SUPER FLUMINA BABILONIS
Stephen Vincent Benet

Hegats-1, 1989
euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
armiarma.eus, 2023

 

        Iparralderantza, mendebalderantza eta hegoalderantza ehiza ona dugu, baina sortalderantza joatea debekaturik dago. Debekaturik dago Leku Hiletara joatea, salbu eta metalaren bila, eta metal bila joateko sazerdotea izan behar da, eta sazerdotearen semea. Gero, gizona zein metala purifikatu egin behar dira. Hauek dira arauak eta legeak; egokiak dira. Debekaturik dago ibai handia zeharkatzea eta Jainkoen Lekua izan zen lekua ikustea; hori gogorki debekaturik dago. Leku horren izena ahoskatu ere ez dugu egiten, ezagutzen dugun arren. Han bizi dira izpiritu eta deabruak, han daude Sute Handiaren errautsak. Guzi hori debekaturik dago, debekaturik egon dira haroen hastapenetik.

        Gure aita sazerdotea da; ni sazerdote semea naiz. Ni egona naiz, aitarekin, Leku Hil hurbilenetan. Hasieran beldurrak nengoen. Aita metal bila etxera sartu zenean, atearen alboan geratu nintzen eta ene bihotza tipi eta ahul sentitu nuen. Gizon hil baten etxea zen, izpiritu etxea. Ez zuen gizonaren usainik, nahiz eta han xoko batean hezur zahar batzuk egon. Baina ez da egokia sazerdote semeak izua erakuts dezan. Erdilunetako hezur haiek so egin nituen eta ez nuen deus ere esan.

        Gero aita metalarekin irten zen, metal zati handi eta gogor batekin. Bi begiez begiratu ninduen, baina ni ez nintzen ihes joana. Metala eman zidan eskuetan atxiki nezan. Ukitu nuen eta ez nintzen hil. Orduan jakin zuen ni bere semea nintzela benetan eta behar orduan ni ere sazerdotea izanen nintzela. Hori agitu zenean ni oso gaztea nintzen. Alabaina, ene anaiek ez zuketen hori eginen, nahiz eta ehiztari onak diren. Horrezkero enetzat izan zen haragi zatirik hoberena eta xokorik epelena sutondoan. Gure aitak begiratu egiten ninduen, bozkarioz beterik ni sazerdotea izanen nintzelako. Baina harrokeriatan aritzen nintzelarik edo arrazoirik gabe negarrez hasten nintzelarik, anaiei baino zigor latzagoak ezartzen zizkidan. Bidezkoa da.

        Gerora neu ere sartu ahal nintzen etxe hiletara metala xerkatzera. Horrela ikasi nituen etxeon sekretuak, eta jada ez nuen beldurrik hezurrak ikustean. Hezurrak arinak eta zaharrak dira, batzuetan ukituaz batera hautsez desegiten dira. Baina bekatu handia da hezurrok ukitzea.

        Kantuak eta entsalmoak irakatsi zizkidaten, zaurietako odola batzen eta beste sekretu batzuk irakatsi zizkidaten. Sazerdoteak anitz sekretu ezagutu behar du. Hori esaten zuen gure aitak. Ehiztariek guk dena kantu eta entsalmoen bidez egiten dugula uste badute, hara, usteak uste. Liburu zaharrak irakurtzen eta eskritura zaharrak idazten irakatsi zidaten; zaila izan zen, luzaroan ihardun nintzen. jakituriak zoriontsu egin ninduen: suaren antzerakoa zen ene bihotzean. Maiteen nuena Egun Zaharren historia eta jainkoen historia entzutea zen. Neuk egiten nizkion erantzun ezin nituen galderak ene buruari, baina galderak egitea ona da. Gauez itzarrik geratu ohi nintzen, haizeari entzunez: iruditzen zitzaidan espazioa zeharkatzen zihoazen jainkoen ahotsa.

        Gu ez gara ezjakinak oihaneko herriak legez, gure andereek artilea ardazten Jute goruan, gure sazerdoteek tunika zuriak janzten dituzte. Guk ez ditugu zuhaitzetako kotxoak jaten, ez ditugu antigoaleko idazkerak ahantzi, ulergaitzak diren arren. Alabaina, ene jakituria eta ene jakituriaren urritasuna ene baitan erretzen ziren: gehiago ikasi nahi nuen. Finean gizondu nintzelarik, aitagana ailegatu nintzen eta esan nion:

        — Heldu da bidaian abiatzeko eguna. Emadazu baimena.

        Luzaroan so egin ninduen, bere bizarra laztantzen zuela, eta esan zuen:

        — Bai. Heldu da eguna.

