Luisa Villalta. Aurkezpena
Itxaro Borda

Maiatz, 22. zkia., 1994

 

Luisa Villalta galiziar idazle gazteen belaunaldikoa da, Manoel Antonio, Alvaro Cunqueiro, Luis Pimentel, Luis Seoane, Emilio Ferreiro, Manuel Maria edo Mendez-Ferrin bezalakoen ildoa sakontzen duen belaunaldikoa. Besteak beste, uhin horretakoak berekoak dira Xose Maria Alvarez Caccamo eta Miguel Anxo Fernan/Luisa Villalta/Vello euskal herriko literatur aldizkari zenbaitetan irakurtzeko atsegina ukan ditugunak (Hegats 11).

         Luisa Villalta A Coruñan —Galiziako Xuntak behartzen gaituenez orain La Coruña horrela izkribatzekoa dugu— sortuak, gaur egun, Galiziar literatur eta hizkuntz klaseak emaiten ditu institutu batetan. Zenbait urte duela, biolonista gisa, Xoven Orquestra de Galizako partaide zela erraiten ahal dukegu. Ganbara-musika talde frangoren kide izan dela ahantzi gabe. Paulino Pereiro musikagilearekin kolaborazio literario-musikal asko egin ditu bestalde.

         Saioa, antzerkia, poesia eta narrazioak lantzen ditu bereziki. Teatro mailan «Concerto para un home so» edo «O paseo das esfinxes» obrak agertu dizkiote Cadernos da Escola Dramatíca Galega delakoek. Agalia, Grial eta Luzes de Galizia aldizkarietan parte hartzen du gainera. Galiziako literatur sariketa bat edo beste bereganaturik, 1991ean «Musica Reservada» olerki bilduma eta «Silencio, ensaiamos» ipuin liburuak karrikaratu zituen. Lehena, Edicios do Castro etxean eta bigarrena, Via Lactea izenekoan, biak A Coruñakoak. Datorren abendoan, hirugarren obra bati eskainiko dio argia, poesia preseski, eta etorriko den liburutik harturik da Muller mensura / Emakume neurria deritzan bost hegalditako olerki luze bezain samina.

         Emakume neurria honek, oinarri errebendikatiboa duela ezin uka «munduaren okupazio sakona hausnartzeko» idatzia delako. Lerrotan biltzen dira emazteek eramaiten dituzten askatzeko urrats dorpeak oro, oinazearen eta plazerraren mugetan.

         «Musica Reservada» poemariotik hartu zenbait lan ere gurera iragan ditugu. Eta halatan ohartzen gara, bildumako olerkiek musikarekin duten harreman tinkoaz, ixiltasunaren tentazioz eta herots nahikundez beterik.

 

Luisa Villalta. Aurkezpena
Itxaro Borda

Maiatz, 22. zkia., 1994