Horla
Guy de Maupassant

euskaratzailea: Pedro Diez de Ultzurrun
Infomart, 1999

 

HORLA

 

        Maiatzak 8.— Hauxe egun zoragarria! Goiz guztia eman dut neure etxe aitzinean belar gainean etzanik, hura osorik estali, gerizatu eta itzalpetzen duen platanondo eskergaren azpian. Atsegin dut herri hau, eta atsegin dut hemen bizitzea hementxe baitauzkat neure sustraiak, hots, sustrai sakon eta minbera horiek, gizona bere arbasoak jaio eta hil diren lurraldeari lotzen dutenak, zeinek pentsatzen eta jaten denari lotzen baitute, nola usadioei hala jatekoei, bertako esamoldeei, nekazarien doinuei, lurraren, aldirien eta airearen beraren usainei.

        Atsegin dut hazten ikusi nauen etxea. Neure etxeko leihoetatik Sena ibaia ikusten dut, han igarotzen baita, nire lorategian zehar, errepidearen atzean, neure etxetik bertatik ia, Sena handi eta zabala, Rouen-etik Havre-ra doala, bertatik pasatzen diren untziez estalia.

        Ezkerretara, han behean, Rouen ageri da, hiri zabal teilatu urdinekikoa, ezkildorre gotikoen oste zorrotzaren azpian. Ezin konta-ahalak dira horiek, lerdenak ala gotorrak, katedraleko burdinezko orratzak menperatuak eta ezkilez josiak. Ezkil horiek goiz ederretako zeru urdinean jotzen dute, niganaino jaurtikiz beren burdinazko burrunba ezti eta urruna, haize leunak ekartzen didan beren brontzezko kantua, batzuetan ozenagoa eta besteetan ahulagoa, haize leun hori esnatzen edo lokartzen den.

        Bai giro ederra zegoela gaur goizean!

        Hamaikak aldera, untzi-konboi luze bat, euli bat baino lodiagoa ez zen eta ke lodi bat goitikatuz hatsangaka ari zen atoi-untzi batek herrestan eramanik, nire langa aurretik igaro zen errenkadan.

        Bi goleta ingelesen ondotik, zeinen pabiloi gorria zeruan biribilkatzen baitzen, hiru mastako untzi brasildar bikain bat zetorren, zuri-zuria, miresgarriro garbi eta distiratsu. Diosala egin nion, ez dakit zergatik, halakoxe gozamena eragin zidan bera ikusteak.

 

 

        Maiatzak 12.— Kalentura piska bat daukat azkeneko hiru egunean; gaixorik sentitzen naiz, edo eta triste sentitzen naiz, hobeto esanda.

        Nondik etortzen dira zoriona etsipen eta konfiantza larritasun bihurtzen dizkiguten eragin misteriotsu horiek? Irudi du airea, ikusi ezin den airea, alegia, Indar ezezagunez betea dagoela eta haiek aldamenean izateak eragin misteriotsuak pairarazten dizkigula. Pozez beterik esnatzen naiz, eztarria kantuz aritzeko gogoaz gainezka. Zergatik?—Uraren ertzeraino iristen naiz eta; bat-batean, ibilaldi labur baten ondoren, lur jota itzultzen naiz, etxean zorigaitzen bat zain baneuka bezala. —Zergatik?— Hotzikara batek azala azaletik ukitu, nerbioak kordokarazi eta gogoa ilundu didalako ote? Hodeien itxurak, argiaren ñabardurak edo gauzen kolore aldakorrak nire begien aurrean igarotzean, nire gogoari eragiten ote diote, bada? Nork esan lezake? Inguratzen gaituen guztiak, so egin gabe ere ikusten dugun guztiak, ezagutu gabe ere ukitzen dugun guztiak, argiki sumatu gabe ere hartzen, aurkitzen dugun guztiak, ondorio bat berehalako, harrigarrizko eta ezin esplikatukoa izaten dute gure baitan, gure organoetan eta, haien bitartez, gure pentsamenduetan, gure bihotzean berean?

        Zein sakona den ikustezinaren misterioa! Ezin dugu zundatu geure zentzumen ahulekin, ezin dugu geure begiekin ikusi, ez baitira gauza hautemateko handiegia zein txikiegia, ezta hurbilegi edo urrutiegi dagoena ere, ez izar bateko bizilagunak, ez ur-tanta batekoak... ezin dugu geure belarriekin entzun ere, engainatu egiten baikaituzte, ezen airearen dardarak baitira nota ozenen medioz gugainano ekartzen digutena. Maitagarri antzekoak dira dardara hori soinu bihurtzearen mirakulua egiten dutenak, eta metamorfosi horren bidez musika sorrarazten dutenak, zeinek naturaren asaldura mutua kantuz jartzen baitute... ezin dugu geure usaimenaz ere sumatu, txakurrarena baino ahulagoa baita... ezta gure dastamenarekin ere, ardo baten adina ozta-ozta igarri dezakeena bera.

        Ai!, beste organo batzuk izanen bagenitu geure mesedetan beste mirakulu batzuk egin litzaketenak, zenbat gauza miragarri aurkituko genituzkeen geure inguruan?

 

 

        Maiatzak 16.— Gaixo nago, zalantzarik gabe! Hain ondo sentitzen nintzen lehengo hilabetean! Kalentura dut, kalentura izugarri bat, edo eta, hobeki esanda, arima gorputza bezainbat eritzen didan halako urduritasun suerizkoa. Atergabe atzematen dut arrisku mehatxagarri baten irudipen beldurgarri hori, nirekin biltzera datorren zorigaitz baten zein niganantz hurbiltzen ari den heriotzaren beldur hori; alegia, gaitz bat oraindik ezezagun, baina odolean eta haragian ernatzen hasia ba ote datorren aurresusmo-antzeko hori.

 

 

        Maiatzak 18.— Neure medikuari kontsultatzetik iritsi berria nago, egunak baitira ezin dudala lorik egin. Esan dit pultsua azkartua dudala, nerbioak dardarka, baina inolako sintoma kezkagarririk ez dagoela, horregatik. Dutxak hartzea eta potasio-bromuroa edatea agindu dit.

 

 

        Maiatzak 25.— Aldaketarik bat ere ez! Nire egoera zinez harrigarria da. Arratsa hurbiltzen den heinean, handituz joan ohi den halako arrengura jabetzen da nitaz, gauak mehatxu izugarri bat gordeko balu bezala niretzat. Bizkor afaldu eta irakurtzen saiatzen naiz: baina ez ditut hitzak konprenitzen eta hitzak ere doi-doiez bereizten ahal ditut. Orduan batera eta bestera ibiltzen hasten naiz neure saloian, beldur nahasi eta pairaezin batek zapaldurik, loaren beldurrak eta ohearen beldurrak zapaldurik, alegia...

        Hamarrak aldera, neure gelara igotzen naiz. Sartu orduko, giltzari bi itzuli ematen dizkiot, eta morroiloa jartzen; beldurrak nago... zertaz? Ezertxok ere ez nau orain arte izutu ...armairuak zabaltzen ditut, ohearen azpian begiratzen; entzuten jartzen naiz... entzuten jartzen naiz... zer?... Bitxia da nola alditxar soil batek, odol-zirkulazioaren arazo batek, kirioetako hariren baten narritadurak, kongestio arin batek zein gure makina bizidunaren funtzionamendu hain akastun eta hain minberaren nahaste txiki batek, gizonik alaiena malenkoniatsu eta ausartena koldar bihur dezaketen. Gero oheratu egiten naiz, eta borreroari nola itxaroten zaion, hala itxaroten diot loari. Erabat izuturik egoten naiz hura noiz etorriko, eta nire bihotzak taupaka egiten du, nire zangoek dardar, eta nire gorputz guztia ikaratzen da maindireen berotasunaren azpian, harik eta kolpetik loak bere mendera biltzen nauen arte, bertan itotzeko asmoz putzu batean pulunpatuko ginatekeen modu berean. Ez naiz ohartzen noiz etortzen den lo zital hori, nigandik hurbil ezkutatu eta zelatatzen nauena, neure buruaz jabetu, begiak itxi eta ezereztu eginen nauena.

        Bizpahiru orduz lo egiten dut, arauz, herstura bizian heltzen didaten ameskaiztoen artean. Konturatzen naiz ohean eta lo nagoela... eta hauteman egiten dut norbait niganantz hurreratzen dela, so egiten didala, haztatu egiten nauela, ohe gainera igotzen zaidala, bular gainean belauniko jartzen zaidala, lepoa bere eskuen artean hartu eta estutu eta estutu eta estutu egiten didala, bere indar guztiekin estutu ere, ni itotzeko asmo garbiarekin.

        Ni jazarri egiten naiz, ametsetan mugitu ezinik uzten gaituen beldurgarrizko ezintasun horrek loturik; oihu egin nahi dut, baina ezin; mugitu egin nahi dut, baina ezin; entseiatu egiten naiz, ikaragarrizko ahaleginak eginda, hatsantuka, itzuli eta, zapaldu eta itotzen nauen izaki hori gainetik hastantzera, baina ezin!

        Eta bat-batean, esnatu egiten naiz, asaldaturik eta izerditan. Kandela bat piztu eta bakarrik nagoela ikusten dut.

        Larrialdi horren ondoren, zeina gau oro berritzen baita, lo hartzen dut azkenean, lasai, eguna argitu arte.

