Izaera-aldakuntza ala urrezko astoa
Luzio Apuleio

euskaratzailea: Augustin Anabitarte
paperean argitaragabea
armiarma.eus - 2011

 

APULEIO'TAR LUKI'K IDATZITAKO
«IZAERA-ALDAKUNTZA ALA URREZKO ASTOA»
IZENADUN LANAREN LENENGO BI ATALETAKO EUSKERALBENA

 

 

I.

 

Azti-lanak yakin naiean, Apuleio'tat Luki, orduan iñon
baño geiago oitutzen zala-ta, Tesali erridira nola yoan zan,
ta Ipata erritik urbilera elduta, bi bidazti azti sorgiñen
gertaera arrigarriak edesten ziyoazela, erri bertara
etorri bitartean, nola alkarrekin yoanak izan ziran.

 

 

        Ta arazo batez Tesali'ko bidean ninyoala —nere yatorria angoa

ere bai-zan, nere amaren aldetik, Pulutarka aundikia ta Sesta yakintzariak— bere illobarengandik, gure omen ta ospa oiengandik bai-datorkigu, mendidaitz ta ibarak igarota, belardiak eta goldatutako zelaiak, ni eramaten nindun zaldia nekatuta baziyoan. Ta bai onetxegatik ala zaldiz netorrela-ta nekatuta neramazkien ankak erabiltzeagatik, lurrera yaiki ta nere zaldiaren izardi ta kopeta atzegiten asi nintzan. Balazta kendu ta belarriak tira nizkan, ta alik eta bere gogo utsez egin lezakeana eginda atseden ederra artu zezan poliki-poliki nere aurretik eraman nuan. Onela ginyoazela, bera batera ta bestera aal zuana yanez, belardi oietan koskaka ziyoan, ni baño aureraxeago ziyoazen bi bidaztiakin, esaten zutena entzunaz, alkartu giñan arteraño. Aietako batek, algara baten ondoren, zion:

        — Ago ixilik; orrelako artez-gabeko ta gezurrezgo itzak esan gabe. Au esandakoan ta berririk yakin naiean.

        — Yaunak —esan nuan—; zuen izketa ori nerekin egin zazute, zure izketaz yakiteagatik ez, gauza guztiak, edo-ta, gauza asko beroik yakin nai ditutelako baizik, ba, aldapa neketsu onetatik gora goazela, izketak gure neke au arinduko digu-ta.

        Orduan, izketan asi zan arek esan zuan:

        — Ziñez, azti lanez ibai aundiak atzera datozela, ta itxasoa mamitu egiten dala, ta aizeak gelditu egiten dirala, ta Eguzkia ortzeari itsatsia dagoala, ta Illargia'k belar tartean aparra uzten duala, ta izarrak ortzetik at kentzen dirala, ta egunik ez dala ta gaua gelditzen dala, baten-batek esan lezakean bezin gezurrezko egia da ori.

        Ortaezkero nik, ausartuxeago, esan nuan:

        — Lenbizitik itzegiten asi itzan ori, adi-zak, nere maitasunez aurrera yardutzen ez zakela damurik izan, ez adi ere asaretu.

        Besteari onela esan nion:

