DADA MANIFESTUA
Tristan Tzara

1918, abendua
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

     Manifestu bat azaltzeko, A.B.C. nahi izan behar da. Tximista jo 1.2.3.aren kontra, sumindu eta hegalak zorroztu a.b.c. txipiak konkistatu eta berreskuratzeko, sinatu, zin egin, garrasi, prosa katonatu, ukaezin, ebidentzia osoko molde batean, norberaren non plus ultra frogatu eta berritasuna bizitzaren antzekoa dela defendatu, oilandaño baten agerpenak jainkoaren muina frogatzen duen gisan. Jainkorik bazela frogatu izan dute eskusoinuak, aurkintzak eta hizketa eztiak. Norberaren A.B.C.a inposatzea gauza naturala da, alegia, deitoragarria. Mundu guztiak egiten du beirabluffmadona, moneta sistema, botika ekoizpen, udaberri sutsu eta elkorrera gomitatzen duen izter biluziaren formaren bitartez. Berritasunaren grina gurutze sinpatikoa da, kausarik gabeko futitze naif bat ageri du, iragankorra, positiboa. Baina premia hau ere zahartu egin da. Artea dokumentatuz ezin gehiagoko sinpletasunean: berritasuna, gizatiarrak eta egiazkoak gara libertitzearren, odolbero harrotua asperdura gurutziltzatzeko. Hain alertan dauden argien bulebarrean, erne urteen zelatan, basoan.

     Manifestu bat idazten ari naiz eta ez dut ezer nahi, gauzaren batzuk esaten ditut alabaina, eta printzipioz manifestuen aurka nago, printzipioen aurka nagoen bezalaxe (dezilitroak edozein esaldiren balio moralagatik —soberazko erosotasuna; gutigorabeherakoa inpresionistek asmatu zuten). Elkarren aurkako ekintzak batera gauza litezkeela frogatzeko ari naiz idazten, arnasaldi bakar freskoan; ekintzaren aurka nago; etenbako kontradikzioaren alde baieztapenaren alde; ez naiz ez alde ez aurka eta ez dut azalpenik emanen aiher dudalako zuhurtzia.

     DADA —horra ideiak ehizara daramatzan hitza; burgesak oro dira dramaturgo txipi bana, bestelako ihardespenak asmatzen ditu pertsonaiak beren adimen mailaren arabera kokatu ordez krisalidak aulkian, iturburuak edo helburuak bilatzen ditu (praktikatzen duen metodo psikoanalitikoa jarraituz) intriga sendotzeko, hitz eginez definitzen den istorioa. Ikusleak oro dira intrigatzaile bana hitza argitzen saiatzen baldin badira: (ezagurtzea). Bere senak manipulatzen ditu serpentinazko bihurren aterpe larruztatuan. Honetarik sortzen dira ezkon-bizimoduaren malurrak.

     Adierazi: sabel gorrien libertimendua burezur hutsen eiherekin.

 

Dadak ez du deusen esangurarik

 

     Inork alferrikakoa baderitzo, inork ez badu astia galdu nahi deusen esangurarik ez daukan hitz batengatik... Buru hauetan irakiten duen aurreneko pentsamendua maila bakteriologikoan da..., gutienez sorburu etimologikoa, historikoa edo psikologikoa aurkitzea. Kazetei esker dakigu Kru beltzek DADA esaten diotela behi sakratuaren buztanari. Tangartak eta amak, Italiako eskualde jakin batean, DADA izen errumaniarra hartzen dute. Jakinduria handiko kazetariek haurrentzako artea ikusten dute honetan guztian, beste saindutzarrek jesushaurreimintzo, primitibismo idor eta burrunbatsu baterako itzulia, burrunbatsu eta monotonoa. Sentikortasuna ez da hitz baten gainean eraikitzen ahal. Sistema guztiek perfekzio enoagarrirantz egiten dute bat, aintzira urreztatu baten ideia lizundua, giza ekoizpen erlatiboa. Artelanak ezin du izan edertasuna berez, edertasuna hila baita; ezin du izan alegera; ez alegera ez ituna, ez argia ez iluna, ez ditu norbanakoak ez libertitu ez tratutxartu aureola santuen pastixeak edo atmosferetan barrena eginiko uztai formako lasterketa baten izerdiak eskainiz. Artelana ez da inoiz ederra dekretuz, objektiboki eta guztiontzat.

