NONDIK DATOR AHOTS HORI?
Eudora Welty

Where Is the Voice Coming From?
The New Yorker, 1963ko uztaila
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2021

 

      Itzaltzea badaukazu —esan diot emazteari—. Ez daukazu beltz baten aurpegiari begira geratu behar nahi ez baduzu, ezta esaten duena zertan entzun ere. Herri librea da hau oraindik ere.

      Esango nuke orduan bururatu zaidala ideia.

      Berdintasuna eskatzen ari den Thermopylaeko beltz hori non bizi den zehazki jakin nezake, esan dut neure kautan. Ez litzaidake batere kostatuko.

      Eta ez dut esan nire etxetik oso hurbil egon daitekeelako. Bestalde, batek eduki dezake arrazoirik hara ilunpetan nola iritsi jakiteko. Gehien desiratzen dutenean mundu guztia joaten den toki hori da. Ez al da hala?

      Branch Bankeko afixa argiztatuak gau osoan ematen du ordua eta tenperatura. Laurak laurden gutxi zirelarik eta hogeita hamahiru gradutara geundela pasatu nintzen handik koinatuaren kamioitxoan. Goizaldeko ordu horietan ez da errepartoan ibiltzen.

      Four Cornersetik abiatu eta Nathan B. Forrest Roadetik hartzen duzu mendebalderantz, soberakinen eta birziklatutako produktuen biltegia pasatu, Kum Back jatetxe eta karabanen kanpinetik pixka bat aurrerago, baina “Beita bizia”, “Erabilitako piezak”, “Su artifizialak”, “Melokotoiak” eta “Peebles arreba, igarlea eta aholkularia” jartzen duen errotuluak ikusten diren tokia baino pixka bat lehentxeago. Hiriaren mugara iritsi baino lehenago bira eman eta trenbiderantz egiten duzu atzera. Hura bizi den kalea asfaltatua dago.

      Argia piztuta zegoen, nire esperoan. Garajekoa, okurritzea ere! Haren autoa ez zegoen. Ezin dutela egin esan dugun hori egitera irtena zen. Hura etxeratzean jipoi bat ematea pentsatu nuen. Arbola bat aukeratu eta atzean ezkutatzea, hori baino ez nuen egin behar.

      Zain egon beharko nuela jakina zen, baina halakoa zen beroa, dena amaitu aurretik bietako inor ez urtzeko otoitz egiten nuela.

      Oraingoan, baina, traturik ez nuen egina.

      Nik ere entzuna nuen, denek bezala, Mississippin Goat Dykemanekin zer gertatu zen. Baiki, guztiek dakite Goat Dykemanekin zer gertatu zen. Gobernadorearen etxeraino iritsi zen bere eskea, unibertsitatera joan eta handik tiroka aterako zuela beltz hura, Meredith. Hori baldin eta espetxetik irteten uzten bazioten. Ross zaharra zalantzan  ibiliko zen ezetz esan aurretik, ziur.

      Baina ni ez nauzu Goat Dykeman, ez nago espetxean eta ezin diot Barnett gobernadoreari ezer eman diezadan eskatu. Salbu eta txaplatxo bat eman nahi badit bizkarrean gaur gauean hartu ditudan lanengatik. Baina, nahi ez badu ez dauka zertan egin. Nire burua asetze aldera egin dut egin dudana.

      Gurpil zarata aditu orduko jakin nuen nor zetorren. Bera zen, berak behar zuen. Beltz hura zen, auto zuri berri batean zetorrena sarrerako bidetik garajerako bidean, argiak piztuta, baina heldu aurretik gelditu zen, agian besteak ez esnatzearren. Bera zen. Argiak itzali eta zangoa atera zuenean jakin nuen, orduan ezagutu nuen haren soslai iluna argi kontra. Bera zela jakin nuen ni neu naizela dakidan moduan. Bizkarka ere ezagutu nuen, geldirik iraun zuenean, entzuten.

