LOTERIA
Shirley Jackson

The Lottery
The New Yorker, 1948/06/26
euskaratzailea: Izaskun Etxebeste Zubizarreta
armiarma.eus, 2020

 

      Ekainaren 27koa goiz argi eta eguzkitsua zen, uda beteko egunek ohi duten epeltasun freskoarekin; loreak oparo ari ziren zabaltzen eta belardiek berde aparta ageri zuten. Herriko jendea plazan biltzen hasi zen, postetxearen eta bankuaren artean, hamarrak aldera; zenbait herritan hainbeste jende bizi zen, ezen loteriak bi egun hartzen baitzituen eta ekainaren 26an hasi behar izaten baitzuten, baina herri honetan hirurehun pertsona inguru besterik bizi ez zirenez, loteria osoak bi ordu eskas hartzen zituen, eta, hortaz, goizeko hamarretan hasita ere, herritarrak garaiz irits zitezkeen etxera eguerdiko otordurako.

      Umeak inguratu ziren lehenbizi, jakina. Eskolak berriki amaituak ziren udako oporretarako, eta askatasun sentipenak urduritasuna eragiten zuen gehienengan; bazuten joera une batez elkarrengana lasai antzean bildu eta jarraian jolas iskanbilatsuan lehertzeko, eta haien hizketagaiak oraindik ere ziren eskola eta irakaslea, liburuak eta errietak. Bobby Martin-ek dagoeneko beteak zituen patrikak harriz, eta gainerako mutilek berehala egin zuten gauza bera, harri leunenak eta biribilenak aukeratuz; Bobbyk eta Harry Jones-ek eta Dickie Delacroix-ek —herritarrek «Delakroi» ahoskatzen zuten honen izena— azkenerako harri pila handi bat egin zuten plazaren kantoi batean, eta gainerako mutilen lapurretatik babestu zuten. Neskak bazter batean zeuden, elkarrekin solasean, sorbalden gainetik mutilei begira, eta ume txikienak hautsetan zilipurdika zebiltzan edo eskutik heltzen zieten senide zaharragoei.

      Laster hasi ziren gizonak ere biltzen, nork bere umeei begirada bat ematen ziela, ereite kontuez eta euriaz, traktoreez eta zergez berriketan. Denak batera geratu ziren, kantoiko harri pilatik urrun, eta txantxak egiten zituzten ahopean, eta, barre baino, irribarre egiten zuten. Emakumeak, etxeko soineko eta jertse koloregalduak jantzita, haien gizonak etorri eta gutxira azaldu ziren. Elkar agurtu zuten eta txutxu-mutxu banaka batzuk trukatu zituzten senarrekin biltzera zihoazela. Senarren ondora iritsitakoan, umeei deika hasi ziren berehala, eta hauek gogo txarrez hurbildu ziren, deia lau edo bost aldiz jaso ondoren. Bobby Martinek burua makurtu zuen amaren atzaparrek ez harrapatzeko, eta lasterka joan zen berriz ere, barrez, harri pilara. Aitak zorrotz egin zion oihu, eta Bobby bizkor itzuli zen, eta bere lekua hartu zuen aitaren eta anaia zaharrenaren artean.

      Loteria —eta baita plazako dantzak eta gaztetxoen kluba eta Halloweeneko programa ere— Summers jaunak gidatzen zuen, nahikoa asti eta kemen baitzuen herriko ekintzei eskaintzeko. Aurpegi biribileko gizon alaia zen, ikatz konpainia kudeatzen zuen, eta jendeak erruki zuen seme-alabarik ez zuelako eta emaztea petral hutsa zelako. Zurezko kutxa beltza berekin zeramala plazara iritsi zenean, murmurio bat zabaldu zen herritarren artean; eskuaz agurtu zituen eta esan zien «Gaur berandu samar nator, adiskideak».

