GALTZA PARE BAT
Ineko Sata

1951
euskaratzailea: Kodo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

      Gaur erosi behar dut galtza parea. Semearen galtza parea.

      Azken eskuizkribuagatik ordainduko didatenaren agiria sakelan sartuta jalgi naiz etxetik.

      Inguruko berdura kolore betean da orain. Nolako aldaketa hilabete batean!

      Aurten izan dugun aroarekin, bat-batekoa izan da. Usaiaz lurruntsu baita berdea, hain leun, hain samur non hasperena sorrarazten baitizu zirraraz, astiro iluntzen da. Baina oraingo honetan, bulta batean brokatu da.

      Horretan egon liteke joan den hilea urrun dudalako irudipena. Apirilaren bostean doirik hasten dira gereziondo kimuak zabaltzen. Horiek ere garbitu egin ditu euriak, eta ez dugu loraldi beteko edertasuna dastatu.

      Eta orain, berdea distiran.

      Eta gaur galtza parea erostera abiatu naiz ni. Semearentzako.

      Moldatu naiz nire ordainagiria trukatu ahal izateko esku diruaz, eta mesede hori egin behar didan lagunarenetik pasatu naiz.

      — Barka iezadazu gaztigatu gabe agertzea. Ausartu egin naiz hala ere. Lehengoan aipatu nizun agiri horregatik etorri naiz. Esandakoan zaude? Gaur bertan erosi nahi nuke galtza parea.

      — Jakina, badaukat behar dena.

      Burua tentetu du, afera kapital honetan laguntzeko prest. Emakume hau zazpi urtez egon da senarraren zain, hiru gerraondoan, hila zelako albistea eta kutxa huts bat jasotzeko. Patu tragiko hau arren, ez du galdu bere sentsibilitatea, berriro frogatu dit bere jarrerarekin.

      — Etorriko bazinete, zuek biok?

      — Pozik... Nahi duzu, ezta?

        Etxean hartua daukan ilobarengana itzuli da. Mutilak buru seinale batekin baietz, baina sinpatiaz betetako behakoarekin.

      — Ados, goazen ba.

      Nerabe honek ere izan du zer pairatu beharra, belarria eten zion ia Hiroshimako bonbak, eta beharrik erizain batek lotura single bat egin zion eusteko, eta adurrak ekarri zuen lehen zeukan bezala atxikitzea. Egun eskua pasatzen du oraino bere ile mehe eta leunetan, hantxe dauzkala ziurtatzeko bezala, eta haatik ikaraz handitzen zaizkio begiak. Une honetan bere gerizpe berdean edukitzen du gela hegazpeko aranondoak.

      — Nora joan behar dugu?

      — Xinjuku geltokiaren ingurua saltzailez betea egoten omen da, Koxu irteerako aldean.

      — Ongi... Egia da, bazter guztietan ikusten dira azkenaldion.

      Hitz egin bitartean dirua atera du komodaren tiradera batetik eta jestu herabe batean pausatu ditu billeteak nire aitzinean. Berak bezain herabeki sartu ditut nik neure katanarruan.

      — Atzo bertan komentatu nuen. Baten batek esan zidan piltzar saltzaileenean aukerako galtza amerikanoak saltzen dituztela, onak eta merke. Eta zer ote zen egokiagoa, arropa funtsezko bat erostea prezio ordaingarri batean edo, bizi garen garaian bizi garela, berria erostea, Japonian egina, garestia eta ez horren kalitate onekoa... Zer diozu?

      — Bai, zaila egiazki.

      Gorputz txipikoa da. Arin mugitzen da gelan tea prestatzeko ahotsa gozo erantzunez. Gure ondoan jesarria den nerabeak begiz begi jarraitzen du gure solasa. Ulertu egiten gaitu.

      Geroxeago, jalgi egin gara hirurak.

      Gure autobusak Suido etorbidea hartu du, Kixijoji gurutzatu eta Koxu karrika handirainokoa. Autobus barruko giroak oroitarazi dit igandea dugula gaur. Jendearen artean elkar ezagutzen duten bi bikote seme-alabekin, hiri barnean osteratxo bat egitera. Klase dirudunekoak noski. Emazte gazteak, mendebaldekora ongi jantziak, eskutik daramatzate bizitasunez betetako haur xarmantak. Senarrek beren artean hitz egiten dute lasai, gizonezkoen eran, beren familia txikiak begipetik utzi gabe.

      — Nik ere ezagutu dut hori. Ez geneukan haurrik, eta igandero jalgitzen ahal ginen. Huraxe izaten zen gure zoriontasuna, ez genuen besterik behar.

