STLANIKA
Varlam Xalamov

Stlanik
euskaratzailea: Aroa Uharte
armiarma.eus, 2022

 

      Iparralde Urrunean, taigak eta tundrak muga egiten duten tokian, urki nanoen artean, baia horizta, urtsu eta harrigarriro handiak dituzten otsalizar-zuhaixka moztaken artean, seiehun urteko laritzen artean, zeinek helduarora iristeko hirurehun urte behar baitituzte, bada arbola berezi bat: stlanika. Pinu-hosto iraunkorrak eta ukabil baten neurritsuko gerria dituen bizpahiru metroko zuhaixka honek urrutiko ahaide du zedroa, zedro siberiarra. Konformaerraza da eta mendi malkarretan hazten da, sustraiak harkaitzen arrailetan barrena atxikiz. Iparraldeko zuhaitz guztien antzera, adoretsua eta burugogorra da. Aparteko sentiberatasuna dauka.

      Udazkenaren hondarrak: aspaldian behar zuen bertan elurrak, neguak. Badira egun batzuk zeru-sabai zuriaren bazterretan laino baxu urdinkarak pasatzen direla, odoluriak balira bezala. Gaur, aldiz, udazkeneko haize fina mehatxuzko isiltasun betean sartu da goiz-goizetik. Elur-usainik aditzen da? Ez. Ez da elurrik izango. Stlanika oraindik etzan gabea da. Eta egunak doaz egunen atzetik, elurrik ez da, lainoak han nonbait muinoen gibelean alderrai dabiltza, eta zeru garaian eguzki txiki zurbila agertu da, eta oro da udazken-giro...

      Baina stlanika uzkurtzen hasi da. Gero eta gehiago uzkurtzen da, zama neurrigabe gero eta handiago baten pean bezala. Adaburuarekin harkaitza harramazkatzen du eta lurraren kontra estutzen da, esmeralda-koloreko adarrak bertan hedatuz. Lurrean datza barreiaturik. Luma berdez jantzitako olagarro bat dirudi. Etzanik, itxaroten du egun bat, hurrena, eta hara jada zeru zuritik elur-hautsa non datorren, eta stlanika, hartzaren gisan, neguko lo luzean murgiltzen da. Mendi zurian elur-konkor ikaragarriak ageri dira hanpaturik: horratx negua pasatzera etzandako stlanik-zuhaixkak.

      Neguaren amaieran, berriz, lurra hiru metroko elur-geruzaz estalia dagoenean, bisutsak burdinaren aurrean bakarrik etsitzen duen elur trinkoa hertsatu duenean mendi-zintzurretan, jendeak alferrik bilatzen ditu udaberriaren zantzuak naturan, nahiz egutegiaren arabera udaberriak dagoeneko bertan behar zuen. Eguna, ordea, ezin negukoetatik bereizi: airea urria eta lehorra da, ez du deusek bereizten urtarrileko airetik. Zorionez, pertsonaren sentiberatasuna baldarregia da, hautematea xinpleegia, eta zentzumenak ere gutxi ditu, bost besterik ez: ez dira nahikoa datorrena iragarri eta asmatzeko.

      Natura pertsona baino zoliagoa da sentipenei dagokienez. Horretaz badakigu zertxobait. Gogoan dituzue izokinen familiako arrainak, sortu ziren erreka berberera itzultzen direnak arrabak jartzera? Gogoan dituzue hegaztien migrazio-bide misteriotsuak? Ezagun dira, eta ez gutxi, landare-barometroak, lore-barometroak.

      Eta hara non, elurrezko zuritasun mugagabearen erdian, itxaropen gabezia totalaren erdian, bat-batean stlanika zutitzen den. Elurra astintzen du gainetik, luzera osoan tentetzen da, zerurantz altxatzen ditu izotzez estalitako eta zertxobait horitutako pinu-hosto berdeak. Guretzako harrapaezina den udaberriaren deia aditzen du, eta, hartan fida, Iparraldean beste inor baino lehen altxatzen da. Negua joan da.

      Bestelakorik ere gertatu ohi da: su bat egin da. Stlanika sinesberegia da. Halako herra dio neguari, suaren epeltasunarekin fidatzeko prest baitago. Neguan, lo luzerako makurtu eta uzkurtutako stlanik-zuhaixkaren ondoan sua eginez gero, stlanika altxatu egiten da. Sua itzali, eta, zedro siberiar desengainatua, saminez negarretan, berriz ere uzkurtu eta lehengo tokian etzaten da. Eta elurrak estaltzen du.

      Ez, ez da eguraldiaren iragarle hutsa. Stlanika itxaropenaren arbola da, hosto iraunkorreko arbola bakarra Iparralde Urrunean. Elurraren diz-diz zuriaren erdian, haren pinu-adar berde distira gabeek hegoa, epela, bizitza dakarte gogora. Udan xumea eta sotila da: inguruan dena loratzen da presaka, iparraldeko uda laburrean loreak ematea lortzeko ahaleginean. Bata bestearen atzetik datoz udaberriko, udako, udazkeneko loreak loraldi bortitz zoroan. Baina udazkena bertan da, eta dagoeneko hasia da pinu-hosto hori apurra erortzen laritzak biluzik utziz, belar lastokara kizkurtzen eta lehortzen, basoa soiltzen; eta, orduan, belar horizta hitsaren eta goroldio grisaren artean, urrutira ikusten da nola pizten diren basoan barrena stlanikaren zuzi berde eskergak.

      Stlanika beti iruditu izan zait errusiar arboletan poetikoena, askoz hobea sahats negartia, alboa, altzifrea baino. Eta stlanik-egurrak gehiago berotzen du.

 

STLANIKA
Varlam Xalamov

Stlanik
euskaratzailea: Aroa Uharte
armiarma.eus, 2022