 

 

        Ekainak 2.— Nire egoera are larriagotu egin da. Zer ote dut? Bromuroak ez dit deus egiten; dutxek ez didate deus egiten. Lehengoan, neure gorputza nekatzeko, beti ere hain nekaturik egoten dena, Roumare-ko oihanean buelta bat ematera irten nintzen. Hasieran uste nuen, aire fresko, arin eta gozo hark, belar eta loreek beren urrin gozoez betetzen zutenak, zainetako odola berritzen zidala, bihotza indarberritzen zidala. Ehiza-bide handi batetik abiatu eta gero, La Bouille aldera hartu nuen bide-xendra mehar batetik, zeruaren eta nire artean gainalde bat berde eta lodia, beltza ia, osatzen zuten tantai ikaragarri batzuen azpian.

        Bat-batean ikara handi bat sentitu nuen, ez hotzak eraginik, larritasunak baizik.

        Pausoa azkarragotu egin nuen, baso horretan bakarrik egoteaz kezkaturik, bakartasun handi hark, arrazoirik gabe, ergelki izuturik. Halako batean iruditu zitzaidan norbait nire ondotik zebilela, norbaitek orpoz orpo, nigandik hurbil-hurbil eta ia ni ukitzeko moduan jarraikitzen zidala.

        Bat-batean itzuli nintzen. Bakarrik nengoen. Neure atzean, bide-xendra zuzen eta zabala besterik ez nuen ikusi; huts-hutsik zegoen, zuhaitz tantaien artean beldurgarriro hutsik, alegia; beste aldetik ere, bistatik galtzeraino hedatzen zen, berdin-berdina, beldurgarri.

        Begiak itxi nituen. Zergatik? Orpoen gainean jiratzen hasi nintzen, azkar-azkar, ziba baten antzera. Erortzear izan nintzen; begiak zabaldu nituen berriro; zuhaitzak dantzan zebiltzan, lurra igeri; eseri beharra izan nuen. Gero, a! Ez nekien nondik etorria nintzen ere! Bitxia burutazioa! Bitxia! Bitxia burutazioa! Ideiarik ere ez nuen. Nire eskuineko aldetik jo eta oihanaren erdira ekarri ninduen bidera itzuli nintzen.

 

 

        Ekainak 3.— Gaua latza izan da. Aste batzuetan kanpoan izanen naiz. Bidaia txiki batek neure onera ekarriko bainau inolaz ere.

 

 

        Uztailak 2.— Etxeratu egin naiz. Sendaturik nago. Txango zoragarri bat egin dut gainera. Ezagutzen ez nuen Saint-Miche! mendira joan naiz bisitan.

        Zer ikuspegi ederra Avranches-era arratsaldenabarrean ailegatzen zarenean, ni ailegatu nintzen bezala! Hiria muino baten gainean dago; eta lorategi publikoetara eraman ninduten, zeinak hiriaren kanpoaldean aurkitzen diren. Harridurazko aldarri bat jaurti nuen. Ugaran bat handi-handia zabaltzen zen nire begien aurrean, bistatik galdu arte urrutira lanbro artean galtzen ziren bi itsasegi bananduren artean; eta ugaran hori eskerga horren erdian, urrezko eta argitasunezko zeru baten azpian, mendi harrigarri, ilun eta zorrotz bat goratzen zen, hondartzen erdian. Eguzkia ezkutatu berria zegoen eta zerumuga artean ere sugarretan urtuan bere gailurrean monumentu ikaragarri bat jasaten duen arroka miresgarriaren orrazea ageri zen.

        Eguna argitutakoan, harenganantz abiatu nintzen. Itsasoa behean zegoen, lehengo arratsean bezala, eta neure aurrean goratzen ikusi nuen, harenganantz hurbildu ahala, monasterio txundigarria. Ordu bat baino gehiago oinez ibili eta gero, eliza handiak bere menean hartutako hiriska jasaten duen harri-pila gaitzera iritsi nintzen. Karrika mehar eta maldatsu bat igo eta Jainkoarentzat Lurrean eraikitako tenplu gotikorik miresgarrienean sartu nintzen; hiri bat bezain handia zen, gangen azpian zapaldutako sala apalez eta pilare erkinek eutsitako solairu garaiez josia. Granitozko harripitxi ikaragarri horren barruan sartu nintzen, bada, enkaje bat bezain arina ere bai baitzen, dorre eta dorreska lerdenez estalia, zeinetan eskailera kiribilak igotzen baitziren, jaurtiki egiten dituztenak egunez zeru urdinerantz eta gauez zeru beltzerantz beren buru bitxi kimeraz, deabruz, piztia fantastikoz eta lore beldurgarriz laztuak, batzuk besteekin arku landu meheez batzen direlarik.

        Gailurrera heldu nintzenean, esan nion nirekin zetorren fraideari: «Aita, bai ongi egon behar duzula hemen!»

        Eta hauxe erantzun zidan: «Haize handia ibiltzen da hemen, Jauna». Eta solasean hasi ginen itsasoa igotzen ikusiz bidenabar, hondar gainean lasterka eta altzairuzko koraza batez estaltzen zuela.

        Eta fraideak zenbait istorio kontatu zizkidan, toki horretako istorio zahar guztiak, elezaharrak, elezahar baizik ezin izan daitezkeenak.

        Haietako batek biziro kolpatu ninduen. Herriko jendeek, mendikoak direnek esaten dute gauez bi ahots aditzen direla hizketan, han behean, hondartzetan; eta bi ahuntz marrakan entzuten direla, bata ahots sendoz eta bestea ahots ahulez. Sinesgogorrek esaten dute horiek itsasoko txorien txilioak direla, noiz bekerekeak irudi dutenak noiz giza dolamenak. Arrantzale gibelatuek, ordea, zin egiten dute artzain zahar bat ikusi dutela dunetan alderrai marea biren artean, horrela mundutik urrun jaurtiriko hiri txikiaren inguruan; inork ez omen du haren burua, kapusaiarekin estaltzen duena, ikusi eta han ibiltzen omen da beti ondotik aker bat gizakume aurpegikoa eta ahuntz bat emakume aurpegikoa daramatzala. Biek ere ile zuri luzea dute eta atergabe hitz egiten dute, hizkuntza arrotz batean errietaka. Gero, bat-batean oihu egitetik gelditu eta beren indar guztiekin hasten dira marrakan.

        Fraideari galdetu nion: «Sinesten al duzu hori?»

        Marmarka erantzun zidan: «Ez dakit, bada.»

        Ekin egin nion berriro: «Lurrean gutaz landara beste izaki batzuk ere izanen balira, nolatan ez ditugu aspalditik ezagutu; nolatan ez dituzu zuk ikusi? Nolatan ez ditut nik ikusi?»

        Hauxe erantzun zuen: «Ikusten ote dugu, bada, denaren ehun milaren partea ere? Hor duzu haizea, naturako indarrik handiena; gizonak uzkailtzen dituena, eraikuntzak eraisten, arbolak errotik ateratzen, itsasoa urezko menditan altxarazten, itsas-labarrak suntsitzen eta itsasuntzi handiak arroken kontra egozten; erail, txistukatu, aiumaka, marruma egiten duen haizea, alegia, ikusi al duzu, eta ikus al dezakezu? Eta hala ere, bada inolaz ere.»

        Isildu egin nintzen arrazonamendu xume horren aitzinean. Gizon hori jakintsu bat zen, edo ergel bat, apika. Ezin nezakeen zehaztasunez esan; baina isildu egin nintzen. Horretaz esaten zuena sarritan pentsatua nengoen lehenagotik.

 

 

        Uztailak 3.— Gaizki lo egin dut; izan ere, hemen bada zerbait sukarra eragiten duena, nire orgazainak nire gaitz bera sufritzen baitu. Bart gauean etxeratzean, ikaragarri zurbil zegoela ohartu nintzen. Hauxe galdetu nion:

        —Zer duzu, Manex?

        —Ezin dudala lorik egin, jauna, gauak begirik bildu ezinik ematen ditudala eta hori egunean ageri zaidala. Zu joan zinenetik, begizkoa egotzi didatela ematen du.

        Beste mirabeak ongi daude alta, baina beldurrak airean nago berriz ere erituko ote naizen.

 

 

        Uztailak 4.— Berriz ere eritua naiz, inondik ere. Lehengo ameskaiztoak izaten ari naiz berriro. Joan den gauean norbait nabaritu nuen neure gainean makurtua, bere ahoa nirearen gainean jarri eta bizitza ezpainen artetik edaten ari zitzaidana. Bai, eztarritik ateratzen ari zitzaidan bizitza, izain batek eginen zuen bezala. Gero jaiki da, aseturik, eta ni hain lehertua, hain zehatua eta ezereztua esnatu naiz non mugitu ere ezin bainintzen. Honek beste egun batzuetan segitzen badu, hemendik joanen naiz atzera ziur aski.

 

 

        Uztailak 5.— Ezagumena galdu ote dut? Lehengo gauean gertatutakoa, lehengo gauean nik ikusitakoa hain da harrigarria, non burua zorabiatzen hasten baitzait horretaz gogoratzen naizenean.

        Orain gau oro egiten dudan bezala, atea giltzaz itxi nuen; gero, egarriak nengoela eta basoerdi bat ur edan nuen. Halabeharrez, bonbila kristalezko tapoiraino beteta zegoela erreparatu nuen.