        Gau hartan, sazerdoteen etxean, purifikazioa eskatu, eta eman zidaten. Gorputza oinazetan nuen, baina ene gogoa harri izoztu bat zen. Gure aitak berak interrogatu ninduen ametsei buruz.

        Surtako kea so egin eta ikusteko, agindu zidan. Ikusi eta ikusitakoa kontatu nuen. Ikusitakoa zen. Betidanik ikusia nuena zen: ibaia, eta ibaiaz bestaldean Leku Hil zabala eta han jainkoak oinez zebiltzala. Horretaz egin dut beti gogoeta. Bere begiak latzak ziren kontatu nionean; jada ez zen aita, baizik eta sazerdotea.

        — Amets gogorra da hori —esan zuen.

        — Enea da —erantzun nuen.

        Kea ikaratu egiten zen eta nik arina sentitzen nuen ene burua. Lekoreko ganbaran Izarraren kantua kantatzen zuten, eta nik ene buru barruko erle burrunba bezala entzuten nuen.

        Ea jainkoak zelan jantzirik zeuden galdetu zidan, zelan jantzirik zeuden esan nion. Guk badakigu, liburutik, zeintzuk diren beren arropak, baina nik ene aurrez aurre baleude bezala ikusten nituen. Bukatu nuenean, egurttoak hire aldiz utzi zituen zolara erortzen, erorketa so egiten zuela.

        — Amets gogorra da hori —esan zuen—. Suntsi ahal zaitu.

        — Ez dut beldurrik —erantzun nuen, eta bi begiez so egin nuen. Ene ahotsa ahula iruditu zitzaidan, baina keagatik izan zen.

        Bularra eta bekokia ukitu zidan. Arkua eta hire geziak eman zizkidan.

        — Eraman itzazu —esan zuen—. Debekaturik dago sortaldera joatea. Debekaturik dago ibaia zeharkatzea. Debekaturik dago Jainkoen Lekura joatea. Guzi hori debekaturik dago.

        — Guzi hori debekaturik dago —esan nuen, baina ene ahotsa mintzo zen, eta ez ene gogoa.

        Berak berriro begiratu ninduen.

        — Gure semea —esan zuen—. Behiala amets gazteak eduki nituen. Zeure ametsek suntsitzen ez bazaituzte, sazerdote handia izan zaitezke. Suntsitzen bazaituzte ere, ene semea izanen zara beti. Abia zaitez.

        Barau egin nuen, legea da. Gorputza oinazetan nuen, bihotza ez. Egunsentia arribatu orduko, gure etxaldea atzean utzia nuen. Otoitz egin nuen, garbitu nintzen, eta seinale bat igurikatu nuen. Arrano bat izan zen seinalea. Sortalderantza hegats egiten zuen.

        Batzuetan izpiritu zitalek igortzen dituzte zeinuak. Berriro ere igurikatu nuen harkaitz motzean, barau eginez, deus ere jan gate. Oso geldirik egon nintzen: zerua sentitzen nuen goian, eta lurra behean. Eguzkia murgiltzen hasi zen arte igurikatu nuen. Orduan hiru oreinek zeharkatu zuten harana sortalde alderantza. Ez ninduten usnatu, ez ninduten ikusi. Eurekin oreinkume zuri bat zihoan. Hau zeinu nabarmena zen.

        Sobera hurreratu gabe jarraitu nien, ea zer gertatuko zen. Sortalderantza joateko desirak bihotza kezkatzen zidan; hala ere banekien joan behar nuela. Baraura zela eta buruko mina nuen, ia ez nuen ikusi pantera oreinkumearen gainera jauzten. Baina, ontsa ohartu orduko, arkua eskuetan nuen. Oihu egin nuelarik, panterak burua altxatu zuen. Ez da erreza gezi batez pantera bat hiltzea, baina gezia begitik sartu eta burumuinera heldu zitzaion. Jauzten entseatu ahala hil zen: bira bat eman eta lurra hatzaparrez urratu zuen. Orduan jakin nuen sortaldera joan behar nuela, horixe zela ene helbidea. Gaua erori zenean, sua biztu eta haragia erre nuen.

        Sortalderanzko bidaiak zortzi eguzki irauten du eta Leku Hil ugari iragan behar dira. Oihaneko Herriek beldur diete, nik ez. Gau batez sua biztu nuen Leku Hil baten alboan, eta biharamun goizean laban on bat aurkitu nuen, herdoildu samarra, etxe hilaren barruan. Hori guti izan zen gero agituko zenaren aldean, baina ene bihotza handitu egin zen. Ehiza xerkatzen nuen bakoitzean, ene geziaren aurrean aurkitzen nuen, eta bi ipisutratu ikusi nituen Oihaneko Herriko ehiztariak eta eurak ez ziren ohartu. Eta orduan jakin nuen ene magia bortitza zela, eta ene bidaia garbia, legeaz kontrakoa izan arren.