      Postetxeko buru Graves jauna atzetik zetorkion, eskuetan hiru zangoko aulki bat zuela; aulkia plazaren erdian jarri zuen, eta Summers jaunak haren gainean utzi zuen kutxa beltza. Herritarrak zertxobait urrunago geratu ziren, aulkiaren eta haien artean tarte bat utziz, eta Summers jaunak esan zuenean «Botako al didazue esku bat, mesedez, lagunak?», zalantza une bat gertatu zen, harik eta bi gizonek, Martin jaunak eta haren seme zaharrena zen Baxterrek, beren burua eskaini zuten arte kutxari aulkian irmo eusteko hark barruko paperak nahasten zituen bitartean.

      Loteriarako erabiltzen zen jatorrizko trepeteria aspaldi galdua zen, eta, orain aulki gainean zetzan kutxa beltza erabiltzen hasi zirenean, Warner jaun zaharra bera ere, herriko gizonik zaharrena, oraindik jaio gabe zegoen. Summers jauna askotan mintzatzen zitzaien herrikideei kutxa berri bat egin beharraz, baina inork ez zuen baliogabetu nahi kutxa beltz hark irudikatzen zuen tradizio osoa. Bazen istorio bat kontatzen zuena oraingo kutxa hau aurreko kutxaren zati batzuekin osatu zutela, hura izanik bertan herri bat eraikitzeko asmoarekin lehen familiak kokatu ziren garaian egin zutena bera. Urtero, loteriaren ondoren, kutxa berri bat egin beharraz hizketan hasten zen Summers jauna, baina urtero uzten zen gaia itzaltzen ezertxo ere egin gabe. Urtez urte higatuagoa zegoen kutxa: dagoeneko ez zen erabat beltza, alde batean ezpal handi bat falta baitzuen jatorrizko zur kolorea agerian utziz, eta zenbait gunetan histua eta orbandua zegoen.

      Martin jaunak eta haren seme zaharrenak sendo eutsi zioten kutxari aulki gainean Summers jaunak paperak eskuaz erabat nahasi zituen arte. Erritualaren atal asko ahantziak edo bazter utziak izan zirenez, belaunaldiz belaunaldi erabili ziren zurezko fitxen ordez paperezko txartelak erabiltzea lortu zuen Summers jaunak. Haren argudioen arabera, zurezko fitxak oso egokiak izan ziren herria txikitxoa zenean, baina orain hirurehun biztanle baino gehiago zituenez, eta kopuru hau seguruenik hazten joango zenez, kutxa beltzean errazago kabituko zen gairen bat erabili beharra zegoen. Loteriaren bezperako arratsean, Summers eta Graves jaunek txartelak prestatu eta kutxa barruan sartzen zituzten, hau gero Summers jaunaren ikatz konpainiako kutxa gotorrera eramaten zuten, eta bertan gordetzen zen hurrengo goizean Summers jaunak plazara eraman arte. Gainerakoan, urte osoan gordean egoten zen kutxa, batzuetan leku batean, besteetan bestean; urtebete eman zuen Graves jaunaren mandioan eta beste bat postetxeko lurrean, oinpean, eta, beste zenbaitetan, Martin jaunaren janari-dendako apal batean ipini eta bertan uzten zen.

