OINKADA MISTERIOTSUAK
G.K. Chesterton

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
Xerezadere artxiboak, 2015
armiarma.eus, 2015

 

      "Benetako Hamabi Arrantzaleak" klub fin hartako kideetako bat topatzen baduzu Vernon Hotelean sartzen klubaren urteko afarirako, erreparatuko duzu, berokia kentzen duenean, bere jaka berdea dela eta ez beltza. Zergatik galdetzen badiozu (horrelako izaki batekin mintzatzeko ausardia handia badaukazu), zerbitzari batekin nahas ez dezaten egiten duela erantzungo dizu seguruenik. Orduan, zurtuta alde egingo duzu. Baina argitu gabeko misterio bat eta kontatzeko moduko istorio bat utziko dituzu atzean.

      Nekez gertatuko den aburu horren ildo beretik joanda, aita Brown izeneko abade txiki, amultsu eta behargin bat aurkituko bazenu, eta galdetuko bazenio bere ustez zein den inoiz izan duen zoririk onena, seguruenik erantzungo luke denen gainetik bere arrakastarik handiena Vernon Hotelean izan zela, bertan krimen bat galarazi zuela eta, agian, arima bat salbatu, besterik gabe korridore batean urrats batzuk entzunez. Harrotasun apur bat sentitzen du (orduko) asmatze zoro eta harrigarri hargatik, eta baliteke zerbait aipatzea. Baina guztiz gertagaitza da zu gizarte-mailan "Benetako Hamabi Arrantzaleak" aurkitzeko nahikoa igotzea edo errebaletan eta kriminalen artean aita Brown aurkitzeko bezain beste jaistea, beraz, ez dut uste istorioa inoiz entzungo duzunik, nik ez badizut kontatzen.

      Vernon Hotela, non Benetako Hamabi Arrantzaleek urteko afariak egiten zituzten, gizarte oligarkiko batean baino existitu ezin daitekeen erakunde horietako bat da, manera onen inguruan ia burua galdu duen gizartean. Nahaste-borraste baten produktua zen, merkataritza enpresa "esklusiboa". Hau da, onura ateratzen zuten ez jendea erakarriz, baizik eta jendea uxatuz. Plutokrazia baten erdi‑erdian, merkatariak bezeroak baino erretxinagoak izateko bezain zuhurrak dira. Zailtasunak sortu egiten dituzte, euren bezero aberats eta nekatuek dirua eta diplomazia gasta ditzaten horiek gainditzen. Londresen egongo balitz metro eta laurogeitik azpiko gizonik sartzen uzten ez duen modako hotel bat, gizarteak metro eta laurogeiko gizonen taldeak sortuko lituzke otzan, bertan afaltzeko. Jatetxe garesti bat egongo balitz, jabearen burutasun hutsagatik eguen arratsaldetan baino zabalduko ez lukeena, leporaino beteko litzateke. Vernon Hotela, kasualitatez-edo, Belgraviako plaza bateko izkina batean zegoen. Hotel txikia zen, eta oso deserosoa. Baina bere deserosotasun horiexek klase jakin bat babesten zuten hormak ziren. Eragozpen bat, zehazki, garrantzi handikotzat jotzen zen: hogeita lau pertsonak baino ezin zuten bertan afaldu aldi berean. Mahai handi bakarra aire libreko terrazako mahai ospetsua zen, Londreseko antzinako lorategi batera begirako galeria-antzeko batean zegoena. Hortaz, mahai horretako hogeita lau eserlekuak eguraldi epelean baino ezin ziren erabili; horrek zailago egiten zuen gozamena eta, beraz, desiratuago. Garai hartan, Lever izeneko judu bat zen hotelaren jabea eta ia milioi bat ateratzen zion, sarrera zailtzearen prozeduraren bidez. Jakina, bere enpresaren muga hori funtzionamendurik dotoreenarekin uztartzen zuen. Ardoak eta sukalde-lana Europako onenetakoak ziren eta zerbitzarien jokabideak Ingalaterrako goi-mailako klasearen aldarte aldaezina islatzen zuen zehatz-mehatz. Jabeak bere eskuko atzamarrak bezala ezagutzen zituen zerbitzari guztiak; guztira, hamabost baino ez ziren. Askoz errazagoa zen Parlamentuko kide izatea lortzea hotel hartako zerbitzari izatea lortzea baino. Zerbitzari guztiak isiltasun beldurgarrian eta leuntasunean prestatzen ziren, zaldun baten morroiak balira bezala. Eta, izan ere, gutxienez zerbitzari bat egon ohi zen afaltzen ari zen gizon bakoitzeko.

      Benetako Hamabi Arrantzaleen klubak ez zukeen beste inon afaltzea onartuko, luxu handiko intimitatea exijitzen baitzuen, eta asko muturtuko ziren beste edozein klub eraikin berean afaltzen ari zenaren ideia soilarekin. Urteroko afariak zirela-eta, Arrantzaleek euren altxor guztiak erakusteko ohitura zeukaten, etxe pribatu batean baleude bezala, batez ere arrainerako aiztoen eta sardexken sorta ospetsua, hura baitzen, nolabait esateko, elkartearen intsignia; pieza bakoitza modu bikainean zegoen zilarretan landuta arrain baten forman, eta perla handi bat zeukan kirtenean. Sorta hori beti ateratzen zen arrain-platererako, eta arrain-plater hori beti zen berebizikoena berebiziko otordu hartan. Elkarteak zeremonia eta ohitura ugari zeukan, baina ez zeukan historiarik edo helbururik; horrexegatik zen hain aristokratikoa. Ez zenuen ezer izan beharrik Hamabi Arrantzaleetako bat izateko; lehendik ez bazinen mota jakin bateko pertsona, haien entzuterik ere ez zenuen edukiko. Baziren hamabi urte elkartea existitzen zela. Audley jauna zen presidentea eta Chester-eko dukea, presidenteordea.

