KONTRAESANEN EREMU NEUTRALA DIRA AMETSAK
George Steiner

Zubizabal, 2001
armiarma.eus, 2020

 

Ametsa hizkuntza komuna da, planeta txiki eta hauskor honetako gizaki guztiok ahotan erabili eta ulertzen duguna, eta historia bera bezain zaharra da. Adanen hizkuntzaren leitmotifa hainbat eta hainbat bertsiotan aurkituko dugu, teologian, liturgian, mitoetan garatua. Sortu zenean, gizakiak jatorri jainkotiarreko hizkuntza erabiltzen zuen. Hizkuntza tautologikoa zen hori, hau da, hitzak bat zetozen izendatzen zutenarekin eta erratzeko edo anbiguoa izateko aukerarik gabe komunikatzen ziren. Hizkera eta errealitatea berdin-berdinak ziren. Beraz Jaunarekin zuzenean komunikatzeko aukera zegoen. Beraren diskurtsoa zuzenean ulertzeko. Hasiera-hasieran, aditza (logos) zen, gizakiarena eta Sortzailearena aldi berean. Hizkuntza bakar hori nahikoa izango bide zen gizateria osoarentzat, baldin eta Adam eta Ebaren seme-alabak Paradisuan bizi izan balira. jatorrizko bekatutik eta Edenetikako kanporatzerik izan ez balitz. Denbora batez, jatorrizko hizkuntza hori erabili izan zen, nahiz eta ordurako akatsak egiteko eta faltsua izateko aukera zegoen.

      Babelen bigarren erorketa jazo zen orduan, izan ere, hizkuntza adaniko eta bateratua desegin egin zen eta elkarrekin ulertezinak ziren hamaika hizkuntza sortu. Ez dago ia Babelen historiaren bertsioren bat jasotzen ez duen mitologia edo elezahar kultura ezagunik. Hondamendiaren arrazoiak era askotan kontatzen dira: jainkoen aurkako krimena, hutsegite fatidikoa, ezbehar misteriotsua. Ondorioei dagokienez, baina, erabateko akordioa dago: harrezkero, giza komunitateek eta pertsonek oztopo linguistikoak dituzte, elkarrekiko gortasuna edo ulertu ezina. Itzuli-egintza bakoitzari jatorrizko hondamendi horren ezaugarria dario.

      Kalteak konpontzeko ametsa, Babel aurretiko batasuna berrezartzeko ametsa, ez da sekula lausotu. Historiaren zenbait unetan, hizkuntza batzuek jatorrizko unibertsaltasuna erreklamatu dute. Hebreerak ez dio inoiz uko egin originala eta jatorrizkoa izateari. Greko klasikoak singulartasuna eta gailentasuna zuen helburu nagusi, «basatien lardaskatzearen» aldean. Erromako Inperioarekin eta Eliza Katolikoarekin, latinak eginahalak egin zituen unibertsal izateko zeukan eskubidea, gizateriaren aurrean zuen legegintza-auctoritaserako eskubidea erakusteko. Teologo kalbinistek argudiatzen zuten nederlandera aratza zela eta gizakiaren jatorri predestinatutik gertu zegoela. Frantsesek etengabe susmatu izan dute Jainkoak frantsesez hitz egiten duela. Karlos V.ak ere horixe bera pentsatu zuen gaztelaniari dagokionez.

      Alabaina, argi geratzen zihoan heinean hizkuntza natural batek ere ez zuela harmonia eta akordio unibertsala berriro ekarriko, interlingua artifizial bat; gizaki guztiek partekatuko zuten sistema linguistiko bat bilatzeko saioak hasi ziren. X VII. mendeaz geroztik, amets horrek adimen eta energia ugari akitu ditu. Besteak beste, Mommenius, Leibniz eta Spinoza ditugu horren adibide; izan ere, bete-betean uste zuten gizakien gorabeherak eta akatsak bertan behera geratuko zirela, baldin eta partekatutako hizkuntza batean komunikatuko baziren guztiak. Munduko hizkuntza lortzeko sortutako dozena bat eraikuntza sistematikoetako bat esperantoa da. Gaur egun, lehen aldiz, planeta osoan barreiatuta dago hizkuntza hori. Angloamerikarra da; ekonomian, merkataritzan, teknologian eta komunikabideetan duen nagusitasuna dela-eta, luze barik bost pertsonatatik hiruk hitz egingo dute lehen edo bigarren hizkuntza legez. Ordenagailu guztiek angloamerikarra dute oinarrian, eta horrek zeresan handia dauka hizkuntza guztiak oinarrizko angloamerikarrean kodetzeko orduan.

