|
Bai mundu berria
Joan deneko denboretan uste baino askozaz errealgarriago dirudite egun utopiek. Eta oraingoetan galdera egiazki ikaragarri baten aurrean aurkitzen gara: Haien errealtzapen definitiboa nola eragotz eta gal-araz? Utopiak errealdu eginen dira. Bizitzea haienganat doa. Agian, etorkizun mende batetan intelektualak eta giza-klase landuak utopietatik ihes egiteko eta gizarte ez utopiko, ez hain «perfekt» baina bai libreago batetara bihurtzeko medioak bilatzera izanen dira behartuak. Nikolas Berdiaief
Lehenengo kapitulua
Edifizio gris handia, hogei eta hamalau pisukoa bakarrik. Sarrera nagusiaren gainean hitz hauek: Londresko Zentraleko Inkubategia eta Egokitegia, eta ezkutu batean Estadu Mundialaren ezaugarria: Elkartasun, Idetasun, Establetasun. Beherengo pisuko piezatzarrak iparralderantz ematen zuen. Kanpoan bero eta barruan ia tropiko giroa eginik ere, negu argi gordin motel bat baizik ez zen kristaletan barrena sartzen, lehiaz bilatzen zituelarik han izaraz bildurik zeutzan gorputz batzuk eta haragi puska kolorgaren bat edo beste, disekzio akademikoen produktu. Ez zegoen, ordea, kristala, nikela eta laboratorioko portzelana guriak eta hotzak besterik. Negutea negutearen gain. Bata zuridunak ari ziren bertan lanean, gorpu koloreko gomazko guantez estalirik eskuak. Argia izotza zen, hila, mamuzkoa. Mikroskopioetako tubo horiek bakarrik ematen zioten bizitasun pixka bat argiari. Argia linburkor irristatzen zen bere guritasunaren gainean, anitz distirazko zerrenda luze bat formatuez lanerako mahaien gainean zehar. — Eta hau —esan zuen zuzendariak atea irekitzean— Ernalmenduko Sala da. Inkubamenduko eta Egokimenduko Zuzendaria hara sartzean, hirurehun ernaltzaile ari ziren lanean, makur beren tresnen gainean, arnasa ere oztaz hartzerainoko ixiltasunean, arretarik arretatsuenez nork bereari ziri zara ekinez. Mutilkondo beilegi eta bizarmotxen ikasle berri pila bat orpoz orpo zerraion atzetik zuzendariari, urduri denak, edo hobeki esateko, doilorki. Nork bere koadernoa zeraman, zeinetan zirriborratzen baitzuen gizon handi hark ziotsena. Zientziaren beraren iturritik hara edaten zuten jakinduria. Pribilejio aparta benetan. Londresko Zentraleko I.E.Z.k bere egitekotzat zeukan ikasle berriei personalki laguntzea salarik sala. — Ideia jeneral bat emateko bakarrik —esan ohi zien. Ideia jeneral bat eduki ere behar, zentzuz eginen bazuten lan. Ez zuten, ordea, idea gehiegirik behar gizarteko atal on eta zoriontsu izanen baziren. Zeren xehetasunak baitira, izan ere, mundu guztiak dakienez, bertutearen eta zorionaren ekarle; jeneralidadeak, ordea, intelektualki begiratuez, derrigorreko okerrak ditugu. Ez dira filosofoak, baizik marketerian ari direnak eta seilu bildumariak gizarteko bizkar hezurra osatzen dutenak. — Bihar —gaineratu zuen irribarrez, halako alaitasun mehatxuzkoa zeriola— serioki hasi beharko duzue lanean. Jeneralidadeak alde bat utzi beharko dituzue. Bitartean... Bitartean halako pribilejio aparta probetxatu beharra zegoen. Zientziaren iturritik koadernora zuzen-zuzen. Eta mutilek zirri eta borro ziharduten eroen gisa. Altua, argala, baina ardatza bezain tentea, zuzendaria salan barrena abiatu zen. Kokots luzea zuen, hortzak sendoak eta pixka bat irtenak, ezpain gizenez eta biribilez estaliak, mintzo