      Hotel izugarri honetako giroa zelanbait adieraztea lortu badut, baliteke irakurleak harridura natural bat sentitzea eta hari buruzko ezer jakitera zelan heldu nintzen galdetzea, eta baliteke gogoeta egitea nire lagun aita Brown bezain pertsona xalo bat urrezko itsasontzi hartara heltzeko moduaz. Horri dagokionez, nire istorioa erraza da, baita arrunta ere. Munduan bada agitatzaile eta demagogo bat, oso zaharra, babesleku dotoreenetan informazio ikaragarri batekin sartzen dena, gizon guztiak anaiak direla. Demokrata hau bere zaldi zurbilean noranahi zihoala ere, aita Brownen zeregina zen atzetik joatea. Zerbitzarietako batek, italiarra bera, krisi paralitiko bat izan zuen arratsalde hartan eta bere ugazaba juduak, sineskeria haiekin apur bat txundituta, abade katoliko bat ekartzeko baimena eman zuen. Zerbitzariak aita Browni aitortu ziona ez zaigu axola arrazoi bikain batengatik, abadeak isilpean gorde zuelako. Baina, antza denez, ohar edo adierazpen bat idatzi behar izan zuen mezu bat jakinarazteko edo okerren bat zuzentzeko. Aita Brownek, hortaz, Buckinghameko jauregian ere erakutsiko zukeen ausarkeria otzan batekin, gela bat eta idazteko tresnak uztea eskatu zuen. Lever jauna erdibituta sentitu zen. Gizon adeitsua zen, baina adeitasunaren imitazio txar bat ere bazeukan: ez zituen atsegin zailtasunak edo liskarrak. Aldi berean, bere hotelean gau hartan ezezagun arraro bat edukitzea garbitu berri den gauza batean zikingune bat edukitzearen modukoa zen. Vernon Hotelean ez zen inoiz atarterik edo gelaurrerik egon, ez jenderik atarian zain, ez kasualitatez etorritako bezerorik. Hamabost ziren zerbitzariak. Hamabi ziren gonbidatuak. Gau hartan hotelean bezero berri bat aurkitzea ustekabekoa izango zen, norbere etxean anaia berri bat afaltzen edo tea hartzen aurkitzea bezalaxe. Gainera, abadearen itxura bigarren mailakoa zen eta lokatza zeukan arropetan; urrunetik begiztatuz gero krisia sor zezakeen klubean. Azkenean, Lever jaunak desohorea estaltzeko plan bat asmatu zuen, ezin baitzuen ezabatu. Vernon Hotelean sartzen zarenean (ez zara inoiz sartuko, baina), margolan graziagabeko baina garrantzitsu batzuekin dekoratutako korridore labur bat igaroko duzu, eta sarrera nagusira helduko zara; hori eskuinetara zabaltzen da egongeletara daramatzaten korridore batzuetara, eta ezkerretara antzeko beste korridore bat dago, hoteleko sukaldeetara eta bulegoetara joateko. Ezkerretara, berbertan, kristalezko bulego baten izkina dago, zeina sarreraren ondo-ondoan baitago: etxe barruko etxea, nolabait esateko; seguruenik han egon zen aurreko hoteleko taberna.

      Bulego horretan egon ohi zen jabearen ordezkaria (leku hartan denek zeukaten ordezkaria, posible bazen), eta bulegotik harago, zerbitzarien geletarako bidean, zaldunen arropategia zegoen, zaldunen agindupeko eremuaren azken muga. Baina bulegoaren eta arropategiaren artean gelatxo pribatu bat zegoen, beste irteerarik ez zeukana, jabeak batzuetan kontu delikatu eta garrantzitsuetarako erabiltzen zuena, esaterako duke bati mila libera uzteko edo txelin erdia uzteko eskariari ezetza emateko. Lever jaunaren tolerantzia bikainaren seinale da abade sinple bati leku sakratu hura ordu erdiz profanatzen utzi ziola, hark paper bat zirriborroz bete zezan. Aita Brown idazten ari zen istorioa hauxe baino askoz hobea zen, zalantza barik, baina ez da inoiz ezagutzera emango. Esan dezakedan gauza bakarra da ia hau bezain luzea zela, eta azken bi edo hiru paragrafoak ez zirela batere zirraragarriak eta erakargarriak.

      Izan ere, paragrafo horietara heldu zenean hasi zen abadea bere gogoetei alderrai ibiltzen uzten eta bere abere-zentzuei, zoli-zoliak izan ohi zirenak, esnatzen uzten. Iluntzen ari zen eta afaltzeko ordua izango zen laster; bere gelatxo ahaztuan ez zegoen argirik, eta agian itzalak, gero eta handiagoa, belarriak zabaldu zizkion. Aita Brownek bere agiriaren azken zatia eta garrantzirik gabekoena idatzi zuenean, konturatu zen kanpotik behin eta berriro zetorren zarata baten erritmoan ari zela idazten, batzuetan trenaren doinuarekin pentsatzen dugun moduan. Horretaz kargutu zenean, zer zen ulertu zuen: atearen ondotik igarotzen ziren oinen soinu errepikatua baino ez zen, eta hotel batean hori ez zen gauza ezohikoa. Hala ere, sabai ilunari begiratu zion eta soinuari kasu egin zion. Segundo batzuetan ametsetan bezala entzun ondoren, zutundu egin zen eta arretaz entzun zuen, burua alde batera apur bat okertuz. Gero berriro eseri zen eta aurpegia eskuetan sartu zuen, ez beste barik entzuteko, baizik eta entzuteko eta pentsatzeko.

      Kanpoan edozein unetan entzuten ziren pausoak edozein hoteletan entzun daitezkeenak bezalakoak ziren; eta, hala ere, osotasunean hartuta, oso arraroak ziren. Ez zen beste pausorik entzuten. Oso eraikin isila zen, ohiko bezeroak berehala joaten ziren beren geletara eta ondo prestatutako zerbitzariei ia-ia ikusezinak izateko esaten zieten, baten batek zeozer eskatu arte. Beste inon ezin zitekeen zailago izan irregulartasunik txikiena aurkitzea. Baina pauso haiek hain arraroak ziren ezin zela erabaki erregularrak edo irregularrak ziren. Aita Brownek atzamarrarekin jarraitu zituen mahaiaren ertzean, pianoan doinu bat ikasten ahalegintzen denaren antzera.

      Lehenengo, urrats txiki eta azkarren segida luzea etorri zen, gizon argal batek oin-lasterketa bat irabaztean egingo lukeena. Une jakin batean geratu eta aldatu egin ziren, balantzaka zihoan pauso gogorra eta geldo batera; orotara, denbora-tarte berean lau aldiz astiroago zihoan. Azken orpokadaren oihartzuna iraungi zen unean oin arin eta bizkorren segida edo olatua etorri zen, eta berriro pauso astunagoaren zarata isila. Zalantza barik, oinetako pare berbera zen, ez zegoelako beste oinetakorik inguruan (lehen esan dugun moduan), eta karraskada txiki baina berezi bat zeukatelako. Aita Brownen buruak galderak egiteari ekin zion, ezin zuen saihestu; eta galdera itxuraz hutsal haien aurrean, bere buruak ia leher egin zuen. Ikusiak zituen gizonak korrika, gero salto egiteko. Ikusiak zituen gizonak korrika, gero irrist egiteko. Baina, zergatik egingo luke gizon batek korrika, gero oinez joateko? Edo, beste alde batetik, zergatik joango litzateke oinez, gero korrika egiteko? Baina ez zegoen beste deskribapenik hanka ikusezin pare haren txorakerietarako. Gizonak korridorearen erdia arin-arin egiten zuen oinez, gero geldiro-geldiro joateko beste erdia; edo astiro-astiro egiten zuen mutur batean bestean azkar-azkar egiteko poza hartzeko. Azalpenetako batek ere ez zeukan zentzu handirik. Aita Brownen adimena gero eta ilunago zegoen, gela bezalaxe.

