POESIARI ODA
Pablo Neruda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015

 

Berrogeita hamar urte inguru bidean

zurekin, Poesia.

 

Hasieran

oinak trabatzen zenizkidan

eta ahuspez jausten nintzen

lur ilunaren gainera

edo begiak lurperatzen nituen

lokatzean

izarrak ikusteko.

 

Geroago estu inguratu ninduzun

maitalearen beso biekin

eta nire odolean

igo zinen

aihen-belar baten erara.

Ostean

kopa

bihurtu zinen.

 

Ederra

izan zen

zu isurtzea ahitu gabe,

zure ur agortezina libratzea,

tanta bat bihotz erre batean jausi eta

errautsetatik berpizten zela ikustea.

Baina hura ere ez zen aski izan.

Hainbeste denboran zurekin

begirunea galdu nizun.

Ez zintudan jada ikusten

naiade lurruntsu gisa,

lixibagile lanetan jarri zintudan

okindegietan ogia saltzen,

andre-ehule xumeekin iruten

metalgintzan burdina jotzen.

 

Eta nirekin jarraitu zenuen

munduan zehar bidelagun,

baina zu ez zinen orduan

nire haurtzaroko

estatua loretsua.

Orain

ahots sendoaz mintzo zinen.

 

Zure eskuak

harriak bezalako gogorrak izan ziren.

Zure bihotza

kanpaien iturburu

oparoa izan zen,

ogia egin zenuen esku beteka,

konpainia

bilatu zenidan,

ez emakume bat,

ez gizon bat,

ezpada milaka, milioika.

 

Elkarrekin, Poesia,

joan ginen

borrokara, grebara,

desfilera, portuetara,

meatzera,

eta barre egin nuen irten zinelarik

bekokia ikatzez zikinduta,

edo zerrategietako zerrauts

usaintsuaz koroatuta.

Eta ez genuen bideetan lo egiten.

Langile aldrak genituen zain,

euren alkandora garbitu berri eta bandera gorriekin.

 

Eta zu, Poesia,

lehen tamalez hain lotsatia zinena,

aurrean

joan zinen,

eta guztiak

zure eguneroko izar jantziarekin

ohitu ziren,

zeren oinazturen batek zure familia salatu bazuen ere

zeure zeregina bete zenuen,

zeure ibilera jendeen ibileren artean.

 

Nik erabilgarria eta baliagarria izateko

eskatu nizun,

irina edo metala bezala,

goldea, lanabesa,

ogia eta ardoa

izateko prest, Poesia,

buruz buru borrokatzeko

eta odoletan jausteko prest.

 

Eta orain,

Poesia,

eskerrik asko, emaztea,

arreba edo ama

edo andregaia,

eskerrik asko, itsas olatua,

laranja-lorea eta bandera,

musika-motorra,

urrezko petalo luzea,

urpeko kanpaia,

aletegi

iraungiezina,

eskerrik asko,

nire egun

bakoitzeko lurra,

nire urteetako

zeru-lurruna eta odola,

zeren lagun izan zintudan

goratasun tirabiratsuenetik

behartsuen mahai soileraino,

zeren nire ariman

burdin zaporea

jarri zenuen

eta gero hotza,

zeren jende arrunten

maila ospetsura

jaso ninduzun,

Poesia,

zeren zurekin

higatzen nintzen neurrian

zuk jarraitu zenuen

zure freskotasun irmoa garatzen,

zure oldar gardena,

apurka-apurka

lur bihurtzen nauen denborak

nire kantuaren urak

betiko isurtzen utziko balitu bezala.

 

(Odas elementales, 1954)

 

POESIARI ODA
Pablo Neruda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015