AFRIKAK BERE EGUZKIA HILTZEN DU
Ken Saro-Wiwa

Africa Kills Her Sun, 1989
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020

 

      Zole maitea:

 

      Harritu egingo zaitu, dudarik gabe, gutun hau jasotzeak. Baina ezin nezake zure mundu eder hau utzi bertan bizitzera kondenatutako zu agurtu gabe. Patetiko samartzat hartuko dute batzuek ene keinua, Sazan eta Jimba ene kideek adibidez, gure arteko unerik gorenak duela bizpahiru aste bururatu baititugu hirurok. Dena den, niretzat gutun hau ospakizun bat da, maitasun-ekintza bat —ez da maitasuna nik askorik dudan tasuna, neure ibilbidea eta bihar goizekoa gorabehera—, keinu txeratsua.  Izan ere,  altxortzat ditut gaztaroan igaro genituen plazer une ugariak, mundua berria zenean eta arrainek hegan egiten zutenean urrezko urmaeletan. Zoriona topatzen dut orduan izan genuen maitasunean, atsedenerako leku bat, aterpe bat nire bizitza labur hau astindu duten enbatendako. Bakarrik sentitu naizenetan, minak eta gatazkak astindu nautenetan, maitasun hartara itzuli naiz eraman eta aldeztu dudan asmoari eusteko. Ustekabea izan liteke hau zuretzat, maitasun hura ez zen burutu eta agian ahaztua ere banaukazu, ez baitugu azken hamar urteotan elkar ikusi.  Nik oraindik gogoan zaitut, beti izan zaitut gogoan, eta logikoa da, bihar bezperako gauean, zuri idaztea mesede baten eske. Baina inportanteagoa, jakitea zugandik askatu naizela eta horregatik bihar goizeko gertakizunak atsegin eta desiragarriagoak izango direla niretzat niri begira egongo diren milaka lagunentzat baino.

      Badakit iritsiko zaizula gutuna, espetxeko zaindaria eskupeko on askoa hartua baita hala gerta dadin. Fusilamendu-pelotoiaren aurrean egon beharko du gurekin bihar.  Baina kondenatua dago, beste gehienak bezala, bizitzera, zuen munduaren infernuan egokitu zaion papera jokatzera. Ikusten dut bere bizimodu itzali, nahasian erretzen, bere lan jopua egiten  hurrengo urte askoan, miseria eta eskupeko batzuen truke. Bere ezjakintasunaz errukitzen naiz, eta ezin naiz bere konformidadearen bekaitz izan. Bihar goizean, gutun hau eta gure eskupekoa patrikan dituela, Sazan, Jimba eta hirurok deituko gaitu. Nahasi egingo ditu gure izenak, beti bezala: Sazani Sajim deitzen dio eta Jimbari Samba. Baina horrek ez du axola. Obeditu egingo diogu, eta gure heriotzarantz oinez goazela, barre egingo diogu haren baldarkeriari, haren ergelkeria singleari. Beste lapurrari barre egin genion bezala, Epaile Nagusiari.

      Hori ere ikusiko zenuen egunkarietan. Gure eskupeko-hartzaile lagunari esker ikusi genuen guk, argitaratu zen egunkariaren kopia bat igorri baitzigun kartzelariak. Bizitza-galeraren aurrean plazer sadikoa hartzen duen eta gaizkiari ohitua dagoen jende baten erdian, nazio bihozgabeagatik ez balitz, galdera batzuk egin ahalko lirateke. Dudarik ez, askok egingo dituzte galderok, baina etxeko erosotasun eta babesean egingo dituzte, zerbeza botila amaiezinen abaroan, haien telebista-programa merke, aspergarriak fundamenturik gabe ikusten, Europa eta Ameriketan errefusatutako saioak denak ere, euren hustasuna betetzeko inportatuak. Kontzientzia zerbeza-botila gehiagorekin salbatuko dute, erantzunak eztarrian behera garbituko dituzte, eta galderak, kontzientzia eta erantzunak zabor bihurtuko dituzte, zaramak eta ilun trinkoak itotako euren estoldetan. Eta ahantzi egingo dute.