      Hala ere, temati pentsatzen hasi zenean, gelako iluntasunak berak argitu zituen bere gogoetak. Irudipen bat balitz bezala, oin fantastikoak ikusten hasi zen, korridorean itzulipurdika, jarrera sinbolikoetan edo naturaren kontrakoetan. Dantza erlijioso paganoren bat ote zen? Edo ariketa zientifiko berri-berriren bat? Aita Brownek zehaztasun handiagoarekin galdetu zion bere buruari zer iradokitzen zuten pausoek. Lehenik, pauso geldoa: ez zen, ez, jabearen urratsa. Mota horretako gizonek ahate-ibilera arin batekin joaten dira, edo eserita geldi egoten dira. Ezin zen zerbitzari bat edo aginduen zain zegoen mezulari bat izan. Ez zeukan horren antzik. Oligarkia batean, maila pobreenetakoak bilin-balanka joaten dira txolinduta daudenean, baina oro har, eta batez ere hura bezalako leku eder batean, zutunik edo eserita daude, behartutako jarrerarekin. Ez, pauso astun baina malgu hura, nolabaiteko enfasi arduragabekoa, ez bereziki zaratatsua baina zer zarata egiten zuen axola izan barik, mundu honetako animalia bati baino ez zegokion. Europako mendebaldeko zaldun batena zen, eta seguru aski bizitzeko inoiz lanik egin ez zuen batena.

      Iritzi sendo horretara heldu zenean, urratsa aldatu eta azkartu egin zen, eta atearen ondotik igaro zen arratoi bat bezain bizi. Entzuleak nabarmendu zuen pauso hau askoz bizkorragoa izan arren askoz isilagoa ere bazela, gizona ia oin-puntetan joango balitz bezala. Hala ere, ez zuen sekretuarekin lotu, ezpada beste gauza batekin, gogora ekarri ezin zuen gauza batekin. Sutan jarri zen bere erdi-oroimenak ergel baten moduan sentiarazten zuelako. Zalantza barik, nonbaiten entzuna zuen ibilera arraro eta arin hura. Bat-batean zutundu egin zen ideia berri batekin, eta aterantz joan zen. Gelatxoak ez zeukan irteera zuzenik korridorera, baina alde batek kristalezko bulegora ematen zuen, eta besteak arropategira. Bulegora zeraman atea zabaltzen ahalegindu zen, baina giltza emanda zeukan. Orduan leihotik begiratu zuen; orain ilunsenti gorribeltzak zatitutako hodei gorrindolaz beteriko beira karratua zen, eta une batez gaiztakeriaren usaina hartu zuen, txakurrak arratoien usaina hartzen duen moduan.

      Bere alde arrazionala (alderik zuhurrena izan ala ez) nagusitu zen berriro. Gogoratu zuen jabeak esan ziola ateari giltza emango ziola eta geroago joango zela bere bila. Bere buruari esan zion kanpoko zarata xelebre haiek bururatzen ez zitzaizkion hogei azalpen eduki zitzaketela; eta bere buruari gogoratu zion lana bukatzeko behar zuen argi nahikoa zegoela oraindik. Papera leihora eraman zuen arratseko argi ekaiztsua harrapatzeko eta ia bukatuta zegoen agirian murgildu zen buru-belarri. Hogei minutu inguru egon zen idazten, paperaren gainean gero eta makurtuago, argia urritzen ari baitzen; orduan, bat-batean zuzen eseri zen. Pauso arraroak entzun zituen berriro.

      Oraingoan hirugarren ezaugarri bitxi bat zeukaten. Lehen, gizon ezezaguna oinez ibili izan zen, hankarin eta tximista baino azkarrago, baina ibili. Orain korrika zihoan. Urrats azkarrak, leunak, saltariak entzun zitezkeen korridorean, ihes egiten ari den pantera baten kuxinak balira bezala. Zetorren pertsona oso gizon indartsua eta gogotsua zen, zirrara geldoan baina zorabiagarrian zegoena. Baina, soinua txarranbel xuxurlari baten moduan heldu zenean bulegoraino, bat-batean aldatu eta atzera etorri zen lehengo pauso motel, gogor eta ausarta.

      Aita Brownek papera utzi zuen eta, jakinik bulegoko atea giltzaz itxita zegoela, beste aldeko arropategira joan zen berehala. Bertako zerbitzaria ez zegoen, seguruenik gonbidatu bakarrak afaltzen zeudelako eta bere zeregina sinekura bat zelako. Berokien baso gris bat itsumustuka zeharkatu ondoren ikusi zuen arropategi ilun hura korridore argitsura zabaltzen zela, mostradore edo ate-erdi batekin, guk guztiok guardasolak emateko eta txartelak jasotzeko erabili izan ditugun mostradore gehienak bezalakoa. Zabalgune hartako arku erdizirkularraren gain-gainean argi bat zegoen. Oso gutxi argitzen zuen aita Brown eta silueta ilun bat zirudien atzean zeukan leiho ilunabartsuan. Baina antzokietako moduko argia botatzen zuen korridorean, arropategiaren ondoan, zegoen gizonaren gainera.

      Gizon dotorea zen eta oso etiketa-jantzi arrunta zeraman; altua zen, baina ez zirudien leku askorik okupatzen zuenik; sentsazioa ematen zuen geriza baten moduan irrista zitekeela gizon txiki asko ageriko eta oztopo izango liratekeen lekuan. Haren aurpegia, orain lanpararen argiaren azpian, beltzarana eta bizia zen, atzerritar baten aurpegia. Gorpuzkera ona zeukan; jokabidea, alaia eta segurua. Kritiko batek zerbait esatekotan, jaka beltza bere itxura eta jokabidearen azpitxotik zegoela esango luke, eta dunbuilo eta konkor bitxiak egiten zizkiola. Aita Brownen silueta beltza ilunabarrean ikusi zuenean, zenbakidun papertxo bat atera zuen eta aginte adiskidetsuarekin esan zuen: “Ekarri nire kapela eta berokia, mesedez. Joan egin behar dut oraintxe bertan.”

      Aita Brownek ahorik zabaldu barik hartu zuen papertxoa eta, esaneko, berokiaren bila joan zen. Ez zen morroi-lanetan aritzen zen lehenengo aldia. Berokia ekarri zuen eta mostradorean utzi zuen. Bitartean, gizon ezezagunak, txalekoaren poltsikoan bilatzen aritu zenak, barreka esan zuen: “Ez daukat zilarrik; tori hau.” Soberano erdi bat bota zuen, eta berokia hartu zuen.