      Ez nuen lehenago ikusi eta ez dut berriro ikusi; haren aurpegi beltza argazkian baino ez neukan ikusia; aurrez aurre sekula ikusi gabea nintzen; ez nuen nahi eta ez nuen behar haren aurpegia ikustea; aurpegi hura ikusteko gogorik ez neukan eta espero dut atzera berriz sekula ez ikustea. Nik zalantzarik ez egitea zen kontua.

      Berak behar zuen. Geldirik zegoen argi kontra, bizkarka, nola predikari baten begiak  “Salbu zaude?” oihukatzen duenean, hala bizkarra niregana iltzatua. Bera zen.

      Nik erriflea jasoa nuen, destatua nuen. Eta harrapatua neukan, beranduegi baitzen bietako inork ezer saiatzeko.

      Bera baino gauza ilunago bat, hegazti baten hegoen modukoa, bizkarrean zabaldu zitzaion eta eraitsi egin zuen. Jaiki zen behin, atzapar izugarri batek oratuta bezala, eta argirantz oinez hasi zen, bizkarreko odolak tona bateko pisua egingo bailion. Ez zuen atetik aurrera egin. Zerraldo erori zen.

      Eroria zen. Lurrean zetzan eta adreilu tona batek ez ziokeen pisu handiagoa egingo bizkarrean. Hantxe, asfaltatutako bidexkan, bai jauna.

      Minutu bat lehenagora arte ez zen isildu sinsontearen kantua. Nire gaineko sasafras arbolan aritua zen kantari. Goiz jaikia zen, edo ez zen oheratu, ni bezala. Nirekin geratua zen, airea bere txioekin betez, eztanda entzun zen arte, nik tiro egin nuelarik. Hura bezalakoa nintzen ni. Munduaren gailurrean nengoen. Behingoagatik.

      Argiaren ertzera hurbildu nintzen, bera seko erori zeneko tokira. “Roland? –esan nuen–. Modu bakarra neukan zure aurretik paratzeko, eta zure aurretik paratu naiz, jainkoarren. Orain ni bizirik nago eta zu ez. Ez gara honezkero inoiz berdinak izango, eta badakizu zergatik? Bietako bat hilda dagoelako. Zer iruditzen zaizu, Roland? Tira, merezi zenuen, ez?”.

      Une batez geratu nintzen, ea inor hura jasotzera irteten zen. Emaztea irten zen. Ez dut uste lo egongo zenik. Iruditu zitzaidan denbora guztian esna egona zela. Lorategitik egin nuen ihes, itsaso berde bat zirudien soropiletik. Belar ona gustatzen zitzaion eme beltz hari! Lepoa egingo nuke nire emaztea haserretuko zela haren uraren faktura ordaindu beharko balu. Eta argindarrarena! Hantxe zegoen nire koinatuaren kamioitxoa, nire zain atea irekita.

“Bidaiaririk Ez”: hori ez zen niretzat.

      Gogoeta egin eta ez zait bururatzen gauzak hobekiago joan ahal zitezkeenik. Salbu eta zain egona  nintzen tartean aulki bat eduki izana. Baina etxera bueltan ohartu nintzen oso denbora gutxi behar dela gauzak norberak nahi duen moduan egin daitezen. Laurak eta hogeita hamalau ziren, eta hogeita hamabostera aldatu zen begira nengoela. Hozberoa berdin mantendu zen. Ziurta diezazuket gau osoan ez zela hogeita hamaseitik jaitsi.

      — Zer? —esan du emazteak—. Ez zaituzte moskitoek jan? Esaten jardun dute ea zergatik ez duen norbaitek errifle bat hatzen bazter-nahasle horiek Thermopylaetik ateratzeko. Morroi hori ez al da beti errepikatzen ari ideia ona litzatekeela, egunero egunkarian zutabea idazten duen morroi hori?

      — Afera hau nik ez jateko modua topatu behar duzu.

      — Thermopylaeren alde egin behar dela dio —jarraitu du berak—. Egunkaria ez al duk sekula orrikatzen?

