|
EBANO ZURA Preludioa
Baldin eta uda euritsua eta hitsa bada baldin eta zeruak urmaela laino-betazal batez estaltzen badu baldin eta palma-hostoa izpitan desegiten bada baldin eta haize eta lanbrotan arbolak burgoi eta beltzak badira baldin eta hil-kantuaren zati bat zeruak sabanarantz jausten badu baldin eta itzala etxeko su iraungiaren gainera makurtzen bada baldin eta hegal basatizko haize-oihal batek irla naufragioetara eramaten badu baldin eta azken zapi baten aireratze urratua ilunsentiak itotzen badu eta baldin eta garrasiak txoria zauritzen badu zuk alde egingo duzu
zure herria utziz hango aintzira eta hondartza-mahatsondo mingotsak zure oinen urratsa hango hareetan amets baten isla putzu baten sakonean eta bidegurutzeari estekatutako dorre zaharra —sokaren muturrari zakur leialaren gisa iluntzean zaunkaz— dei arraildu bat belazeetan…
Beltz errebolten merkatari munduko bideak ezagutzen dituzu Ginean saldua izan zinenez gero argi dardarati batek deitzen zaitu piragua margul bat errebaleko zeru baten kedarretan hondoa joa
Usinetako tximiniek kezko hostajedun palmondo lepamoztu sinadura suhar bat askatzen dute
Sirena-hotsak galdarategietako dolareen balbulak zabaltzen ditu isuriz gorroto-ardo bat bizkar enbata bat garrasien aparra eta kalexketan barrena barreiatzen da eta isilean ontzen matxinadaren upel etxezuloetan
Hona zure ahotsarentzat odol eta haragizko oihartzuna itxaropenaren mezulari beltz zuk munduko kantuak ezagutzen baitituzu Niloko obra immemorial haiek ezkero
Egiptoko harrien pisuarekin hitz bakoitzarekin akordatzen zara eta zure miseriaren oldarrak tenpluetako zutabeak jaso ditu izerdi zotin batek kanaberen zurtoina bezala
Segizio zalantzatia ispilukeriaz hordi esklabo-karabanen bideetan altxatzen dituzte eguzkiari kateatutako itzalen adar iharrak beso eskaleak gure jainkoengana
Mandinga Arada Bambara Ibo lepo-uztaiek itotzen duten kantu bat auhendatuz (eta kostaldera iritsi ginenean Mandinga Arada Bambara Ibo kostaldera iritsi ginenean Bambara Ibo ahurtara bat ale bakandu heriotza-ereilearen eskuan Bambara Ibo hori baino ez zen gutaz geratzen)
Kantu hauxe bera egun Kongon berrartua
Baina noiz o nire herria neguak sutan errautsezko txori ekaitza desegiten ezagutuko dut nik zure eskuen errebolta?
Eta zer entzun nuen Antilletan ezen beltzen kantu hori nork erakutsi zizun beltz pena latzezko kantu hori Irletako beltz plantazioetako beltz erosta atsekabetu hori
Maskorrean itsasoek hertsatutako hatsa bezala
Baina isiltasun baten jakitun ere banaiz hogeita bost mila hilotz beltzen isiltasuna Ebano Zurezko hogeita bost mila langarena
Kongo – Ozeanoko burdinbideetan baina jakitun naiz isiltasunezko hil-mihiseez zipres adarretan odolbidu beltzezko petaloez laharretan baso hartaz non Georgiako ene anaia eta Abisiniako artzain lintxatu zuten
Ze izialdurak egin zintuen Abisiniako artzain eta isiltasun mineralezko maskara zer ihintz ahalkegarri zure ardiena marmolezko artalde bat heriotzaren bazkalekuetan
Ez dago ez lakiorik ez huntzik hura urkatzeko ziegarik hilobirik hura giltzapetzeko elasturirik pitxiazko gezurrekin hura mozorrotzeko
isiltasuna
azkonen simun-haizea baino urragarriagoa piztien zikloia baino orrokariagoa eta ulu egiten du altxatzen da mendekua eta zigorra aldarrikatzen ditu itsas-ikara zornezko eta labazkoa munduaren saldukeriaren gainera eta zeruaren tinpanoa justiziaren ukabilean zapartarazia
Afrika zure memoria gorde dut Afrika zu nigan zara
Egur-printza ebakian bezala kutun zaindari bat herriko plazan bezala egizu nirekin zure habailaren harria nire ahoarekin zure zauriaren ezpainak nire belaunekin zure apaltzearen zutabe hautsiak…
ALTA BADA
zuen arrazakoa baizik ez dut izan nahi herrialde guztietako langileak nekazariak banatzen gaituen hori klimak eremuak espazioa itsasoak belaontzi-hagun pixka bat indigo azpil batean hodei lixiba bat ortzimugan lehortzen hemen lastoak padura lohitsu bat han izotzezko artaziek soildutako estepak alhapideak zurzuriek kulunkatutako soro baten ameskeria muino baten arroilako errekaren idunekoa fabriketako pultsua udako sukarra mailukatzen beste hondartza batzuk beste oihan batzuk mendien batzarra zapelatzen goi pentsamenduek habitatua beste herri batzuk
Hau guztiau klima eremua espazioa al da sortzen duena klana tribua nazioa azala arraza eta jainkoak gure ez-antza ekidinezina?
Eta meatzea eta usina gure goseari erauzitako uztak gure desohore amankomuna gure joputasuna zeru aldagaitz guztien pean?
Asturiasko meatzari Johannesburgeko meatzari beltz Kruppeko metalurgiko Gaztelako nekazari Siziliako mahastizain Indietako paria (zure atalasea igaro dut —gaitzetsia zure eskua hartu dut nirean —ukiezina) Txina sobietarreko guardia gorri Moabiteko espetxeko langile aleman Ameriketako indiar
Guk berreraikiko ditugu Copen Palenque eta Tiahuanaco sozialistak
Detroiteko langile zuri Alabamako pioi beltz galera kapitalistetako herri izendaezinak bizkarrez bizkar ezarri gaitu patuak eta odolaren tabuei buruzko malefizio zaharrei uko eginez gure bakardadeen hondakinak zapaltzen ditugu
Ur-lasterra muga baldin bada errotik aterako diogu errekari bere adats agorrezina Mendilerroa muga baldin bada sumendien matrailezurra hautsiko dugu mendikateak tinkotuz eta ordeka izango da egunsentiaren zelaia non gure indar laurdenkatuak elkartu gure ugazaben jukutriarekin
Hazpegien kontraesana bisaiaren harmonian ebazten den gisan guk aldarrikatzen dugu lur gaineko herri guztien erreboltaren eta oinazearen batasuna
eta aro fraternalen motrailua inarrosten dugu idoloen errautsetan.
EBANO ZURA |