      Txikikeria mordo batez arduratu beharra zegoen Summers jaunak loteria irekia zegoela adierazi zezan baino lehen. Zerrendak apailatu beharra zegoen familiaburuen, familia bakoitzeko etxeetako buruen eta etxe bakoitzeko kideen izenekin. Era berean, Summers jaunak postetxeko buruaren aurrean zin egin behar zuen, loteriaren arduradun gisa zegokion eran. Zenbaitek gogoan zuenez, garai batean izana zen erretolika moduko bat loteriaren arduradunak errezitatzen zuena, harmoniarik gabeko salmo mekaniko bat, tarrapata batean esan behar zena urtero usadioak agindu bezala; batzuek zioten loteriaren arduraduna besterik gabe zutik egon ohi zela salmoa esan edo kantatzerakoan; beste batzuen ustez, ordea, jende artean ibiltzen omen zen, baina urteak ziren erritualaren zati hau galtzen utzi zela. Lehen ba omen zen, orobat, errituzko agur bat, kutxatik fitxa ateratzera inguratzen zen pertsona bakoitzari loteriaren arduradunak egin beharrekoa, baina hau ere aldatu zen denborarekin, eta, gaur egun, hurbiltzen zen pertsona bakoitzarekin arduradunak hizketalditxo bat egiteari aski irizten zitzaion. Summers jauna oso gizon aukerakoa zen kontu hauetarako; alkandora garbi zuria eta galtza bakeroak jantzita, esku bat kutxa beltzean axolagabe jarria, oso itxura egokia eta inportante airea ageri zituen Graves jaunarekin eta martindarrekin atertu gabe hizketan ari zela.

      Halako batean berriketari utzi, eta Summers jauna elkarretaratutako herritarrengana jiratu zen une berean, Hutchinson andrea azaldu zen presaka, plazara ematen zuen bidexkan barrena, jertsea sorbalden gainean, eta bere lekua hartu zuen jende multzoaren azken lerroetan.

      — Erabat ahaztua nuen gaur zer egun zen —esan zion ondoan zuen Delacroix andreari, eta biek barre egin zuten ahopetik—. Uste nuen nire gizona etxe-atzean zegoela egurra pilatzen —jarraitu zuen Hutchinson andreak— eta leihotik begiratu dut eta umeak alde eginda zeuden, eta orduan oroitu naiz hogeita zazpia zela eta laster batean etorri naiz.

      Eskuak mantalean xukatu zituen, eta Delacroix andreak erantzun zion:

      — Garaiz iritsi zara, hala ere. Hor goian oraindik berriketan besterik ez dira ari.

      Hutchinson andreak lepoa luzatu zuen jendetzaren gainetik ikusteko ahaleginean, eta senarra eta seme-alabak topatu zituen aurreko aldetik gertu. Besoan tapateko bat emanez agurtu zuen Delacoix andrea, eta jende artean aurrera egin zuen. Herritarrak gogo onez baztertu ziren pasatzen uzteko, eta bizpahiru lagunek, jendetzaren gainetik doi-doi entzuteko adinako ahotsean, esan zuten «Hemen dator zure atsoa, Hutchinson» eta «Bill, garaiz iritsi da azkenean».

      Iritsi zen Hutchinson andrea senarrarengana, eta Summers jaunak, hura ailegatu zain egon baitzen, alai agurtu zuen:

      — Uste nuen zu gabe hasi beharko genuela, Tessie.

      Hutchinson andreak irribarrez erantzun zion:

      — Ez zenuen nahiko ontziak jaso gabe harraskan uztea, ezta, Joe?— eta algara batzuk zabaldu ziren jendearen artean, Hutchinson andrea iritsi ondoren bakoitza bere lekura itzultzen zen bitartean.

      — Ea, beraz —esan zuen Summers jaunak serio jarrita—, uste dut hobe dugula hastea, lehenbailehen bukatzeko eta, hartara, lanera itzuli ahal izateko. Inor falta al da?

      — Dunbar —esan zuten zenbaitek—. Dunbar. Dunbar.

      Summers jaunak zerrendan begiratu zuen:

      — Clyde Dunbar —esan zuen—. Hala da, bai. Hanka hautsi du, ezta? Nork aterako du txartela bere ordez?

      — Nik, uste dut —esan zuen emakume batek, eta Summers jauna itzuli egin zen hari begiratzeko.

      — Emazteak ordezkatzen du senarra —azaldu zuen Summers jaunak—. Ez al duzu seme nagusirik zure ordez aritzeko, Janey?

      Bai Summers jaunak eta bai herriko beste edozeinek ere erantzuna ondo baino hobeto zekiten arren, loteriaren arduradunaren egitekoa zen horrelakoak formalki galdetzea. Summers jauna zain geratu zen, aurpegian interes adeitsua adieraziz, Dunbar andreak erantzun zuen arte.

