bihotza zulatzen zidaten, eta kontsolatu egin nahi nuen; baina ezinezkoa zitzaidan mugimendurik txikiena ere egitea, edo silabarik bat ere ahoskatzea: mingaina aho-sabaian iltzaturik neukan, gorputza harrizkoa banu bezala.

        »Beltzez jantzitako gizon bat sartu zen eta pultsua hartu zidan; burua ezker-eskuin mugitu, etsipen keinu batez, eta ahots goran esan zuen: "Honenak egin du". Orduan Jazinta negarrez hasi zen, eskuak bihurritzen, eta minik bortitzena erakusten: gelan zeuden guztiek beste horrenbeste egin zuten. Negar eta hasperen kontzertua izan zen, harri bat bera ere samurtzeko modukoa.

        »Nik plazer ezkutu bat sentitzen nuen, nigatik hala penatzen zirela ikusirik. Ispilu bat jarri zidaten ahoaren aurrean; ahalegin izugarria egin nuen neure arnasaz lurrintzeko, hilik ez nengoela erakusteko: ezin izan nuen lortu. Proba horren ondoren oihala bota zidaten buru gainetik; desesperaturik nengoen, ongi ikusten bainuen beste munduan nengoela uste zutela, eta bizirik lurperatuko nindutela. Mundu guztia irten zen: apaiz bat baino ez zen geratu, otoitzak murmurikatzen; azkenean lokartu egin zen.

        »Hileta-zerbitzukoa etorri zitzaidan, zerraldo eta hil-oihalaren neurriak hartzera; artean saiatu nintzen mugitzen eta hitz egiten, baina alferrik izan zen, botere garaitezin batek kateaturik nindukan: derrigor, etsi egin behar izan nuen. Hala geratu nintzen tarte luzean, gogoeta mingarriek hartuta. Hileta-zerbitzukoa nire azken jantziekin itzuli zen, gizaki guztien azkenekoekin: zerraldoa eta hil-ohiala; ni haietan etzatea besterik ez zen falta.

        »Oihalean bildu ninduen, eta arretarik gabe jostera jarri zen, bukatzeko presa balu bezala: orratzaren muturra azalean sartuta, hamaika ziztada egiten zizkidan; egoera jasanezina zitzaidan. Bukatu zuenean, haren laguntzaile batek oinetatik heldu zidan, berak burutik, eta kutxa barruan jarri ninduten; apur bat laburra zen niretzat eta, beraz, kolpe handiak eman behar izan zizkidaten belaunetan, tapakia bere lekuan sartuko bazuten.

        »Sartu zen azkenean, eta lehen iltzea jarri zuten. Hots izugarria egiten zuen. Mailuak botea egiten zuen oholen gainean, eta nik bigarren kolpea ere sentitzen nuen. Lan hark iraun zuen bitartean, nik itxaropen apur bat gorde nuen; baina azken iltzearekin batera, behera etorri nintzen: bihotza estutu zitzaidan, ongi ulertu bainuen ez zela jada ezer komunik munduaren eta nire artean: azken iltze horrek ezerezera lotzen ninduen betiko. Orduantxe ohartu nintzen benetan nire egoeraren izugarriaz.

        »Baninderamaten; gurpilen biraketa isilak hileta-gurdian nengoela ohartarazi zidan; zeren, nahiz eta ezin nuen nire existentzia inola ere jakinarazi, sentimen guztiak gordetzen bainituen. Gurdia geratu egin zen, hilkutxa atera zuten. Elizan nengoen, apaizen kantu sudurkaria entzuten nuen, eta zerraldoaren pitzaduretatik kandelen argi horia antzematen nuen. Meza bukatutakoan, hilerrira bidean jarri ginen; hilobira jaitsi nindutenean, indar guztiak bildu, eta uste dut oihu bat egitea lortu nuela; baina zerraldo gainera erortzen ari zen lurraren zaratak erabat estali zuen: iluntasun trinko eta ukigarrian nengoen, gauarena baino are iluntasun beltzagoan. Gainerakoan, ez nuen sofritzen, fisikoki behintzat; gogoaren sofrimenduak, ordea, liburu oso bat beharko nuke haiek aztertzeko. Lehenbizi, gosez hilko nintzelako edo harrek, nik ezin eragotzita, jan egingo nindutelako ideia etorri zitzaidan; gero bezperan gertatutakoaz gogoratu nintzen, Jazintaz, Erakustokian hainbesteko arrakasta izango zuen nire margolanaz, antzeztekotan zen nire dramaz, lagunekin hitzemanda nuen partidaz, jostunak egun horretan bertan eraman behar zidan jantzi berriaz; zer dakit nik, ba? batere kezkarik sortu behar ez zidaten hamaika gauzaz; gero, gogoa Jazintarengana itzulita, hark jokatutako moduaz egin nuen gogoeta; haren keinu bakoitza, haren hitz bakoitza aztertu nuen nire memorian; gogoratu uste nuen haren negar malkoetan bazegoela zerbait itxurazko eta gehiegizko, eta ni, inozo halakoa, haren engainuan eroria nintzela: horrek erabat ahaztuta nituen hainbat gauza gogorazi zizkidan; hainbat xehetasun, orduko hartan batere arretarik jarri ez, baina gero, argi berri batekin begiratuta, garrantzi handikotzat jotzen nituenak; benetakoak zirela hitz emango nukeen frogantzak, susmagarriak iruditzen zitzaizkidan; gogora etorri zitzaidan gizon gazte batek, erdia gorbata erdia ezproinak zen handiputz batek, aspaldian, korteiatu egin zuela. Iluntze batean, elkarrekin gozatzen ari ginela, Jazintak, nire izenaren ordez, gazte horren izenaz deitu zidan: kezkatzeko arrazoi sendoa, bistan da; bestalde, banekien neska behin baino gehiagotan hitz egina zela haren alde jendaurrean, gustuko zuen norbaiten gisan hitz egin ere.

