Izaera-aldakuntza ala urrezko astoa II. Aristomen izendatzen zan bigarren adizkideak, Auxe esatez bukatu ez zuala, Sokarta'k, bai oitugabean edan zuanagatik, bai yasan zuan neke luzeagatik, lozorroan zurrunka bai zetzan. Orduan nik atea itxi ta krixketari eragin nion, ta ateko erroen ondoan zegoen oetxo baten gañean etzan nintzan. Lenengo aldian bildurrak nengoela-ta pixka batean ernai egon nintzan; gero, gau-erdi aldian, begiak itxitzen asi zitzaizkidan; ta bat-batean, lapurrak datozenean baño ots eta burrundara geiagorekin, ateak zabaldu egin ziran, ta, egia esateko, autsi ta arrotik etenda lurrera erori ziran. Ni netzaneko oetxoa, txikia, anka batetik errena ta bestetik usteldua nola bai zan, indar ta burrundara ura zala-ta lurra yo zuan; ni lurrera azpian erori nintzan, ta oea irauli zan ezkeroz, azpian artu ta estali egin nindun. Orduan ni nerez nai ez nituan oker aldeko ondokoen gale arkitu nintzan. Ba, askotan pozik malkoak yario izaten diran bezela, izu aundi arretan parrez ezin egonik gelditu nintzan, gizon izatetik turtuan biurtu nintzan-eta. Lurrean tankera onetan etzanda, oeakin onela estalita, ura zer ote zan begiak itzuli nituan, ta bi atso ikusi nituan; batek kandela piztu bat zekarren; besteak, auzi bat eta belaki bat, ta Sokarta gogo betez lo zegoela bere inguruan gelditu ziran. Auzia zekarrenak besteari esan zion: Pantzi aizpa, au Eudimion maitakari ospetsua den; auxe nere Ganimedes'a den, gau-ta-egun nere gaztearoaz nausale izandakoa. Nere maitasuna baztertu arren, iraundu ta laidotuaz, Kalipsok Ulises utzi ta alde egin ziñan bezela, ni galdu nañan ta nere bakartasunez betiko negar egin dezanadan oraintxe bertan itzuli egin nai ziñena, auxe den. Au esandakoan, eskuarekin ni erakutsiaz Pantzi'ri esan zion: Ta itzulketa onen eragilleari, Aristomen'en onulari onari ere bai, eriotzaren urbil zion bera ere; oe-azpian lurrean datza; au guztia ondo ikustatua zeukanan, neri botatako irañakatik nekerik gabe ibilliko denala ez beza uste: nere kaltez oraintxe gutxi dala esandakoagatik ta oraingo yakin-naiagatik, geroxeago, gero ta orain ere bai, nik damutueraziko diñat. Bi, gizaxoa, itz oiek aditu ondoren, izardi otz batekin busti nintzan, ta nere gorputz guztia dardarizoki ta astintzen asita, nere oetxoa ere bizkar gañetik dardar ikotika zebillen. Pantzi onak esan zuan orduan: Ene ahizpa, zergatik ez diñagu au lenen zati-zati egiten, edo-ta, ankak eta esku-muturrak lotu ta berea moztutzen ez ziñonagu? Onetan, Sokarta'ren esanagatik baño bere ardo itxuraz obeto ezagutu nuan Meroe izeneko ardanemakumeak, erantzun zuan: Auxe, bizirik utzi bear genukela uste diñat, gizaxo onen gorputza obiratu dezanan bederik. Ta Sokarta'ren buruari elduta beste aldera jiratuaz, eztariaren ezker aldetik, auzia ertzetaraño sartu zion, ta odola ateratzen asi ala sagi bat etorri ta ttanttorik beñere ikusi ez zala guztia artu zuan. Au guztia neronek ikusi nuan nere begi aurekin, ta goi-yaunei egiten dieten gogozko yauparekin alderik ez izateko, Meroe onak eskubia lepo-zauri artatik sartu ta nere adizkide gizaxoaren