      — Thermopylaek ez du nigatik deus egin —esan dut nik—. Ez diot ezer zor Thermopylaeri. Zugatik ere ez du deus egin. Arraioa, Thermopylaeren alde kennedytarren alde adina egingo nuke! Nire satisfazio hutsagatik egin dut.

      — Atzera telebistan ateratzekoa da —esan du emazteak—. Haren hileta ikusi ahalko duzu.

      — Ohera joatean ez duzu argi bakarra ere piztuta uzten. Nola aparkatuko nuen ongi Buddyren kamioneta etxera tzultzean?

      — Hara, beste txantxa bat egin dute zutaz —segidan erantsi du emazteak—. Ez dituzu albisteak entzun? Koloreko Pertsonen Garapenerako Elkarte Nazionalak norbait bidaliko du Thermopylaera. Zergatik ez zatzaizkio zain egon? Norbait hobea topa zenezakeen botatzeko. Entzun zer dioten.

      Bakarra baino ez naiz. Norbaiti esan behar diodala uste dut.

      — Arma non dago? —galdetu dit emazteak—. Zer egin duzu gure babeslearekin?

      — Sutan zen! —diot nik—. Sutan zen! Belarretan utzi dut hozten, hori da.

      — Bota egin duzu —dio berak—. Han.

— Nazkatuta nagoelako ukitzen den guztia kiskaltzen egoteaz! —esan diot—. Kamioiko giltzak, atearen maratila, oheko izara, dena. Denak labe baten atea dirudi. Oso gauza gutxik merezi dute hartuak izatea egunean hogeita hemezortzi gradu daudenean eta gauez ez alde handirik. Nahiago nuke ukitu izan bazenu errifle hori.

— Konfiantza ematen dizut, eta han ahazten duzu —esan du emazteak.  

      — Hain ezgauza al naiz? —galdera eginarazi dit emazteak—. Bila joan nadin nahi duzu?

      — Zu izango zara harrapatuko dutena. Hainbestekoa da beroa, esnatzen zarenean gau osoa negarrez egin duzula ematen duela —dio emazteak—. Animo, hona jaiki aurretiko beste txantxa bat: Badakizu Carolinek zer esan zuen? Esan zuen: “Aita, handi izateko desiratzen ari naiz, James Meredithekin ezkondu ahal izateko”. Lantokian aditu dut. Urdanga aberats batek beste bati, irri eginarazteko.

      — Galarazi dut behintzat Thermopylae iparraldeko gazte madarikatu bat hara joan eta nik baino lehen egin zezan —esan dut nik—. Bere kotxearekin joanda.

      Telebistan eta egunkarietan istorioaren erdia baino ez dakite. Badakite nor zen Roland Summers, baina ez dakite ni nor naizen. Mundu guztiak ezagutzen zuen haren aurpegia nik garbitu baino lehen, eta orain akabatu dudala hor dago berriro: foto berbera. Eta nirerik ez. Bizitzan alerik ere ez dut egin. Sekulan ez! Nire alde egunkariek egin zezaketen onena ni nor naizen asmatzeagatik 500 dolarreko saria ematea litzateke.  Nor naizen ez dakiten bitartean, Rolandi tiro egin zion pertsonak Rolandek berak baino askoz gehiago balio du une honetan.      

      Kanpoaldean nenbilelarik are bero handiagoa zegoen. Kale Nagusiko zorua hain zegoen beroa nire erriflearen kanoian oinez nindoala ziruditala. Mundu osoak igarri izan balu Kale Nagusiko beroa nire zapata-zoletan zehar, agian zerbaiterako balio izango zuen.

      Entzun nien lehendabizikoa izan zen Koloreko Pertsonen Garapenerako Elkarte Nazionalekoak izan zirela, eurek hil zutela Roland Summers, eta esaten zuten horren frogagarri zela tiroak aditu batek eginak zirela (halaxe zen, utzidazue esaten), eta zuriei arazoak eragiteko ordu eta minutu justuan egina izan zela.