     Horregatik da alferrikakoa kritika, subjektiboki baino ez da, orokortasunaren ezaugarririk ñimiñoena gabe. Ba ote dago gizateria osoari amankomuna zion oinarri psikikoa idoro duelako ustean denik? Jesus eta Bibliaren testuek beren hegal zabal eta onberekin estaltzen dituzte kaka, piztiak, egunak. Nola ezar liteke ordena gizakia den ezin konta eta ezin zehaztu ahalako aldaeren kaosean? Hipokrisia da "maita ezazu hurkoa" printzipioa. "Ezagut ezazu zure burua" onargarriagoko utopia da, gaiztotasuna ere hartzen duelako. Batere urrikalmendurik ez. Sarraskiaren ondoren gizateria purifikatu baten esperantza daukagu oraino. Nik neure buruaz jarduten dut beti, ez dudalako inor konbentzitu nahi. Ez daukat eskubiderik inor neure ibaira herrestan ekartzeko, eta ez dut inor behartzen gibeletik datorkidan, eta nork bere gisara egiten du bere artea, baldin zure atsegina ezagutzen badu izar geruzetara gezi gisa igatean edo gorpuetarik eta espasmo naroetarik liliak sortzen diren meazuloetara jaisten duenaren gozamena. Estalaktitak: bila itzazue nonahi, oinazeak handituriko ganbeletan begiak aingeruen urtxintxak bezain zuri.

     Horrela jaio zen DADA, burujabetasun premia batetik, komunitatearekiko mesfidantzatik. Gurekin daudenak beren askatasunaren jabe dira. Ez dugu ezein teoria onartzen. Aski dugu akademia kubistez eta futuristez: ideia formalen laborategiak. Dirua metatzeko eta burges adeitsuak laztantzeko ote dugu artea egiten? Errimek txanponen asonantzia adosten dute eta soslaitik ikusitako sabelaren marran behera lerratzen da inflexioa. Artista multzo guztiek jo dute banku honetara kometa desberdinetan zamalkatuz. Kuxin apatzen artean ihalozkatzeko eta mahai on batean jartzeko aukerei zabaldutako atea da.

     Hemen lehor garratzean jaurtitzen dugu aingura.

     Hemen eskubidea daukagu horixe aldarrikatzeko, hotzikarak eta itzarraldia ezagutu ditugulako. Energiaz hordi gatozela, haragi ezaxolatuan landatzen dugu hiruhortzekoa. Madarikazioz gainezka gaude begetazio bertiginosoen ugaritasun tropikalean: goma eta euria da gure izerdia, odolustu eta erre egiten dugu egarria, gure odola sendagarri da.

     Kubismoa objektu bati behatzeko modu hutsetik sortu zen: Cezannek bere begietarik hogei zentimetro beherago margotzen zuen katilu bat, kubistek goitik behatzen diote alde batean zuhurki ezartzen duten sekzio perpendikular itxura konplikatuz. (Ez ditut haatik baztertzen sortzaile handiak ez arrazoi handiak eta behin betikoa bihurtzen duten materia). Futuristak higiduran ikusten du katilu bera, objektu errenkada bata bestearen ondotik, eta zenbait indar-lerro eransten dizkio maltzur. Horrek ez du eragozten oihala kapital intelektuala ezartzeko margolan ona edo txarra izatea.