biotza atera zuala esango nuke. Aristomen'ek zintzurra moztuta izaki, ta ez oyurik ez intzini bat ateratzea ez zuan aal izan Pantzi'k zekarren belakia artu ta zauri-zuloan sartu zion: I, belakia, esanez, itxasoan yaioa, iñongo ibai-ondotik igaro ez dadin, begiron. Au esanda, biak alkarrekin neregana etorri ziran ta oea gañetik kendu zidaten, ta kukuriska jarri ondoren beren pixa zikiñarekin blei-blei bustitzeraño uxuritu ninduten. Ta orduan atetik lekora irten ta ateak lengo erara biurtu ziran, len itxita zeuden bezela; erroak bere tokian yarri ziran, tantaiak zutitu ziran, krixketa sartu ta len bezela itxi egin zan. Ni, lurrean etzanda negonez, une artan bertan nere amaren sabelatik yaio izan banintz lez, adoregetua, billutsik eta otzak eta uxuriz bustirik, edo-ta, erdi illik, nik, nerez piztutzen banintz bezela, ala urkatik itzuli-berria baldin banintz bezela, esan nuan: Au goizean erailda aurkitu dutenean, zer izango da nitzaz? Nik gauza egitiak derizkiotela, egiak, baiki, iruditu arren, nork sinistu aal izango du? «I, orrelako gizon puska, emakume baterik eragozpenik egin ezin ba'iokek laguntza eske oyu egin enzakek bederik», esango didate gero. «Nola ire begien aurrean gizon bat erail ta ixillik egoten itzan? Lapurrak bazira, nola i ere il ez, bera bezela? Beren gogorkeriak, bederik, ez ziyan barkatu bear, ez ta gizon erailketa ura ager-erazitzeko ez ziyan i utzi bear; ea bada, eriotzatik itzul egin ba'ukan, eriotzara biurtu adi». Onelako gauzakin nere buruari eragiñaz ta nere artean erantzunaz, gaua yoan ta eguna zetorren. Ta goizetik, naiz dardarizoka, ixillik alde egite ta nere bidea artzea ondo iruditu zitzaidan. Nere bide-zorroa ta janzki-zabala artu, bada, ta giltzarekin nere gelako atea idikitzen asi nintzan; ta bere gogoz gau orretan zabaldu ziran ate txit on eta leialak, oraingoan giltza ta guzti ogei-ta-amar aldiz ekinda gero nekez aal izan nuan idikitzea. Gelatik ateratakoan ostatuaren ateetara elduta, atezainari esan nion: Adi zak, non ago? Ostatuaren atea idiki akidak, goizetik ibilli nai diat eta. Atearen ondoan lurrean zetzan atezaiak, erdi-lo, esan zidan: Ordu onetan, oraindik gaua dala, nola nai dek ik alde egitea? Bideetan lapurrak dabiltzala, ez al dakik? I, agian, erorrek dakikan erailketa batetik erruduna izanda, il nai badek, guk iregatik iltzeko kalabaza-buruak ez dizkiagu. Nik esan nion: Emenedik egun argira ez zegok aldi aundirik, ta ni bezelako gizon txiro bateri lapurrak, zer ostu lezaiotekek? Ez al dakik, txatxu ori, billutsik dagoan gizonari, amar adoregun gizonak soñekorik kendu ezin lezaiotekela? Onetan berak, erdi-lo ta nagitsu zegoela, beste aldera jira ta esan zuan: Ta alkarrekin lotara yoan ziñaten ire adizkide ura zintzurratik elduta il badek eta itzulka baldin ba'ua ere, zer zekiat nik? Ura entzun nuan une berean, lurra erditik idikitzen zala ta gaiztoki bea ta iru burukiko zakur zaia ni iretsitseko goseak zegoela ikusi nituala iruditu zitzaidan. Meroe on ura ez errukitasunez, gogorkeriz baizik, urkarako gordetzeagatik, barkatu zidala gogoratu zitzaidan. Nere