        Hurrena ohean sartu eta neure lo beldurgarri horietako batean erori nintzen. Horrela egon bainintzen harik eta bi ordu ingururen buruan inarrosaldi oraindik lazgarriago batek askatu ninduen arte.

        Pentsa ezazu lo zaudela, erail egiten zaituztela eta hantxe esnatzen zarela biriketan aizto bat sartuta daukazula, odolez blai arnasarik hartu ezinda, azken hatsetan, hiltzera zoazela eta deusik ere konprenitu gabe, horregatik; horixe gertatzen zitzaidan, bada, niri.

        Noizbait ere berriz neure senera etorrita, egarritu egin nintzen berriro; kandela bat piztu nuen eta bonbila jarria zegoen mahairantz joan nintzen. Altxatu eta baso gainera makurtu nuen; tantarik ere ez zen isuri. —Hutsik zegoen! Erabat hutsik zegoen! Lehendabizi ez nuen deus konprenitu; gero, kolpetik, zirrara bat hain lazgarria sentitu nuen, non eseri beharra izan bainuen, edo eta hobeki esanik, aulki batean erori bainintzen! Gero, salto batez zutitu nintzen neure ingurura begiratzeko! Ondoren, berriro eseri nintzen, harridura eta beldurrak asaldaturik, kristal zeharrargiaren aurrean! Begi tinkoekin so egiten nion, zer arraio gertatzen zen asmatu nahirik. Eskuak dardarka nituen! Ur hori edan egin zuten, beraz. Nork, ordea? Nik? Nik, bat ere dudarik gabe. Ni ez beste inor ez zitekeen. Sonanbulua nintzen, hortaz. Banuen, hori jakin gabe, bizitza bikoitz misteriotsu hori zeina susmarazten baitigu ba ote diren gure baitan bi izaki, edo eta izaki arrotz, ezezagun eta ikustezin batek, tarteka, gure arima sorgorturik dagoenean, gure gorputz gatibua biziarazten ote duen, hain zuzen ere, beste izaki horri, geroni bezala, geroni baino ere gehiago, obeditzen dion gure gorputz gatibua.

        Nork konprenituko ote du nire herstura latza? Nork konprenituko ote du nolako bihotz-zirrara atzemanen duen gizon batek, izpirituz sano, guztiz itzarririk eta ezagumenez beteta egonagatik, ikaraturik, bonbil baten kristaletik zehar, lotan egon den bitartean aienaturiko ur-xortari begiratzen dionean! Eta hantxe gelditu nintzen eguna argitu arte, berriz ere oheratzera ausartu gabe.

 

 

        Uztailak 6.— Erotzen ari naiz. Berriz ere barda nire bonbileko ur guztia edan du norbaitek... edo eta neuk edan dut, egia esan!

        Baina, neuk edan ote dut? Neuk edan ote dut? Nork bestela? Nork? Oi, Jainkoa! Erotzen ari al naiz, bada? Nork salbatuko ote nau?

 

 

        Uztailak 10.— Proba harrigarri batzuk egin berria nago.

        Ezbairik gabe, eroturik nago! Eta hala ere...

        Uztailaren Ean, oheratu aurretik, ardoa, esnea, ura, ogia eta marrubiak ipini nituen mahai gainean.

        Norbaitek —neronek— ur guztia eta esne-xurrutadatxo bat edan zuen. Ordea, ogia, ardoa eta marrubiak ukitu ere ez zituen egin.

        Uztailaren lan, berriro proba bera egin nuen eta emaitza bera eman zuen.

        Uztailaren 8an, ura eta esnea kendu nituen. Ezer ere ez zuten ukitu.

        Uztailaren 9an, azkenik, ura eta esnea soilik jarri nituen mahai gainean, bonbilak arta handirekin muselina zurizko oihaletan bilduz eta tapoiak lotuz. Gero, ezpainak, bizarra eta eskuak belztu nituen eta ohera joan nintzen.

        Garaitu ezineko lo bat nitaz jabetu zen eta berehalaxe iratzartze beldurgarri batek jarraitu zion. Zirkinik ere egin gabe nengoen; nire maindireak berak ere ez zeuden zikinduta. Mahaira hurbildu nintzen oldean. Botilak biltzen zituzten oihalak lokartu aitzin bezain garbi ageri ziren. Lokarriak laxatu nituen, beldurrez dardarka. Ur guztia edanda zegoen! Esne guztia edanda zegoen! Ai! Jainko maitea!...

        Parisera joanen naiz bertantxe.

 

 

        Uztailak 12.— Paris. Inolaz ere, burua galdu egin nuen aurreko egunetan! Neure irudimen urdurituaren jostailua izana naiz antza, non ez naizen benetan sonanbulua, edo eta ez nagoen eragin egiaztatu, baina orain arte esplikaezin eta sugestioak deitzen ditugun horietako bat pairaturik. Nolanahi ere, erotzeko zorian egonda nago, eta Parisen hogeitalau ordu pasatzea aski izan dut berriz ere neure onera etortzeko.

        Atzo, egiteko batzuk eta zenbait bisita egin ondoren, zeinek arimara halako hats berri eta bizkorgarri bat ekarri baitzidaten, gauean Théâtre Français-era joan nintzen. Alexandre Dumas semearen pieza bat antzezten ari ziren eta adimen ernai eta indartsu horrek erabat sendaturik utzi ninduen azkenean. Egia da, bai, bakartasuna arriskutsua dela Ian egiten duten buruentzat. Pentsatu eta hitz egiten duten gizonak behar ditugu inguruan. Bakarka luzaz gaudenean, hutsa mamuekin betetzen dugu.

        Pozez gainezka itzuli nintzen hotelera, boulevarretan zehar. Jende-osteen artean ibiltzean, gogoan ibili nituen, ez ironia barik, lehengo asteko izuak, lehengo asteko irudipenak, uste izan baitut, bai, uste izan baitut ezen izaki ikustezin bat bizi zela nire teilatuaren azpian. A zein ahula den gure burua eta zein laster izutu eta zoratzen den, gertakizun ulertezin txiki batek jotzen gaituela!

        Geure buruei hitz xume hauek esan ordez: «Ez dut hau konprenitzen, zerk eragiten duen ez dakidalako», misterio izugarriak eta naturaz gaindiko indarrak irudikatzen hasten gara laster.

 

 

        Uztailak 14.— Errepublikaren festa. Kaleetan barrena ibili nintzen. Petardoek eta banderek haur bat bezala dibertitzen ninduten. Tontakeria galanta iruditu izan zait, dena den, halako egunetan, gobernuak hala erabaki duela-eta, nahitaez poztu beharra. Herria artalde ergel bat besterik ez da, orain lerdoki pazientea eta orain basatiki erreboltaria. Esaten diote: «Diberti hadi». Eta dibertitu egiten da. Esaten diote: «Hoa auzoarekin borrokatzera». Eta borrokatzera joaten da. Esaten diote: «Emaiok botoa Enperadoreari». Eta enperadoreari ematen botoa. Gero esaten diote: «Emak botoa Errepublikaren alde». Eta Errepublikaren alde ematen botoa.

        Ergelak dira herria kidatzen dutenak ere; baina gizakiei obeditu ordez, hatsarreei diete obeditzen, zeinak lerdo, antzu eta faltsuak baizik ez daitezkeen izan, hatsarreak direlako arrazoi soilarengatik hain zuzen, hau da, egiazko eta aldaezinekotzat jotako ideiak deusetaz ziur egon ezin garen mundu honetan, argia bera ere ilusio hutsa baita, hotsa bera ere ilusioa besterik ez delako.

 

 

        Uztailak 16.— Hagitz nahasi ninduten gauzak ikusi nituen atzo.

        Afaltzera joana nintzen nire lehengusina andere Sablé-renera, zeinaren senarrak Limoges-eko 76. Ehiztariostea manatzen baitu. Bi emakume gazterekin gertatu nintzen han; bat mediku batekin esposatua da, Parent doktorearekin hain zuzen, buru-belarri baitihardu eritasun nerbiosoak eta hipnotismoari eta sugestioari buruzko esperientziek une honetan sorrarazten dituzten ohiz kanpoko adierazpenak aztertzen.

        Gizon hori luzaro aritu zitzaigun jakintsu ingeles batzuek eta Nancy-ko eskolako medikuek erdietsitako emaitza miresgarrien berri ematen.

        Jakitera eman zizkigun gertaerak hain zitzaizkidan harrigarri iruditu non ezin nituela inolaz ere sinetsi adierazi beharra izan bainuen.

        «Izan ere —esan zuen—, naturaren sekreturik inportanteenetako bat aurkitzekotan gaude, hots, Lur honetan dituen sekreturik inportanteenetako bat; inolaz ere, han, izarretan, beste batzuk ere badituelako. Gizakia pentsatzen hasi zenetik, bere pentsamendua esaten eta idazten ikasi zuenetik, beraren zentzumen trakets eta inperfektuek ezin argi dezaketen misterio batek joa sentitu da, eta bere organoen ezintasun hori bere adimenaren eginahalez garaitzen ahalegindu da. Adimen hori artean ere bere hasi-masietan zegoela, gertaera ikustezin horiek eite beldurgarriak hartu ohi zituen. Handik sortuak ditugu herriak naturaz gaindikoan dituen sinesteak, izpiritu alderrai, lamia, iratxo eta galtzagorrien elezaharrak, Jainkoaren elezaharra bera ere esanen nuke nik, zeren munduaren kreatzaileaz ditugun ikusmoldeak, edozein erlijiotatik etortzen zaizkigula ere, kreaturen burmuinetik jalgitako asmaziorik eskas, ergel eta onartezinenak baitira. Deus ez da egiazkoagorik Voltaireren hitz hauek baino: Jainkoak bere irudira egina du gizona, baina gizonak bere irudia bihurtuz ordaindu dio».

