Agur, bohemia!
Pio Baroja

euskaratzailea: Unai Elorriaga
Zubizabal, 5, 2001

 

Pertsonaiak

 

RAMON: hogeita hamar urte

TRINI: hogeita bost

MORROI BAT: berrogeita hamar

HARROPUTZ BAT: hogei

HERALDO EGUNKARIA IRAKURTZEN ARI DEN AGURE BAT

KAPADUN GIZON BAT

Eztabaidan ari diren GAZTE BATZUK

 

 

 

MORROIA (“HERALDO” IRAKURTZEN ARI DEN AGUREAri): Atzo oso berandura arte geratu ziren. Gero don Julio etorri zen, eta etxera joan zirenean ordu biak inguru izango ziren.

“HERALDO” EGUNKARIKO GIZONA: Ordu biak inguru, e?

MORROIA: Bai, ordu biak inguru.

ARTISTETAKO BAT: El Greco, Velazquez, Goya... horiek bai pintoreak.

BESTE BAT: Eta Pantoja de la Cruz eta Sanchez Coello…

HIRUGARRENA: Eman niri Ticiano eta kendu beste pintore guztiak...

RAMON (Mahaian eserita “HERALDO” IRAKURTZEN ARI DEN AGUREAren ondoan, kafea hartzen ari da. Gizon argala da, bizarduna, kapela bigunekoa eta saman zapia daukana): Ez da etorriko! Beste desilusio bat. Eta berak esan zidan biok elkartzeko. (Ateari begiratuko dio) Ez, ez da bera. Sentituko nuke etorriko ez balitz. (Atea zabalduko du) Ez, ez da bera oraingoan ere. Ez da etorriko beharbada.

KAPADUN GIZONA: Hara, hemen zaude! Aspalditik ez zara hona agertu.

RAMON: Ez naiz etortzen-eta. Eta zu?

KAPADUN GIZONA: Ni gora joan eta tresillo karta-jokoan aritzen naiz. Goiz joaten naiz etxera. Eta zu, zertan zabiltza zu?

RAMON: Psss! Bizi gara.

KAPADUN GIZONA: Norbaiten zain al zaude?

RAMON: Bai: lagun baten zain.

KAPADUN GIZONA: Tira, ba ez dizut trabarik egingo. Agur. Pozten naiz.

            Agur. (Bakarrik) Ez da etorriko. (Erlojuari begiratuko dio) Hamarrak eta laurden dira. (Berriro zabalduko da atea) A! Hortxe dago.

TRINI: Hola!

RAMON: Hola, Trini! Eser zaitez. Etorri zara azkenean.

TRINI: Gizona, ezin izan naiz lehenago etorri. (Jesarri egingo da) Neba heldu da kuarteletik...

RAMON: Zuen neba!... Eta zer dio barrabas ilustre horrek?

TRINI: Barrabasa! Zu bai... Etxerik gabeko markesa.

RAMON: Diru eske joango zitzaizuen, erraza da igartzea.

MORROIA: Gabon.

TRINI: Niri kafea, Antonio. (RAMONi) Eta? Dirua eskatu digula. Eta? Ematen du zuri eskatzen dizula.

RAMON: Berdin antzean. Edukiko banu ere, txakurtxiki bat ere ez nioke emango.

TRINI: Zeken halakoa !

RAMON: Zuen nebatxo hori txollo bila bizi da-eta! Eta zuek eman ... Inuzenteok!

TRINI: Eta, zuri zer?

RAMON: Niri? Ezer ere ez, neska... Zeurea da dirua eta zure lan ondraduak ematen dizu.

TRINI: Behazuna! Behazuna daukazu ahoan. Zure barreak niri, badakizu..., zero. Barre egiten duzu, gizajo?

RAMON (Barreka): Izan ere xelebrea zara, neska.

TRINI: Ba zuk ez daukazu batere graziarik. (Suminduta) Baina zeri egiten diozu barre?

RAMON: Ika-mikan gabiltzalako egiten dut barre, mokokan gabiltzalako lehen bezala, elkar maite genuenean bezala.

TRINI: Egia da.

MORROIA (Kafeontziak eskuan): Kafea?

TRINI: Tira; nahiko. Bota ezazu kopan esne apur bat. Tira. Inesen umeari, lobari, gordetzen dizkiot azukre-kozkorrak... Polit-polita da! (Kafea hartzen hasiko da) Petrak antzarrak ferratzera bidali zaitu, beraz, e!