      Dena den, Auzitegi Nagusiko Epaileak berak ez duela sekula ahantziko apustu egingo nuke. Bizitza osoan gogoratu beharko du. Bertatik bertara begiratu nion aurreneko goizean. Eta ezin adierazi dut haren aurpegian ikusi nuen zirrara eta errezeloa. Betaurrekoak mahai gainera erori zitzaizkion eta nekez berreskuratu zuen duintasuna. Lehen aldia behar zuen izan egokitzen zitzaizkionak zenbait pertsona, zigortzat heriotza daukan delitu batean auzipetuak, errudun epai bat eskatuz eta hortaz kondenatu eta berandutzerik gabe hil zitzaten eskatuz.

      Sazanek, Jimbak eta hirurok kontu handiz prestatua genuen. Hilabetetan espetxean edukiak gintuzten fiskalek euren auzia prestatzen zuten bitartean, eta adostu genuen ez genuela epaiketa luze bat izan zedin utziko, edo bakoitzarentzat zigor desberdina zeukan epaia emateko aukerarik emango: bat libre utzi, bestea bizi osoko kartzelara zigortu eta hirugarrena fusilamendu-pelotoi baten aurrera bidali. Gainera, legelariei ere ez genien aukera eman nahi haien hiletetako janzki beltz alaietan zirkua egin zezaten, plazer hutsez eginez eztabaidak, alferrikako jurisprudentzietan korapilatzen. Ez. Heriotza bozkatu genuen. Azken beltzean, lapur armatuak ginen, bandidoak. Bagenekien. Ez genion legeari aukera emango bere ikuskizuna eskain zezan. Zintzoak izango gintzaizkien geure buruei, geure asmoei, geure herriari eta gizateriari. “Zigor gaitzazue heriotzara berehala eta bidal gaitzazue fusilamendu-pelotoiaren aurrera atzerapenik gabe”, aldarri egin genuen batera.  Hasierako kolpetik bere onera etorrita, Epaileak egotzi egin gintuen aretotik egun hartan, “epaitegia asaldatzeagatik”. Pentsatzen dut ikusi nahiko zuela ea gauzak pausatzen utzi eta eskaera aldatuko ote genuen. Ez genuen egin. Atzera biharamunean eraman gintuztenean, gauza bera esan genuen, ozenkiago. Lapurtu eta hil genuela esan genuen. Errudunak ginela. Horrelaxe.  Eskuloturik zegoen Epailea eta egin beharrekoa egin zuen. Herriko legeekin, justiziaren bidearekin eta bere bokazioarekin zintzoa izatera bortxatua genuen. Ez zen lorpen eskasa izan. Aretoa estonatua zegoen; gure zaindariak zur eta lur, epaitegian oinez gindoazela irribarretsu. “Ohizko kriminalak”, “Bandidoak”, entzun nien esaten epaitegitik kanpora ginderamatzatela. Ikusle batek txistua ere bota zigun Black Mariarantz gindoazela!

      Eta gizatxar aitorpena egina dudala, zergatik egin nuen galdetuko diozu zure buruari. Erantzungo dizut berriro kontatuz Hanburgoko St Paulin ezagutu nuen prostituta gazte, ederraren istorioa, hango portua jo genuenean duela urte asko. Maiz kontatu izan diet istorioa lagunei. Galdetu nion, larru-saioaren ondoren, zergatik zegoen han. Erantzun zidan neska batzuek idazkari izatea aukeratzen dutela, beste batzuek erizain. Berak prostituzioa hautatu zuen. Fantastikoa. Hunkitu egin ninduen haren zintzotasunak. Eta gogoetan utzi ninduen. Marina merkantean nenbilen aukeratu egin nuelako ala eskola uztean atera zitzaidan lehen lana izan zelako? Etxera itzultzean, ontzia utzi nuen, St Pauliko prostitutari esker, eta Defentsa Ministerioan lana lortu nuen.

      Hantxe muturrez topo egin nuen gure nazio-altxorraren arpilatzearekin, emozio oinarrizko, sakonenetan murgildu gabe deskribatu ezin dudan moduan. Denak zeuden horretan lanpetuta eta inor ez nori kexa egin. Salatu nien guztiek esan zidaten: “Ezin badituzu garaitu, haiengana batu”. Ez neukan inorengana batzeko asmorik; haiek garaitu nahi nituen eta hura erabili haien aurkako gerra bat burura eramateko. Inoiz ez zuten nigandik ezer lortu. Bota egin ninduten. Beraz haiengana batu beste aukerarik ez neukan. Hautatu beharra neukan. Lapur armatua bihurtu nintzen, bandidoa. Nire hautua izan zen, nire erantzuna. Eta ez zait damutzen.