ez zenean. Zaharra? Gaztea? Hogei eta hamar? Berrogei? Berrogei eta bost? Nekez antzeman zekiokeen. Gainera bost axola zion horrek inori, Ford-en Haroko 632garrenean inori ez zitzaion bururatzen ere horrelako galderarik. — Hasieratik hasiko natzaitzue —esan zuen zuzendariak. Eta ikaslerik finenek koadernoan idatzi zuten haren asmoa: «Hasieratik hasi». — hauek —seinalatu zuen eskuaz— inkubagailuak dira, Eta ate aislatzaile bat irekirik, entseiu tuboen erreskada batzuk, elkarren gain jarriak, erakutsi zizkien. —Hona obuluen asteroko hornialdia —azaldu zuen. Odolaren tenperaturan kontserbatuak; gameto arrak, ordea —eta beste ate bat ireki zuen—, hogei eta hamabostera kontserbatu behar dira, eta ez hogei eta hamazazpira. Odolaren tenperatura normala agorrarazle da. Termogenoz bilduriko ahariek ez dute arkumerik ernalarazten. Inkubagailuen gainera kokaturik —lapitzek egundoko zirriborroak egiten zihardutela orrietan behera— ernal prozedura modernoaren deskripzio labur-labur bat egin zuen. Lehenengo, jakina, bere hitzaurre kirurgikoez mintzatu zen: «Gizartearen onerako nork bere gogoz jasaniko operazioa, eta gainera sari on bat sei hileko irabazien parekoa». Gero kontatzen jarraiki zen zer prozedimenduz daitekeen obarioa bizirik eta desarroilu osoan kontserba. Luze ihardun zuen bizi girorik onenak honelako tenperatura, horrelako gazi gradua eta harelako likintasuna behar duela azalduez; eta azkenez likor bat aipatu zuen, obulu umatuak aparte kontserbatzekoa. Lanerako mahaien aurrera eraman zituen gero eta erakutsi zien nola ateratzen den likor hura entseiu tuboetatik, nola isurtzen den tantaka, aurretik apropos beroturiko mikroskopio laminetan; nola kontu hartzen zaien hango obuluei, inolako gora beherarik gerta ez dadin, nola ontzi porotsu batera aldatzen diren, nola (eta oraingoan operazioa bera ikusarazi zien) sartzen den ontzi hau espermatozoo libreak dituen salda epel batean —zentimetro kubikoko ehun mila gutienez, ekin zion—; eta nola hamar minutugarrenean ateratzen den ontzia saldartetik eta ikertzen berriro ontzi barrukoa; nola obulurik ernaltzeke gera baledi, bigarrenez murgilarazten den, bai eta hirugarrenez ere, beharrezko denean. Nola obulu ernalduak itzuli ohi diren inkubagailuetara; nola hauetan egoten diren Alfak eta Betak definitiboki botilatuak izan arte; nola, ordea, Gammak, Deltak eta Epsilonak atereak ohi diren hogei eta hamasei orduren buruan, Bokanowsky-ren metodoa ezartzeko. — Bokanowsky-ren metodoa —esan zuen berriro zuzendariak. Eta ikasleek beren koadernoetan subraiatu zituzten hitz hauek. obulu bat, enbrioi bat, adulto bat: horra zer normala. Baina hona orain obulu Bokanowskytua berrerne, ugaldu, zatikatu egiten dela; eta laurogeitik laurogei eta hamaseira kimu sortzen dira horrela. Kimu bakoitza enbrioi perfekt bilakatuko da, eta enbrioi bakoitza adulto normal. Honela, bada, laurogei eta hamasei gizaki produzitzen dira lehenago bat baizik lortzen ez zen lekuan. Aurrerapena... — Funtsean —bukatu zuen I.E.Z.k— Bokanowskytzea ez da besterik desarroiluan geraldi batzuk eragitea baizik, Hazialdi normala noiz behinka gelaraz ezazu eta horra, Naturaren paradoxaz, obuluak kimatuez erantzuten dautzula. «Kimatuez erantzuten dautzula» Lapitzak geroago eta azkarrago zihoazen. Zuzendariak bazter bat seinalatu