Aluma ALUMA I Honela esan zidan behin lagun batek: «Aljeriara egin behar duzun bidaian, kasualitatez Bordj-Ebbaba ingurutik pasatzen bazara, zoaz nire aspaldiko lagun Auballe ikustera, kolono baita han.» Ahantziak nituen Auballe eta Ebbaba izenak eta akordatu ere ez nintzen egiten ia kolono harekin, kasualitate hutsez haren etxera iritsi nintzenean. Hilabete neraman oinez eskualde hartan barrena, Aljerretik hasi eta Cherchell, Orleans-ville eta Tiaret-eraino doanean. Orain zuhaitzez betea, orain zuhaitzik batere gabea, eskualde handi bezain goxoa. Pinu-baso sakonak ageri dira bi mendiren artean, ibar hertsietan barnaratzen direnak, haietan behera urez beteak jaisten baitira errekak neguan. Arabeek zubi gisa baliatzen dituzte haitzarteetan alderik alde eroritako arbolatzarrak, haien inguruan kiribiltzen diren lianek biziberritzen dituztenak. Badira leizeak, mendi-plegu ezezagunetan, ikaragarri ederrak, erreka koskorrak, lauak eta ertzetan ereinotz arrosez beteak, berebiziko grazia dutenak. Baina txango hartatik bihotzean gelditu zaidan oroitzapen goxoena, bazkalondoetako ibilaldiena da, itsasertzeko izurdura haietako bide zuhaitz gutxikoetan barrena egindako ibilaldi haiek, handixe ikusten baita ondo herrialde zabal, menditsu, gorri hura, itsaso urdinaren eta Ouarsemis mendilerroaren artean, mendilerro hartantxe baitago, goialdean, Tenieet-el-Haad zedro-basoa. Egun hartan galdu egin nintzen. Igo berri nintzen mendi-gailur batera, eta handik ikusi nuen, muino batzuen beheko aldean, Mitidjako lautada luzea, eta haruntzago oraindik beste mendilerro baten gailurrean, ia ikusi ere egiten ez zela, Tombeau dela Chretienne izeneko monumentu bitxia, Mauritaniako errege familia baten hilobi omen dena. Maldan behera nindoala, Hegoalderantz, han non aurkitu nuen nire aurrean zeru argirantz begiratzen duten tontorren parean, basamortuaren atarian, halako eremu garai bat, garaia eta nabarra, hango muino haiek guztiak elkarrekin jositako lehoinarruz estaliak bailiran. Tarteka-marteka, tontor zorrotz horiskaren bat nabarmentzen zen, ganbeluen konkorren antzekoa. Bizkor nindoan, arin, mendiak maldan behera jaisteko egon ohi diren bideska zailetatik jaisten den bezala. Deus ez da astun, goialdeko aire biziak girotutako ibilaldi arin horietan; deus ez da astun, ez gorputza, ez bihotza, ez pentsamenduak, ez eta kezkak ere. Egun hartan ez nuen somatzen nire baitan gure bizia zamatzen eta hilduratzen dutenetarik deus ere, mendian behera jaistearen plazerra besterik ez. Urrutira ikusten nituen kanpamendu arabiarrak, denda beltzaskak, punta zorrotzekoak, mariskoak arrokei nola lurrari hala lotuak, baita etxolak ere, ke arrea zerienak. Batetik bestera zebiltzan geldiro forma zuri batzuk, gizon zein emakume, eta arratsaldeko haize leunak nire belarrietaraino zekarren abereen ezkil-hotsa. Nindoan bideskako gurbitzak oker-oker eginda zeuden garangorrien pisuarengatik, zeinak bideskan barreiatuak baitziren. Martiriak ziruditen zuhaitz haiek; halako izerdi odoltsua zerien goitik behera; ardaska bakoitzeko enborretik zintzilik garangorri bat, odol-tanta baten antzekoa. Gorritua zuten gurbitzen inguruko lurra odoltanta haiek, eta garangorriak zapaltzerakoan halako hilketa-oinatzak gelditzen ziren. Aldian behin, pasakeran, salto egin eta humoenak hartzen nituen jateko. Halako gandu batek, idi-narruaren lurrina ematen zuenak, hartzen zituen emeki-emeki hango ibarrak; eta hodeiertzean, Saharako mugako mendilerroan, eder eta distiratsu ageri zen zerua. Urre koloreko errekasto luzeekin tartekatuak ageri ziren odol-errekastoak odol gehiago!, odola eta urrea, gizateriaren historia osoa eta halako arrail txiki bat zabaltzen zen tarteka-marteka, urdin berdeska kolorekoa, oso urrutira, ametsak bezala. Oh! bai urrun nengoela, bai urrun nengoela bulebarretan mintzagai izaten diren kontu eta jende guztiengandik, baita neure buruarengandik ere, halako izaki errari bihurtua, ez kontzientziarik ez pentsamendurik gabea, begi bat, joan doana, ikuslea, ikustea gustatzen zaiona, bai urrun, orobat, nire bidetik, zeinaz ez bainintzen gehiago akordatzen, eta horrexegatik konturatu bainintzen ilunabarrean galdua nintzela. Oldeka bezala jausten zen lurrera iluntasuna, eta nire aurrean mendia besterik ez nuen ikusten jada begien bistatik desagertzen. Orduan denda batzuk ikusi nituen harantxo hartan; jaitsi eta aurkitu nuen lehen arabiarrari saiatu nintzen azaltzen bila nebilen helbidea. Aditu ote zidan? Ez dakit. Kontua da luze erantzun zidala, eta nik ez niola deus ere konprenitu. Etsita nengoelarik gaua kanpamenduaren ondoan tapiz batean bilduta pasatzera, hara non iruditu zitzaidan, haren ahotik ateratzen ziren hitz arraro haien artean, Bordj-Ebbaba izena entzutea. Errepikatu egin nion: «Bordj-Ebbaba. Bai, bai.» Eta bi libera erakutsi nizkion, diru asko. Ibiltzen hasi zen eta nik atzetik jarraitu nion. Oh! Denbora luzean jarraitu nintzaion, gau beltzean, fantasma hari, nire aurretik baitzihoan harriz betetako bideskan barrena korrika, nik etengabe estropezu egiten nuen bitartean. Bat-batean, argi baten distira. Etxe zuri baten atarira iritsi ginen. Halako gotorleku bat zen, horma zuzenekikoa eta leihorik gabea. Deitu egin nuen eta txakur batzuek zaunka egin zuten barrutik. Ahots frantses batek galdetu zuen: «Nor da hor?» Eta nik erantzun: «Hemen bizi al da Auballe jauna?» «Bai.» Atea ireki zuten eta aurrez aurre ikusi nuen Auballe jauna, gazte lerden hile-horia, Herkules onkote baten itxura zuena, babutxatan eta pipa ahoan zuela. Nire izena esan nion; bere bi eskuak luzatu eta esan zidan: «Zure etxean zaude, jauna.» Handik ordu laurdenera, hantxe nengoen nire bazkaltiarraren aurrean gogotsu afaltzen, hark