Historiarik goibelena
I
Harrigarriena da nire oroimenean arratsalde hartako ilundu bitarteko zatian Leonoraren hitz hauek nabarmentzea: «Ezkon zintezke, noski,» eta norekin galdetu nionean, erantzun zuen: «Neskarekin.» Orain niretzat gauza txundigarria da oso... txundigarria giza bihotzak ezkutuan dituen posibilitateei buruz ematen duen argia dela medio. Izan ere, neskarekin ezkontzeko ideia kontzienterik urrunena ere ez nuen sekula izan. Maita nezakeenik ere ez zitzaidan sekula bururatu. Modu bitxian mintzatuko nintzen, anestesiatik konorteratzen ari denak egin ohi duen bezala. Badirudi gizaki guztiok nortasun erdibitua dugula, eta erdi bakoitza ez dela besteaz batere jabetzen. Ez nuen ezer pentsaturik; gauza bitxi hori esan egin nuen, ordea. Ez dakit nire psikologiaren analisiak historia honetan batere axola duen. Ezetz esango nuke edo, dena dela, horretatik aski azaldu dudala. Baina nire ohar bitxi horrek geroko gertaeretan izan zuen zerikusia. Alegia, Leonorak ez zuen seguru aski nirekin sekula hitz egingo Florence eta Edwarden arteko harremanez, baldin eta, nire emaztearen heriotzatik bi ordu besterik igaro ez zirenean, hau esan izan ez banu: «Orain neskarekin ezkon naiteke.» Orduan segurutzat jo zuen ni ere bera sufritzen aritu zen guztia ari nintzela sufritzen, edo gutxienez berak ametitutako guztia ametitu nuela. Horregatik duela hilabete Edward gaixoaren hiletatik aste betera edo, munduko erarik naturalenean esan ahal izan zidan (Branshawen noiz arte egon behar nuen aritua nintzen hizketan), bere ahots argi, zuhurrarekin esan ere: «Oh, gera zaitez hemen betiko, ahal baduzu.» Eta gero erantsi zuen, «Ezingo nuke aurkitu zu baino anaia edo kontseilari hoberik, ez babes-emaile sendoagorik. Zu zara munduan geratzen zaidan kontsolamendu bakarra. Eta ez al da gauza bitxia pentsatzea zure emaztea nire senarraren maitalea izan ez balitz, zu ez zinatekeela inola ere hemen egongo?» Horrela jakin nuen berria: muturrera zuzenean esanda, koplarik gabe. Ez nuen ezer esan eta ez dut uste ezer sentitu nuenik, ez baldin bada jende askok barnean duen nortasun misteriotsu eta inkontzientearekin. Agian egunen batean, zer nabilen ez dakidala edo sonanbulu nabilela, Edward gaixoaren hilobira joango naiz listuka egitera. Ez dut uste gertatuko denik, baina ez jakin. Ez, ez dut gogoan ezer berezirik sentitu nuenik, baizik eta batek tarteka andre Urlia jaun batekin au mieux dabilela entzuten duenean izaten duen ezkutukoa jakitearen sentipen hori besterik. Gauzak argiago egiten zituen, bat-batean, nire jakin-minarentzat. Ematen zuen azaroko arrats haizetsu hartako une hartan konturatu nintzela, gero, berriro pentsatzen jarritakoan, argitu gabeko dozena bat gauza elkarrekin ongi lotuko zirela. Baina orduan ez nintzen gauzak hausnartzen ari. Gogoratzen naiz oso garbi horretaz. Besaulki sakon batean atzerantz okertuta aski zurrun nengoen eserita. Hori dut gogoan. Ilunabarra zen. Branshaw Manor sakonune batean dago, belardiak beste aldean eta behealdeko ertzean pinudiak dituela. Haize bortitz bat, basoaz bestaldetik sartuz, orroka ari zen buruz gainetik. Baina leihotik zegoen ikusmira erabat bare eta grisa zen. Ez zen ezer mugitzen, belardiko urruneko ertzean zebiltzan bi untxi besterik. Leonoraren bulego txikian geunden, tea ekarri zain. Ni, esan dudan bezala, besaulki sakonean eserita nengoen, eta bitartean Leonora, leiho aurrean zutik, gortinen sokaren muturreko zurezko bolatxoari birak eta birak eragiten, zer ari zen ohartu ere egin gabe. Belardiaz bestaldera begiratu, eta esan zuen, nik gogoan dudanaren arabera behintzat: «Edward hil zela hamar egun besterik ez dira, eta belardian untxiak dabiltza.» Ingalaterran untxiek kalte handia egiten diote nonbait belar motxari. Eta hurrena nigana jiratu, eta inolako leungarririk gabe, gogoan baitut hitzez hitz hark esandakoa, bota zidan: «Ergelkeria galanta, Florencek bere burua hiltzea.» Ez naiz gauza zuri adierazteko une hartan biok, itxuraz behintzat, izan genuen erabateko aisiaren sentsazio zoragarria. Ez zen