        »Ideia hark harrapatu egin ninduen, burua borborka jarri zitzaidan; hurbilpenak egin nituen, suposizioak, interpretazioak: pentsatzekoa denez, haiek guztiak ez ziren hain zuzen ere Jazintaren aldekoak. Sentimendu ezezagun bat labaindu zitzaidan bihotzean, eta sofritzea zer ote zen jakinarazi zidan; izugarri jeloskor jarri nintzen, eta ez nuen dudarik egiten Jazinta izan zela, bere maitalearekin hitzartuta, bizirik lurperarazi ninduena, nitaz libratzeko. Pentsatzen nuen beharbada une horretan bertan barre batean ariko zirela beren iruzurarren arrakasta zela eta, eta Jazintak ahoa bestearen musuei eskainiko ziela, nire ezpainez beste inorenek ukitu ez zituztela hainbeste alditan zin egin zidan aho hura bera.

        »Ideia harekin halako amorruak hartu ninduen, mugitzeko gaitasuna berreskuratu nuen; halako ikaraldia egin nuen, hil-oihaleko jostura guztiak hautsi nituen koipetik. Hanka-besoak libre nituela, koipe handiak eman nizkion belaun eta ukondoekin zerraldoaren tapakiari, hura ireki eta nire maite desleiala bere maitale zital doilorraren besoetan hiltzeko asmotan. Zein egoera barregarria, ni, lurperaturik, inor hiltzeko asmotan! Oholen gaineko lurraren pisuak hutsalak egiten zituen nire ahalegin guztiak. Nekearen nekeaz leherturik, lehengo trakestasunera itzuli nintzen, artikulazioak hezurtuta nituen: hilotz nintzen berriz ere. Nire gogoaren asaldura apaldu egin zen, zuzenago epaitzen nituen gauzak: emakume hark niregatik egindako guztiak, haren atxikimenduak, sekula hutsik egin ez zidan haren ardurak, berehala desagertarazi zituzten nire susmo barregarri haiek guztiak.

        »Gogoetagai guztiak agorturik, eta denbora zertan eman ez nekiela, bertsoak egiteari ekin nion; nire egoera triste hartan, ezin alaiak izan; haien aldean, poeta erromantiko gauezkoen eta heriozaleenen poemak bufoikeriak baino ez ziren. Bertsoetan, lurpean zen baina lurreko grina guztiak gordetzen zituen gizon baten sentsazioak deskribatzen nituen; Heriotzaren barreneko bizitza jarri nion izenburu. Izenburu ederra, halafede!; etsigarria zera egiten zitzaidan, inori ezin errezitatzea.

        »Azken ahapaldia bukatu berria nuela, norbait aitzurketan somatu nuen nire buru gainean. Itxaropen izpi batek argitu zuen nire gaua. Aitzur-kolpeak bizkor hurreratzen zitzaizkidan. Nire pozak ez zuen askorik iraun: aitzurkadak gelditu egin ziren. Ez, ez dago giza hitzetan jartzerik nik une hartan sentitu nuen larritasun gogaikarria: heriotza benetakoa ez da deus, harekin alderatuta. Azkenik, zarata entzun nuen berriz ere: ehorzleek, atseden hartu eta gero, berriz ekin zioten lanari. Zeruan nengoen; hurbil ikusten nuen nire liberazioa. Zerraldoaren tapakia hautsi egin zen. Gaueko aire hotza sentitu nuen. On handia egin zidan, itolarrian hasita nengoen eta. Hala ere, mugitu ezinik jarraitzen nuen; bizirik banengoen ere, hildako baten itxura guztia neukan. Bi gizonek heldu zidaten: hil-oihalaren josturak hautsita ikusirik, txantxa gordinak egin zituzten, barre algara artean; lepoan hartu, eta eraman egin ninduten. Ibili ahala, kopla lizunak kantatzen zituzten ahopeka. Hamlet-eko ehorzleen eszena etorri zitzaidan gogora, eta neure artean esan nuen gizon handia zela Shakespeare hura.

        »Kalexka apartatu askotatik ibiliarazi zidaten, eta gero etxe batera sartu: berehala ezagutu nuen etxe hura, nire medikuarena zen eta; hark agindu zuen lurretik atera nintzaten, zerk eraginda hil ote nintzen jakiteko asmoz. Marmorezko mahai baten gainean jarri ninduten. Doktorea tresna sorta batekin sartu zen; komoda baten gainean zabaldu zituen, poliki. Altzairuzko eskalpelo, bisturi, lantzeta eta zerra leun distiratsu haiek ikusirik, izu ikaragarria sentitu nuen, garbi ulertu bainuen ni disekzionatzeko asmoa zutela; nire arimak, ordura arte gorputzari atxikia, ez zuen dudarik egin ihes egiteko: eskalpeloaren lehen kolperako, arima erabat aldeginda zegoen nire erraietatik. Nahiago zuen fisikoki adierazteko baliabide guztiak galdutako adimen baten nahigabe guztiak jasatea, ezen ez nire gorputzarekin batera tortura lazgarri haiek guztiak partitzea. Bestalde, ez zeukan batere itxaropenik gorputza gordetzeko, zatika moztu behar baitzuten, eta —zatiketa horrek berak besterik gabe hil ez balu ere— ez baitzuen haren ondoren deus askotarako balio izango. Bere bilduki maitearen despiezean present egon nahi ez, eta nire arima presatu egin zen handik irteteko.