artean pipatzen jarraitzen zuelarik. Ezaguna nuen haren bizia. Emakumeekin diru-mordoa xahutu ondoren, Aljeriako lurretan ezarri zuen gelditzen zitzaion apurra; mahastiak jarri zituen. Ondo zihoakion mahastizaintza; zoriontsu zen, eta izan ere bere buruarekin kontent bizi den gizon patxadatsuaren itxura ematen zuen. Ezin nuen konprenitu nolatan ohitu zen paristar hark, kaskarin hark, halako bizimodu betiberdinera, bakardade hartan, eta galdegin nion: «Zenbat denbora egin duzu hemen?» «Bederatzi urte.» «Eta ez al duzu tristura handia sentitu?» «Ez, erraza da herrialde honetara ohitzea, bai eta azkenean maitatzea ere. Ez zenuke sinetsiko nola bereganatzen gaituen, geure baitan ezagutzen ez ditugun halako animali sen tipi mordo baten bitartez. Hari lotzen gatzaizkio, lehenik, geure organoen bitartez, arrazoitzen ez dakigun atsegin ezkutuak jasotzen baititugu haien bidez. Hango airea eta eguratsa gure haragiaz jabetzen da, guk nahi ala ez, eta herrialde hura betetzen duen argi alegerak klar eta asebeterik mantentzen digu izpiritua, ahalegin handirik gabe. Jario handian sartzen da gugan, etengabe, begietatik, eta iduri du arimako zoko ilun guztiak garbitzen dizkigula.» «Eta, emakumeak?» «Ah!... Urri samar dira.» «Urri samar bakarrik?» «Arranopola! bai, horixe... urri samar. Zeren hortxe baitaude beti ere, tribuetan, indigena atseginak, Rumiren gauak gogoan dituztenak.» Zerbitzatzen ninduen arabiarrarengana jiratu zen, gazte beltzaran sendoa bera, begi beltzekikoa, durbantepetik distiratsu ageri zitzaizkionak, eta esan zion: «Hoa, Mohammed, deituko diat beharko haudanean.» Eta gero niri: «Konprenitzen du frantsesa eta kontatuko dizudan istorioan oso pertsonaia garrantzitsua da bera.» Gizon hark alde egin zuenean honela hasi zen kontatzen: Lau bat urte izango ziren iritsi nintzenetik, ondo kokatu gabe nengoen artean, alde guztietatik, herrialde honetan, bertako hizkuntza zizakatzen hasita bainengoen, eta Arjelera joan beharra izaten nuen, lantzean behin, egun batzuetarako, nire pasioak, benetan zorigaiztoko izan zitzaizkidanak, erabat ez etetearren. Etxalde hau erosi nuen, bordj hau, garai batean gotorleku izana; indigenen kanpamendutik kilometro erdira edo dago, horko gizonak baliatzen baititut mahastizaintzarako. Iritsi nintzenean, tribu hartatik, Ulad-Taadjatarren zatiki bat baita, mutil sendo bat aukeratu nuen nire zerbitzurako, lehentxeago ikusi duzun hori, Mohammed, zeina oso esaneko agertu baitzitzaidan hasieratik. Ez zuen nire etxe barruan lo egin nahi, ez baitzegoen ohituta; horrenbestez, etxeko atetik pauso batzuetara ezarri zuen bere denda, nik neure leihotik deitu ahal niezaion. Ez duzu irudikatzen nolakoa zen nire bizimodua? Egun osoa ematen nuen luberrietan eta mahastietan gora eta behera, ehizean zertxobait egiten nuen, auzoko postuetako ofizialengana joaten nintzen bazkaltzera edo, bestetan, haiek etortzen ziren nire etxera. Eta, bestela, bada... plazer kontuan, esana dizut. Aljerrek eskaintzen zizkidan plazer finenak; eta noizean behin, haietako arabiar konplazient eta bihozbera batek geldiarazi egiten ninduen nire paseoan eta proposatzen zidan ea nahi nuen, gauaz, nire etxera tribuko emakume bat eramatea. Onartu egiten nuen batzuetan, baina, gehienetan, ezetz esaten nuen, ez bainekien zenbat kalte ez ote zitzaidan etorriko hortik. Eta arratsalde batez, uda hasiera zen, lur sailetatik etxera nentorrela, Mohammedekin egon beharra sentitu eta haren dendan sartu nintzen. Maiz egiten nuen hala. Djebel-Amodiozko artile luzez egindako tapiz gorri handi horietako baten gainean, koltxoiak bezain lodi eta leunak baitira, hantxe zetzan emakume bat, neska bat, biluzik ia, besoak begien gainean gurutzaturik. Haren gorputz zuria, oihala jasoa zuen leihotik sartzen zen argi-izpiaren pean distiratzen zuen zuritasuna baitzuen, inoiz ikusi nuen giza-arrazaren erakuskaririk perfektoenetakoa iruditu zitzaidan. Ederrak dira hemengo emakumeak, luzeak, eta hazpegi eta marren arteko harmonia bitxia dutenak. Nahasi samarturik, denda isteko oihala erortzen utzi eta etxera joan nintzen. Atsegin ditut emakumeak! Tximistak bezala zeharkatu ninduen eta erre han ikusitakoak, berpiztu egin baitzidan hona ekarri ninduen suhartasun ikaragarri hura. Bero zen, uztailean geunden, gau osoa igaro nuen ia leihoan, begiak Mohamedden dendak lurrean egiten zuen itzal beltzean jarrita. Biharamunean, Mohammed nire gelara sartu zenean, aurrez aurre begiratu nion, eta burua makurtu zuen hark gizon nahasi, errudun baten antzera. Igarri ote zidan nekiena? Bat-batean galdetu nion: «Ezkondua haiz menturaz, Mohammed?» Gorriturik, zizakatu zuen: «Ez, muzie!» Behartu egiten nuen frantsesez egitera eta niri arabierazko eskolak ematera, eta halaxe sortzen zen askotan halako hizkuntza tarteko bat, denik eta inkoeherenteenetarikoa. Erantzun nion: «Orduan, nondik nora zagok emakume bat hire etxean?» Murmurikatu zuen: «Hegoaldekoa da.» «Hegoaldekoa duk, beraz. Horrek ez dik argitzen, ordea, zergatik dagoen dendan.» Eqindako galderari erantzun gabe oraingoan ere, esan zuen: «Oso polita da.» «Horixe baietz! Entzun ongi; beste batean, Hegoaldeko andre polit horietako bat etortzen bazaik, saia hadi nire etxera eramaten eta ez hirera; aditzen, Mohammed?» Oso serio erantzun zuen: «Bai, muzie.» Aitortzen dut egun osoa eman nuela zirrara bortitz haren pean, tapiz gorri baten gainean etzandako neska arabiar haren oroitzapenak sortzen baitzidan, eta bazkaltzeko etxera itzuli nintzenean, irrika bizia izan nuela atzera Mohammeden dendara sartzeko. Afalorduan, ohi bezala zerbitzatu zuen Mohammedek, nire inguruan serio asko mugitzen zelarik, eta behin baino gehiagotan egon nintzen tentaturik galdetzera ea luzaroan