gelara biurtu nintzan bada ta nere artean ots ta iskanbillaz nolako ilketa emango zidaten oldoztutzen nuan. Ta gelan zoriak ez izkillurik ez aiztorik ematen ez zidala-ta, nere oetxoa ez izatekotan, esan nion: A nere etzauntz maitea, nerekin ainbeste atsekabe ta neke ibilli ditukana, gau onetan egin zanez i aiz yakinlari ta epaikaria! Gizon erailketa onen nere errugabetasunaren ziñaldaritzaz adierazi nezakekan bakarra, i aiz. Il bear badiat ere ire laguntza abindu akidak. Ta au esanez, etzauntza oyalduta zegoen soketatik mutur bat azkatu nuan, ta leio gañean barren aldetik zegoan zur batetik bera bota nuan, ta beste muturrarekin korapilloa egin nuan, ta oe gañean igoaz eriotzarako goretsita, lepotik lotu nintzan ta gorputzaren aztarekin eztarria eztutu zezan ta bat-batean ito nendin, oea botatzeko anka batekin yota soka zar ta usteldu ura autsi egin zan, ta nik, goitik erori nintzan ezkeroz nere ondoan zegoen Sokarta'ren gañera yausita, yo egin nuan. Ta une artan berean atezaia oyuka sartu zan: Gau erdian azkarrik alde egin nai ukena ta orain oean etzanda agoana, non ago? Onetan, ez dakit bai nere erorialdiarengatik ala atezaiaren oyu ta zalapartahatik, Sokarta'k ni baño lenago yaiki ta esan zuan: Ostatuetan ez dute ostalari auengatik nolanai gaizki esaten; ikusi orain orren ergel mutiria, gelan axolik gabe nola sartu dan: zerbait ostutzeagatik-edo; bere oyu ta deadarrakin nere lo goxotik esnatu nau. Orduan ni, au ikusita, irtetzen naiz pozik, ustegabeko pozarekin, esanaz: O! atezai zintzoa: nere adizkidea, nere aita ta nere anaia, ikusi akidak emen, ik, bart-arratsean, moskortuta itzala, nik il nuala esan eta salatzen nindukana. Au esanaz, nik Sokarta besarkatu ta mun egiten nion. Bera, sorgin edo gokaizto aiek busti ninduten pixa zikin arren usaia nabaritu ondoren, purrust-egiten asi zan: Uakit, esanaz, iroldegi usai orrekin. Ta emeki-emeki usai txar ura zer zala-ta nuan galdetu zidan. Ni burutik ori kendu nezaion, isekako itzetan itxurak egiten asi nintzaion, ta eskua gañetik ezarriaz, nion: Zergatik ez degu goizetik bidea artzen ta yoaten gera? Ta gero, nere bide-zorria artu ta ostatua ordainduta, gure bidetik asi giñan. Zerbaitxo ibilli giñanean, Eguzkiak lur guztia argitzen zuan; ta oraindik artez-arteaz auzia sartzen ikusi nuan toki artatik nere adizkidearen eztarriari begiratzen ninyoan, ta nere artean nion: «Baiki; bart-arratsean ardoz beteta nengokela arrigarrizko gauzak ikusi nizkinan ametsetan. Ona Sokarta, bizirik, sendo ta osorik: Zauria, non zegok? Belakia, non zegok? Orren zauri sakon eta eginberria batez ere». Ta esan nion: Osalari onak geiegi apaldu ta edaten ditekenetzaz, gauza anker eta ikarazkoak ametsetan izaten dizkitekela, ez ditek nolanai esaten; neri ere ori bera gertatu zaidak, ba, bart-arratsean, geiegizko edateak gauza anker eta izugarriak amets-erazi zizkidaken, ta giza-odolez busti ta zikinduta negoela iruditzen zitzaidaken. Berak ni ikusita, esan zuan: Odolaz bustita baño, pixaz agoala usteago diat. Baño nik ere zintzurratik iltzen nindutekela ametsetan egin