RAMON: Hala da! Txanbelin batekin hasi da orain... Hil arte bizi behar da!

TRINI: Eta zu, hain... lasai?

RAMON: Eta zer egingo diot?

TRINI: Baina maiteminduta egon al zinen?

RAMON: Baietz uste dut. Zenbait egunez egon nintzen maiteminduta… sei-zazpi... zazpi eta zortzi bitartean.

TRINI: Motel, zu... Petrarekin maiteminduta? Barre egitekoa bada!

RAMON: Barre egitekoa! Zergatik? Ez dauka ezer berezirik.

TRINI: Bai, egia da ez berak, ez bere senarrak, ez zuk ez daukazuela lotsa izpirik ere.

RAMON: Eskerrik asko.

TRINI: Bai, egia da! Jendilaje galanta biltzen zineten etxe horretara.

RAMON: Zu baino ez zinen falta koadroa borobiltzeko.

TRINI: Jesus, hori nazka! Ni ez naiz horietakoa.

RAMON: Zelakoa?

TRINI: Nik, emakume... izan arren, tipa horren zortea izan banu eta ezkondu izan banintz, ez nukeen gizona engainatuko zure moduko barrabas batekin, ezta zu baino hobea den batekin ere.

RAMON: Zergatik ez zara ezkondu orduan?

TRINI: Zergatik? Bost axola zuri!

RAMON: Bost axola bai baina kexaka ari zara... Ines zure ahizpa ezkondu zenez, zu ere...

TRINI: Bai, baina aita tailerrean lanean zegoenean ezkondu zen Ines, etxean dirua zegoenean gero gaixotu egin zen, eta zer? ...urik ere ez. Milagros eta biok modelo lana egiten hasi ginen tailerretan, eta pintoreak lotsabako hutsak zaretenez...

RAMON: Ez zenuen mutil-lagun bat?

TRINI: Begira; ez aipatu niri halakorik... Neure ama da, baina batzuetan sama bihurrituko nioke egin zidan gaiztakeriagatik.

 

(Harrituta begiratuko du “HERALDO” EGUNKARIA IRAKURTZEN ARI DEN AGUREAk)

 

RAMON: Txantxetan ari nintzen. Filosofia eduki behar da, nire moduan... Esan behar dizut itsusi zaudela halaxe hasten zarenean.

TRINI: Berdin dio. Bizi garen moduan bizitzeko, berdin gaude hilda. (Burua eskuaren gainean jarriko du)

RAMON: Kasurik ere ez... Izan zaitez filosofoa, neska. Bagoaz osteratxoa egiten? Gau itzela dago.

TRINI: Ez, ez, Milagros nire bila etorriko da-eta.

RAMON: Nahi duzun bezala.

TRINI: Ez dugu nitaz hitz egingo. Bilatzen ari zinen lan hori, zelan?

RAMON: Neska, lana, inondik.

TRINI: Orduan bazoaz?

RAMON: Bai antza. Zer egingo dut? Herrira itzuliko naiz, nekazari tripa-zorri.

TRINI: Pena da! Pintore ona izango zinen zu.

RAMON (Irribarre mingarriz): Ba! Zuk al dakizu!

TRINI: Bai, guztiek esaten zuten elkarrekin bizi ginenean. Ramon artista da. Ramonek lortuko du.

RAMON: Ba hara non, denak erratu dira.

TRINI: Aizu, zer egin zenuen koadro harekin?... Ni agertzen nintzen bihotz bat eskuan, irribarreka...

RAMON: Erre egin nuen... Egin nuen figurarik perfektuena zen... Ezin nuen alderatuko zitzaion beste ezer egin... Denbora, lasaitasuna behar izango nukeen... eta, badakizu, ez neukan astirik, ez neukan lasaitasunik, ez neukan dirurik. Amaitu gabeko koadro bat erosi nahi izan zidaten, eta esan nuen: "Ez, pikutara, erre egingo dut!"... Eta su eman nion. Apurtu izan banu min emango zidan. Ez dut berriro pintzelik hartuko.(Lurrera tinko begira geratuko da)

TRINI: Begira, orain zeu jarri zara triste.

RAMON: Bai, egia da: ahaztuta neukan filosofoa nintzela. Bizitza petrala! (Txaketako patrikatik bi-hiru tabako-paper aterako ditu, koipeztuak; paper bat zabaldu eta patrika guztietatik tabako-izpiak ateratzen hasiko da, harik eta zigarroa egiteko beste bat eskuratu arte)

TRINI: Aizu, esan, zergatik zara hain gatzbakoa?