zuen. Han, geldiro geldiro zebilen zinta luze batean, portatubo bete-bete bat sartzen zen metalezko kutxa handi batean, eta honen ertzetik beste portatubo bat ateratzen zen, bete beterik hau ere. Mekanismo honek furrundaratxoa ateratzen zuen. Zuzendariak ziotsenez, entseiu tubo haiek hamar minutu behar omen zituzten metalezko kutxa hura alderik alderatzeko. Obuluek zortzi minutuan euts ziezaieketen gehienaz X izpiei. Gutiren batzuk hil ere bai. Gainetikoetan, makalenak erdibitu egiten dira. Gero inkubagailuetara zuzen, non hasten baita kimu berrien desarroilua. Eta geroago, bi egunen buruan, izotzaldi bat ematen zaie kolpera, desarroilua etenik. Bi, lau, zortzi kimu, eta hauek ere kimu berriak botatzen dituzte. Gero alkohol dosi ia hilgarri bat ezartzen zaie; eta honen eraginez berriro kimatzen dira —kimuen kimuen kimuak— eta gero bakez haz daitezen uzten zaie, zeren azkena bailitzateke desarroilua beste behin etetea. Baina begira zer gertatu den bitarte honetan: lehenengo obulu hark zortzitik laurogei eta hamaseira enbrioi eman dituela. Aurrerapen harrigarria dela aitortu behar Naturari buruz. Biki berdin berdinak, baina ez binaka, edo hirunaka, erditze haro zahar farragarri haietan bezala. Orduan noiz behinka baizik ez zen obulua zatitzen. Orain, ordea, dozenaka eta hogeinaka datozkigu bikiak. — Hogeinaka —berresan zuen zuzendariak, besoak zabaldurik sari banaketan bezala—, Hogeinaka. Honetan ikasle tentel batek honako zozokeria galdetu zuen, ea non edo zertan zegoen abantaila. — Zer diok, mutil? —oihukatu zuen zuzendariak, mutilarengana brasta itzulirik—. Ez al duk benetan ere konprenitzen? Ez al dauk buruak horrenbesterik ematen? —Eta besoak zabalik aldarrikatu zuen: Bokanowsky metodoa duk estabilidade sozialaren tresnarik handiena. «Estabilidade sozialaren tresnarik handiena.» Gizon eta emakume estandartuak, erreskada uniformeetan. Fabrika bateko pertsonal guztia horni daiteke obulu Bokanowskytu bakartxo batez. — Laurogei eta hamasei biki lanean laurogei eta hamasei makina berdinetan! —Zuzendariari ahotsak dardar egiten zion ia zoramenez—. Ba dakigu, bai, nora goazen. Lehenengoz historia guztian. —Eta Estatu Mundialaren lema aipatu zuen—; «Elkartasun, Idetasun, Establetasun». —Hitz handiak noski—. Neurri gabe Bokanowskytu ahal baldin bagenu, prolema konpondua legoke. Gamma sailez, Delta aldakaitzez eta Epsilon berdinez konpondua noski. Milioika biki ide. Horra anizko produkzioaren printzipioa biologiara aplikatua. — Baina zoritxarrez —gaineratu zuen zuzendariak— ez daukagu neurri gabe Bokanowskytzerik. Agi denez, laurogei eta hamasei omen da goia, eta hirurogei eta hamabi batez besteko polita. Ideial hartaraino iristerik ez dagoenez gero, gehienaz egin litekeena da ahal bezainbat biki sail ide emanarazi obulu berari eta ar beraren gametoekin. Eta horretantxe ere lanak leudeke. — Zeren berez hogei eta hamar urte behar baitira, berrehun obulu umotzeraino iritsi daitezen. Gure egitekoa da, ordea, populazioa une honetantxe, hementxe eta oraintxe establetzea. Zertarako litzaiguke bikiak tantagailuz produzitzea mende laurden luze batean? Ezertarako ere ez, jakina. Baina Podsnap-en teknikari eskerrak, izugarri azkartu da umoaldia. Orain behintzat segurtzat jo daiteke ehun eta berrogei eta hamar obulu umo gutienez lortzea