      — Horacek hamasei urte besterik ez ditu oraindik —esan zuen atsekabez—. Aurten neuk bete beharko dut senarraren lekua.

      — Ados —onartu zuen Summers jaunak. Eskuetan zeraman zerrendan ohar bat idatzi zuen, eta jarraian galdetu zuen—: Aurten watsondarren mutilak aterako al du txartela?

      Mutil luze batek eskua jaso zuen jende artetik.

      — Hemen nago! —esan zuen—. Amaren eta neronen izenean aterako dut, bai.

      Begiak kliskatu zituen urduritasunez, eta burua makurtu zuen ahots batzuk entzun zirenean jende artetik honelakoak esanez «Mutil jatorra, Jack» edo «Pozten nau ikusteak zure amak baduela gizon bat horretaz arduratzeko».

      — Ongi da —esan zuen Summers jaunak—, uste dut horiek direla guztiak. Warner jaun zaharra etorri al da?

      — Hemen! —esan zuen ahots batek, eta Summers jaunak buru-keinu batez agurtu zuen.

 

 

Eztarria garbitu, eta Summers jauna zerrendari begira jarri zenean, bat-bateko isiltasuna erori zen jendearen gainera.

      — Denak prest? —esan zuen—. Tira, izenak irakurriko ditut —familiaburuenak, lehenbizi—, eta gizonezkoak hurbil zaitezte eta atera txartel bana kutxatik. Eduki ezazue txartela eskuan tolestuta, begiratu gabe, guztiak txandan pasatu arte. Garbi al dago dena?

      Hainbestetan egina zuten herritarrek zozketa hura, non argibideak erdizka baino ez baitzituzten entzun: guztiz gehienak lasai zeuden, ezpainak bustiz, ingurura begira ibili gabe. Orduan Summers jaunak esku bat gora jaso eta esan zuen:

      — Adams.

      Gizonezko bat jende artetik atera eta aurrera etorri zen.

      — Kaixo, Steve —agurtu zuen Summers jaunak.

      — Kaixo, Joe —erantzun zuen Adams jaunak.

      Irribarre serio eta urduri bat egin zioten elkarri. Jarraian, Adams jaunak kutxa beltzaren barnera luzatu zuen eskua, eta txartel tolestu bat atera zuen. Ertz batetik estu heldu zuen, jiratu zen eta presaka itzuli zen jende artean lehen zuen lekura, familiarengandik pixka bat aldendurik, begirada eskura jaitsi gabe.

      — Allen —jarraitu zuen Summers jaunak—, Anderson… Bentham.

      — Ematen du loteria baten eta bestearen artean ez dela ia denborarik pasatzen —esan zion Delacroix andreak Graves andreari, atzeko ilaretan—. Iruditzen zait joan den astean izan genuela azkena.

      — Denbora azkar pasatzen da, bai —esan zuen Graves andreak.

      — Clark… Delacroix.

      — Hor doa nire gizona —esan zuen Delacroix andreak. Arnasari eutsi zion senarra aurrera zihoan eran.

      — Dunbar —hots egin zuen Summers jaunak, eta Dunbar andrea urrats seguruan hurbildu zen kutxara, emakumeetako batek «Aurrera, Janey» eta beste batek «Hor doa» ziotela.

      — Gu gara hurrengoak —esan zuen Graves andreak, eta ikusi zuen nola gerturatzen zen senarra kutxa aldera, nola agurtzen zuen Summers jauna eta nola hautatzen zuen txartel bat kutxa barrutik. Ordurako, jende multzo hura josia zegoen eskutzarretan txartel txiki tolestuak zeuzkaten gizonez, behin eta berriz biraka zerabiltzatela urduritasunez. Dunbar andrea eta bi semeak elkarrekin zeuden, eta txartela andreak zuen eskuetan.

      — Hurbart... Hutchinson.