        »Gela ilara luzea bizkor zeharkatu, eta eskaileran agertu zen. Ohituraz, mailak banan bana jaitsi nituen; baina neure buruari eusteko beharra nuen, arintasun miresgarria sentitzen nuelako. Zail egiten zitzaidan zorura atxikitzea, indar garaitezin batek gorantz erakartzen ninduen-eta, gasez puztutako puxika bati lotuta banengo bezala: lurrak ihes egiten zien nire oinei, behatzez ukitzen nuen juxtu-juxtuan; behatzak diot, ze, nahiz eta izpiritu hutsa baizik ez izan, jada ez neuzkan gorputz atalen sentsazioa gordetzen bainuen, gutxi gora-behera atalen bat ebakita duena beso edo hanka moztuaren minez egoten den bezala. Jokaera normalari eusteko ahalegin horiek nekatuta, batetik, eta, bestetik, gogoeta eginik nire arima inmaterialak, leku batetik bestera mugitzeko, ez lituzkeela nire gorputz zarpailaren bitarteko berak erabili beharko, goranzko joera horri men egin nion, eta zorua uzteari ekin, gehiegi igo gabe hala ere, bitarteko arlo batean geratuta. Berehala animatu nintzen, ordea, eta hegan egiten nuen, orain goian, orain behean, bizitza osoan besterik egin ez banu bezala. Egunargitzen hasia zen: gora eta gora egiten nuen, jaiki eta garbiketan ari ziren jostunen txapituletako kristalei begira, etxebizitzetan esaten zutena entzuteko tximiniak hodi akustiko gisa erabiltzen. Esan beharra daukat ez nuela ezer bereziki ederrik ikusi, eta ez nuela ezer bereziki gordinik antzeman. Ibiltzeko modu harekin ohituta, beldurrik gabe planeatu nuen aire librean, behelainoaren gainetik, eta goitik erreparatu nion teilatu hedadura zabal hari: ekaitz une batean izozturiko itsaso baten antza zeukan; hodi, gezi, kupula, hormapiko ugarik jositako anabasa hura, lainoz eta kez bainaturik, hain zen ederra, hain harrigarria, ez nuen damurik neure gorputza galdu izana. Louvre-a zuri-beltz ageri zitzaidan, ibaia haren oinetara, lorategi berdeak beste muturrean. Jendea harantz zihoan; erakusketa bat bide zegoen: sartu egin nintzen. Hormak dirdaitsu zeuden margolan berriekin, eta haien marko doratu oparo zizelkatuekin. Burgesak joan-etorrian zebiltzan, elkarrekin ukondoka, elkarri oinak zapalduz, begi harrituak zabalduz, elkarri kontsultak eginez, oraindik iritzirik ez duen eta, beraz, zer pentsatu eta zer esan behar duen ez dakien jendearen gisan. Gela Handian, gure maisu handi gazteen margolanen ondoan, hots, Delacroix, Ingres, Decamps, neure koadroa antzeman nuen: jendea bultzaka ari zen haren inguruan, mirespen orro bat zen hura; atzealdean egonik ezer ikusten ez zutenek bi aldiz ozenago oihukatzen zuten: "Bikaina!, bikaina!". Niri neuri ere lehen baino askoz hobea iruditu zitzaidan, eta neure buruarenganako errespetu sakon batek hartu ninduen. Alabaina, mira-adierazpen haietan izen bat ageri zen, eta ez zen nirea; berehala ohartu nintzen haren guztiaren ostean iruzurren bat zegoela. Arretaz aztertu nuen mihisea: izkina batean, izen bat letra ttiki gorrietan zegoen idatzia. Nire adiskide baten izena zen: ni hilik, batere lotsarik gabe nire lana bereganatu zuen. Oi!, orduan bai, faltan sentitu nuen neure gorputz gaixoa! Ezin nuen hitz egin, ezin idatzi; ez nuen modurik neure loria aldarrikatzeko, eta faltsutzaile zikin hura salatzeko. Bihotza nahigabeturik, triste aldegin nuen, neuri zor zitzaidan garaipen hura ez ikusteko. Jazinta ikusi nahi nuen. Haren etxera joan, eta ez nuen aurkitu; alferrik bilatu nuen ustez egon zitekeen beste hainbat etxetan. Bakarrik egoteaz aspertuta, nahiz eta berandu samar izan, ikuskizunen batera joateko gogoak eman zidan; Porte-Saint-Martin-era sartu nintzen, eta pentsatu nuen nire egoera berriak horixe zuela atsegina, edonora ordaindu gabe sar nintekeela. Antzezlana bukatzen ari zen; katastrofea zen, hots, tragediaren azken gertakaria. Dorval, begiak odoltsu, malkoetan itoak, ezpainak more, lokiak zurbil, ileak nahasian, erdi biluzik, iraulka ari zen eszenatokiaren aurrealdean, aurreargietatik hurbil. Bocage, zorigaiztoko eta isil, zutik zegoen eszenatokiaren hondoan: mukizapi guztiak lanean ari ziren; negar-zotinek gerruntzeak hausten zituzten; txalo zaparrada batek eteten zuen aktoresaren estertore bakoitza. Oihala jaitsi egin zen: une batez antzokia behera etorriko zela uste izan nuen: haiek esku zartadak, haiek ostiko jotzeak, haiek uluak!; hori bai, antzezlan hura nirea zen. Zuek epaitu: sabaia jotzeraino nintzen handia. Oihala altxatu, eta egilearen izena entzunarazi zitzaion jendeari.