        Zortzigarren eguzkiaren arratsaldean, ibai zabal baten bazterretara ailegatu nintzen. Egun eta erdi lehenago utzia nuen jainkoen bidea: jagoitik ez ditugu jainkoen bideak erabiltzen harri bloke handitan gainbehera erortzen direlako, eta lasaiago zeharkatzen da oihana. Urrundik ikusia nuen ura, zuhaitzen artetik, baina zuhaitzak oso zarraturik zeuden. Finean agerrune batera iritsi nintzen labar gainean. Eta han beherean zetzan ibai handia, eguzkitan etzaniko digante bat bezala. Luzea eta zabala da. Guk ezagutzen ditugun ibai guziak berak irentsi ditzake, bere egarria horregatik ase gabe. Izendatzen dute Ou-dis-sun, Sakratua, Luzea. Gure tribuko inork ez zuen ordura arte ikusia, ezta aitak ere, sazerdoteak. Miresgarria zen, eta berriro ere otoitz egin nuen.

        Gero begiak altxatu nituen hegoalderantza so egiteko. Han zegoen Jainkoen Lekua.

        Zelan adierazi zeren antza zuen: zuek ez dakizue. Han zegoen, argitasun gorriztaren azpian, handiegia etxe saldo bat izateko. Han zegoen, argi gorriz estalia, boteretsua eta hondamenean. Igarri nuen guti barru jainkoek ikusiko nindutela. Ene begiak eskuez estali eta oihanera itzuli nintzen.

        Dudarik gabe ausartzia soberazkoa zen hori, gainbizitzeko. Dudarik gabe aski zen gaua labarrean iragaitea. Oihaneko Herriko gizonak ere ez dira horra hurreratzen. Alabaina, gaua iragan ahala, konprenitu nuen ibaia zeharkatu behar nuela eta jainkoen lekuetan ibili behar nintzela, jainkoek irentsiko banindute ere. Ene magiak ez zuen gehiago indarrik, su bat ikusi nuen. Eguzkia jalgitzean, pentsatu nuen: "Ene bidaia garbia izan da. Orain etxera itzuliko naiz". Baina pentsatzen nuen unean bertan konprenitu nuen ezin nuela hori egin. Jainkoen lekura joaten banintz hil eginen nintzen dudarik gabe, baina joanen ez banintz gehiago sekula ere ez nintzen ene gogoarekin ados geratuko. Sazerdotea, sazerdote semea izanez gero, hobe da bizia galtzea, gogoa galtzea baino.

        Hala ere, ene begiek malkoak isurtzen zituzten almadia egin ahala. Oihaneko Gizonek erasoez gero, ia burrukarik gabe hilko ninduten, baina ez ziren hurbildu. Almadia eraiki nuenean, hilen otoitzak esan nituen, eta ene burua heriotzarako pintatu nuen. Ene bihotza apoa bezain hotza zegoen eta ene belaunak ura bezain lokak, baina ene burumuinean bizturiko suak ez zidan atsedenik ematen. Ontzia uretaratzean ene heriotzaren kantua abestu nuen. Eskubidea nuen, eta ederra zen kantua:

 

        Ni naiz Joan, Joanen semea. Gure herria

        Muinoetako Herria da.

        Han geratu dira gizasemeak.

        Ni Leku Hiletara noa, eta ez naute akabatzen.

        Nik Leku Hiletan biltzen dut metala,

        eta ez naiz suntsitua.

        Jainkoen bideak ibiltzen ditut, beldurrik gabe.

        Ei-ab! Pantera hil dut, oreinkumea hil dut!

        Ei-ab!Ibai zabalera iritsi naiz. Beste gizasemerik ez da lehenago iritsi.

        Debekaturik dago sortaldera joatea: ni sortaldera noa.

        Debekaturik dago ibaia zeharkatzea: ibaian nago.

        Ireki itzazue zuen bihotzak, oi izpirituok, eta entzun ezazue ene kantua.

        Orain jainkoen lekura noa, ez naiz itzuliko.

        Ene gorputza heriotzarako pintatu dut, ene haragia ahula da,

        Ene bihotza handia da jainkoen lekura noalarik.

 

        Baina Jainkoen Lekura iritsi nintzenean beldurrak hartu ninduen. Ibai handiaren korrontea oso bortitza zen eta ene almadia oratu zuen. Hori magia da, ibaia berez zabala eta barea delako. Goiz argitsuan, ene inguruan izpiritu zitalak sentitzen nituen; beren arnasa ene garondoan sentitzen nuen, korrontean behera eramana nintzelarik. Egundo ere ez naiz egon hain bakarrik; ene jakiturian pentsatu nuen, eta urtxintxa batek bildutako negu ezkur pilo bat iruditu zitzaidan jakituria. Ene jakituriak jada ez zuen indarrik, tipia eta biluzia sentitu nintzen oskoletik sortu berra den txoriñoa bezala, ibai handian bakar bakarrik, jainkoen mirabe.