tren baten zain egotea bezala, ez zen otordu baten zain egotea bezala... ezeren zain egon beharrik eza, horixe zen. Ezertxoen zain egon egon beharrik eza. Sekulako baretasuna zegoen, haizearen tartekako hots urrunak ere hausten ez zuena. Argi grisa zegoen gela marroi txiki hartan. Eta munduan beste ezer ez zegoela ematen zuen. Orduan konturatu nintzen Leonorak bere bihotza erabat zabalduko zidala. Bazirudien Leonorak, ingelesengan bitxia den gizalegearen zentzu batekin —edo ez, hori zuen benetako arrazoia—, erabaki zuela Edward hilobian astebetez egon arte berak ez zuela hitz egingo. Eta konfidentziak egiten bere buruari zenbateraino utzi behar zion lausoki bederen adierazteko edo, esan nuen astiro —eta hitz hauek ere oso garbi ditut gogoan: «Florencek bere burua hil al zuen? Ez nekien.» Galdera horrekin, konturatuko zarenez, ari nintzaion adierazten, hitz egin nahi bazuen, hasterako jakin beharra zeukala premiazkoak iruditzen zitzaizkion gauzez baino askoz gehiagoz hitz egin beharko zuela.
Horra, bada, nola jakin nuen Florencek bere burua hil zuela. Nire susmoetan izugarri exkaxa izan nintzela pentsatuko duzu agian; are gehiago, erabat inozoa izan nintzela. Baina kontuan hartu gertaera hura bere hartan. Halako zarata, garrasiak, batera lasterka dabilen hainbeste jenderen estropezuak, hoteleko arduradunen uzkurkeria profesionala, Ashburnhamtarrak bezalako «goi-mailako» jendearen ohiko uzkurkeria..., horrelako kasuetan izaten da beti gauza materialen bat, begirada erakarri eta irudimena pizten dizuna. Nik ez neukan suizidioaren susmoa pizteko aztarnarik; izan ere, amilo-nitratoaren ontzitxoa Florenceren eskuetan ikusteak bihotzak huts egin ziola ekarri zidan berehala gogora. Amilo-nitratoa, badakizu, bihotzeko angina duten gaixoei mina arintzeko ematen zaien droga da. Florence, nik ikusi nuen bezala, aurpegia zurbil eta esku bat bihotz gainean lasterka ikusiz gero, eta nik handik laster ikusi nuen bezala ohe gainean etzanda ontzitxo marroi ezaguna eskuan estuturik zuela, aski normala zen nire adimenak ideia hori egitea. Pentsatu nuen, noizbehinka gertatu ohi zenez, botika ahaztuta aterea izango zela gelatik, eta, lorategietan zebilen bitartean atake baten zantzua sentitu zuenean, lasterka zihoala nitratoaren bila, eginahala guztian, mina arintzeko. Eta hori bezain ezinbestekoa zen nire baitan pentsatzea bihotza, lasterkadaren nekea jasan ezinik, saihetsean hautsi zitzaiola. Nola jakin nezakeen, gure ezkondu bizitzako urte haietan guztietan, ontzitxo marroi hark amilo-nitratoa eduki beharrean azido prusikoa zeukala? Pentsaezina zen. Pentsa, Edward Ashburnhamek berak ere, nahiz eta nik baino harreman estuagoa izan berarekin, ez zuen sumatzen ere benetan zer gertatu zen. Pentsatzen zuen Florence bihotzekoak jota hil zela. Egia esan, uste dut Florencek bere burua hil zuela zekiten bakarrak Leonora, Duke Handia, polizia-burua eta hoteleko kudeatzailea izan zirela. Azkeneko hirurak aipatzen ditut, gau hartako nire oroitzapenean ez baitago hoteleko egongelako argien distira arrosa besterik. Nire kontzientzian sartu-atera kulunkan zebiltzala uste dut, airean globoak bezala esekirik, hiru horien aurpegiak. Batean Duke Handiaren buru bizardun, errege-tankerako, noblea agertzen zitzaidan; gero, polizia-buruaren hazpegi zorrotz, beltzaran, husar bibotez hornituak; gero, hotelaren jabe Monsieur Schontzen buru soil borobil, distiratsua alkandora-lepo goratuaren gainean. Batzuetan buru bakarra zegoen hantxe bakarrik, beste batean ofizialaren kasko eztenduna agertzen zen printzearen burusoiltasun sanoaren ondoan; hurrena Mr. Schontzen ile-xerlo olioztatuak agertzen ziren bien artean bultzaka. Duke Handiaren ahots ederki eskolatuak «Ja, ja, ja!» egiten zuen, eta hitz bakoitza gantz-bolatxo bigun bat bezala erortzen zen; ondoren ofizialaren ahots kirrinkari moteldua aditzen zen: «Zum Befehl Durchlaucht,» bost errebolber-tiroren hotsa bailitzan; Mr. Schontzen ahotsak etengabe jarraitzen zuen zurrumurruan, tren-bagoi baten ertzean otoitz-orduen liburutik