pentsatzen zuen edukitzea Hegoaldeko neska polit hura bere ganbelu-narruzko sabaipean. Bederatziak aldera, emakume harenganako desioak jota beti ere, txakurren ehizarako sena bezain gogorra izaten baita desio hori, kanpora irten nintzen haizea hartu eta oihal beltzez egindako konoaren inguruan bueltaska bat egitera, eta oihalaren artetik argi-puntu distiratsu bat ikusi nuen. Urrundu egin nintzen gero, Mohammedek bere gelaren ingurumarian harrapa ez nindezan. Handik ordubetera itzuli nintzenean, argi eta garbi ikusi nuen Mohammeden irudia bere dendaren pean. Poltsikotik giltza atera eta gure bordj-ean sartu nintzen; hantxe egiten genuen lo nire intendenteak, Frantziako bi laborarik, Arjeletik ekarritako kuisiniertsa xahar batek eta bostok. Nire gelako eskailera igo eta han non konturatzen naizen, harriturik, nire atearen azpiko zirrikitutik, argia piztuta dagoela. Atea zabaldu eta hantxe ikusi nuen aurrez aurre, mahaiaren ondoan, lastozko aulki batean eserita, neska bat. Idolo-aurpegia zuen eta hantxe zegoen, lasai-lasai, zain baneuka bezala, Hegoaldeko emakumeek bernetan, lepoan, baita sabelean ere jarri ohi dituzten zidarrezko pitxi horietakoez horniturik. Haren begiek, khol-ak handituek, adi-adi erreparatzen zidaten; eta haren bekoki, masail eta okotzean finki tatuaturik, lau izar-ikurtxo. Besoak, uztaiez beteak, izterren gainean zituen jarriak, eta izterrak, berriz, sorbaldatik behera erortzen zitzaion zeta gorrizko gebba moduko batez estaliak. Sartzen ikusi ninduenean, zutitu eta halaxe gelditu zen nire aurrean, bere basa-pitxiez hornitua, menpekotasun harranditsua erakusten zuela. «Zer ari haiz hemen? galdegin nion arabieraz.» Etortzeko agindu didatelako nago hemen. «Nork agindu din?» «Mohammedek.» «Ongi da. Eseri hadi.» Eseri zen, lurrera begira, eta haren aurrean gelditu nintzen ni, goitik behera aztertzen. Bitxia zuen aurpegia, erregularra, fina eta basa samarra, baina baita mistikoa ere, buda baten antzekoa. Haren ezpainek erakusten zuten, gogorrak eta gorputzaren kolore gorriska berekoak baitziren, odol beltza zeramala nahasirik, nahiz eta eskuak eta besoak zuri-zuriak izan. Hantxe nengoen zer egin ez nekiela, aztoraturik, tentaturik eta nahastuta. Denbora irabazi eta neure buruari ausnartzeko aukera ematearren, galdezka hasi nintzaion nongotarra zen, nolatan iritsi zen herrialde hartara eta zernolako harreman zituen Mohammedekin. Hark, ordea, ez zien erantzun niri gutxien interesatzen zitzaizkidan galderei baino, eta ez nuen inola ere jakiterik izan zergatik etorri zen, noiz, zer asmorekin, nork aginduta, ez eta zer gertatu zen haren eta nire zerbitzariaren artean. Esatera nihoakionean «Itzuli Mohammeden dendara», igarri egin zidan nonbait asmoa eta, bat-batean zutitu eta, besoko uztai zaratatsu guziak sorbaldetaraino labaintzen zitzaizkiolarik, bi beso biluziak jaso eta lepoaren atzean gurutzaturik pausatu zizkidan eskuak, jasan ezineko erregu-aurpegi batez erakartzen ninduela. Haren begiek, seduzitu nahi horrek, gizonak mendean hartu behar horrek emakumeen begirada lizuna katuena bezain miragarri bihurtzen baitu behar horrek dei egiten zidaten, kateatu egiten ninduten, amore emanarazten zidaten, halako suhartasun oldarkor bat sortzen zuten ene baitan. Borroka laburra izan zen, hitzik gabea, begi-ninien artekoa soilik, bi gizaki basen betiereko norgehiagoka, arra eta emearen artekoa, non arra izaten baita beti galtzaile. Haren eskuek, lepagainean gurutzaturik baitzeuzkan, geldiro bezain tinko ninderamaten, gero eta tinkoago, eutsi ezineko indar mekaniko baten antzo, haren ezpain gorrietako irribarre basatirantz, eta hantxe jarri nituen bat-batean neureak, aldi berean besarkatzen nuelarik gorputz erdi biluztu hura, eta estutu harekin tintin-hotsa egin zutelarik haren lepotik oinetarainoko zilarrezko pitxi guztiek. Urduri somatzen nuen, zalu eta sano, gazela bat bezain; haren espresioek, mugimenduek, airostasunak eta gazela-usain moduko hark eraman ninduten haren musuei halako zapore ezezagun bat hartzera, sekula probatu gabea, tropikoetako fruitu baten zaporea bezain arrotz egiten zitzaidana. Berehala..., berehala diot nahiz eta seguruenik goizaldea izango zen, bidali nahi izan nuen handik, etorri bezala alde egingo zuelako ustean, eta harekin zer egingo nuen edo hark nirekin zer egingo zuen pentsatzeke. Alabaina, nire asmoaz jabetu bezain pronto, murmurikatu zidan: «Hemendik botatzen banauzu, nora joango naiz? Lurraren gainean egin beharko dut lo gauez. Utzidazu tapizaren gainean lo egiten, zure ohe ondoan.» Zer erantzun niezaiokeen, zer egin behar nuen? Pentsatu nuen han egongo zela, dudarik gabe, Mohammed, nire gelako leihatila argiztatutik begira, eta gisa guztietako galderak bururatu zitzaizkidan, argi eta garbi, lehen uneetako nahasmenduaren erdian neure buruari egin ez nizkionak. «Gera hadi hemen esan nion, hitz egin dezagun.» Segundu batean hartu nuen erabakia. Neska hura nire besoetara botea izan baitzen, neuretzako gordeko nuen, halako esklabu maite bihurtuko nuen, nire etxe barruan ezkutatuta edukiko nuen, harem-etako emakumeak bezala. Berarekin aspertzean aise bidaliko nuen aldamenetik, zeren, Afrikako eguzkiaren pean, halako izakiak gorputz eta arima izaten baitira kasik gure jabetzapeko. Honela esan nion: «Ona izan nahi dinat hirekin. Ongi tratatuko haut, ez haiz zoritxarreko izango; jakin nahi dinat, ordea, nor haizen eta nondik hatorren». Konprenitu zuen hitz egin beharra zuela, eta hala hasi zen bere istorioa kontatzen, edo istorio bat, hobeki esan, zeren gezurretan aritu zen antza, hasieratik bukaeraraino, arabiar guztiek beti egin ohi dutenez, horretarako arrazoirik izan ala ez izan. Gezurra esatea da bertakoen