        Baina gero ene begiak ireki ziren eta ikusi nuen. Ibaiaren bazter biak ikusi nituen, ohartu nintzen behiala jainkoen bideak bazter batetik bestera iragaten zirela, orain bideok aihen-belar hautsiak legez zatiturik eta eroririk zeuden arren. Handiak ziren, eta miresgarriak, eta hautsiak:" Sute Handiaren garaian hautsiak, zerutik sua erori zenean. Eta korronteak geroago eta hurreratzenago ninduen Jainkoen Lekura, eta hondamendi erraldoiak altxatzen ziren ene begien aurrean.

        Nik ez ditut ibaien ohiturak ezagutzen, ni Muinoetako Herrikoa naiz. Almadia ene pertikarekin gidatzen entseatu nintzen, baina almadiak birak ematen zituen. Uste ukan nuen ibaiak Jainkoen Lekua baino harantzago eraman nahi ninduela, elezaharretako Ur Garratzerantza. Orduan sutan jarri nintzen eta ene bihotza indartu zen. Errime esan nuen:

        — Sazerdotea naiz, sazerdote semea!

        Jainkoek entzun zidaten: jainkoek irakatsi zidaten pertika almadiaren bazter batetik erabiltzen. Korrontea aldatu egin zen. Jainkoen Lekura hurbildu nintzen.

        Oso hurbil nengoela almadiak behea jo zuen, eta irauli zen. Gure lakuetan ikasia nuen igeri egiten. Bazterreraino igerian joan nintzen. Metalezko mutur herdoildu bat sartzen zen ibaira, gainera igo eta han egon nintzen eserita, arnasestuka. Salbatua nuen arkua, eta bi gezi, eta Leku Hilean aurkitu nuen labana, baina deus ere ez gehiago. Ene almadia korronteko zirimoletan behera zihoan, Ur Garratzerantza. Nik behatzen nuen pentsatuaz eta enbor haien azpian ito izan banintz jada hilik eta salbu egonen nintzatekeela. Baina ene arkuaren soka lehortu eta egokitu ahala, Jainkoen Lekurantza abiatu nintzen.

        Ene oinek zapaltzen zuten lurra beste edozein lurren antzerakoa zen. Ez da egia elezahar batzuk diotena, leku horretan lurra eternalki erretzen dela. Hantxe egon naizelako dakit. Egia da han-hemenka, hondakinen artean, Sute Handiaren aztarnak eta lohiuneak ikusten zirela. Baina aztarna zaharrak ziren, lohiune zaharrak. Gure sazerdote batzuk esaten dutena ere ez da egia, behelainoz eta enkantamenduz estaliriko irla dela. Ez. Leku Hil bat da, ezagutzen dugunik eta handiena. Jainkoen bideek gurutzatzen dute nonahi, bideok gehienak arrakalaturik eta hautsirik dauden arren. Eta jainkoen done handien hondakinak zabaltzen dira nonahi.

        Zelan adierazi ikusi nuena? Emeki-emeki nenbilen, arku tentsatua eskuetan, larrua arriskurako gertu. Izpirituen oihuminak, deabruen uhuriak entzunen nituela uste nuen, baina ez nituen aditu. Lehorreratu nintzeneko lekua isila eta eguzkitsua zen; haizeak, eta euriak, eta haziak alde batetik bestera daramatzaten txoriek egina zuten obra: belarra harri hautsiaren arrailduretan hazten zen. Irla ederra da, ez da harritzekoa jainkoek bertan edifikatu izana. Ni jainkoa izan banintz, nik ere bertan edifikatuko nukeen.

        Zelan adierazi ikusi nuena? Done guziak ez dira gainbehera erori, baten tente dago, oihaneko zuhaitz handi bat legez, eta txoriek han gainean egiten dituzte beren habiak. Baina dorreak itsuak dira, jainkoak joanak direlako. Martin arrantzale bat ikusi nuen ibaian arrantzan. Mitxeleta zurien dantza bat ikusi nuen harri eta zutabe erori pilo baten gainean. Hurbildu nintzen eta ingurua begiratu nuen. Ikusi nuen harri landu bat, letra izkribatuekin, erdibiturik. Badakit letrak irakurtzen, baina haiek ezin nituen ulertu. Hauek ziren: UBTREAS. Gizon edo jainko baten irudi zatikatua ere aurkitu nuen. Harri zurian tailaturik zegoen, eta adatsa garondoan bildurik zuen, andereek bezala. Harri zati batean irakurri nuen bere izena: ASHING. Zuhurra iruditu zitzaidan ASHING aurrean otoitz egitea, jainko hori ezagutzen ez dudan arren.