bi urteren barruan. Aski da ernaltzea eta Bokanowskytzea —hots, hirurogei eta hamabiz bidertzea—, ia hamaika mila neba arreben produkzioa eman dezaten bataz beste, ehun eta berrogei eta hamar biki sail ideetan. Eta bi urteren barruan guztia. — Eta kasu aparteko batzuetan, hamabost milatik gora indibiduo adulto emanaraz geniezaioke obulu bakarrari. Honetan handik zebilen gazte gordin beilegi batengana bihurturik, hots egin zion: — Aizak, Mr. Foster. Esan al diezagukek zein den obario bakar baten goia, Mr. Foster? — Hamasei mila eta hamabi Zentro honetan —erantzun zuen zarta Mr. Fosterrek. Oso azkar egiten zuen hitz, begi urdin bizi biziak zituen, eta bistan zeukan zer atsegin zitzaion zifrak aipatzea—. Hamasei mila eta hamabi, laurogei eta bederatzi biki sail ideetan. Hala ere —jarraiki zen arrapataka— hoberik lortu dute tropikoko zentro batzuetan. Singapur-ek maiz eman ditu hamasei mila eta bostehunetik gora, eta Mombasa iritsia da hamazazpi milaraino. Ba dute, noski, guk baino abantaila gehiagorik. Ikustekoa duzue nola erantzuten dion beltzen obuluak muki-urari. Harrigarri benetan Europako materialaz lan egitera ohiturik gaudenontzat. Hala ere, oraindik —ekin zion barreka (baina begiak dizdizka zituen burruka garrez eta kokotsa aurrerantz lotsagabeki irtena)—, hala ere oraindik aurrea hartuko diegulakoan gaude, inondik ahal baldin badugu. Oraingo honetan harrigarrizko obario Delta-Gutiago batekin ari naiz. Hamazortzi hilabete egin berri da. Hamabi mila eta zazpiehun ume, dekantatuak edo enbrioi gisa, dagoeneko produzituak ditu. Eta oraindik sendo dirau. Irabaziko diegu, bai, oraindik. — Hori duk hori —hots egin zion zuzendariak. Eta Mr. Fosterri bizkarrekotxo batzuk emanik: —Hator gurekin eta egik mutil hauek ere xurga dezatela hire jakinduria aparta. — Bai pozik ere —ihardetsi zion Mr. Fosterrek irribarretxo batez. Ba zihoazen aurrerantz. Enbasamenduko Salan halako pizkortasun harmoniatsua eta ariketa ordenatua nabari zen. Ahardien sabelsare puskak, neurri neurrira ebakiak, tximistaka igo ohi ziren, sotoetako Organo-Almazenetik zetozen aszentsore txikietan. Furrundara bat, klaskada bat ondoren, eta aszentsoreko ateak bat batean irekitzen ziren. Enbase Forratzaileek ez zuen besterik eskua luzatu, puskak hartu, ontzian sartu eta ertzak leundu baizik. Eta enbase forratua, zinta luze batek eramana, eskumenetik aldendu baino lehen, berriro beste furrundara bat, beste klaskada bat, eta han zetorren tximistaren pare beste sabelsare puska bat sotoetatik gora, enbasatua izateko prest. Azken gabeko prozesioa zen hura, astiro-astiro zinta ibilkorraren gainean. Forratzaileen ondoren, Matrikulatzaileak zeuden. Prozesioa aurrera zihoan. Bana banaka obuluak beren entseiu tuboetarik ontzi handiagoetara pasatzen ziren kontuz-kontuz. Sabelsarearen forrua moztu, morula bere lekuan jarri, gatz uretan isuri... eta ontzia joana zen. Etiketatzaileen txanda zetorren orain: heredentzia, ernal fetxa eta zein Bokanowsky sailekoa den numeroa. Zehaztasun guztiok pasa ohi ziren entseiu tuboetarik ontzira. Bukatua zen anonimatua. Noren bere izenez orain, prozesioa ba zihoan horma zulo batetik Predestinamendu Sozialeko Salara. — Laurogei eta zortzi metro kubiko fitxa —esan zuen sartzean Mr. Fosterrek, golkoa bete pozez. — Behar den informazio