        »Ez zen nire izena, margolana ere lapurtua zidan adiskidearena baizik. Txaloak biderkatu egin ziren. Eskenatokira etorrarazi nahi zioten egileari: munstro hura palko ilun batean zegoen, Jazintarekin. Haren izena aldarrikatu zutenean, neskak lepora jauzi egin, eta ahoan sakatu zion sekula emakume batek gizon bati eman dion musurik amorratuena. Zenbait pertsonak ikusi egin zuten, baina neska ez zen gorritu ere egin: hain zegoen asaldaturik, hain zoratuta eta bestearen arrakastaz hain harro, non, uste dut, bere gorputza eskainiko baitzion han bertan eta mundu guztiaren aurrean. Zenbait ahotsek oihu egin zuten: "Hortxe dago! Hortxe!". Birigarroak umil itxura jarri, eta agur serioa egin zuen. Argi-armiarmak, itzaltzen ari baitzen, amaiera jarri zion eszena hari. Ez naiz saiatuko nire baitan gertatzen ari zena deskribatzen; jelosiak, mesprezua, haserrea borrokan ari ziren bata bestearekin ene ariman; ekaitz betea zen, are amorratuagoa ez baineukan modurik hura kanporatzeko: jendea kanpora itzuri zen, eta ni ere antzokitik irten nintzen; tarte batean kaletik ibili nintzen, noraezean. Paseoak ez ninduen gehiegi libertitu. Ipar-haize gorria zebilen: ene arima gaixoa, nire gorputza zena bezain hozpera, dardarka ari zen, hotzak hilurren. Leiho ireki bat aurkitu, eta sartu egin nintzen, biharamunera arte han ostatu hartzea erabakita. Leihoa nire atzean itxi zen: pertsonaia bat somatu nuen, bitxietan bitxia, besaulki handi batean eserita. Gizon kankailu argal bat zen, mehea, intzigarrez hautseztua, aurpegia sagar zahar baten antzera zimurtua, anteojo itzel batzuk sudurtzarraren gainean, ia kokotsa ukitzeraino handiak. Tolestura eta basurde-zurden antzeko ile zurrun pila baten artean ezkutatua, ezker-eskuineko labankada ttiki batek —beste izen baten faltan eta nolabait deitzearren esan dezagun— ahoarena egiten zuen. Jantzi beltz zahar bat, bilberaino higatua, jostura guztietan zuritua; ohial aldakorreko jaka bat, fraka motz batzuk, galtzerdi marrazkidunak eta belarridun sandaliak: horra haren janzkera. Ni heltzean, pertsonaia duin hori jaiki egin zen, eta oso era berezian egindako bi brotxa atera zituen armairu batetik: ezin izan nuen zertarako balio ote zuten igarri; esku banatan hartu, eta, arintasun harrigarri batez, gela zeharkatzeari ekin zion, norbaiten atzetik balebil bezala eta brotxak zurden aldetik bata bestearekin jotzen zituela; orduan ulertu nuen Berbiguier de Terre-Neuve-du Thym jaun ospetsua zela, eta iratxoak ehizatzen ari zela; oso arduratuta nengoen zer gertatuko ote zen, bazirudien morroi xelebre hark ikustezina ikusteko gaitasuna zuela: zehatz-mehatz jarraitzen zidan, eta munduko ahalegin guztiak egin behar nituen hari ihes egiteko. Azkenean, txoko batean harrapatu ninduen, brotxa zoritxarreko haiek altxatu, eta milioika gezik zulatu zidaten arima: zurda bakoitzak zulo bana egiten zuen, mina jasanezina zitzaidan; ez mingainik ez bularrik ez nuela ahaztuta, ahalegin izugarriak egin nituen oihu egiteko, eta...»

        Onofre bere ametsaren aldi horretan zegoen ni atelierrean sartu nintzenean: izan ere, oihu batean ari zen; astindu bat eman nion, eta berak begiak igurtzi eta lelo itxuraz begiratu zidan; ezagutu ninduen azkenean, eta hura guztia esna ala lo bizi izandakoa ote zen jakin gabe, kontatu egin zizkidan irakurri berri dituzuen estuasun horiek; eta ez ziren hark, errealitatean ala ez, jasan beharreko azkenak, ez horixe! Zoritxarreko gau haren ostean, aluzinazio egoera ia etengabean geratu zen, bere ameskeriak eta egiazkoa bereizterik ez zeukala. Lotan ari zela, Jazintak norbait bidalia zuen erretratuaren bila; bera joan nahi izan zuen, baina soineko zikinduak izebaren aurrean salatu zuen, ezin izan baitzion haren zaintzari iruzur egin.

        Onofre, ezin atsekabetuago ezusteko hura zela eta, besaulki batera jauzi egin zuen eta, ukondoak mahai gainean jarririk, hausnartzeari ekin zion; haren begirada zabuka ari zen beraren aurrean, ezer berezitan finkatu gabe: halabeharrez, begiak gelaren hondoko ispilu handi batera joan zitzaizkion; ispiluan ez zen argi izpirik islatzen, ez zen objekturik bat bera ere ispilatzen ingurua ongi bereizteko bezain zehazki: horrek espazio huts bat sortzen zuen horman, ezerezean irekitako leiho bat, eta handik izpiritua alegiazko munduetan murgil zitekeen. Onofreren begiek prisma sakon eta ilun hura zulatu zuten, handik mamuren bat agertarazteko moduan. Makurtu egin zen, bere isla bikoitza ikusi, eta ilusio optiko bat zela pentsatu zuen; baina arreta handiagoz begiraturik, ohartu zen bigarren islak ez zuela batere antzik berarekin; pentsatu zuen norbait atelierrean sartua zela, berak entzun gabe: atzera begiratu zuen. Inor ez. Itzalak, ordea, ispiluan jarraitzen zuen: gizon zurbil bat zen, eta hatzean errubi gorri handi bat zeraman, bezperako mamukerietan esku hartua zen errubi misteriotsu haren oso antzekoa. Onofre ondoezik sentitzen hasi zen. Bat-batean, isla ispilutik irten zen, gelara jaitsi eta Onofrerengana jo zuen zuzen; eseriarazi egin zion, eta, hark aurka egin arren, islak buruko gainaldea moztu zion. Ebakuntza bukatu zuenean, pusketa poltsikoan gorde, eta etorritako bidetik aldegin zuen. Onofrek, ispiluaren sakonean begien bistatik erabat galdu baino lehen, haren errubia ikusteko parada izan zuen. Bestela, trepanazio moduko hark ez zion minik egin. Hori baai, minutu batzuen ostean, burrunba arraro bat entzun zuen buruko goialdean; begiak altxa, eta bere ideiak zirela ikusi zuen; burezurreko tapakiak jada eusten ez zienez, ihes egiten zuten anabasan, txoriek kaiola irekitakoan bezala. Amets egindako emakume ideal bakoitza bere janzkera, bere hizkera eta bere jarrerarekin irten zen (Onofreren alde esan beharko genuke Jazintaren ahizpa bikiak ziruditela), baita idazteko asmoa zeukan eleberrietako emakume heroiak ere; andere horietako bakoitzak bere maitale segizioa zeukan, zein ertaroko kota blasoidunarekin, zein hemezortzigarren mendeko jantzi eta kapeluarekin. Onofrek sortutako izaki izugarri, barregarri, higuingarri guztiak; egiteko zituen margolanen zirriborroak, garai eta leku guztietakoak; xaboizko burbuilen formari buruz zituen ideia metafisikoak; irakurketetako oroitzapenak: hura guztia ordu betez edo joan zen irteten, eta atelierra erabat bete zen. Jaun-andere haiek pasieran zebiltzan batera eta bestera, elkarri inolako trabarik egin gabe, hizketan, barrezka, zarataka, beren etxean baleude bezala.