        Zelan adierazi ikusi nuena? Metalean eta harrian ez zegoen giza usainik. Zuhaitzik ere ez zen asko harrizko basamortu hartan hazten. Alabaina uso ugari dago, dorreetan habia eginik: jainkoek maite zituzten, edo agian sakrifizioetan ofrendatzen zituzten. Basakatuak daude, begi berdekoak, jainkoen bideetan noragabetzen dira, eta ez diote gizonari beldurrik. Gauez demonioak legez kexatzen dira, baina ez dira demonioak. Zakur desleialak arriskutsuagoak dira, ehizara oraldetan irteten direlako, baina beranduago baino ez nituen kausitu. Harri landuak daude nonahi, hitz eta numero magikoz izkribatuak.

        Iparralderantza joan nintzen, ezkutatu gabe. Jainko batek edo deabru batek ikusiko banindu, orduan hilko nintzen, baina bitartean ez nuen beldurrik. Gizon jakintsua sutan zegoen ene baitan: hainbeste gauza entelegatzen ez nuena... Aldi baten buruan, goseak nengoen. Haragi keta ehizan egin nezakeen, baina ez nuen egin. Ezaguna da jainkoek ez zutela guk legez ehiza egiten: kaxa eta ontzi magikoetatik lortzen zuten janaria. Oraindik ere aurkitu ahal dira Leku Hiletan. Behin batez, artean haurra eta memeloa nintzela, ontzi horietako bat ireki nuen, janaria dastatu eta goxoa iruditu zitzaidan. Baina gure aitak jakin eta gogorki zigortu ninduen, janari hori sarritan heriotza delako. Orain, hala ere, debekatua baino harantzago etorria nintzen; dorrerik ederrenetara sartu nintzen jainkoen janariaren bila.

        Finean tenplo handi baten hondakinetan aurkitu nuen, ziudadearen barrualdean. Itzelezko tenplua izana zen, dudarik gabe ezen eta ohartu nintzen, koloreak jada abaildu samar zeuden arren, sabaia gau zohardia bezala izar eta guzi pintaturik zegoela.

        Tenplua lurperantza ere zabalik zegoen harpe eta tunel handitan behera. Agian han edukitzen zituzten beren esklaboak gatibaturik. Baina jaisten hasi nintzelarik arratoi txilioak entzun eta gelditu nintzen: arratoiak zikinak dira, eta beren txilioengatik, tribu ugari ziren. Baina hurbilean, hondakin batzuen bihotzean, oraindik ere irekitzen ahal zen ate baten bestaldean aurkitu nituen janariak. Ontzietako fruituak jan nituen. Zapore oso goxoa zuten. Edaria ere bazegoen beirazko botilatan: jainkoen edaria bortitza da, lainotu egin zidan burua. Jan eta edan ondoren, harriak legez lo egin nuen, arkua aldamenean.

        Esnatu nintzenerako eguzkia sartzen ari zen. Behera hegira, bere atzeko zangoetan eseritako zakur bat ikusi nuen. Mihia ahotik zintzilik, irribarrez zirudien. Zakur handia zen, ilaia gris arrekoa, otsoa bezain handia. Jauzi batez jaiki nintzen, oihu egin, baina bera ez zen mugitu: bertan geratu zen, eta irribarrez zirudien. Hori ez zitzaidan gustatu. Harri bat jaurtitzeko aurkitu nuelarik, berehala apartatu zen harriaren bidetik. Ez zidan beldurrik; ni haragia banintz bezala, so egiten ninduen. Gezi batez garbitu ahal nuen dudarik gabe, baina agian beste batzuk ere bazeuden. Gainera, gaua abailtzen ari zen.

        Ingurura begiratu nuen. Hurrean jainkoen bide handi eta hondatuetako bat iragaten zen. Iparralderantza. Iparralderantza dorreak ez ziren hain garaiak, eta etxe hiletako batzuk erorita zeuden arren, beste batzuk tente zeuden. Bide hartarantz abiatu nintzen, hondakin pilo handienen gainetik, zakurrak segitzen ninduela. Bidera arribatzean ohartu nintzen bere atzetik beste zakur batzuk zetozela. Lotan apur bat luzatu banintz lozorroan triskatuko zidaten eztarria. Hala ere, bere harrapakinaz ziur ematen zuten, ez ziren presatzen. Etxe hilera sartu nintzenean, sarrera begiratzen geratu ziren.

        Dudarik gabe ehiza zirraragarri bat gozatuko zutela pentsatu zuten. Baina zakurrak ezin du atea ireki eta nik banekien, liburuetatik, jainkoei ez zaiela laket zoruan bizitzea, baizik eta garaian.