      Zeinen ondo ulertu nauen...! Ahalke samarra naiz neure buruaz. Nor beraren zoriontasuna besteenera lotua den heinean, inork ez dauka eskubiderik trufa egiteko. Horretara iristea, tamalgarria da zinez. Nire sentimenduen arabera behintzat.

      Baina orain galtza pare bat erosi behar dut.

      Geltokiaren aitzinean, pasabidea iragan eta Koxu irteerak ematen duen plaza zeharkatu dugu. Hemendik auzo komertziala ageri da, kolore biziz urduri. Txerpolarien estalpeen eta anabasen artean abiatu gara, nahasten dituen harramantzek eta lurrinek erakarriak. Bonboi merkatariak, harakin mahaiak, burdinki dendak eta jantzi saltzaile baten botiga ondoren.

      — Hemen bai dago… badagoela!

      — Hobe dugu lasai behatu.

      Gure lagun gaztearengana egin dut.

      — Utziko al zenizkidake zure hankak luzerari tankera hartzeko?

      — Bai noski. Uste dut taila berekoak garela biok, baina Kenixik hankak luzeago dituela esanen nuke.

      — Bi kujirajaku bete badira —nik, egun erabiltzen ez den neurri zaharra erabiliz.

      — Horixe dagoela... Hemen bai... Promozioan diren ekaiak txartel gorria itsatsita elkarren gainka, botigaren hondoraino zenbait errenkatan.

      — Tira, zenbat gastatzeko asmoa duzu?

      — Bi mila yen gehienez. Baina entzuna nago zortziehunetan ere atzematen direla.

      — Ongi... —nire lagunak, kezka aire batez.

      Ezerezera, aurpegia argitu zaio.

      — O, begira hor, mila eta zortziehunetan dauzkate!

      — Bere neurrikorik ba ote? Izan ere luzeak ditu hankak!

      Galtzen artean miaka ari baikara taila egokiaren bila, saltzaileak geuregana egin du laguntzearren.

      — Galtza pare baten bila bazabiltzate, hauxe daukazue...

      Leuna eta distiratsua oihala.

      — Zer kolore, ideiaren bat?

      — Ez sobera ilun, kolore argiak nahiago dituela uste dut.

      Gizon gaztearengana hurbildu da.

      — Jaun honentzat duzue?

      — Ez.

      Buruarekin ezezka ikusi bainau, gizona kordokatu egin da. Galtza pare bat erostea interesatua bertan ez dagoela, gauza delikatua da. Bere dendaren jira egiten dudala datorkit gibeletik urratsez urrats.

      — Ah! Horiek ongi daude!

      Miresmenez berresten du buruarekin. Baiki, ederrak dira, edo izan litezke: lau mila yen dio txarteltxoak. Arraioa! Bortxazko irria egin du nire mututasuna ikusiz.

      — Zenbat gastatu nahi duzu?

      — Pentsatu egin behar dugu. Geroxeago itzuliko gara...

      Aldameneko janari denda txipiaren ondoan pilda berdinak guztiz. Emakumezko batek hartu gaitu.

      — Galtza pare bat? Aukeran daukat!

      — Sobera garestia ere ez.

      — Prezioak lotzen bazaitu, adosten ahal garela uste dut.

      Koloreak eta prezioak ikusi ditut lehenik, gero tailak, oihala atzamarren mamiaz ukituz. Lagunekin komentatu dut.

      — Zer iruditzen zaizue?

      Saltzailearen erretolika dena elexuri.

      — Urrunagoxe abiatuko gara, eta hoberik ikusten ez badugu, hona itzuliko gara berriz.

      Eskerrak eman eta bagoaz.

      — Ongi? Ez al zarete nekatu?

      — Ez... Nolako aukera! Egokiena eskuratzeko, denean behatu behar.

      — Esanen diot botiga guztiak harrotu ditugula bere galtza parearen bila.

      Beste pildazale batengana goazela oroitu naiz halako batean horrelaxe ibili nintzela semeak kapelua behar zuela eta. Lau urte ordudanik. Neurekin zetorren hartan. Baina etsimenduak joa. Porrot egina zen sartzea espero zuen lizeoaren azterketan. Berak baino lehen emaitzak ikusiak zituen ahaide batek eman zidan berria. Berandu etxeratu zen egun hartan. Nahigabetuak geunden denok. Porrota esperientzia interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen nik, lasaitze alde. Noizbait, haren urratsak, nagi. Gelan sartu eta jesarri egin zen.

