INDARRAREN ERABILERA
William Carlos Williams

The Use of Force
Blast, 1933
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020

 

      Berriak nituen paziente haiek, izena baino ez nekien, Olson. Zatoz ahalik eta azkarren, mesedez, gure alaba oso gaixo dago.

      Amak hartu ninduen iritsi nintzelarik, emakume handi bat izutu itxuran eta garbia, barkamena eskatu eta motzean esan zidana: Zu zara medikua?, eta sarrarazi. Behin barruan, erantsi zuen: Barkatu behar diguzu, mediku jauna, sukaldean daukagu, beroen dagoen tokian. Batzuetan hau oso hezea da.  

      Goitik behera jantzita zegoen neska, aitaren magalean eserita, sukaldeko mahaitik hurbil. Aitak jaikitzekoa egin zuen baina keinua egin nion ezetz, berokia erantzi eta begira hasi nintzen. Denak oso urduri zeudela igarri nuen, errezeloz begiratzen zidatela, goi eta behe. Halakoetan gertatu ohi denez, derrigorrezkoa baino ez zidaten esaten, niri zegokidan azalpenak ematea; ez alferrik 3.000 dolar ordainduko zizkidaten.

      Umeak ia hozka egiten zidan begi hotz haiekin, begirada finkoaz, aurpegian bestelako keinurik ez. Ez zen mugitu eta, barrenean, lasai zirudien; izakitxo harrigarriro erakargarri bat, eta itxura batean txahal bat bezain sano. Baina aurpegia piztuta zeukan, arnasa estututa, kalentura handia zeukala ohartu nintzen. Adats horail eder eta oparoa zeukan. Argazkitarako neska horietako bat, iragarkietan eta egunkarietako asteburuko gehigarrietan fotograbatuetan sarritan ateratzen direnetakoa.

      Hiru egun daramatza sukarrarekin, ekin zion aitak, eta ez dakigu zerena den. Emazteak gauzak eman dizkio, badakizu, jendeak egiten duena, baina alferrik izan da. Eta eri asko dabil inguruotan. Beraz pentsatu dugu hobe izango dela zuk ikustea eta zer duen esatea.

      Medikuek ohi duten eran, galderak jaurtitzen hasi nintzen: Eztarriko minik izan du?

      Batera erantzun zidaten guraso biek: Ez… Ezetz dio berak, eztarriko minik ez daukala.

      Eztarriko minik ez daukazu, ez?, galdetu zion amak. Baina umearen espresioa ez zen mudatu eta ez zituen begiak nire gainetik kendu.

      Begiratu al diozu?

      Saiatu naiz, esan zuen amak, baina ez dut lortu ezer ikusterik.

      Umea hilabetean joan izan den eskolan difteria kasu asko izan direnez, guztioi, itxura batean behintzat, hori bururatu zaigu, nahiz eta inork ez duen oraindik aitatu.

      Ondo da, esan nuen, ezer baino lehen eztarria begiratuko diodala uste dut. Modurik profesionalean irribarre egin eta izenagatik galdetu eta gero, esan nuen: Ea, Mathilda, ireki ahoa eta utzi eztarria ikusten.

      Deus ez.

      Ea ba, ekin nion pazientziaz, ahoa zabal irekitzea baino ez duzu egin behar, eta bistadizo bat egiten uzi. Ikusi, esan nion esku biak erakutsiz, ez daukat ezer eskutan. Ireki ahoa eta utzi ikusten.

      Gizon jatorra da, sartu zen ama. Ikusi zein atsegin ari den zurekin. Egizu berak diotsuna, ez dizu minik egingo.

      Hortzek karraska egin zidaten, deseroso, une horretan.  Mina hitza erabili ez balute, akaso zerbait lor nezakeen. Baina ez nion nire buruari larritzen edo deseroso sentitzen utzi, eta beraz hizketa lasaiz eta astiro umearengana hurbildu nintzen berriro.

      Aulkia hurreratzen ari nintzelarik, neskaren bi eskuek bat-bateko katu mugimendu batekin nire begietarantz egin zuten, eta ia harrapatu. Betaurrekoak airean bota zizkidan, sukaldeko lurrera erori ziren, metro pare batera, puskatu gabe ustez.

      Barkamen esketan urtu ziren gurasoak, lotsatuta. Oso neska gaiztoa zara, esan zuen amak, besotik helduz eta astindu batzuk emanez. Ikusi zer egin duzun. Halako gizon atsegina…

      Jainkoarren, eten nion. Ez esan gizon atsegina naizenik. Eztarria begiratzera etorri naiz, difteria ote daukan, eta horrekin hil daitekeen. Baina hori berari ez zaio axola. Entzun, esan nion umeari, eztarria begiratuko dizugu. Nahikoa nagusi zara esaten ari natzaizuna ulertzeko. Ahoa oraintxe irekiko duzu edo irekiarazi egin beharko dizugu?

