NIRE AZKEN ADIOA
Jose Rizal

Mi Último Adiós, 1896
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

Adio aberri maite, eguzkiak gurtua

Ekialdeko Itsas Perla, galdutako Eden gure

pozik emango dizut ene bizi ihartua!

Balitz heze loretsu, distiraz nabartua

zure alde, zure hobez, berdin emango nuke.

 

Gerrako zelaietan, su eta gar ekinez

zenbatek ez ote du, ezeren tamal barik

bere bizia eman! Lekuak axolik ez

ordokiz edo urkabez, heriotza gordinez

denak dira batera etxe alde izanik

 

Zure alde hilko naiz egunsentia ikusiz

eguna dakarrela gau ilunaren hurren

behar baldin bazenu goizaren apainduri

hona nire odola nahi baduzu isuri

argi sortu berriak bilaka dezan urre

 

Mutiko nintzelarik hau zen nire ametsa

hau zen nire ametsa gaztetxo nintzelarik

zu noizbait ikustea, Ekialdeko Itsas Perla

malko barik begiak, argi tente kopeta

ez zimurrik eta ez lotsatuaren antzik

 

Ene bizitzako amets, ene asmo bihotzeko...

Bizi! dio arimak gorputzetik joan guran

Bizi! Eta ni jausi zuk hegan egiteko 

ni hil zu bizitzeko, hil zure zerupeko

eta hemen lo hartu zure lurraz liluran  

 

Baldin baduzu ikusten inoiz nire hobian

belar zakar artean lore apal xumea

hurrera ezpainera, musuka ene arima

senti dezadan samur hobiaren azpian

zure arnasa epela, zure gozaundea

 

Utz ilargiak nazan ikus argi ahulean

utz goizak jaurti dezan bere printza leuna

utz haizea kexuka bere oihu ilunean

eta hegaztiren bat badago gurutzean

utz kanta dezan lasai bere kantu deuna

 

Utz ura euri dagian eguzkiaren suak 

eta doan zerura nire oihu-aurrendari

utz lagunak negartzen nire azken goiztua

eta arratsean baldin banaiz nork otoiztua

otoitz zuk ere, Aberri, nitaz Jaungoikoari

 

Har itzazu otoitzean hildako ahantziak

oinaze mingarritan hilduran den mundutza

sumindutako ama dolura ebatziak

zurtzak eta alargunak, torturetan hautsiak

eta zeure burua, otoiztuz librakuntza.

 

Eta gauak duela hilerria ilun baten

hildakoak besterik ez daudela itzarri

ez eten haien lana, misterioa ez eten

entzungo duzu ziztu edo zitara joten:

ni naiz, Aberri maite, ni naiz zuri kantari

 

Eta inork ez dakien hau nire hilobi hau

ez harri ez gurutze badago ezin ondra

utz ezazu gizonak dezan golda eta simaur  

eta, hutsera doan bizi tristearen hauts,

izan nadila ni zuk zapaltzeko alfonbra

 

Zer ardura orduan banaute ere ahantzi

gurutzatuko ditut zure urak, zure aroa,

nota bat izango naiz zuk entzuteko garbi

abesti, lurrin, margo, intziri, marmar, argi

eten barik berritzen nire fede beroa

 

Filipinak maite, entzun ene azken adioa

aberri idolatratu, oinazearen erre

zurea duzu dena, guraso, amodioak,

borrero-esklaborik ez den hartara noa

han fedeak ez hiltzen, han Jainkoa errege

 

Adio anai-arrebak, ene arimaren zati

haur gineneko denak, galdutako etxea

neke ondoko etzan hau bekizue eskergarri

adio atzerriko ezti, adiskide, pozaldi

adio, maite zaituztet, atseden dut hiltzea

 

NIRE AZKEN ADIOA
Jose Rizal

Mi Último Adiós, 1896
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017