izaeraren ezaugarri harrigarri eta ulerkaitzenetako bat. Islamismoa erraietaraino sartua duten gizon horiek, ezen Islamismoa iritsi ere iritsia baita haien sena tajutzera, arraza osoa aldatzera eta, moralari dagokionez, larru beltza zuriarengandik bereizten den ber bereiztera, gizon horiek gezurti hutsak dira, hainbeste non sekula ez baitago fidatzerik haien esanez. Haien erlijioarengatik ote? Ez dakit. Haien artean bizi izan beharra dago jakiteko zenbateraino duten beren izaeran, bihotzean, ariman sartua gezurra esatea, halako bigarren izaera, bizitzeko behar bat izateraino. Alumak kontatu zidan Uled Sidi Cheik-tarren kaid baten alaba zela eta kaid horrek tuaregen kontra egindako razzia batean ebatsitako emakume baten alaba zela. Emakume hura esklabu beltza izango zen, edo bai behintzat jatorriz odol arabiar eta odol beltzaren arteko elkar gurutzatze batetik sortua. Jakina denez oso preziatuak izaten dira emakume beltzak harem-etan, non afrodisiakotzat baliatzen baitira. Ez zen, ordea, jatorri horren arrastorik batere ageri, ezpainetako kolore purpuratsu hura eta haren titi luzeska, xuxen eta leunetako buru beltzaska haiek izan ezik.Ongi erreparatuz gero, ez zegoen tronpatzerik. Gainerako guztia, ordea, Hegoaldeko arraza eder, zuri, lerdenari zegokion, aurpegi fina, marra zuzen eta xume batzuez egina, irudi-buru indiar baten antzekoa; begiek, elkarrengandik oso bereiziek, areagotu egiten zuten basamortuko emakume alderrai haren halako jainkosa-itxura hura. Haren benetako biziaz ez nuen deus zehatzik jakin. Hainbat xehetasun kontatu zizkidan, batere koherentziarik gabeak, memoria desordenatu batetik halabeharrez sortuak, eta xehetasun horiekin batera halako oharpen funtsgabe batzuk egiten zituen, goxoki, umeen antzera; munduaren ikuspegi nomada petoa erakusten zuen, dendazdenda, kanpamenduz-kanpamendu, tribuz-tribu saltoka aritutako kattagorri baten burmuinean sortua. Eta hala mintzo zen herrialde zauritu hartakoen betiko aurpegi idorra erakutsiz, marmarrean ari den idolo baten keinuak eginez eta halako seriotasun komiko samar bat nabari zitzaiola. Bukatu zuenean, ohartu nintzen ez nuela deus atxiki gogoan haren kasko arinean pilatutako gertakari xumeez beteriko istorio luze hartatik, eta galdegin nion neure buruari ez ote zen, besterik gabe, niri adarra jotzen aritu, ez haren izaerari, ez haren bizitzako gorabehera bakar bati buruz deus ere esaten ez zidan mintzaldi serio bezain axaleko hura bota zidanean. Eta gogoan nerabilen herrialde menderatu hura, haren erdian kanpaturik bizi baikara edo, hobeki esan, haiek bizi baitira gure artean kanpaturik. Hasi berriak gara haien hizkuntzan mintzatzen, egunero ikusten dugu nola bizi diren beren dendetako oihal gardenaren pean, gure legeak, gure erregelamenduak eta gure ohiturak ezartzen dizkiegu eta guk, berriz, ez dakigu deus ere haiei buruz, deus ere ez, aditzen? Han ez bageunde bezala, jadanik hirurogei urtez geroztik haiei beha egon besterik egingo ez bagenu bezala. Ez dakigu zer gertatzen den abarrez egindako etxola horien barruan, lurrari hesolez lotutako oihalezko kono txiki horien barruan, gure ateetatik hogei metrotara, ez dakigun ber zer egiten duten, zer pentsatzen, zer diren Aljerreko etxe moriskoetan bizi diren arabiar zibilizatu omen diren horiek. Hirietan dituzten etxebizitzetako horma kareztatuen atzean, beren etxoletako abarrez egindako tabikeen atzean nahiz haizeak batera eta bestera mugitzen duen ganbelu-narruzko gortina mehearen atzean, hantxe bizi dira, gure alboan, ezezagun, disimuluan, misteriotsu, gezurti, meneko, irribarretsu, ezagutezin. Eta esango banizu nire lentetik auzoko kanpamendura begiratzen dudanean, iduritzen zaidala badituztela hainbat aztikeria, zeremonia, mila ohitura artean ezagutzen ez ditugunak, eta direnik ere somatzen ez dugula? Halakoen susmo txikienik ere ez dugula? Ez da beharbada sekula izan indarrez menderatutako beste herririk, benetako menderakuntza, eragin morala eta garailearen behaketa amorratu bezain alferrikakoa hain ongi saihesten jakin duenik. Halatan, hara nola sentitu nuen bat-batean, naturak arrazen artean ezarri duen hesi iragankaitz eta sekretu hori, ulertu ezinekoa, lehenago beste inoiz ez bezala, neskato arabiar haren eta nire artean, gorputza eman berri zidan, fereka nezan utzi berri zidan emakume haren eta nire, haren hartzailearen artean ezarria. Ordurarte otu ez zitzaidan galdera egin nion: «Nola dun izena?» Halako jauzikara somatu nion bat-batean, aldamenean ninduela ahantzi balitzaio bezala, isilik egona baitzen minutu batez. Orduan konturatu nintzen, niri begira jarrita zituen begietan antzeman nion, aski izan zela minutu hura logaletzeko; ezin eutsizko logalea zuen, bortitza, bat-batekoa ia, emakumeen zentzu mugikorrez jabetzen den oro bezalakoa. Gogorik gabe bezala erantzun zuen, halako utzikeria batez, aharrausi egiteari eutsiz. «Aluma.» «Logale haiz?» galdetu nion. «Bai» hark erantzun. «Ongi da, egin ezan lo.» Lasai eta luze etzan zen nire aldamenean, ahozpez eta bekokia besoen gainean jarririk, eta berehala somatu nuen nola iraungi zen atsedenean haren pentsamendu basa iheskorra. Ni ere ondoan etzan eta gogoetari ekin nion gertatutakoa ulertu nahian. Zergatik eman ote zidan Mohammedek emakume hura? Zerbitzari bihotzhandi gisa jardunez sakrifikatu ote zuen bere burua eta hark bere dendara ekarritako emakumea niri eman, ala pentsamendu korapilatsuago bati, praktikoagoari, ez hain eskuzabalari, zor ote zitzaion gustuko nuen neska hura nire ohe gainean uztea? Emakumeez denaz bezainbatean, zernahi lotsa-suerte eta zernahi konplazentzia aitorrezin dute arabiarrek; eta haien moral zorrotz bezain ahula ere ez da haien beste sentimenduak baino