        «Alabaina, duela mende bat baino gehixeagotik, zerbait berria susmatzen duela dirudi. Mesmerrek eta beste batzuek ustegabeko bide batean jarri gaituzte eta, azken lauzpabost urtean batez ere, harrigarrizko emaitzetara iritsi gara benetan.»

        Nire lehengusinak, oso fede gutxikoa bera ere, irribarre egiten zuen. Parent doktoreak galde egin zion:

        —Nahi al duzu, anderea, zu lotarazten saiatzea?

        —Jakina.

        Emakumea besaulki batean eseri eta doktorea hari irmoki begiratzen hasi zitzaion, lilurarazi nahiz-edo. Ni, bat-batean, piska bat aztoratzen hasi nintzen, bihotza taupaka eta eztarria lehor. Han ikusi nituen andere Sabléren begiak lokartzen, haren ahoa kizkurtzen eta arnas-estuka hasten.

        Handik hamar minutura, lotan zegoen.

        «Jar zaitez haren atzean», esan zidan medikuak.

        Eta haren atzean eseri nintzen. Eskuen artean bisita-txartel bat ipini zion, hauxe esaten ziola: «Horra ispilu bat; zer ikusten duzu bertan?»

        Emakumeak erantzun zuen:

        —Neure lehengusua ikusten dut.

        —Zertan ari da?

        —Mostatxoa bihurritzen.

        —Eta orain?

        —Argazki bat ateratzen ari da bere sakeletik.

        —Norena da argazki hori?

        —Berea.

        Egia zen! Eta, gainera, argazki hori gau hartantxe eman zidaten, hotelean.

        Nola agertzen da erretratu horretan?

        —Zutik eta sonbrerua eskutan daukala.

        Beraz, txartel horretan, kartoi zuri horretan, ispilu bati begira balego bezala ikusten zuen.

        Emakume gazteak, ikaraturik, esaten ari ziren: «Aski! Aski! Aski!»

        Baina doktoreak agindu zion andereari: «Bihar goizeko zortzietan jaikiko zara; gero hotelera zeure lehengusuaren bila joan eta bost mila libera mailegatzeko eskatuko diozu arren, hain zuzen ere, zeure senarrak zeuri eskatu eta kanpotik heldu bezain laster eman beharko dizkiozunak.» Gero iratzarri egin zuen.

 

        Atzera hotelerantz nentorrela, saio bitxi hori nerabilen gogoan eta zalantzak erasotzen hasi zitzaizkidan, ez nire lehengusinaren guztizko eta dudaezinezko fede onari buruz, egia esan, haurtzarotik, arreba baten modura, ezagutzen bainuen, ezpada doktoreak agian egindako iruzurrari buruz. Ispilutxoren bat ezkutatuko ote zuen esku barruan, emakume gazte lokartuari bisita-txartelarekin batean erakutsiko ziona? Esku-jokoak egiten aritzen direnek antzeko gauzak egiten dituzte, zein baino zein harrigarriagoak.

        Hotelera itzuli eta ohera sartu nintzen, beraz.

        Dena den, biharamun goizean, hamaika t'erdiak aldera, nire zerbitzariak esnatu eta esan zidan:

        «Andere Sablé etorria da eta berorrekin hitz egin nahi du lehenbailehen.»

        Presa guztian jantzi eta haren errezibitzera irten nintzen.

        Aztoraturik oso eta begiak apal eseri zen eta hauxe esan zidan beloa altxatu gabe:

        Neure lehengusu maitea, mesede handi bat eskatu beharrean naukazu.

        —Zein, lehengusina?

        —Estuasun handian jartzen nau esateak, baina esan egin behar dizut, hala ere. Bost mila libera behar ditut, eta berehalakoan gainera!

        —Zeuk behar dituzula?

        —Bai, neuk, edo eta nire senarrak hobeki esanda, berak esan baitit dirutza hori lortzeko.

        Hain nengoen harriturik non zer erantzun ere ez nekiela geratu bainintzen. Neure buruarekin egon nintzen ez ote zebilen nitaz trufatu nahian Parent doktorearekin batera, alegia, aurretik prestaturiko komedia bat bikain antzezten ote zebilen.

        Dena den, adi-adi begiratu nion eta zalantza guztiak aldendu zitzaizkidan. Dardarka zegoen larritasunez, halakoxe mingarria zitzaion pauso hori eman beharra, eta eztarria zotinez gainezka zeukala ohartu nintzen.

        Arrunt aberatsa zela banekien eta berriro galdetu nion:

        «Zer? Zure senarrak ez daukala bost mila libera? Ea bada, saia zaitez gogoratzen! Ziur al zaude dirutza hori niri eskatzeko eskatu dizula?»

        Ezbaian egon zen segundu batzuez, bere oroimenean bilatzeko ahalegin handi bat eginen balu bezala, eta gero erantzun egin zuen:

        Bai..., bai... ziur nago horretaz.

        —Idatzi al dizu?

        Ezbaian egon zen berriz ere, gogoetan. Gogoratze-lan horrek sekulako oinazeak eragiten zizkiola ikusi nuen. Ez zekien. Bere senarrarentzat bost mila libera eskatu behar zizkidala, horixe besterik ez zekien. Gezur esatera ausartu zen, beraz.

        —Bai, idatzi egin dit.

        —Noiz? Atzo ez zenidan tutik esan.

        —Gaur goizean jaso dut haren gutuna.

        —Erakutsiko al didazu?

        —Ez... ez... ez... oso gauza barrungoak esaten ditu... oso pertsonalak... zertu egin dut... erre egin dut.

        —Zure senarrak zorrik al dauka, hortaz?

        Zalantzan egon zen berriro eta gero marmarka esan zuen:

        «Ez dakit.»

        Orduan braust esan nion:

        «Momentuz ez dauzkat bost mila libera horiek, lehengusina maitea.»

        Sufrimenduzko heiagora-suerte bat jaurti zuen.

        «Oi!, ene!, otoi, arren, aurki itzazu, bada...»

        Asaldatuta oso zegoen eta niri otoizka ari balitz bezala biltzen zituen eskuak! Haren ahotsa doinuz aldatzen entzun nuen; negarrez eta totelka ari zen, jasotako agindu pairaezinak hertsaturik, erabat azpiraturik.

        «Oi!, oi!, arren eskatzen dizut... bazeneki nola sufritzen dudan... gaur bertan behar ditut.»

        Errukitu egin nintzen berataz.

        «Aurki izanen dituzu, zin egiten dizut.»

        Oihuz hasi zen:

        «Oi!, mila esker!, mila esker! Zein ona zaren.»

        Nik ekin egin nion berriro: Gogoan al daukazu zer gertatu zen atzo zurean?

        —Bai.

        —Gogoan al daukazu Parent doktoreak loharrarazi egin zintuela?

        —Bai.

        —Bada, gaur goizean niri bost mila libera eskatzera etortzeko agindu zizun, eta zu orain sugestio horri obeditzen ari zara.

        Zenbait segundutan gogoeta egin eta erantzun zidan:

        «Nire senarrak eskatzen ditu, baina.»

 

        Ordubetean aritu nintzen bera etsiarazi nahian, baina alferrik izan zen dena.

        Joan zenean, doktorearenera abiatu nintzen lasterka. Irtetera zihoan eta irribarrez entzun zidan.

        Gero, hau esan zidan:

        —Sinesten al duzu orain?

        —Bai, zer erremedio.

        —Goazen, orduan, zure ahaidearen etxera.

 

        Besaulki luze batean erdi lo aurkitu nuen, nekeak lehertuta. Medikuak pultsua hartu zion eta piska batean hari begira egon zen, esku bat haren begietarantz altxatuta zeukala. Emakumea astiro-astiro joan zen begiak ixten indar magnetiko horri ezin eutsiz.

 

        Loak hartu zuelarik esan zion:

        «Zure senarrak ez du jadanik bost mila libera horien beharrik. Ahantzi egin behar duzu, beraz, lehengusuari dirutza hori eskatu diozula, eta, horretaz hitz egiten baldin badizu, ez duzu zertaz ari den konprenituko.»

 

        Gero iratzarri egin zuen eta nik diruzorroa atera nuen neure sakeletik:

        «Horra, lehengusina maitea, hementxe daukazu gaur goizean eskatu didazuna.»

 

        Halako moldez zen harritu non ez nintzen berriro galdetzera ausartu. Entseiatu egin nintzen, dena den, haren oroimena suspertzera; hark, ordea, indarrez ukatzen zuen hori, berataz burlatzen ari nintzela uste zuen eta haserretzeko menean ere egon zen, azkenean.

 

        Hara! Itzuli berria nago eta ezin izan dut bazkaldu, hainbestetaraino nahasi nau-eta esperientzia honek.