errezitatzen ariko litzatekeen apaiz narras batenaren gisara. Horrelaxe agertzen zitzaidan. Ni han nintzela ez ziren ohartzen ere, antza; ez dut uste haietako bakar batek ere hitzik esan zidanik. Baina, bat edo bestea edo hirurak han egon ziren bitartean nire inguruan geratzen ziren, gorpuaren jabea nintzenez, haien elkarrizketetan egoteko eskubidea banu bezala. Gero denek alde egin zuten, eta bakarrik utzi ninduten denbora puska batean. Eta ez nuen ezertaz pentsatu; ezertxo ere. Ez neukan ideiarik; ez neukan indarrik. Ez nuen penarik sentitzen, ekintzarako gogorik ere ez, ezta gora igo eta nire emaztearen gorpuaren gainera botatzekorik ere. Distira arrosa, kanaberazko mahaiak, palmondoak, pospolo-ontziak, hautsontzi koskadunak, besterik ez nuen ikusten. Eta orduan Leonora hurbildu zitzaidan, eta, dirudienez, esaldi bitxi hori bota nion: «Orain neskarekin ezkon naiteke.» Baina arrats hartako nire oroitzapen guzti-guztien berri eman dizut, ondoko hiru edo lau egunetan ez bainuen beste ezer izan gogoan. Egoera kataleptikoan nengoen, besterik gabe. Ohean sartu ninduten, eta han geratu nintzen; jantziak ekarri zizkidaten, eta jantzi nintzen; hilobi zabaldu batera eraman ninduten, eta haren ondoan egon nintzen. Ibai baten ertzera eraman edo tren baten azpira bultzatu banindute, itoko nintzen edo txikituta geratuko, jarrera aldatu gabe. Hil ibiltari bat nintzen. Horra, bada, horiek dira nire inpresioak... Benetan gertatu zena honako hau izan zen. Gero batu nituen zatiak. Gogoratuko zara esan dudala Edward Ashburnham eta neska atereak zirela gau hartan Kasinoko kontzertu batera eta Leonorak Florenceri eskatu ziola, ia haiek abiatu bezain laster, karabina gisa joan zedila. Florence, gogoratuko zara, goitik behera beltzez jantzita zegoen, Jean Hurlbird, lehengusu hil berri baten dolu-aldia zela-eta. Oso gau iluna zen, eta neskak muselina krema-koloreko bat zeukan soinean. Jantzi hark arrain distiratsu batek arasa batean bezala dir-dir egingo zuen parke iluneko zuhaitz altuen azpian. Ez zenuen gidari hoberik aurkituko. Eta, dirudienez, Edward Ashburnhamek ez zuen eraman neska Kasinora zuzenean zihoan bidetik, baizik parkeko zuhaitzen ilunpera. Hori guztia bere azkeneko aitorpenean esan zidan. Esan dizut harako hartan hiztun bikain bihurtu zela. Ez nintzen mingainetik tiraka ibili. Ez neukan motiborik. Garai hartan ez nuen nire emaztearekin zuen harremanaren berri. Baina tipoak nobelagile kaxkar batek bezala hitz egiten zuen. Edo nobelagile on batek bezala, nondik begiratzen den, nobelagile baten zeregina gauzak argi ikusaraztea bada. Eta esaten dizut kontu hori sekula uzten ez nauen amets bat balitz bezain argi ikusten dudala. Dirudienez, Kasinotik urrutira gabe neska eta biak banku publiko batean eseri ziren ilunpetan. Ikuskizun areto hartako argiak enbor artetik haraino iritsiko ziren; izan ere, Edwardek esan zuen oso garbi ikusten zuela neskaren aurpegia: bekoki garai, aho bitxi, bekain bihurri eta begirada zuzeneko aurpegi maitea. Eta Florencerentzat, atzetik isilka-misilka jarraitu baitzien, siluetak besterik ez ziren izango. Zeren, nire ustez, Florence belar motxaren gainetik haien atzetik joan, eta banku haren atzean bertan zegoen zuhaitz bateraino iritsiko zen, ongi baitut gogoan non den. Ez zen balentria izugarria jeloskeriak bultzatutako emakume batentzat. Kasinoko orkestra, Edwardek ahaztu gabe esan zidanez, Rakoczyren Martxa jotzen ari zen, eta nahiz eta ez zen behar bezain ozenki aditzen hain urrutitik Ashburnhamen ahotsa estaltzeko, aski aditzen zen, nonbait, gaueko zaraten artean estaltzeko Florenceren oinek edo kapak belar motxaren gainean egingo zituzten xarrastadak eta kurruxka-hotsak. Eta emakume errukarri hark muturrekoa zuzenean hartuko zuen, latza benetan. Izugarria izango zen berarentzat. Izugarria! Beno, ederki merezia zeukan, nik uste. Dena dela, hor duzu irudia: zuhaitz izugarri altuak, gehienak zumarrak, gauez zuhaitzek itxuraz biltzen duten hezetasun beltzean goratu eta kulunkatuz; bi haien siluetak banku gainean; kasinotik