      Aita Brownen gorputza ilun eta geldi geratu zen, baina une hartan burua galdu zuen. Bere buruak beti balio zuen gehiago galduta zeukanean. Horrelakoetan bi eta bi batzen zituen eta lau milioi ateratzen zitzaizkion. Sarritan eliza katolikoak (zentzunarekin ezkonduta dagoenak) ez zuen hori ondo ikusten. Sarritan berak ere ez zuen ondo ikusten. Baina benetako inspirazioa zen —oso garrantzitsua dena ez ohiko krisietan— burua galdu duen oro buruak salbatuko duelako.

      “Jauna, uste dut —esan zuen gizabidetsu—, badaukazula zilarra poltsikoan.”

      Gizon altuak begiratu egin zion. “Demontre —esan zuen—, urrea ematea nahiago badut, zergatik kexatu behar duzu?”

      “Zilarra urrea baino baliotsuagoa delako batzuetan —esan zuen abadeak gozotasunez—. Alegia, kantitate handietan.”

      Ezezagunak jakin-minez begiratu zion. Eta jakin-min handiagoarekin begiratu zuen korridorera, sarrera nagusirantz. Gero berriro begiratu zion aita Browni, eta arreta handiz begiratu zion aita Brownen buruaren atzean zegoen leihoari, ekaitzaren oskorriarekin oraindik koloratuta zegoena. Orduan, erabaki bat hartu zuela zirudien. Esku bat mostradorean jarri zuen, akrobata bat bezain erraz igaro zen gainetik eta abadearen ondoan gailendu zen, esku handi bat lepagoran jarrita.

      “Zaude geldi —esan zuen, xuxurla zakar batean—. Ez dizut mehatxurik egin nahi, baina…

      “Nik bai egin nahi dizut mehatxua —esan zuen aita Brownek, danbor durunditsu baten moduko ahotsarekin—, mehatxu egin nahi dizut hiltzen ez den harrarekin, eta itzaltzen ez den suarekin.”

      “Arropategiko arduradun bitxia zara”, esan zuen gizonak.

      “Abadea naiz, Flambeau jauna —esan zuen Brownek— eta zure aitorpena entzuteko prest nago.”

      Gizona arnasarik gabe geratu zen une batean eta gero aulki batean eseri zen balantzaka.

      Benetako Hamabi Arrantzaleen afariko lehen plater biak arrakasta lasaian igaro ziren. Ez daukat menuaren ale bat; eta edukiko banu ez lioke ezer adieraziko inori. Sukaldariek erabiltzen duten super‑frantses batean zegoen idatzita, zeharo ulertezina dena frantsesentzat. Klubeko tradizioetako bat zen hors d’oeuvres askotarikoak eta ugariak izan behar zirela, zoratzeko punturaino. Serioski hartzen ziren, argi eta garbi alferreko gehigarriak zirelako, afari osoa eta kluba bera alferrekoak ziren moduan. Beste tradizio bat zen zopak arina eta asmo handirik gabekoa izan behar lukeela, gero etorriko zen arrain-festarako bijilia sinple eta soil bat. Elkarrizketa solasaldi arraro eta leun horretakoa zen, britainiar inperioa gobernatzen duena, isilpean gobernatzen duena, eta hala ere ingeles arrunt batentzat nekez izango litzateke argigarria, ustekabean entzungo balu. Alde bietako ministroak bataio-izenarekin aipatzen ziren, onberatasun aspertu batekin. Ogasuneko ministro erradikala, ustez alderdi kontserbadore osoak madarikatzen zuena bere ordainarazpenak zirela-eta, idazten zituen olerkitxoengatik edo ehizaldietan erabiltzen zuen zelagatik goraipatzen zuten. Alderdi kontserbadoreko buruzagia, ustez liberal guztiek tiranoa izateagatik gorrotatzen zutena, aztertu egiten zen eta, oro har, laudatu, liberala zelako. Bazirudien politikoak oso garrantzitsuak zirela. Eta, hala ere, haien inguruko edozer zen garrantzitsua haien politikak izan ezik. Audley jauna, presidentea, gizon zahar eta adeitsua zen, eta oraindik erabiltzen zituen Gladstone estiloko idunekoak; gizarte itxurazko eta zurrun haren ikurra zirudien. Inoiz ez zuen ezer egin, ez eta gauza txarrik ere. Ez zen xahutzailea; ez eta bereziki aberatsa ere. Saltsaren erdian zegoen; eta kito. Alderdiek ezin zuten bazter utzi, eta Kabinetean egon nahi izan balu, hantxe ipiniko zuten, ez izan zalantzarik. Chester-eko dukea, presidenteordea, politikari gazte eta etorkizun handikoa zen. Esan nahi baita, gizon gazte atsegina zela, ile leun eta horia eta aurpegi pekatsua, hala moduzko adimena eta sekulako jabetzak zeuzkala. Jendaurrean, bere agerpenak beti ziren arrakastatsuak eta bere araua oso erraza zen. Ateraldi bat okurritzen zitzaionean esan egiten zuen, eta bikaina zela esaten zuten. Ateraldirik ez zitzaionean okurritzen esaten zuen ez zela txantxetarako garaia, eta trebea zela esaten zuten. Pribatuan, bere klasekoen klub batean, atsegina, egiazalea eta inozoa zen, eskola‑ume baten moduan. Audley jauna, politikan inoiz ibili ez zena, apur bat serioago mintzatzen zen politikari buruz. Batzuetan taldekoak lotsarazten zituen, liberalen eta kontserbadoreen artean alderen bat zegoela iradokiz esaldi batzuekin. Bera kontserbadorea zen, bai eta bizitza pribatuan ere. Kokotearen gainean ile-mataza grisa zeukan, antigoaleko estatu-politikari batzuen gisara, eta atzetik begiratuta inperioak nahi duen gizona zirudien. Aurrez aurre begiratuta mutilzahar apatza zirudien, barkabera bere buruarekin, Albany hotelean ostatu hartzen zuena; eta halaxe zen.