        Ireki ahal nuen ate bat aurkitu berria nuen, zakurrek erasotzea deliberatu zutenean. Ai, harriturik geratu ziren atea muturren aurrean hertsi nienean! Metal gogorrekoa, ate ona zen. Nik beren marmara ergelak entzun ahal nituen, baina ez nintzen erantzutera geratu. Ilunpetan nengoen; eskailera bat aurkitu eta igo nintzen. Eskailera ugari zegoen, biraka eta biraka harik eta zorabiatu nintzen arte. Goian beste ate bat zegoen; krisketa aurkitu eta sartu nintzen. Ganbara tipi eta luzean nengoen. Alde batera brontzezko ate bat zegoen, ireki ezina, krisketik ez zuelako. Agian bazen hitz magiko bat atea irekitzeko, baina nik ez nuen hitza ezagutzen. Beste ate baterantz joan nintzen hormaren bestaldera. Sarraila hautsirik zegoen. Atea ireki eta sartu nintzen.

        Barruan aberastasun handiko lekua kausitu nuen. Han bizi izandako jainkoa jainko boteretsua izan bide zen. Lehen gela salaurre tipia zen. Une batzuetan gelditu egin nintzen lekuko izpirituei baketan nentorrela esateko, ez nentorrela lapur legez. Entzun zidatela iruditu zitzaidanean, aurrera segitu nuen. Hara, zer aberastasunak! Izana zen bezala zegoen dena, eta leihoak ere guti zeuden hautsirik. Ziudaderantz ematen zuten leiho handiak osorik zeuden, nahiz eta urte askotako hautsez eta zikinez estalirik. Zoruetan tapizak zeuden, beren koloreak ez zeuden amataturik, eta aulkiak leunak eta bigunak ziren. Hormetan koadroak ikusi nituen, oso arraro eta miresgarriak. Oroitzen dut bat, lore xorta bat ontzi batean, hori zen irudia: bertara hurbilduez gero ez ziren kolore zatiak besterik ikusten, baina urrundik begiratuez gero ematen zuen loreak bezperan ebakiak zirela. Zerbait harrigarri sentitu nuen bihotzean koadro hori so egitean eta mahai gainean buztin gogorrez modelaturiko txoriaren irudia ikustean, gure txorien guztiz antzerakoa baitzen. Nonahi zeuden liburuak eta izkribuak, nik ezagutzen ez nituen mintzairatan gehienak. Leku hau habitatu zuen jainkoa zuhurra eta jakintsua bide zen. Nik han egoteko eskubidea nuela sentitu nuen, nik ere jakituria bilatzen nuelako.

        Hala ere, arraroa zen. Garbitoki bat zegoen, baina ez zegoen urik. Agian jainkoek aldez garbitzen zuten. Janaria prestatzeko leku bat zegoen, baina ez zegoen egurrik, eta janaria egosteko ikusi nuen arren, ez nuen sua bizteko lekurik aurkitu. Kandelarik eta kriseilurik ere ez: kriseilu antzerako gauzak bazeuden, baina metxarik eta oliorik gabe. Gauzok guziak magikoak ziren. Hala ere, nik ukitu nituen eta ez nuen bizia galdu. Beren magia galdua zuten. Esate baterako, garbitokian bazegoen gauza bat "beroa" esaten zuena, eta ukitzean ez zen beroa; beste gauza batek "hotza' esaten zuen, eta ez zen hotza. Hori magia bortitzen bat izan bide zen, baina magia desagertua zen. Ez dut ondo konprenitzen. Eurek bazituzten sekretuak. Ainitza ezagutu!

        Jainkoen etxe hura itogarria, lehorra eta hautseztatua zen. Magia desagertua zela esan dut, baina ez da egia: gauza magikoetatik desagertua zen, ez leku hartatik. Inguratzen ninduten izpirituak sentitu nituen, astunak ziren ene baitan. Sekula ere ez nuen lo egin Leku Hil batean, baina gau honetan bertan lo egin beharra nuen. Pentsatu eta mihia lehortu zitzaidan eztarrian, jakituria desirak nituen arren. Ia irten nintzen zakurrekin burrukatzera, baina ez nuen egin.

        Gela guziak ibiliak nituen guztiz ilundu zenean. Orduan ziudade aldera ematen duen sala handira itzuli eta sua biztu nuen. Sua bizteko lekua zegoen eta egurrez beteriko kaxoi bat, baina ez dut uste janaria han prestatzen zutenik. Alfonbra ene inguruan bildu eta suaren alboan lo geratu nintzen. Oso akiturik nengoen.