zetozen argi bristadak; emakumea goitik behera beltzez jantzita zuhaitzaren enborraren atzetik zelatan. Melodrama da, baina zer egingo diot nik?. Eta gero, dirudienez, Edward Ashburnhami zerbait gertatu zitzaion. Ziurtatu zidan —eta ez dut arrazoirik ikusten ez sinesteko— une hartara arte ez zuela inondik ere pentsatzen neskaz maitemindurik zegoela. Alaba bati begiratuko ziokeen bezalaxe begiratzen ziola esan zuen. Maite zuen, ez da dudarik, baina oso xamurtasun sakon eta baketsua zen harena. Neska mojen barnetegira joan zenean sumatu zuen haren falta; poztu zen itzuli zenean. Baina hori baino gehiago zegoenik, ez zen batere jabetzen. Benetan horretaz jabetu balitz, ziurtatu zidanez, gauza madarikatu batetik bezala ihes egingo omen zuen. Konturatzen zen Leonorari egiteko azken iraina zela. Baina haren erabateko oharkabetasuna benetakoa zen. Parke ilun hartara taupadak azkartu gabe joan zen neskarekin, bakardadeak ematen duen intimitatea batere bilatu gabe. Poloko poniez, teniseko erraketez hitz egiteko asmoz joan zen; edo utzia zuen barnetegiko Ama Nagusiaren izaeraz edo Ingalaterrara itzulitakoan festa baterako aukeratu behar zuen jantzi zuri edo urdinaz. Ez zitzaion burutik pasatzen ere sekula aipatu gabeko gairik aipatuko zutenik; ez zitzaion burutik pasatu ere neskarenganaino hedatzen zen tabua hautsezina zenik. Eta orduan, bat-batean, zera... Kontu handiz ziurtatu zidan garai hartan ez zuela inolako haragizko grinarik izan bere deklarazioan. Ez zitzaion iruditzen gau ilun baten eta hurbiltasunaren eta horrelakoen kontua izan zenik. Ez, dirudienez, bere bizitzaren alderdi moralean neskak izan zuen eraginaz mintzatu zen funtsean. Esan zuen ez zuela sekula izan besoen artean hartu edo are gutxiago eskua ukitzeko asmorik txikiena ere. Eskua ez ziola ukitu zin egin zuen. Bata bankuaren alde batean, bestea bestean egon omen ziren eserita; bera neskarengana pixka bat makurturik eta neska kasinoko argietara begira zuzenean, aurpegia bonbillek argitzen ziotela. Neskaren aurpegiera «estrainioa» hitzaren bidez bakarrik deskribatzen ahal zuen. Beste batean aditzera eman zuen neska pozik zegoela pentsatu zuela. Erraza da imajinatzea pozik zegoela; izan ere, neskak ezin zuen ideiarik izan benetan gertatzen ari zenaz. Zinez Edward Ashburnham izugarri maite zuen. Neskarentzat orduan Edward zen gizatasunaren eredua, heroia, atleta, konderriko jaun prestua, justizia-emailea. Eta, beraz, bat-batean bakarrean eta neurriz gain goretsia sentitzeak erabateko poza emango zion neskari, nahiz eta gorespena neurriz kanpokoa izan. Jainko batek haren eskulanak edo errege batek haren leialtasuna ontzat ematea bezala izango zen harentzat. Geldi eserita eta entzuten geratu zen, irribarrez. Eta neskari iruditu zitzaion, nonbait, bere haurtzaroko garraztasun guztia, bere aita suminkorrari zion beldurra, bere ama mihi-gaiztoaren lanturuak bat-batean bukatuak zirela. Azkenean han zuen bere ordainsaria. Zeren, jakina, imajinatzen hasten bazara, apaiz eta aita baten nahasketa gisa ikusten duzun gizon baten pasioz-gainezka-egite bat-batekoak, neska batentzat, portaera onaren gorespen baten tankera har dezake. Esan nahi dut ez zitzaiola irudituko inondik ere gizon hura bera limurtzeko asmotan zebilenik. Neskak behintzat Edward Leonorari ongi atxikirik ikusten zuen. Ez zeukan susmo urrunenik ere haren desleialtasunez. Hark bere emazteari buruz beti errespetu handia eta atxikimendu sakona erakusten zuten hitzak esan zizkion. Leonora erabat zintzoa eta gogobetegarria zitzaiola adierazi zion beti. Haien harremana bere Elizak aipatu eta miretsi ohi dituen gauza bedeinkatu horietako bat iruditzen zitzaion. Beraz, Edwardek esan zionean munduan gehien maite zuen pertsona zela, pentsatu zuen Leonora salbuesten zuela, eta poza sentitu zuen, besterik gabe. Ezkontzeko adinean zen alaba batekin pozik zegoela esatea bezala zen. Eta Edwardek, zer egiten ari zen konturatu zenean, mingaina hozkatu zuen. Neska pozik zegoen, eta hala jarraitu zuen, besterik gabe. Nire ustez hori izan zen