 

 

        Uztailak 19.— Pasadizua lagun askori kontatu diet eta denek egin didate barre. Ez dakit dagoeneko zer pentsa. Zuhurtziak bultzaturik galdetzen dut neurekiko: ba ote daiteke?

 

        Uztailak 21.— Bougival-era afaltzera joan eta afalondoa arraunlarien dantzaldian eman nuen. Deblauki, dena tokiaren eta inguruaren baitan dago. Erokeriaren gaindia litzateke Grenouillière-ko islan naturaz gaindikoan sinestea... Saint-Micheleko mendi-gailurrean, ordea? ... Indietan, ordea? Inguratzen gaituenaren izugarrizko eragina jasaten dugu. Datorren astean etxera itzuliko naiz.

 

 

        Uztailak 30.— Atzotik naiz neure etxean berriz ere. Dena ongi doa.

 

 

        Abuztuak 2.— Berririk ez; eguraldi zoragarria dago eta egunak Senaren joana ikusten pasatzen ditut.

 

        Kalapita bat izan da nire mirabeen artean. Esaten dutenez, basoak, gauez, armairuetan hautsita agertzen dira. Otseinburuak kuzinersa akusatzen du, eta honek arropa-ikuztailea, eta honek beste biak. Zein da erruduna? Nork asma lezake?

 

 

        Abuztuak 6.— Oraingo honetan ez nago burutik. Ikusi dut... ikusi dut... ikusi dut!... Ezin dut gehiago zalantzarik izan... ikusi dut!... Hotzak dardar nago oraindik atzazaletaraino... beldurrak nago oraindik hezurmuinetaraino... ikusi dut!...

        Banenbilen, bada, orain dela bi ordu eguzki betean neure arrosadian... loratzen hasiak diren udazkeneko arros ondoen artean.

        Géant des batailles bat, hiru lore bikain zituena, begiratzeko gelditu nintzenean, hantxe ikusi nuen, argi eta garbi ikusi ere, nigandik hurbil-hurbila, arrosa horietako baten txortena makurtzen, esku ikustezin batek bihurrriturik bezala, eta gero apurtzen, esku horrek ebaki izan baluen. Gero lorea goratu egin zen, beso batek aho baterantz eramatean eginen zuen kurbari jarraiki, eta hantxe geratu zen, aire gardenean isekita, bakar-bakarrik, higitu gabe, nire begietatik hiru urratsera jarritako orbain gorri beldurgarri baten gisan.

        Asaldaturik, harenganantz oldartu nintzen eskutan hartzeko asmotan! Ez nuen ezer aurkitu; aienatu egin zen. Orduan sutan jarri nintzen neure buruarekin: gizon kabal eta behar bezalako batek ez baitu halako haluzinazioen aurrean amor eman behar.

        Haluzinazio bat izan zen, baina? Atzera itzuli nintzen txortenaren bila eta bertan aurkitu nuen zuhaiskaren gainean, ebaki berri-berria, adarrean geratuta zeuden beste bi arrosen artean.

        Orduan, etxera itzuli nintzen arrenguraz beterik; ziur bainago orain, egunaren ondotik gaua datorrela bezain ziur, alegia, badela nire ondoan izaki ikustezin bat, esnez eta urez mantentzen dena, gauzak uki, har eta lekuz alda ditzakeena; izaki hori, beraz, materiaz hornitua dela, nahiz eta gure zentzumenek hauteman ezinekoa izan, eta, ni bezala, nire teilatuaren pean bizi dela...

 

 

        Abuztuak 7.— Lasai egin dut lo. Nire bonbileko ura edan du, baina ez dit loa galarazi hala ere.

        Burutik egina ote naizen galdetzen dut neure baitan. Arestiantxe eguzkitan ibai ertzean egurasten ari nintzela, zalantzak etorri zaizkit neure senean ote nagoen; zalantza horiek ez ziren batere lausoak, orain arte izan ohi nituenak bezalakoak, alegia, baizik eta zehatzak, erabatekoak oso. Eroak ikusita nago; ezagutuak ditut adimentsu eta buru-argi irauten zutenak, baita begi-zorrotz ere bizitzako gauza guztien gainean, puntu baten gainean izan ezik. Denetaz argi, zehatz eta sakon hitz egiten zuten, eta, bat-batean, haien pentsamendua euren erotasunaren behaztoparriarekin tupust egin eta hantxe desegiten zen mila puskatan, «eromena» deitzen diogun itsasandi beldurgarri eta sumindu horretan, olatuz, lanbroz eta erauntsiz beterikoan, sakabanatu eta hondoraturik.

        Burutik nengoela, zeharo jota nengoela pentsa nezake, baiki, neure senean ez banengo, guztiz ongo ez baneki neure egoeraren berri, egoera hori burua guztiz argi dudala aztertuko ez banuke. Baliteke ni bere senean dagoen gizaseme haluzinatu bat besterik ez izatea, funtsean. Nahasmendu ezezagunen bat gertatua da, noski, nire burmuinean, egun psikologoak antzeman eta zehazten saiatzen diren nahasmendu horietako bat, alegia; eta nahasmendu horrek agian arrakala sakon bat eragin du nire adimenean, nire ideien antolamendu eta logikan. Antzeko gauzak gertatzen dira fantasmagoriarik itxuragabeenetan zehar ibilarazten gaituzten ametsetan, gu harritu gabe horregatik, zeren aparailu egiaztatzailea, kontrolaren zentzua lokarturik baitago, irudikatzeko ahalmena zain egon eta lanean diharduen bitartean. Ez ote daiteke nire burmuinaren hari hautemanezinetakoren bat gelditu izana? Gizon batzuei, istripuren baten ondorioz, izen bereziak edo aditzak edo kopuruak ahanzten zaizkie, edo eta datak soilki. Egun frogarturik dago non kokaturik dauden pentsamenduaren sail guztiak. Ez litzateke harritzekoa, beraz, zenbait haluzinazioren irrealitatea kontrolatzeko nire ahalmena lokarturik baneuka une honentantxe?

        Hori guztia nerabilen gogoan, uraren ertzetik nenbilela. Eguzkiak argitasunez estaltzen zuen ibaia, lurra atsegingarri bihurtzen, nire begirada amodioz betetzen bizitzarekiko, enarekiko, haien zaulitasuna nire begien pozgarria baita, ibaiondoko belarrekiko, haien ikara nire belarrien gozamena baita.

        Hala ere, poliki-poliki, ezin esplikatuzko ondoez bat ari zen nire barruaz jabetzen. Indar batek, ezkutuko indar batek —iruditzen zitzaidan— sorgortu egiten ninduen, geldiarazi, urrutiago joatea galarazten, gibelerantz bultzatzen. Etxean gaixo maitatu bat utzi eta haren gaitza larriagotuko ote den susmoak bere mende hartzen zaituelarik hertsatzen zaituen atzera itzuli behar mingarri hori nabaritzen nuen neure baitan.

        Neure gogoz beste itzuli nintzen, beraz, etxean berri txar bat, gutun bat edo mezu bat, aurkituko nuelakoan ziur. Deusik ez zegoen han eta berriz ere zerbait fantastikoa ikusi banu baino txundituago eta kezkatuago geratu nintzen.

 

 

        Abuztuak 8.— Gau bat izugarria izan nuen atzo. Ez du bere burua gehiago agertzera ematen, baina nigandik hurbil sumatzen dut, ni zelatatuz, so egiten didala, bere begiradarekin zulatzen nauela, bere menera ekartzen eta, horrela ezkutatzen dela, bere presentzia ikustezin eta taigabea naturaz gaindiko fenomenoen medioz nabariaraziko balu baino beldurgarriago.

        Lo egin dut, hala ere.

 

 

        Abuztuak 9.— Ezer ez, baina beldur naiz.

 

 

        Abuztuak 10.— Ezer ez, baina zer gertatuko da bihar?

 

 

        Abuztuak 11.— Ezer ez oraindik; ezin naiz gehiago neure etxean egon izu hori eta arrengura hori bihotz-zolaraino sartuta; alde egitera noa.

 

 

        Abuztuak 12, Gaueko hamarrak. Egun guztian egon naiz hemendik alde egiteko gogoarekin, baina ezin izan dut. Askatasunezko ekintza hain erraz eta xume hori gauzatzeko gogoa izan dut, hots, etxetik irten eta neure kotxera igo Rouenera joateko, baina ez naiz gauza izan. Zergatik?

 

 

        Abuztuak 13.— Gaixotasun batek baino gehiagok harrapatzen gaituztenean, izaki fisikoaren erresorte guztiek ematen dute apurturik, indar guztiek deusezturik, gihar guztiek laxaturik, hezurrek haragia bezala guriturik eta haragiak uraren antzo urturik. Era estrainio eta etsigarri batez atzematen dut hori neure izaki moralean. Ez daukat dagoeneko indarrik bat ere, kemenik bat ere, neure buruarekiko nagusitasunik bat ere, ezta neure borondatea abian jartzeko inolako ahalmenik ere. Ezin dut nahi izan ere dagoeneko, baina bada norbait nire ordez nahi duena, eta nik obeditu egiten diot.