     Bere baliabideak berak osagarri dituen mundua sortzen du margolari berriak, obra uzkur eta zehatza, argudiorik gabea. Artista berriak protesta egiten du: gaurgero ez du margotzen (antzeraketa sinbolikoa eta ilusionista), organismo lokomotrizak sortzen ditu zuzenean harriz, zurez, burdinaz, estainuz, unean uneko sentsazioen haize likidoak era guztietan jartzen dituela itzulika.

     Artelan oro, margo edo plastiko, alferrikakoa da, baita espiritu morroituak ikaratzen dituen munstroa bada ere, eta ez, gizateriaren alegia honen irudi, giza jantzietan jarritako abereen ganbelak apaintzeko eztiartea.

     Koadroa paralerroak direla frogatu den lerro geometriko bik bat egiteko artea da, oihal batean elkarraraztea, geure begi bistan, bestelako baldintza eta posibilitateen mundu batera garamatzan errealitatean. Mundu hau ez dago zehaztua eta definitua obran, ikuslearena da bere ezin konta ahalako aldaeretan. Sortzailearentzat, obrak ez dauka ez sorbururik ez teoriarik. Ordena = desordena; ni = ez-ni; baietza = ezetza; horiexek dira arte absolutuaren distira goiengoak. Absolutua kaos kosmiko eta ordenatuaren gardentasunean, betierekoa iraupenik, arnasarik, argirik eta kontrolik gabeko une globularrean.

     Bere berritasunagatik maite dut antzinako obra bat. Kontrasteak besterik ez gaitu lotzen iraganera. Morala irakasten duten eta oinarri psikologikoa kordokarazi edo hobetzen duten idazleek, mozkinaren desio ezkutuaz gain, ezagutza barregarri bat daukate beraiek sailkatu, azpimailakatu eta bideratu duten bizitzaz. Dantzan ikusi nahi dituzte kategoriak konpasa markatzen hasten diren orduko. Irakurleek algara egin eta aurrera jotzen dute: zergatik?

     Bada masa gosetuari iristen ez zaion literatura bat. Autorearen zinezko premia batetik, eta bere buruaren funtzioan bakarrik jaio diren sortzaileen lanak. Oihanak ihartu egiten diren berekoikeriarik gorenaren kontzientzian. Zapart egin behar du orrialde bakoitzak, arrazoi serio sakon eta astunez izan, zirimola, zorabio, berria, betierekoaz izan, adarjotze erabatekoaz, printzipioen suharraz, edo inprimatua dagoen tankeraz. Horra hor ihes egiten duen mundu bat, gama infernaleko zintzarriei uztartua, horra hor bestalde: gizaki berriak. Gordinak, jauzikariak, zotinen gainean zamalka. Horra hor mundu mutilatu bat eta hobetzearren arranguratzen diren medikuño literarioak.

     Nik diodana: ez dago hasmenta bat eta ez gaude dardaraka, ez gara sentimentalak. Guk urratu egiten dugu, haizete haserretu baten antzera, hodeien eta otoitzen arropa, eta hondamenaren ikusgarri handia antolatzen ari gara, sutea, ustelkintza. Oinazearen deuseztea ari gara prestatzen eta kontinente batetik besterainoko tutuz ordezkatzen malkoak. Alegeratasun sakoneko bandera eta pozoiaren tristuraren alargun. DADA abstrakzioaren ikurra da; publizitatea eta aferak ere osagarri poetikoak ditugu.

     Garuneko eta antolaketa sozialeko tiraderak birrintzen ditut nik: hau eta hura desmoralizatu eta zeruaren eskua infernura jaurti, infernuaren begiak zerura, norbanako zirkuaren gurpil joria berrezarri.

     Filosofia da gakoa: zein aldetarik hasi behar dugun behatzen bizitza, jainkoa, ideia edo beste zernahi. Faltsua da ikusten dugun guztia. Ez dut uste emaitza negatiboa garrantzitsuagoa denik postretzat gozokia ala gereziak hautatu beharra baino. Norberaren iritzia zuzenean inposatzearren esaten zaio dialektika gauza baten beste aldea azkar behatzeko moduari, hots, tratuan jardutea patata frijituen espirituaz, metodoaren dantza egiten dugula inguruan.

