Ilargi-errainua
Gustavo Adolfo Becquer

euskaratzailea: Manu Lopez Gaseni
Infomart, 1999

 

SORRERA

Indiar poema

 

 

I

 

        Himalaiako gailur goitarrak tximista bere baitan irakiten daukaten laino ilunez koroatzen dira, eta mendi-oinarrian zabaltzen diren ordokien gainean opalozko hodeiak flotatzen dira, loreen gainean perlazko ihintza isurtzen baitute.

        Gangeseko uhin puruaren gainean loto lore sinbolikoa kulunkatzen da, eta ur-bazterrean bere biktimaren zain da krokodiloa, bidaiariaren begietatik gordetzen duten uretako landareen hostoak bezain berde.

        Indostaneko oihanetan zuhaitz erraldoiak daude, erromes nekatuari aterpea eskaintzen dioten adarrez hornituak, eta lotatik heriotzara eramaten duten itzal hilgarrizko beste batzuk ere bai.

        Maitasuna argi-ilunpezko kaosa da; emakumea, zinauste eta samurtasunezko nahastea; gizona, handitasun eta txikitasunezko amildegia; bizitza, azken batean, burdina eta urrezko mailak dituen katea luzearekin pareka daiteke.

 

 

II

 

        Bertako biztanleen harridurarako hutsean mugitzen den zentzugabe animatua da mundua.

        Ez bilatu Vedetan gure arbasoen erokerien azalpenik, ezta Puranetan ere, non poesiaren dotoretasun itsugarriez jantzirik, haren jatorriari buruzko burugabekeriak pilatzen baitira.

        Entzun ezazue sorreraren historia brahmin jainkozale bati jakinarazi zitzaion modu berean, bere baitan bildurik eta hatz erakusleak zerurantz jasota, baraurik eta mugigaitz hiru hilabete igaro ostean.

 

 

III

 

        Brahma zirkunferentziaren puntua da; harengandik abiatzen da oro eta harengana biltzen. Ez zuen hasierarik izan eta ez du amaierarik izango.

        Espazioa eta denbora existitzen ez ziren garaian, Maia haren inguruan mugitzen zen laino nahasiaren gisara; izan ere, bere baitan guztiz bildurik, artean ez zuen bere desioez ernaldu.

        Denak nekatzen duen era berean, Brahma bere baitan bildurik egoteaz nekatu zen, eta bere lau aurpegietako baten begiak jaso zituen eta bere buruarekin topo egin zuen, eta beste aurpegikoak haserre zabaldu eta berriro ikusi zuen bere burua, dena betetzen zuelako, eta dena zelako.

        Emakume ederrak altzairua leundu eta bere irudia ikusten duenean, atsegina hartzen du bere buruarekin; baina azkenean beste begi batzuetan jarri nahi ditu bereak, eta aurkitu ezean, aspertu egiten da.

        Brahma ez da emakumea bezala harrotzen, perfektua delako. Pentsa ezazue nola aspertzen bide den bakarrik egoteaz, eternitatearen erdian bakarrik eta lau begi pare dituela.

 

 

IV

 

        Brahmak lehen aldiz desio nahi izan zuen, eta desio horrek, biltzen zuen Maia sortzailea ernaldurik, milioika argi puntu sortarazi zituen haren barrutik, zuhaitzen adaburuetan barrena sartzen den eguzki errainuan igerian dabiltzan atomo mikroskopiko horien antzekoak.

        Urrezko hauts hark hutsa bete zuen, eta astintzean sortzaileari loriazko himnoak kantatuko zizkioten konta ezin ahala izaki sortu zituen.

        Gandharva direlakoek, zeruko kantariak; bere aurpegi ezin ederragoez, kolore anitzetako hegoez, barre algara ozenez eta ume jolasez, lehen irribarrea atera zioten Brahmari, eta bertatik Edena sortu zen. Edena bere zortzi zirkuluekin, eusten dioten dortoka eta elefanteak, eta bere santutegia gailurrean.

 

 

V

 

        Umeak betidanik izan dira ume: zaratatsu, bihurri eta zentzakaitzak; hasieran grazia egiten dute, handik ordubetera zorabiatu egiten dute, eta nekatu egiten dute azkenik. Antzeko zerbait gertatu bide zitzaion Brahmari, elurrezko zaldiaren gisa zerutik paseatzen zuen antzar handitik jaitsita, gandharva guztiak azpiko zirkuluetan utzi eta bere santutegi barrura erretiratu zenean.