      Ba ote nekien arriskutsua zela? Neska batzuk idazkari dira, beste batzuek prostituta izatea hautatzen dute. Gizon batzuek polizia edo soldadu izatea aukeratzen dute, beste batzuek mediku edo abokatu. Lanbide bakoitzak dauzka bere arriskuak. Taxilari batek errepidean topa dezake heriotza; enpresaburu batek abioi istripu batean; lapur bat fusilamendu-pelotoi baten aurrean hiltzen da. Ez da hainbesterako. Galdetzen badidazu, aukeratu dudan heriotza dramatikoagoa da, elokuenteagoa, kualitatiboagoa ohean hiltzea baino, alkoholak zapartatutako gibelak erasanda. Ados? Baina lapurreta gizartearen aurkakoa da, esango duzu. Legea urratzeko erabaki irmoa. Ez dut aitzakia bat jarri nahi. Baina bakarrik burua jar ezazu munduko kostalde eta klima guztietan legea urratzen edo saihesten ari diren gizon eta emakumeengan. Begirada bota irailaren 19ko The Guardian-i. Epaileari egin genion eskaera argitaratu zen egunekoa da. Hantxe topatuko duzu zazpi milioi naira ebatsi zituen gobernu legezkoaren istorioa. Zazpi milioi. Mundiala. Gizartearen aurkakoa, ala? Halako zenbat ezagutzen dituzu? Eta zenbat gehiago ez ditugu jakin ere egiten? Nik diot nire denborapasa gizartearen aurkakoa bazen, konpainia onean nagoela. Eta konpainia hori osatzen dute estatu presidenteek, nazioarteko erakundeek, zerbitzari publiko goi eta behe mailakoek, gizon zein emakumezkoek. Alde bakarra da ni prest nagoela prezio bat ordaintzeko, eta besteak ez. Ikusten?

      Ez naiz zure ulermen edo sinpatia eskatzen ari. Ez dut behar, ez orain ez etorkizunean. Halaxe dira kontuak. Ados? Primeran. Espero dut zuk esatea lapurreta armatua gizartearen hondakinen eremu berezia behar lukeela izan. Nire heziketa duen gizonik ez litzatekeela nahasi beharko bidelapurra izaten. Horri erantzungo nioke aspaldi dela jende ondo-hornituak eta goi-prestatuak egiten duela lapurreta. Ogibideari kualitate erromantiko bat ezarriko diote, egokitasun bat azkenerako eragingo duena gizartearen onurarako izatea. Ez, ez nago erotuta. Benetan. Bada denbora non Afrikako hondoratzearen lasterketa politikari sasi-letratuen esku zegoela. Gaur egun jende ondo-hornituak eta goi-prestatuak hartu du zeregin hori. Eta ikusi zein ongi ari diren. Beraz emaitza horren gainetik ere, nire kontzientziak lo lasai egiten du. Ulertzen?

      Loaz ari naizela, ikusi beharko zenituzke Sazan eta Jimba espetxeko zoru hotz, gogorraren gainean zurrungan, haien bizitza zurrunga on baten menpe balego bezala. Haiek horrela ikusita, ezinezkoa da sinestea bihar goizean fusilamendu-pelotoiaren aurrean egongo direla. Gizon adoretsuak dira. Burkide duin askoak. Pena da haien gaitasuna gizarteak betirako galduko duela biharko goiz-alban. Sazan Armadako jeneral ona izango litzateke, beharbada baita gure herriko lehendakari ere, Bokassa edo Idi Amin baten moldean. Europar eta amerikarrek beragan aliatu fina topatuko lukete Afrikaren degradazio progresiborako. Jimba Poliziako inspektore-buru aparta izango litzateke, hainbeste daki Poliziaren metodoez! Badakizu, noski, Sazan gure armada harroko sarjentu egotzia dela. Eta Jimba kaporala izana da Polizian. Ezagutu ginenean antzeko arrazoiak geneuzkan gure talentuak partekatzeko. Eta talde itzela osatu genuen. Eta orain hemen gaude denok segurtasun handiko espetxe bateko heriotza-ziegan eta eurak zurrungan ari dira haien azken bizitza-orduak zoru kirastun, hotzean ematen. Pozgarria da haiek bizitzarekiko hain sor ikustea. Haien bizi-estiloa da historia osatzen duen ekaia. Beste denbora batean eta beste herrialde batean, Sir Francis Drake, Courtes edo Sir Walter Raleigh izango lirateke. Inperioak eraikiko zituzketen eta ohore nazionalak irabazi. Baina hemen, gure bizitza desastre handi bat da, amaierarik gabeko tragedia. Heroismoa ez da gure iparrorratza. Ehunzangoak gara baso heze eta busti bateko lurrean narrasean. Ezezagun hilko dira Sazan eta Jimba. Ikusten?