Edward Ashburnhamek bere bizitzan egin zuen munstrokeriarik gaiztoena. Eta hala ere, hain nago hurbil jende horrengandik, non ezin dudan pentsatu horietako inor gaiztoa zenik. Ezin dut pentsatu Ashburnham ez zela zuzen, zintzo eta prestua. Hori da hari buruzko nire eguneroko ikuspegia, esandakoa gorabehera. Batzuetan saiatzen naiz, egin zituen gauza batzuetan geldituz, haren irudi hori uxatzen, pendulu handi bat baztertzen saiatu ohi garen bezala. Baina beti itzultzen da... haren maitasunezko egintzen oroitzapena, haren eraginkortasunarena, haren mihi gorroto gabearena. Benetan jatorra zen. Beraz, honetan barkatzen saiatzera behartua sentitzen naiz, beste gauza askotan bezala. Ez dut dudarik munstrokeria latza dela mojen barnetegitik atera berria den neska gazte bat galbideratzen saiatzea. Baina uste dut Edwardek ez zuela inola ere galbideratzeko asmorik. Uste dut maite zuela, besterik gabe. Berak hori horrela zela esan zuen, eta nik, behintzat, sinesten diot, eta sinesten dut, halaber, neska izan zela benetan sekula maite izan zuen emakume bakarra. Berak hala esan zidan; eta frogatzeko franko egin zuen. Leonorak ere esan zuen hala zela, eta Leonorak bihotzaren zoko ezkutuenetaraino ezagutzen zuen. Ni oso zinikoa bihurtu naiz kontu hauetan; esan nahi dut ezin dela gizonaren edo emakumearen maitasunaren iraupenean sinetsi. Edo, dena dela, ezin dela sinetsi, edozein pasio goiztiarren iraupenean. Nire ikuspegitik, gizonoi dagokigunez behintzat, maitemintzea —emakume jakin batenganako maitasuna— esperientzia handitzearen arloko zerbait da. Erakartzen duen edozein emakume berrirekin gizonari iruditzen zaio ikuspegia zabaldu egiten zaiola, edo, nahi baduzu, lurralde berri bat eskuratzen duela. Bekainaren bihurdura bat, ahots baten tonu-gorabeherak, keinu bitxi berezi bat... gauza horiek guztiak —eta gauza horiek dira maitasun grina pizten dutenak— paisaiako zerumugan dauden gauzak bezala dira, eta gizona zerumugatik aurrera joatera bultzatzen dute, esploratzera. Okerdura bereziko bekain haietara iritsi nahi du, nolabait esateko, haiek babesten dituzten begiez mundua ikusi nahi balu bezala. Ahots hori edozein gauza esaten aditu nahi du, edozein gairi buruz mintzatzen; keinu berezi horiek edozein inguru posibletan ikusi nahi ditu. Sexu-grinaz oso gutxi dakit eta ez dut uste axola handikoa denik pasio benetan handi batean. Halako huskeriek erne dezaketenez —zapata-soka askatu batek, pasaeran egindako begirada batek—, ezin da kontuan hartu. Ez dut esan nahi pasio benetan handirik izan daitekeenik bururaino eramateko desiorik gabe. Hori topiko bat iruditzen zait, eta inolako komentariorik behar ez duen kontu bat, beraz. Bere gorabehera guztiekin jakintzat eman behar den gauza bat da, nobela edo biografietan pertsonaiek beren ohiko otorduak badituztela jakintzat ematen den bezala. Baina desioaren benetako sukarra, luzaro irauten duen eta gizon baten arima ahitzen duen pasio baten benetako sua, hain zuzen ere maite duen emakumearekin identifikatzeko irrika bortitza da. Begi berekin ikusi nahi du, ukimen berarekin ukitu, belarri berekin entzun, bere identitatea galdu, babestua, eutsia sentitu. Zeren, sexuen arteko harremanari buruz esanak esan, ez dago gizonik emakume bat maite duenik, bere adorea berritzeko asmoz edo bere zailtasunak menderatzeko ez bada harengana jotzen ez duenik. Eta hori izango da emakumearenganako desioaren iturburu nagusia. Denok hain gaude izutuak, hain bakarrik, hainbesteko beharra daukagu norbaitek kanpotik gure bizitzak merezi duela ziurta diezagun. Beraz, horrelako pasio bat bururaino eramaten bada, gizonak, tarte baterako, lortuko du nahi duena. Babes morala, animoa, bakardadea arintzea, bere balioaren ziurtasuna lortuko ditu. Baina gauza horiek hutsalak dira; erremediorik gabe joaten dira itzala eguzki-erlojuetan barrena bezala. Tristea da, baina hala da, liburuko orriak ezagunak egiten dira; kale-kantoi ederra askotan pasatako leku bihurtzen da. Horra, hori da historiarik goibelena. Eta hala ere, benetan sinesten dut