        Orain esanen dut zer den magia bortitza. Gauerdian esnatu nintzen. Sua itzalita zegoen; hotza sentitu nuen. Ene inguruan ahotsak eta murmurioak entzun uste nuen. Begiak hertsi nituen, ea uxatzen nituen. Inork pentsa lezake berriro ere lo geratu nintzela, baina ez dut uste. Izpirituek ene arima gorputzetik ateratzen zidatela sentitu nuen, arraina arrantza sokaren buruan ateratzen den bezala.

        Zergatik esan gezurrik? Sazerdotea naiz, sazerdote semea. Gugandik hurbileko Leku Hiletan izpirituak badaude, eta ba omen daude, zer dela eta ez dira egonen Jainkoen Leku handi hartan? Eta ote dute adierazteko gogorik, hainbeste urteren buruan? Ni arrastatua sentitu nintzen arrain harrapatua zurdan bezala. Ene gorputzetik irtena nintzen: ikusten ahal nuen ene gorputz loak hartua su amatatuaren alboan, baina gorputz hori ez nintzen ni. Ni jainkoen ziudadea behatzera arrastatua nintzen.

        Ikuskizun miresgarria zen dudarik gabe. Ene gorputzez ez nezakeen ikus, ene gorputza hura ikustearekin hilen litzatekeelako. Nonahi zebiltzan jainkoak, oinez zein karrozatan; zenbatu ezineko beste jainko, eta beren karrozek kaleak eragozten zituzten. Gaua egun bihurtua zuten beren atseginerako, ez zuten eguzkiarekin lo egiten. Beren joan etorrien zarata ur ugariren zarata zen. Magia zen egin ahal zutena, magia zen egiten zutena.

        Beste leiho batetik so egin nuen eta zubietako soka handiak osorik zeudela eta jainkoen bideak sortalderantza eta sartalderantza hedatzen zirela ikusi nuen. Nekaezinak, jainkoak nekaezinak ziren, ez ziren inoiz gelditzen. Ibaien azpian tunelak zulatzen zituzten, airean hegatsez zebiltzan. Tresna ezezagunez obra erraldoiak eraikitzen zituzten. Ez zegoen lurrean xokorik haiengandik libre. Zerbait nahi ukanez gero, bere keta zihoazen munduaren bestalderaino. Eta beti, lanean zein atsedenean, ospakizunetan zein larrua jotzean, ziudade digantearen taupadak beren belarrietan atabalak legez jotzen zuen, taupadarik taupada, gizonaren bihotzak bezala.

        Zoriontsuak ziren? Zer da zoriona jainkoentzat? Handiak ziren, boteretsuak ziren, eskuzabalak ziren, izugarriak ziren. Ikusi nituelarik, beren magia ikusi nuelarik, ni haur tipia sentitu nintzen. Iruditu zitzaidan, nahi balute, ilargia zerutik erauzi zezaketela. Jakituriarik jakituria, zientziarik zientzia aurreratzen ikusi nituen. Eta hala ere, egiten zuten guzia ez zegoen ondo eginik —neu ere ohartzen ahal nintzen— eta, hala ere, beren zientzia halabeharrez hazten zen dena bakean utzi arte.

        Gero ikusi nuen patua beren gainera erortzen zela, eta hori hitzez adierazi ahal dena baino izugarriagoa izan zen. Beren ziudadeko kaleetan barrena zebiltzalarik patua erori zen beren gainera. Ni egona naiz Oihaneko Herrien burruketan eta ikusiak ditut gizonak hiltzen. Baina hau desberdina zen. Jainkoak jainkoekin burrukatzen direnean, guk ezagutzen ez ditugun armak erabiltzen dituzte. Zerutik erortzen zen su moduko bat zen, eta dena pozoitzen zuen behelaino moduko bat. Suntsiduraren eta Sute handiaren haroa izan zen. Xinaurrien antzera zebiltzan arineketan beren ziudadearen kaleetan... Jainko gaixoak, jainko gaixoak! Gero dorreak erortzen hasi ziren. Guti batzuk egin zuten ihes. Bai, guti batzuk. Hala diote elezaharrek. Baina ziudadea Leku Hil bihurtu eta gero ere pozoiak luzaroan iraun zuen lurrean. Nik ikusi nuen agitzen, nik ikusi nituen azken jainkoak hiltzen. Ziudade suntsitua ilunpetan geratu zen, eta ni negarrez hasi nintzen.

        Guzi hori ikusi nuen. Kontatzen dudan legez ikusi nuen, nahiz eta ez ene gorputzez. Esnatu nintzelarik, goizean, goseak nengoen, baina gogora heldu zitzaidana ez zen gosea, bihotza nahasirik eta harriturik nuelako. Orain banekien zergatik ziren Leku Hilak, baina ez nekien zergatik gertatu zen guzi hura. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan hura agitzea, jainkoek zuten magia guziarekin. Erantzun baten bila ibili nintzen etxean. Hainbeste gauza zegoen bertan nik konprenitu ezin nuena, ni sazerdote naizen eta gure aita sazerdotea izan zen arren. Ibai handi baten bazterrean, gauez, eta bidea ikusteko argirik gabe egotea bezalakoa zen.

