Horietako egun batean
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Gillermo Etxeberria
Egan-1, 1994

 

        Goiza epel eta ateri argitu zen. Aurelio Escobar jaunak, titulurik gabeko dentista goiztarrak, seietan ireki zuen bere gabinetea. Lehiarrezko armariotik, oraindik igeltsozko moldean zeukan hortzadura postizoa atera eta tresneria multzo bat mahai gainean jarri zuen txukun-txukun, handitik txikira, esposizio bat bailitzan. Leporik gabeko alkondara marraduna zeraman, goialdean botoi urreztatu batez itxia eta frakak tirante elastikoz sostengatuak. Zurruna eta iharra bera, gorrek ohi dutenaren antzeko begirada zuen, inoiz gutxitan uneko egoeraz zerikusirik zuena.

        Tresnak mahain gainean atondu ondoren, fresa, altxagailuzko mahai gainera garraiatu eta hortzadura postizoa leuntzen hasi zen. Ez zirudien lanean zegoenik bere burua, baina gogorki ziharduen, beharrik gabe ere fresaren pedalak eraginaz.

        Zortziak jo ondoren atseden hartu zuen leihotik zerura begiratzeko eta bi oilotzar pentsati begiztatu zituen auzoko etxeko kotan eguzkitan lehortzen. Lanari ekin zion gosari garairako berriro euria hasiko zuen uste osoz. Hamaika urteko bere semearen ahots zakarrak esnatu zuen zozoalditik.

        — Aita.

        — Zer.

        — Alkateak hagin bat atera behar duela esan du.

        — Esaiozu ez nagoela.

        Urrezko hortz bat leuntzen ari zen. Pixka bat aldendu eta begi erdi itxiaz aztertu zuen. Berriro ere ondoko egon-gelatik semeak garraisika:

        — Zure zarata entzuten du eta hor zaudela esaten du.

        Dentistak hortza aztarrikatzen jarraitu zuen. Lana bukatu eta mahai gainean jarri zuenean, esan zuen:

        — Hobe.

        Berrira fresari ekin zion. Kartoizko kaxatxotik landu beharreko pieza desberdinez osatutako zubi bat atera zuen eta urrea leuntzen hasi zen.

        — Aita

        — Zer

        Oraindik ez zuen aurpegi-itxura aldatu.

        — Hagina ateratzen ez badiozu, tiro bat botako dizu.

        Inongo presarik gabe, mugimendu lasaiaz, fresaren pedala emaleari utzi, besaulkia baztertu eta mahaiaren beheko kutxatila ireki zuen osoki. Han zegoen errebolberra.

        — Ondo —esan zion— esaziozu etortzeko tiroa botatzera.

        Besaulkia itzularazi zuen, atearen aurrez aurre jarri eta eskua kutxatila ertzean finkatu zuen. Alkatea atalasean azaldu zen. Ezkerreko masaileko bizarra moztuta, baina beste alderdia, handituta eta minduta, bost eguneko bizarrarekin. Dentistak, gau askotako desesperazioa nabaritu zien haren begi ihartuei. Kutxatila behatz puntekin itxi eta zera esan zuen leunki:

        — Eser zaitez.

        — Egun on, esan zuen alkateak.

        — Baita zuri ere, erantzuki dentistak.

        Tresneriak irakiten ziharduten bitartean, Alkateak aulkiko bulkoan apoiatu zuen kaskezurra eta hobeto sentitu zen. Izotzezko usaina arnasten zuen. Gabinetea pobrea zen: egurrezko eserleku zahar bat, pedalezko fresa eta loza-buruak zituen lehiarrezko armairu bat. Eserleku aurrean leiho bat, gizon baten neurriko telazko babesarekin. Dentista hurbiltzen zela nabaritzean, Alkateak orpoak finkatu eta ahoa ireki zuen.

Aurelio Escobar jaunak, aurpegia argiari begira jarri zion. Hagin gaiztotua ikusi ondoren, matrailezurra finkatu zuen behatz presio artetsuz.

        — Anestesiarik gabe, beharko du, esan zuen.

        — Zergatik?

        — Zornatuta daukazulako.

        Alkateak begietara begiratu zion. «Ondo da», esan zuen eta irrifabarre egiten saiatu. Dentistak ez zion irribarreari ordainik eman. Egositako tresnerien eltzea lan-mahaira eraman eta pintza hotz batzuen laguntzaz atera zituen, oranidik ere inolako presarik gabe. Ondoren txistuontzia zapata puntaz erakarri eta ikuztontzian eskuak garbitzera joan zen. Dena Alkateari begiratu gabe. Baina Alkateak ez zuen bistatik galtzen.

        Beheko bazter-hagin bat zen. Dentintak hankak zabaldu eta kako bero batekin estutu zuen hagina. Alkatea eserlekuko burdinetan finkatu zen, bere indar guztia hanketan sendotu eta giltzurdinetan hutsune ikaragarri bat nabaritu zuen, baina ez zuen hasperen bat ere bota. Dentistak eskumuturra bakarrik mugitu zuen. Gorrotorik gabe, alderantziz, samurtasun garratz batez, eta esan:

        — Hemen pagatuko dituzu hogei hildakoen ordainak, tenientea.

        Alkateak hezur-karraska sentitu zuen matrailezurrean eta bere begiak malkoz bete ziren. Baina ez zuen aiene bat ere bota, harik eta hagina irten zela nabaritu arte. Orduan, malko tartetik begiztatu zuen. Ezin ulerturik geratu zen nolatan hagin arrotz hark eman ziezaiokeen aurreko bost gauetako tortura ulertezin hura.

        Txistu-ontzira makurtuaz, izerditan blai, arnasestuka, zamarra askatu eta haztaka fraketako poltsikoetan zapia bilatu zuen. Dentistak zapi garbi bat eskaini zion.

        — Xuka itzazu malkoak.

        Alkateak hala egin zuen. Dardarka zegoen. Dentistak eskuak garbitzen zituen bitartean, hondorik gabeko zeruari so eta hautsez betetako armiarma sare bat begiztatu zuen, armiarma arraultze eta hildako intsektuz betea. Dentista eskuak lehortuaz itzuli zen. «Zoaz ohera —esan zion—, egin gorgoilak ur eta gatzarekin». Alkateak, zutik, jarri eta diosal militar diziplinatu batez agurtu zuen eta aterantz abiatu zen hankak luzatuaz eta zamarra lotu gabe.

        — Kontua pasa, esan zuen.

        — Zuri ala Udalari?

        Alkateak ez zion begiratu. Atea itxi eta bur-sarearen atzetik:

        — Berdin da.

 

Horietako egun batean
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Gillermo Etxeberria
Egan-1, 1994