 

 

        Abuztuak 14.— Galduta nago! Norbait nire arimaren jabe da eta gobernatu egiten du! Norbaitek nire egintza guztiak, nire mugimendu guztiak, nire pentsamendu guztiak manatzen ditu. Ez naiz jadanik ezertxo ere neurez, egiten dudan guztiaren ikusle azpiratu eta ikaratu bat besterik ez naiz. Irten egin nahi dut, baina ezin. Hark ez du ni irten nadin nahi, eta hantxe gelditzen naiz, sorgor eta dardar, berari eratxekita naukan besaulkian eseria. Jaiki besterik ez dut nahi, beso-zangoak piska bat luzatu neure buruaren jabe naizela frogatzeko. Ezin dut! Neure eserlekuari lotuta nago, eta jarlekua ere halako moldez dago zoluari itsatsita non ez baita munduan indarrik handik altxaraziko gintuzkeenik.

        Gero, bat-batean, lorategiaren hondarreraino joateko premia ikaragarri bat sumatzen dut, marrubiak bildu eta jateko. Eta banoa. Marrubiak bildu eta jan egiten ditut! Oi, Jainko maitea! Jainko maitea! Jainko maitea! Ba ote da Jainkorik? Jainkorik bada, libra nazazu, salba nazazu! Sokorri nazazu! Barkazioa! Urrikalmendua! Grazia! Salba nazazu! Oi, hau sufrikarioa! Hau oinazea! Hau lazgarritasuna!

 

 

        Abuztuak 15.— Izan ere, halako zerbait gertatu zitzaion nire lehengusinari ere indar horrek azpiratu eta niri bost mila libera eskatzera hertsatu zuelarik. Beste izpiritu bat, beste izpiritu bat bizkarroi eta menderatzailea bezala haren baitan sartutako borondate arrotz baten menean zegoen. Munduaren azkena ote dator, bada?

        Nor da, baina, gobernatzen nauen izaki ikusiezin hori? Nor dugu ezezagun hori, naturaz gaindiko arraza baten mandatari hori?

        Badira, beraz, izaki ikustezinak! Nolatan ez dituzte, bada, munduaren hasieratik beren buruak agertzera eman, orain niri agertzen zaizkidan bezain garbi? Sekula ez dut deus irakurri nire etxean bertan gertatzen ari zaidanaren parekorik. Oi, etxetik irten ahal banendi! Ihes egin, urrutira joan eta ez itzultzea izan baneza! Salbatua nintzateke, baina ezin dut.

 

 

        Abuztuak 16.— Gaur bi orduz eskapatu ahal izan naiz, bere ziegako atea, halabeharrez-edo, zabalik topatzen duen preso bat bezala. Bat-batean, libre nintzela eta hura urrun zela ohartu nintzen. Halatan, zaldiak azkar apailatzeko agindu eta Rouenera joan nintzen. Hauxe da poza obeditzen duen gizon bati esan ahal izatea: «Zoaz Rouenera!»

        Bibliotekaren aitzinean gelditzeko esan eta Hermann Herestauss doktoreak antzinako eta egungo munduko biztanleen gainean ondutako tratatu handia emateko erregutu nion liburuzainari.

        Gero, zalgurdira berriz igo eta hauxe nahi izan nuen esan: «Geltokira!», baina hori esan beharrean hauxe oihukatu nuen —ez bainuen esan, oihukatu baizik—: «Etxera!», hain ahots ozenaz non han zebilen jendea niri begiratzeko itzuli baitzen, eta jarlekuan erori nintzen heriotzezko larritasun batek zapaldurik. Berriz ere aurkitu eta bere mende harrapatua nindaukan.

 

 

        Abuztuak 17.— A zer gaua! A zer gaua! Eta, hala ere, poztu egin beharko nukeelakoan nago. Goizaldeko ordu bata arte aritu naiz irakurtzen! Hermann Herestauss filosofia eta teogonian doktorak gizakien inguruan dabiltzan zein gizakiak berak ametsetan ikusten dituen izaki ikustezin horien guztien kondaira eta agerpenak idatzi zituen. Berorien etorkia, nagusitasuna, boterea, azaltzen du. Alabaina, haietako inork ez du ni azpiraturik naukanaren antzik. Esan liteke ezen gizakiak, pentsatzen hasi zenetik, beste izaki bat ere ba ote den susmatu izan duela beldurrez. Izaki hori gizakia baino azkarragoa eta haren mundu honetako oinordekoa litzateke. Halatan, hura beregandik hurbil hautemanez eta haren izaera asmatu ezinik, izaki ezkutuen, beldurretik jaiotako mamu lausoen mundua sortu du izuak eraginda.

        Beraz, goizaldeko ordu bata arte irakurri eta gero, leiho zabalduaren ondoan eseri nintzen neure burua eta neure ideiak iluntasuneko haize leunaz freskatzeko.

        Bare eta epel zegoen. Nola gozatuko nuen beste garai batean halako gau ederrarekin!

        Ez zegoen ilargirik, baina izarrek ñir-ñir egiten zuten ikarati ortzi ilunaren hondarrean. Nor bizi ote da mundu horietan? Zer itxura, zer izaki, zer animalia, zer landare bizi ote ziren han? Zer jakin ote dezakete mundu urrun horietako izaki adimentsuek guk ez dakigunik? Zer ote dezakete guk ez dezakegunik? Zer ikusten guk ikusten ez dugunik? Ez al da, egunen batean, haietako bat, espazioa zeharkaturik, gure lurrera, hartaz jabetzeko, etorriko, Normandoek behiala itsasoa igarota herri ahulagoak azpiratzeko etorri ziren bezala?

        Hain gara mendre, babesgabe, ezjakin eta txiki lohiez nahastutako ur tanta honetan bizi garenok!

        Loak hartu egin ninduen horrelako pentsamenduak nerabiltzala gaueko haize hotzarekin.

        Halatan, berrogei minutuz nonbait han lo egin eta gero, begiak zabaldu nituen zirkinik egiteke, halako mugida nahasi eta harrigarri batek iratzarririk. Aurrena ez nuen ezer ikusi; gero, bat-batean, iruditu zitzaidan ezen nire mahai gainean irekita geratutako liburuaren orri bat bere gisa itzuli berria zela. Leihotik ez zen bat ere haizerik sartu. Harritu egin nintzen eta itxaron egin nuen. Berrogei minuturen buruan, nonbait han, han ikusi nuen, han ikusi nuen, bai, han ikusi nuen neure begiz beste orri bat altxatzen eta aurrekoaren gainean erortzen, hatz batek eraginik bezala. Nire besaulkia hutsik zegoen, hutsik zirudien; baina hantxe zegoela konturatu nintzen, nire tokian eserita, eta irakurtzen ari zela. Jauzi sumindu batez, alegia, bere hezitzaileari erasotzera doan basa-piztiaren jauziaz, gela zeharkatu nuen haren gainera jaurti eta itotzeko, garbitzeko asmoz!... Nire besaulkia, ordea, bertara iritsi aitzin, norbaitek nire musu garbietan ihesari eman bailion mugitu zen... mahaia kulunkatu egin zen, lanpara erori eta itzali, eta leihoa itxi egin zen ustegabean harrapaturiko gaiztagin bat handixe eskapatu balitz bezala gauaren ilunean galtzeko.

        Alde egina zen, beraz; beldurra izan zuen, nire beldurra, alegia!

        Orduan... orduan... bihar... edo etzi... edo beste edozein egunetan, neure eskuekin heldu eta zolaren aurka txikituko dut! Txakurrak ere oldartzen dira eta beren nagusiak haginka hiltzen batzuetan.

 

 

        Abuztuak 18.— Egun guztia eman dut pentsaketan. Bai, bai, obeditu eginen diot, haren manuak bete, haren nahi guztiak egin; umil, manukor, kikil, agertuko natzaio. Hura da indartsuena, baina egun bat etorriko da...

 

 

        Abuztuak 19.— Badakit... Badakit... badakit dena! Zientzien Munduko Aldizkarian irakurri berria nago hori: «Berri aski bitxi bat heldu zaigu Rio de . Janeirotik. Eromen bat, eromen-izurrite bat, Europako herriak Erdi Aroan jo zituzten zorotasun kutsakorrei konparatzeko modukoa bera, bazterrak suntsitzen ari da momentu honetan San-Pauloko probintzian. Biztanle asaldatuek etxeak hustu eta aldiriak mortu uzten dituzte, soro-alorrak larretako uzten, baizik eta izaki hautemangarri baina ikustezin batzuk jazarri egiten zaizkiela, menera bildu eta halako giza kabalak bailiran gobernatzen; izaki beldurgarri horiek banpiro-suerte batzuk omen dira, lotan daudela haien bizitzaz elikatu eta, gainera, ura eta esnea ere edaten dutenak beste janari guztiak ukitzeke».

        «Don Pedro Henriquez irakasle jauna, zenbait mediku jakintsuk lagundurik, San Pauloko probintziara joana da, eroaldi harrigarri horren etorkiak eta agermoldeak bertatik aztertu eta zoroak jotako herritar horiek atzera zentzarazteko neurririk egokienak Enperadoreari proposatzeko.»

        A! Oroitzen naiz, oroitzen naiz lehengo maiatzaren 8an Sena ibaian gora nire leihoen azpian igaro zen itsasuntzi brasildar eder hartaz! Hain zitzaidan iruditu polit, zuri eta alegera! Izaki hori itsasuntzi horretan zegoen, handik zetorren, handik heldu baita haren arraza! Eta ikusi egin ninduen! Eta nire etxe zuria ere ikusi zuen; eta untzitik ibai ertzera egin zuen jauzi. Oi, Jainko maitea!