        Han, galdutako oihartzunik ere iristen, zurrumurrurik apalena entzuten ez den tokian, bakardadearen isiltasun erabatekoa nagusi den tokian, zeinaren baretasun guztizkoak gogoetarako gonbitea egiten duen, Brahma, bere betiereko asperra pasatzeko entretenimenduren baten bila, giltzari bi buelta emanez atea itxita, alkimiari lotu zitzaion.

 

 

VI

 

        Pergamino-paper zaharrei begira makurtuta bizia pasatzen duten, mila gauza misteriotsuez inguratzen diren, eta harribitxien, metalen eta hitz kabalistikoen ezaugarri bereziak ezagutzen dituzten lurraren ezpainek, zientzia haren bidez Buztina urre bihurtzen, ura eta airea deskonposatzen, sugarra aztertzen, eta sutatik bizitasunaren eta argiaren sekretua ateratzen dute.

        Hilkor dohakabe batek hori guztia lortzen badu bere eginbeharraren isladaz, pentsa ezazue une batez zer egingo zuen Brahmak, zientzia ororen hasiera baita.

 

 

VII

 

        Kolpaldi batez sortu zituen lau elementuak, eta baita beraien zaindariak ere. Agni, sugarren izpiritua baita; Vayu, hurakanaren gainean uluka baitabil; Varuna, ozeanoaren osinetan iraultzen baita; eta Prithivi, mundu azpietako leizeak ezagutzen baititu, eta sorreraren magalean bizi baita.

        Ondoren, sekula ikusi gabeko material gardenez egindako erredoma batzuetan sartu zituen materiagabeko eta ezin ukituzko gauzen haziak, irrikak, desirak, ahalmenak, dohainak, min eta gozamenen, heriotza eta biziaren, ongia eta gaizkiaren sorburuak. Eta hori guztia espezietan banatu eta sailkatu zuen ardura apartaz, erredoma bakoitzari idatzitako errotulu bat jarriz.

 

 

VIII

 

        Beren ahots eta jolas zaratatsuez Paradisuko beheko zirkuluetan burrunba egiten zuen harrapari saldoa jaunaren huts-minez zegoen. —Non ote dago? —zioten batzuek—. Zertan ibiliko da? —zioten berekiko besteek; eta Brahmaren laborategitik ateratzen ikusi zituzten ke beltzezko zutabeek, eta toki beretik jaurtitzen ziren suzko globoek, jirabira argitsu eta ederrean baitzebiltzan, ez zuten gutxitu ikusmiratzaileen jakinmina.

 

 

IX

 

        Gaztetxoen irudimena zaldi bat da, eta, jakinmina, akuilatzen eta egitasmorik ezinezkoenetara eramaten duen ezproia. Hark mugiturik, kantari mikroskopikoak zeruko zirkuluei eusten dieten elefanteen hanketan gora hasi ziren, eta bata bestearen gainean igo ziren egoitza misteriotsuraino, non Brahmak artean baitzirauen, bere espekulazio zientifikoetan murgildurik.

        Tontorrean zeudela, ausartenak atearen inguruan pilatu ziren, eta batak sarraila zulotik, eta beste batzuek gaizki lotutako oholen arteko zirrikitu eta argiuneetatik, jakinminaren helburu zuten berealdiko laborategia ikuskatu zuten.

        Begien aurrean ageri zitzaien ikuskizunak harritu egin zituen.

 

 

X

 

        Sakabanatuta zeuden bertan, inolako orden eta taxuketarik gabe, eite eta kolore guztietako ontzi eta erredoma erraldoiak. Munduen hezurdurak, astroen enbrioiak eta ilargi zatiak zeutzan, erdi modelatutako gizakume, amaitugabeko animalia izugarrien proiektu, pergamino-paper ilun, folio-liburu eta tresna arraroekin batera. Hormak figura geometriko, zeinu kabalistiko eta formula magikoez beteta zeuden, eta aretoaren erdian, su iraungigaitz baten gaineko marmita ikaragarri batean, izenik gabeko milaka osagaik irakiten zuten zarata isilean, zeintzuen nahasketa jakintsuaren ondorioz egite perfektuak sortuko baitziren.