     Nik deiadar egiten badut:

          Ideala, ideala, ideala,

          Ezagutza, ezagutza, ezagutza

          Bunbun, bunbun, bunbun

aski zehatz erregistratzen ditut aitzinamendua, legea, morala eta hainbeste liburutan hainbeste pertsona adimentsuk aipatu dituzten gainerako ezaugarri ederrak, aitor ematera iristeko, azkenik, guztiek, bere gisan, nor bere bunbunaren konpasean dantzatu dutela eta, delako bunbunaren ikuspuntutik, arrazoi osoa dutela: jakinmin morboso baten ase beharra, argituezineko premietarako tirrinta pribatua; bainua; diru arazoak; bizitzan ondorioak dauzkan urdaila; abere amoniakoz egin irazkiz gantzuturiko uztai mutuen orkestra mamu baten multzoan formulatu den makilatxo magikoaren larderia. Aho bateko laudamenaren lau txakurtxikiren truke ehortzi dute barnetasuna aingeru baten inpertinente urdinekin.

     Denok baldin badugu arrazoia, eta pilula denak Pink pilulak baldin badira, saia gaitezen behingoagatik arrazoia ez izatera. Oro har, idazten dena pentsamenduaz argitu uste dugu arrazionalki. Baina hagitz erlatiboa da. Psikoanalisia eritasun kaltegarria da, gizakiaren jaidura antierrealak lokartzen ditu eta sistema bihurtzen du burgesia. Ez dugu azken Egiarik. Dialektika makina atsegina da, bestela edukiko genituzkeen usteetara eramaten gaitu aski molde tribialean. Ba ote da inor, logikaren errefinamendu xehearekin, bere iritzien egia frogatu duela uste duenik? Zentzumenek estuturiko logika eritasun organikoa da. Filosofoek maite dute honakoa eranstea elementu honi: obserbatzeko ahalmena. Baina hain zuzen espirituaren kalitate zoragarri hau bere ahalezaren froga da. Obserbatzen dugu, behatu egiten dugu zenbait ikuspuntutarik, dauden milioietarik hautatuz. Esperientzia adurraren eta ahalmen indibidualen emaitza ere bada. Zientzia higuingarria zait espekulazio sistema bihurtzen denetik, bere utilitate —hain inutila— eskas edo aski indibiduala galtzen duenetik. Aiher dut objektibotasun zabarra eta harmonia, oro ordenan kausitzen duen zientzia hori. Jarrai, haurrok, gizateriari, burges adeitsu eta kazetari birjinei... Sistemen aurka nago, sistemarik onargarriena printzipioz bat ere ez edukitzea da. Osatzea, norberaren txipitasunean perfekzionatzea bere niaren ontziari gainez eragin arte, pentsamenduaren alde eta aurka borrokatzearen kuraia, ogiaren misterioa, infernuzko helize bat probokatzea tupustez lislore ekonomikotan:

 

Espontaneotasun dadazalea

 

     Futitzekeria deritzot nork bere baldintzak gordetzen dituen bizimoduaren egoerari, jakinik hala ere gainerako indibidualitateak errespetatzen ez bada defendatzen, nazioaren himnoaren aitzineko two-stepa, saski-naskitegia, T.S.F. haririk gabeko telefonoa Bachen fugak, iragarki argidunak eta burdeletarako afixak transmititzen, organoa Jainkoarentzako krabelinak hedatzen, hau guztia batera, eta egiazki, aldebateko argazkia eta katixima ordezkatuz.

