BLUMENFELD-EN HIRUROGEITA HAMARGARREN URTEBETETZEAN Dena esan dut jada eta ez dut kantatzeko besterik: propagandista eta liderra eta oratoriaren maisua, izpirituaren arkitektoa, hezitzailea: maisua eta oharrarazlea, profeta eta ganbara musikako zuzendaria, garai baten adierazlea, iraultzaile kontserbadorea eta beti deskontent, erdibideen destainari, haserrekorra, atsegina, xarmagarria, begi distiratsuak eta sibarita handi bat gozamen onen zalea, aliantzan anai eta erasotzailea eta xaxatzailea, ikertzailea eta aztertzailea, eternitatearen balioekin eta orainaldiko lanarekin, indartsuak soilik egin ditzake aliantzak, aita patuari maitasuna, eta amari eta aitonari, eta seme-alabei eta bilobei, iraultza pazientziaz, ekialdearen eta mendebaldearen dibana eta Hatem eterno bat, eta funtsezkoa dena: balio judutarren egilea, Ranke-rekin eta Burckhardt-ekin, eta Fichtek nazioaz zituen Diskurtsoekin. Zer gehiago esan dezaket, zezelka dezaket, zure aurrean? Deserrotzen handia eta muturrera eramaten lagunak, beti dutelako beldurra, izuagatik ala dardaragatik, sumendien labaren erupzioagatik arerioek eta etsaiek zentzugabekeriekin erreplikatzen duten aldiro. O, maisua eta laguna, askori ahaztu zaie zure giza profila marraztea zeren, distantziarengatik eta uzkurkeriarengatik, otoizlariak eta adoratzaileak direnez, apaiz atseginak direnez, esker onez, beren idolo gurtuaren sakrifizioari topa egiten diotela.
Eta halako batean, hiri ezagun baten azokaren plazaren erdian geunden, han ikasi genuen eta han bizi ginen, eta han ikasi eta egin genuen historia, eta gaua oso sakona zenez patxada hartzera joan nahi izan genuen, baina despedida hau berriz ere eleberri eta erromantze bihurtu zen, zeren amaitu beharrean zu berriz ere hasten zinen, zu berriz hasten zinena: besteek gauzak bukatu zirela uste zutenean, eguneko lana bukatu zela, pentsamendu berriekin esnatzen zinen, eta guk entzuten zintugun lilurarekin, jakintza sokratikoarekin, eta gustuz men egiten genion geure gida gorenari. Geldiki logureak menderatzen gintuen eta zu gaueko oharrarazlea bihurtzen zinen.
Eta nola esertzen zinen gero adeitasunez lezioak ematera, distiratsu eta apetatsu, garagardoa aurrean eta lagunak inguruan, nola hitz egiten zenuen hotsandiko ahotsarekin handia den zerbaiti buruz hitz egitean bezala – sukaldariekin menuko plater desberdinei buruz, saltsei eta errekiei buruz, eta ardo hobezinak dastatzen zenituen, gero emakume eta neskatilez hitz egiteko, Shakespeareren eta Goetheren pertsonaiak balira bezala. ––– Kurt maitea: honetan datza gizakiaren gizatasuna ulertzea.
Hau da Arendtek idatzi zuen 57.olerkia. 1954Ko maiatzaren 24an bidali zion, gutun bidez, Kurt Blumenfeld (1884 – 1963) lagunari. Arendt eta Blumenfelden laguntasuna politikoa zen, bereziki. Blumenfeld izan zen Arendt juduen aferetara iniziatu zuena. Asimilazioaren problemaz hitz eign zuen eta, Nordmann-en aburuz, Arendtentzako eragin filosofiko nabarmena eragingo zuen. Blumenfeld Ekialdeko Prusian (egun Polonia) jaiotako sionista alemana izan zen. 1911tik 1914ra Munduko Sionisten Erakundeko idazkari orokorra izan zen.
BLUMENFELD-EN HIRUROGEITA HAMARGARREN URTEBETETZEAN |