      — Aida, Bill! —bota zuen Hutchinson andreak, eta inguruko jendea barrez hasi zen.

      — Jones.

      — Diote —esan zion Adams jaunak hurbil zuen Warner jaun zaharrari— hor goiko herrian loteria bertan behera uztekotan direla.

      Warner jaun zaharrak purrustada bota zuen:

      — Hori kaiku zoro kuadrilla! —esan zuen—. Jende gazteari entzuten jarriz gero, haientzat ezer ez da nahikoa. Martxa honetan, atzera kobazuloetan bizitzera joan nahiko dute, inork inoiz gehiago lanik egin gabe, eta horrela bizitzera. Garai batean bazen esaera bat: «Loteria ekainean, artoa ausarki ondorenean». Konturatzerako, sapelar eltzekadak eta ezkurrak jaten izango gara. Beti egin izan da loteria —erantsi zuen, erretxinduta—. Bestela ere, nahikoa dugu Joe Summers gaztea hor goian mundu guztiarekin brometan ikustearekin.

      — Zenbait lekutan dagoeneko utzi diote loteria egiteari —esan zuen Adams jaunak.

      — Arazoak besterik ez ditu ekartzen horrek —jarraitu zuen Warner jaun zaharrak irmoki—. Gazte zoro kuadrilla!

      — Martin —eta Bobby Martinek bere aita ikusi zuen aurreratzen—. Overdyke... Percy.

      — Ea azkar egiten duten —esan zion Dunbar andreak seme zaharrenari—. Buka dezatela azkar.

      — Ia amaitu dute —erantzun zion semeak.

      — Presta zaitez aitari gaztigatzera lasterka joateko —esan zion Dunbar andreak.

      Summers jaunak bere izena esan zuen, eta segidan urrats doi bat egin zuen aurrera, eta txartel bat hautatu zuen kutxatik. «Warner», hots egin zuen jarraian.

      — Hirurogeita hamazazpigarren urtea dut loterian —esan zuen Warner jaun zaharrak jende artean zihoala—. Hirurogeita hamazazpigarrena.

      — Watson.

      Mutil luzeak urrats baldarrean egin zuen aurrera jende artean. «Ez urduritu, Jack» aholkatu zion baten batek, eta Summers jaunak «Har ezazu behar duzun astia, seme» esan zion.

      — Zanini.

 

 

Horren ondoren, etenaldi luze bat izan zen, arnasa hartzea ere eragozten zuen etenaldi bat, harik eta Summers jaunak, bere txartela eskuan airera jaso eta esan zuen arte:

      — Ongi da, lagunak.

      Une batez denak geldirik egon ziren, eta gero guztiek zabaldu zituzten txartelak. Bat-batean, emakume guztiak batera hasi ziren galdezka:

      — Nor da? Nork atera du? Dunbartarrek? Watsondarrek?

      Gero ahotsak honela esaten hasi ziren:

      — Hutchinson da. Bill da. Bill Hutchinsonek atera du.

      — Zoaz aitari esatera —agindu zion Dunbar andreak seme zaharrenari.

      Jendea inguruan begira hasi zen hutchinsondarren bila. Bill Hutchinson isilik zegoen, geldirik, eskuan zeukan txartelari begirik kendu gabe. Bat-batean, Tessie Hutchinson oihuka hasi zitzaion Summers jaunari:

      — Ez diozu denborarik eman berak nahi zuen txartela hartzeko. Nik ikusi zaitut. Ez da bidezkoa izan!

      — Kirol-legez har ezazu, Tessie —erantzun zion Delacroix andreak, eta Graves andreak: —Guztiok izan dugu aukera bera.

      — Zaude isilik, Tessie —esan zion Bill Hutchinsonek.

      — Ea, denok —esan zuen Summers jaunak—, nahiko laster egin dugu orain artekoa, eta apur bat lasterrago jarraitu beharko dugu garaiz amaitzeko.

      Hurrengo zerrenda kontsultatu zuen.