      Onurak argiak dira. Nazioarteko merkataritza, zientziaren eta teknologiaren baterako aurrerapena, informazioa biltegiratzea eta eskuratzea, aisialdia eta kirola oro har antolatzea eta bidaiatzea askozaz errazagoa da. Pilotu turkiar batek ez dauka inolako arazorik lurreratzeko, aire-kontrolatzaile japoniar batekin angloamerikarrez hitz egiten duenean. Indian,  onkologian adituek —laurehun bat hizkuntza dituzte— elkarrekin lan egin dezakete ingelesa erabiliz gero. Angloamerikarraren bitartez, eta komunikazio-sateliteei esker, gainditu egin daiteke fanatismo politiko eta ideologikoa eta erregimen atzerakoi eta despotikoen zentsura. Giza espirituaren banakako itxialdia gero eta zailagoa da ezartzen.

      Arriskuak, galerak ere argiak dira. Hizkuntza bat hiltzean, bizitzaren, errealitatearen, kontzientziaren gaineko erabateko ikuspegia hiltzen da —parekorik ez duen ikuspegia—. Planetako hizkuntzak beste hizkuntza bat akabatzen edo ezeztatzen duenean, giza sormenaren ehunduran, zain egon aditza sentitzeko era desberdinetan, galera konponezina gertatzen da. Ez dago hizkuntza txikirik. Kalahari basamortuko zenbait hizkuntzak Aristotelesek zituenak baino ñabardura gehiago dituzte “etorkizuna” kontzepturako, subjuntiborako.  Madarikazioa ez, baina Babel giza sormenaren, adimenaren oinarria bera izan da, izan ere, existentziaren ereduak azaltzen ditu. (Hori frogatzen saiatu naiz nire lan osoan). Landarediaren eta faunaren gaur egungo suntsipena baino are modu drastikoagoan —kalkuluen arabera, duela gutxira arte geratzen ziren hogei milatik bost mila inguru geratzen dira—, giza arrazaren barne- eta gizarte-baliabideak arrunt bihurtzeko, estandarizatzeko mehatxua dakar.

      Horiek horrela, uste dut arazorik premiazkoena Mendekosteko hizkuntzen dohaina babestea dela, hizkuntza guztien dêfense et illustration egitea (Errenazimenduko esamolde ezaguna erabiltzearren), salbuespenik gabe, hiztun gutxi izan arren, eta ekonomi eta lurralde eremu txikikoa izan arren. Hizkuntza bat ikastea, hizkuntza horretako klasikoak irakurtzea, bizirauten laguntzea, apal-apal bada ere norbera baino are gehiago izatea da.

      Eta, dena dela, kontraesana datza hor. Autonomia linguistikoa, hiztunek bere nortasuna babesteko, gero eta estandarizatuago dagoen ordena planetarioak behartutako ondarea bizirik izateko duten nahia gorroto eta indarkeria iturri ere bada. Bi mundu gerrateko sarraski eta basakeria suizidetatik mende erdi pasatxo igaro denean, geure Europan puri-purian  daude gatazka etnikoak. Horietan, hizkuntzek zeregin erabakigarri eta atabikoa dute. Garbitasun etnikoa gauzatu eta gauzatzen da sarri askotan. Interes arrazista eta totalitarioek debekatu egiten dute irakaskuntza, hizkuntza gutxituetan argitaratzea. Hizkuntza bati darizkion oroitzapen eta esperantzaren indarra errotik ateratzen saiatzen dira. Ez dut Oviedon hitz egingo sakonago Balkanei, Ipar Irlandari edo hemendik gertuagoko lekuetan izaten diren tragediei buruz.

      Nola konpondu kontraesan fatidiko horiek? Nola adostuko giza sormenaren eta historiaren dinamikaren (inplizituki dago hizkuntzan) nahitaezko bitartekoa eta elkarbizitza, tolerantzia etniko eta lankidetza beharrizana (hau ere nahitaezkoa). Hizkuntza soilik, baimendutako multilinguismoak soilik (haurtzaroan bultzatua lehen hezkuntzako eskoletan), eskainiko digu konponbidea aurkitzeko aukera. Paradoxa eta arazo zeharo nahaspilatu honek garrantzi handia dauka hemen eta orain; izan ere, hedapenari dagokionez, angloamerikarrak baino ez du gainditzen gaur egun espainola —horra hor Estatu Batu Hispanoen eredua— eta, hala ere, barne-gatazka mingotsak, tokian tokiko aldarrikapen independentistak eta apartheid linguistikoa jasaten ditu aldi berean.

      Ez dauka irtenbiderik. Ingeles amerikarrean oinarritutako komunikabideen kreolera globala etorkizun latza da. Latza da, era berean, erregionalismo sutsuen eta gorroto linguistikoen jarraipena. Ni baino jakintsuago dienek azter dezaten gai hau. Premiazkoa da.

      Gaur egungo egoeran, esan nahi dut arazo batzuk geure adimena baino handiagoak direla. Kezkagarria izan daiteke hori, baina baita esperantza-iturri ere.

 

KONTRAESANEN EREMU NEUTRALA DIRA AMETSAK
George Steiner

Zubizabal, 2001
armiarma.eus, 2020