      Gauza bat, hala ere. Hitza eman genuen sekula ez erailtzeko. Eta ez dugu egin. Hain zuzen ere, ez genuen parte hartu gu hirurok harrapatu gintuzten “operazio” partikularrean ere. Operazioa nahikoa ondo irtengo zen Poliziaren superintendenteak bere negozioaren zatia bete izan balu. Zeren eta gurekin baitzegoen. Polizia nahasia dago gertatzen den lapurreta orotan. Talde osoa ezagutzen dute, bandak. Ez daukagu arrakastarik haiekin kolaboratzen ez badugu. Sazan, Jimba eta neu nagusiak ginen. Ez genuen operazioetan jardun. Mutilek egin ohi zuten. Eta orduko hartan ere haiek ari ziren. Egun horretan langileen soldatak zekartzan autoko eskolta-polizia kentzekoa zen Poliziaren superintendentea. Zerbaitegatik, huts egin zuen. Eta poliziak tiro egin zien gure mutilei. Eta gure mutilek erantzun eta hil egin zuten polizia eta segurtasun enpresako guardak. Mutilek dirua hartu zuten, ondo. Baina hilketa Poliziarekin geneukan akordiotik at zegoen. Ordaindu beharra geneukan. Polizia ez zen geldirik egongo haietako bat hil ostean. Diru guztia kendu ziguten eta mutilen bila egin zuten. Ezetz esan genien. Mutilek agindutakoa egin zutela. Gu eskaini ginen haien tokia hartzeko.  Poliziak hartu gintuen eta zalaparta handia atera zuten gainera gai horrekin. Mutilek, badakit, erabaki bat hartu dute. Ez dakit zer jazoko zaion Poliziaren superintendenteari, baina bere burua zaindu beharko du. Eta beraz, horrek lasaitzen bazaitu, jakin ezazu ez dudala odolik isuri. Ez. Ez nuke egingo. Ezta harrapakina gorde ere. Jendeari harrapatzen geniona —aberats jendeari—, taldekoen artean banatzen genuen, arrazionamendu-ilaran egoten baitziren ia beti. Sazan, Jimba eta hirurok ez gara aberatsak.

      Askok, hortaz, arinkeria salatuko digute, gure bizitzekiko ardurarik ez dugula. Zuzen ariko lirateke. Uste dut lo dauden ene lagunen izenean ere mintzo naizela diodanean bidean abiatu nintzela ez nuelako oinarrizko diferentziarik ikusten gu egiten ari ginenaren eta herrialdean zehar beste asko egiten ari zirenaren artean. Gure bizitzetako eremu guztietan —politikan, merkataritzan eta lanbide liberaletan— lapurreta abiapuntua da. Aspaldidanik izan da hala, gainera. Lehenengo denboretan, gure arbasoek haien ahaideak gauza minorren truke saldu zituzten hala nola girgileria, ispiluak, alkohola eta tabakoa. Gaur egun doinua berbera da, artikuluak baino ez dira aldatu: autoak, irratiak eta banku kontuak. Beste ezer ez da aldatu eta ez da aldatuko etorkizun hurbilean. Baina hori bihartik aurrera biziko direnen arazoa da, Zole.