      Lehen esan dugun moduan, hogeita lau eserleku zeuden terrazako mahaian, eta klubean hamabi bazkide baino ez. Horrela, bada, terraza guztiz eroso eta zabal okupa zezaketen, mahaiaren barruko aldean lerrokatuta, inor ez aurrean, lorategiko ikuspegi etenbakoa begiztatuz, zeinaren koloreak oraindik zeuden bizi-bizi, nahiz eta iluntzen ari zuen, apur bat distiratsu urtearen sasoirako. Presidentea lerroaren erdian esertzen zen, eta presidenteordea eskuineko muturrean. Hamabi gonbidatuak tropelka joaten zirenean eserlekuetara ohitura zen (batek daki zergatik) hamabost zerbitzariak hormaren ondoan errenkadan egotea erregeari armak aurkezten dauden soldaduak balira bezala, eta jabe gizenak klubekoen aurrean burua makurtzen zuen ustekabe alai batekin, haiei buruz inoiz ezer entzun ez balu bezala. Baina aiztoen eta sardexken lehen txilin-hotsa entzun baino lehen zerbitzarien armada hura desagertua zen, platerak azkar batean eta berebiziko isiltasunean jasotzeko eta banatzeko behar ziren bat edo bi izan ezik. Lever jauna, jabea, askoz lehenago ezkutatu zen kortesiazko konbultsioen artean. Gehiegizkoa izango litzateke, bai eta errespetubakoa ere, uneren batean berriro benetan agertzen zela esatea. Baina plater garrantzitsua, arraina, ekartzen zutenean, bazegoen —zelan esango nuke?— itzal bizi bat, haren nortasunaren proiekzio bat, inguruan zegoela adierazten zuena. Arrainaren plater sakratua (jende xehearen begietara) ikara emateko moduko budina zen, eztei-pastel baten neurri eta tankerakoa, non arrain interesgarrien kopuru handi batek Jaungoikoak eman zien itxura galdu baitzuen. Benetako Hamabi Arrantzaleek arrain-aizto eta arrain-sardexka ospetsuak hartu zituzten eta modu serioan gerturatu ziren, budinaren zentimetro bakoitza hura jateko erabiltzen zituzten zilarrezko sardexkak bezain garestia balitz bezala. Eta halaxe zen, nik dakidanez. Plater hura isiltasun sutsu eta irenslearekin bideratu zuten; eta bere platera ia‑ia hutsik zegoenean egin zuen duke gazteak ohiko oharra: “Beste inon ezin da hau egin, hemen baino.”

      “Inon ez”, esan zuen Audley jaunak, ahots baxu eta sakonean, hizlariarengana jiratuz eta bere buru benerablea zenbait aldiz makurtuz. “Inon ez, zalantza barik, hemen baino. Esan zidaten Anglais kafetegian…

      Orduantxe platera kendu zioten eta horrek une batez geldiarazi zuen, bai eta artegatu ere, baina bere pentsamenduen hari baliotsua berreskuratu zuen. “Esan zidaten gauza bera egin zezaketela Anglais kafetegian. Antzik ere ez, jauna”, esan zuen, burua errukirik gabe mugituz, epaile zorrotz baten moduan. “Antzik ere ez.”

      “Balio handiegia ematen diote leku horri”, esan zuen Pound koronel zelako batek, zeukan itxuragatik zenbait hilabetetan lehenengoz hitz egiten zuenak.

      “A, ez dakit, bada —esan zuen Chester-eko dukeak, optimista zenak—,  egundokoa da gauza batzuetarako. Ezin dute gainditu zerean...”.

      Zerbitzari bat gelan sartu zen azkar, eta bat-batean gelditu zen. Gelditze hura bere urratsak bezain isila izan zen; baina gizon alfer eta adeitsu haiek hain zeuden ohituta beren bizitzak inguratzen eta eusten zituen makineria ikusezinaren leuntasun perfektura, non zerbitzari batek ustekabeko gauzaren bat egiteak ikara eta zirrara sortu baitzituen. Mundu bizigabeak desobedituko balu, aulki bat korrika hasiko balitz, zu eta ni sentituko ginatekeen bezala sentitu ziren.

      Zerbitzaria begira geratu zen segundo batzuetan, eta mahaikoen aurpegi guztietan lotsa arraro bat sakondu zen, gure garaiko emaitza bereizgarria dena. Humanismo modernoaren eta aberatsen eta pobreen arteko amildegi moderno eta ikaragarriaren uztarketa da. Benetako aristokrata historiko batek gauzak botako lizkioke zerbitzariari, botila hutsekin hasita eta seguru aski diruarekin amaituz. Benetako demokrata batek galdetu egingo lioke, adiskidantzaz betetako argitasunarekin, zer demontre ari zen egiten. Baina plutokrata moderno haiek ezin zuten jasan gizon pobre bat hurbil edukitzea, esklaboa nahiz laguna izan. Zerbitzarien artean zeozer gertatu izana lotsaizun aspergarri eta zakarra besterik ez zen. Ez zuten gupidagabeak izan nahi, eta onberak izateko beharraz beldur ziren. Nahaste hura, edozein zela ere, bukatzea nahi zuten. Bukatu egin zen. Zerbitzaria, segundo batzuetan kataleptiko bat bezain tente egon ondoren, jiratu egin zen eta korrika irten zen gelatik.

      Gelan, edo hobe esan atean, agertu zenean berriro, beste zerbitzari baten konpainian izan zen, zeinarekin marmarrean eta keinuka aritu baitzen hegoaldeko bizitasunarekin. Gero lehen zerbitzaria joan egin zen, bigarrena bertan utzita, eta hirugarren zerbitzari batekin etorri zen. Laugarren zerbitzari batek sinodo bizkor harekin bat egin zuenean, Audley jaunak pentsatu zuen isiltasuna apurtu beharra zegoela sotiltasunaren interesean. Oso eztul ozena erabili zuen, presidentearen mailuaren ordez, eta esan zuen: “Lan bikaina ari da Moocher gaztea Birmanian egiten. Munduko ezein naziok ezingo luke…

      Bosgarren zerbitzari bat etorria zen suziria bezala harengana, eta belarrira xuxurlatu zion. “Barkatu. Garrantzitsua! Jabeak zurekin hitz egin al dezake?

      Presidentea nahastuta jiratu zen, eta begirada turditu batekin Lever jauna ikusi zuen berengana etortzen berea zuen azkartasun astunez. Jabe onaren ibilkera ohikoa zen, baina haren aurpegia ez zen batere ohikoa. Gehienetan kobre-koloreko marroi aparta zen; orain hori zurbila zen.

      “Barkatuko didazu, Audley jauna —esan zuen, itolarri asmatikoarekin—. Beldur handia daukat. Zuen arrain-platerak, sardexkak eta aiztoak bertan zirela kendu dituzte!

      “Bai, hala espero dut”, esan zuen presidenteak, amultsutasun apur batekin.

      “Ikusi duzue bera? —esan zuen arnasestuka hoteleko jabeak—; platerak kendu dituen zerbitzaria ikusi duzue? Ezagutzen al duzue?

      “Zerbitzaria ezagutu? —erantzun zuen Audley jaunak suminduta—. Ez horixe!