        Onofre, harri eta zur, non sartu ez zekiela, ez zuen ezer hoberik asmatu lekua haiei uztea baino; ataritik igarotzean, atezainak bi gutun eman zizkion; emakumeen bi gutun, urdinak, finak, idazkera ttiki, orria luze, zigilu arrosa koloredunak.

        Lehena Jazintarena zen, eta honela zioen:

        «Jaun hori: plazer bazaizu, har ezazu ***-ko andereñoa emaztegai; niri dagokidanez, ez dut gehiago izan nahi, eta damu handia dut hala izana. Mesede handia egingo didazu ni berriz ikusten saiatzen ez bazara.»

        Onofre txundituta zegoen; ohartu zen erretratuko antz madarikatua zela haren guztiaren eragilea; baina ez zen errudun sentitzen, eta espero izan zuen denboraren poderioz dena bere alde argituko zela. Bigarren gutuna iluntzerako gonbidapen bat zen.

        —Ondo da —esan zuen—, joango naiz, entretenigarri gertatuko zait, eta lurrin goibel hauek aienatuko dizkit.

        Ordua heldu zen; janzteari ekin, eta luze jo zion; artista guztiak bezala (beldurtzeraino zikinak ez direnean), Onofre bereziki bihurria zen jazkerari dagokionean; ez zebilen modaren orpotik, baina gure jantzi negargarriei halako ukitu pintoreskoa bilatzen zizkien, halako joera ez hain prosaikoa. Jantzi, atelierrean zeukan Van Dyck eder bati begira janzten zen, eta haren antza lortzen zuen benetan, harekin nahasteraino. Koadrotik jaitsitako erretratua ematen zuen, edo margolanaren islapena ispilu batean.

        Jende asko zegoen; etxeko anderearengana heltzeko, emakume-olatu bat zeharkatu behar izan zuen; eta hala egiteko, farfail bat baino gehiago zimurtu behar izan zuen, mahuka bat baino gehiago zanpatu, zapata bat baino gehiago zikindu; bizpahiru hutsalkeria ohikoak elkarri esanda, jiratu, eta irudi ezagunen baten bila aritu zen jende pilaren artean. Ezagunik aurkitzen ez zuenez, galeria bateko besaulki bikoitz batean jarri zen; han eserita, gortinek erdi ezkutatua, besteei begiratzea zeukan bera inork ikusi gabe: bere ideien lurrintze fantastiko haren ostean, ez zen gai sentitzen inorekin solasean hasteko; lelotuta zegoela uste zuen; munduarekiko kontaktuak errealitatean ezarria zuen berriz.

        Iluntzeko bilera distiratsuenetakoa zen. Ikusmira zoragarria! Han guztia ari zen dirdaika, dir-dirka, distiraka; guztiak burrunbaka, han-hemenka, zurrunbiloan. Erlehegalen antzeko gasak, tulak, krepeak, farfailak, lameak, boladako eran moztu, izurtu eta xehatuak; armiarma sare antzeko ehunak, aire harilkatua, behelaino oihalak; urrea eta zilarra, zeta eta belusa, burdin xafla distiratsuak, loreak, lumak, diamante eta perlak; bitxi-ontzi guztiak husturik, mundu guztietako luxuek egina zuten beren ekarpena. Ikuspegi ederra, alafede! Kristalezko idunak izarren antzera diz-dizka; bitxi-harrietatik izpi-sortak eta iris prismatikoak sortzen ziren; emakumezkoen sorbaldek, distiratsu eta satinatuk, izerdi fin batez bustiek, ur azpiko agata edo onixak ziruditen; begi-kliskak etengabeak ziren, eskoteek ehizalekua begiztatzen uzten zuten, eskuak igurtzika ari ziren, buruak makurtu egiten ziren, xalak airean zebiltzan, unerik egokiena zen; musika ahotsek itzaltzen zuten, eta ahotsak, berriz, oin ttikiek parketaren gainean egindako igurtziak eta soinekoen hotsak itotzen zituzten: horrek guztiak jai harmonia bat eratzen zuten, xuxurla alai bat, malenkoniatsuena animatzeko modukoa, ero bat izan ezik edonor erotzeko modukoa.

        Onofre, ordea, ez zen hartaz arduratzen: Jazinta zeukan gogoan.

        Bat-batean, begia argitu zitzaion, ezohiko zerbaiti erreparatu zion: sartu berri zen gizon gazte bati; hogeita bost bat urte izango zuen, frak beltza, kolore bereko frakak, belus gorrizko txaleko bat, jipoi gisa egina, eskularru zuriak, urrezko anteojoak, ilea eskuila erara moztua, bizar gorria: ez zen hartan guztian ezer arrarorik, ohitura bera zuten modazale askok; hazpegi zeharo egokiak zituen, eta haren soslai finak neskatila bat baino gehiagoren gogoa piztuko zuen; baina hainbesteko ironia zeukan bere aho zurbil eta argalean —ahoaren muturrak ihes etengabean zeuden bibote horiaren azpian—, hainbesteko zitalkeria bere begiradan —sugarretan ari zen betaurrekoen kristalaren atzetik, banpiro baten begiak bezala—, ezinezkoa baitzen hura hamaikaren artean ez bereiztea.