      Oilarra kantari ari da eta badakit alba urratzear dela. Eta ez naiz asmatzen ari. Ziega honetan iluntasuna oraindik oso trinkoa da, salbu eta idazten dudan kandela-argi dardaratiagatik ez bada. Sazan eta Jimba lo seko dautza. Eta halaxe zaindaria. Lo egiten du gau osoan eta ez zaigu trabakoa. Ahalko genuke, nahi izanez gero, ihes egin, hain lasaiak dira zaindariak. Baina ez dugu beharrezko ikusten, geroxeago goizean gertatzera doana lasaigarria da jasan beharreko zamen aurrean. Zaindaria eta norbera dira espetxeko biztanleak, azken espetxea nondik ezin duzun ihes egin ez baitakizu zergatik zauden kartzelatuta. Zure poza ignorantziaren poza da, eta ignorantzia da espetxean mantentzen zaituena, espetxea, zeina zure bizitza den.  Gaua egunean urtzen doalarik, Sazan, Jimba eta hirurok libre izango gara. Sazanek eta Jimbak ez dute atzean ezer utziko. Nik gutun hau behintzat utziko dut, zeina, mesedez, gorde etorkizunerako.

      Maiseaketan ari al naiz, Zole? Zugandik aparte jartzen naiz tonu mikatzokin? Hori ez leporatu, baina, fusilamendu-pelotoiak hilko nauen kontuari. Egin dezakezu, egia esan. Izan ere, heriotza nigandik hain gertu ikusteak zorrotzagoa egingo ninduen? Neure buruaren begiak lehen ere garbi ikusi ditu gauzok. Ez dut gauza hauetaz sekula hitz egin, sekula eztabaidatu. Nahiago izan dut kontuok ni zama nazaten, ikusten?

      Beraz, ordu gutxi batzuk barru deituak izango gara. Oraindik ere Maria Beltza deitzen dioten furgoira igoko gara beste batzuekin batean. Ohartu miseriazkoa den oro gurekin lotzen  dela. Ardi Beltzak. Maria Beltza. Izurri Beltza. Pasmo Beltza. Kalkutako Zulo Beltza. Maria Beltzak hondartzara edo estadiora eramango gaitu. Estadioan izango dela egingo nuke. Nik nahiago hondartza. Azkenekoz itsasoa ikusi ahal izateko behintzat. Merkataritza nabigazioan ibili nintzenetik diot mira amultsua itsasoari. Maite dut haren zabaltasuna, haren anonimotasuna, haren indarra, haren sakontasun neurrigabea. Eta akaso tiro egin eta gero, gure gorpuak itsasora botatzea erabaki dezakete. Marrazoek jango gaituzte orduan, zeinak Japonia eta Errusiako arrantzaleek harrapatuko dituzten, izoztuko, paketetan sartuko eta ontzi indiarrei salduko  gure jendearen hoberako. Hartara, jendea bizirik luzeago mantentzen lagunduko dut. Baina ez digute mesede hori egingo. Ziur nago estadiora eramango gaituztela. Langabetu dibertsio-zaleei ikuskizuna eskaintzearren. Arazoetatik libre mantentzeko haiek. Pentsatzetik aparte mantentzeko. Barrezka edukitzeko. Eta dantzan.

      Han izango gara daramatzagun jantzi zikinotan. Ez digute deus garbitu azken hilabetean. Barroteetara lotzen gaituzte oraindik, beharrezkoa balitz bezala. Ihes egiteko asmotan bagina ere, norantz egingo genuke? Pentsatzen dut begiak estali nahiko dizkigutela. Sazanek eta Jimbak esana dute ez dutela utziko haiei begiak estaltzen. Ados nago eurekin. Nire exekutatzaileak ikusi nahiko nituzke, haien fusilen ahora tinko begiratu, zeru zabala ikusi, eguzkia, egun-argia. Gure herrikideak ikusi eta entzun heriotzara bibaka garamatzatela. Liberazio eta askatasunerantz.

      Estadioa bete egingo da. Asko tokirik gabe geratuko da. Arboletara igoko dira eta inguruetako etxeen balkoietan esekiko gu garbi ikusi ahal izateko. Doako ikuskizunaz gozatzeko. Mundiala.

      Eta orduan apaiza etorriko zaigu, errezatzeko edo azken desiorik ba ote dugun galdetzeko. Sazanek dio zigarro bat eskatuko duela. Ziur nago emango diotela. Irudika dezaket gogor tiratzen zigarroari balek eraitsi dezaten baino lehen. Bizitzan inoiz ezer gozatu duena baina gehiago gozatuko duela zigarro hori, dio berak. Jimbak dio berak isiltasun mutu bat izango duela, bere mespretxuaren adierazle. Nik oihu egingo diot apaizari. Esango diot, “Zoaz infernura, hipokrita, larrutero eta ezkon-nahaslea”. Ahalik eta fuerteen egingo dut oihu ikusleek entzun nazaten. Bozgorailu bat eduki ahal banu, estadio osoan, are herrialde osoan, oihartzun egiteko. Orduan barrea apaizarengan eta bidali dutenengan eroriko lirateke!