guztia dakartenak —gaineratu zuen zuzendariak. — Goizero eguneratuak. — Eta arratsero koordinatuak. — Hauetantxe oinarritzen dira kalkulu guztiak. — Honenbeste indibiduo honen eta horren kalitatekoak —esan zuen Mr. Fosterrek. — Honen eta horren kantitateetan banatuak. — Dekantamenduko honenbestekorik onena edonoiz. — Ez usteko galerak berehalaxe emendatzeko moduan. — Berehalaxe —esan zuen Mr. Fosterrek berriro—. Bazenekite zenbat ordu estra sartu behar izan nuen Japon-go azken lurrikararen ostean!—. Eta gogotik egin zuen barre, buruari eraginez. — Predestinatzaileek Ernaltzaileei bidaltzen dizkie beren datuak. — Hauek haiei eskuratzen dietelarik eskatu haina enbrioi. — Eta enbaseak hona etortzen dira, konkretuki predestinatuak izan daitezen. — Eta ondoren Enbrioi Almazenera zuzen. — Oraintxe goaz gu ere bertara. Eta ate bat irekirik, sotora zihoan eskailera batetik behera abiatu zen Mr. Foster. Tenperatura tropikala zegoen han ere. Ilunabar antzeko giro batean barrena sartu ziren. Bi atek eta bihurgune bikoizdun igarangu medar batek zaintzen zuten sotoa, inolako argi izpirik ez zedin barrura sar. — Enbrioiak pelikula fotografikoaren modukoak dira —esan zuen jostaz Mr. Fosterrek, era batera bigarren atea bultzatzen zuelarik—. Argi gorriari bakarrik euts diezaiokete. Izan ere, iluntasun sargori hura, ikasleak atzetik zerraizkiola, hala zen orain ikuskizun eta gori, nola baita udako arratsalde erdian begiak itxita ikusi ohi den iluntasuna. Alboetako arasa larriak —bakoitzak sekulako botila erreskadak zituela— dizdizka zeuden, errubiz josiak bezala; eta errubi artean, han zebiltzan gizonezko eta emakumezko mamu gorriak, beren begi gorriez eta lupusaren sintoma garbiez. Makinek furrunka ziharduten, burrundaratxo hartaz beterik airea. — Emaizkiek zifra batzuk, Mr. Foster —esan zion zuzendariak, ia hizketan nekaturik. Bai pozik ere eman Mr. Fosterrek eskaturiko zifrak. Berrehun metro luze, berrehun zabal eta hamar altu. Gorantz seinalatu zuen, Oilotxoek ur edatean bezala, ikasleek sabai alturantz jaso zituzten begiak. Hiru alasa sail: lurraren nibelean, lehenengo galeria eta bigarren galeria. Galerietako sare metalezkoa alde guztietara zihoan, eta lekutaraino joan ere ilunetan galtzen zelarik. Handik hurrean hiru mamu gorri ari ziren lan eta lan, eskailera mugikor batetik bolingoiak deskargatuez. Predestinamendu Sozialeko Salatik zetorren eskailera. Ontzi bakoitza hamabost alasarik batean jar zitekeen; eta alasa bakoitza, nahiz eta begiratu hutsez ezin igarri, tren bat zen orduko hirurogei eta hamahiru milimetroan zebilena. Berrehun hirurogei eta zazpi egun, eguneko zortzi metroan. Bi mila ehun eta berrogei eta hamasei guztira. Buelta oso bat lurraren nibelean, beste bat lehenengo galerian, buelta erdi bigarrenean, eta berrehun eta hogei eta hamazazpigarren eguneko goizean, Dekantamenduko Salan, egun argiz. Horra existentzia independentea deritzana. — Baina bitartean —bukatu zuen Mr. Fosterrek— anitz gauza egin ditugu. Anitz gauza, alajaina. — Hau duk hau niri atsegin zaidan izpiritua —esan zuen berriro zuzendariak—. Ea, Mr. Foster, demagun bueltatxo bat eta esplika iezaguk den dena. Eta Mr. Fosterrek luzaz azaldu zien guztia. Hitz egin zien nola hazten den enbrioia bere sabelsarezko sehaskan. Dastatzera eman zien odol artifizial