Onofre, gizon amorrazia HITZAURREA Onofre, Théophile Gautier-en errelato honen protagonista, artista da; artistatzat dauka bere burua, eta halaxe ikus dezaten ohitu ditu inguru hurbilekoak: Jazinta bere maiteñoa, eta beste guztien mesprezua ozta-ozta orekatzen duten bizpahiru adiskideak. Gainerakoek, gizarajo xelebre bat besterik ez baitute ikusten Jazintak bere maitasun guztia merezi duen jenio bat ikusten duen gizon horrengan. Onofre, margolaria izateaz gain, poeta da; eta erromantikoen erara ulertzen du bere artista izatea, hots, gizarte arruntaren artaldetik jeinu ukitu batek bereiztutako profeta gisara. Eta profeta izate horrek ingurua aztertzeko begirada bereziki sakon zorrotz batez hornitu du, bere artearen lehengaia eskueran jartzen dion begi zolia. Eta inguruko guztia eta inguruko guztiak mesprezatzea, bere begiratu egiazalearen ondorio ezinbestekoa ezezik, bere Arte goi mailakoaren eskakizun eragoztezina ere bada. Egia da bere onenak eman gabeko margolari eta poeta dena; gazte da, eta haren hitzez fidatu beharra dago, eginak denboraren joanean etorriko direlakoan. Berak badaki artista dena; eta, maite dutelako, artista-senak exijitzen omen dion purtzil-jokaera eramaten asmatzen duten apurrek ere badakite. Eta horien oniritzia, ustez, nahikoa zaio bere burbuila bakartuan irauteko: bost axola gainerakoen trufa eta isekak, bost axola beraren eginbehar lurrez gainekoa ulertzen ez dutenen axolagabezia. Artistaren begira-modu sakonak, halabaina, beti harago begiratu behar horrek arazoak sortzen hasiko zaio berehala. Bestek lurrari atxikitako txepelkeria egunerokoak besterik ikusten ez duten lekuan, bere irudimenak mamu eta bitxikeria izugarriez josiriko gain/azpi errealitate bat jarriko dio begien aurrean. Eta artistaren etsaien zerrendan, gizarte burges diruzale trufariari, deabrua gehituko zaio, bere forma eta itxura guztietan. Gizarte etsaiari aurre egiteko Onofre gaixoak nahikoa zuen bere fantasia munduan ezkutatzea; baina, hara babesturik denean, deabru etsaiak bidea libre du fantasiaren erresuman, hartan jaun eta nagusi. Eta, etsaiak etsai, nago okerrena errelatoaren narratzaile ironiko kupidagabea ez ote den. Gerardo Markuleta Onofre, gizon amorrazia |