        Orain badakit, igarri egiten dut. Gizonaren erreinuarenak egin du.

        Etorria da, hemen da izaki berria, antzinateko gizonak izuarazten zituena, intxixu kezkatiek konjuratu eta azti-sorginek gau beltzetan alferrik deitu izan zutena inondik agertzen ikusi gabe. Munduaren jabe iragankorrek beren irudimenaz itxurarik higuingarri zein atseginenak eman zizkiotena: iratxo, inguma, galtzagorri, lamia, basajaun eta beste... Antzinako beldurrek eragindako itxura zakar horien ondotik, gizaki argiagoek zehazkiago susmatu zuten. Mesmerrek igarri egin zuen, eta medikuek, duela hamar urte jadanik, era zehatz batean eriden dute haren ahalmenaren jitea, ahalmen hori baliatu ahal izan aurka txikituko dut! Txakurrak ere oldartzen dira eta beren nagusiak haginka hiltzen batzuetan.

 

 

        Abuztuak 18.— Egun guztia eman dut pentsaketan. Bai, bai, obeditu eginen diot, haren manuak bete, haren nahi guztiak egin; umil, manukor, kikil, agertuko natzaio. Hura da indartsuena, baina egun bat etorriko da...

 

 

        Abuztuak 19.— Badakit... Badakit... badakit dena! Zientzien Munduko Aldizkarian irakurri berria nago hori: «Berri aski bitxi bat heldu zaigu Rio de Janeirotik. Eromen bat, eromen-izurrite bat, Europako herriak Erdi Aroan jo zituzten zorotasun kutsakorrei konparatzeko modukoa bera, bazterrak suntsitzen ari da momentu honetan San-Pauloko probintzian. Biztanle asaldatuek etxeak hustu eta aldiriak mortu uzten dituzte, soro-alorrak larretako uzten, baizik eta izaki hautemangarri baina ikustezin batzuk jazarri egiten zaizkiela, menera bildu eta halako giza kabalak bailiran gobernatzen; izaki beldurgarri horiek banpiro-suerte batzuk omen dira, lotan daudela haien bizitzaz elikatu eta, gainera, ura eta esnea ere edaten dutenak beste janari guztiak ukitzeke».

        «Don Pedro Henriquez irakasle jauna, zenbait mediku jakintsuk lagundurik, San Pauloko probintziara joana da, eroaldi harrigarri horren etorkiak eta agermoldeak bertatik aztertu eta zoroak jotako herritar horiek atzera zentzarazteko neurririk egokienak Enperadoreari proposatzeko.»

        A! Oroitzen naiz, oroitzen naiz lehengo maiatzaren 8an Sena ibaian gora nire leihoen azpian igaro zen itsasuntzi brasildar eder hartaz! Hain zitzaidan iruditu polit, zuri eta alegera! Izaki hori itsasuntzi horretan zegoen, handik zetorren, handik heldu baita haren arraza! Eta ikusi egin ninduen! Eta nire etxe zuria ere ikusi zuen; eta untzitik ibai ertzera egin zuen jauzi. Oi, Jainko maitea!

        Orain badakit, igarri egiten dut. Gizonaren erreinuarenak egin du.

        Etorria da, hemen da izaki berria, antzinateko gizonak izuarazten zituena, intxixu kezkatiek konjuratu eta azti-sorginek gau beltzetan alferrik deitu izan zutena inondik agertzen ikusi gabe. Munduaren jabe iragankorrek beren irudimenaz itxurarik higuingarri zein atseginenak eman zizkiotena: iratxo, inguma, galtzagorri, lamia, basajaun eta beste... Antzinako beldurrek eragindako itxura zakar horien ondotik, gizaki argiagoek zehazkiago susmatu zuten. Mesmerrek igarri egin zuen, eta medikuek, duela hamar urte jadanik, era zehatz batean eriden dute haren ahalmenaren jitea, ahalmen hori baliatu ahal izan baino lehenago ere. Jaun berriaren arma aztertu zuten, hots, giza izpiritua borondate misteriotsu baten medioz azpiratzea sehi bihurtu arte. Magnetismoa, hipnotismoa, sugestioa, deitu izan diote horri... zer dakit nik? Ikusiak ditut indar beldurgarri horrekin jolasten, ume erosken antzera. Errukarriak gu! Errukarria gizakia! Etorria da zera... nola deritzaio?... Bere izena oihukatzen ari zaidala iruditzen zait eta ez dut endelegatzen... Bai, bai, badakit... Horla du izena. Hura da. Etorria da! ...

        Ah! Saiak urzoa jan du, otsoak bildotsa, lehoiak bufalo adar zorrotza, gizonak lehoia akabatu du geziz, azkonaz, fusilez, baina Horiak, zer egin dugun guk zaldiaz eta idiaz, huraxe eginen du gutaz: bere jopua, bere zerbitzaria eta bere hazkurria, bere borondatearen ahal hutsez. Errukarriak gu!

        Dena den, aziendak, batzuetan, altxatzen dira eta azpiratu dituen gizona hiltzen dute. Nik ere nahi nuke hori egin. Gauza ninteke, baina bera ezagutu, ukitu, ikusi egin behar lehenago! Jakintsuek diotenez, animalien begiek, ez baitira gureak bezalakoak, ez dituzte gauzak guk bezala ikusten. Eta nire begiek ere ezin begizta dezakete zanpatzen nauen etorri berri hori.

        Zergatik? Ai!, oroitzen naiz orain Saint-Micheleko fraidearen hitzez: «Ikusten ote dugu, bada, denaren ehun milaren partea ere? Hor duzu haizea, naturako indarrik handiena; gizonak uzkailtzen dituena, eraikuntzak eraisten, arbolak errotik ateratzen, itsasoa urezko menditan altxarazten, itsas-labarrak suntsitzen eta itsasuntzi handiak arroken kontra egozten; erail, txistukatu, aiumaka, marruma egiten duen haizea, alegia, ikusi al duzu, eta ikus al dezakezu? Eta hala ere, bada inolaz ere».

        Eta pentsaketan segitu nuen; nire begiak hain dira ahul eta makets non gorputz gogorrak ere, gardenak izatera, ez baititu bereizten ahal. Eztainuztatu gabeko mirail batek motz diezadala bidea, beraren kontra joko nuke gela batean sartutako txoriak bere burua kristalen aurka hausten duen bezala. Beste hamaika gauzak ere dute gizakia tronpatzen eta bere bidetik aldaratzen. Nola harritu, beraz, argiak zeharkatzen duen gorputz berri bat hautematerik ez badauka?

        Izaki berri bat! Zergatik ez? Gertatu beharrekoa zen, aurki! Zer dela-eta izan beharko genuke azkenekoak? Gu baino lehen sortua izan dena besterik ezin dezakegu guk hauteman. Izaki honek izaera perfektuagoa du, gorputza gurea baino finago eta osatuagoa; gurea ahula baita, moldagaizki eratua, beti unaturik dauden eta makina zailegi baten antzera nekez diharduten organoez poxelatua; landare bat, animalia bat iduri bizi da airez, belarrez eta haragiz nekez elikatzen dela; animali makina bat eritasunek, deformazioek eta usteldurek esetsia, hatsantua, gaizki taxutua, inozoa eta bitxia, antzez gaizki egina, obra zakar eta minbera, adimentsu eta bikain bilaka litekeen izaki baten zirriboroa, alafede.

        Hain gutxi gara, hain gutxi garenez, mundu honetan, ostragandik hasi eta gizakiarenganaino! Zergatik ezin liteke beste izakiren bat izan, espezie-mota guztien hurrenez-hurrengo agerpenak banantzen dituen aldia amaitutakoan?

        Zergatik ezin liteke beste izakiren bat izan? Zergatik ezin litezke beste zuhaitz batzuk izan euren lore eskerga eta distiratsuekin beste lurralde batzuk urrin gozoz beteko lituzketenak? Zergatik ezin liteke beste elementurik izan suaz, aireaz, lurraz eta uraz gain? Lau dira, lau besterik ez, izakiak elikatzen dituzten osagarriak! A zer miseria! Zergatik ez berrogei, laurehun, lau mila! Zein den dena landerra, zimurra, ziztrina, zikoizki emana, idorki asmatua, dorpeki egina! Ikusi egin behar elefante eta hipopotamoaren grazia, eta gameluaren sotiltasuna!

        Esanen didazu, baina: eta pinpilinpausa? Ez dea, bada, hegaz Jagien lorea? Nik ametsetan ikusten dudan tximeleta ehun mundu adinakoa litzateke, eta haren hegalak halako itxura, edertasun, kolore eta liraintasunekoak lirateke non ezin bainitzake aditzera eman. Ikusten dut baina, izarrik izar dabil, bere hegalaldiaren haize harmoniatsuaz freskatzen eta urrindatzen dituela. Eta han goian bizi diren herriek igarotzen ikusten dute, zurturik eta liluraturik.

 

        Zer ote dut, bada? Hura da, hura, Horla, hertsatzen nauena, zorakeria hauek pentsarazten dizkidana. Nire baitan dago, nire arima ari da bihurtzen; akabatu eginen dut!