      — Barka ezazu, ama.

      Ahotsa itoan eta begiak bete, burua makurtu zuen bere atsekabea ezkutatzeko.

      — Ez ordea, ez zaitez arranguratu!

      “Barka ezazu, ama” esateko era infantil hark durduzatu egin ninduen eta negarrez lehertu nintzen. Ez nuen uste horrela hunkituko nintzenik eta harritu egin ninduten nire negarraren indarrak. Malkoak atertu gabe, umetxo bat iduri. Ezustean harrapatua, ezin izan zuen nirekin batera negar egin eta, matelezurrak estutuz, zotinka hasi zen burua beti makur.

      Biharamunean kapelu bat erostera jalgi ginen biok. Sueste itxurako bat nahi zuen. Ezin zuen kolegiokoa erabili eta ez zeukan eskubiderik lizeokoa janzteko. Nahi zuena egiten utzi nion, kapritxo txipiak on eginen ziolakoan. Hauta zezala kapelua eta ordainduko nion. Hura soinean, helduaren itxura zeukan tanpez. Bizkarreko bat emateko gogoa etorri zitzaidan. Ni baino handiagoa zen jadanik... Lau urte joan dira hartarik. Tokioko Unibertsitatean ikasten du orain. Iaz hartu zuten berak nahi zuen fakultatean, eta gaur lagun daukagun gizon gazteak albora utzia du ikasle boneta. Iduri luke Tokioko Unibertsitatean ez dela haizu gauza sobera berriak eramatea.

      “Tokioko Unibertsitateko hamasei ikasle atxilotuak Iidabaxin hauteskunde kanpainako mitin batean”, ziostan arratsaldeko edizioak orrialdeko behe laukitxo batean apirilak zazpi zituela. Ene semea tarteko. Apirilaren bostean eman ahala euri bota zuen. Usaia zuenaz bestera, semea ez zen etxeratu azken trenean. Apirilaren seian atertu gabe egin zuen euria. Eta biharamuneko arratsaldean artikulu hura. “Hamasei ikasle” irakurtzen nuen, eta igartzen nion semea haien arteko zela.

      Atxilotu egin zuten. Gertakari batzuk ondotik. Hasteko, hamasei ikasleek uko egin zioten izena emateari. Giltzaperatua zeukaten Kosugeko presondegira bidali nuen mantan oihal zuri zati karratu bat josi eta haren preso matrikula ezarri nuen gainean. Eta erantsi nion liburuan ere zenbaki hura bera idatzi nuen. Atxilotzearen aurkako jarrera nabarmentzeko gisaz. Ezagutzen nuen Iidabaxiko hartaraino semeak egina zuen bidea. Hautu hartan nik, ama nintzenez nolabaiteko eraginik baneukan arren, nerabe zelarik pairatu behar izan zuen gerraren izugarrikeriek hunkitu zuten zolaraino. Bonbardaketa handiaren ondoko egunsentian —lizeoan zebilen garai hartan— zapata lodiak herrestan etxeratu zen, zurbil, begitartea tiran, bidean hildako mordoa ikusi zuela kontatu zidan, eta besterik ezer gutxi esanda, lo hartu zuen burua edredoi azpian ezkutatuz.

      Entzuten ditut, oraino, gazteei eta langileei zuzendutako aldarriak, “Gerrarik ez!”, “Arma produkziorik ez!” Xinjuku merkatuko pilda saltzaileetan nabilela, galtza pare baten bila ene semearentzat.

      — Hara! Hauxe ongi datorkio, ezta? —nire lagunak.

      — Bai, baietz uste dut....

      Arropa meta barrutik atera dut taila ikustearren. Berehala, saltzailea guregana arin. Aspertu antzean, txartela ezkutatu dut.

      — Zenbateraino jarriko zenuke? Kenketa txipiren bat egiten ahal dizut, zentzuzkoa bada... Zu zarelako alegia.

      — Bi mila yen.

      — Bi mila! Txantxetan ari zara? —oihu—. Bi mila, bi mila eta zortziehuneko galtza pare batengatik? Hondamendia ekarri behar didazu! Tira, berrehuneko kenketa eginen dizut, mila eta seiehun, ongi?

      — Baita zera ere!

      Hautsi edo urratu egin dut.

      — Egin ezazu ahalegin bat, bi mila eta bostehunean utziko dizut.

      — Bi mila yeneko buxeta daukat, besterik ez.

      — Ezinezkoa eskatzen didazu.

      — Baina hau bera bi mila eta zortziehunetan ikusi dut hor gorago!