      — Bill —esan zuen—, zuk atera duzu Hutchinson familiari zegokiona. Ba al da beste etxerik hutchinsondarrenean?

      — Bai, Don eta Evarena! —erantzun zuen garrasika Hutchinson andreak—. Haiek ere parte hartu beharko lukete!

      — Alabek senarraren familiarekin batera jokatzen dute, Tessie —gogorarazi zion Summers jaunak eztiki—. Zuk ondo dakizu hori, gainerako guztiek bezala.

      — Ez da bidezkoa izan —errepikatu zuen Tessiek.

      — Tamalez, ez, Joe —esan zuen atsekabez Bill Hutchinsonek—. Gure alabak senarraren familiarekin hartzen du parte, arauek agindu bezala. Eta ez dut beste familiarik, umeak kenduta.

      — Beraz, familiaka parte hartzeari dagokionez, zuri tokatu zaizu —azaldu zuen Summers jaunak—, eta etxeka parte hartzeari dagokionez ere, zuri. Ados?

      — Hala da, bai —erantzun zuen Bill Hutchinsonek.

      — Zenbat ume dituzu, Bill? —galdetu zion Summers jaunak, formalitateak agindu bezala.

      — Hiru —erantzun zuen Bill Hutchinsonek—. Nire seme Bill, Nancy eta Dave txikia. Eta Tessie eta ni.

      — Ongi da, beraz —jarraitu zuen Summers jaunak—. Harry, jaso al dituzu haien txartelak?

      Graves jaunak buruaz baietz erantzun zion, eta airean erakutsi zituen txartelak.

      — Sartu denak kutxan, orduan —gidatu zuen Summers jaunak—. Hartu Billena, eta sartu hura ere.

      — Uste dut berriz hasi beharko genukeela —adierazi zuen Hutchinson andreak ahal izan zuen patxada handienaz—. Esaten dizuet ez dela bidezkoa izan. Ez diozue nahikoa asti eman aukeratzeko. Guztiok ikusi dugu.

      Graves jaunak dagoeneko bereiziak zituen bost txartelak, eta sartuak zituen kutxa barnean. Hauek ez beste guztiak lurrera erortzen utzi zituen, eta haize kirriak handik jaso eta airean ibili zituen.

      — Entzuidazue denok —ari zitzaion Hutchinson andrea inguruko jendeari.

      — Bill, prest? —galdegin zuen Summers jaunak, eta Bill Hutchinsonek, inguruan zituen emazteari eta umeei begirada bizkor bat bota ondoren, baietz erantzun zuen buruaz.

      — Gogoan izan —jarraitu zuen Summers jaunak—, hartu txartelak eta tolestuta eduki itzazue, bakoitzak berea atera arte. Harry, lagundu zuk Dave txikiari.

      Graves jaunak eskutik heldu zion, eta mutikoa gogo onez hurbildu zen kutxara.

      — Hartu txartel bat kutxatik, Davy —esan zion Summers jaunak.

       Davyk eskua kutxan sartu zuen, barrez.

      — Txartel bakarra hartu behar duzu —esan zuen Summers jaunak—. Harry, gorde gero zuk.

      Graves jaunak umearen eskua hartu zuen, eta honek ukabilean tinko eutsia zuen txartel tolestua kendu zion eta berak atxiki zuen eskuan, ondoan Dave txikia zutik begira zuela, harritu samarturik.

      — Nancy hurrena —esan zuen Summers jaunak.

      Nancyk hamabi urte zituen, eta, eskuez gona zuzen jarri, aurrera jo eta kutxatik txartel bat delikatuki atera zuenean, eskolako lagunei arnasa estutu zitzaien.

      — Bill gaztea —jarraitu zuen Sammers jaunak, eta Billyk, bere aurpegi gorritu eta oin handi haiekin, kutxa ia-ia hankaz gora bota zuen txartela ateratzerakoan.