        — Ik adimen sendo batez ta biotz gogorrez agian egia dana ezesten dekala bazirudik. Gauza asko entzun-berriak diralako, edo-ta, beñere ikusi ez diralako, ala uste aal baño aundiagoak ematen dutelako, gizonak beren iritzi okerrakin gezurrak dirala uste dutela, ez al dakik? Ez al dakik maltzurki begiratu ta ikustatu baituzkekela, idorotzen errexak izan ezik egin ariñak izango itukala? Ba neri bein Atenas'era berandutxo ninyoala, beste batzuekin yaten, yatekideak azkar yaten larri zebiltzan ezkeroz, nik, berak lez egiteagatik, gaztanbera bati koska aundi bat egitea gertatu zitzaidan. Ta ura yaki zuri ta likiña nola bai dan arnasa egin eziñik iltzeko zorian ia gelditu nintzala gangallian gelditu zitzaidan; baña nere larritasuna ta guzti, errira eldu nintzan, ta Pezile deitzen dioten ate aundian nere bi begi auekin esku-yokoetan ari oi diran gizon oietatik bat guztiz musu zorrotzeko ezpata aotik bera sartzen ikusi nuan. Ta gero, ematen zioten diru utsagatik, ezten-aga bat burnitik artuaz sabelatik barrena sartu zuan, iztondotik barreneratu zan ezten-agaren burnia lepazamar aldetik burura ateratzeko eran, ta ezten-agaren musuan lau azka ta biraka aur polit bat agertu zan, an geunden guztiak arriturik. Ara Eskulapi goiyaunaren ezten-aga baizik ez zala esango ukana, adarrak erdi mozturik, korapilloz yosia, gañean biraka zebillen sugarrasta batekin. Orra ba, izketan asi itzan ori, beriro edestu akidak, nik, beste orren ordez, bakarrik sinistuko diat, ta onez gañera lenengo ostatuan nerekin yatera eskeinduko diatela abintzen diat. Ire lanaren ordaña auxen izango dek.

        Berak erartzun zuan:

        — Esaten didakenez atsegin diat, ta len asitakoari geroxeago yarraituko zioat; baño Yainkoa begiz yotzen duan Eguzki onegatik, aurrean zoazten oiek, emen bertan dagoan Tesali'ra eltzen bazerate, erriko edozein baztarrean esaten danez zalantzan egon ez zaitezten, idorotako egizko gauzak edestuko dizkitzutela, zin egiten det. Ta ni nor naizen, nondarra ta nere ogibidea nolakoa dan yakin dezazuten, Ejinatarra naizela yakin, ta Tesali, Etoli ta Beozi erridietan, arat-unat, gazta, ezti ta ardangizonen bestelako gauzak bila nabilela; ta Ipata errian, Tesali'ko erri nagosia, guztiz gazta ederra, gozatsua, ta erosteko aukerakoa bazala entzun nualako, al nuan geiena erosteko asmoz arako bidean aurki yarri nintzan; baño ezkerreko ankarekin sartu nintzan erosketan, nik nai bezela gauzak nereganatu ez, ba ni baño egun batez lenago ara etorrita Otsoa izeneko salerosle batek guztia erosi zuan. Auxe zala-ta ni, nere ibilketaren nekez ta nere nagikeriz, bear bada, arrats aldian uretara yoan nintzan, ta bat-batean uste ez nuala, lurrean exerita, gontzar zarpaildu batekin erdi yantzirik, ain zatar, me ta orikail, beste edozein ematen zuala, Sokarta, nere lagun ta adizkidearekin etxaidean topo egin nuan. Ikusi ta nere kidea ta ezaguna izan arren, ezagutzen ote nuan edo, bere ondora etorri nintzaion: «A, nere Sokarta! esanez. Au zer dek, zer dek tankera ori? Zer zorigaiztok yo au? Ire etxean i aizela-ta negarrez ta mindurik zeudek, ire semiei aitordeak eman zietek endoreak; ire emazteak, ire il ondorengoak eta negarrak egin-eta, beltzez ta tamalez adikatuta, ia begiak ondatu dizkik; bere etxeko goibeltasun ta kalteak senar berri batekin alaitu ditzan berriro eskontzera etxeko-aideak beartzen ta mutiritzen ari dituk; ta i, gokaizto irudiz, gure irain ta laidoarekin emen»: Berak orduan erantzun zidan: «A, Aristomen! Zoriaren biraka ta inguruketak, bere igidura geldi eziñak eta aldizkako aldaketak ez dakizkik». Ta au esanaz, lotsaz gorrituta zeukan arpegia bere puskatutako gontzarrakin, txilborratik gora erakusten zuala, estali zuan. Orren ikuste landerra ta tankera tamalgarria ezin izan nuan yasan; eskutik artu ta altxa nezan ekin nion, ta berak, arpegia estalirik zeukala, esan zuan: «Utzi nazak; zoriak bere garaipena darabillela; asi zuana ta baiki daukana yarraitu dezala». Nik nere yantzietako bat erantzi ta bat-batean yantzi nuan, edo obeto esateko estali egin nuan; uretara yoateko agindu nion, ta igortzi zedin ta zeukan zikinkeri aundi ta ugaria garbitu zezan bear izan zan guztia eman zion. Ondo sendotu ondoren, naiz nekatuta ni egon, aal izan nuan ondoena ostatura eraman nuan eta exeriazi egin nion nai-ala yan zezan; edatez otzandu nuan, izketaz pizkortu nuan, ta iseka ta yolasean yoko ta pozezko kontuak esatera, itz yarioz, oraintxe egokitu zitzaidan, bere biotzaren barren-barrendik oyuska bat atera zitzaion ta eskuiko eskuarekin bere arpegian zaplateko eder bat yo zuan esanaz:

