KANTU BAT SIMEONENTZAT
T.S. Eliot

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 60. zkia
armiarma.eus, 2016

 

Jauna, erromatar hiazintoak ontzietan loratzen dira eta

neguko eguzkia narras dabil muino elurtuetan zehar;

urtaro hisituak geldialdi bat egin du.

Nire bizitza arina da, herio-haizearen aiduru,

luma bat nire esku ahurrean iduri.

Eguzki-argitan hautsa eta bazterretan oroitza

lur hilerantz izozturik dabilen haizearen beha dautza.

 

Iguzu zeure bakea.

Urte askoan ibilia naiz hiri honetan,

gorde dut fedea eta baraua, behartsuei diet sorotsi,

eman eta jaso dut onura eta hobaria.

Inoiz ez da inor nire etxeko atetik egotzi.

Nor oroituko da nire etxeaz, non biziko dira nire umeen umeak

oinazearen garaia iristen denean?

Ahuntzen bidea bilatuko dute eta azeriaren habia,
aurpegi eta ezpata arrotzetatik itzuri.

 

Lokarrien eta zigorren eta aieneen garaiaren aurretik

iguzu zeure bakea.

Atsekabezko mendiko egonaldien aurretik,

amaren oinazearen benetako orduaren aurretik,

heriotzaren garai sortu berrion,

utzi Haurrak, oraindik esaten eta esan ez den Mintzoak,

Israelen pozgarria dion

laurogei urte baina bihar-etzirik ez duen bati.

 

Zeuk hitzeman bezala.

Aintzatu egingo zaituzte eta gizaldi guztietan

sufrituko dute ospez eta laidoz,

argia argiaren gainean, dontsuen maila handiagotuz.

Enetzat ez martirioa, gogamen eta otoitzaren estasia,

enetzat ez azken ikuskaria.

Indazu zeure bakea.

(Eta ezpata batek bihotza zulatuko dizu,

zeurea ere bai).

Unaturik nago nire bizitzaz eta nire ondokoen bizitzez,

nire heriotzan eta nire ondokoen heriotzetan hiltzen ari naiz.

Utzi zeure otsein honi joaten,

salbamena ikusi ondoren.

 

KANTU BAT SIMEONENTZAT
T.S. Eliot

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 60. zkia
armiarma.eus, 2016