gizon bakoitzarentzat azkenean azaltzen dela emakume bat... edo ez, hori formulatzeko modu okerra da. Gizon bakoitzari iristen zaio azkenean bizitzako garai bat, irudimenean bere zigilua ezartzen dion emakumeak betiko ezartzen diona. Ez ditu zerumuga berriak pasatuko; ez du motxila berriro bizkarrean hartuko; paraje horietatik erretiratuko da. Negoziotik kanpo geratuko. Hori gertatu zen, behintzat, Edward eta neska gaixoarekin. Hori gertatu zen zehazki. Hain zuzen ere, Edwarden pasioak —Duke Handiaren maitalea, Basil andrea, Maidan andre gaztea, Florence, eta nahi duzun beste edozeinenganakoa—, hasierako trosta-aldiak besterik ez ziren izan neskarengatik egin zuen heriotzaren aurkako lasterkadaren aldean. Horretaz ziur naiz. Ez naiz izango benetako maitasunak beti sakrifizioren bat eskatzen duela esateko bezain amerikarra. Ez du eskatzen. Baina uste dut maitasuna benetakoagoa eta iraunkorragoa izango dela sakrifizioren bat eskatu badu. Eta beste emakumeen kasuan Edward Lelöffel Baroi Kondearen sudurpean poloko bolarekin egin zuen bezala agertu eta desagertu zen. Ez dut esan nahi beste emakumeak eskuratzen ez zituela bereak eta bost egin; baina neskaren kasuan zirtzilatu eta hiltzerainoko ahalegina egin zuen... neska bakean uzteko. Eta gau hartan hitz egitea ez zen inolako doilorkeria izan. Badirudi deklaratzerakoan ez zela pasiorik artean; esaten zituen hitzek berek, hitz horiek esaten ari zela konturatu gabe, esan ahala sortu zuten pasioa, antza. Hitz egin aurretik, ez zegoen ezer; ondoren, berriz, ez zegoen beste ezer. Tira, nire historiara itzuli behar dut. Eta nire historian Florencerekin ari nintzen, zuhaitzaren atzetik hitz horiek aditu zituen unean. Hori, jakina, susmo bat besterik ez da, baina uste dut susmoa oso ongi oinarritua dagoela. Gertaerak hor dituzu: biak atera ziren, Florence ia berehala joan zitzaien atzetik ilunpetan, eta, handik pixka batera itzuli zen aurpegia zurbil eta eskua bihotz gainean soinekoari helduz zuela. Ezin zitekeen izan Bagshawe ikusteagatik bakarrik. Aurpegia minak bihurritua zeukan, begiak nigan edo nire aldamenekoarengan ezarri aurretik. Baina ausartzen naiz esatera balitekeela Bagshawek haren suizidioan eragin erabakigarria izatea. Leonorak dio Florencek ontzitxo hura, itxuraz amilo-nitratoz baina benetan azido prusikoz betea, urtetan eduki zuela, eta erabiltzeko erabat prest zegoela baldin eta nik jakiten banuen Jimmy delako harekin zuen harremanaren berri. Florenceren nortasunaren ezaugarri nagusia harrokeria zen, nonbait. Ez dago arrazoirik hala ez izateko; seguru aski harrokeria da gehienok mundu honetan zuzenak izaten jarraitzera bultzatzen gaituena, hala bagara. Edward eta neskaren arteko harremanen kontua besterik izan ez balitz, nik esango nuke Florencek aurre egingo ziola. Eszenak egingo zizkion dudarik gabe, mehatxuak ere bai, ohorearen zentzua eta agindutakoa betetzea ez ahazteko eskatuko zion. Baina Bagshawe jauna agertzea eta data abuztuaren 4a izatea gehiegi izan zen nonbait haren sineskeriarentzat. Ulertu behar duzu, bi gauza nahi zituela: Branshaw Teleraghen biziko zen Dama handi bat izan nahi zuen. Eta horrez gain, nire begirunea izaten jarraitu. Esan behar da nirekin bizi zen bitartean eduki nahi zuela nire begirunea. Iruditzen zait, Edward Ashburnham berarekin ihes egiteko konbentzitu balu, dena pikotara bidaliko zuela. Edo agian saiatuko zen nigandik errespetu klase berri bat lortzen, bere pasioaren handitasunagatik, «dena maitasunarengatik eta kito: maitasunak ez du legerik» edo horrelako zerbait argudiatuz. Florencerengan ez zen harritzekoa izango. Ezkontza-elkartze guztietan beti izaten da, nik uste, errepikatzen den faktore bat: norberaren nortasunaren edo karreraren puntu ahulen bati buruz bizikidea engainatu nahi izatea. Zeren baten ahulezia txikiez ohartzen den norbaitekin etengabe bizitzea jasanezina baita. Hori egitea heriotza da... horrexegatik bihurtzen dira zorigaitzeko zenbait ezkontza. Ni, esate baterako, aski tripazaina naiz; badakit sukaldaritza ona estimatzen, eta