      — Non hori? Ez da oihal berekoa izanen!

      Zona berotu egin da. Libertigarria ari da bihurtzen afera. Egia esan, deliberatua dut galtza pare gris hau erostea, egokiak dira luzean. Igarri egin dit hain segur, ez bainau alde egiten utzi nahi. Denda dela, egun behar dut erosi galtza parea, kosta ahala kosta. Une honetan berean, ene semea ziegan jesarria dateke. Galtza berriak behar ditu baitezpada.

      Atxilotu zutenetik hogeiren bat egunera, mezu bat jaso nuen: “Ikusi nahi zintuzket, ama”.

      Artean burua hotz jarraitu banuen gauzen etorria, uraren azala zimurtzen duen tanta izan zen haren nahia. Azken asteotan gure semeek estreinakoz egin behar diote buru botereari beren bizitzan, eta esperientzia honek indartu egiten ditu beren konbikzioak. Honek giharrean hunkitzen nau, baina zuhurtziaz jokatzen saiatu naiz nire zereginetan murgildurik. Gorienean dauden udal hauteskundeetan nahi dut lagundu. Gure semeek egindako bakearen aldeko aldarriari eutsi behar niokeela uste dut. Haren mezua hartu baino egun batzuk lehenago, Aliatuen tribunal militar batean pasatu behar zutela jakin nuelarik, odol hotzean hartu nuen berri hau ere.

      “Ikusi nahi zintuzket, ama”.

      Bihotzean habia eginik, txita batek esku ahurrean eginiko lumatxazko balakaren zirrara eragiten didate hitzok.

      Arratsaldeko lauak ziren semea eta beste bi lagun atxilotuak zeuzkaten K. komisaldegian azaldu nintzelarik, eta horregatik ez nuen kausitu inspektore bat besterik harrigarriro isila zen lehen solairuko bulegoan. Matrikula eman eta hiruak ikusi nahi nituela. Inspektoreak, garaiera txipiko gizona, behako errebesa jaso zuen bere dosierretarik. Eleketa garratz baten ondotik, semea bakarrik ikusi ahalko nuela. Neuk ezagutu nuen bezalakoxea egin zitzaidan leku hura, giro kirastu, okaztagarria. Noizbait, semea ikusi dut eskaileraren buruan agertzen karrajuaren hondoan, guardia bat zaindari.

      — Iep! Gisakoa da.

      Irri handi batek argitzen zuen bere begitartea. Hantxe zen, ene aitzinean, jator. Umea zelarik zeukan irri espresio hura ezpain ertzean.

      — Zer moduz zaude... Zer moduz?

      — Ontsa, ontsa.

      Jesarri egin ginen.

      — Zu ikusteko gogoa neukan, ama, zinez. Lagun guztiak azaldu dira bisitan, eta zu oraindik ikusi gabe.

      — Zeregin ugari... Eta zure deliberoa errespetatu nahi nuen, ezer ez esatekoa.

      — Bai... Badakit, badakit —erantzun zidan ahots apalez buruarekin baiezkoa egiten zuela urduri.

      Zigarro bat piztu zuen.

      — Mantaren gaineko zenbakia, neu nintzen. Asmatu?

      — Jakina! Idazkera hutsagatik! Manta hark zure lurrina zekarren, giltzapean biziki hunkiberak gara... Eromena da!

      Haren hitz guztien gose nintzen, ezpainetan bilatzen nizkion, ez nuen batto ere huts egin. Hala berean ziren interesgarriak herraz behatzen zigun gizon txipiarentzat, gugandik zenbait urrats. Semeak ez zidan inoiz hitz egin horrela, ezta etxean ere, eta halako lekuan izan behar! Aldi labur hartan hainbat gauza kontatu zidan eta beste hainbeste galdegin.

      — Eta gainera...

      Aulkitik altxatu eta belaunak erakutsi zizkidan. Oihala polito maiztua zegoen, hanka tolestutakoan larruazala ikusten ahal zen. Itzuli eta galtzen gibelaldea erakutsi zidan, eskuekin tinkatuz. Xaretua zegoen han ere. Zulo haiek ikusarazi zidaten semea egun osoan ziegan jesarria, hankak bilduak. Baina arazoa besterik zen.

      — Aliatuen aitzinean azaldu behar dut. Ez nuke horrela joan nahi… Baina ez du axola ezin baduzu.

      — Ez kezka, zaude lasai. Ahalegina eginen dut galtza parea erosteko.

      — Ados zaude beraz? Galtzok izan ere…

      — Ados nago.