        — A ni gizagaxoa, nere gogoko ezpata-trebetasunean ari oi nintzan artean yausi nintzana; ik, guztiz ondo dakikenez, Mazedoni'n ain irabazi aundia izanda gero, andik alde-eginda, amar illabetean txanponak irabazten nizkikela, diru askodun aberats biurtu niñuken; ta nere bizibideko gauzaren

bat egiteko asmoa nuala, Larits-errira eldu baño lenxeago, biderik gabeko mendiz yositako ta gora ta berako maldetako ibar txit aundi batetik igaro niñuken. Ibar onetan nekarren guztia kendu zidakaten lapurrak inguratu nintziokaten; ni ostuta, itzuli egin niken, ta, erdi illik, zerbait yakiña ta berritsua dan Meroe izeneko ardanemakume zarraren etxera atsede artu naiean etorri niñuken; berari nere bideko ta lapurketako gauzak eta nere etxera biurtzeko gogo ta larria erakutsi nizkioken nik nere zoritxarra nekez ta

makaldasunez edesten nioken, berak arrera egokiz artu nintzioken ta apaltzen oso ederki ta urrik eman zidaken. Orrela ta, maitasunez ikututa ala kezkatuta, bere gela ta oean sartu nintxioken; nik, gizagaxo onek, ara eldu ta alako gaxokeria ta aulkeria arrapatu niken, andik alde egiteagatik lapur onak

estali nendin utzi zizkidan yantziak eman ezik, nuan guztia eman nioken, ta onik nengoala zaku-zamaketan irabazi niken zerbaitxoa ere bai, eman egin nioken. Andre on ura ta nere zoritxara orain gutxi dala ikusi nauken tankerara ekarri nintxiokaten.

        Nik erantzun nion:

        — Ziñez, ik gaizkien letorkiken gauza izatea aldin bai-dek, naiz eta okerretan-okerrena esateko baldin balitz ere, orrelako emakume gaiztoa ta aragikeri zikiña ire etxe, emazte ta semeen gain yarri itukelako.

        Sokartak, orduan, biatza ao ondoan ipiñiaz ta zorabiatuta lez, mintzatzeko toki egokian bai ote zegoan ingurura begiratuaz, esan zuan:

        — Ixo, ixo; ez zakela emakume onen kaltez ezere esan, astia bai-dek agian, ire mingaña dala-ta ez zakela gaitzik izan.

        Orreri nik erantzun nion:

        — Ik, nola diok ardanemakume ori orren aldun ta bakalduna dekela? Zein emakume dek, ba?

        Berak esan zuan:

        Txit sorgin maltzurra dek, ortzea jetxi-arazi, lurrak-ikarazi, urak mamitu, mendiak ezereztu, gokaiztoak oles-egin, illak eragotzi, goi-yaunei gogor-egin, illargiak illunerazi, gaiztokiak ergituarazi al lezaken emakumea dek.

        Gauza oiek esaten entzun nionean, esan nuan:

        — Yainkoagatik, otoi, oiek-lako goi-goieneko gauzetan ez gaitezen ari, askorenetakora jetxi baizik.