RAMON: Ni? Zer egin dut ba?

TRINI: Ez daukazu tabako-izpirik ere eta uste duzu zure burua gutxietsiko duzula niri pakete baterako erreal bat eskatuz gero.

RAMON: Ez, badaukat.

TRINI: Gezurra!

RAMON: Aprobetxatzeko zen.

TRINI: Lelo halakoa! Sekula ez duzu zuk ezer aprobetxatuko! Koitadua! Ganorabakoa!

RAMON: Ez daukat tabakorik, baina dirua daukat.

TRINI: Bai, kafeak ordaintzeko, eta ez beste ezertarako.

RAMON: Bai, gehiago daukat.

TRINI: Zera edukiko duzu! (MORROIAri) E, Antonio! Ekarri zigarroak, onak baina. (Ogerlekoa botako du mahai gainera)

RAMON: Ez zaitez astakiloa izan, Trini; gorde dirua.

TRINI: Ez dut nahi! Hara! Ez al zenuen zuk nirekin gastatu dirua zenuenean?

RAMON: Baina…

TRINI: Kito.

MORROIA (Puru-kaxa eskuan): Lagun egin zarete berriro, ala?

RAMON: Horixe... Orain ez al dute jotzen, Antonio?

MORROIA (Barrurantz begiratuz): Bai. Oraintxe joko dute. Hau mauka ederra da, don Ramon.

RAMON: Zein?

MORROIA: Zuri eskaintzen ari naizen hau?

RAMON: Mila esker, Antonio! Zigarroa Trinik oparitu dit. Eutsi kafeena...

TRINI: Ez; neuk ordainduko dut dena.

RAMON: Utzi azkenengoz gonbidatzen. Ziztrin hutsa banaiz ere, une batez behintzat ez naizela sinesteko.

TRINI: Tira, tira, nahi duzun bezala.

 

(MORROIAk pospolo bat piztu eta RAMONi emango dio. Kafetegiko pianoa eta biolina Cavalleria rusticana sinfonia hasiko dira jotzen. RAMON eta TRINI hitzik egin gabe arituko dira entzuten. Gauza bi baino ez dira entzungo: eztabaidan ari diren artisten ahotsak eta berriketa dela-eta marmarka ari diren ikusleen zurrumurrua)

 

RAMON: Musika hau; sasoi hura ekarri dit gogora! Gogoan al daukazu gure estudioa?

TRINI: Bai. Hotza zen, e?

RAMON: Poloa bera. Baina hotz eta guzti, ondo pasatzen genuen, ezta?

TRINI: Benetan.

RAMON: Gogoan al duzu egin genuen apustua? Nik baietz zu goraino besoetan eraman, zuk ezetz.

TRINI: Bai.

RAMON: Eta irabazi nuen! Gero, hona etortzen zen kazetari hark ez dakit nondik kopiatu nuela esan zuen. Geuk kopiatu; originaltasun basatia genuen guk.

TRINI: Zu, bai zoro samarra izan zara beti... alegia, originala

RAMON: Eta zeu ere bai. Gogoan al duzu han pasatu zenuen lehen gaua, nire begiek mirotzen begiek bezalako distirak zituztela esan zenidanean?...

TRINI: Bai. Egia zen.

RAMON: Maite zintudalako zen.

TRINI: Bai

RAMON: Bai; uste dut zuk ez duzula sekula sinestu.

TRINI: Eta Moncloa-ra joan ginen arratsalde hura?

RAMON: Egia da... Ez dakit zer gertatzen den; honezkero ez dago hura bezalako arratsalderik. Floridara heltzerakoan putzu handia zegoen, gogoan al duzu? Zuk ez zenuen pasatu nahi, txarolezko zapatatxoak ez bustitzeko, eta nik besoetan hartu zintudan, barrabas batzuen algara sortuz, eta postura horretan irribarreka begiratzen zenidan...

TRINI: Maite zintudalako zen.

RAMON: Apur bat beharbada, baina nik zu baino askozaz gutxiago... Eta etxera poeta gaixo hura etorri zenean, gogoratzen al zara?

TRINI: Bai.