mardul bat, zeinez elikatzen baita enbrioia. Azaldu zien zergatik eragin behar zaion plazentinaz eta tirosinaz. Corpus luteum-en gurinaz hitz egin zien. Manga batzuk erakutsi zizkien gero, zeinen bidez automatikoki injektatzen baita gurin hura hamabirik hamabi ordura, zerotik 2.040raino. Hitz egin zien nola geroago eta muki dosi handiagoak sartzen zaizkien ibilaldiko azken laurogei eta hamasei metroetan. Ama zirkulazio artifiziala deskribitu zien ontzi bakoitzeko ehun eta hamabigarren metroan jarria; odol artifizialaren biltegia erakutsi zien, eta bonba zentrifugoa, zeinek mugiarazten baitu likidoa umontzi osoan zehar eta pasarazten biri sintetikotik eta hondakinen irazkitik. Enbrioiak anemiara duen joera okerra aipatu zien gero, eta nola, beraz, zerriaren sabelkia eta moxal fetoaren gibelkia eman behar zaien dosi handietan. Mekanismo errez bat erakutsi zien, zeinen bidez zortzi metroko azken bietan enbrioi guztiak inarrosten baitira, mugimendura molda daitezen. Esan zien zer grabedade duen «dekantamenduko trauma» deritzanak, eta zein bide dauden hain arriskuzko shock hura ahalik gutientzeko, enbrioi enbasatuari entrenamendu egoki bat eraginez. Hitz egin zien nola sexu frogak eragiten zaizkien berrehungarren metro inguruan. Etiketagintza azaldu zuen gero: T bat arrei, zirkulu bat emeei, eta galdera marka beltz bat hondo zuriaren gainean neutro-gaiei. — Zeren, izan ere, —esan zuen Mr. Fosterrek—, gehienean ernaltzea oztopo besterik ez baita. Mila berrehunetik, obario ernalkor bat bakarra zaigu aski gure asmoetarako. Baina aukera handiak nahi ditugu eduki. Zertan esanik ere ez dago segurantza tarte on bat uztea komeni dela beti. Horixegatik permititzen dugu ehunetik hogei eta hamar enbrioi eme normalki haz daitezen. Gainetikoei hogei eta laurik hogei eta lau ordura, hormona sexual emearen dosi bat ematen diegu, falta zaien ibilaldian zehar. Zer gertatzen? Hermafrodita bezala dekantatuak direla, guztiz normalak beren estrukturan, nahiz eta —aitortu behar izan zuen— halako joeratxoa eduki bizarra botatzera. Baina agorrak behintzat, eta agortasun garantitua gainera. — Honela noizbait —ekin zion Mr. Fosterrek Naturaren imitazio ergelaren erresuma utzi eta giza asmamenaren mundu askoz bikainagora goaz. Eskuak igurtzi zituen. Bada, ez pentsa haiek enbrioien inkubatzeaz bakarrik konformatzen zirenik. Edozein behik ere ba legike hori. — Predestinatzen eta egokitzen ere ba ditugu. Gure haurrak gizaki sozialdu bezala dekantatzen ditugu, Alfak edo Epsilonak bezala, geroko putzugin edo geroko... —«Geroko Inspektore Mundial bezala» esatera zihoan, baina garaiz zuzendurik, esan zuen— ... Geroko Inkubagailuetako Zuzendari bezala. Zuzendariak eskerrak eman zizkion irribarre batez. Hamaikagarren alasako 320garren metro inguruan zihoazen memento hartan. Beta-Gutiago gazte bat, mekanikoa bera, destorniladore eta giltza ingeles batez ari zen, botila bateko odol artifizialaren bonban lanean ziharduela. Torkak jiratzean, motor elektrikoak furrundara sendotxoagoa ateratzen zuen, geroago eta sendoagoa. Beste buelta bat giltza ingelesari, begirada bat erreboluzio kontatzekoari, eta horra bukatua lana. Erreskadan bi pauso atzeratu zen gizona eta prozedura berdina hasi zuen hurrengo botilaren bonban. — Minutuko erreboluzioen numeroa gutitzen