      — Tessie —esan zuen hurrena Summers jaunak, eta Hutchinson andrea ezbaian egon zen une batez, ingurukoei desafio airez begira, eta ondoren ezpainak estutu eta kutxara hurreratu zen. Bertatik txartel bat atera, eta eskua bizkarrera eraman zuen.

      — Bill —esan zuen azkenik Summers jaunak, eta Bill Hutchinsonek eskua kutxa barruan sartu eta bertan haztamuka ibili ondoren, geratzen zen azken txartelarekin atera zuen.

      Jendea isil-isilik zegoen. Neska batek xuxurlatu zuen:

      — Espero dut Nancy ez izatea—, eta xuxurlaren hotsa jendetzaren azken ertzeraino iritsi zen.

      — Lehen ez zen horrelakorik gertatzen —esan zuen zorrozki Warner jaun zaharrak—. Orain jendea ez da lehen bezalakoa.

      — Ea, bada —esan zuen Summers jaunak—. Zabaldu txartelak. Harry, zuk ireki Dave txikiarena.

      Graves jaunak txartela zabaldu zuen, eta hasperen orokor bat entzun zen hark gora jaso ahala denek ikusi zutenean zuri ageri zela. Nancyk eta Bill gazteak batera zabaldu zituzten bereak, eta irribarretsu eta pozarren itzuli ziren jende artera, txartelei buru gainean eraginez.

      — Tessie —esan zion Summers jaunak.

      Geldiune bat izan zen, eta jarraian Bill Hutchinsoni begiratu zion. Billek bere txartela zabaldu eta erakutsi zuen. Zuri zegoen hura ere.

      — Tessie da —esan zuen Summers jaunak, ahots isilez—. Erakuts iezaguzu haren txartela, Bill.

      Bill Hutchinson emazteari hurbildu zitzaion eta indarrean kendu zion txartela eskutik. Txartelak orban beltz bat ageri zuen erdian, Summers jaunak bezperan ikatz konpainiako bulegoan arkatz larriaz marraztutako orban beltza. Bill Hutchinsonek gora jaso zuen, eta asaldura sortu zen jendearen artean.

      — Ongi da, lagunak —ekin zion Summers jaunak—, amai dezagun lehenbailehen.

      Herritarrek errituala ahaztua bazuten ere, eta jatorrizko kutxa beltza galdua zuten arren, oraindik gordetzen zuten harriak erabiltzeko usadioa. Arestian mutikoek egindako harri pila prest zegoen, eta lurrean ere baziren harriak, kutxatik airean ateratako paper muturren artean. Delacroix andreak hain harri handia hautatu zuen, ezen bi eskuak behar izan baitzituen jasotzeko; Dunbar andrearengana itzuli zen:

      — Goazen! —esan zion—. Mugi zaitez!

      Dunbar andreak harri txikiak zituen esku banatan, eta arnasestuka erantzun zion:

      — Ezin dut inolaz ere lasterka egin. Zuk segi beharko duzu aurrera eta harrapatuko zaitut.

      Umeek ere hartuak zituzten harriak, eta baten batek hartxintxar gutxi batzuk eman zizkion Davy Hutchinson txikiari.

      Tessie Hutchinson jendez husturiko gune baten erdian zegoen ordurako, eta, herritarrak harenganantz abiatu zirenean, larritasunez luzatu zituen eskuak.

      — Ez da bidezkoa! —esan zuen.

      Harri batek jo zuen buruaren albo batean.

      — Goazen, goazen denok —esan eta esan ari zen Warner jaun zaharra.

      Steve Adams zen herritar multzoaren buru, atzetik Graves andrea zuela.

      — Ez da bidezkoa! Ez da zuzena! —egin zuen garrasi Hutchinson andreak, eta, handik pixka batera, gainean zituen denak.

 

LOTERIA
Shirley Jackson

The Lottery
The New Yorker, 1948/06/26
euskaratzailea: Izaskun Etxebeste Zubizarreta
armiarma.eus, 2020