konprenitzen errazagoa. Aurreratu egin nintzen seguraski, kasualitatez haren dendara sartu nintzenean, otsein aurrikusle haren asmo onekiko, zeinek neuretzat gordea izango baitzuen emakume hura, bere laguna, bere konplizea, bere maitalea agian. Hain ninduten estutu eta nekarazi pentsamendu haiek, non lo sakon batean sartu bainintzen emeki-emeki. Atearen kirrinkak esnatu ninduen; Mohammed zen; ni esnatzera zetorren, beti bezala. Leihoa ireki zuen eta argi-burrusta bat sartu zen handik eta ohe gainean zetzan Alumaren gorputza argiztatu zuen, lo jarraitzen baitzuen artean; gero tapizetik nire prakak, txalekoa, eta jaka jaso zituen brozatzeko. Ez zion erreparatu nire ondoan zetzan emakumeari; ez bide zen konturatu han zegoela; beti bezain isil ageri zen, betiko tankera eta betiko aurpegia zekarren. Alabaina, argiak, mugimenduak, gizon haren oinutsen hots leunak eta azal-biriketan aire garbia somatzeak atera zuten Aluma gorminetik. Nagiak atera, buelta eman begiak ireki eta, ezaxolatasun berberaz, niri begiratu zidan aurrena, bai eta gero Mohammedi ere, eta eserita jarri zen ohean. Jarraian murmurikatu zuen: «Gose naiz gaur». «Zer nahi dun jateko?» galdegin nion. «Kahua.» «Kafea eta ogia gurinarekin?» «Bai.» Hantxe zegoen Mohammed, gure ohe ondoan zutik, nire arropak eskutan, zer aginduko nion zain. «Ekarri gosaria Aluma eta biontzat», esan nion. Han irten zen gelatik, aurpegian harridura edo haserre txikienik nabari ez zitzaiola. Bakarrik gelditu ginenean, galdegin nion neska arabiar gazteari: «Nahi al dun nire etxean bizi?» «Bai, nahi dut.» «Gela bat izango dun heuretzat eta emakume bat hire zerbitzura.» «Bihotz onekoa zara eta eskertzen dizut.» «Baina ondo portatzen ez bahaiz, bidali egingo haut hemendik.» «Zuk eskatutako guztia egingo dut.» Eskua hartu eta musu eman zidan, menekotasunaren adierazgarri. Berriro sartu zen Mohammed erretilu batean gosaria zekarrela. Eta esan nion: «Aluma hemen geldituko duk bizitzen. Jarri tapiz batzuk korridorearen bukaeran dagoen gelan eta ekarri hona Abd-el-kader-el-Hadaren emaztea, Aluma zerbitza dezan.» «Bai, muzie.» Halaxe izan zen kontua. Handik ordubetera, hantxe zegoen nire neska arabiar ederra gela argi eta handi batean kokatua; eta dena ongi zihoala egiaztatzera joan nintzenean, zer eskatuko eta, arren, armairu ispiludun bat oparitzeko eskatu zidan. Ekarriko niola agindu eta hantxe utzi nuen Djebel-Amodio tapiz baten gainean eserita, zigarro bat ahoan, ekarrarazi nuen atso arabiarrarekin berriketan, aspaldiko ezagunak bailiran. II Hilabetez oso zoriontsu izan nintzen harekin, oso atxikipen berezia sentitzen nuela beste arraza bateko izaki harenganako. Beste espezie batekoa iruditzen baitzitzaidan, urruneko planeta batekoa edo. Ez nuen maite, ez, antzinako kontinenteko neskak ez baitira maite izaten. Haien eta gure artean, are haien eta beren ar naturalen artean, gizon arabiarren artean alegia, sekula ez da irekitzen Iparraldeko herrietako harako loretxo urdin hura. Hurbilegi daude giza-animaliatasunetik, bakunegia dute bihotza, zakarregia sentsibilitatea geure arimetan amodioaren poesiarik, gorespen sentimentalik pizteko. Izaki miragarri eta biluztu horiek gugan sortzen duten mozkorraldi sentsualak ez du intelektualetik deus ere, ez da inola ere adimen mailako mozkorraldia. Menderatu egiten gaituzte, hargatik; hartu egiten gaituzte, besteek ere hartzen baikaituzte, beste modu batera ordea, ez hain setatiro, ez hain krudelki, ez hain modu mingarrian. Ez nuke jakingo zehatz-mehatz adierazten zer sentitzen nuen emakume harengandik. Esana dizut, arestian, nola herrialde hau, Afrika biluz hau, arterik gabe, inolako gozamen intelektualik gabe hau, emeki-emeki joaten den gure gorputzak konkistatzen halako xarma ezezagun eta indartsu batez, airearen ferekaz, hango egusenti eta ilunabarren eztitasun etengabeaz, hango argitasun deliziusaz, gure gorputz-atal guztiak bainatzen ditueneko ongizate diskretuaz! Era berean konkistatu ninduen, horra!, Alumak, milaka erakargarri ezkutu, gatibagarri eta fisikoren bidez; modu sarkor batez liluratzen baininduten, ez haren musuek, halako nagikeria ekialdetar peto-petoa baitzuen, haren abandonatze goxoek baizik. Libre uzten nuen nahi zuenean joan eta etortzen, eta egun biz behin gutxienez auzoko kanpamendura joaten zen nire nekazari indigenen emazteekin arratsalde-pasa. Askotan, goiz osoa ematen zuen ia, Milianatik ekarrarazitako kaobazko armairuko ispiluan bere buruari beha. Adi-adi egon ohi zen bere gorputza miresten, zutik, ispilu handiaren aurrean, non sakon eta serio asko erreparatzen baitzien bere gorputz-mugimenduei. Atzeraka botatzen zuen pixka bat burua, ibiltzerakoan bere aldakei erreparatzearren; gero, batetik bestera ibiltzen nekatzen zenean, atzera itzuli, kuxin baten gainean eseri eta hantxe egoten zen bere buruaren aurrean pausatuta, aurpegi serioa eta arima osoa kontenplazio hartan jarririk. Laster ohartu nintzen ia egunero ateratzen zela etxetik bazkalondoan, eta ez nuela arratsera arte haren berri jakiten. Kezkatu samarturik, galdegin nion Mohammedi ba ote zekien zer egingo zuen Alumak etxetik kanpo ematen zituen ordu luze haietan. Lasai-lasai erantzun zidan; «Ez aztoratu, Ramadan dugu laster. Errezatzera joan beharra izaten du.» Xoratzen zegoen, antza, Mohammed ere Aluma etxe hartan bizi zenetik, nahiz eta behin ere ez nuen haien artean seinale susmagarri txikienik ikusi; behin ere ez zuten egin isil-gordeka aritzekorik, elkarren artean konpontzekorik, niri deus ezkutatzekorik. Onartu egiten nuen egoera zen bezalaxe, konprenitzeke, gauzak denboraren, halabeharraren eta biziaren beraren arabera gerta zitezen uzten nuela. Sarritan, nire lur-sailak, nire mahastiak, nire