 

 

XI

 

        Brahmak, bere zortzi beso eta hamasei eskuekin nekez moldatzen baitzen ontziak estali eta desestaltzeko, isurkiak astindu eta nahasketei eragiteko, noizean behin tutu handi bat hartzen zuen zerbatana gisa, eta gari lehorrezko kainaberak baliatuta umeek xaboi-burbuilak egiten dituzten era berean, hark likorean sartzen zuen, ondoren zeruko amildegien gainean makurtzen zen, eta mutur batetik putz egiten zuen; orduan, beste muturretik globo gori bat agertzen zen, askatzean bere buruaren inguruan eta espazioan zebiltzan besteekin batera jiratzen hasten baitzen.

 

 

XII

 

        Bukaerarik gabeko amildegiaren gainean makurturik, sortzaileak betetasunezko begiradaz jarraitzen zien, eta mundu argitsu eta perfektu haiek, izaki neurrigabe zoriontsu eta ederrez populatuak, hau da, gau narean oraindik ikusi ohi ditugun eguzkien antzeko astroak, bozkariozko himno bat opa zioten beren Jainkoari, diamante eta urrezko ardatzen inguruan kadentzia handi dotorez jirabiraka.

        Gandharva txikiek, artean arnasa egitera ere ausartzen ez baitziren, izuturik begiratzen zioten elkarri, berealdiko ikuskizun haren aurrean harridura eta beldurrez gainezka.

        Nekatu zen Brahma esperimentuak egiteaz, eta laborategitik alde eginik, ez lehenago giltzaz itxi eta patrikan gorde gabe, bere antzararen gainean igo zen berriz ere arnasa hartzeko helburuz. Baina, nolako kezka izango zuen, dena ikusten duen eta dena dakienak, bere ideietan murgilduta, sarraila gaizki itxi zuela ez konturatzeko! Ez zitzaion gauza bera gertatu harraparien saldo urduriari, zeinek, hutsegiteaz ohartuta, begiradaz urrunetik jarraitu baitzion, eta bakarrik zeudela jakin zutenean, batak ateari piska bat bultza egin, besteak buruaz kirika egin, harakoak oin bat aurreratu, azkenean denak laborategira sartu ziren arte, handik gutxira etxean bezala egokitu zirelarik.

 

 

XIII

 

        Orduan areto hartan gertatutakoa deskribatzea ezinezkoa izango litzateke.

        Lehenbizi gauzaki guztiak aztertu zituzten harridura handiz, gero ukitzera ere ausartu ziren, eta azkenik dena guztiz suntsiturik utzi zuten. Bota zituzten pergamino-paperak sutara garrek jan zitzaten: desestali zituzten erredomak, ez baten bat hautsi gabe; mugitu zituzten ontziak, eta beraien edukia isuri zuten, eta dena usaindu, dastatu eta nahastu ondoren, batzuk artean bukatu gabeko eta lehor zitezen gangetatik eskegitako eguzki eta izarretatik zintzilikatu ziren; beste batzuk Jainkoaren gustukoak izan ez ziren animalia erraldoien hezurduretatik igotzen ziren. Eta liburuetako orriak erauzi zituzten paperezko mitrak egiteko, eta konpasak hankartean jarri zituzten, zaldi moduan, eta dohain misteriotsudun makilak apurtu zituzten, gainean kulunkatuta.

        Azkenik, bazterrak nahasteaz asperturik, egiten ikusi zutena bezalako mundu bat egitea erabaki zuten.

 

 

XIV

 

        Hemen hasi ziren zalaparta handia, anabasa eta barre algarak. Marmita gori zegoen. Bata iritsi zen, likido bat isuri zuen bertara, eta suzko zutabe bat altxatu zen. Gero, beste bat iritsi zen gelara arnasestuka, zekarren ontzia hain zen handia, eta hain txikia ekarlea, eta haren gainean erredoma batean zeukan elixir misteriotsu bat bota zuen. Marmitara botatzen zuten osagai berri bakoitzaren eraginez, sugar urdin eta gorriak altxatzen zitzaizkion barru-barrutik, eta jendetza alaiak bozkario-oihuez eta amaigabeko algarez hartzen zituen.