      Apaizak gure arimen alde egingo du otoitz. Baina ez luke gure alde egin beharko. Bizitzaren alde egin beharko luke otoitz, bizitza eguneroko oinazea den haientzat. Haren errezoen erdian, tiroak hots egitean, heriozko isiltasuna egingo da. Hilerriko isiltasuna. Bizitza eta heriotzaren arteko korridorea. Eta ikusiko da bien arteko aldea kalabaza baten lepoa bezain estua dela. Estadioko beste edozeinek bezala arnasa hartzetik harrentzako bazka izatera banatzen gaituen lerroa hain da mehea, bizitza bizi-heriotza bilakatzen duela. Baina pozik egon beharko nuke mundua uzteagatik, mundu bat esanahi gabeko existentzia batetik egunetik egunera gero eta goibelago hazten ari dena. Sazan eta Jimbaren falta nabarituko nuke. Pena latza litzateke jaun dotore hauek hilda eta suntsituak ikustea. Eta zu ere galduko zaitut, nire dama maitea. Baina horrek ez du ikusleengan ondoriorik izango.

      Estadiotik aterako dira, arbola eta balkoietatik jaitsiko, edozein futbol partidatik itzuliko balira bezala. Beren zuloetara errendituko dira urdail hutsean, larunbat ilunabar bat betetzeko nahikoa ipuinekin.  Dohakabe miserableak.

      Bizitzatik erauzi izango gaituzten gizonek deslotu egingo dituzte orduan gure gorpuak, eta zabor-kamioi batera botako eta handik hilobi komun ireki batera. Oso zeregin desatsegina izango da hori. Milioi bat dolarren truke ere ez nuke egingo. Baina morroi miserable batzuek hilaren amaierako soldata miserable baten truke eginen dute. Eskupeko batekin gizenduko duten soldata, bizirik eutsiko badiote. Erruki diet, esaten dizut. Ikusten?

      Zintzo jasoko dute egunkariek gure hilketa. Tokirik baldin badute, gure argazki bat ere jarriko dute zure gosaria hornitzeko.

      Gogoan dut aspaldi irakurri izana egunkari batean gizon batek apaizari eskatu ziola ehorzteko bere makuluarekin —urtetan izan zuen adiskide leialarekin—. Heriotzara amiltzen egin zioten argazkia, bere makulu maiteari gurtzaz oratua. Benetako adiskidetasuna, hura. Hortaz, Zole, inoiz nire antzeko argazkirik ikusiko bazenu, moztu. Eman eskulturagile bati eta eskaiozu egin dezala nire eskultura bat argazkian ageri naizen itxuran.

      Denbora agortzen ari zait, Zole. Sazan eta Jimba esna daude. Eta harrituta gau osoan ez dudalako lorik egin. Lurrean egin beharreko azken gauean nire buruari lo sakon bat oparitu behar niola dio Sazanek.  Galdetu diot ez al noan sakon, betiko, lo egitera ordu gutxi barru? Hau, kontra egin diot, gure gaurik erneena izan beharko litzateke. Sazanek ez du hala ikusten. Ezta Jimbak ere. Jaiki egin dira, nagiak atera eta begiak igurtzi. Eta nire inguruan eseri dira. Idatzi dudana irakurtzeko eskatu didate. Ezin dudala esan diet. Maitasun gutuna da! Eta heriotzaren orduan! Sazanek erotu egin naizela dio. Jimbak esan du ziur dela heriotzari beldurra diodala eta gogor eta luze begiratu dit bere susmoak berresteko. Esan diet ez naizela ez ero ez heriotzaren beldur. Umetako andregaiari esaten ari natzaio nola sentitzen naizen gau berezi honetan. Eta zeregin inportante bat ematen. Jimbak dio ez diedala inoiz esan andregaia eduki nuenik. Esan diet une honen aurretik ez zela inportantea izan.

      Hamar urtean ikusi ere ez dudala egin, berritu diet. Hari idazteko behar eutsiezin honen azpian datzana da gau berezi honetan izaki bizi baten aldamenean egoteko beharra, norbait besteei kontatu ahalko diena zergatik egin genuen egin genuena epaitegitik kanpo.