ari da —azaldu zuen Mr. Fosterrek—. Odol artifizialak astiroago zirkulatzen du. Beraz, noiztik noizerago pasatzen da biritik. Beraz, oxigeno gutiago damaio enbrioiari. Ez dago oxigeno urritasuna lakorik enbrioi bat normalaren azpitik edukitzeko. Eta eskuak igurtzi zituen. — Baina zertarako nahi dute enbrioi bat normalaren azpitik eduki? —galdetu zuen ikasle kokolo batek. — Tenteltzarra! —oihukatu zuen zuzendariak, bere ixilaldi luzea etenik—. Ez al zaik bururatu enbrioi Epsilon batek giro Epsilona behar duela, bai eta heredentzia Epsilona ere? Ez zitzaion, ez, gaxoari horrelakorik bururatu. Lotsa lotsa eginda geratu zen. — Zenbat eta kasta apalagoa izan —esan zuen Mr. Fosterrek— hainbat eta oxigeno gutiago behar du. Zerebroa da lehenen igartzen dion organoa. Eskeletoa gero. Oxigeno normalaren ehunetik hirurogeian ipotxak ateratzen dira. Hirurogeitik behera mamutzar begigabeak. Ezertarako ere balio ez dutenak noski —bukatu zuen Mr. Fosterrek. — Baina (eta ahoskera ezkutukoia eta urduria hartu zuen) umoaldia laburtzeko teknikaren bat baldin balego hura garaitza, hura mesedea gizarterako! — Pentsa ezazue zaldiarengan —esan zuen. Ikasleek zaldiarengan pentsatu zuten. Zaldiak sei urterekin erdiesten du umotasuna. Elefanteak hamarrekin. Gizona, ordea, hamahiru urterekin ere sexuz umotzeko dago oraindik, eta hogeirekin bakarrik erdiesten du ezaguera osoa. Hortixe dator etorri ere giza adimena, desarroilu berankor horrexen fruitu bezala. — Baina Epsilonetan —esan zuen txit zuhurki Mr. Fosterrek— ez dugu adimenik behar. Eta ez zutenez behar, ez zuten «fabrikatzen» ere. Baina nahiz eta Epsilon baten buruak hamar urterekin erdietsi umotasuna, Epsilonaren gorputzak, ordea, hamazortzi urte arte ez du lanerako balio. Urte luze alferrekoak, umotu arteino. Gorputzaren haztea azelera ahal baledi behi batena bezain azkarra izateraino, zer negozio izugarria elkartearentzat! — Izugarria! —marmartu zuten ikasleek. Mr. Fosterren berotasuna itsaskorra zen. Gero teknikoago jarri zen. Koordinazio endokrino anormal batez hitz egin zien, zein baita gizonak hain geldiro haztearen kausa. Eta anormaltasun hau germenen aldatze baten gora behera zela ekin zion. Ba ote legoke germenen aldatze honen efektuak deusezterik? Ba ote legoke indibiduo Epsilon bati, teknika egoki batez, zakurren eta behien normaltasuna bihurtzerik? Horra, bada, koska. Pilkintonek, Mombasan, ia lau urterekin atereak zituen indibiduo sexuz umoak eta sei urte eta erdirekin guztiz haziak. Garaitza zientifikoa noski. Baina alferrekoa gizarterako. Sei urteko gizonak eta emakumeak geldoegiak ziren Epsilon baten lana egiteko ere. Eta metodoa «guztizkoa edo bat ezkoa» zen. Edo ez zen inolako aldatzerik lortzen edo guztizkoa lortzen zen. Oraindik ekin eta ekin ziharduten, hogei urteko adultoak eta sei urteko adultoak harreman honetan jarri nahiez. Baina ordurarte alferrik. Ibili eta ibili, ilunabar antzeko argi gorri hartan zehar, 9garren alasako 170garren metro ingururaino iritsi ziten. Handik aurrera 9garren alasa itxita zegoen, eta ontziek tunel moduko batean barrena egiten zuten gainetiko joanaldia, bi edo hiru metro zabaleko irekidura batzuetan noiz behinka geratuez. — Berorako egokimendua —azaldu zuen Mr. Fosterrek. Behin tunel beroa, behin tunel hotza. Tropikoetara destinatuak