 

 

XV

 

        Bertan nahasi eta nahaspilatu zituzten ongiaren eta gaizkiaren, min eta bozkarioaren, itsusitasun eta edertasunaren, eroapen eta norberekoikeriaren osagai guztiak, biztanleen gozamenerako prestatutako hotzez osatutako munduak sortzeko izotzaren haziak, eta sugarrez gozatzeko moduko biztanledun globoetarako sortzeko beroarenak; eta jainkotasun haziak, izpiritua eta materia arrunta, buztina eta lokatza nahastuz, edabe berean ezintasuna eta desirak, handitasuna eta txikitasuna, bizia eta heriotza nahasiz.

        Hain kontrajarriak ziren osagai haiek guztiak amorratuta zeuden marmitaren barru-barruan batera zeudela ikustean.

 

 

XVI

 

        Ekintza horiek egin ondoren, haietariko batek hegoetako luma bat erauzi zuen, bizarrak hortzak baliaturik kendu zizkion eta, gainontzekoa isurkian bustirik, hondorik gabeko amildegiaren gainean makurtzera joan zen, eta putz egin zuen, eta mundu bat agertu zen. Mundu itxuragabe, mengel, ilun bat, poloetatik zanpatua, jirabira akastunekoa, elurrezko mendiduna eta areatza beroduna, bihotzean sua eta azalean ozeanoak zituena, gizateria ahul eta harroputza, Jainkoaren gurak eta lokatzezko ahuleziak zituena. Heriotzaren hazia, existitzen den oro suntsituz; eta biziaren hazia, betikotasun-grinaz, bere hondakinez birreraikia; mundu erotua, zentzugabea, pentsaezina; gure mundua, azken batean.

        Sortu zuten umeek, halako modu groteskoan hutsean bueltaka ikustean, algara handi batez agurtu zuten, Edeneko zortzi zirkuluetan entzuteko modukoa.

 

 

XVII

 

        Brahma, zarata hura entzutean, bere onera etorri zen eta gertatzen ari zena ikusi, eta dena ulertu zuen. Haren begininietan sumina piztu zen; haren mintzaira haserretuak zerua gortu zuen eta mutiko saldoa beldurtu, eta ikaraturik ihes egin zuen, ostikoka sakabanaturik; eta sorkuntza itxuragabe hura suntsitzeko eskua altxatua zuen jadanik; mikaztutako Bakarrak uholde izenez gogoratzen dugun hondamen handi hura sorrarazia zuen jadanik, gandharva haietariko batek, bihurriena baina polittena ere bai, bere burua haren oinetara bota zuenean, negar-zotinen artean zera esanez:

        —Jauna, Jauna, ez hautsi gure jostailua!

 

 

XVIII

 

        Brahma benazkoa da, Jainkoa delako, eta, hala ere, ahalegin handi bat egin behar izan zuen hitz horiek entzunda begietan zebilkion barre algara ez botatzeko. Azkenik, itxura berreskuratuta, hauxe esan zuen: —Zoazte, saldo anker eta zentzagaitza, zoazte nik berriro ikusiko ez zaituztedan lekura, zeuen izaki itxuragabea hartuta. Mundu horrek ez du existitu behar, ezin da existitu, bertan atomoak ere atomoen aurka borrokan aritzen direlako; baina zoazte, errespetatu egingo zaituztet; zuen eskuetan iraupen laburra izango duen itxaropena dut.

        Esan zuen Brahmak, eta umeak, elkarri bultzaka eta barre zaratatsuak eginez eta oihu ikaragarriak botaz, gure globoaren atzetik joan ziren, eta batek hemendik jotzen du, besteak handik arakatzen du... Geroztik harekin batera dabiltza zeruan, beste munduen harridurarako eta haren biztanleen etsipenerako.

        Gure zorionerako, Brahmak esana utzi zuen, eta hala gertatuko da. Ez dago umeen eskuak baino ezer delikatuagorik eta izugarriagorik: haietan jostailuak ez du iraupen luzerik izango.

 

Ilargi-errainua
Gustavo Adolfo Becquer

euskaratzailea: Manu Lopez Gaseni
Infomart, 1999