        Eskularruak kendu zituen. Lord Byron edo Bonaparte bera ere ohoraturik sentituko ziren haren hatz biribil eta fineko esku txikiarekin, hain mendrea, hain zuria, hain gardena, birrintzeko beldurrez izango ginateke zerraz ebaki behar izanez gero; hatz erakuslean eraztun handia zeraman, eta eraztunean errubi madarikatua; hainbesteko distira zuen, begiak apaltzera behartzen zintuen. Hotzikara batek laztu zituen Onofreren ileak.

        Argimutilen argia zurbil berdea bihurtu zen; emakumeen begiak eta diamanteak itzaldu egin ziren; errubi distiratsua bakarka ari zen saloi ilunduan dir-dirka, eguzki batek lainoen artean bezala.

        Jaiaren zirrara, dantzaldiaren zoramena puntu gorenean zegoen; Onofre izan ezik, inor ez zen aldaketa hartaz ohartu; pertsonaia bitxi hura itzal baten gisan lerratzen zen taldeen artean, hari hitz bat esan, beste hari bostekoa eman, eta emakumeei errespetu irrigarri eta kortesia gehiegizko punttu batez agur eginez: haren agurrak lotsagorritu egiten zituen zenbait, ezpain horzkaka uzten zituen beste batzuk; bazirudien haren katamotzbegirada emakume bihotzen sakonean murgiltzen zela; halako erdeinu sataniko bat azaltzen zen haren mugimendu ñimiñoenetan: begi-kliska sumaezin bat, bekokiko zimurtze bat, bekainen ondulatzea, azpiko ezpainak beti gordetzen zuen irtenunea, baita haren erdiirribarre gorrotagarria ere; keinu haietan guztietan zerbaitek traizio egiten zion, eta —nahiz eta haren manerak gizabidezkoak eta haren hitzak umilak ziren— erreprimitu nahiko lituzkeen pentsamendu harroak salatzen zituen.

        Onofrek begiez jarraitzen zion, eta ez zekien zer pentsatu; halako jendetzaren artean egon ez balitz, beldurrak airean egongo zen.

        Une batez, buruaren gainaldea ebaki zion pertsonaia ezagutu uste izan zuen; baina berehala ohartu zen uste okerra zela. Zenbait pertsona hurbildu zitzaizkion, eta solasean sartu ziren; jada ideiarik ez zeukala sinetsita, horrek berak ideiak kentzen zizkion; bere buruaren mailatik beherago, besteekin parekatuta zegoen; besteek xarmangarri eta ohikoan baino izpiritualago aurkitzen zuten. Zurrunbiloak solaskideak eraman zizkion, eta bakarrik geratu zen; ideiak beste norabide batetik joan zitzaizkion; ahaztu egin zen dantzaldiaz, ezezagun hartaz, zarataz eta gainerako guztiaz; hamaika lekutan zegoen.

        Hatz bat jarri zioten sorbalda gainean, eta dardara bat igaro zitzaion gorputzetik, tupustean esnatu izan balitz bezala. ***-ko anderea ikusi zuen bere aurrean, ordu laurdenean zutik beraren arreta bildu ezinik ibilia baitzen.

        —Eta? Zertan ari zara pentsatzen? Nigan, beharbada?

        —Ezertan ere ez, zin dagizut.

        Jaiki egin zen, ***-ko andereak besotik heldu zion: ostera batzuk egin zituzten. Zenbait esaldiren ondoren:

        —Mesede bat eskatu behar dizut.

        —Esan; badakizu ez naizela batere krudela, zurekin batez ere.

        —Errezita iezaiezu emakume hauei lehengo egunean esan zenidan poema; aipatu egin diet, eta entzuteko irrikitan daude.

        Proposamen haren aurrean, bekokia goibeldu zitzaion Onofreri, eta ezetz ongi neurtu batez erantzun zuen; ***-ko anderea tematu egin zen, emakumezkoek tematzen dakiten eran. Onofrek aurka egin zion, beretzat ahulkeria bat zen hura bere begien aurrean justifikatzeko lain aurka egin ere; eta azkenean amore eman zuen, nahiz eta gogo txarrez.

        ***-ko andereak, garaile, gal ez zedin hatz-mutturrekin heltzen ziola, zirkuluaren erdigunera eraman zuen, eta eskua askatu zion; eskua hilik balego bezala erori zen. Onofrek, txunditurik, begirada ilun eta izutiak egiten zituen bere inguruan, zezen pikatu berriak plazan bezala. Dandy bizargorria hantxe zegoen, biboteak bihurritzen, eta Onofreri gaiztakeria harro batez begiratzen ziola. Egoera penagarri hura bukarazteko, ***-ko andereak hasteko keinua egin zion. Ahots dardartiz azaldu zituen bere lanaren gaia eta izenburua. Zurrumurrua eten egin zen, txutxumutxuak itzali, eta isiltasun erabatekoa eginik, jendea entzuteko posturan jarri zen.

        Onofre zutik zegoen, eskua mintzalekutzat hartu zuen besaulki baten bizkarrean jarrita. Dandya beraren ondotxoan jartzera etorri zen, ukitzeraino gertu; Onofre ahoa irekitzera zihoala ikusirik, zilarrezko espatula bat eta gasazko saretxo bat atera zituen poltsikotik. Espatula substantzia apartsu larrosa kolore zikineko batez betea zegoen, merengeak betetzen dituen kremaren nahikoa antzekoa; saretxoa hutsik zegoen.