      Nire behakoa distira handiagoan zen noski, baina zaindariak ez zuen konprenitu behar gure eleketa. Sartu berria zen inspektore batek erdeinuzko irria egin zigun. Bere lanbidearen ankerkeria osoarekin, hanpuruskeriaz beterik, haxe bota zuen:

      — Zure bermea ehun eta laurogei mila yenetan ezarria da… Kar, kar!

      Jakinaren gainean nengoen, baina ez nuen fitsik arrapostu. Gizonak, kolpea huts eginik haserre, bere buruari ekion zion:

      — Antza denez, horrelako prezioak dauzkate “Horiek” beren herrialdean… Hemezortzi zenbakia? Ez dut konprenitzen zergatik ez duen bere izena esan nahi… Harrigarria da hau guztia.

      — Tira, aski da, amaitu da!— zaindaria, aierua inoiz baino zakarrago, agintari.

      Liburuak ere eskatu zizkidan semeak, laster irakurtzeko baimena izanen omen zuten. Adi baitzegoen, zaindariak ostera:

      — Zer? Liburuak? Debekatua da!

      — Ez, elkarrizketetan ari gara. Laster helduko da baimena.

      — Elkarrizketetan? —haserre.

      Ene semea morroi haien artean. Hizkera hark gure garaikoa oroitarazi zidan: egiazki, ez da deus aldatu. Barre egin nuen neure kolkorako, eta semearen ibilera miretsi nuen.

      — Berriz arte!

      Zaindariak bultza eginda jalgi zen aretotik. Gibeletik joan nintzaien karrajuan aitzina, eta oihu egin nion eskailera burutik, “Sarri arte!”. “Sarri arte!” berak ere, begiak pindarka. Umetako irriñoa ostera bere ezpainetan. Zaindaria gibelean, semea katean lotua zeramala iduri.

      Etxe hura utzi nuenean, zangoak ahul nituen hunkiduraz. Zuhurtziaren zuhurtziaz lortua nuen ene sentimenduak menderatzea, baina haien azpian nintzen orduan. Haurra zeneko irria kausitu zuen nerabe alai hark boterearen atzaparretan, horixe neukan gogoan. Irudi bizi hark bihotza kolpatzen erdiz erdi. Eta baita, noski, gizon hark ere, haren gaiztakeria zabarrak, hanpuruskeriaz beteriko tonua bermearen kopurua esan zigunean. Horrek guztiak, oroz gain, begiak argitu zitzaizkidan: semea amerikarrei entregatu zietenak bera bezalako japoniarrak ziren.

      Horra zergatik erosi behar dudan egun galtza parea ene semearentzat.

      Saltzaileak, azkenik, bi mila eta hirurehun yenetara apaldu du prezioa.

      — Ez da gezurra, galduan saltzen dizut.

      Idor egin behar izan diot hitz.

      — Ez zaitezela sobera kexa, nik hirurehun yen galduko ditut.

      Horretan, ni naizen amak gogoan dauka bere semea galtza higatuekin, eta begitantzen du azaltzen dela galtza pare berriarekin amerikarren aitzinean.

      Ordaindu, bildua hartu eta jalgi.

      — Zera, ez dago ezer egokirik lau mila yenetik beheiti —nik, gain hartzen nauen dezepzioa adierazteko.

      — Egia da, baina hartu duzuna ez dago gaizki! Kenketa on bat egin dizu. Ez zara motela tratuan.

      Barrea eragin dit bere konplimenduak. Erosi dut, kito. Lau mila yen ez dudalako hartu dut hau, diot nirekiko, kontsolatze alde. Galtza pare hau jantziko du amerikarren itaunketara azaltzeko.

      Baina alferrik ari naiz, erosketak ez nau bete. Sentimendu hori nagusitu zait geltokiko sarrera nagusira goazela ere. Harramantzan, elkarren ondoan goaz hirurok; ene laguna, zazpi urtez zain egonik senarra hila duela era abstraktu batean, denboraren metaketaz ikasi duena, Hiroshiman belarria urratu zioten gaztea eta ni, frustratu samarra, kalitate txarreko galtza parea besapean daraman ama. Sorbaldaz sorbalda goaz aitzina, korronte kontra, jendeek bulka egiten digutela. Soldaduen buru bakan batzuk baino ez dira ageri samaldaz goiti. Xinjuku etorbide handia lanetan da.

 

GALTZA PARE BAT
Ineko Sata

1951
euskaratzailea: Kodo Izagirre
armiarma.eus, 2018