zeuden, edo meagizon, zeta ehule edo metalgin izatera. Geroago irakatsiko zitzaien gorputzez nolako, burua ere hartara jartzen. — Guk berora jo dezaten egokitzen ditugu —bukatu zuen Mr. Fosterrek—. Eta goiko pisuko gure lankideek irakatsiko diete beroa maite izaten. — Eta hona —ebaki zuen zuzendariak esaera gisa— zorionaren eta bertutearen maratila: nork zer behar duen egin, huraxe maite ukan. Egokimendu guztiek hauxe lortu nahi dute, alegia, nork bere derrigorreko destino soziala maite dezala. Bi tunel artean, erizain bat ari zen xiringa luze eta fin bat sartzen aurrerantz zihoan lingirda ontzikada batean. Ikasle eta gidari adi adi egon zitzaizkion apur batean. — Ederki, Lenina, —esan zuen Mr. Fosterrek, eta Leninak xiringa atera zuen eta tente jarri zen. Neskatila ikaraturik bihurtu zen. Zerabilen lupus maskara eta zituen begi gorritu eta guzti ere, bistan zeukan paregabea zela ederrez. — Henry! —erantzun zion berak ere, eta irribarre bat, gorria hau ere, bidali zion, hortz ilara gorri bat erakusten zuela. — Neskatila xoragarria benetan —marmartu zuen zuzendariak—. Eta xaflada bat edo bi emanik, gizalegezko irribarre bat irabazi zuen ordainez. — Zer damaiezu? —galdetu zuen Mr. Fosterrek, hitzei profesio aire zorrotza ezarririk. — Betikoa: tifusa eta lo-eria. — 150garren metroan hasten da tropikorako langileen eztiketa —azaldu zien Mr. Fosterrek ikasleei. Enbrioiak zakazdun dira oraindik. Geroko gizonaren eritasun guztien aurka inmunitzen dugu arraina—. Gero, Leninarengana itzulirik, gaineratu zuen: Arratsaldeko bostak hamar gutiagotan, teilatuan, beti bezala. — Xoragarria —esan zuen berriro ere zuzendariak—. Eta beste xaflada bat emanik, lagunen atzetik aldendu zen. 10garren alasan, hurrengo gizaldiko langile kimikoen erreskadei tratamendu bat eragiten zitzaien, alkitrana, betuna, sosa errakorra, klorina eta abar jasatera ohi zitezen. Kohete airekoen 250 mekanikoko enbrioi sailetik lehenengoa ordutxe zihoan 3garren alasako 1.100garren metroan. Mekanismo aparteko batek etengabeko errotazioan zerabiltzan haien enbaseak. — Ekilibrio sena ontzeko —azaldu zuen Mr. Fosterrek—. Kohete baten kanpoko aldeari, hegan doala, konponketak egitea, lan zaila da oso. Zutik daudenean ia hiltzeraino kentzen diegu zirkulazioa. Buruz behera daudenean, berriz, odol artifizialaren jarioa bi bidertu egiten diegu. Honela ikasten dute egoera hau zorionarekin bat egiten. Izan ere, halaxe daudenean bakarrik dira egiten zoriontsu. Eta orain —jarraiki zen Mr. Foster— Alfa-Gehiago intelektualentzat dugun egokimendu interesgarri bat erakutsi nahi nizueke. Bosgarren alasan daukagu hauen talde on bat. Lehenengo galerian —hots egin zien Mr. Fosterrek beheko pisurantz abiatu ziren bi ikasleei— 900garren metro inguruan daude —azaldu zuen—, Ez dago inolako egokimendu intelektual efikazik egiterik, fetoak buztana gal dezan arte. Baina zuzendariak erlojuari begiratu zion. — Hirurak hamar gutiago —esan zuen—. Denborarik ez ote dugun nago enbrioi intelektualak ikusteko. Haurtegietara igo behar diagu, haurrak siestatik iratzar baino lehen. Mr. Fosterrek desengainutxoa hartu zuen. — Dekantamenduko Salari begiratu bat bederen —erregutu zuen. — Tira, bada, ondo diagok —Zuzendariak irribarre egin zuen adeibera—. Baina begiradatxo bat bakarrik gero
Bai mundu berria |