        Onofre, dandyak azpikeriaren bat egingo ote zion beldurrez, besaulkia lekuz aldatu, eta barruan eseri zen; gizon begi berdea haren atze-atzean jartzera etorri zen; atzerago egin ezinik, Onofre hasi egin zen. Lehen bertsolerroaren azken silaba haren ezpainetatik irten orduko, dandyak, trebezia miragarriz sarea zabaldu, airean harrapatu, eta geldiarazi egin zuen, entzuleen belarrietara heltzeko beta izan baino lehen. Eta gero, espatula astinduz, bere zaporebako nahasketatik koilarakada bat sartu zion ahoan. Onofrek, noski, geratu edo bere burua salbu jarri nahi zuen; baina katea magiko batek besaulkira loturik zeukan gaixoa. Jarraitu egin behar izan zuen, beraz, eta piltzar mitologikoen eta madrigal trinkotuen nahasketa gorrotagarri hura egotzi. Iruzurra bertsolerro bakoitzean errepikatzen zen; hala ere, inor ez bide zen ohartzen.

        Onofreren pentsamendu berriak eta errima ederrak, mila kolore erromantikoz ñabartuak, zakutxoan saltoka aritzen ziren, ihes egiteko ahaleginetan, arrainak sare barruan edo tximeletak zapi baten azpian bezala.

        Poeta gaixoa torturapean zegoen, izerdi tantak lokietatik isurian. Dena bukatutakoan, dandyak arreta handiz hartu zituen Onofreren errimak eta gogoetak, hegaletatik, eta bere paper-zorroan gorde zituen.

        —Ongi, oso ongi —esan zioten, Onofrerengana hurbilduta, zenbait gizonezko poeta eta artistak—, pastiche zoragarria, pastel miresgarria, Watteau hutsa, orban, hauts eta krema: nola deabru egin duk hire poesia hala makilatzeko? Rococo miresgarria duk; primeran, hori duk-eta!, broma izugarri izpirituala!

        Emakume batzuek ere inguratu, eta esan zioten:

        —Zoragarria! —eta mesprezuzko barretxoak egiten zituzten, erakutsi guran berak hutsalkeria haien gainetik zeudela, nahiz eta bihotzen hondoan xarmangarri irizten zioten, nahiz eta oso pozik zeuden halako poesia beren kontsumo partikularrerako izateaz.

        —Alproja batzuk zarete guztiak! —oihu egin zuen Onofrek, trumoi ahotsez, eskaintzen zioten azukre-ur edalontzia platertxoan isurtzen zuela—. Aldez aurretik prestatutako azpikeria izan da hau, iruzur erabatekoa; deabruaren jostailu izateko etorrarazi didazue, bai, Satanen beraren jostailu izateko —erantsi zuen, hatzaz txaleko gorriduna seinalatzen zuela.

        Iskanbila horren ostean, kapelua begietaraino sartu, eta agurrik gabe irten zen.

        —Benetan —esan zuen gizon gazteak, ihes egin berri zion eta zirkinka hedatzen ari zitzaion buztan bilotsu zati bat jantziaren hegalen azpian berriz ezkutatzen zuela—, deabrua naizela uste izatea, zein asmakeria barregarria! Bistan da, Onofre gaixoa erotuta dago erabat. Ohore egingo al didazu kontradantza hau nirekin dantzatzea? —esan zuen, une bat geroago, aingeru itxurako kreatura ilehori baten esku nakar kolorekoari muin egiten ziola.

        —Oh, ene Jainkoa, bai —esan zuen neska gazteak, irribarre xaloz, betazal sedatsuak altxatu, eta zeru koloreko begi urdin ederrak harengana igerian jarririk.

        Jainkoa hitzarekin batera, sufrezko zorrotada bat isuri zen errubitik, eta gaiztoaren zurbiltasuna areagotu egin zen. Neskatilak ez zuen ezer ikusi; eta zer, ikusi izan balu? Maite egiten zuen!