luberriak ikuskatu ondotik, ibilaldi luzeak egiten nituen oinez. Ezagutzen dituzu Aljerreko alde honetako baso ederrak, sakan horiek, non sartu ere ez baitaiteke egin eta izei eroriek itxi egiten baitituzte errekak, eta heriotzorriez estalitako aran tipi horiek, mendi goietatik begiratuz gero ekialdeko tapizak diruditenak, erreketan zehar zabalduak. Badakizu nola, artean inork zapaldu gabeak diruditen baso eta ibaiertz horietan noiznahi egiten den bat-batean topo kupula zuri batekin, horietako kubba-ren batean, non Marabut apalen baten hezurrak egongo diren gorderik, marabut isolaturen batenak, zein fidel gutxi batzuek baino ez duten bisitatuko; sainduaren hilobi gainean jartzeko kandela poltsikoan sarturik, hurbileneko kanpamenduetatik etorritakoek baino ez. Hala, arratsalde batez, ibilaldia egitetik bueltan nentorrela, kapera mahomatar horietako baten aurretik igaro nintzen; zabal-zabalik zegoen atera begiratu eta han ikusi nuen erlikiaren aurrean emakume bat errezuari emana. Ikuskizun ederra zen hura, emakume arabiar hura lurrean eserita, gela kalamastra hartan, haizea nolanahi sartzen baitzen hara eta izkinetan pilatzen baitzituen, meta horiskak eginez, pinuetatik eroritako hosto mehe-idorrak. Hurbildu nintzen, hobeto begiratzearren, eta ohartu nintzen Aluma zela. Ez ninduen ikusi, ez sentitu ere, guztiz emana baitzegoen sainduari errezatzeari; hizketan ari zitzaion, ahapeka, harekin bakarka zegoelakoan, bere kezka guztiak Jainkoaren mirabeari kontatuz. Tarteka isildu egiten zen apur batez gogoeta egiteko, esan beharrekoak gogoratzeko, eta sainduari egin beharreko aitorpenik ez ahazteko; eta batzuetan erantzun ere egiten zion sainduari, argudioak emanez, neskatoak nonbait egin nahi ez zuen zerbait aholkatu izan balio bezala. Hurbildu bezalaxe urrundu, zaratarik egin gabe, eta bazkaltzera joan nintzen. Iluntzean nire gelara etortzeko agindu niolarik, ohi ez bezalako kezka-aurpegia antzeman nion. «Eseri hemen» esan nion, sofan nire aldamenean jezartzeko adierazten niola. Eseri zen eta musu ematera hurbildu nintzaionean, kolpetik urrundu zuen bere burua. Harriturik, galdetu nion: «Zer dun hori?» «Ramadan da», hark erantzun. Barrez hasi nintzen. «Debekatu egiten al din Marabutak Ramadanen inork musu ematea, ala?» «Bai, noski! Arabiarra naiz ni eta zu, berriz, Rumia.» «Eta pekatu larria al litzateke?» «Bai, noski!» «Beraz, ez al dun deus ere jan ilundu arte?» «Ez, deus ere ez.» «Ilundu ondoren jango huen zer edo zer, ezta?» «Bai.» «Beraz, guztiz ilundu duenez, ez haiz ahoarekiko baino zorrotzago izango gainerakoekiko.» Haserre zirudien, mindua, zauritua, eta sekula ikusi ez nion burgoitasunez erantzun zidan: «Neska arabiar batek Ramadanen Rumi bati ferekatzen utziko balio, madarikatua bihurtuko litzateke betiko.» «Eta hilabete osoa iraungo al din honek?» Seguru-seguru erantzun zuen: «Bai, Ramadan hilabetea bukatu arte.» Haserre-aurpegia jarri eta esan nion: «Ongi da; bahoake Ramadan osoa hire familiarekin pasatzera.» Ene eskuak hartu eta bere bihotzondoaren kontra estutu zituen esanez: «Oh! ez izan gaiztoa, arren! Ikusiko duzu zeinen ongi portatuko naizen zurekin! Elkarrekin egingo dugu Ramadan, nahi baduzu. Ondo zainduko zaitut eta mimatuko; baina ez izan gaiztoa.» Hain zen bitxia haren etsipena, non ezin izan bainion eutsi irribarreari eta gelara bidali nuen lotara. Ordubeteren buruan, oheratzera nindoala, bi ate-kolpe txiki sentitu nituen atean, doi-doi entzun nituenak. «Aurrera!» egin nuen oihu, eta han ikusi nuen Aluma gozoki arabiarrez beteriko erretilu handi bat eskutan zekarrela: kroketa azukreztatuak, frijitu eta salteatuak, nomaden zernahi pastel-suerteren artean. Irribarretsu zetorren neskatoa, bere hortz zuriak erakusten zituela, eta berriro esan zidan: «Elkarrekin egingo dugu Ramadan.» Badakizu baraualdia egunsentian hasten dela eta bukatu, berriz, iluntzean, ikusmenak hari zuria eta beltza bereizten ez dituen une horretan, eta handik aurrera, arratsero, festatxo intimoak izaten direla, goizaldera arte jaten ematen direnekoak. Hori horrela, lotsa gutxiko indigenentzat, eguna gau eta gaua egun bihurtzea, horixe da Ramadan. Haruntzagokoa zen, ordea, Alumaren kontzientzi fintasuna. Erretilua bion artean paratu zuen, sofaren gainean, eta bere hatz leunez bolatxo azukreztatu bat hartu eta ahoan jarri zidan, honela xuxurlatzen zidala: «Oso ona da; jan ezazu.» Pasteltxo arin hura dastatu eta, egia esan, oso ona zegoen. Galdetu nion: «Heuk egina dun?» «Bai, neuk egina.» «Niretzat?» «Bai, zuretzat.» «Ramadan eraman ahal izateko?» «Bai, ez izan gaiztoa! Egunero ekarriko dizkizut holakoak.» A ze hilabete gogorra pasatu nuena! Hilabete azukreztatua, gozokeriazkoa, amorragarria; mimo eta tentazioz betea, erresistentzia gaindiezin baten kontrako kolera eta alferrikako ahaleginez betea. Gero Beïram-aren hiru egunak iritsi zirenean, neure erara ospatu eta ahantzi egin nuen Ramadan. Joan zen uda, oso beroa izan baitzen. Udazkeneko lehen egunak etortzearekin kezkatua somatu nuen, distraitua, arras gogogabetua. Behin, gauez, etor zedin agindu nuelarik, ez zuten gelan aurkitu. Etxe barruan nonbait ibiliko zelakoan, agindu nuen berahala haren bila hasteko. Irten egin omen zen etxetik eta ez omen zen itzuli. Leihoa zabaldu eta oihu egin nuen: «Mohammed!» Bere dendapetik erantzun zidan, hantxe baitzegoen etzanda. «Bai, muzie.» «Ba al dakik Aluma non den?» «Ez, muzie. Baina, nola? ezinezkoa, Aluma galdua?» Segundu gutxiren buruan sartu zen Mohammed nire gelan; erabat aztoraturik, urduritasuna menderatu ezinik. «Aluma galdua?» «Bada, bai, galdua.» «Ezinezkoa?» «Bila ezak, bada», esan nion. Hantxe zegoen zutik, pentsakor, ulertu nahi eta ezinik. Haren gela