 

 

        Abuztuak 19.— Akabatuko dut. Ikusi egin dut! Atzo neure mahaian eseri eta arreta handiz idazten ari nintzelako plantak egin nituen. Banekien nire inguruan ibiltzera etorriko zela, hain gertu, hain gertu non beharbada haren ukitzea, haren atzematea izan bainezake. Eta orduan... orduan etsituen indarra izanen nuke; orduari neure eskuak, neure belaunak, neure bularra, neure bekokia, neure hortzak izanen nituzke haren itotzeko, haren zapaldu, ausiki eta xehatzeko.

        Eta haren zelatan nenbilen organo guztiak erne eta zurt.

        Bi lanparak eta supazterreko zortzi kandelak pizturik neuzkan, argi horiekin hobeki aurkitu ahal banu bezala.

        Nire ohea, intxaurkiz egindako nire ohe zaharra, aurre-aurrean nuen, eskuinaldean supazterra eta, ezkerretara, gelako atea, artoski itxia, luzaz zabalik utzi eta gero, hura erakartzeko xedez; nire atzean ispiluko armairu handi bat zegoen, egun oro bizarra moztu eta janzteko erabiltzen dudana, hantxe begiratzen bainion neure buruari, burutik oinetaraino, aitzinean igarotzen nintzen bakoitzean.

        Idazten ari nintzelakoa egiten nuen, beraz, hari ziria sartzeko; berak ere zelatatzen baininduen. Bat-batean susmatu egin nuen, ziur egon nintzen, nire bizkar gainetik irakurtzen ari zela, hantxe zegoela, nire belarriaren azala ukituz ia.

        Zutitu nintzen, eskuak zabaldurik, hain arin itzuliz non erortzeko zorian izan bainintzen. Hara! Egunaren erdian bezain argi zegoen dena, baina ez nuen neure burua ispiluan ikusi! Miraila hantxe zegoen, huts, garbi, sakon, argiz beterik. Nire irudia ez zen barruan ageri eta ni parez pare nengoen. Beira gardena ikusten nuen goitik behera. Neure begiei ezin sinetsiz so egiten nion, eta ez nintzen hurbiltzera ausartzen, ez nintzen zirkin ere egitera ausartzen, hargatik garbi nabarituz bera han zegoela, baina berriz ere alde eginen lidakeela, berak, bere gorputz ikustezinarekin errainua hurrupatu zidanak.

        Hura beldurra izan nuena! Gero, bat-batean, non hasten naizen neure irudia ispiluaren hondarrean laino artean atzematen, ur-jausi batetik zehar bezala, eta iruditzen zitzaidan ur hori ezkerretik eskuinera lerratzen zela, astiro-astiro, nire irudia gero eta gehiago argiagotzen zuela. Eklipse baten amaiera bezalakoa zen. Ezkutatzen ninduenak ez bide zuen garbiki zehaztutako ingururik, baizik eta halako argitasun opako bat, gutxika-gutxika garbituz zihoana.

        Noizbait ere neure burua ikusi ahal izan dut osoki, egun oro egin ohi dudan eran.

        Ikusia nuen! Eta izu-ikara horrek nigan iraun du, eta oraindik ere ikararazten nau.

 

 

        Abuztuak 20.— Hura akabatu, nola? Ezin baitut neure eskuekin harrapatu? Pozoiez? Baina pozoia urarekin nahastekatzen ikusiko ninduke, eta, gainera, izanen ote lukete eraginik gure pozoiek haren gorputz hautemanezinean? Ez... ez... inondik ere. Zer egin, orduan?

 

 

        Abuztuak 21.— Sarrailgin bat etorrarazi dut Rouenetik eta nire gelako leihoetan burdinsareak ipintzeko agindu diot, Parisko zenbait etxetan lapurren beldurrez izan ohi dituztenak bezalakoak, alegia. Antzeko ate bat ere eginen dit, gainera. Koldar bat naizela pentsatuko du, baina bost axola!...

 

 

        Irailak 10.— Rouen, Continental hotela. Egina dago, egina dago, baina benetan hil ote da? Barrenak asaldaturik dauzkat ikusi dudanagatik.

        Atzo, sarrailginak burdinsareak eta burdinazko atea ipinita, dena zabalik utzi nuen gauerdia arte, hotz egiten hasi baldin bazen ere.

        Bat-batean, hantxe zegoela sumatu nuen eta poztasun ero bat jabetu zen nitaz. Poliki-poliki jaiki eta batera eta bestera ibili nintzen puska batean, inolako susmorik izan ez zezan. Gero botinak erantzi eta txapin zaharrak jantzi nituen ezaxolki. Hori egin ondoren burdinsareak itxi eta urrats lasaiz aterantz itzulirik, atea ere itxi nuen bi itzuli emanez giltzari. Orduan berriro leihorantz joanda, giltzarrapo batekin tinkatu eta giltza sakela barruan gorde nuen.

        Bere-berehala, nire inguruan estu eta larri zebilela konturatu nintzen, beldurrak zegoela bera ere, atea zabaltzeko agintzen zidala. Amor ematear egon nintzen. Ez nuen amor eman, baina, hala ere, bizkarra atean jarri eta erdizka zabaldu nuen, ni gibelka pasatzeko lain besterik ez; eta nola oso handia bainaiz, buruarekin atalburua jotzen nuen. Ziur nengoen ezin izan zuela ihes egin eta hantxe giltzapeturik utzi nuen, bera bakarrik, bera bakarrik! Hura poza! Neure eskuetan neukan! Orduan presa guztian jaitsi nintzen behera, eta saloian, neure gelaren azpi-azpian baitago, bi lanpara hartu eta olio guztia bota nuen tapiz gainean, altzarietan, denean; gero horri guztiari su eman eta alde egin nuen, bertako ate handia itxi eta gero.

        Neure lorategiaren bukaeran, ereinotz-sail batean gorde nintzen. Zein luze jo zuen denak! Zein luze jo zuen denak! Dena zegoen beltz, mutu, geldi; ez haizerik, ez izarrik; hodei pilo handiak besterik ez, nik ikusten ez nituenak, baina nire arima pisu astun-astun batez zapaltzen zutenak.

        Neure etxeari begiratzen nion eta zain nengoen. Zein luze jo zuen denak! Pentsatzen hasia nintzen, jadanik, sua berez iraungia ote zen edo eta Hark itzali ote zukeen, noiz eta ere beheko leihoetako batek, sutearen oldearen pean, zapart egin eta sugar bat, sugar gorri-hori handi, luze, bigun eta ferekagarri bat, horma zuritik gora igo eta teilaturaino besarkatu baitzuen. Erlantz bat hedatu zen arbola, adar eta hostoetan barrena, eta dardara bat, beldurrezko dardara bat ere bai. Txoriak esnatu egin ziren; txakur bat zaunkaka hasi; eguna argitzen ari zuela iruditu zitzaidan! Laster beste bi leiho ere lehertu ziren eta neure etxe-behealde guztia sutzar handi ikaragari bat baizik ez zela ikusi nuen. Orduan garrasi batek, garrasi latz, zorrotz eta erdiragarri batek, andre baten garrasi batek alegia, gaua urratu zuen eta ganbarako bi leihoak zabaldu ziren. Neure otsein eta neskameak ahantzi nituen! Haien aurpegi asaldatuak eta beso dardaratiak ikusi nituen!...

        Laborriak zoraturik, lasterrari eman eta herrirantz joan nintzen aldarrika: «Lagundu! Lagundu! Sua! Sua!» Ordurako gizon batzuk bazetozen etxe aldera eta haiekin itzuli nintzen, zer gertatzen ari zen ikusteagatik!

        Etxea heriotzazko su handi bat besterik ez zen orain, su ikaragarri bat inguruko lurralde guztia argitzen zuena, hainbat kristau erretzen ari ziren eta Hura ere irazekitzen ari zen su handia. Hura, hura, nik menean hartua, Izaki berria, nagusi berria, Horla!

        Bat-batean teilatua plaust erori zen hormen artean eta sugarrezko mendi bat goratu zen ortziraino. Infernu hartara zabaldutako leiho guztietatik sugarrak goratzen ikusi eta pentsatu nuen hura ere hantxe zegoela, su-labe hartan hilik.

        —Hilik? Agian... Eta haren gorputza? Eta eguargiak zeharkatzen zuen gorputz hura gureak hiltzen dituzten bitartekoek ezin suntsi balezate?

        Eta hilik ez bazegoen?... Baliteke denborak bakarrik menderatu ahal izatea izaki ikustezin eta beldurgarri hori. Zergatik du gorputz garden eta ezagutezin hori, izpirituzko gorputz hori, berak ere jasan behar baldin badu gaitz, zauri, gaixotasun eta garaiz aurreko suntsiketarik?

        Garaiz aurreko suntsiketarik? Handixe dator gizakien izialdura guztia. Gizonaren ondoren, Horla. Egun oro, edozein ordu eta tenorez, edozein istripuren ondorioz, hil daitekeenaren ondoren, bere egunean, bere ordu eta tenore jakinean baizik hilen ez dena etorria da, bere bizitzaren mugara iritsia delako!

        Ez... ez... bat ere zalantzarik gabe, ez dago hila... Orduan... orduan... neure buruaz beste egin beharko dut, beraz!...

 

Horla
Guy de Maupassant

euskaratzailea: Pedro Diez de Ultzurrun
Infomart, 1999