     Sotiltasun aktiboa

     Argitasun graduak bereizteko ezintasuna: iluntasuna urratu eta eztiz eta gorotzez beteriko aho handian flotatzea. Betierekotasun mailan neurturik, alferrak dira egitateak oro (pentsamenduari uzten badiogu emaitza ezin groteskoagoa izanen litzatekeen mentura batean abiatzen, datu garrantzitsua giza ezintasunaren ezagutzeko). Baina bizitza fartsa txar bat baldin bada, helbururik eta hasmentako erditzerik gabea, eta uste dugunez txukun jalgi behar dugula, aferatik zurituriko urrelili, hauxe aldarrikatu dugu ulertzapen oinarri bakarra: artea. Ez dauka, guk, espirituaren mertzenariook, menderik mende kantatzen diogun garrantzia. Arteak ez du inor atsekabetzen, eta hartaz interesatzen dakitenek laztanak jasoko dituzte eta aukera polita herria beren solasarekin populatzeko. Artea kontu pribatua da, artistak beretzat du egiten, obra ulergarri bat kazetariaren asmazioa da, eta une honetan gogoak eman didalako munstro hau olio margoz nahasteko: metala antzekotzen duen paperezko hodia, estuturik automatikoki isurtzen duena aiherra, zikina, doilorkeria. Artista, poeta, poztu egiten da industria honen sailburu batean kondentsatua dagoen masaren pozoiaz, eta zorionekoa da iraintzen dutelarik: bere ezinaldatuzkotasunaren froga. Kazetek laudaturiko autoreak, artistak, bere obraren ulerterraza ikusten du: baliagarritasun publikoa daukan kapa baten forradura miserablea; bortizkeria estaltzen duten pildak, sen zabarrak txitatuak dauzkan abere baten berotasunean kolaboratzen duen gernua. Mikrobio tipografikoen laguntzaz ugaltzen den haragi mengel eta melenga.

     Bazterrera jaurti dugu geure makurtasun negartia. Gisa honetako filtrazioak oro dira beheitiko konfitura. Arte hau sustatzeak liseritzea esan nahi du. Obra sendo, zuzen, zehatzak behar ditugu eta sekulako ulertezinak. Logika zailtasuna da. Logika faltsua da beti. Nozioen hariak erabiltzen ditu, hitzak, beren axaleko moldean, lilurazko mutur, zentroen helburuetarantz. Bere kateek, miriapodo erraldoia independentziaren itotzeko, hil egiten dute.

     Logikarekin uztarturik, artea intzestuan biziko litzateke, bere buztana irentsiz, bere gorputza beti, bere larrua joz, eta protestantismoz mundrunatu eldarnioa, monumentu bat, heste meta erko eta astuna bihurtuko litzaioke izaera.

     Baina zalutasuna, kartsutasuna eta baita injustiziaren poza ere, inozentzian praktikatzen dugun harrotasun txipi hau eta eder bihurtzen gaituena: lirainak gara eta gure hatzak malguak dira eta landare xarmatzaile eta kasik likido honen adarren gisan dira lerratzen; gure arimaren premia da, dioskute zinikoek. Ikuspuntu bat da noski; baina lili guztiak ez dira santuak, beharrik, eta gutan jainkozkotik dagoena gizaurka ekitearen atzartasuna da. Erran nahi baita, bizitza mozorrotuaren dantza, graziaren sukaldea, lehengusina zalu edo gizenak frekuentatzen dituzten jaunen begiterako lili paperezkoa. Trafikatu egiten dute guk hautatu dugunarekin. Poloen kontradikzioa eta batasuna, jaurti bakarrean, egia izan litezke. Horrelako banalitatea esan nahi baldin badugu noski, moral libidotsu, kirastu baten muturra. Adimenez osaturiko gaitz guztiek bezala atrofiatzen du moralak. Moralaren eta logikaren menderatzeak ekarri digu polizia agenteenganako sorgortasuna —esklabotasunaren iturburua, —burgesek sabela betea duten arratoi ustelak, eta artistentzat zabalik irauten zuten beira garden eta garbiko barnebide bakanak kutsatu dituztenak.