abandonatuan sartu zen gero: hantxe zeuden Alumaren jantziak lurrean boteak, ekialdeko desordena baten erdian. Polizia balitz bezala miatu zituen zoko-moko guztiak edo, hobeto esanda, txakurra balitz bezala usaindu zituen; gero, ahalegin handirik egin ezinik, murmurikatu zuen etsita: «Joana da, joana da!» Beldur nintzen ez ote zuen ezbeharren bat izan, ez ote zen amildegiren batera erori, eta kanpamenduko gizon guztiak iratzarrarazi nituen eta hura topatu arte bazter guztiak miatzeko agindu nien. Gau osoa eman genuen haren bila, hurrengo eguna, bai eta aste osoa ere. Ez genuen haren arrasto txikienik ere aurkitu. Nik sufritu egiten nuen; haren falta somatzen nuen; nire etxeak hutsa zirudien eta nire biziak basamortua. Ideia kezkagarriak pasatu zitzaizkidan burutik. Beldur nintzen ez ote zuten harrapatu, eta hil beharbada. Mohammedi galdetzen eta nire beldurrak jakinarazten saiatzen nintzen bakoitzean, berdin erantzuten zidan beti. «Ez; joana da.» Gero «r'ezale» hitz arabiarra aipatzen zuen, «gazela» esan nahi duena, oso arina zela eta oso urrun egongo zela adierazi nahian nonbait. Hiru aste joan ziren, eta ordurako ez nuen espero jada nire neskato arabiar maitea berriz ikusterik, baina goiz batez, han sartu zen nire etxean Mohammed, poza aurpegian, eta esan: «Muzie, Aluma itzuli da!» Ohetik salto batean jaiki eta galdetu nion: «Non da?» «Ez da ausartu hona etortzen! han behean, zuhaizpean!» Besoa luzatu zuen, leihotik olibondo baten pean ikusten zen zuriune txikia erakusteko. Jantzi eta kanpora irten nintzen. Enbor oker haren kontra botea zirudien fardel zurira hurbildu ahala antzeman nien begi beltz ilun haiei, izar tatuatuei, seduzitu ninduen neskatoaren aurpegi luxe ondo eginari. Zenbat eta hurbilago, orduan eta haztenago zitzaidan barne-sumindura; gogo bizia nuen neskatoa zartatzeko, sufriarazteko, mendeku hartzeko. Urrunetik egin nion oihu: «Nondik hator?» Ez zidan erantzun, hantxe gelditu zen, mugitzeke, hilotz baten gisan, doi-doiez bailegoen bizirik, nire bortizkeria jasateko gertu, zafratua izateko prest. Haren ondo-ondoan nengoen zutik, erdeinuz begiratzen niela estalkitzat zituen trapu zaharrei, zeta eta artilezko piltzar hautsez bete, zarpail eta zikin haiei. Berriro esan nion, txakurrei bezala eskua altxatuta. «Nondik hator?» «Han behetik!,» murmurikatu zuen. «Nondik?» «Tributik.» «Zein tributik?» «Neuretik.» «Zergatik egin huen alde?» Jotzen ez nuela ikusita, zertxobait adoretu eta esan zidan apal: «Beharrezkoa zen..., beharrezkoa zen... Ez nuen etxe horretan bizitzen jarraitzerik.» Malkoak ikusi nizkion begietan, eta berehala samurtu nintzen abere baten gisan. Harengana makurtu eta esertzeko buelta eman nuenean, han ikusi nuen Mohammed, urrutitik guri begira. Goxo-goxo esan nion: «Ea, esaidan, zergatik joan hintzen?» Orduan kontatu zidan aspaldidanik sentitzen zuela bere nomada-bihotzean halako desio eutsi ezinekoa, denden pera itzuli, lurrean etzan, korrika egin, harearen gainean arrastaka ibili, artaldeekin lautadaz lautada alderrai ibiltzekoa eta buruaren gainetik, zeruko izar horien eta bere aurpegiko izar urdinen artean, oihal mehe maiztu eta adabakiz betea besterik ez sentitzekoa, haren artetik suzko aleak ikusten baitira gauaz esnatuz gero. Hitz soil bezain indartsuak erabili zituen niri hori konpreniarazteko, hain doiak, non argi ikusi bainuen ez zela gezurretan ari. Errukiturik, galdetu nion: «Zergatik ez hidan esan aldi baterako alde egin nahi huela? » «Ez ninduzulako maite izango...» «Itzuliko hintzela aginduz gero, utziko ninan joaten.» «Ez zenidake sinetsiko.» Haserrea pasea nuela ikusirik, barre egin eta esan zuen: «Horra, bukatu da; itzuli naiz etxera; hemen nauzu. Egun batzuk han igaro beharra nuen. Aski dut; sendatu naiz. Itzuli naiz eta ongi nago. Aseturik nago. Zu ez zara gaiztoa.» «Hator etxera», esan nion. Zutitu zen. Eskutik oratu nuen, esku fina bera, hatz meheekikoa; eta han abiatu zen serios bezain lorioski bere piltzar eta guzti, bere eraztun, eskuturreko, lepoko eta xaflen zaratotsaren erdian, nire etxerantz, non zain baikeneukan Mohammed. «Aluma, hire herrira joan nahi duan bakoitzean, esan eta utziko dinat joaten.» Eta galdegin zidan mesfidati: «Hitz emana?» «Bai, hitz emana.» «Neuk ere hitz emango dizut bada. Ondoezik banago eta bi eskuak bekokian paratu zituen halako keinu eder bat eginez esango dizut "Hara joan beharra daukat" eta zuk utzi egingo didazu joaten» Gelaraino lagundu nion eta Mohammed gure atzetik abiatu zen ura eskutan hartuta, zeren artean ez baikenuen betarik izan Abdel-Kader-el-Hadaren emazteari jakinarazteko itzulia zela etxeko andrea. Sartu zen gelan Aluma, armairu ispiludunari erreparatu eta begiak pizturik, bizi-bizi abiatu zen ispilurantz, galdutzat jotako amarengana joan ohi den bezala. Pixka batean ispiluari begira egon, keinu bat egin eta, gero, halako haserre-puntua adierazten zuen ahotsez, honela esan zion ispiluari: «Zaude, baditut zetazko soineko batzuk armairuan. Berehala izango naiz eder.» Eta bakarrik utzi nuen, bere burua ederresten. Lehenera itzuli zen gure bizimodua, handituz zihoakidan neskatoarenganako erakarmena, erakarmen bitxia, erabat fisikoa, aldi berean harenganako halako erdeinu aitakeriazko bat sentitzen nuelarik. Ongi joan ziren gauzak hiru hilabetez. Harez gero, ordea, urduri somatu nuen berriro, asaldaturik, triste samar. Honela esan nion behin: «Zuenera itzuli nahi dun?» «Bai, hala nahi dut.» «Ez hintzen ausartzen baimena eskatzen?» «Ez, ez nintzen ausartzen.» «Hoa, bada, badun baimena.» Eskuak hartu zizkidan eta musukatu, hala egiten baitzuen eskerrona adierazi nahi zuenero, eta, biharamunean ez nuen berriro ikusi. Aurrekoan bezala, hiru bat astera itzuli zen, eta