      Lever jaunak eskuak zabaldu zituen agoniazko keinu batekin. “Nik ez dut bidali —esan zuen—. Ez dakit noiz edo zergatik etorri den. Nire zerbitzaria bidali dut platerak kentzera, eta ez zeudela ikusi du.”

      Audley jauna txundituegi zegoen inperioak nahi duen gizona izateko; taldeko inork ezin zezakeen ezer esan egurrezko gizonak, Pound koronelak, izan ezik. Naturaren aurkako bizitza batean galbanizatuta zegoela zirudien eta zurrun altxatu zen aulkitik, gainerakoak eserita zeuden bitartean, monokuloa tinkatu zuen begian, eta ahots latzarekin mintzatu zen, berba zelan egiten den erdi-ahaztuta balu bezala. “Esan nahi duzu —esan zuen—, norbaitek gure zilarrezko mahai-tresnak ostu dituela?

      Jabeak esku irekien keinua errepikatu zuen ezintasun handiagoarekin eta ziztu batean mahaiko gizon guztiak zutitu ziren.

      “Hemen al daude zure zerbitzari guztiak?” galdetu zuen koronelak, bere ahots baxu eta zakarrarekin.

      “Bai; denak daude hemen. Horretaz jabetu naiz —esan zuen duke gazteak, bere aurpegi gaztea barru-barruko taldean sartuz—. Beti zenbatzen ditut etortzen naizenean; hain itxura xelebrea daukate hormaren kontra zutik.

      “Hala ere, ez da erraza ondo gogoratzea”, hasi zen Audley jauna, zalantza handiarekin.

      “Zehatz-mehatz gogoratzen dut, benetan”, esan zuen dukeak asaldatuta. “Inoiz ez dira hamabost zerbitzari baino gehiago egon leku honetan, eta ez dira hamabost baino gehiago egon gaur, zin dagit; ez gehiago ez gutxiago.”

      Jabea harengana jiratu zen, ustekabeko paralisi moduko batekin dardarka. “Diozu, zuk diozu —esan zuen totelka—, nire hamabost zerbitzariak ikusi dituzula?

      “Beti bezala —baietz esan zuen dukeak—. Garrantzitsua al da hori?

      “Ez —esan zuen Lever-ek, azentua sakonduz—, baina ezinezkoa da. Zerbitzarietako bat hilda dago goian.

      Une batez isiltasun beldurgarria egin zen gela hartan. Agian (heriotza hitza hain da naturaz gaindikoa) gizon alfer haietako bakoitzak bere arimari begiratu zion, eta ihartutako ilar txiki bat bezala ikusi zuen. Batek —dukeak, uste dut— hauxe esan zuen aberastasunaren adeitasun ergelarekin: “Zeozer egin dezakegu?

      “Abade bat izan da berarekin”, esan zuen juduak, hunkituta.

      Orduan, azken judizioko tronpetak jo izan balu bezala, egoeraz jabetu ziren. Une bitxi batzuetan benetan sentitu zuten hamabosgarren zerbitzaria goian hilik zegoen gizonaren mamua izan zitekeela. Tontotuta geratu ziren estualdi hartan, mamuak eragozpen bat zirelako haientzat, eskaleak diren bezala. Baina zilarraren oroitzapenak mirarien sorginkeria apurtu zuen, brastakoan eta erreakzio basati batekin. Koronelak aulkia jaurti zuen eta aterantz joan zen salto batean. “Lagunok, hemen hamabosgarren gizon bat izan bada —esan zuen—, hamabosgarren hori lapurra da. Joan berehala aurreko eta atzeko ateetara eta itxi dena; gero egingo dugu berba. Merezi du klubeko hogeita lau perlak berreskuratzea.

      Hasieran bazirudien Audley jauna zalantzan zela zaldun batentzat egokia ote zen hainbeste presa izatea ezerengatik; baina, dukea ikusi zuenean tximista bezala eskaileratik behera gaztaroko indarrarekin, abiadura helduago batekin jarraitu zion.

      Une berean seigarren zerbitzari bat korrika sartu zen, eta esan zuen arrain-plateren sorta arasa batean aurkitu zuela, baina zilarrezko mahai-tresnen aztarnarik gabe.

      Mahaikideen eta zerbitzarien tropela korridoreetatik joan zen itsumustuan eta talde bitan banatu zen. Arrantzalerik gehienek jabeari jarraitu zioten aurreko gelara, inork irten zuen ala ez galdetzera. Pound koronelak, presidenteak, presidenteordeak eta beste batek edo bik zerbitzarien geletara zeraman korridorera jo zuten, ihes egiteko bide errazagoa zelakoan. Eta hori egitean arropategiaren zulogune edo gelatxo ilunaren ondotik igaro ziren eta gizon txiki bat ikusi zuten, beltzez jantzia, seguru aski mirabe bat, bertako itzaletan.

      “Aizu! —esan zuen dukeak—. Inor hemendik pasatzen ikusi al duzu?

      Gizon txikiak ez zion galderari zuzenean erantzun, beste barik esan zuen. “Agian neuk daukat bilatzen ari zaretena, jaunok.

      Gelditu egin ziren, zalantzati eta harrituta, eta gizona arropategiaren atzeko aldera joan zen isilik, eta itzuli zenean esku biak zilar distiratsuz beteta ekarri zituen, eta mostradorean utzi zuen saltzaile baten patxadarekin. Zilarra itxura ikusgarriko dozena bat sardexka eta aizto ziren.

      “Zuk…, zuk…” hasi zen koronela, apur bat zurtuta azkenik. Gela txiki eta ilunean begiratu zuen eta gauza bi ikusi zituen: lehenengo, gizon txiki eta beltzez jantziak abadearen arropak zeramatzala; eta, bigarrena, atzeko gelako leihoa zartatuta zegoela, baten batek indarkeriaz zeharkatu izan balu bezala. “Gauza baliotsuak dira arropategi batean uzteko, ezta?” azpimarratu zuen abadeak, lasaitasun alaiarekin.

      “Zuk, zuk ostu dituzu gauza horiek?” esan zuen totelka Audley jaunak, adi-adi.

      “Nik ostu baditut —esan zuen abadeak adeitasunez—, itzultzen ari naiz behintzat.

      “Baina ez zara zu izan”, esan zuen Pound koronelak, oraindik apurtutako leihoari begira.

      “Dena aitortu behar badut, ez naiz ni izan”, esan zuen abadeak, umoretsu. Eta aulkitxo batean eseri zen seriotasuna erakutsiz. “Baina zuk badakizu nor izan den”, esan zuen koronelak.

      “Ez dakit haren benetako izena —esan zuen abadeak baketsu—, baina badakit apur bat borrokarako daukan indarraz eta asko bere zailtasun espiritualei buruz. Iritzi fisikora ni itotzen ahalegindu denean heldu naiz, eta iritzi moralera damutu denean.