      Ezin duzu irabazi.

      “Ez dute inoiz harrapatuko”, kakahuete erreak saldu nahi dituen agure batek bota dit.

      Bero handia dago.

      Edonora zoazela, herria kixkaltzen ari dela ematen du, sartzen zaren kalean sartzen zarela, zeren eta denetan daude arbola horiek, sandia hautsien moduko loreak zintzilik. Eta milaka polizia, zoazen tokira zoazela, haietako erdiak bizarra egiteko ere artean gazteegiak, izerdi patsetan denak. Nazkatzen ari naiz haiekin.

      Zurien alde ezer egiten ez zuten zientoka polizia ikusteaz nekatzen ari nintzen. Kale kantoian geratzen nintzen hasiera batean, begira, mutiko beltzak baino ez zituztela sartzen polizia-furgoian, eta mutilak ilaran joaten ziren autora kantari igoz. Sartu eta arazorik eragin gabe esertzen ziren, Estatu Batuetako ikurrintxo berriak eskuetan, eta poliziek egiten zuten bakarra zen haiek eskuetatik kentzea, berriro har zitzaten galaraztea, eta pasiera bat dohainik ematen zieten. Eta ikurrintxo gehiago lortzen zituzten umeek nahi zutenean.

      Hau guztientzat da: ez da ezer lortzen norbaiti ezer kenduz, ez bazaude ziur kendu diozula sekula betiko amen.

      Ez dit inolako penarik emango behingoagatik adreilu zatiak nola botatzen dizkiguten ikusteak. Eta botilak; nahi dutenean etor daitezke hegan. Zientoka, dena txikituz, Birminghamen bezala. Zain nago Chicagon eta Harlemen bezala labanak dantzatu ditzaten. Telebistari adi egon eta ikusiko duzu nola gertatuko den Thermopylaeko Decon Streeten. Zeren zain daude? Haiengan dagoela garbi baitago.

      Prest nauka hileta horrek.

      Bila nazakete, bai. Nahi ezta ere harrapa nazakete. (Ni baserrian hazitakoa naiz). Saia daitezke ni aulki elektrikora eroaten, non bero handiagoa dagoen atzo eta gaur egindakoa elkartuta baino.

      Baina erne ibil daitezela gomendatzen diet. Zergadunek erabakiak har ditzagun garaia ez al da heldu? Has gaitezen esaten gure irakasleei eta predikadoreei eta ustezko gure auzitegietako epaileei noraino irits daitezkeen.

      Orain artean, lehendakariak ere ezin du gonbidapenik gabe nire etxean sartu, nire aita bailitzan,  “Geldi” esatera. Oraindik ez!

      Etxetik ihes egin nuen behin eta konderriko astekarian iragarkia jarri zuten. Gure amak ordaindu zuen. Harena zen. Zioen: “Ez gabiltza zure bila zerbaitegatik, zu aurkitzeagatik bakarrik”. Orduko hartan etxera itzuli nintzen.

      Baina orain jendea hilda dago.

      Eta bero latza dago, eta artean ez da abuztua.

Edonola ere, nik erortzen ikusi nuen. Hori ni neu nintzen betirako.

      Eta beraz paretako iltzetik deseskegi dut nire gitarra. Gitarra bai baitaukat, aspaldidanik gordetzen dudana. Ez dut inoiz utzi, ez zait inoiz galdu edo ahantzi, ez dut bahian eman gero berreskuratzeko ez bada, ez dut oparitu, eta nire aulkian eseri naiz, ni baino ez etxean, eta jotzen hasi naiz eta kantuan: Erori zen. Eta kantatzen dut: erori zen, erori zen, erori zen. Kantatzen dut: erori zen, erori zen, erori zen.

 

NONDIK DATOR AHOTS HORI?
Eudora Welty

Where Is the Voice Coming From?
The New Yorker, 1963ko uztaila
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2021