        Sokartak esan zuan:

        — Beraren gauza bakarra ala asko entzun nai dituk? Bere yakitea aundia dala-ta, bi maitakari ondo ta griñaz alkar maitatzea, ez emengoak bakarrik, bertakoak, Indietakoak, etipitarrak eta ludiko beste aldeko gizakiak baizik, maitaeraztea, bere yakintzaren ondoan gauza utsa ta garrantzi gutxikoa litzake. Orain, askoren aurrean maitakari bateri, beste emakume batekin izatera etorri ukelako, zer egitera, yarri zan, entzun akidak: itz batez kastor izeneko piztian aldatu ziken. Ona kastorrak zer egiten diken: eiztariak arrapatu dezaten bildurrez, berea moztutzen dik utzi dezaioten; ta bere lagun arreri orrenbeste gertatu dizaiokan pizti artan aldatu ziken. Araberaz, bere auzoko ardangizon bat ere, etsaia beragatik, igel batean aldatu ziken; ta zatar ura oraintxe bertan ardo ontzian igari zebillekan, ta, kondar azpian sartuta, ardo eroatera yarraitzen zitekenak bere etxera zetoztekenean kua-kua egiten dik. Bere etxeko auzo-ordezkari bateri ere, ordezkaritzan bere kaltez aritu ukalako, ari batean biurtu ziken, ta onela, ari egiñik, antolatzen omen dizkik orain bere auzioak; berak maite zikenaren emazteak emeki irain bat bota zikelako aur-egiteko eran yarri ziken, ta iñoiz aurrik egin ezin dezakeala bere aztarekin zebillek; ta bere sabela ume-egiteko dagoan elepante aberearen antzez, aur-egiteko itxuran zegokela onuzkero zortzi urteren aldia bai-dala guztiak zenbatzen ditek. Onetxek erritar asko mindu zizkiken, ta erriaren gorrotoa bizia ukela-ta, arren ayer izatea ta arrika botatzea erabaki ziteken; baño bere sorginkeriz erabaki ukan guztia yakin ziken. Ta Kereon bakaldunagandik egun bateko artea iritxi zikala-ta, etxea, alaba ta bakalduna berbera gar-bizitan erre zizkiken Medea ura bezelaxe, moskor onek edestu zidakenez, il-obi batean egin zizkiken gaiztokiko alaraokin, bi egunetan zerrallak puskatu ezin zituztela, ez ateak zabaldu, ez ormak zulatu, bere sorginkeriaren indarrez erri guztiko erritarak bere etxeetan itxi zizkiken, alik eta batak besteari eragiñaz ikutu ta gaitzik ez egiteko zin egin ziteken arteraño, ta iñork berari gaizkirik egiteko asmoz ibilliko litzakeanaren kaltez beren laguntza ta eskarra eskeintzea baño. Onela apalduaz, barkatu ta azkatu ziken arri guztia; baño gaizbide onen sorleari, bere etxe itxia, ormak, lurra ta etxe-azpiakin zegoken bezela, gau-erdian, andik eun zudutara, urik ez zegoken menditarte garratzeko erri batera eraman ziken; ta errian etxea yartzeko tokirik ez zegokelako erri aurrean ipiñi ta alde egin ziken.

        Au entzundakoan, esan nion:

        — Baiki , nere Sokarta, arrigarrizko gauzak, gorriak esaten dizkidak; axol ta bildur gutxirik ez didak eman; kezkarik ez, ezten-aga bat baizik sartu ez didak. Agi-danean atso orrek gure itz ta alkar-izketak bere sorginkeriz ez ditzala ezagutu izan; goazemak bada aurki lotara; gaueko loa pixka batez galdu izan arren, egunez, alde egin zagun emendik aal bezin urruti.

 

Izaera-aldakuntza ala urrezko astoa
Luzio Apuleio

euskaratzailea: Augustin Anabitarte
paperean argitaragabea
armiarma.eus - 2011