zenbait jakiren izen hutsarekin ahogozoa egiten zait. Florencek sekretu horren berri izan balu, hark hori jakitea jasanezina izango zen niretzat, hainbesteraino non ez bainituen eraman ahal izango ezarri zidan bizimoduaren gainerako debekuak. Esan beharra daukat Florencek ez zuela sekretu horren berri sekula izan. Ez zuen sekula aipatu, hori seguru; esango nuke nitaz ez zela sekula behar adina interesatu, horren berri izateko. Eta Florenceren ahulezia sekretua, nik jakitea jasanezina egingo zitzaiona, Jimmy izeneko tipo harekin egin zuen hasierako ihesaldi hura zen. Utzidazu pixka bat gelditzen, Florence aipatuko dudan azkeneko aldia baita hau seguruenik, haren psikologian gertatu zen aldaketa horretan. Esan nahi dut ez zitzaiola axola izango nik jakitea Edward Ashburnhamen maitalea zela. Hori dezente gustatuko zitzaion. Egia esateko, Leonora gaixoak egun haietan zeukan lanik latzena zen Florenceri galaraztea, nire aurrean, gertaera horren klase bateko edo besteko agerpen teatralak egin zitzan. Boladak ematen zionean, nigana lasterrean etorri, nire oinetan belaunikatu, eta bere pasioari buruzko erretolika ongi prestatu eta izugarri sentitua bota nahi izaten omen zidan, historiak aipatzen dituen amodioak itsututako emakume horietako bat zela erakusteko. Beste bolada batek jotzen zuenean, berriz, nigana erdeinuz etorri, eta gizon ere ez nintzela eta gertatutakoa benetako gizon bat etorritakoan gertatu beharrekoa zela esateko asmoa izaten omen zuen. Hori esaldi hotz, neurtu eta sarkastikoetan esan nahi omen zidan. Komedia frantseseko heroi bat bezala agertu nahi zuenean izaten omen zen hori. Beti antzerkia egiten ibiltzen baitzen, jakina. Baina bazen gauza bat nik jakitea nahi ez zuena: bere lehen ihesaldi haren berri. Tipo hura Bowery aldeko gizatxar gogor haietako bat zela konturatua zen. Badakizu zer den zure bizitzako lehen urteetan egindako gauza txiki, burugabe bat dela medio —gehienetan benetako sentipen batek bultzaturik egina gainera— ondorengo urteetan dardarka egotea? Ba, horra: horrelako dardarak hartzen zuen Florence horrelako tipo ziztrinaren mendean jarri zela pentsatzean. Ez dakit dardaratu beharrik zeukan. Bere osaba txotxoloaren lana izan zen; ez zituen bi horiek batera munduan zehar eraman behar eta berak denbora gehiena bere kamarotean sartuta pasatu. Dena dela, konbentzituta nago Bagshawe jauna ikusi eta pentsatu zuenean —zeren Florencek ezagutzen baitzuen zapo nazkagarri hura— ia seguru esango zidala 1900eko abuztuaren 4an harrapatu zuela Jimmyren gelatik goizeko bostetan irteten... horrek erabaki zuen Florence bere buruaz beste egitera. Eta dudarik gabe dataren egokiera jasanezina egin zitzaion haren joera sineskeriatsuari. Abuztuaren 4an jaioa zen; abuztuaren 4an abiatu zen munduari itzulia ematera. Urteko egun horrexetan ezkondu zen nirekin; urte hartakoan Edwarden amodioa galdu zuen, eta Bagshawe parte txarreko iragarpen bat bezala agertu zen: Patuaren aurpegian irri gaizto bat bezala. Horrek eman zion errematea. Gora igo, eta ohe gainean txukun-txukun jarri zen: emakume eder eta xarmangarria zen, masaila leun zuri-gorriak, ile luzea eta betileak gortinatxoak bezala masailetara eroriak zituena. Azido prusikoa zeukan ontzitxoa hustu, eta hantxe geratu zen —ai, izugarri erakargarria eta txukun-txukun— harridurazko begirada sabaitik zintzilik zegoen argi-bonbillan finkaturik, edo agian, hura zeharkatuz, goragoko izarretan. Batek daki. Florenceren azkena izan zen. Ez dakizu batere Florenceren bukaera hori zenbateraino izan zen niretzat behin-betikoa. Egun hartatik gaur arte ez dut berriro hartaz pentsatu; ez diot eskaini intziri bat ere. Jakina, Leonorari hartaz hitz egitea beharrezkoa izan denean edo hau idaztearen kariaz haren jokabideaz pentsatu izan dudanean, aljebra-problema bati buruz bezala pentsatu dut. Beti aztergai izan da, ez oroigarri. Existentziarik gabe geratu zen, bezperako egunkaria bezala. Hartaraino nintzen leher eginda. Eta esango nuke nire beheraldi-astea edo hamar egunak —edo ia katalepsia