oraingoan ere zarpail, hautsak eta eguzkiak beztua, nomada-bizimoduz, harez eta askatasunez ase. Bi urtetan lau bider joan zen bere tribura. Alai hartzen nuen beti, jelosiarik gabe, zeren jelosia ez baita sortzen, nik uste, amodioa guk ulertzen dugun bezala ulertzetik baino. Egia da hil egingo nukeela ni engainatzen harrapatzez gerotan; obeditzen ez duen txakurra bezala hilko nukeen, ordea, bortizkeria hutsez. Ez nukeen sentituko harako tormenturik, harako su kiskalgarririk, harako gaixotasun ikaragarrik, Iparraldeko jelosiarik, alegia. Esan dut obeditzen ez duen txakurra bezala hilko nukeela. Izan ere, halaxe maite bainuen, halako abere bitxi bat, zakur nahiz zaldi, beste ezerk ordezka ez dezakeena, maitatzen den bezala. Pizti miragarri bat zen, pizti sentsuala, plazer-pizti bat, emakume-gorputza zuena. Ez nuke jakingo adierazten zer alde ikaragarria zegoen gure arimen artean, nahiz eta gure bihotzek elkar ukituko zuten beharbada halako une batzuetan eta elkarri bero emango. Etxeko zerbait, neure bizitzako zerbait zen Aluma, ohitu egin nintzen haragizko gizon, dena begi eta zentzu naizen honek hain atsegin nuenera. Goiz batez, halako aurpegi bitxia ikusi nion Mohammedi nire gelan sartu zenean, arabiarrek egin ohi duten begirada urduri horietakoa zuen, katuak txakurraren aurrean egiten duen begirada uzkur horietakoa. Halako aurpegia ikusirik, galdegin nion: «Zer diagu? Zer gertatzen duk?» «Alumak alde egin du.» Barreari eman nion. «Alde egin duela... nora baina?» «Betiko joan da, jauna!» «Nola, betiko?» «Bai, muzie.» «Burutik eginda hago, ala?» «Ez, muzie.» «Zer dela eta egin behar zian alde? Eta nola? Ea, esan!» Ez zen mugitu ere egiten, eta ez zuen hitzik esan nahi; gero, bat-batean, arabiarren su bizi horrek hartu zuen, hirietan bi astapotroren aurrean geldiarazten gaituen horrek, ekialdeko seriotasun eta isiltasunetik bat-batean igarotzen baitira izugarrizko keinu eta oihu beldurgarrienak egitera. Oihu haien artetik ulertu nuen Alumak nire artzainarekin egin zuela ihes. Lasaitu egin behar izan nuen Mohammed eta banan-banan atera behar izan nizkion gertatutakoaren xehetasunak. Luze jo zuen kontuak. Noizbait jakin nuen, hala ere, nire maitea zelatatzen aritu zela joan deneko azken zortzi egunetan, eta aldameneko kaktus-basoan edo heriotzorrien sakanean ikusi izan zuela halako arlote batekin elkartzen, nire intendenteak aurreko hilaren bukaera aldera artzain lanetarako hartu omen zuenarekin. Aurreko arratsean ikusi omen zuen irteten Mohammedek eta ez omen zuen atzera etxera itzultzen ikusi; eta behin eta berriro zioen, bere onetik aterata: «Alde egin du muzie; alde egin du!» Ez dakit zergatik baina bat-batean jabetu zen nitaz, erabat eta aurre egin ezin niola, uste hura, arlotearekin alde egina zelako uste bete-betekoa. Absurdua zen hura, sinestezina eta aldi berean egia, irrazionaltasunaren arabera, horixe baita emakumeen lojika bakarra. Odolberoturik, bihotza estuturik, gizon haren hazpegiak irudikatzen saiatu nintzen; eta bat-batean etorri zitzaidan akordura aurreko astean ikusi nuela bere artaldearen erdian, harri-pilo baten gainean zutik eta niri adi-adi begira. Beduino luze horietako bat zen; ia ez ziren bereizi ere egiten haren soin-atal biluzien kolorea eta jantzita zituen piltzarrena. Halako tipo basa, masailalboak handiak, sudurra kakoduna, kokotsa zorrotza eta hankak idorrak zituena. Halako hezurreria luze bat, trapu zaharrez jantzia eta txakal baten begi traidoreak zituena. Ez nuen duda txikienik egiten, arlote harekin joana zen. Zergatik? Aluma harearen alaba zelako. Beste batek, Pariseko kale-ume batek, nire autozainarekin edo hiriko edozein gizon alderrairekin egingo zukeen alde. Ongi da, esan nion Mohammedi. Berarentzat kalte alde egin badu. Utz nazak bakarrik. Eta alde egin zuen, harriturik ni hain lasai ikusita. Zutitu nintzen, leihoa zabaldu eta ahokada handika hartu nuen, birika barruetaraino iristen zitzaidala, Hegoaldeko aire itogarri hura, sirokoa baitzebilen. Gero, pentsatu nuen neure baitan: «Ene Jainkoa, hau ere... beste hainbat emakume bezalakoa hau ere! Ba al dakigu zerk eragiten duen haien jokaera, zerk bultzatzen dituen gizon bat maitatzera, jarraitzera edo abandonatzera?» Bai, batzuetan badakigu gehienetan, ordea, ez. Batzuetan, halako zalantzak izaten ditugu! Zergatik alde egingo zuen astakirten higuingarri harekin? Zergatik? Beharbada, azken hilabetean haizeak Hegoaldetik jotzen zuelako ia beti. Nahikoa da hori! haize-bolada bat! Ba al dakite emakumeek, emakume argi eta zorrotzenak izanda ere, zergatik jokatzen duten jokatzen duten bezala? Ba ote daki haize-orratzak zergatik mugitzen den? Nola itsas-haize somaezin batek mugiarazten duen burdinazko, kobrezko, txapazko nahiz zurezko fletxa, hala eramaten ditu eta bultzatzen erabakiak hartzera emakumeen bihotz aldakorrak, hiriko, mendiko, errebaleko nahiz basamortukoak izan, halako eragin igarriezin batek, zirrara ulertezin batek. Gero ohartuko dira beharbada, arrazoitu eta ulertuz gero, zergatik hartu zuten halako erabaki eta ez beste halako; unean berean ez dute, ordea, jakiten, beren sentsibilitate apetatsuaren jostailu baitira; gatibu dira, gertakarien, ingurugiroaren, emozioen, inorekin topo egitearen eta haien gorputz-arimen dardaragarri diren harreman guztien gatibu burtzoroak. Zutik jarri zen Auballe jauna. Pauso batzuk aurrera egin, niri begiratu eta esan zidan irribarretsu: «Horra hor basamortuko amodio bat» Galdegin nion: «Eta itzuliko balitz?» «Lizuna neskatoa!... murmurikatu zuen Biziki poztuko ninduke, halere.» «Eta barkatuko zenioke artzainari?» «Bai, horixe. Emakumeak tarteko, barkatu egin behar du beti gizonak... edo ezikusia egin, bestela.» Aluma |