      Zirkinik ere ez. Espresioa ere ez zuen mudatu. Arnasa, alabaina, azkartu egin zitzaion. Borroka hasi zen orduan. Egin beharra neukan. Haren hobebeharrez, eztarriko kultibo bat egin beharra neukan. Baina aurretik gurasoei azaldu nien haien gain zegoela guztia. Arriskua azaldu nien, baina ez nintzela eztarria ikusten tematuko eurek erantzukizuna hartu ezean.

      Medikuak dioena egiten ez baduzu ospitalera joan beharko duzu, errieta egin zion gogor amak.

      A bai? Nire kautarako egin behar izan nuen irribarre. Azken batean, maitemindua nintzen jada mukizu harekin, eta gurasoak mespretxagarriak egiten zitzaizkidan. Segitu zion borrokan gaiztoagoak bihurtu ziren, abailduak, unatuak, eta bizkitartean neskak nik eragiten nion beldurretik jaiotako furia ero baten goiko langak jotzen zituen.

      Aita eginahalak eta bi egin zituen, eta gizon handia zen, baina nola alaba zuen, lotsatzen zen haren portaeragatik eta min egiteko beldur ere bazen, justu neure helburua betetzeko zorian nintzela, pare bat aldiz, askatu egin zuen. Akabatuko nuen. Baina era berean beldur zen difteria izango ote zuen, eta segitzeko esaten zidan, segitzeko nahiz eta berak zalantza egin, ama bien bitartean hurbildu eta urruntzen zela, eskuak igo eta jaitsiz izu agonia batean.

      Jartzazu magalean, aurrera begira, agindu nion, eta oratu eskumutur bietatik.

      Baina egin zuelarik, neskak garrasi egin zuen. Mina egiten didazu. Askatu eskuak. Askatzeko esaten dizut. Eta gero orroka hasi zen, izu betean. Geldi! Geldi! Hil egingo nauzu!

      Ez dut uste umeak jasango duenik, mediku jauna, esan zuen amak.

      Alde egizu, esan zion senarrak emazteari. Difteriaz hiltzea nahi duzu?

      Ea berriro, eutsiozu, esan nion.

      Orduan umearen eskua esku ezkerraz heldu eta zurezko mihi-depresorea hortzartean sartzen saiatu nintzen. Kontra egin zidan, hortzak estutuz, desesperatuki. Baina orain ni nengoen amorratuta —umeagatik. Neure buruari eusten ahalegindu nintzen, baina ezin izan nuen. Banekien aho bat nola ireki eztarri bat aztertzeko. Eta ahal nuen guztia egin nuen. Zurezko espatula azken haginaren parean sartzea lortu eta aho-barreneraino iristear nintzela, neskak ahoa unetxo batez ireki zuen baina nik ezer ikusi ahal izan baino lehen berriro itxi eta espatula txikitu eta zotz egin zuen haginekin, nik atera nezan baino lehen.

      Ez al dizu lotsarik ematen?, oihu egin zion amak. Ez zaitu lotsarazten medikuaren aurrean hola portatzeak.

      Emadazu kirtena laua daukan koilaratxo bat, esan nion amari. Buka dezagun hau.

      Odoletan zen neskaren ahoa. Ebakia zeukan mihian eta garrasi histerikoak egiten zituen. Agian etsi behar nuen eta handik ordubete ingurura itzuli. Hobea zatekeen, seguru. Baina bi haur ikusiak nituen ohean hiltzen arreta faltaren kausaz, eta diagnostikoa bai edo bai egin behar nueneko ustean, atzera ekin nion. Okerrena zen ni neu ere zentzuna galdua nintzela. Umea zirtzildu nezakeen eta gainera horretan gozatu. Plazera zen hari eraso egitea. Aurpegia kixkaltzen neukan.

      Mukizu madarikatua bere ergelkeriatik babestu beharra dago, esan ohi dio nork bere buruari halakoetan. Harengandik babestu beharra dute beste batzuek. Beharrizan soziala da. Eta hori dena egia da. Baina gihar-lasaitze baten desioan hazitako amorru itsu batek, heldu-lotsazko sentipen batek, horiek bultzatzen dute Bat amaierara arte.

      Eraso irrazional eta definitibo batean neskaren lepo eta matrailezurrak menpean hartzea lortu nuen. Zilarrezko koilara astuna hortzetatik aurrera bortxatu eta eztarrira iritsi nintzen hark okadak izan arte. Eta han zen: amigdala biak mintzez estalita. Neska ausarki borrokatua zen bere sekretua nigandik gordetzeko. Eztarri eritu hura ezkutatzen ibili zen hiru egunez gutxienez, gurasoei gezurra esanez honelako amaiera bat saihestearren.

      Orain hura zegoen benetan amorratuta. Lehen defentsiban jarduna zen, baina eraso egin zuen orain. Aitagandik askatzen ahalegindu zen niganantz jauzi egiteko, porrotaren malkoek begiak betetzen zizkiotela.

 

INDARRAREN ERABILERA
William Carlos Williams

The Use of Force
Blast, 1933
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020