RAMON: Sartzen ikusten ari naiz:, elurra mara-mara zen kanpoan, eta gu auzokoarekin ari ginen hizketan berogailuaren ondoan. Dardarka zetorren koitadua! "Ez dut kafetegian inor topatu —esan zigula daukat gogoan: hortzak elkarri joka zituen— eta hemen egongo naiz apur batean, ez badizuet enbarazurik egiten. Zuk afaltzera gonbidatu zenuen, eta esan zigunean aspaldi zegoela ohe batean lo egin barik, gurean oheratzeko esan zenion zuk, eta sofan etzan zinen. Ni jesarrita egon nintzen gau osoan, erre eta erre, eta zu lotan ikustean pentsatzen nuen: "Emakume ona da, oso ona." Eta hara, gero batzuetan mokoka hasten ginenean...

TRINI: Batzuetan?

RAMON: Ez, askotan. Ba zera: mokoka hasten ginenean, nik pentsatu ohi nuen: "Bai, halako eta holako defektuak ditu, baina emakume ona da.

TRINI: (Eskua aurrera eramanez). Zeu ere ona izan zara nirekin.

RAMON: (TRINIren eskua eskuetan hartuz) Ez; ni ez.

TRINI: Eta zer gertatu zitzaion gizajo hari, poetari?

RAMON: Ospitale batean hil zen.

TRINI: Eta benetako poema ederrak egiten zituen?

RAMON: Ez dakit... Ez nuen sekula bere alerik irakurri; baina ospitale baten, abandonatuta, jenio bat hiltzea bezain bidegabea iruditzen zait gizajo bat hiltzea bertan.

TRINI: Eta ile luzeko eskultore katalan hura?

RAMON: Eskultura utzi zuela uste dut. Moldekari hasi zen. Orain jan egiten du. Maila jaitsi eta elikadura igo.

TRINI: Eta bestea? Kokospekoa zeukan frantses argal hura, kantatu eta keinuak egiten zituena...

RAMON: Kaletik Paul Verlaine-ren poemak errezitatzen zituena? Hil egin zela uste dut; omnibus batek harrapatu zuen Parisen.

TRINI: Eta anarkista hura?

RAMON: Polizian sartu zen.

TRINI: Eta bestea, biboteduna?

RAMON: A, bai! Hara tipoak beste lagun batekin izan zuen ika-mika daukat gogoan. Garai hartan biak ibiltzen ziren guztiz zarpail eta trauskil elkarri irainak eta guzti esan zioten behin: gau-jai dotore batean frak batek nori emango zion hobeto eztabaidatu zuten. Bibotedunak, gero estatus ona lortu bazuen ere, praka ikusgarriak janzten zituen. Praka-zangoak baino ez zeuzkaten prakak ziren, ez dakit zelan esaten dioten horri jostunek. Gerrikoari sokaz lotuta eramaten zituen, eta ikuskizun konplexu hura soingaineko higatu bat jantzita disimulatzen zuen. Txurrorik bako bastoia erabiltzen zuen, hain gastatuta ze, puntarekin lurrera heltzeko makurtu eta besoa jaitsi behar zuen. Bere janzkera gorabehera (Petronio ere ez zen), Castellanatik paseoan genbiltzala eta kotxeetan eserita zeuden emakumeak seinalatuz, esan zidan behin: "Andre horiek mespretxuz begiratzen digute... ulertezina."

TRINI: Ulertezina! Barregarria da!

RAMON: Koitadua; haren ilusioaren indarra!

TRINI: Hura ere hil zen?

RAMON: Bai, hil egin zen. Hemen biltzen ginen gehienak hil ziren. Inork ez du arrakastarik izan, eta beste neska-mutil batzuk, ilusioz beteta, gure lekuan jarri dira eta, gure moduan, amets egiten dute eta maitasunaz eta arteaz eta anarkiaz hitz egiten dute. Dena dago berdin; gu geu baino ez gara aldatu.

TRINI: Ez, motel dena ez dago berdin. Ikusten da ez zarela gure lehengo etxetik pasatu.

RAMON: Ez naizela pasatu! Bota egin dute, badakit. Lehengo batean ikusi egin nuen: zulo handi-handia baino ez dago bertan. Nire bihotzean dagoena bezain handia. Ez dakit, ez egin kasurik, baina uste dut negar egin nuela.

TRINI: Neuk ere egin dut negar inoiz handik pasatzean.

RAMON: Gure oroitzapenei lotuta dauden gauzak betirako izatea nahiko genuke: baina gure bizitzek ez daukate hainbesteko garrantzirik. (Kanpoaldean joko du baten batek eta aurpegi bat agertuko da kristaletik harago)

TRINI: Milagros eta beste hori dira, nire bila.