      “A, arraioadamutu!” oihu egin zuen Chester gazteak, barre-ikara batekin.

      Aita Brown zutitu egin zen eta eskuak atzean lotu zituen. “Bitxia da, bai —esan zuen—, lapur eta eskeko bat damutu izana, aberats eta seguru diren asko eta asko gogorrak eta kaskarinak diren bitartean, Jaungoikoarentzat edo gizakiarentzat antzu. Baina hor, barkatzen badidazue, nire arloan sartzen zarete. Penitentzia ekintza praktikoa dela zalantzan jartzen baduzue, hor dauzkazue zuen aiztoak eta sardexkak. Benetako Hamabi Arrantzaleak zarete, eta hor daude zuen zilarrezko arrain guztiak. Baina Jaungoikoak gizakien arrantzale egin nau ni.

      “Gizon hori harrapatu duzu?”, galdetu zuen koronelak, bekoki ilunarekin.

      Aita Brownek aurpegi zimurtura begiratu zion. “Bai —esan zuen—, harrapatu dut, amu ikusezin eta ezin ikusizko hari batekin; haria gizon hori munduaren amaieraraino joaten uzteko bezain luzea da, baina berriro ekar daiteke tirakada batekin.

      Isilune luzea izan zen. Bertan zeuden gainerako gizon guztiak joan egin ziren berreskuratutako zilarra beste kideei eramateko, edo jabeari gauzak zertan ziren galdetzeko. Baina aurpegi garratzeko koronelak mostradorean zeharka eserita jarraitu zuen, zango luzeak kulunkatuz eta bibote ilunari haginka.

      Azkenean, lasai esan zion abadeari: “Gizon azkarra izan behar du, baina uste dut azkarrago bat ezagutzen dudala.

      “Gizon azkarra zen —erantzun zuen abadeak— baina ez nago seguru nor ote den zuk diozun bestea.

      “Zeu zara —esan zuen koronelak, barre labur batekin—. Ez dut gizon hori presondegian ikusi nahi; zaude lasai horregatik. Baina hamaikatxo zilarrezko aizto emango nituzke kontu honetan zelan erori zaren zehatz-mehatz jakitearren, eta zelan berreskuratu duzun lapurtutakoa. Nire ustez, talde honetako deabrurik eguneratuena zara.

      Aita Browni gustatu zitzaion soldaduaren zintzotasun goibela. “Tira —esan zuen, irribarrez—, ez dizuet gizonaren nortasunari buruzko edo haren istorioari buruzko ezer esan behar, noski; baina ez dago arrazoirik nik neuk aurkitu ditudan gertakari osagarrien berri ez emateko.

      Mostradorearen gainetik ezusteko bizkortasunez egin zuen salto eta Pound koronelaren ondoan eseri zen, hankatxoak hesi batean dagoen ume bat balitz bezala ostikoka. Istorioa kontatzen hasi zen, aspaldiko lagun bati gabonetako suaren ondoan kontatzen arituko balitz bezain erraz.

      “Begira, koronela —esan zuen—, horko gelatxo horretan egon naiz gauza batzuk idazten, eta korridore honetan oin pare bat entzun dut, heriotzaren dantza bezain xelebrea zen dantza bat egiten. Lehenengo urrats arin, txiki eta barregarri batzuk etorri dira, gizon bat behatz‑puntetan arrisku bat hartzera joango balitz bezala; gero, urrats geldo, arduragabeak, karraskariak etorri dira, gizon handi bat puru batekin paseatzen ari denean bezala. Baina oin berberek egiten zituzten, zin dagit, eta txandaka etortzen ziren; lehengo korrikaldia eta gero ibilaldia, eta berriro korrikaldia. Neure buruari galdetu diot, lehenik arretarik jarri gabe eta gero ernegatuta, zergatik antzeztu behar lituzkeen gizon batek bi rol horiek batera. Ibilkera bat ezagutzen nuen; zeurea bezalakoxea zen, koronela. Zerbaiten zain dagoen gizon prestu eta osasuntsu baten ibilkera zen, paseoan dabilena fisikoki erne dagoelako eta ez burua urduri daukalako. Banekien beste ibilkera ere ezagutzen nuela, baina ezin nuen gogoratu zer zen. Zer izaki zoro topatu dut nire bidaietan behatz‑puntetan eta modu sinestezin horretan ibiltzen dena korrika? Orduan plateren txilin-hotsa entzun dut hor nonbait; eta erantzuna San Pedrorena bezain argi agertu zait. Zerbitzari baten ibilkera zen —gorputza aurrerantz makurtuta, beherantz begira, behatzen puntekin lurra mespretxatuz, frakaren hegala eta mahai-zapia hegaz—. Minutu batez pentsatu dut, eta gero beste minutu erdiz. Eta uste dut ikusi dudala zelan egin den delitua, hura egitera ni neu joango banintz bezain argi.

      Pound koronelak adi-adi begiratu zion, baina hizlariaren begi grisak sabaian zeuden finkatuta tristura hutsarekin.

      “Delitu bat —esan zuen astiro—, edozein arte-lanen modukoa da. Ez harritu; delituak ez dira infernuko tailer batetik ateratzen diren arte‑lan bakarrak. Baina arte-lan guztiek, jainkotiarrak ala deabruarenak izan, ezinbesteko marka bat daukate —esan nahi dut, lanaren muina sinplea dela, prozedura konplexua izan arren—. Hortaz, Hamlet-en, esaterako, lurperatzailearen groteskotasuna, neska eroaren loreak, Osric-en distira zoragarria, mamuaren zurbiltasuna eta burezurraren irribarrea, denak dira nabarmenkeriak beltzez jantzitako gizon baten figura sinple eta tragikoaren inguruko kiribil korapilatsu moduko batean. Bada, hau ere —esan zuen, aulkitik astiro eta irribarrez altxatuz—, hau ere beltzez jantzitako gizon baten tragedia sinplea da. Bai —jarraitu zuen, koronelak harriduraz begiratzen zuela ikusita—, kontu hau guztia jaka beltz bati buruzkoa da. Hemen ere, Hamlet-en moduan, eskrezentzia rokokoak daude — zuek, esan dezagun—. Hildako zerbitzaria dago, hor zegoena hor ezin zenean egon. Zuen mahaia zilarrez garbitu eta desagertu den esku ikusezina dago. Baina, funtsean, delitu adimentsu guztiak oinarritzen dira gertakari sinple batean —berez misteriotsua ez den gertakari batean—. Engainua hura estaltzeko da, gizakiaren pentsamenduak handik urrun eramateko. Delitu handi eta trebe eta (inguruabar normalean) oso errentagarri hau gertakari sinple batean eraiki da: zaldun baten etiketa-jantzia eta zerbitzari batena berdin-berdinak dira. Gainerako guztia antzezpena izan da, antzezpen bikaina, bai horixe.