        Orduan ikusi nuen jainko hila. Bere aulkian eserita zegoen, leihoaren alboan, lehenago sartu ez nintzen gela batean, eta lehen unean bizirik zegoela uste ukan nuen. Gero bere eskuaren larrua ikusi nuen: larru lehortua ematen zuen. Gela zarraturik, lehor eta bero zegoen. Horregatik kontserbatu zen horrela dudarik gabe. Hasieran hurbiltzeko beldurra eduki nuen, gero izuak utzi ninduen. Eserita zegoen, begirada ziudadean iltzaturik. Jainko arropak zituen jantzirik. Ez zen ez gaztea ez zaharra, nik ez nukeen bere adina kalkulatzen jakinen. Baina bere aurpegian bazegoen jakituria, eta bazegoen tristura handi bat. Argi zegoen bera ez zela ihes egiten entseatu. Leiho parean eseria zen, bere ziudadearen heriotza so egiteko; gero bera ere hila zen. Baina hobe da bizitza galtzea, ezen ez gogoa, eta ziurra zen, bere aurpegiaren arabera, bere gogoa ez zela galdua. Konprenitu nuen nik ukituez gero bera dena hautsez birrindurik eroriko zela, eta hala ere bere aurpegian bazen halako zeozer konkistatu gabea.

        Hau da ene historiaren amaiera, orduantxe jakin bainuen hura gizasemea zela: ohartu nintzen ziudadeko biztanleak ez zirela izan ez jainkoak ez deabruak, baizik eta gizonak. Handia da gero jakiteko, zaila kontatzeko eta sinesteko. Giza jendea ziren: bide iluna ibilia zuten, baina giza jendea ziren. Harrezkero ez nuen beldurrik izan: ez nuen beldurrik eduki gure sorterrira itzultzean, zakur desleialekin bi aldiz burrukatu nintzen amen eta behin Oihaneko Gizonek bi egunez oldartu ninduten arren. Gure aita berriro ikusi nuelarik, otoitz egin nuen, eta purifikatua izan nintzen. Berak ezpainak eta bularra ukitu zizkidan, eta esan zuen:

        — Abiatu zinenean haurra zinen. Orain gizondurik eta sazerdotea eginik itzuli zara.

        — Aita —erantzun nuen—, gizonak ziren! Jainkoen Lekuan egon naiz, ikusi dut! Orain hil nazazu, legea hala bada, baina hala ere gizonak ziren.

        Berak bi begiez so egin ninduen.

        — Legea ez da beti bera —esan zuen—. Zuk egin duzuna egin duzu. Ene egunetan nik ez nukeen eginen, baina zu ene ondoren ailegatu zara. Mintza zaitez!

        Ene historia kontatu nuen, eta berak entzun zuen. Gero gure jendeari kontatu nahi nion, baina berak ezetz esan zidan. Honela esan zidan:

        — Egia, ehizatzeko zaila den orein bat da. Bat-batean egia sobera janez gero, egiaz aseturik hil zaitezke. Gure aiten aitek arrazoiren bategatik debekatu zituzten Leku Hilak.

        Arrazoia zuen: hobe da egia apurka-apurka iristen bazaigu. Nik ikasi dut, sazerdotea naizelako. Antigoaleko denboretan agian gizonek egia presatuegi irentsi zuten.

        Alabaina, hastapenean gaude. Jadanik ez goaz Leku Hiletara metal bila soilik, Liburuak eta izkribuak ere xerkatzen ditugu. Ikasteko zailak dira. Eta tresna magikoak hautsirik daude. Baina behatzen ditugu eta miresten ditugu. Hasi gaitezke. Eta ni Sazerdote Nagusia izanen naizenean, ibai handia zeharkatuko dugu. Jainkoen Lekura —NEWYORK lekura— joanen gara eta ez gara gizon bakar bat izanen, ugari izanen gara. Jainkoen irudiak bilatuko ditugu eta ASHING jainkoa eta beste jainkoak —LINCOLN eta BILTMORE eta MOISES— aurkituko ditugu. Baina gizonak izan ziren ziudadearen eraikitzaileak, ez jainkoak ez deabruak. Gizonak izan ziren. Gizon hilaren aurpegia oroitzen dut. Gizonak izan ziren hemen gu baino lehenago izan zirenak. Guk berriro eraiki beharra dugu.

 

SUPER FLUMINA BABILONIS
Stephen Vincent Benet

Hegats-1, 1989
euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
armiarma.eus, 2023