zena— izan zirela nire senak hamabi urtez mendean edukitzen eta poodle otzanduarena egin ondoren gorputzak eskatzen zidan atsedenaldia. Txakurtxo otzan bat izan bainintzen. Nire ustez, kolpe haren ondorioa izan zen, kolpe haiena. Baina ez dizkiot egotzi nahi garai hartako nire sentipenak kolpe bati bezalako gauza zehatzari. Lasaitasuna sentitzen nuen. Ematen zuen zera izugarri astun bat..., haragian barneratzen zitzaizkidan uhalekiko motxila jasanezin bat bizkarrean eraman ondoren lurrera erortzen utzi eta sorbaldak soraio eta bizi sentsaziorik gabe geratu zitzaizkidala. Esaten dizut, ez nuen penarik sentitzen. Zergatik sentitu behar nuen? Seguruenik nire barne-barnean —nire bigarren nortasunari esker— askoz lehenago ohartua nintzen Florence paperezko izaki bat besterik ez zela... bihotza, sentipenak, sinpatiak, emozioak dituen benetako gizaki baten irudia zela, diru-papera urre kopuru baten irudia den bezalatsu. Konturatzen naiz horrelako sentipen mota azaleratu zitzaidala Bagshawek tipo haren logelatik ateratzen ikusi zuela esan zidanean; bat-batean bururatu zitzaidan Florence ez zela benetakoa; turismoko gida-liburuetatik sortutako hitz multzo bat besterik ez zen, moda-aldizkarietatik ateratako irudi-multzo bat. Bazitekeen ere, sentipen horrek menderatu ez banindu, ni haren gelara azkarrago igo eta azido prusikoa edatea galarazi izana. Baina ez nintzen gauza; paper-puskil bat pertsegitzea izango zen, gizon heldu batentzat eginkizun lotsagarria. Eta hasi bezalaxe jarraitu zuen kontu horrek. Ez zitzaidan axola logela hartatik atera zen ala ez. Ez zitzaidan interesatzen, hori zen kontua. Florence ez zitzaidan axola. Seguru aski erantzungo didazu Nancy Ruffordez maitemindua nintzela, eta nire axola-ezak nire zintzotasuna zalantzan jartzen zuela. Begira, ez nabil neure burua zuritu nahian. Nancy Rufford maite nuen, orain haur gaixo haren oroitzapenaz maiteminduta nagoen bezala, lasaitasun eta samurtasunez, nire modu amerikarrean. Leonorari harekin ezkon nintekeela aditu nion arte, ez nuen horretaz sekula pentsatu. Baina une hartatik neskaren heriotza baino egoera okerragora arte, ez dut uste beste ezertxotaz asko pentsatu nuenik. Ez dut esan nahi intzirika edo marruka aritu nintzenik harengatik; berarekin ezkondu nahi nuen, batzuek Carcassonnera joan nahi izaten duten bezala. Ulertzen al duzu sentipen hau: zenbait gauza paretik kendu behar dituzula, katramila ez oso larri batzuk askatu behar dituzula bizitza osoan zuretzat ametsetako hiria izan den leku batera joateko? Ez nion garrantzi handirik ematen ni adintsuagoa izateari. Berrogeita bost urte nituen, eta berak, gaixoak, hogeita bi egiteko besterik ez. Baina urte horiei dagokien baino helduagoa zen, eta lasaiagoa. Santutasun ukitu bitxi bat zeukan, ezinbestean komentu batean burua toka zuri batek inguraturik zuela bukatu behar balu bezala. Baina maiz esan zidan ez zuela bokaziorik; ez zeukala moja izateko desiorik. Neroni nolabaiteko komentua nintzen, nonbait; aski gisakoa zirudien botoak niri egin ziezazkidan. Ez, ez nuen ikusten adinaren kontua oztopoa zenik. Esango nuke ez dela gizonik hor oztoporik ikusten duenik, eta konfiantza dezentearekin espero nuen, pixka bat prestatuz gero, neska gaztea zoriontsu egin ahal izatea. Neska gazte gutxiri egiten zaizkien adina maina egiten ahal nizkion; eta ez nuen ikusten neure burua higuingarri. Gizonak ezin du horrela ikusi bere burua, eta horrela ikusten badu, akabo. Baina katalepsiatik atera bezain laster iruditu zitzaidan nire problema... berarekin harremanetan jartzeko prestatzeko egin behar nuena, bizitzarekin harremanetan jartzea zela. Hamabi urtez egurats ustelduan eduki ninduten; orduan, benetako bizitzarekin pixka bat borrokatu behar nuen, negozio-gizonekin pixka bat borrokan zaildu, hiri handiagoetan pixka bat ibili, gauza gogorrak, gizonei zegozkienak egin. Ez nuen aurkeztu nahi Nancy Ruffordengana neskazahar baten gisan. Horregatik, Florencek bere burua hil eta handik bi astetara Estatu Batuetara abiatu nintzen.
Historiarik goibelena |