      “Hala ere —esan zuen korolenak, altxatuz eta oinetakoei bekokia zimurtuz—, ez dakit ondo ulertu dudan.

      “Koronela —esan zuen aita Brownek—, ziurtatzen dizut zure sardexkak ostu dituen lotsabakotasunaren goiangeru hori korridore honetan ibili dela hara eta hona hogei bider lanpara guztien argitan, begi guztien bistan. Ez da ezkutatu bazter ilunetan, non susmoa bere bila joan zitekeen. Korridore argiztatuetan ibili da etengabe, eta egon den leku guztietan bere eskubidez zegoela zirudien. Ez galdetu niri zelakoa den; zuk zeuk sei edo zazpi bider ikusi duzu gaur iluntzean. Gainerako pertsona handiekin batera zain egon zara zu korridore honen amaieran dagoen harrera-gelan, terraza apur bat harago dagoelarik. Zuen zaldunen artera etorri denean, zerbitzari baten eran etorri da, oinaztargia bezala, burua makur, ahozapia hegaz eta oinak arin. Terrazara irten du, mahai-zapiari zeozer egin dio, eta bulegorantz eta zerbitzarien geletarantz joan izan da bizkor. Bulegoko langilearen eta zerbitzarien begietara agertzen zenerako beste gizon bat zen gorputzaren zentimetro guztietan, keinu instintibo guztietan. Zerbitzarien artean paseatu du, denek beren nagusiengan ikusten duten lotsagabekeria distraituarekin. Haientzat ez da gauza berria afariko jende fina etxeko leku guztietatik ibiltzea, animalia batek zoologikoan egiten duen moduan; badakite jende dotorearen ezaugarririk nabarmenena dela haiek aukeratzen duten lekura joateko ohitura. Korridore zehatz horretatik ibiltzeaz ederto aspertuta egon denean jiratu eta bulegoaren aurretik igaro da; hortxe dagoen arkuaren itzalpean aldatu egin da, magia balitz bezala, eta Benetako Hamabi Arrantzaleen artera itzuli da presaka, esaneko zerbitzari bihurtuta. Zergatik begiratu behar lioke zaldun batek zerbitzari bati? Zergatik hartu beharko lukete zerbitzariek hara-hona dabilen lehen mailako zaldun baten susmoa? Behin edo birritan trikimaina lotsabakoak egin ditu. Jabearen gela pribatuetan soda‑uraren sifoi bat eskatu du arduragabeki, egarri zela esanez. Berak eramango duela esan du adeitsu, eta hala egin du; zuen artetik igarota eraman du, azkar eta ongi, zerbitzari bat mandatu nabari batekin. Noski, hori guztia ezin zen gehiegi luzatu, baina arrain-plateraren bukaeraraino baino ez zen luzatu behar.

      “Unerik txarrena zerbitzariak ilaran zeudenean izan da. Baina orduan ere izkinan geratzeko konpondu da, horman bermatuta, halako moduan non une garrantzitsu horretan zerbitzariek zalduna dela pentsatu duten, eta zaldunek zerbitzaria dela. Gainerakoa erraz‑erraza izan da. Zerbitzari batek mahaitik urrun harrapatuz gero, zerbitzariak aristokrata gogogabe bat harrapatzen zuen. Arraina mahaitik kendu aurretik minutu biko tartea zaindu besterik ez du egin behar izan, bizkor-bizkor zerbitzari bihurtu eta mahaia berak garbitu. Platerak arasa batean utzi ditu, zilarreria bularreko poltsikoan sartu, konkorrak sortuz, eta erbia bezala egin du korrika (etortzen entzun dut) arropategira iritsi arte. Han berriro plutokrata bat izan behar zuen, presazko konturen bategatik bat-batean alde egin behar zuen plutokrata. Nahikoa zen arropategiko langileari txartela ematea eta sartu den bezain dotore ateratzea. Baina, baina ustekabean neu izan naiz arropategiko langilea.

      “Zer egin diozu? —egin zuen oihu koronelak, gogo biziz—. Zer esan dizu?

      “Barkatu, arren —esan zuen abadeak irmo—, hortxe bukatzen da istorioa.

      “Eta istorio interesgarria hasten da —murmurikatu zuen Poundek—. Uste dut haren trikimailu profesionalak ulertzen ditudala, baina ez ditut zureak aditzen.”

      “Joan egin behar dut”, esan zuen aita Brownek.

      Elkarrekin joan ziren korridoretik sarreraraino, eta Chester-eko dukearen aurpegi fresko eta pekatsua ikusi zuten, haiengana saltoka eta baikor zihoala.

      “Zatoz, Pound —esan zuen arnasestuka—. Zure bila ibili naiz leku guztietan. Afariari ekin diogu berriro distiratsu eta Audley zaharrak diskurtsoa egin behar izan du sardexkak salbatu izanaren ohorez. Zeremonia berriren bat hasi nahi dugu, badakizu, okasioaren oroitzapena egiteko. Nire ustez, zeuk berreskuratu dituzu ondasunak, zer iradokitzen duzu?”

      “Tira —esan zuen koronelak, onarpen burlati moduko batekin—, nik proposatuko nuke hemendik aurrera jaka berdeak eramatea, beltzen ordez. Inoiz ez dakizu zer errakuntza sor daitezkeen zerbitzari baten itxura daukazunean.

      “A, zer demontre! —esan zuen gazteak—, zaldun batek inoiz ez dauka zerbitzari baten itxura.

      “Ez eta zerbitzari batek zaldunarena, ezta? —esan zuen Pound koronelak, aurpegian irribarre kopetilun bera zeukalarik—. Abade jauna, zure lagunak azkarra izan behar du zaldun baten jokabidea antzezteko.

      Aita Brownek beroki arruntaren botoi guztiak lotu zituen, gaua ekaiztsua baitzen, eta bere guardasol arrunta hartu zuen esekitokitik.

      “Bai —esan zuen—; lan gogorra izango da zalduna izatea; baina, badakizu, batzuetan pentsatu izan dut agian hori bezain neketsua izan daitekeela zerbitzaria izatea.”

      Eta “Gabon,” esanez gozamenen jauregi hartako ate astunak zabaldu zituen. Urrezko ateak bere atzean zarratu ziren eta bizkor joan zen kale heze eta ilunetan, penike bateko omnibus baten bila.

 

OINKADA MISTERIOTSUAK
G.K. Chesterton

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
Xerezadere artxiboak, 2015
armiarma.eus, 2015