diat ta eztarri onetan min izan diatela, ta biotza barrendik ateratzen zidakatela ta orain ere arnasik artu ezin nezakek; ta ankak dardar egiten zidatek, eta oñak kolokan-edo zebilzkiat; sendotu nadin zerbait yan naiko nikek. Nik orduan esan nion: Orra ba gosaria. Ta gero nere zorroa bizkarretik kendu ta ogia ta gazta atereaz esan nion: Exeri gaitezen emen, albo onen ondoan. Ta exerita gero, ni ere zerbait yaten asi nintzan. Barrengo makaldasunez ta isillik zegoela antzez orituta nola yan eta iresten zuan begiratzen nion. Bizidunen arpegi-margoa arras aldatu zitzaion, ta igarotako arrats artako sorgiñetaz oldoztutzen nengoela, kosk-egin nuan ogi puska, naiz pitiña izan, ez gora ta ez bera, galgallean gelditu zitzaidan, ta gero ta geiago bildurtzen nintzan, bidetik iñor ez bai-ziyoan. Bi adizkideetik bestearen kalterik gabe bat il dala, nork usteko luke? Baño Sokarta, asko iretsi zuela-ta, egarri bizia izan zuan, gaztatik zati aundi bat yan zualako. Albo-susterraien ondotik ibaitxo bat geldiro ziyoan. Lau-lau zegoan, aintzira ematen zuan, eta ura azpil edo leyar bat bezela. Tira, ur eder orretatik asetu adi, esan nion. Bera altxa ta ibai-ondotik toki zelaietara yoan zara. Ta an belaunikoz yarri ta buruz uretan sartu zan, egarri bizi ura zuela-ta. Ta españak busti orduko, zintzurreko zauria idiki zitzaion, zulo zabal bat ikusi zitzaiola, ta bat-batean odol pitin batekin belakia uretara erori zan. Ankatik nerearekin ekin ez banion ta nekez gora tira ez banion, gogo gabeko soin ura ibaira eroriko zan. Aldi ta toki arretan bear bezela nere adizkidearen eriotza negar eginda gero, ibaiko ondarrean betiko estali nuan, ta bildurraren-bildur aal izan nuan guztian mendidaitz oietan bidetik at yoan nintzan. Ta nere adizkide arren eriotzaz nik nere burua errudun egin izan banuan bezela, nere lur eta etxea utzita, naiezko erri utzitze arretan, orain bizi ta erritarra naizen Etiopi erridian ezkondu nintzan. Aristomen'ek bere edestia onela edestu zigun; ta bere beste adizkideak asieran sinis-gaitza ta entzuten ezesten zuenak, esan zuan: Orren antz-gabeko ipuirik ez zegok. Gezur ori bezelako ezin izana ez zegok. Ta nere aldera yarrita, esan zidan: I, gisa ta itxura oneko gizon ori, ipui au sinisten al dek? Nik erantzun nion: Azturuak nai bezela erabakita eziñezkorik bazegokela, ziñez ez diat uste: gizonei gauza guztiak onela etorri lizaietekek. Ba askotan gertatzen zaigu, iri, neri ta gizon guztiei beñere izan ez ditukan arrigarrizko gauzak etortzea larre-gizonei esanda sinistuak izaten ez ditukanak. Baño, Yainkoarren, oneri sinisten zioat, ta lana aztuarazi ta bide latz onetatik neke ta asarre gaberik yoanerazi gaituan ipui atsegingarri onen leguntasunagatik esker ugarriak demazkiot. On-izate onetatik nere zaldia ere poztutzen dala uste diat, bere lanik gabe erri onetako atearaño eldu naukelako, ez bere gain zaldizka, nere belarrietatik baizik. Gure alkar-izketa ta gure bidearen bukaera emen izan zan, nere bi adizkideak ezker aldera errixka batzuetarantz yo zutelako. Aristomen Izaera-aldakuntza ala urrezko astoa |