      Sazanek dio erabat ados dela nirekin. Sazanek dio berak ere gustura papereratuko  lituzkeela bere pentsamenduak. Ba ote dut hari uzteko paperik? Ez. Gainera, ordua gainean da. Eguna urratu du eta nik ere ez dut neure gutuna amaitu. Axola ote zaie ni minutu batzuez neure buruarekin uztea? Asko gustatuko litzaidake gutun hau amaitzea, gutun-azalean sartu eta zaindariari ematea lozorrotik erabat esnatu eta bere zeregin ofizial, latzari ekiteaz gogora dadin baino lehen.

      Konpai jatorrak dira, Jimba eta Sazan. Sazanek dio nire neskari esateko ez dezala umerik ekarri mundura, zentzugabea dela bizimodu latz honetara bizitza berririk ekartzea. Jimbak dio eskatzeko nire neskalagunari harentzat malko bat isur dezan, arrotz bati halako ohorerik egiten ahal balio. Irri egin eta ziegako txoko batera erretiratu dira eta bakarrik utzi naute gutuna bukatzen.

      Nire eskulturaz hizketan ari nintzaizun. Nire gorpua ez duzu eskura izango. Eta hala ere hilobi bat egingo duzu niretzat. Eta eskultura jarri hilarrian. Eta natorren orain gutun honetatik inportanteena den zatira: nire epitafioa.

      Horretan pentsatzen egon naiz, aizu. Benetan. Jendetza orrokari baten aurrean hildako lapur batez zer esango duzu? Erratu zen gizon ona zela? Amaiera hori merezi zuela? Gaiztoa zela? Gizatxarra? Zigorra nahikoa gogorra jaso ez zuen hiltzaile bat? “Hemen datza X, fusilamendu-pelotoiak jendaurrean tiroz hila, diru-furgoia ebatsi eta zaindariak egun-argiz hiltzeagatik. Lapur eta lapur-gai guztientzat etsenplu da!”

      Nori inporta zaio halako epitafio bat? Txantxa bat zela pentsatuko dute seguruenik. Ez. Horrek ez luke arrakastarik izango. Zerbait desberdina erabaki dut. Zerbait soil eta arrazoizkoa. Edo zerbait kriptikoa, fusilamendu-pelotoiak jendaurrean hildako batek merezi duena.

      Ez nau horrek arduratzen. Ordu pare bat barru hil behar dudan moduan hiltzeak ez nau kezkatzen. Aparteko konpainia daukat. Gure historiaren lorietan gordea bilatu beharko nuke nire izena. Bortxa, hilketa eta bizitzaren mespretxuzko historia. Mina eragiteko plazerarena —sadismoa—. Hori ote hitza? Utzi nahiko nukeen mundu bat da. Baina ez epitafiorik gabe.

      Gogoan dut, duela urte asko, haur nintzela, buruzagi afrikar bati irakurri izana egunkarian, burkide hildako baten hilobiaren aurrean zegoela, intziri artean esaten: “Afrikak bere semeak hiltzen ditu”. Ez dakit horrekin zer esan nahi zuen, eta luzaroan horretaz asko pentsatu badut ere, ez naiz gauza izan hitz horien misterio osoa azaleratzeko. Orain, gaur, une honetan, nigana datoz trumilka. Eta maileguan hartu nahi dizkiot. Nahiko nuke jar dezazun nire hilobian epitafio gisa: “Afrikak bere eguzkia hiltzen du”. Epitafio ona, ala? Kriptikoa. Zehatza. Jenio-kolpea, esango nuke. Ziur ados zaudela nirekin. “Afrikak bere eguzkia hiltzen du!”. Horregatik deitu izan diote Kontinente Beltza? Bai?

      Beraz, neska maitea, nireak egin du. Nire bihotza argitsu dago goiz-albaren argia isilean gure ziega ilunean sartzen delarik. Zaindaria entzuten dut giltzak dantzari, sarrailan sartzen dituela. Laster ireki eta deituko gaitu. Gure denbora amaitu da. Nire denbora agortu da eta nire maitasuna bidali behar dizut. Agur.

      Zurea betiko.

 

AFRIKAK BERE EGUZKIA HILTZEN DU
Ken Saro-Wiwa

Africa Kills Her Sun, 1989
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020