RAMON: Bazoaz?

TRINI: Bai, motel.

RAMON: Gezurra dirudi gu horrela agurtzea! Azken batean, zu hemen, Madrilen, ni baino hobeto zaude. Arin ahaztuko nauzu.

TRINI: Arinago ahaztuko nauzu zuk ni. Zuk bizitza osoa daukazu bizitzeko. Ezkondu egingo zara herrian...; emaztea, seme-alabak eduki ahal izango dituzu... Nik, ordea... Zer geratzen zaio nire moduko bati? Ospitalea…, Viaducto-a... (altxatu egingo da)

RAMON (TRINiren eskuari helduko dio): Ez, Trini, ez. Ezin zaitut horrela utzi. Nire emaztea izan zara zu. Ez nau kezkatzen gizarteak, boteredunek ohaideak izan garela esateak; ez nau kezkatzen euren mespretxuak... Apala naiz ni, zure moduan... Aita nekazaria zen..., soroetako langile koitadua... Niretzat neure emaztea izan zara zeu eta ezin zaitut horrela utzi, ez.

TRINI: Eta zer egin dezakezu zuk, gizajotxo horrek? Dirurik ez daukazu. Nirekin ezkondu? Baina nik ez nuen nahi izango, aizu, behar bezalako emakumea ez naizen arren, bihotza eta lotsa dauzkadalako..., beste batzuek baino gehiago eta ez zuk ez beste inork ez dit emango lehendik galdu dudana. (Berriz ekingo diote kristalak jotzeari. TRINI, eskua luzatuz) Beraz, motel...

RAMON: Eta ez dut gaurtik aurrera zure berririk izango?

TRINI: Zertarako?

RAMON: Oso krudela zara nirekin.

TRINI: Krudelagoa naiz neure buruarekin. (Berba egin barik egongo da, HARROPUTZ bat sartuko da, kapa soinean eta kapela zabala buruan, eta mahairantz hurbilduko da)

HARROPUTZA (Kapelaren hegala ukituz): Gabon!

RAMON: Halan ekarri.

HARROPUTZA: Bazatoz ala ez zatoz? Zain dauzkagu.

TRINI: Banoa. Agur, motel! (RAMONengana luzatuko du eskua)

RAMON: Agur!

 

(TRINI HARROPUTZArekin abiatu, aterantz hurbildu eta buelta emango du duda-mudan. RAMON ikusiko du burua makurtuta, hasperen egin eta atera egingo da. Altxatu egingo da RAMON neskaren atzetik joateko asmoz)

 

“HERALDO” EGUNKARIA IRAKURTZEN ARI DEN AGUREA (RAMONi soingainekotik helduta): Baina, zer egingo duzu, gizona? Berak ez balu nahi izango, ez litzateke joango.

RAMON: Egia da, arrazoia daukazu. (Atzera jesarriko da. MORROIA mahaira hurbildu, edalontziak eta platerak kendu eta trapua pasatuko du marmoletik)

MORROIA: Ez larritu, don Ramon. Emakume bat joan, beste bat etorri.

RAMON: Ez da, baina, emakume bat joan dena, Antonio. Gaztaroa joan da..., gaztaroa... eta hori ez da atzera etorriko.

MORROIA: Egia da. Baina, zer egingo diogu! Halakoa da bizitza, eta pazientzia behar da guzti-guztia doalako... eta arin asko, sinestu.

“HERALDO” EGUNKARIA IRAKURTZEN ARI DEN AGUREA (Baietz esateko burua erabiliz): Benetan!

MORROIA (RAMONi): Orduan, bazoaz, jauna?

RAMON: Bai, paseo luzea egitera noa... luze-luzea. (Zutik jarri eta “HERALDO” EGUNKARIA IRAKURTZEN ARI DEN GIZONA agurtuko du) Gabon!

“HERALDO” EGUNKARIA IRAKURTZEN ARI DEN AGUREA (Adeitsu):Gabon, gabon! (RAMONek kafetegia gurutzatu eta kalera irtengo da)

ARTISTETAKO BAT: El Greco! Hori bai pintorea, kontuan hartzen badugu...

BESTE BAT: Ticianoren teknikaz harago ez dago hemen ezer...

 

Agur, bohemia!
Pio Baroja

euskaratzailea: Unai Elorriaga
Zubizabal, 5, 2001