        Kalera orduko, Onofrek korrikari egin zion ahal osoan; sukarrez zegoen, deliratzen: noraezean zeharkatu zituen mila kalexka eta barnebide. Zerua ekaiztsu zegoen, haizorratzak kirrinka, kontraleihoek hormak kolpatzen zituzten, ateetako aldabak durundaka ari ziren, beirateak bata bestearen ondoren itzaltzen ziren; zalgurdien hotsa urrunean galtzen zen, zenbait oinezko berandutu etxeen ertzetatik zebiltzan, zenbait neska txolinek laino artean zeramaten errestan gasazko soinekoa; kale-argiek, haizeak kulunkaturik, argiantz gorri nahasiak egozten zituzten euriak puztutako latsetan; Onofrek burrunbaka zituen belarriak; gaueko zurrumurru itoak, lo hartutako hiri baten zurrunga, txakur baten zaunka, katu baten marraka, ur tantoak teilatutik erortzean egin zarata, erloju gotikoan jotzen ari zen ordu-laurdena, ipar-haizearen aieneak: isiltasunaren hots horiek guztiek dardarka jartzen zizkioten kirioak, lehendik ere arratsaldeko gertakizunek hauskor samar utziak. Zelatan ari zitzaion begi odoljario bat zen farol bakoitza; itzalean izenik gabeko irudiak dardarka ikusi uste zituen, eta oinen azpian narrasti higuingarriak ugari; burlaizezko barre deabruzkoak entzuten zituen, zurrumurru misteriotsuak. Etxeak dantzan ari zitzaizkion inguruan; galtzadarri-zola izurtu egiten zen, zerua behera zetorren zutabeak hautsi zaizkion kupula baten gisan; hodeiak korrika eta korrika eta korrika ari ziren, deabruak eramango balitu bezala; ilargiaren lekuan, intsignia hirukoloreko handi bat ageri zen. Kaleak eta barnebideak besotik heldurik zihoazen, atso zaharren modura kakaraka; era askotakoak igaro ziren. ***-ko anderearen etxea ere igaro zen. Jendea dantzalditik irteten ari zen, ate ondoan pilaturik zeuden; biraoak entzuten ziren, jendea bere zalgurdiaren eske ari zen. Saredun gizona jaitsi zen; dama bat zeraman besotik; Jazinta zen dama hura; zalgurdira igotzeko maila jaitsi zuten, eta dandyak eskua eskaini zion; igo egin ziren; Onofre ezin haserreago zegoen; afera hura argitzera deliberaturik, besoak bularrean gurutzatu, eta bide erdian jarri zen. Gidariak zigorra kliskatu zuen, milaka distira atera zen zaldien apatxetatik. Lauhazka abiatu ziren; gidariak oihu egin zuen: «Kontuz!». Hala ere ez zen asaldatu: zaldiak bizkorregi abiatuak ziren inola ere geldiarazteko. Jazintak deiadar egin zuen; Onofrek pentsatu zuen bereak egina zuela; baina zaldiak, gidaria eta zalgurdia lurrin bat besterik ez ziren, eta Onofreren gorputzak zubi-arku batek ur-laster handi bati begiratzen dion era berean begiratzen zion. Zalgurdi fantastikoaren zatiak bera pasa eta urrats batzuetara bildu ziren berriz, eta zalgurdiak bere lasterrari berrekin zion, ezer gertatu ez balitz bezala. Onofrek, ikaraturik, begiez jarraitu zion: barruan erdikusi zituen Jazinta —errezela alboratuta, begirada triste eztiz begira— eta dandy bizargorria —hiena baten antzera barrezka—; kalearen bihurgune batek aurrerago ikustea galarazi zion; izerditan blai, arnanestuka, hezurretaraino lokazturik, zurbilago ezin, nekez leherturik eta hamar urte zaharrago, Onofre penagarriro heldu zen etxera. Egun argia zen, bezperan bezala; ataria zeharkatu orduko, korderik gabe geratu zen. Ordu bete eman zuen zorabiaturik, eta gero sukar amorratu batek harrapatu zuen. Onofre arriskuan zela jakinik, Jazintak berehala ahaztu zituen bere jelosia eta mutila sekula berriz ez ikusteko promesa; haren oheburuan jartzera etorri zen, eta arreta eta laztan sentikorrenak eskaini zizkion. Onofrek ez zuen neska ezagutu; zortzi egun joan zitzaizkien horrela; sukarrak behera egin zuen; mutilaren gorputza sendatu zen, ez hala haren adimena; deabruak gorputza lapurtua ziolako irudikeriak hartu zuen, zalgurdiak gainetik igaro zitzaionean minik egin ez ziola oinarri harturik.

        Hainbat istorio etorri zitzaizkion gogora: Peter Schlemil-ena, deabruak itzala lapurtu baitzion; San Silbestreko gauarena, zeinean gizon batek isla galdu baitzuen; zeharo tematu zen ez bere irudia ispiluetan ez bere itzala zoruan ez ikusten: gauza erabat naturala, substantzia ukiezina besterik ez zenez; kolpatu, atximur egin behar zitzaion kontrakoa erakusteko: sonanbulismo eta katalepsia egoeran zegoen, Jazintaren musuak berak ere ez sumatzeraino.

        Argia itzalia zitzaion barreneko lanparan; irudimen eder hura, bitarteko artifizialen bidez, lizunkeria hutsaletan akitu zitzaion; bere existentziaren ikusle huts izatearen izateaz, Onofrek besteena ahaztu zuen, eta banan bana hautsi zitzaizkion munduari loturik atxikitzen zuten lokarriak.

        Errealitatearen ontzitik irtenda, fantasiaren eta metafisikaren sakontasun lainotsuetan murgildu zen; baina ezin izan zen olibondo-adarrarekin itzuli; ez zuen oina ezartzeko moduko lur lehorrik aurkitu, eta ez zuen jakin itzulbidea aurkitzen joandako bidetik etortzeko; ezin izan zuen —hain altu eta hain urruti egonik, bertigoak hartua zela— berriz jaitsi, berak nahi bezala, eta mundu positiboarekin berriz lotu. Joera ilun hori gabe, poeta handienetako bat izateko gai zatekeen; ero xelebreenetako bat besterik ez zen izan. Bere bizitza lupaz gehiegi begiratzeagatik —fantasiak ia egunero harrapatzen zuen gertakizun arruntetan—, zera gertatu zitzaion: mikroskopioa erabiliz jakirik osasungarrienetan harrak eta isurkirik garbienetan sugeak ikusten dituztenei gertatzen zaien gauza bera. Ez dira gehiago jatera ausartzen; gauzarik naturalena, beren irudimenak puztua, izugarria iruditzen zaie.

        Esquirol doktore jaunak, aurreko urtean, erotasunari buruzko taula estatistiko bat egin zuen.

        Maitasunez zoratuak: Gizonak 2; Emakumeak 60

        Debozioz zoratuak: Gizonak 6; Emakumeak 20

        Politikaz zoratuak: Gizonak 48; Emakumeak 3

        Ondasunak galtzeagatik zoratuak: Gizonak 27; Emakumeak 24

        Kausa ezezaguna: Gizonak 1

        Azken hori, gure lagun gaixoa zen.

        Eta Jazinta? Halafede, hamabost egunez negar egin zuen, beste hamabost egunez triste egon, eta, hilabetera, zenbait maitale hartu zituen, bost edo sei, uste dut, Onofreren ordezkapena egiteko; handik urtebetera, erabat ahaztua zuen, izena bera ere ez zuen gogoratzen. Ez al da, irakurle, amaiera biziki arrunta halako kasu ezohiko baterako? Sinets ezazu edo utz ezazu; nik lepoa moztuko nuke, gezurretan silabarik esan baino lehen.

 

Onofre, gizon amorrazia
Theophile Gautier

euskaratzailea: Gerardo Markuleta
Infomart, 1999