     Orok begi orro: lan suntsitzaile, lan negatibo handi bat daukagu egiteko. Haizatu, ikuzi. Norbanakoaren garbitasuna zoroaldiaren ondotik ageri da, zoroaldi oldarkor, guztizkoa, elkar suntsitzen eta mendeak hondatzen dituzten bandiduen eskuetan utzitako modu batean. Helbururik eta norabiderik gabe, antolamendurik gabe: zoroaldi menderaezina, apurtura. Hitzez edo indarrez jalgiko dira bizirik azkarrak, zaluak baitira defentsan, atalen eta sentimenduen bizkortasuna garretan da beren saihets zizelkatuen gainetik.

     Moralak karitatea eta urrikalmena bideratu ditu, elefanteek, planetek bezala bulka egin duten gantzezko bola bi, eta on ospea dutenak. Baina ez dute zerikusirik ontasunarekin. Ontasuna zuhurra, argia eta ausarta da, errukigabea konpromisoarekin eta politikarekin. Moraltasuna txokolatezko infusatua da gizakien zainetan. Hau ez zuen naturaz goitiko indarren batek inposatu, baizik ideia-merkatarien trustek, dena bereganatu beharreko unibertsitarioek. Sentimentaltasuna: borrokatu eta aspertu egiten zen gizaki multzoa ikusirik, egutegia eta jakinduriaren botika asmatu zuten. Etiketak itsasten sortu zen filosofoen bataila (merkantilismoa, balantza, neurri xehe eta zekenak), eta bigarrenez ulertu genuen urrikalmena sentimendua dela, behetikoa bezala osasuna hondatzen duen higuinaren arabera, eguzkia galbidean jartzeko hilikien lan okaztagarria.

     Aldarri egiten dut ahalmen kosmiko guztien ukoa eta borroka amorratua pentsamendu filosofikoaren lantegietarik sortu den eguzki ustelaren blenorragiaren aurka, ahal duen baliabide guztien jabe dela

 

Higuin dadazalea

 

     Familiaren ukoa bihurtzeko gai izan litekeen higuin molde oro Dada da; ekintza suntsitzaile bati emana den izaki ororen ukabilkako protesta: Dada; patxadazko konpromisoaren eta politeziaren sexu publikoak ukatzen dituen bitarteko guztien ezagutza: Dada; logika, sorkuntzarako ezinduen dantza horren abolizioa: Dada; gu jopuon artean dauden jopuek erabakitako balio mailaketaren ekuazio eta hierarkia ororena: Dada; objektu oro, objektuak oro, sentimenduak eta iluntasunak, agermenak eta marra paralerroen talka: Dada borrokaren baliagarriak dira; oroimenaren abolizioa: Dada; arkeologiaren abolizioa: Dada; profeten abolizioa: Dada; etorkizunaren abolizioa: Dada; bat-batekoaren berehalako emaitza den jainko ororenganako konfiantza zeharokoa eta eztabaidaezina: Dada; harmonia batetik beste esfera baterainoko jauzi dotore eta aurriritzirik gabea; disko oihu ozen baten antzera jaurti hitzaren norabidea; indibidualtasun ororenganako begiramena bere sentimendu bakoitzaren uneko zoroaldian: sentimendu zurrunak edo ikaratuak izan, herabeak edo sutsuak, sendoak, ausartak, gogotsuak; norberaren eliza osagarri astunez eta alferrekoz biluzi; adeitasunik gabeko edo amodiozko pentsamendua tu egin turrusta argitsu iduri, edo —ber gauza delako atsegin bizian— indar berdinean ferekatu laharrean, eltxorik gabea behar bezala sortutako odolarentzat, eta goiaingeruen gorpuek, bere arimak urreztatua. Askatasuna: DADA, DADA, DADA, oinaze laztuen ulua, aurkako ororen eta kontradikzio ororen, grotesko ororen, inkoherentzia ororen uztarketa: BIZITZA.

 

DADA MANIFESTUA
Tristan Tzara

1918, abendua
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013